Euskararen normalkuntza unibertsitatean..... HTML
EUSKARAREN NORMALKUNTZA UNIBERTSITATEAN
Xabier Isasi
EHU/UPVko irakaslea
Bada garaia euskararen normalkuntzari heltzeko Euskal Herriko uniber-tsitateetan. Izan ere, unibertsitateak badu eduki berebiziko garrantzia euskararen berreskurapenean, ez, soilik, erakunde horiek duten eragin sozialagatik, baizik eta hizkuntza alorrean eremu sortzailea eta berritzailea delako. Are gehiago, unibertsitatean normalkuntza arloan ematen diren urratsak koalitatiboki beste edozein sektoretan baino garrantzitsuagoak dira, unibertsitatean goi mailako hizkuntza funtzioak garatzen direlako alegia.
Edozelan ere, euskararen normalkuntza nola ulertzen dugun argitu behar dugu. Euskararen normalkuntza, euskararen erabilera edozein hizkuntzari dagozkion esparrutara hedatzeko prozesu bat da, esparru horietan ohiko hizkuntza bilakatzea hain zuzen ere. Euskararen egoera dela eta normalkuntzarako plangintza ezinbestekoa da. Ekimen arautua, bateratua eta iraunkorra izatea prozesuaren arrakastaren gakoa da. Horretan datza plangintza. Plangintza berez, mailakatua eta tokian tokirako egokitua bada ere, ez da bere horretan agortzen goren mailako helburua lortu arte.
Prozesu bezala ulerturik euskararen normalkuntzarako plangintzak gizarte eragile guztien esku hartzea eskatzen du. Horrek ez du adierazten eran-tzule zuzenik ez dagoenik. Plangintzak berak zehaztu behar du urrats eta alderdi bakoitzean zein nor den erantzulea eta zeintzuk erantzukizun dagozkion. Besterik gabe, plangintza indarrean dagoenean edo plangin-tzarik ez dagoenean erakundearen arduradunak dira normalkuntza prozesuaren erantzuleak.
Euskal Herriko unibertsitateen artean, UEUren kasua aparte utzirik, Euskal Autonomi Elkarteko unibertsitate publikoa (UPV/EHU) izan da euskarari arreta gehien eman diona. Bai hizkuntza eskubideak arautzerakoan (UPV/EHUko Estatutuen VIII. titulua), zein eskubide horiek gauzatzeko ahaleginetan, irakaslegoaren kontratazioan eta euskal lerroaren garapenean hain zuzen ere. Euskal Herriko gainontzeko unibertsitateetan, publiko zein pribatuetan, euskararen aldeko ekimen instituzionalak hutsaren hurrenak direla esan daiteke, sarri egiten direnak maila pertsonalean geratzen dira eta.
Egoera horretan UPV/EHUn egiten dena, eta egiteke dagoena, euskararen normalkuntza Euskal Herriko unibertsitateetan zertan den jakiteko argigarria da. Izan ere, Nafarroan bertan UPV/EHUri begira baitaude normalkuntzaren alde urratsak emateko. Dagoenekoz, nahikoa ezagutzen dugu egoera. Joan den 1995eko azaroan Euskal Elkarte Autonomoko unibertsitate publikoaren Gizarte Kontseiluak IKEI-k buruturiko EHU/UPV-ren Egoera Soziolinguistikoa argitara eman zuen. Txosten horretan UPV/EHUren azterketa soziolinguistiko zabala eta sakona egiteaz gain zenbait ondorio eta iradokizun interesgarri ezagutarazten dira. Tamalez guk dakigularik, txostenak ez du hedapen handirik izan. Horregatik han idatziak hona ekarri ditugu.
Esandako txosteneko ondorio guztiak hona ekartzeak luzeegi joko lukeelarik, zenbait ataleko azpimarragarrienak ekarten ditugu. Dakarzkizuegunak gure aburuz jakina, interesgarrienak dira.
IRAKASLEGOAZ
a) IRAKASKUNTZAREN ESKAINTZA UPV/EHU-AN
.../...
8. UPV/EHUko 3.200 irakasleetatik, guztira 618 kontabilizatzen dira (hau da, bosten bat, %20), euskarazko irakaskuntza ematen dutenak. Berriz ere indizerik handiena Gipuzkoako Campusean ageri da (% 31, 238 irakasle euskaldun) ../... Bizkaikoak .../... (301 irakasle, ... %16) .../... Araba ... (79 irakasle, %12,8). Garrantzizkoa da adieraztea irakasleria elebidunaren ia %40 sartzen dela irakasle atxiki kategorian (% 30,3 lizentziatu eta % 8,6 doktore).
9. Irakasle horien heren bat baino zerbait gehiago 1990az geroztik kontratatu ziren, beren irakaskuntza euskaraz emateko kontratuzko konpromisoarekin .../... Irakasleriaren euskalduntze-indizea zentzu hertsian %7 ingurura jaisten da.
10. Irakasle elebidunak 17.181 kredituko irakasmen teorikoa du eta horrek UVP/EHUaren baitako hezkuntza-eskaintzako irakasgaiek adierazten dituzten kreditu guztiekiko, %50 inguruko estaldura-tasa (hori ere teorikoa) esan nahi du. Irakasgai eta kredituen ratioa (ikasketa-planen hezkuntza-eskain-tza) irakasleko 2,8 irakasgaikoa da eta 24,8 kreditukoa euskaraz irakasten dutenentzat; aldiz, UPV/EHUarentzat ratio orokorra 1,1 irakasgaikoa da eta 11,3 kreditukoa irakasleko. Ratio horrek ez ditu kontuan hartzen ez kreditu osagarriak talde bat baino gehiago egotetik sortuak, ezta taldeak batzetik deskontatu beharko liratekeenak ere.
Informazio horren argitan nabarmena da euskaraz diharduen irakaslegoaren egoera oso desorekatua dela, irakaslego elebidunak, batenaz beste, erdaldunak baino lan handiagoa egin behar baitu; eta hori, euskararen egoerak dakarren lan eskergak kontuan hartu gabe. Irakaslego elebiduna honela deskribatuko genuke: irakaslego gazteena, formakuntza prozesuan abiatu berria, lan baldintzarik eskasenetan eta, gainera, gainontzeko irakasleek baino gehiago lan egin behar duena. Ez da samurra. Dudarik gabe, normalkuntza helburua bada, irakaslegoaren egoera errotik aldatu beharra dago.
