Hizkuntza eta lurraldea

Erramun Baxok
Aipamenak
lege geriza bi moldetan egiten da. Legeak hiztunen eskubideak finkatzen ditu edonon daudela ere. Edo hizkuntza zaintzen du, bakartasunean ezarriz espazio definitu batean.

Hizkuntza bakoitza zaindua da bere lurraldean eta nolazbait hazi ere egiten da, bakoitzak funtzio guztiak betetzen baititu auzoan, ikastetxeetan, gizartean.

Alde batetik, lurraldean bi hizkuntzak ez daude hein berean. Estatuarena nahitezkoa da denek ikasi behar dutena, aldiz herriarena hautazkoa da bai ikaskuntza mailan bai erabilera mailan. Lehena eginbide da, bigarrena eskubide.

Ikaskuntza baldintza lehena izanikan ere, erabilerak du segurtatzen hizkuntzaren geroa. Gai honi buruz badugu ikerketa berri bat Bilbon 1999ko abenduan iragan zen Eremu urriko hizkuntzei buruzko VII. Nazioarteko Biltzarrean aipatu zena, katalanaren erabileraz.

"Integrazio errepublikanoa, oroz gainetik linguistikoa da eta ongi funtzionatzen du. Alabaina, (gertakizun berria da eta biziki esanguratsua) gaur egun ez da frantsesaz beste hizkuntzeko jatorrizko hiztun elebakardunik"

Lurraldetasuna ukatua delarik eta hizkuntz eskubide kolektiborik gabe, zer estrategia eraman genezake Iparraldean? Konstituzioaren aldaketak edo gutienez irakurketa federalistak, iraultza kultural bat eska lezake. Gertatuko da noizbait Europa Batuaren kontestuan.

Kasu elebitasun etnikoari! Diglosia ezin baztertua bada, euskararen aldekoa izan dadila gizarte osoaren eraginez eta herriaren eraikuntzari lotuz. Arrakastaren erakusleak euskarazko komunitate naturalak izanen dira.

Hau da, hain zuzen, J.A. LAPONCE quebectarrak idatzi zuen liburuaren izenburua (Langue et territoire, Québec 1984). Ez da nire xedea liburu ezagun horren laburpena egitea, baina idea nagusi batzuk hartuko ditut euskararen egoera aztertzeko.

Problematika

Hizkuntz legeak aztertzen direlarik, bi printzipio erabiltzen dira jurilinguistikan eta ondorioz hizkuntz antolaketan: lurraldetasunaren printzipioa eta nortasunarena. Lurraldea oinarri duen legeak hizkuntzaren eskubideak zaintzen ditu. Besteak, aldiz, hiztunen eskubideak ditu helburutzat.

Hizkuntzaren eta lurraldearen lotura esplika daiteke bai politika mailan, bai soziolonguistikaren bidez. Frantziako iraultzaz geroztik nazioaren kontzeptuak juntatzen ditu herria, lurraldea eta hizkuntza bakarra, lehenago erregearen pertsona sakratuak erresumaren batasuna finkatzen zuen bezala. J.A. LAPONCE hizkuntzalariak beste esplikazio bat ematen digu: "Hizkuntzek eremu mugatu batean dagoen hiztunen kontzentrazioari esker diraute, erlijioak eta etniak ez bezala. Egunero badut auzoekin hitzegiteko, elkar ulertzeko beharra, aldiz, ez dut heiekin beti "erlijiotzerik", ez eta "etniatzerik" ere". (Langue et droit 1989).

Hizkuntza ahuldu bat arriskuan dagoelarik, hizkuntza indartsuago baten eraginez, lege geriza bi moldetan egiten da. Legeak hiztunen eskubideak finkatzen ditu edonon daudela ere. Edo hizkuntza zaintzen du, bakartasunean ezarriz espazio definitu batean. Molde bateko eta besteko adibideak aztertuko ditugu. Oraindik asma genezake zein den hoberena.

Erantzun esperimental bat emateko ikus dezagun hizkuntza ahulago bat nola borrokatzen den indartsuago batekin kontaktoan delarik. Lau ezaugarri agertzen dira kasu askotan.

