Andres Urrutiarekin elkarrizketan

Imanol Esnaola
Aipamenak
Hor ikusten dira euskararen gabezia nabarmenenak eta hor, jagon, sustapen lana egin beharrekoa baita indartsuen. EAE ahaztu gabe, une honetan askoz problematikoagoa, erantzun askoz azkarragoa eskatuko luke Iparraldekoak eta Nafarroakoak.

Euskaltzaindiak une honetan ez dauka ahalmenik euskararen defentsa zuzenekoa egiteko, bai ostera zeharkakoa, nik esango nuke beste modu batekoa, lehen esan dudan bezala, hitzaren bidez, aiderazpenaren bidez, eta nolabaiteko iritzi moral horren bidez

Horregatik diot corpusa eta estatusaren arteko bereizketa ziurrenik bakoitzaren ardura erakunde desberdinen esku dagoelako egiten dela, ez berez bereiztuta daudelako. Gaur egun euskarak estatus desberdinak izateak Euskal Herrian corpusaren hedapena zailtzen du.

antolakuntza juridiko-politiko zehatzen gainetik, nik uste badagoela esparru mankomunekoa antolatu beharra.

Katalunian aurrerakada galanta egin da, argi dago. Bi gauza egon dira, gizartearen eskabidea eta baliabide juridikoak. Baliabide horiek gizartearen zerbitzura jarri dira.

Euskararen legea aldatu behar dela? Gaur egun alderdi politikoen artean ditugun harremanak ikusita zail samarra izango da, horri buruzko gogoeta egin beharrekoa da ordea.

Gaur ilun eta beltz ikusten duguna hemendik urte betera, ez nuke dizdiratsu esango, baina agian itxaropentsu ikus dezakegu. Nik horretan jokatuko nuke, eta noski, egunean eguneangoa indartu. Horretarako gogoetan ikusten dut nik Euskaltzaindia.

Euskaltzaindiak 1999ko irailaren 25ean Aramaion Jagon sailaren jardunaldiak egin zituen. Jardunaldi hauetan euskararen sustapena eta euskal hiztunon hizkuntza eskubideak izan ziren mintzagai. Juan San Martin, Erramun Baxok, Andres Iñigo eta Andres Urrutia bera izan ziren hizkuntza eskubideen gaiaren jorraketan.

Biziki interesgarriak dira bertan azaldutakoak eta irakurleak zuzen zuzenean ezagutu nahi izanez gero jo beza irakurleak Euskera aldizkariaren 1999ko 2. zenbakiaren separatara.

Hitzaldi guztien artean, ordea, Jagon sailak bere baitan Sustapen Batzordea sortzeko hartutako erabakia izan zen guretzat azpimarragarriena. Proposamenaren egilea Andres Urrutia euskaltzaina izan zen eta beregana jo dugu proposamenaren nondik norako nagusiak ezagutzeko.

Hemen jaso ez badugu ere, irakurlea aipagai dugun proposamena irakurtzera gonbidatu nahi dugu, zinez baita mamitsu eta argigarria.

Zein da Sustapen Batzordea sortzeko Euskaltzaindian egin duzuen gogoeta?

Gure gogoetaren zutabeak bitakoak izan dira. Lehena euskara bera aintzat hartzea, lege eta gizarte egoeraren gainetik. Izan ere, euskararen izatea bat eta bakarra ikusten dugu. Haren gauzatzea, ostera, bestelakotua eta anitza. Azal dezadan hobeto puntutxo hau. Hasiera hasieratik eta agerikoa denez, euskarak duen estatusa ez da berdina euskal lurralde guztietan. Horren ondorioz, jakina, sustapen lana ezin molde berekoa izan Euskal Herri osoan. Hala ere, behar beharrezkoa deritzogu desberdintasun horien lorratzetik abiatuta, halako batasun edo batuketa irizpide edo eginbehar hauetan. Hortaz, euskal lurralde bakoitzaren ezaugarriak oinarri hartu eta horien arabera jokatu euskararen esparru bakarra egundo ere ahaztu gabe.