Hori guztia nolanahi, orain dela hiru urteko egoera zen, orain 1996-97 ikasturtean, gauzak ez dira askoz gehiago hobetu. UPV/EHUn euskararen normalkuntzarako lehenengo plangintza 1990ean ezarri zen, bost urtetarako, orain dela gutxi berriz, bigarren plangintzaldirako zirriborroa ezagutzera eman izan da. Zabaldutako zirriborro horretatik ikaslego elebidunaren bilakaera aztertu dugu. Hona bada, datuak eta horien irakurketa.
I. Taula: Irakasle elebidunen bilakaera (Bigarren plangintzaldirako zirriborroa 3. or.)
Taulan, azkeneko bost ikasturteotako UPV/EHUren irakaslego
(elebidunaren) mota desberdinen bilakaera agertzen da. Datu horiekin
baliatuz hurrengo irudia eraiki dugu:
1. Irudia: Irakaslego elebidunaren bilakaera.
UPV/EHUn, Espainiako gainontzeko unibertsitate publikoetan antzera, irakaslegoa funtzionari gisa ulertzen da, lau kategorietan banatuta hain zuzen: Unibertsitateko Katedraduna (UK), Unibertsital Eskolako Katedraduna (UEK), Unibertsitateko Titularra (UT) eta Unibertsital Eskolako Titularra (UET). Funtzionari ez den kategoria bakarra Irakasle Asoziatua da (Asoz.), izaera administratibo duen kontratupean aritzen den irakaslea alegia. Aurreko irudian argi ikusten da azken kategoriako irakaslego hori irakaslego elebidunaren gehiengoa dela. Azken buru, datu berriak ikusirik, lehen esan dugun gauza bera berrestera gatoz: irakaslego elebiduna, irakaslego gazteena, formakuntza prozesuan abiatu berria eta lan baldintzarik eskasenetan dagoena da.
Bost ikasturteotan irakasle elebidun gehiago badago ere, bere barreneko banaketan aldaketa esanguratsurik ez da gertatu. Ikus dezagun:
2. Irudia: Irakaslego elebidunaren banaketa.
Funtsean, oraindik ere, euskarazko irakaskuntzaren oinarria irakaslego asoziatua da. Titularren artean, Unibertsital Eskolako Titularra izatetik Unibertsitateko Titularra izateko joera antzematen da. Itxuraz, azkeneko urteotan fakultateetan izaera elebiduneko titularrak areagotzen ari dira eta, horrek azalduko luke behatutako aldaketa.
Irakaslego elebidunaz, oro har, definizio eza azpimarratuko genuke. Begi bistakoa da, unibertsitateko irakasleen artean bazterrekoak direla baina talde izaera lortu gabe. Gehiengoa asoziatuak izaki, administratiboki gaiz-ki daude, beraien ordezkaritza ikastetxeetako (fakultate batzarrak, etab.) zein unibertsitateko goren organoetan (claustro, gobernu batzarra, etab.) oso mugatua da (gehiengoa badira ere, edozein kasutan kontratatuei gehienez hautetsien % 12 dagokie). Alderdi horretatik ere, bada, irakasle elebidunak direnek baino askoz gutxiago eragin dezakete. Unibertsitate espainolaren egitura hierarkiakoak haien errealitatea agertaraztea galarazten baitie. Azkenik, sailetan, fakultateetan, eskolatan eta campusetan, irakasle elebidunen sakabanaketa aipatu beharra dago; UPV/EHUko ikastetxe gehienetan euskara batzorde eta euskararako dekanorde eta arduradun badago ere, irakasle elebidunen artean ez dago inolako lotura organikorik. Nor bere sailean eta bere ikastetxean erdaldunen artean murgildurik dago.
Horiek horrela, ez da harritzekoa egiten diren ahaleginak (tesiak, titularitateak, ikasketa planak, ikerketa proiektuak, argitalpenak, etab.) gehienetan maila pertsonalean egin izatea. Irakasle elebidunek ez daukate inolako taldetasun kontzientziarik, banakakotasuna da nagusi. Izenak berak irakasle elebiduna garbiki adierazten du bikoiztasun nahasgarria. Antza denez, irakaslego euskalduna izendatzea estuegi lotzen zaio irakaslego propioaren eskakizunari eta hori, jakina denez, UPV/EHUk de facto ukatutako irakaslego mota da.
IKASLEGOAZ
Aurreko atalean irakaslegoaz erabilitako antzeko hizpidea ekarriko dugu hona. Batetik IKEI-k buruturiko EHU/UPV-ren Egoera Soziolinguistikoa txostenetik ateratako hainbat datu eta gogoeta bere horretan ekarriko ditugu. Bestetik iturri desberdinetatik jasotako datuak eta, horien argitan, gure gogoetak idatziko ditugu. Hasteko esan dezagun, euskal ikaslegoa oso errealitate zabala dela (10.000 baino gehiago UPV/EHUn) eta gainera, errealitate agerikorra. Hau da, ikasturtez ikasturte abiada bizian hazten den ikaslegoa da; oztopoz oztopo eta trabaz traba, hiru ikasturtetan UPV/EHUn kopuruz bikoiztu den ikaslegoaz ari gara.
Hona bestela, Gizarte Kontseiluaren txostenean esaten dena:
b) UNIBERTSITATE IRAKASKUNTZAREN ESKARIA EUSKARAZ
.../...
17. Euskarazko unibertsitate-irakaskuntzaren etorkizuneko eskaria maila diferenteko bi faktoreren bilakaeraren emaitza izango da: alde batetik, EHAEan unibertsitate-hezkuntzaren eskariak izango duen bilakaerarena (hizkuntza kontuan hartu gabe), edo hobeto esateko, UPV/EHUak atzemandako uniber-tsitate-ikasleriaren bolumen orokorrarena, eta bestetik, ikasleria horren euskalduntzeak denboran zehar izango duen aldaketa-mailarena, hau da, euskaraz bere ikasketak egin nahi dituen ikasleria horretako proportzioarena.
18. Lehen faktoreari dagokionez, demografi proiekzioek argi eta garbi erakusten dute unibertsitate-adineko biztanleriak berehala ekingo diola behera egiteari, eta datozen hamar urteetan gutxienez horrela iraungo duela. Nahiz eta hobekuntza garrantzizkoa lortu UPV/EHUeko unibertsitate-eskolaketa tasetan (gaur eguneko tasa ia bikoiztuz hamar urteko epean), horrek Unibertsitateko ikasleriaren murrizketa ekarriko du.