1. Edozein hizkuntza espazio fisiko mugatu batean kokatzen da, ele bakarreko eremua osatuz.

2. Hizkuntzak kontaktuan gertatzen direlarik, nola pertsona bakoitzarengan hala hiztun multzoen artean, diglosian jartzen dira: edo bakoitzak funtzio bat betetzen du besteak betetzen ez duena, adibidez, bat etxe hizkuntza dago bestea ofiziala bilakatzen delarik; edo bien artean hierarkia bat jartzen da.

3. Etnia indartsuenak inposatzen du, lehenik diglosia funtzionala eta gero diglosia estratifikatzailea.

4. Talde etnikoaren indarra neurtzen da, gutienez hiru faktore ikusten dira: hiztunen kopurua, komunikazioaren trinkotasuna eta ahal sozio-politikoa.

Urraspide hau gertatzen da hizkuntz legerik ez denean hizkuntza gutituaren zaintzeko. Baina hemen beste galde bat sortzen da. Zer zaindu behar da, hiztuna ala hizkuntza? Legeak finkatuko ditu hiztunak berekin nonnahi daramatzan hizkuntz eskubideak ala hizkuntza batek bere jatorrizko herrian dauzkan eskubideak? Azterketa hau molde praktiko batean eramateko hizkuntz legediak 3 sailetan banatuko ditugu:

1. lurralde elebakarrak, adibidez Suitzan;

2. lurralde elebidunak, adibidez Espainian;

3. lurraldea ukatu dieten hizkuntzak, Frantzian bezala.

Lurralde elebakarrak

Suitzako konstituzioaren 116. artikuluak 4 nazio hizkuntza onartzen ditu: alemaniera, frantsesa, italiera eta erromantxera. Hiru lehenak konfederazioko hizkuntza ofizialak dira. Soziolinguistikaren aldetik ez daude egoera berean. Alemaniera da indartsuena herritaren % 65ak erabiltzen dutelakotz, gero frantsesa (% 20), italiera (% 10), azkenik erromantxera (%1) eta etorkinen hizkuntzak. Halere, hizkuntzen artean oreka bat bada zeren eta legediak lau printzipio aplikatzen baititu borrokaren eztitzeko: hizkuntzen berdintasuna, hiztunen askatasuna, lurraldetasuna eta hizkuntza gutituen geriza.

Lurraldetasuna da printzipio nagusia: lurralde bakoitzak hizkuntza bakarra. Alde batetik, 22 kantonamendu elebakarrak dira. Bestalde, 4 kantonamendu elebidunetan lurraldetasuna udalerrika aplikatzen da. Helburua, berdintasunaren izenean, hizkuntzen mugak mugiezinak egitea da. Hizkuntza bakoitza zaindua da bere lurraldean eta nolazbait hazi ere egiten da, bakoitzak funtzio guztiak betetzen baititu auzoan, ikastetxeetan, gizartean. Haatik, kulturaren aldetik gauzak hobeki doaz, mugaz bestaldeko estatu handi bateko hizkuntzaren senide diren hiru hizkuntzentzat. Erromantxeradunek frustrazioak jasaten dituzte eremu urriarengatik eta italierari ihes egiten diote, konstituzioa baztertuz udalerrien baimenarekin.

Kasu honek erakusten du legezko elebakartasuna batzutan hiztunen askatasunaren aurka doala, adibidez multzo batek hizkuntzez aldatu nahi duelarik lana hobeki segurtatzeko edo kultura zabalago batez baliatzeko.

Alabaina, hizkuntzen berdintasuna juridikoa den arren, de facto hiztunen askatasunari kalte egin liezaioke. Gerta daiteke eskubide kolektiboa interes pertsonalen aurka joatea. Halere, auzitegi konstituzionalak beti alde berera erabakitzen du, bake linguistioaren aldera:

"Gure herriko hizkuntz mugak mugiezintzat hartuko dira; multzo bakoitzak dakielarik bere hizkuntzaren eta kulturaren lurraldea osotasunean egonen dela, segurtasun horrek zaintzen du herri honetako zati guzien arteko elkartasuna".

