
HAUSNARTU - EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA SARIAK
III. HAUSNARTU -
2010EKO EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA SARIAK
DEIALDIA
Soziolinguistika Klusterrak III. HAUSNARTU – 2010EKO EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA SARIETARAKO DEIALDIA abian jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin. Soziolinguistika Sarion helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren garapena eta berrikuntza indartzea da. Xede horrekin, deialdi honetan garapen teorikoa, metodologikoa eta saiakera-arloko lan hoberenak sarituko dira. Kontuan hartuko dira, nolanahi ere, euskararen gaineko berariazko garapen teorikoak nahiz kanpoan landutako gerapenetatik abiatuta gure hizkuntzaren egoera aztertzeko eta ulertzeko egokitzapenak. Asmoa hauxe da: dagoeneko euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena izan duten ikerlarien lana bultzatzea eta oraindik harremanik izan ez duten ikerlariak euskal soziolinguistikaren eremura biltzea. Modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko dira. Jatorrizko lanen oinarri teorikoa edo ikuspuntua soziolinguistika-arlokoak izango dira oro har. Nolanahi ere, zuzenbide, soziologia, ekonomia, psikologia, historia, geografia, gizarte psikologia, antropologia edo beste adar zientifikoetatik abiatutako planteamendu teorikoak euskal soziolinguistikaren eremura egokituak izan daitezke. Bestela esanda, soziolinguistikatik bertatik egindako garapen berriak ez ezik, beste adar zientifiko horien ekarpenak ere bultzatzea da sari hauen xedea. Deialdian parte hartzeko gonbidapena egiten diegu, beraz, giza eta gizarte jakintza alorretako ikertzaile guztiei. |