Horra hor bigarren puntua, batera jokatu irizpide nagusietan, askotara gauzatu ekintzak kasuan kasuko nondik-norakoen arabera. Non bestela lan horri ekiteko Euskaltzaindian baino? Luze jardun genuen horren inguruan. Jakin bagenekien Euskaltzaindia ez dela diruz zein baliabidez horretarako bide bakarra. Nolanahi ere, halanahi-egonzale dema horretan gurea ere ekarri beharrean ikusten genuen gogoeta gune aparte eta bereizia sortzeko. Gune horretara bildu nahi genuen Euskal Herri osoa, bilgune aproposa eratuz, beharbada hausnarketa eta gogoeta gora-beheretan jarduteko. Hausnarketa soila, haatik, motz eta urri, gure munduko hizkera batentzat. Premia larriak ditu euskarak eta horretan ikusten dugu hizlari edo hizpide duela Euskaltzaindiak. Adibidez, oraintsu gauzatu den UEMAri buruzko epaia, hor ere badugu zer esan eta egunotan plazaratuko dugu gure iritzia euskararen jagote lana bermatzeko.

Gogora, azken batean, Euskaltzaindia lau aldundiek sortutako erakunde bat dela, Euskal Herri osoa hartzen duela, Iparraldea barne, eta horretan ere baduela bere ardura, ardura edo kezka bizia, nahiz eta baliabidez urri ibili. Ez dugu besterik ikusten, batera jokatu eta iritzia plazaratu, beti ere, euskararen defentsan, jagote lanean jokatzea.

Zein betebehar aitortu dizkiozue Sustapen Batzordeari?

Esandakoaren arabera bi eginkizun nagusi izan ditzake Sustapen Batzordeak. Lehena foroarena da, bertara biltzea Euskal Herri osoko euskaldunak, euskaldun xeheak, adituak... euskararen egoera aztertu eta aurrerapidean jartzeko euskara bera. Eta lerrakera horretan ditugu jardunaldiak, agerpenak, ikerketak eta abarrekoak. Bizkaiko esaera bat erabiliaz, bala-bala egiteko baino denboraz egitekoak dira. Horren lehen erakusgarri Aramaino burutu ditugun jardunaldiak izan dira. Hor egin zen gure “bataioa�» nolabait esatearren eta bide horretan abiaturik, halakoak egiten jarraitzen prest gaude, une honetan, Iparraldean eta Nafarroan batez ere.

Hor ikusten dira euskararen gabezia nabarmenenak eta hor, jagon, sustapen lana egin beharrekoa baita indartsuen. EAE ahaztu gabe, une honetan askoz problematikoagoa, erantzun askoz azkarragoa eskatuko luke Iparraldekoak eta Nafarroakoak. Tira, Nafarroan badira euskararen legea aldatzeko lanean ari diren mugimenduak, lege berriaren oinarriak plazaratu dira hain zuzen. Nire ustez, eztabaida hori oso gertutik jarraitu beharrean gaude Euskaltzaindian. Lege horrek, hain zuzen, soluzio berriak ekarri beharko lituzkeelako euskararentzat. Beldur nahiz, ostera, gaur egungo egoera politikoa ikusita, lege horiek ez ote diren mamitu gabe geldituko. Nire ustez, legegintzako eztabaida horretan gure burua murgildu behar dugu. Gure egoera zein den ikusi eta hortik abiatuz gure konponbide propioak bilatu behar ditugu.

Bigarrena, lehenago esan dut Euskaltzaindiak baduela osterantzeko zeregina, euskararen defentsa eta babesa. Euskaltzaindiak une honetan ez dauka ahalmenik euskararen defentsa zuzenekoa egiteko, bai ostera zeharkakoa, nik esango nuke beste modu batekoa, lehen esan dudan bezala, hitzaren bidez, aiderazpenaren bidez, eta nolabaiteko iritzi moral horren bidez, eta moral hitza erabiltzen dut, aholku esanahian. Gainera, hori da sortze-sortzetik daukan zeregina. 1918tik aurrera, eta sarreratik bertatik, euskararen babesa egotzi zitzaion Euskaltzaindiari eta hala jarri. Eta han sortu ziren bi sail, bat Jagon saila eta bestea Iker saila, bi-biak ikusten baitziren beharrezko.