19. Hobekuntza horren izango duen zenbateko eta bizkortasunaren arabera, aurrikusiriko murrizte hori erdi-epera edo epe luzera gertatuko da: 2.000-01 ikasturterako EHUeko ikasleria 47.000 eta 60.000 ikasle bitartekoa izan daiteke, egingo den atzemate-ahaleginaren arabera; 2.005-06 ikasturterako, zifrak 42.000 eta 50.000 ikasleren artean mugituko dira, nolanahi ere gaur eguneko ikasleriaren azpitik.
20. Euskarazko irakaskuntzaren eskariaren balantzearen bestaldetik, arriskugarria da unibertsitate-euskalduntzearen tasen gehitze nabarmen bat, gorago agerian jarri denez. Ikasle euskaldunen eta euskarazko irakaskuntzaren eskatzaile potentzialen proportzioa % 27raino igo liteke bost urteko epean ia % 35eraino hamarrekoan.
21. Bi faktore horiek uztartuz (ikasleria orokorraren murriztea eta bere euskalduntzearen gehitzea) bi hipotesi planteatzen dira. Lehenean ikasle euskaldunen kopurua gehitu egingo litzateke epe laburrean gero pixkanaka urritzeko 2.000-01 ikasturtera arte (eskari garbiko 11.000 ikasle) ikasleek orokorrean behera egingo dutelako; baina gero gehitu egingo lirateke 2.005-06an 12.000 baino gehiago izateraino (euskalduntzea gehitzeak konpentsatu egiten du ikasleriaren beheratze orokorra). Bigarren hipotesian, halere, eskariaren gehikuntza jarraitua izango litzateke, lehen bosturtean ikasleen bolumena orokorraren mantenimendua eta berorien euskara-maila hobea uztartzean (ia 14.000 ikasle 2.000-01) eta ia 15.000 2005-06, termino garbitan).
Honaino UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak agindutako ikerketaren emaitza batzuk. Berez adierazgarriak badira ere, gure ustez IKEIren aurreikuspenak euskal ikaslegoaren hazkuntzari dagokionez nahiko kontserbadoreak dira. Egia da urriketa demografikoa unibertsitatera heltzear dagoela baina egia ere bada unibertsitatera doazen gazteen proportzioa ikasturtez ikasturte gero eta handiagoa dela. Azkeneko bi ikasturte hauetan UPV/EHUn euskal lerroan matrikulatutako ikasle kopuruak hazte joera adierazten du harik eta txostenean aurrikusitakoa gainditzeraino. Gogoan izan UPV/EHUk euskal lerroko balizko ikaslegotik erdia ozta-ozta jaso-tzen duela (EUSTAT unibertsitate irakaskuntza eta euskara 1994).
Unibertsitatea hezkuntza sistemaren erpina delarik bigarren hezkuntzako ikaslego zati handi baten berezko helburua da. Pentsatzea UBIn gertatzen den A/D ereduen banaketa unibertsitatera ekar daitekeela oker bat da. Hezkuntza sisteman behatzen den euskararen berreskurapen prozesuan, bereziki EAEn, enbutu efektua antzeman daiteke. Ez, bakarrik euskal lerroko matrikulatuen abiada biziko hazkuntzan baita euskal ereduetako hezkuntzak erakusten duen errendimendu hobean ere (EUSTAT Uniber-tsitate irakaskuntza eta euskara 1994). Egoera berezi horrek unibertsitatea normalkuntza prozesuaren giltzarri bilakarazten du datozen urteotan. Unibertsitateak erronka horri eusten badio, normalkuntzak, bere adierarik zabalenean, jauzi kualitatiboa emango du. Kale egiten badu ostera, atzerapauso ikaragarria izan daiteke. Izan ere, euskararen corpusa lantzeko, hizkera tekniko eta lan mundukoa sortzeko, unibertsitatearen ekarpena erabakiorra da; are gehiago, unibertsitatearen eskuetan dago gaitasun eta prestasun handiko hiztunak formatzea. Zenbat eta gaitasun handiagokoak eta zenbat eta gehiago izan gizartean eta lan munduan orduan eta eragin emankorragoa izango da. Eskaintza urria eta kalitatez erdipurdikoa izango balitz ordea, ikasle euskaldunak gazteleraren hautua egingo du bere prestakuntza eta lan aukerak auzian daudelako. Horrela, euskararen hizkuntza komunitateak sekula ez luke lortuko behar dituen goren mailako profesional horiek, ez bederen, kopuru esanguratsuetan, eta, orain gertatzen den lez, goren mailako prestakuntza instituzioen ardura baino maila pertsonala eta ekimen militantearen esku geratuko litzateke.
Darabilgun informazioa osatzeko eta esaten duguna berresteko hurrengo orrialdean joan diren 92-93, 93-95 eta 94-95 ikasturteetako datu xeheak aurkezten dizkizuegu. Taula horretan ikastetxez ikastetxe eta ikasketen izaeraren arabera (esperimentalak, osasun zientziak, gizarte zientziak eta giza zientziak) erdara eta euskara hautatu dutenen banaketak agertzen dizkizuegu. Oro har, euskal lerroa giza eta gizarte zientzietako adar gisa har daiteke eta hutsunerik lazgarriena berriz, osasun zientzien alorrean antzematen da.
1990eko plangintzaldiaren emaitzak
UPV/EHU euskararen normalkuntzarako bigarren plangintzaldiaren atarian dago. Aurreko plangintza 1990ekoa izan da. Ohikoa ez bada, komenigarri deritzogu aurreko plangintzaren ekarpenak (ekarpen eza?) azter-tzeari. Honetan ere, gure iritzia baino lehenago UPV/EHUko Gizarte Kon-tseiluak argitaratutako txostenaren hitzak dakarzkizuegu.
c) ESKAINTZA ETA ESKARI KONTRASTEAK
.../...
24. Baldin eta konparaketa bat egiten bada UPV/EHUko irakaskuntzako gaurko euskalduntze-egoeraren eta 1990eko Normalkuntza Planak markaturiko helburuen artean (titulazio desberdinei hizkuntz eredu-sail bat esleituz, zeinen arabera irakasgai jakin batzuk euskaraz irakatsi beharko ziren bost urteko epean), Planarekiko irakasgaien %42ko eta kredituen %47ko desdoikuntza sortzen da. Zifra absolututan, horrela 1.000 irakasgai baino gehiago kuantifikatzen dira (hamarretik 4) eta 11.000 kreditu (hamarretik ia 5).