Lurraldetasun elebakarra aterabide ona da, beraz, estatu batean bi hizkuntza edo gehiago daudelarik. Adibidez, Belgikan edo Kanadan. Halere, bere akatsak edo "ondorio bihurriak" baditu (effets pervers, J.A. LAPONCE), ekonomia mailan gertatzen den bezala, bilatzen den helburuaren alderantzizkoa lortzen delarik. Bi adibide har ditzagun, bat Suitzan berean eta bestea Quebec-en.

Lurraldetasunaren ondorio bihurri bat da komunikazio zabalagoa oztopatzen duela. Errana da Suitzan elkar aditzen dutela ez baitute elkar ulertzen (on s'entend bien parce qu'on se comprend mal). Alabaina, frankofonoek ez dute alemaniera ikasi nahi, hizkuntza arriskutsua delakotz bere indarrarengatik. Gainera, arrazoi beragatik germanofonoek ez dute alemaniera estandarra erabiltzen baina tokiko dialektoa, nortasun kolektiboa hobeki adierazten duena. Ondorioz, maiz gertatzen da ingelesa erabiltzea estatu barneko komunikazio praktikoentzat. Paradoxa da hizkuntzak zainduz komunizioa haustea. Aterabidea elebitasuna ote litzateke?

Beste ondorio bihurria Quebecen ikusten da. Frantsesaren lege nagusiaren erabakiz (1976) herrialde hau ofizialki elebakarra da. Bainan eskubide historikoak errespetatuz, anglofonoenak eta "lehen nazioetakoenak" (%20). Subiranisten argudio nagusi bat da jatorrizko frantses kultura zaintzea. Gaur egun, eta 3. referendumaren bezperan, federalistek B plana proposatzen dute, hots, lurraldea zatitzea hizkuntzen arteko mugaren arabera. Partizioaren proposamenak Montreal hiriaren erdia eta ekialdeko konterriak Kanadan utz litzake, Quebec frankofonoa Palestina txiki bat bilakatuz. "Batzuk Kanada zatitzeko eskubidea hartzen badute, bestek Quebec zatitzeko eskubidea hartuko dute". Hemen paradoxa da hizkuntza zainduz, lurraldetasunak herria hauts lezakeela. Subiranistek erantzuten diete, hizkuntza herriaren ezaugarri nagusi bat izanikan ere, lurraldea historiak definitzen duela. Kanadako batasunaren zaindariek gauza bera erraiten zuten, ez da, beraz, aterabide sinplerik. Azter dezagun jurilinguistikaren beste eredu bat.

Lurralde elebidunak

Bi lurralde mota badira, estatuarena eta herriena. Estatua elebiduna delarik gehienetan herrialdeak (eta herritarrak) elebakarrak dira, hala nola Kanadan (salbu New Brunswig probintzia) edo Belgika (salbu Bruxelaseko eskualdea). Alderantziz, estatua elebakarra delarik, herrialdeak elebidunak dira. Espainiako konstituzioak bi hizkuntza mota onartzen ditu: gaztelera estatu osorako eta tokiko erkidegoetan mintzatzen diren hizkuntzak. Adibidez, Euskal Autonomi erkidegoan, euskara da berezko hizkuntza eta bi hizkuntza dira ofizialak, euskara eta gaztelera. Ondorioz bi hizkuntzak erabiltzen dira, botere publikoaren esku diren eremuetan gutienez: irakaskuntzan, administrazio publikoan, bide seinaleetan. Hizkuntz antolaketa hau oso berezia da eta iduriz Suitzan aurkitu ditugun oztopoak gainditzen ditu.

Alabaina, herri bakoitzak bere hizkuntza erabil dezake etxean eta gizarteko eremu guztietan lurraldearen mugen barnean. Gainera estatuko hiritar guztiek badute elkarrekin komunikatzeko koine bera. Lurralde elebidunen bidez herritar bakoitzak erabil dezake nortasun kolektiboa adierazten duen herri hizkuntza eta komunikazio zabala segurtatzen duen estatu hizkuntza. Halere, eredu honek ere baditu bere "ondorio bihurriak". Bi aztertuko ditut.