Esango nuke, gainera, Broussain euskaltzainaren gutuneria aztertzen baldin bada, bi erakunde sortzeko puntuan egon zirela. Bata estatusaren babesa bideratzeko eta bestea corpusa osatzeko. Azkenean bi-biak sortu ziren eta batean sortu ziren. 1976an, Euskaltzaindia aintzakotzat hartzen duen dekretua atera zenean, hor beren-beregi aipatzen zaio euskaltzaindiari Euskaltzaindiak beti onartu izan duela zeregin hori, neurri horretan eta maila horretan. Askoz gehiago, jakina, EAEko Autonomia Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzan ematen dizkioten hizkuntza konpetentziak ikusita. Hala eta guztiz ere, nik esango nuke tituluak baditugula, baina alferrikakoak direla ekintzarik ez baldin badago. “Asmoetan eder eta ekintzetan lander�». Ez dut uste Euskaltzaindia epe laburrean zeregin horretan buru-belarri sartuta ikusiko dugunik.

Ikusten dut, ordea, lehen esan bezala, Euskaltzaindia iritzi edo doktrina moduko azalpenak ematen, euskara bera osotasunean hartuta Euskal Herri osorako, eta kasuan kasuko eta tokian tokiko zertzeladak kontuan hartuta. Horretan bai ikusten dugula gure zeregina. Sarri askotan ahaztu egiten baita hori, euskara eta Euskal Herria bat eta bakarra direla. Ez dugu alboratu behar euskararen ikuspegi hori. Tokian tokiko arazoei erantzuteaz gain badago batetik eta bestetik zer ikasi. Hegoalde eta Iparraldearen arteko bereizketan batez ere. Ez dugu ahaztu behar estatus kontutan bi estatu desberdin ditugula horretan. Legedia eta jurisprudentziaren inguruan badago zer ikusi eta zer ikasi. Hori koordinatzeko, koordinazio hitza handiegi ez bada, horri nolabaiteko forma emateko, azal hutsean gera ez dadin, nik hor Sustapen Batzordea ikusten dut.

Euskaltzaindia ez al zen corpus arazoez soilik arduratzen?

Bai, hori da. Eta hori da euskal gizartean zabaldurik dagoen leloa. Guk erraz egiten ditugu halako bitasunak, corpus eta estatus eta antzekoak. Ez dut uste, ordea, bata bestearengandik aldenduta daudenik. Nik uste txanpon beraren aurpegi desberdinak direla, estatusak baldintzatzen du corpusa eta corpusak erabat baldintzatzen du estatusa. Estatusak aurrera egiten badu corpusak horretara egokitu behar du, eta corpusak aurrera egiten badu horrek izugarri erraztuko du estatusaren aurrerakada. Hori bistakoa da.

Horregatik diot corpusa eta estatusaren arteko bereizketa ziurrenik bakoitzaren ardura erakunde desberdinen esku dagoelako egiten dela, ez berez bereiztuta daudelako. Gaur egun euskarak estatus desberdinak izateak Euskal Herrian corpusaren hedapena zailtzen du. Ostera, estatusaren nolabaiteko batuketa, “bat etortzea�»k (baldintza juridiko politikoen gainetik) corpusa errazten du. Euskaltzaindiak lantzen duen corpusarentzat estatusa behar-beharrezkoa da. Horregatik, estatusa diogunean, beti esanahirik zabalenean erabili izan dugu. Demagun, administrazioaren aldetik, Iparraldean dituzten premiak, bestelakoak dira Hegoaldekoekin alderatzen baldin baditugu. Hor dago lana. Tokian tokiko premia bereziak izango dira kanpotik datorkigun antolaketa juridiko-politikoak hala behartzen duelako, horrek ez du kentzen, ordea, hizkuntzaren ikuspegitik, corpusaren ikuspegitik, batu beharra, zubi lan hori egin beharra. Horretan ikusten dut nik Euskaltzaindia, zubi lan hori errazten, corpus eta estatus aldetik ditugun premiei erantzuten. Hemengo eta hango esperientziak trukatu eta bateratu. Zer esanik ez Europatik datorkigun materialarekin.

