Euskararen normalizaziorako legea Nafarroan

Oinarriak
Aipamenak
Hizkuntza komunitate orok eskubidea dauka behar diren baliabide pertsonal eta material guztiak eskura izateko ziurtatu ahal izateko bere hizkuntzaren eta kultur adierazpenaren presentzia nahi adinakoa izan dadin.

Nafarroako euskaldungoak informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea duen neurrian Nafar Gobernuak egunkari, irrati, telebista eta bestelako bideak erabiltzen dituzten komunikabideetan euskera erabiltzen dela ziurtatuko du.

Ekoizpen euskaldunen lehenesteko neurriak hartuko dira. Berauek, Nafarroako Gobernutik zein tokian tokiko instituzioetatik, babes berezia jasoko dute oinarrizko bitarteko edo baliabideen ziurtapenerako.

Nafarroako Foru eta Toki Administrazioek, enpresa publikoek eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresek euskara erabiliko dute barne harremanetan, eta euren arteko harremanetan.

Euskarak balio juridiko osoa izango du era guztietako merkataritza jardunetan, hala nola, ondasun eta zerbitzuen salerosketetan, banku eragiketetan, aseguruetan, lan kontratuetan, lan hitzarmenetan eta gainerakoetan.

Euskara erabili ahalko da enpresekin, merkataritza establezimenduekin eta erakunde pribatuekin ditugun harremanetan eta euskaraz atendituak izateko baldintzak sor daitezen neurriak hartuko ditu Nafar Gobernuak.

OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

OINARRIAK. ITURRIAK

Bartzelonako deklarazioa (1996.eko ekainaren 6an) Llei de Normalització lingüística a Catalunya (1983.eko apirilaren 18an) Euskal Autonomi Elkarteko legea (1982.eko azaroaren 24an) Vascuenceren legea (1986.eko abenduaren 15ean)

PRINTZIPIO OROKORRAK

l.- Euskara hizkuntza ofiziala da Nafarroako lurralde osoan.

2.- Hizkuntza eskubide zuzenen definizioa ezin da gelditu status politiko edo administratibo baten menpe edo kodifikazio gradua edo hiztun kopurua bezalako irizpideen menpe. Hizkuntza guztiek eskubide berdinak dituzte eta ez da bereizketarik egin behar. Nafarroa lurralde elebiduna da eta ondorioz, bertako hizkuntza ofizialak erabiltzen dituzten herritarrek eskubide berdinak dituzte.

3.- Hizkuntza eskubideen dimentsio indibiduala eta kolektiboa ezin dira bereizi. Hizkuntza komunitate baten barrenean garatzen da eta aldi berean, komunitate horren barruan norbanakoak erabiltzen du. Norbanakoen hizkuntza eskubideak ezin dira gauzatu komunitate eta hizkuntza talde guztien eskubideak ere errespetatzen ez badira. Ondorioz, lege honek arlo indibiduala eta kolektiboa arautuko ditu norbanakoaren eskubideak eta hizkuntz komunitatearenak bermatzeko.

4.- Hizkuntza eta kultura propioaren irakaskuntza izatea eskubidea da, era berean, zerbitzu kulturalak izatea ere eskubidea da. Ez da arau administratiboetan oztoporik aurkituko eskubide hauek betetzeko. Hortik ondorioztatzen da hizkuntza ofizialek eta beraiek transmititzen duten kulturak presentzia izan behar dutela komunikabideetan.

5.- Nafarroan bertan bizi diren pertsonen hizkuntza eskubideak uztartzea ezinbestekoa da elkarbizitzarako.

6.- Hizkuntz komunitate guztien eskubideak berdinak dira kontuan izan gabe beren kontsiderazio juridikoa edo politikoa. Hizkuntza guztiak dira nortasun kolektibo baten adierazpena baita errealitatea modu desberdinean hautemateko deskribatzeko tresna. Hizkuntza bakoitza da kolektiboki eraikitako errealitatea, eta komunitate baten Magalean bilakatzen da erabilgarri norbanakoentzat, kohesioaren, identifikazioaren, komunikazioaren eta adierazkortasun sortzailearen tresna gisa.

7.- Nafarroako euskaldungoak eskubidea dauka baliabide propioak antolatu eta kudeatzeko, gizarte funtzio guztietan beren hizkuntzaren erabilera ziurtatzeko helburuarekin. Era berean, hizkuntzaren transmisioa eta jarraipena ziurtatzeko behar diren baliabideak eskura izareko eskubidea ere.