25. Ikasketa-arloen arabera, egoerarik txarrena Irakaskuntza Teknikoetan dago, izan ere horietako irakasgaien %17an bakarrik bete baitira markatutako helburuak. .../...
Argi dago 1990eko plangitzak porrot egin zuela. Zergatik? Gure ustez, plangintzaren ildo nagusia zuzena zen. Hau da, euskarazko irakaskutza osatu artean jarraikortasunean oinarritutako plangintzak egitea. Era berean, ez dugu uste 1990eko plangintzak gehiegizko helburuak ezarri zituenik. Diseinu arazoa zela uste dugu; behar ziren baliabideak eta bitartekoak aintzat ez hartzea eta lehentasunak eta erritmoak behar beste finkatu ez izatea.
Arazoa ostera, orain bigarren plangintzaldiari begira egiten den oinarriz-ko proposamenak 1990eko helburuak baino xumeagoak ezartzea dakarrela. Atzerapauso ukaezina. Beste era batera, 1990ean baino baldintza objketibo askoz hobeak diren honetan (irakasle elebidun gehiago, esperientzia handiagokoa, ikasle gero eta gehiago eta gero eta kalitate handiagokoa) normalkuntza bilatu beharrean lortutakoa deusestatzea proposa-tzen da. Hurrengo plangintzaren egitasmoan inplizitoki baino ageriagoan euskal lerroaren desagerpena proposatzen da. Ikus dezagun bestela, aurkeztutako zirriborroan esaten dena:
Ikasleei dagokienez, gaurko euskal adarrak / erdal adarrak bereizketa zorrotzarekin jarraitu behar den ala ez aztertu beharko da. Nire iritziz, irakasgaiak euskaraz eta erdaraz eskaintzea lortu beharko genuke, baina hizkuntzaaukera zabalik utziz. Hau da, era guztietako aukerak eman beharko genizkieke ikasleei: euskaraz (eta euskaraz bakarrik) ikasi, erdaraz ikasi, edo gai batzuk euskaraz eta beste batzuk erdaraz ikasi. Automatrikula izan daiteke bide egokia horrelako plan-teamentu batek ekarriko lituzkeen oztopo teknikoak gainditzeko. (9. or. Geronek azpimarraturik)
Bildutako informazioaren arabera, zantzu guztiek orain arteko planteamendua errotik aldatu nahi dutela adierazten dute. Hau da, UPV/EHUren Estatutuetan (VIII TITULUA) esaten den ondorengoa:
Unibertsitariei ondoko eskubideok ezagutzen zaizkie:
a) Edozein hizkuntza ofizialez irakaskuntza jaso eta eskaintzea. .../... (243. artikulua)
2. Unibertsitateak orain arte euskaraz ematen ari den irakaskuntza garatu egingo du. Irakasgai berriak euskaraz jartzea planen arauera egingo da. .../... (244. artikulua)
Unibertsitateak irakaslegoa hezteko eta horretara bultzatzeko politika hartuko du, denbora epe laburrenean, euskarazko irakaskuntza eta ikerketak lortu ahal izateko. .../... (245. artikulua)
eta aipatzeke geratzen diren beste zenbait beren edukian eta adieran urraturik gertatzen dira.
Hikuntzen arteko asimetria dela zioa, ezarri nahi den liberalismoa askatasuna bermatu baino euskaldunen eskubideen kontrako eraso zorrotza da. Kasurik onenean, euskarazko irakaskuntza erdarazkoaren subsidiarioa izango litzateke, bigarren mailakoa alegia. Agintean dagoen Errektoreak eta bere taldeak ezin har dezake bere eskumenen artean euskarazko irakaskuntza ukatzea, bere eginkizuna kontrakoa baita: euskaraz ematen ez den hori ahalik eta laisterren euskaraz ematea ahalbidetzea. Dagoenekoz, Euskararako Erretorordetzatik datorren ikasturterako (1997/98) irakaskun-tza planetan zeintzuk asignatura eman daitezke euskaraz eta zeintzuk ez adierazten zaie UPV/EHUko sailei. Antza denez, eskolak euskaraz emateko, sail jakin batean baldintza guztiak izanda ere, Errektore Taldearen baimena ezinbestekoa da.
Garenak garela, UPV/EHUko partaide hain zuzen, artikulu honetan irakurleak soma dezake gure egonezina ezin ezkutatzerik ibili garela. Datuen azaleko azterketa nahikoa da abagune kritikoan gaudela erdiesteko. Behintzat, horrela dela uste dugu. Nolanahi ere, artikuluotan sarri aipatutako unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren txostena azken aldian aipagai ekarriko dizuegu:
7.2 ONDORIO ETA AZKEN GOGOETAK
.../...
35. .../... eskariaren bilakaerak, nahiz garrantzitsua izan, ez dirudi fun-tsezko irizpidea denik euskalduntzeak planteatzen dituen etorkizuneko premiak kuantitatiboki determinatzerakoan, prozesua arau-motako (helburuak) irizpideek areago gidatzen duten heinean.
:::)):::
42. Laburbilduz, UPV/EHUeko euskalduntze-garapenaren plangintzak helburu-zehazte berri bat behar duela dirudi eskaintzaren hazte pixkanakako eta ordenatu ahalbidetzeko. Alde batetik, ikasketa-planak aldatzeak eta irakasgaien egituratze eta kopuru berriak (lauhilekoan, aukerakoen gehikuntzak eta abarrek) titulazio desberdinei esleituriko hizkuntz ereduak agian birmoldatu beharra planteatzen dute, parametro berrietara egokitzeko.
Neurri handian geure egiten ditugu txostenan esaten direnak. Edozelan ere, ez genuke nahi artikulu honetan deskribapen mailan geratu eta, hiru puntutara bildu nahiko genuke gure iritzia:
1. Azkeneko hiru ikasturteotako ikasle euskaldunen (euskara unibertsitateko hizkuntzatzat hautatzen dutena) hazkuntza abiada handikoa da. Proportzionalki hezkuntza sistemaren edozein sektoretako baino handiagoa da. Datozen urteoteako joera bera edo areagotzea espero da. Euskaren erabilera eta euskarazko irakaskuntza eskubidea den neurrian, ikaslegoari dagokio hautatzea ala ez. Unibertsitatea eskubide hori ezagutzeaz gain (Estatutuetan egina da), gauzatzeko baldintzak ezartzea behartuta dago.