Une honetan Europatik datorren hainbat testuk hegoaldean bertsio bat dute eta iparraldean bestea. Batzuk gazteleratik itzuliak direlako eta besteak, originalak ez direnean, frantsesetik. Zergatik ez Euskaltzaindia bezalako erakunde batek hangoak eta hemengoak bildu, aztertu eta bateratu? Hori da Aramaion egin nahi izan duguna.

Lan hori mesedegarri izango delakoan gaude, eta Euskaltzaindiaren aldetik erakusgarri. Gizartean bide horretatik abiatu dira jada batzuk, eta hortik jo beharra dago unean-uneko politikaria eta politikeriaren gainetik. Jakina, hau idatzi zenean beste egoera politiko baten aurrean geunden. Gaur egun, seguru asko, hau idazteko modurik egongo litzateke (Sustapen Batzordea sortzeko proposamena), baina baldintzak orduan gaur egun baino askoz hobeak ziren. Horrek, ordea, ez du esan nahi urte bete edo bitan baldintzak hobetuko ez direnik. Hobetuko dira, noski, bide horretatik goazelako.

“Euskal Herriaren bidegintzan, euskarak eta Euskaltzaindiak badute zeresanik. Muga guztien gainetik, ardurapekoa du erakunde honek mugaz haraindiko eta honaindiko ordezkariek euskararen inguruko politika komunika zehaztu ditzaten�» diozu txostenean. Lan hori burutzeko, berriz, bi erakunde aipatzen dituzu eredutarako: Taalunie edo Neerlanderaren Batasuna eta Ipar Europako Herrialdeen Kontseilua. Hitz gutxitan, zein da era honetako erakundeetatik gurerako hartu beharreko ikasgaia? Bideragarria dela al deritzozu?

Europara eredu bila joatea guk ditugun baldintzetatik eratortzen da eta baldintza horiek errealitate juridiko-politiko desberdinetara garamatzate. Kontuan izan behar dugu estatu desberdinak daudela jokoan (Frantzia, Espainia), beste alde batetik estatuen arteko administrazio maila desberdinak (Madril-Paris gobernuak, Akitania Eskualdea, EAE, Nafarroa eta Foru Aldundiak). Horren ondorioz euskarak onarpen maila desberdinak ditu, gaztelerarekin batera ofiziala, EAEn, Nafarroan lurraldearen arabera, ofizialtasunik eza Iparraldean... Alegia, oso egoera desberdinetatik abiatu beharra dugula. Eta, bien bitartean euskara bera aurrera eraman behar, eta, noski, hala nolako estekadurak eta loturak asmatu behar horri ekiteko.

Nik esango nuke gaur egungo egoera ez dela, edo ez dirudiela, aproposena denik halako proposamenak egiteko. Esaterako, Nafarroako Gobernuak euskara bera auzitan jarri du mass medien bidez. Hori dela eta, garaian garaikoa eta egoera juridiko eta politiko askoren gainetik, batasunaren hitza beste behin ere aipatu behar dut. Eta antolakuntza juridiko-politiko zehatzen gainetik, nik uste badagoela esparru mankomunekoa antolatu beharra. Nola? Seguru asko hau izan daiteke gauzarik labankorrena, baina hizkuntzari buruzko ideologien gainetik izan beharko du. Hau erraz esaten da eta zaila da egiten.

Gizarte osoarentzat behar dugu euskara. Euskararen inguruan ibili garenok hizkuntza nazioari loturik ikusi izan dugu, badugu nazio zentzu bat, badira, ordea, gure gizartean nazio zentzu hori ez dutenak, eta populazioaren zati handi bat dira. Nola bihurtu horiek euskararen esparru horretara? Seguru asko, oraingo unea ez da onena, tenkada bizian bizi gara, euskara bera momentuko horretan sartuta dago. Gizarte osoa euskararenganatzerik baldin badago, horrelako erakundeen bidez izan daiteke, mankomuneko erakundeetan. Horrek ez du gobernuak ordezkatzea ekartzen, nik prestigiodun erakunde batzuren artean hori mamitzea proposatuko nuke. Neurri sozialean mamitzea maila juridiko-politikoan baino.