Alde batetik, lurraldean bi hizkuntzak ez daude hein berean. Estatuarena nahitezkoa da denek ikasi behar dutena, aldiz herriarena hautazkoa da bai ikaskuntza mailan bai erabilera mailan. Lehena eginbide da, bigarrena eskubide. Gainera, lehenaren hiztun multzoa indartsuago da bigarrenarekin konparatuz. Ondorioz, egoera soziolinguistikoa diglosia zapaltzailearena da eta hizkuntz borrokak dirau. Hor dugu Nafarroaren adibidea: elebitasun ofiziala ez da lurralde osora zabaltzen. Lurraldea elebiduna da, baina hizkuntzen arteko berdintasunik gabe.

Elebitasuna onartua den guneetan ere beste ondorio bihurri bat agertzen da, W. MACKEY-k definitzen duen elebitasun etnikoa. Hau gertatzen da lurralde batean, herritar orok, herri hizkuntzaz gain beste hizkuntza bat erabili behar duelarik gizartean ongi integratzeko. Orduan lurralde berean bi hizkuntza baditugu funtzio berdinen betetzeko. Ekonomia legearen arabera bat soberan da. Zergatik bi tresna lan beraren egiteko? Elebitasun etnikoak balio du transizio epe labur batean, baina laster herri hizkuntza erredondante bilakatzen da, ahulena delakotz. Gero eta gutiago erabiltzen da, gero eta funtzio gutiago betetzeko. Azkenean herritar guztiek hizkuntza indartsuena darabilate, herri hizkuntza ikur funtziora mugatuz.

Aterabide bakarra da herri hizkuntzaren aldeko antolaketa, eta lehenik ikaskuntza mailan, hezkuntza publikoa tokiko botere politikoaren esku baita. Hain zuzen eremu honetan egin dira aurrerapen miresgarrienak. Soziolinguistika ikerketek agertzen dute Katalunian herritarren % 79 gai dela herri hizkuntza erabiltzeko. EAEn gaztetxoen hizkuntz gaitasuna doblatzen da hamar urtez: 1996an 20 urtekoak euskaldun ziren % 33 eta 10 urtekoak % 62. Epe berean Nafar gazteak euskaldundu dira % 11tik % 19ra. Beraz, Hego Euskal Herrian euskalduntze urraspidea bide onean da.

Ikaskuntza baldintza lehena izanikan ere, erabilerak du segurtatzen hizkuntzaren geroa. Gai honi buruz badugu ikerketa berri bat Bilbon 1999ko abenduan iragan zen Eremu urriko hizkuntzei buruzko VII. Nazioarteko Biltzarrean aipatu zena, katalanaren erabileraz.Pilar LOPEZ eta bere lagunek Santa Coloma hiriko hizkuntz egoera aztertu zuten eta desoreka batez ohartu ziren. Herritar anitz katalanez hitz egiteko gai zirela erraiten bazuten ere (% 79 inguru), gutik aitortzen zuten erabiltzen zutela (% 30) eta erabilera objektiboa oraindik txikiagoa zen. Defizita horren esplikatzeko erakundeen hizkuntz eskaintza neurtu zuten. Botere publikoak eta gizarte zibilak zer parada ematen diete herritarrei katalana erabiltzeko, administrazioan, ekonomia eremuan, komunikabideetan eta ikaskuntzan? Aurkitu zuten katalan-eskaintzaren indizea (Ofercat –ikus Bat 34-) % 47koa zela. Ondorioz, erabileraren neurria goratzeko ez da nahikoa gaitasuna gehitzea, denbora berean hizkuntz eskaintza ere handitu behar da.

Alde horretarik Hegoaldean gauzatzen diren neurriak biziki baliagarriak dira. UEMAko 39 udaletxeak euskaraz administratzen dute. "Hizkuntzarentzat hobe da udalerri elebakar bat, ezen ez eta herrialde elebiduna". Gizarte zibileko hainbat eragile mobilizatu dira euskararen alde Kontseiluaren bidez. Oroz gainetik Jaurlaritzak "Euskara biziberritzeko plan orokorra" definitu du arduradun anitzekin eta J. FISHMAN-en teoria oinarritzat hartuz, gizarte publikoa eta zibila inplikatzen duen programa martxan da epe laburrean eta luzeagokoan.