2. UPV/EHUko irakaslego elebidunaren hazkuntza ez da nahikoa datorkion erronkari aurre egiteko, ez koantitatiboki, ez kolalitatiboki, irakaslegoaren kalitateari dagokionez. Irakaslego elebiduna objektiboki bigarren mailako irakaslegoa da. Alderdi honetan, UPV/EHUk ez du bete bere estatutuetan esaten dena, lehen aipatutako 245. artikulua, eta okerragoa dena, itxuraz ez du betetzeko asmorik.
3. Euskararen normalkuntzarako edozein plangintzak jarraikortasunaren printzipioari atxeki behar dio. Abiaburua edozein delarik, garapen osoa eta eutsigarriari heldu behar dio. Normalkuntzaren helburua ez da euskaldunen eskubideak ezagutzea, betearaztea baizik. Ildo horretatik unibertsitateak euskaldunei kalitatezko irakaskuntza eskaini behar die eta euskarazko irakaskuntza bultzatu. Azken buru, Euskal Herriko Unibertsitatea denak unibertsitateko euskaldunei goren mailako prestakuntza zor die eta, dagozkion euskal titulazioak eman. Hau da, eman ta zabal zazu.
EUSKALDUNAK UNIBERTSITATEAN: ZORIZKO EREDUA
Jakina denez, pertsona edo taldeen artean lehia gertatzen denean berdintasuna baliokidetasunean oinarritzen da. Hau da, bi pertsona edo bi talde lehia egoeran jarriz gero aldez aurretik abantailaren bat duena gailen daiteke, aitzitik, desabantailak dituenak lehia galtzeko besteak baino arrisku handiagoa du. Horrela esanda, edonork onar dezake lehia egoeran per-tsona eta taldeen arteko berdintasuna (baliokidetasuna?) bermatu beharra dagoela. Berdintasuna izan ezean, lehiaren alborapena eta bazterkeria nagusitzen direlako.
Euskal Autonomi Elkarteko unibertsitate publikoan (UPV/EHU) ikasleen sarrera gero eta mugatuagoa delarik, unibertsitatean sartzeko lehia gorria izaten da unibertsitarigaien artean, ikastetxe batzuetan besteetan baino gehiago. Oro har, unibertsitatean sartzen dira aurreko ikasketetan eta sarrerako hauta froban notarik handienak lortzen dituztenak. Itxuraz, unibertsitarigaien arteko lehia horretan lehen aipatutako berdintasuna emana dago. Hots, ikasleek badakite jakin nota onak lortu behar dituztela nahi dituzten ikasketak besteen gainetik aukeratu ahal izateko. Honaino ez dago arazorik, araua argi dago, onargarria denentz beste auzia izango bailitzateke.
Egoera ez-normalizatua denean ostera, errealitatearen beste ikuspegia ager daiteke. Badakigu jakin EAEko unibertsitate publikoan, ofizialki, euskara gazteleraren parekoa dela, badakigu jakin ere, UPV/EHUko ikastetxe askotan euskal lerroa zabaltzen ari dela erdal lerroaren aldamenean. Hori horrela, hel diezaiogun geure auzi matazaren hariari. Esan dugunez, guk definitutako lehia unibertsitatean norberak nahi duen ikastetxean matrikula ahal izatea da. Subjektuak unibertsitarigaiak dira beraz, subjektuen hautaketarako irizpidea edo matrikulako galbahea unibertsitate aurreko ikasketetan eta sarrerako hauta frogan lortutako batazbesteko nota.
Testuinguru horretan, unibertsitatean sartzerako lehian euskaldunen eta erdaldunen artean berdintasuna ez dela gertatzen erdietsiko bagenu, nahikoa izango litzateke ezarritako prozedura alboratua dela jakiteko eta berau aldarazteko argudio zorrotza. Zoritxarrez, ez da nahikoa esatea berdintasun hori ez dela gertatzen. Gehienek matrikulatzerakoan ezarritako prozedura, onargarria izan ala ez, zuzena dela uste baitute, berdintasuna badela hain zuzen ere. Darabilten arrazoia oso eraginkorra da: bi unibertsitarigairen artean euskalduna edo erdalduna izateak ez du bakoitzak lortutako notan eragiten eta, nola matrikula lortutako notaren arabera gauzatzen den, edozein bi unibertsitarigai baldintza bertsuetan daude matrikula egiteko garaian; norbanakoaren prestakuntza, egindako ahaleginak eta lortutako emaitzak beste ezerk ez du eragiten. Borobila!.
Nork esan euskaldunak eta erdaldunak matrikulatzerakoan baldintza desberdinetan daudenik? Nola argudia dezakegu? Norbanakoaren ikuspegitik itxuraz bai talde batekoak zein bestekoak egoera bertsuan daude, horretan dudarik ez dago. Itxuraz esaten dugu, izan ere, unibertsitateko ikastetxe askotan matrikula mugatua baita. Mugarik ez balego, jakina, ukaezinezko berdintasuna gertatuko litzateke. Behin argudio mataza aurkezturik, hariaren muturretatik tira dezagun.
Dagoenekoz, unibertsitarigaiek euskal edo erdal lerroan matrikulatu behar dutela badakigu. Alabaina, aukera hori behin unibertsitatean sarrera lortu eta gero egin behar dute. Argiago, lehenengo ikaspostua lortu eta gero irakas-hizkuntza hautatu, ikaspostua lortu barik, beraz ez euskara ez ezer. Haatik, unibertsitate barruko egituran aldez aurretik zehazten dira, batetik orotara zenbat ikasle sar daiteke eta, bestetik, lerro bakoitzean zenbat ikastalde era daiteke. Hori da egoera, orain artean, itxuraz ez dago aldarrikatzen den desberdintasunaren arrastorik.
Auzi honetan estatistika izango dugu lagun. Bere bitartez, itzalean dagoena argitara ekartzen saiatuko gara. Horregatik, ezinbestean, estatistikaren terminologia eta oinarriak erabili behar ditugu. Baliteke irakurleari arrotz egitea, ea bada, ulerbidean jartzeko gai garen.