Taalunie eta Iparraldeko Herrien Kontseilua horretarako tresnak dira. Antolaketa juridiko-politikoen gainetik kasu horietan badago hizkuntzaren zentzuna eta batean egiten dena bestera hedatzen da. Horren bitartez, gaur gaurkoz ikusten ditugunak konpontzeko bidea izango genuke, administrazio bakoitza bere bidetik dabil arazoei erantzuterakoan, eta arazo sinestezinak sortzen dira. Hori Euskal Herri osorako bideratu ahal izango genuke.

Gaur egun horretatik aparte gabiltza, baina badira arrasto batzuk, etorri badatoz. Guk bide horretatik jo nahi dugu. Euskaltzaindia ziurrenik ez da Taalunieren pareko izango, baina horren hazia erein dezake. Badakit arazoak egon badaudela eta gaur, maiatzaren 15ean, arazo horiek ezinezkoa egingo lukete proposamen hau, baina horrek ez du esan nahi guk horri buruz gogoetatu behar ez dugunik eta gauzak plazaratu behar ez ditugunik. Horra hor Kataluniako adibidea, legea hor dago, horren aurretik, ordea, zenbait urtetako gogoeta egin behar izan zuten, gogoeta hori da falta duguna. Euskal Herrian oraindik badago horri buruz zer esan eta zer gogoetatu.

Cervantes Institutua eta antzekoak aipatuz euskararentzat Axular Institutuaren sortzea iradokitzen duzu. Katalunian antzeko proposamenak egin berri dituzte. Sustapen batzordeak bide horretan lan egiteko asmorik ba al du?

Une honetan ezin dugu ezer askorik esan ideia besterik ez baitugu. Ez da proposamen berria, hau plazaratzean argi utzi nahi genuen euskararen eta Euskal Herriaren batasunean oinarritu behar duela egiten denak. Perspektiba hartzeko lagungarria izan daiteke.

EAEn euskarak duen lege babesaren aurrean Kataluniakoa jartzen duzu. Zein da, zure ustez, adibide horri jarraituz, EAEn euskararen ofizialtasuna sakontzeko egin beharrekoa?

Katalunian aurrerakada galanta egin da, argi dago. Bi gauza egon dira, gizartearen eskabidea eta baliabide juridikoak. Baliabide horiek gizartearen zerbitzura jarri dira. Hemen, berriz, euskararen legeak, eta ez nuke hemen kritikatu nahi, lege honek hasierako baldintzak izan zituen, une hartan egingarri zena egin zen, seguru asko batzuentzako, ni barne, urri eta motz ibili zen, baina beste batzuentzako larregizkoa izan zen.

Demagun, euskararen lege berri bat egiteko euskarak ofizialkidetasun osoa duen lurralde eremuan, EAEn, bi elementu horiek era desberdinetara jokatzen dute. Gizartean hainbat iritzi eta ideia sarturik daude, legeak eskaintzen dituen baliabide teknikoen aldetik, berriz, nik esango nuke lehenean sakondu beharra dagoela bigarrena ongi egiteko. Hau da, gizartearena euskaraganatzen baldin bada, legearena askoz errazago etorriko litzateke.

Gure artean badago pentsamolde akademikoa: legea aldatuz aldatuko dira gauzak. Nik ez dut horretan sinesten, ez dut uste Kataluniako adibideak hona ekar daitezkeenik besterik gabe. Gogoeta hori bertan egin behar da, Euskal Herrian, eta gogoeta horren irtenbideak gureak izan behar dira, eta teknika gizartearen zerbitzura jarrita. Jurista batek esatea arraro soma badaiteke ere, niretzat euskararen egoera oso berezia da esangura horretan, hau da, ez dut esango martiztarrak garenik, baina bai ostera gure egoera hori oinarri hartu, gure egoera hori erdian jarri eta horri irtenbidea eman, eta horretan akademikotasunak lagun dezake, baina baita gizarteak ere.

Hiru-lau puntu aipatu nahi nituzke: Lehena: Oso ongi letorkiguke euskara “berezko hizkuntza�» moduan aipatzea, eta hortik eratorri diren ondorioak bideratzea, Kataluniako ereduaren (Ikus honetan Antoni Mirambellen artikulua) argitan. Euskararen legean “berezkotasuna�» aipatzen bada ere, ez dira ondorioak ateratzen. Bigarrena: Ofizialkidetasunik beteena euskararentzat. Hori erraza da eskatzen eta zaila egiten.