8.- Nafarroako herritar orok eskubidea dauka alor publikoko jarduera guztietan lurralde honetan ofizialak diren bi hizkuntzetatik edozein erabiltzeko. Era berean, herritar orok eskubidea dauka Nafarroako hizkuntza ofizialak ikasteko. Horretarako Nafar Gobernuak beharrezkoak diren bitartekoak jarriko ditu.

9.- Edozein kasutan ere, Nafarroako herritar orok eskubidea dauka ulertzen duen eta hitz egin dezakeen eta ofizialak diren bi hizkuntzetariko batean juzkatua izateko bitartekaririk gabe.

10.- Hizkuntza komunitate orok eskubidea dauka behar diren baliabide pertsonal eta material guztiak eskura izateko ziurtatu ahal izateko bere hizkuntzaren eta kultur adierazpenaren presentzia nahi adinakoa izan dadin. Era berean, eskubidea dauka komunikabideen bidez bere kultur ondarearen ezagutza sakonaz jabetzeko.

IRAKASKUNTZA

0-3 urte bitartekoa

1-1.- Gurasoek edo tutoreek aukeratutako hizkuntza erabiliz atendituko dira haur hauek. Gaztelera hautatzen du- tenen kasoan euskararekiko kontaktoa ziurtatuko zaie eskolan bertan geroagoko ezagutza errazteko.

HH, LH, DBH eta Batxilergoa (3-18)

2-1.- Euskara Nafarroako hizkuntza ofiziala den neurrian ikas ziklo guztietan irakatsiko da eta horrela hautatu dutenek ikasketak euskaraz burutzeko eskubidea izango dute arau administratiboak oztopoa izango ez direlarik. Be- raz, ikasle kopurua, irakasle falta edo bitarteko falta ez dira oztopoa izango ikasketak euskaraz burutzeko eskubidea betetzeko orduan. Nafar Gobernuari dagokio hezkuntza sistema osora (publikora zein kontzertatura) zabaldu dadi- neko neurriak hartzea. Orain arte euskal irakaskuntzaren zerbitzua eskeini duten ikastetxeen bideragarritasuna ziur- tatuko du Nafar Gobernuak. Euskararen normalizazioa lortzea eta nafar euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzea da printzipio honen helburua.

2-2.- Gurasoak, tutoreak edo hala egokituz gero ikasleak berak ikasketak egiteko aukeratu ez duen hizkuntza ofi- ziala irakastea nahitaezkoa izango da. Ikasleek oinarrizko ikas prozesuaren bukaeran bi hizkuntzak erabiltzeko moduan egon behar dute. Helburu hau lortzeko epeak eta bideak plangintza orokor baten barruan kokatuko dira.

2-3.- Nafar Gobernuak ikastegi bakoitzean erabili beharreko hizkuntz ereduak arautuko ditu lekuan lekuko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuz eta guraso, tutore eta ikasleen nahia errespetatuz, baina, oinarrizko ikas prozesuaren bukaeran bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko helburua edozein kasutan ere errespetatu egingo da.

2-4.- Atzerriko hizkuntzak erabiltzen dituzten ikastegietan diru publikoak erabiliko balituzte euskera ere irakatsi be- harko dute.

2-5.- Irakasleen birziklapenerako bitarteko guztiak eskeiniko ditu Nafar Gobernuak irakasle hauek eskeintzen di- tuzten ikas gaiak euskaraz eman ahal izateko. Nafar Gobernuak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu birziklapena ziurtatzeko ahalik eta denborarik laburrenean. Unibertsitateak, bestalde, ezinbesteko gaikuntza berezitua eskeiniko die irakasle hauei beren ikasgaiak kalitatez eskein ditzaten. Irakasleak kontratatzerakoan euskara ezagutzea behar den neu- rrian baloratua izango da.

2-6.- Ikastegietan ikasleek eta irakasleek, ahoz edo idatziz euskera erabiltzeko eskubidea izango dute ikastegiko ha- rreman administratiboetan.

Lanbide heziketa

3-1.- Lan munduan euskararen presentziak duen garrantzia kontuan hartuta lanbide heziketan berebiziko eginaha- lak egingo dira ikasleek euskeraz ikasteko. Lanbide heziketak ikasleak gaitu behar ditu beren jarduera profesionala Nafarroan ofiziala den euskaraz egin dezaten.