Globalizazioaren garai honetan elebakartasunaren probabilitatea gutitzen ari da. Bestalde, ez ahantz elebitasun etnikoaren arriskua. Prospektiba egingarria da elebitasun mota berri bat asmatzea, herri hizkuntzari nagusitasuna emanen diona, hizkuntz komunitate trinkoen bidez, gizarte osoaren laguntzarekin.

Lurraldea ukatu dieten hizkuntzak

Hemen aztertzen dugu Ipar Euskal Herriko egoera berezia. Ez dut erran lurralderik gabeko hizkuntzak, alabaina, lurralde historikoak hor daude. Baina, ez diete onartzen izaite juridikorik. B. CERQUIGLINI hizkuntzalariak berak sortu hitz batez definitzen du Frantziako hizkuntz egoera "monoglosia". Hona zein definizio ematen duen: "Integrazio errepublikanoa, oroz gainetik linguistikoa da eta ongi funtzionatzen du. Alabaina, (gertakizun berria da eta biziki esanguratsua) gaur egun ez da frantsesaz beste hizkuntzeko jatorrizko hiztun elebakardunik". Bestela erranez, Frantziako lurraldean sortu direnak edo frantses elebakarrak dira edo elebidunak. Ez da euskaldun edo britofono edo korsikeradun elebakarrik. Eta gertakizun hau XVI. mendean hasi zen xede politiko baten ondorioa da. "Estatuaren hizkuntzari buruzko interesa betidanikakoa da, izan dadin erresuma, inperioa ala errepublika".

Beraz, 1992an konstituzioaren 2. artikuluan gehitu zutelarik "Errepublikaren hizkuntza frantsesa da", pleonasmo baten itxura zuen. Eta beste hizkuntzak zer bilakatzen dira, giza eskubideak sortu omen ziren Estatuan? Hain zuzen, 1789ko aitorpenaren 11. artikuluan kokatzen dira, idazki hau konstituzionala delarik: "Hiritar orok dauka hitz egiteko, idazteko eta inprimatzeko askatasuna". Euskaraz edo bretoineraz mintzatzeko eskubidea adierazpen askatasunean sartzen da, "askatasun garantzitsuena", dio artikulu horrek. Baina, hemen ez gara eremu publikoan, giza eskubideek pertsona pribatuak zaintzen dituzte botere politikoetatik.

Azken urte hauetan konstituzioaren irakurketa ezberdinak egin dira herri hizkuntzen egoera juridikoa definitu nahiz, batzuk aski irekiak, adibidez, G. CARCASSONNE unibertsitate irakaslearen txostena. Irakurketa ofiziala ukan genuen Konstituzio Kontseiluak 1996an Hizkuntza Gutituen Eurokarta aztertu zuelarik.

Eurokartari buruz galdegin genezake zer geriza eskaintzen duen hizkuntza ahulduen zaintzeko, lurraldetasunaren eredua ala hiztunen eskubidearena. Zer zaintzen du, hizkuntza ala hiztuna? Ez da argi. Idazki diplomatiko honek aipatzen du "lurraldearen errespetua" bai eta ere "hiztunen ezin ukatuzko eskubideak". Dena dela, malgutasun horrengatik ez du sinagarritasuna lortu Frantziaren ganik, Konstituzio Kontseiluak hiru kontzeptu baztertu baititu konstituzioarekin inkonpatible zirelakotz:

1. Hizkuntzen lurraldetasuna, errebublikaren batasunaren aurka baitoa (1. artikulua).

2. Hiztun multzoen eskubide kolektiboak onargaitzak dira, hiritarren berdintasunagatik (1. artikulua).

3. Herri hizkuntzen erabilera publikoa ezin onartua da 2. artikuluaren emendakin berriarengatik.

Hemen agertzen da Konstituzioa zaintzen duten legelarien antifederalismoa. Ezin dezakete asma estatuaz beste lurralderik ez eta ere beste herririk. Horiek horrela, aipatu idazkiak onartzen du de facto herri hizkuntzak eremu publikoan sartuak direla legeen bidez: hezkuntza nazionalean, komunikabideetan eta adminstrazioan ere, "itzulpenak" onartuak baitira. Beraz, frantsesa da eremu publikoaren hizkuntza, baina 11. artikuluak esklusibitatea kentzen dio eta elebitasuna onargarri da, frantsesa baztertzen ez duen neurrian. Gainera gobernuak sinatu dituen Eurokartako 39 neurriak ere onargarriak dira.