Une honetan behar beharrezkoa dugu alor batzuetan batera jokatzea, justiziarenean, esaterako. Honakoa nire iritzia da, ez Euskaltzaindiarena,. Alor honetan inoiz ez dugu aztertu era koordinatuan jokatzea. Kanadan, esaterako, aspaldi dute formulaturik hizkuntza ofizialak justizia administrazioan erabiltzeko egitasmoa. Egitasmo horrek estatusa eta corpusa hartzen ditu. Gobernua, justizia saila eta administrazioa, zuzenbide fakultatea, abokatuen elkarte eta sindikatuak... daude ekimen horretan. Batetik frantsesa bera erabileraren esparruan aurreratzeko eta bestetik, corpusarenean, testu eta formularioak bateratzeko. Moncton unibertsitatean, esaterako aspaldi ari dira jurilinguistikan, frantsesarentzat lege-gune propio bat sortzeko lanetan.

Hemen ez gara gauza izan gure burua honelako lanetan sartzeko, eta hori egingarria da. Beste horrenbeste fede publikoan. Estatu mailan sekulako erreforma gertatuko da eta fede-emaile guztiok batera jokatuko dugu estatu mailan. Euskal Herriko euskararen legean ez dago horri buruzko xedapenik, eta ziurrenik Madriletik etorri beharko da legea. Euskara orain arte bezala alboraturik gera ez dadin presioa egin beharko dugu Euskal Herritik. Euskararen legea aldatu behar dela? Gaur egun alderdi politikoen artean ditugun harremanak ikusita zail samarra izango da, horri buruzko gogoeta egin beharrekoa da ordea.

Gauza guztien gainetik, oroz lehen, erabilera bermatu behar dugu. Bada legetik kanpo erabilera bermatzeko moduko ekimen ugari, egunerokoak direnak, sustapen lanekoak, eta horretan jardun behar dugu. Diagnostikoak egitea ongi dago, baina diagnostikoak ez badu eria sendatzeko balio alferrikakoa da. Erabilera esparruak ziurtatu behar dira eta horretarako aukerak badaude. Euskaraz eskolatutakoei euskaraz lan egiteko aukerak eta materialak eman behar zaizkie, makroplangintzaz gain mikroplangintza.

“Ofizialtasuna bultzatu eta ofizialtasuna sakondu�», Taalunie moduko erakunde bat sortu, Kontseiluaren plan estrategikoa, Jaurlaritzaren Biziberritze plana, Ipar Euskal Herrian euskararen ofizialtasuna eta bitartekoak eskuratzeko etengabeko lana, Nafarroako euskararen legea aldatzeko herri ekimen legegilea, UPN, PP, PSE eta PSNren jarrerak... euskararen sustapena aro berri batean sartzear ote dago?

Unean uneko behaztopa eta duda-mudak gaindituta nik uste dut aro berri baten aurrean gaudela. Badugu zenbait zantzu: ofizialtasun nahia, gero eta indartsuago; batasunarena, baturik jokatu beharra euskalgintzan dabiltzanen aldetik; euskara bera orotara zabaldurik dagoela, ez dela beldur. Sustapen lanak, ordea, ez du izan behar “nolanahiko�» euskara bultzatzeko ez bada “noranahikoa�». Kalitatearen kontua oso garrantzitsua da. Batasunak nahitaez dakar kalitatea dagokion mailan jartzea.

Beraz, batera jokatzetik abiatuta kalitatea bermatu eta biotan aurreratu, estatusa eta corpusa. Hori, noski, perspektiba pixka bat izanda egin behar da, garaian garaiko gora-beherak izaten dira, eta horiek buelta asko ematen dute. Gaur ilun eta beltz ikusten duguna hemendik urte betera, ez nuke dizdiratsu esango, baina agian itxaropentsu ikus dezakegu. Nik horretan jokatuko nuke, eta noski, egunean eguneangoa indartu. Horretarako gogoetan ikusten dut nik Euskaltzaindia.