Hasteko gure lan hipotesiak adieraz ditzagun:
- a priori, lehiaren helmuga ikaspostua eskuratzea izanik, lehiarako baldintzak banakakoen artean bertsuak dira, banakakoen artean berdintasuna dago, beraz.
- a posteriori, behin matrikula gauzatu eta gero, eratutako euskal eta erdal lerroetako ikastaldeen arteko baliokidetasuna lehen aipatutako berdintasunaren islada eta froga da. Baliokidetasun hori ez bada ematen, matrikula egiterakoan edo ikas lerroa hautatzerakoan alborapenen bat badagoela erdietsi behar dugu ezinbestean.
Bi lan hipotesi horien artean aurrenak (a priori), eremu metateorikoetara garamatza. Errefusatzea zein onartzea ia ezinezkoa da, horren inguruko eztabaidak gurpil zoro batean murgilduko gintuzke. Azken buru, aurriritzien erreinuan norbera jaun eta jabe baita. Gainera, arestian esan dugu itxuraz matrikula prozeduran unibertsitarigai guztien arteko berdintasuna gertatzen dela. Ez gara gure buruaren kontra hasiko; hipotesi honi buruz askoz gehiago esaterik ez dugu, aurriritziren bat edo beste ez bada. Halaber, hipotesi bat besterik ez dela gogoan izan.
Atzeneko hipotesian (a posteriori ) dago gakoa beraz. Lan hipotesi horren ildotik, ikasturte jakin batean matrikulatutako euskal eta erdal lerroko ikastaldeek baliokideak izan behar dute. Estatistikoki talde horien batazbesteko notak baliokideak direla esango genuke. Hori da, hain zuzen, hipotesi testetan hipotesi nulua (H0) deitzen dena. Hipotesi nulua (H0) ukatzekotan, taldeen arteko baliokidetasuna errefusatuko genuke. Uka-tze horri estatistikan zehatz-mehatz, ordezko hipotesia (H1) esaten diogu. Bi hipotesi horiek elkarren kontrakoak eta osagarriak dira, bat ukatuz gero besteari onesten diogu, ez dago hirugarren aukerarik.
Hipotesi estatistikoak zeintzuk diren jakinik, datuak besterik ez ditugu behar lanean jartzeko. Zorionez, datuak baditugu eduki, 1992-93 UPV-EHUko matrikula eta aurreko ikasturteko (91-92) sarrerako hauta frogatik igarotako unibertsitarigaien datuak alegia. Irakurleak xehetasun gehiago nahi izango balu, hein handi batean behintzat, datu horiek Unibertsitate irakaskuntza eta euskara /EnseƱanza universitaria y euskara (EUSTAT 1994) argitalpenean aurki ditzake.
Datu horiek erabiliz hipotesi nulua (H0) baztertu behar dugu. UPV/EHUn ez dago baliokidetasunik matrikulatu berriko euskal eta erdal lerroetako ikasleen artean. Beste era batera, 1992-93 ikasturteko datuen arabera, euskal lerroko ikasleek erdal lerroko ikasleek baino batazbesteko nota handiagoa daukate eta, ondorioz, matrikula edo ikastaldeen eraketan alborapena dago.
Dena den, bildutako datuen aztertzeari lot gatzaizkion. Aurrenik eta behin, estatistikan jantzi gabe denari zenbait ohar luzatu nahi geniezaioke:
* Darabiltzagun datuak populazioarenak dira. Ez da lagin bat beraz. Horrelakoetan esangura estatistikoaz mintzatzeak ez du zentzu handirik, osotasunaz ari baikara. Hau da, literalki gertatzen dena bere horretan da, zergatik horrela den jakin ez arren.
* Ikasle kopuruen tamainak direla eta, kalkulu estatistikoak horrek eraginda izaten dira.
* Azterketa edo test estatistikoen oinarria eta abiaburua taldea edo multzoa da. Taldearen deskribaketa eta taldeen arteko erkaketa helburua da, beraz.
* Elkarren artean erkatu nahi ditugun taldeak edo multzoak ezaugarri bat edo batzuen bitartez bereizturik daude, euskaldunak/erdaldunak, A eredukoak/B eredukoak/D eredukoak, Gizarte zientziak/Osasun zientziak/ ... etab.
* Zorizko taldeak (laginak) izango balira, hots, ausaz aukeratutakoak, taldeok berdinak izango lirateke. Hau da, hain zuzen, analisi estatistikoen aurreneko suposizioa (Hipotesi Nulua -H0-). Azken buru, hipotesi nuluaren arabera ekartzen dugun edozein bi talde zorizkoak (berdinak) bailiran hartzen ditugu.
Oharrak ohar, estatistika testuliburua idatz genezake baina lan honen xedea bestelakoa da. Datuak ekar ditzagun bada,
I. Taula: 1991-92 ikasturteko unibertsitarigaien banaketa.
Taula horretan hiru aldagai erabili ditugu: unibertsitatea (UPV/EHU edo BESTE NORABAIT), hauta frogan erabilitako hizkuntza (GAZTELERAZ edo EUSKARAZ) eta unibertsitate aurreko ikasketen hizkuntza eredua (A edo D). Ikasleak (N=15.537), B eredukoak ez beste, 1991-92 ikasturteko hauta frogan parte hartu zuten guztiak dira. Unibertsitate aurreko ikasketak euskaraz burutu zituztenak (D eredukoak) % 23,15a ziren baina, UPV/EHUn matrikulatu zirenen artean D eredukoen proportzioa urriagoa zen (1.673 ikasle, ikaslegoaren % 20,93a).
Aurreko taulan ikusten denez, D ereduko ikaslegoaren erdia baino gehiagok (%53,49a) UPV/EHUra baino beste norabait joaten da. UPV/EHU ikaslego hori bereganatzeko gai izango balitz, euskal lerroaren tamaina ikaragarri haz liteke, are gehiago datozen ikasturteetan D eredukoen proportzioak areagotzeko joera duela aintzat hartzen badugu.
Edozelan ere, A eredukoen artean joerak bestelakoak dira; gehiengoa (% 52,95a) UPV/EHUra doan bitartean, berauen proportzioa ikasturtez ikasturte urritzen ari da. Ikaslegoaren bilakaera ahalik eta argien ikusteko jario diagrama oso tresna baliagarria gertatzen zaigu.