Lurraldetasuna ukatua delarik eta hizkuntz eskubide kolektiborik gabe, zer estrategia eraman genezake Iparraldean? Konstituzioaren aldaketak edo gutienez irakurketa federalistak, iraultza kultural bat eska lezake. Gertatuko da noizbait Europa Batuaren kontestuan. Horretarako, militantismo juridiko bat antolatzen dugu eskualdeen artean hizkuntz lege orokorra erdiesteko eta herri hizkuntzak konstituzioan sartzeko, gutienez "ondare nazional" bezala (G. CARCASSONNE).

Anartean, euskararen aldeko hizkuntz antolaketa finkatu behar dugu euskaltzaleen eta tokiko hautetsien artean. Zailtasunak jasaiten dituzten hizkuntzen antolaketa bi zutabetan oinarritua da, gizartearen eskaera eta erakundeen eskaintza.

1. Gizartearen eskaera hizkuntzari buruzko atxikimenduaren ondorioa da. Adierazle nagusiak dira familiako hizkuntz jarraipena, hiztunkidegoaren zabalkuntza, burrasoen eskaera haurrek ukan dezaten herri hizkuntzari lekua ematen dion irakaskuntza, herritarren kemena zerbitzu publikoak ukaiteko beren hizkuntzan, jatorrizko toponimia errespetarazteko xedea, herri kulturan parte hartzea. Baina hizkuntza gutituen ezaugarri bat da hiztunen atxikimendua denborarekin ahultzen dela.

2. Erakundeen eskaintza gertatzen da egitura publikoek eta pribatuek herri hizkuntzaren erabilera errexten dutelarik, hala nola administrazioan, komunikabideetan, ikastetxeetan, saltegietan, enpresetan. Botere politikoaren jokamolde baikorrak ondorio onak ekar litzake herri hizkuntzaren alde, bai egitura pribatuen aldetik, bai eta familiengandik ere. Alabaina, eskaintza instituzionalak du berpiztuko epeltzen ari den hizkuntz eskaera.

Dinamika hau eraman behar da bai militantziaren bidez, bai eta elkarlan erakundeak baliatuz ere: Euskal Kultur Erakundea, Udalerrien arteko Sindikata eta hain nekez sortzen ari den Hizkuntz Kontseilua. Erakunde ofizial horiek, beren moldean frogatzen dute euskara bere lurraldean dagoela Euskal Herrian.

Laburbilduz

Suitzako edo Quebec-eko hizkuntz ereduak eraginkorrak dira zailtasunak jasaten dituzten hizkuntzen alde. Herriaren eraikuntzari begira akatsak badaude, komunikazio zabalaren aldetik, hiztunen askatasuna kontutan hartzen baldin badugu. Quebec-en anglofonoen eta alofonoen beldur linguistikoak subiranotasun politikoa berantzen du. Soziolinguistika eremuan egonez, oro har, eredu hoberenak dira.

Lurralde elebidunen ereduak ondorio onak ematen ditu Katalunian bai eta neurri ezberdinean Hego Euskal Herrian ere. Kasu elebitasun etnikoari! Diglosia ezin baztertua bada, euskararen aldekoa izan dadila gizarte osoaren eraginez eta herriaren eraikuntzari lotuz. Arrakastaren erakusleak euskarazko komunitate naturalak izanen dira.

Lurraldea ukatua delarik ere, bada zer egin, hain zuzen herri historiko osoaren laguntzarekin. Ororen buru hizkuntzaren geroa hiztunen aho-mihitan dago.

Bibliografia
  • CERQUIGLINI, B., La naissance du français, Presses Universitaires de France, Paris 1991.
  • DELLEMONTET, F., Le droit des langues en Suisse, Editeur officiel du Québec 1984.
  • LAPONCE, J.-A., Langue et territoire, Presses de l'Université Laval, Québec 1984.
  • LAPONCE, J.-A., " L'aménagement linguistique et les effets pervers ", in Langue et Droit, Wilson & Lafleur, Montréal 1989.