Unibertsitatea

4-1.- Ikasleek euskera hautatu ahalko dute beren ikasketak burutzeko. Ikasteko aukerak ez ditu hizkuntzak baldintzatuko, hau da, ez da hizkuntzen araberako bereizketarik egongo eta ikasleek unibertsitateak eskeintzen dituen karrerak euskaraz egin ahalko dituzte. Karreraren bukaeran hizkuntz trebakuntza ikastaroa eskeiniko zaie ikasle guztiei Nafarroan ofizialak diren bi hizkuntzak erabiliz burutu ahal izateko beren jarduera profesionala.

4-2.- Ondorioz, irakasleak ikasleek eskatzen duten hizkuntza ofiziala erabiliz irakasteko gai izan daitezen Unibertsitateak berak hartuko ditu beharrezkoak diren neurriak.

4-3.- Unibertsitateko harreman administratiboetan ikasleek euskera hautatu ahalko dute.

Helduen euskalduntze alfabetatzea

5-1.- Euskalduntze alfabetatzeak euskararen normalizazio prozesuan duen garrantzia kontuan hartuta eskaera osoari atenditzeko bitarteko egokiak jarriko ditu Nafar Gobernuak. Bestalde, Nafarroako herritar helduek euskara ikas dezaten sentsibilizazio kanpainak bultzatuko ditu. Euskaltegi oro baldintza egokitan ari dadin beharrezkoak diren bitarte- ko ekonomikoak luzatuko ditu Nafar Gobernuak.

5-2.- Ahalegin berezia egingo du Administrazioak irakaslegoaren prestakuntza bermatzeko hala nola, ikas materialen sorkuntzan ere.

5-3.- Lan jarduera euskalduntzeko plangintza bereziak bultzatuko ditu Nafar Gobernuak lantegietara euskara komunikazio tresna gisa zabaltzeko asmoarekin helduak euskalduntzeko plangintzak bultzatuz.

Musika eskola

6-1.- Musika ikasketak euskaraz egin ahalko dira.

KOMUNIKABIDEAK

7-1.- Nafarroako euskaldungoak informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea duen neurrian Nafar Gobernuak egunkari, irrati, telebista eta bestelako bideak erabiltzen dituzten komunikabideetan euskera erabiltzen dela ziurtatuko du.

7-2.- Euskara, berezko hizkuntza izanik, hartu beharreko neurriek hizkuntza normalizatua izatea lortuko dute, egun, gaztelerak duen maila bera.

7-3.- Komunikabide publikoen kasuan ziurtatuko da euskal kultur ondarearen ezagutza sakonaz jabetzea eta halaber, beste edozein kulturaren ahalik eta menderapen hoberena lortzea euskara erabiliz.

7-4.- Ekoizpen euskaldunen lehenesteko neurriak hartuko dira. Berauek, Nafarroako Gobernutik zein tokian tokiko instituzioetatik, babes berezia jasoko dute oinarrizko bitarteko edo baliabideen ziurtapenerako.

7-5.- Ekoizpenez gain, beste hizkuntzetatik euskarazko itzultze lanei babes eta laguntza eskeiniko zaie.

7-6.- Kapitulu honek honako sail hauek biltzen ditu, hauetan guztietan izanen duelarik indar aipaturiko lan ildoak:

Irratigintza Prentsa eta argitalpenak Ikus-entzutezkoak

7-7.- Euskarari egokitutako informatika ekipamenduak, tresneria eta produktuak euskaraz egon daitezeneko neurriak hartuko ditu Nafar Gobernuak teknologia horiek eskeintzen duten ahalmen guztien onura atera ahal izateko, bai autoadierazpenari, hezkuntzari, argitarapenari edo itzulpenari dagokionez.

ADMINISTRAZIO PUBLIKOA ETA ORGANO OFIZIALAK.

8-1.- Nafar herritarrek eskubidea dute baliabide propioak antolatu eta kudeatzeko, gizarte-funtzio guztietan, Administrazioan barne, euskararen erabilera ziurtatzeko helburuarekin.

8-2.- Euskara Nafarroako hizkuntza ofiziala da. Herritarrek jarduera publiko zein pribatu guztietan erabiltzeko eskubidea dute, bazterketarik gabe. Egintza juridiko guztiak aukeratutako hizkuntza ofizialean bideratuko dira eta, hizkuntzari dagokionez, erabateko balio legala izango dute.