1. Diagrama: Ikaslegoaren bilakaera UBItik UPV/EHUra (datu iturria: EUSTAT 94).
Path diagramak ikasleen unibertsitatean matrikulatzeko ibilbidea islatzen du. Badakigu jakin abiaburuan (UBI) bi multzo berezituetan banatuta daudela, A eta D eredukoak alegia. Unibertsitatearen atarian daudela ostera, bi multzo horiek nahastu egiten dira, orduan unibertsitateak (ikastetxe bakoitzak) batazbesteko nota oneneko ikasle kopuru jakinak aukera-tzen ditu eta, behin matrikulaturik, euskaraz ikasteko aukera baldin badago, ikasleek euskal edo erdal lerroa hauta dezakete.
Zirkulu bakoitzean multzo bakoitzari dagokion proportzioa idatzi dugu. Horren arabera, UPV/EHUn euskaraz ikasten ari direnen proportzioa aurreko ikasketetan baino txikiagoa dela esatea ez da hipotesi bat, errealitate gordina da. Hau da, ez gaude estimazio estatistiko baten aurrean, benetako gertaeraren aurrean baizik. Hori horrela izanda ordea, zergatik den jakin nahi dugu. Datuak ikusita bateon batek esango balu UPV/EHU espero daitekeena baino erdaldunagoa dela, zuzen ibiliko litzateke beraz. Alabaina, datuak datu, euskaldunak benetan bazterturik daude UPV/EHUn?.
EAEko unibertsitate publikoak euskaldunak baztertzen dituela inferentzia ausartegia eta arriskutsuegia dateke oraindik. Haatik, bi multzoen artean berdintasuna de facto ez dela gertatzen ukaezina da. Izan ere, multzoak baliokideak izatekotan ez zitezkeen desberdintasunik izango, ez behatutako proportzioetan ez eta multzo bakoitzaren banaketen artean ere. Baina badago egon diferentziarik, estatistikoki esanguratsuak eta, gure aburuz, sustantiboki adierazgarriak.
Euskaldunontzat, aipatu desberdintasun hori sarri, frogatu beharreko zerbait baino bizipena da. Sustantiboki euskaraz jakiteak, euskaraz ikasia izateak, oro har, euskaldun izateak eta horrek dakartzan berezitasun sozial eta kulturalak nahikoa izan beharko luke, berez, populazio bat dela onartzeko. Haatik, nola euskaldunen eta erdaldunen hezkuntza sistema bera den, kultura bat behintzat, amankomunean daukaten, elkarren nahasian bizi diren eta, batez ere, agintearen arabera maila bereko taldeak diren, oso zaila gertatzen da haien arteko bereizketa antzematea.
Euskaldunak eta erdaldunak populazio banatakoak badira, desberdinak badira hain zuzen, orduan, aldarrikatutako berdintasuna itxurazkoa da. Horrek azal litzake EAEko unibertsitate publikoan behatutako desorekak. Beste era batera, hori berori izan daiteke alborapenaren sorburua.
Askorentzat, hau guztia eztabaidagai antzua izanagatik edo, kutsu politikoa badu ere, berebiziko garrantzia dauka ikerkuntzan eta, batik bat, gizarte antolakuntzan. Jakina denez, Euskal Herriko gizarte zientzietako ikerketa ugarik (hezkuntza, hizkuntza, soziolinguistika, gizarte psikologia, etab.) bi talde horien arteko diferentzia esanguratsuak aurkitu dituzte. Nolanahi ere, guztietan abiaburu inplizitu bera izan da; populazio bereko subjektuak direla onartzea. Hau da, ikerketa guztien nondik-norakoa bera izan ohi da. Honela esan genezake: populazio jakin batean (eskola, herria, gazteria,...) subjektu batzuk euskaldunak dira, gainontzekoak ordea ez; subjektu guztiak baldintza bertsuetan daudela ezagutuz, aldagairen jakin batean diferentzia esanguratsuak baleude, aipatu taldeen arteko bereizketari egotzi beharko genizkiokeen.
Ikusten denez, proposamen formal horretan diferentziak izan daitezkeela onartzen bada ere, ez da sekula onartzen populazio desberdinak izan daitezkeenik. Ikuspegi metodologikotik, populazio desberdinetakoak izateak ostera, diferentzia frogatu behar ez izatea dakar, edo, aitzitik, balizko diferentziak ikergaia izateari utziko lioke eta, bere ordez, populazioen arteko amankomuntasuna jakingaia izango genuke.
Formalki, honela adieraz genezake: Erdaldunak eta euskaldunak deitutako populazio bi ditugula, eta aldagai jakin batean (eskola errendimendua, jarrera, hizkuntza gaitasuna,...) behatutako diferentziak populazio desberdinak izateari dagozkiola funtsean. Diferentziarik ez balego berriz, bi populazioei eragiten dien faktore edo faktore multzoen ondorio gisa ulertzen dugu, baina, horrela izanda ere, populazio desberdinak izateari ez diote uzten.
Arestian aipatutako datuei lotzen bagatzaizkie, A eta D hizkuntza
ereduetako unibertsitariegaien arteko desberdintasun horiek adieraz
ditzakegulakoan gaude. Har dezagun bada, 1992-93 ikasturtean EAEko
uniber-tsitate publikoan sartzeko zeuden A eta D ereduetako ikasle guztien
batazbesteko nota (sarrerako nota) eta ikus dezagun nola banatzen diren:
2. Diagrama: A hizkuntza ereduko ikasleen banaketa sarrerako
notaren arabera
3. Diagrama: D hizkuntza ereduko ikasleen banaketa sarrerako notaren arabera
Aurreko bi histograma horietan A hizkuntza ereduko (N=11.227) eta D hizkuntza ereduko (N=3.303) ikasleen banaketak ikus ditzakegu. Ordenatuetan maiztasuna adierazita dago, zenbat ikasle dagoen alegia. Kontutan har, ordenatuen eskala desberdina dela kasu bakoitzean, A eredukoan gehienez 1.000 eta D eredukoan 500 gehienez ere. Kasu bakoitzean 32 lauki luzeek ikasle kopuruak adierazten dituzte. Hau da, 5 eta goren mailako noten arteko 32 tarte proportzionaletan ikasleak nola multzokatzen diren.1
Histogramen abzisetan (sarrerako nota), ikasleek UPV/EHUn sartu ahal izateko lortutako nota dago. Edozelan ere, notarik txikiena aprobatuari dagokio. Ageri denez, A hizkuntza eredukoek lortutako batazbesteko nota (m=6,17) txikiagoa da D eredukoek lortutakoa (m=6,33) baino. Alabaina, desbidazio estandarra, batean zein bestean (s=0,76) bera da.