8. 3.- Herritarrak eskubidea du euskara ofizialtzat erabilia izan dadin Nafarroako Administrazio desberdinetan (Foru Administrazioa eta Toki Administrazioak).

8-4.- Estatuko Administrazioaren kasuan, nafar herritarrek aukeratu duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea dute, eta ezin zaie horren itzulpenik eskatu.

8-5.- Herritarrak eskubidea du jarduera judizial eta administratiboak, dokumentu publiko eta pribatuak, eta erregistro publikoetan egindako inskripzioak euskaraz egiten direlarik, baliozkoak eta eraginkorrak izan daitezen, eta inork alega ahal ez dezan euskara ez dakiela.

8-6.- Nafarroako Foru eta Toki Administrazioek, enpresa publikoek eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresek, herritarrek eta pertsona juridikoek erabiltzen duten hizkuntza ofizialean harrera eginen diete, jarduera administratiboa herritarrak aukeratutako hizkuntzan bideratu ahal izateko beharrezkoak diren neurriak eta baliabideak aplika- tuko direlarik. Beraz, nafar guztiek eskubidea dute, bezero edo erabiltzaile gisa, jendeari zabaldutako zerbitzu horietan euskaraz informatua izateko, hala ahoz nola idatziz ere.

8-7.- Nafarroako Foru eta Toki Administrazioek, enpresa publikoek eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresek euskara erabiliko dute barne harremanetan, eta euren arteko harremanetan.

8-8.- Arestian aipatu dena bete ahal izateko, Administrazio Publiko bakoitzak bere plantila organikoan adieraziko du, euskaraz jakitea zein lanpostu eskuratzeko izanen den frogatu beharrezko baldintza berariazko.

8-9.- Hizkuntz eskakizun hori lan eskaintza publikoan adieraziko da, baita lanpostuen deialdietan ere.

8-10.- Aipatutako neurriak gauzatu ahal izateko Administrazio bakoitzak bertan lan egiten duten langile guztiei euskara ikasteko aukera bermatuko die, eta langileak euskalduntzearen aldeko sustapena eginen du, beharrezkoak diren baliabideak onartuz.

8-11.- Euskara Nafarroako hizkuntza ofiziala izanik, edozein kidek eskubidea du euskaraz erlazionatzeko eta atenditua izateko Nafarroako botere publikoen eta administrazio-dibisioen zerbitzuen aldetik (Estatuko Administrazioa, Foru Administrazioa eta Toki Administrazioak).

8-12.- Nafar herritarrak eskubidea du eskura izateko eta eskuratzeko euskaraz, bertako lurraldeari dagozkion harremanetarako dokumentazio ofiziala, paperean, euskarri informatikoan edo beste edozeinetan.

8-13.- Nafarroako botere publikoek (Foru Administrazioa eta Toki Administrazioak) eskura izan behar dituzte, eta jendeari eskaini euskaraz idatziriko formularioak, inprimakiak eta ereduak, paperean, euskarri informatikoan edo beste edozeinetan.

8-14.- Justizia arloan egindako jarduera guztiak, hizkuntza ofizial batean zein bestean, legezkoak dira. Herritarrak zein hizkuntza ofizial erabiliko duen erabakitzeko eskubidea du, eta ezin zaio itzulpena egin dezala eskatu. Jakinarazpenak aukeratutako hizkuntzan bidaliko zaizkio, hizkuntza dela eta atzerapenik emanen ez delarik.

8-15.- Nafarroako herritarrak eskubidea du berari dagozkion legeak eta gainerako arau juridikoak euskaraz argitara daitezen.

8-16.- Agiri publikoak baliozkoak dira hizkuntza ofizial batean zein bestean. Egileak hautatu behar du agiri publikoaren hizkuntza. Egile bat baino gehiago daudenean alde guztiek aukeratutako hizkuntzaz idatziko da.

8-17.- Nafar herritarrek eskubidea dute ahoz eta idatziz euskara erabiltzeko justizia-auzitegien aurrean. Auzitegiek euskara erabili behar dute beren barne-jarduketetan, eta estatuaren antolaketa judiziala dela eta prozesuak hasierako lurraldetik kanpo jarraitu balu, hasierako hizkuntzari eutsi beharko litzaioke.