II. Taula: A eta D hizkuntza ereduetako unibertsitarigaien banaketetako parametroak.
EAEko unibertsitate publikoak ezarritako prozedura dela eta, ikasleek matrikularekin batera egiten dute hizkuntza aukera. Hori horrela, unibertsitatean matrikulatzen diren euskaldunen proportzioa unibertsitarigaien arteko proportzio bertsua da. Hori eragin estatistikoa besterik ez da. Auzia ez da soilik unibertsitatearen eskaintzaren nahikotasuna, euskaldunen matrikula baldintza soziolinguistikoen menpe izatea baizik. Gerta liteke ikastetxe jakin batean irakaslego euskalduna eta azpiegitura nahikoa izatea 150 ikasle euskaldunentzat eta, hala ere, 100 besterik ez izatea, egoera soziolinguistikoak gainontzekoen matrikula eragozten duelako. Horrelakoetan, jakina, gainontzeko 50 ikasle erdal lerroetakoak izango lirateke, egoera soziolinguistikoa erdaldunen aldekoa delako. Unibertsitateak arautzen ez duena, hizkuntzen arteko ukipen egoera desorekatuak ezartzen du.
Hotz-hotzean ikusita, unibertsitateak ikasle kopuru jakin baterako irakaslegoa eta oinegitura prestatzea eta ikasle kopuru horren matrikulazioa zoriaren menpe jartzea utzikeria da, zerbait gogorrago ez esatearren. Adibidez, demagun fakultate batean 300 ikasle kopuruko matrikula mugaketa ezartzen dutela, erdal lerroko bi talde eta euskal lerroko talde bakarrean banatzeko. Horrela izanik, fakultate horretan hiru ikastalde horietarako irakaslego eta oinegitura nahikoa dagoela pentsatzea arrazoizkoa da, beraz. Hiru ikastaldetan 300 ikasle orekatsu banatuz gero, ehunbana ikasleko hiru ikastalde dauzkagu. Aritmetika gehiegi jakin gabe, berehala konturatzen gara euskal lerroaren proportzioa heren batekoa dela (p=1/3). Irizpide aritmetiko hutsari lotuz, fakultate horretan euskal lerroan gehienez 100 ikasle matrikula daitezke. Edozelan ere, indarrean dagoen ikasleen hautaketa eta matrikulazio prozedura dela bide, fakultate horretan, oro har, ikasturtero 300 ikasle berri matrikulatuko dira, baina zenbat erdal taldeetan eta zenbat euskal lerroan zoriaren menpe dago. Ez da ikasle euskaldunen borondatea faktore erabakiorra, izan ere, hizkuntza (euskara/erdara) matrikula lortu ondoren.
III Taula: A eta D hizkuntza ereduetako unibertsitarigaien banaketa lortutako noten arabera.
Aurreko taula horretan, unibertsitarigaien populazioak
unibertsitatean sartzeko notaren hamar tartetan banatu ditugu. Tarte horiek berdinak
dira A hizkuntza ereduko zein D hizkuntza ereduko
unibertsitarigaientzat. Populazioak baliokideak izango balira, tarte bakoitzean proportzio
bera edo antzekoa itxaron genezake (% lerroko). Ageri denez, ez da horrela.
D hizkuntza eredukoak uniformeago banatzen dira A hizkuntza
eredukoak baino. Hobeto ikus daiteke 3. eta 4. irudietan.
3. eta 4. irudiak: ikaslegoaren banaketak deziletan
Beste alderditik, nota tarte bakoitzean euskaldunek daukaten pisua ikus daiteke (% zutabeko). Euskaldunek lortzen duten proportziorik handiena %41,4koa da, 8. tartean hain zuzen. Oro har, benetan matrikulatzen direnen artean itxaron daiteke euskaldunen proportzioa %23,55koa da. Esan dezagun, berriz ere, aukera ez dagoela euskaldunen baitan.
Ondorioak
Honaino adierazitako guztia hitz lauetara ekarrita hurrengo puntuotan laburbilduko genuke:
1. Unibertsitateko euskal lerroaren garapena egoera soziolinguistikoaren zoriaren menpe dago. Euskal lerroan matrikulatutakoen proportzioa egoeraren araberakoa da beraz.
2. Unibertsitarigaien artean subjektuen artean, alegia berdintasun printzipioa egoten bada ere, taldeen artean ez da berdintasunik gertatzen. Ikasle euskaldunak (euskal lerrokoak zehatz-mehatz) besteak baino baldintza okerragotan daude objektiboki. Desabantaila hori egoera soziolinguistikoaren desorekak sortarazten duen ondorioa da, gertaera estatistikoa dela esan genezake, arrunt ezaguna eta erraz zuzentzekoa beste alderditik.
3. Horiek horrela, euskal lerroaren garapena zoriaren menpe izateak unibertsitatearen hizkuntza politikaren hutsune lazgarria adierazten du. Horren ordainez euskal lerroaren hazkuntza ez dagokio unibertsitateari, ez inongo planifikazioari ezta unibertsitarigaien eskakizunari, egoera soziolinguistikoaren garapena baizik.
4. Azken buru, unibertsitatearen iharduerak edo iharduera ezak alderdi honetan hizkuntzen arteko asimetria areagotzea besterik ez dakar. Ez da soilik unibertsitateak ez duela inolako ekarpenik egiten euskararen normalkuntza soziolinguistikoan bidean, baizik eta bere baitan gizartean gertatzen diren hizkuntzen arteko desorekak jaso eta handitu egiten dituela.
5. Euskal lerroaren garapen bizia eta kalitatezkoa nahi bada, ezin utz daiteke faktore kontrolaezinen menpean. Ikasketa planak, numerus clausus, titulazioak, etab. planifikatzen diren neurri berean zorrotzean nahiago planifikatu beharko litzateke euskal lerroaren garapena. Hau da, ikasketen artean lehentasunak finkatu, euskal lerroko irakaslegoaren prestakuntza planak diseinatu eta kudeatu, eraketa arazoak bideratu, titulazio euskaldunak ezarri, etab.