8. 18.- Edozein kasutan ere, nafar guztiek eskubidea dute euskaraz juzkatuak izateko eta ez da itzultzaileen zerbitzua erabiliko.

8-19.- Nafar herritarrak eskubidea du erregistro publikoetako idazpenak euskaraz egin daitezen.

8-20.- Herritarrak eskubidea du Nafarroan aritzen diren notarioek, edo fede publikoa duten funtzionariek baimendutako dokumentuak euskaraz idatziak izan daitezen.

8-21.- Euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren plangintzak gauzatuko dira. Administrazio Publikoek normalizazioaren bidean hartzen dituzten neurrien berri emateko beharrezkoak diren sustapen kanpainak eginen dituzte, herritarrari berak dituen eskubideak nola gauza ditzakeen jakinarazteko.

KULTURA ETA KIROLA

9-1.- Euskarak erabilpen normalizatua izango du kultur gertakarietan eta zerbitzuetan, hala nola, liburutegietan, bi- deoteketan, zineman, teatroan, museoan, artxiboetan, informatika ekoizpenean, folklorean, kulturaren industrian eta kultur bizitzatik eratorritako beste agerkari guztietan ere.

9-2.- Nafar Gobernuak euskarazko adierazpen guztiak erabili, sostengatu eta bultzatuko ditu.

9-3.- Nafar Gobernuak kirol munduan euskarak erabilpen normalizatua izango duela ziurtatzeko neurriak hartuko ditu. Kirol gertakarietan ohizkoan diren ahozko zein idatzizko azalpenak euskara ere erabiltzen dela ziurtatuko da.

9-4.- Zinemagintza, antzerkigintza eta bestelako ikuskizunak euskaraz eskeini eta sortzeko neurriak hartuko ditu Nafar Gobernuak. Hala nola, itzulpengintza landu ere nafar euskaldunok kultura unibertsala ezagutzeko aukera izan dezagun.

ALOR SOZIOEKONOMIKOA

10-1.- Euskarak balio juridiko osoa izango du era guztietako merkataritza jardunetan, hala nola, ondasun eta zerbitzuen salerosketetan, banku eragiketetan, aseguruetan, lan kontratuetan, lan hitzarmenetan eta gainerakoetan.

10-2.- Aipatutako eragiketak burutzeko behar diren agiriak hala nola, inprimakiak, txekeak, kontratuak, fakturak, ordainagiriak, emate agiriak, eskaerak eta gainerakoak euskaraz egongo direla ziurtatuko du Nafar Gobernuak.

10-3.- Euskara erabili ahalko da eskubide osoz edozein motatako erakunde sozioekonomikotan laboralak, sindikala, patronalak, lanbidekoak eta gremioak izanik ere.

10-4.- Euskarak behar duen presentzia izango du publizitatean, errotulazioan, kanpo seinaleztapenean eta lurraldearen irudi orokorrean.

10-5.- Euskara idatziz zein ahoz jasoko da Nafarroan finkatutako merkataritza establezimenduek eskeintzen dituzten produktu eta zerbitzuetan, adibidez, erabiltze jarraibideetan, etiketetan, osagai zerrendetan, publizitatean, bermeetan eta gainerakoetan.

10-6.- Pertsonen segurtasunari dagozkion argibide publiko guztiak euskaraz adieraziko dira gazteleraz egiten diren adierazpenak agertzen diren baldintza berberetan.

10-7.- Euskara erabili ahalko da enpresekin, merkataritza establezimenduekin eta erakunde pribatuekin ditugun harremanetan eta euskaraz atendituak izateko baldintzak sor daitezen neurriak hartuko ditu Nafar Gobernuak.

10-8.- Nafar euskaldunak, bezero, kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa jendeari zabaldutako establezimenduetan euskaraz informatua izateko eskubidea dauka hala ahoz nola idatziz ere.

10-9.- Euskara hizkuntza ofiziala den neurrian euskaldunak eskubidea dauka lanbideak euskaraz egiteko eta inor ez da inolaz ere kaleratua izango arrazoi horregatik.

AZKEN XEDAPENAK

ll-l.- Lege honetatik ondorioztatzen diren neurri guztiak plangintza orokor baten barruan kokatuko dira prozeso mailakatu baten bitartez helburuak ahalik eta lasterren bete daitezen.