Donostiako bilakaera demolinguistikoa datozen 2000-2021 urteotan
Ez da bat ere erraza gertakari sozialei buruzko pronostikorik egitea. Biztanleriaren bilakaera demografikoan egin ohi dira baina beti izaten da errore maila bat edo beste. Demolinguistikan, berriz, ez da ohikoa proiekziorik egitea.
Aurki hogei urte beteko dira (2001) Donostian eta Autonomi Erkidegoan euskaldunen aurreneko zentsua egin zela, harez geroztik bost urtean behin udal erroldaren bitartez zenbatu izan dira euskaldunak. Bestetik, Euskal Kulturaren Batzarreak EKB zenak, 1989. urtetik aurrera, lau urtean behin, neurtu izan du euskararen kaleko erabilera. Bildutako datuen boladak edo segidak azterturik izandako joerak antzeman ditzakegu eta gerora begira funtzio bat proposatu. Beharbada ausartegia da funtzio matematiko sinple baten bitartez hazkuntza geometrikoa, geroari buruzko pronostikoak egitea. Gizartea, onerako eta txarrerako, matematikak aurresan daitekeena baino aldakorragoa baita.
Dena den, ausart jokatu dugu. Ideia batetik abiatzen gara: euskara berreskuratzen ari da eta, datozen urteotan, berreskuratuko da aurreko urteotako abiadan. Ez dugu azalduko erabili ditugun formulak eta prozedurak. Bakarrik aipatu Antiguako Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi irakasleak landutako eredu matematikoa erabili dugula. Datuak xume eta labur agertuko ditugu irakurleak eta, batez ere, geroak esango du zuzen ibili ote garen gure aurreikuspenetan.
Donostia, demolinguistikari dagokionez, kontraesanez beteriko hiria da. Bere baitara biltzen dira herri nahiko euskaldun Igeldo edo herria izandako auzategi nahiko erdaldun Alza. Hiri txikia baino nahiko heterogeneoa. Hori eta lehen aipaturiko arrazoiak nahiko izaten dira datuak tentuz irakurtzeko. Nolanahi ere, Donostiak Euskal Herriko beste udalerri askok bezala buelta eman dio euskararen galera prozesuari. Gizaldien arteko erkaketa eginez berehala kontura gaitezke euskarak belaunaldiz belaunaldi jasan izan duen atzerakada. Hori da, hain zuzen ere, ondorengo irudian azalerazi nahi izan duguna.
1. irudia: Donostiako auzategi herri? eta gizaldi esanguratsuenak. Euskara haurren eta aiton-amonena da. Gizaldirik erdaldunena helduak dira 45-49 urtekoak.
Irudian oso nabarmen islatzen dira Donostiako kontraesanak bai auzategien artean zein gizaldien artean. Jarraian Donostia osorako eta auzategiz auzategi, datozen urteotako proiekzioak aurkezten dizkizuegu.
Euskararen ezagutzari dagokionez, datuen iturburua EUSTAT eta II. Soziolinguistikazko Mapa erabili dugu. Hasierako datuak, 1986., 1991. eta 1996. urtekoak aipatu argitalpenean agertzen diren horietatik abiaturik egin izan ditugu ondorengo urteotako estimazioak. Taulan agertzen diren zenbakiak ehunekoak dira (%) eta euskaldunen proportzioei dagozkie, alegia euskaraz hitz egiten dakitenei. Auzategien izenak, EUSTATek agertzen dituen moduan jaso ditugu.
I. taula: Euskararen ezagutza Donostian.
| URTEAK: | 1986 | 1991 | 1996 | 2001 | 2006 | 2011 | 2016 | 2021 |
| Donostia | 26 | 27,3 | 32,6 | 35,55 | 41,34 | 46,54 | 52,18 | 58,04 |
| Aiete | 31,3 | 32,8 | 37,4 | 33,49 | 44,69 | 48,85 | 53,4 | 58,37 |
| Alde Zaharra | 42,5 | 41,8 | 43,9 | 47,35 | 45,35 | 46,09 | 46,84 | 47,61 |
| Alza | 13,1 | 15,7 | 22,3 | 22,81 | 37,96 | 49,53 | 64,62 | 84,31 |
| Amara Berri | 25 | 27,6 | 33,1 | 32,08 | 43,82 | 50,43 | 58,02 | 66,76 |
| Amara Zaharra | 23 | 24,4 | 30,6 | 29,98 | 40,71 | 46,96 | 54,16 | 62,47 |
| Antiguo | 34,3 | 35,1 | 39,7 | 41,07 | 45,95 | 49,44 | 53,18 | 57,22 |
| Añorga | 57,2 | 53,7 | 49,5 | 41,27 | 42,84 | 39,85 | 37,07 | 34,48 |
| Bidebieta | 14,5 | 18,7 | 22,6 | 24,17 | 35,22 | 43,98 | 54,9 | 68,54 |
| Egia | 20,6 | 21,9 | 29,5 | 31,91 | 42,25 | 50,55 | 60,5 | 72,4 |
| Erdialdea | 31,1 | 31 | 34,3 | 35,98 | 37,83 | 39,73 | 41,72 | 43,82 |
| Gros | 26,8 | 27,5 | 32,5 | 33,44 | 39,41 | 43,4 | 47,79 | 52,63 |
| Herrera | 33,1 | 32,9 | 35,9 | 37,51 | 38,94 | 40,55 | 42,23 | 43,98 |
| Ibaeta | 39,6 | 41,1 | 41,1 | 26,29 | 42,66 | 43,46 | 44,27 | 45,1 |
| Igeldo | 63,9 | 60 | 60,8 | 60,58 | 57,85 | 56,43 | 55,04 | 53,69 |
| Intxaurrondo | 20,3 | 21,9 | 28,6 | 24,1 | 40,29 | 47,83 | 56,77 | 67,38 |
| Loyola | 25,6 | 28,1 | 31,6 | 30,43 | 39,01 | 43,34 | 48,15 | 53,49 |
| Martutene | 32,4 | 31,3 | 36,7 | 37,84 | 41,57 | 44,24 | 47,09 | 50,12 |
| Miraconcha | 36,9 | 37,8 | 41,1 | 34,48 | 45,78 | 48,31 | 50,99 | 53,81 |
| Ulia | 29,5 | 29,4 | 34,7 | 34,18 | 40,82 | 44,27 | 48,01 | 52,07 |
Proiekzioak egiterakoan kontutan hartu izan ditugu biztanleriaren hazkuntza auzategi bakoitzean. Gure pronostikoetan zuzen bageunde datozen hamabost urteetan euskaldunen kopurua bikoiztuko da Donostian. Hala ere, hazkuntza horrek ozta-ozta ekarriko zukeen biztanleriaren erdira iristea. Donostiako euskaldunok hamabost urte itxaron beharko genuke biztanleen % 50a baino gehiago izateko. Jakina, beti ere suposatuz euskarak aurrera egiten duela. Hau da, normalkuntza plana indarrean jartzen dela.
Donostiako auzategien artean, joandako urteotan, bederatzik erakutsi du biztanleriaren hazkuntza negatiborako joera Alde Zaharra, Alza, Antigua, Bidebieta, Egia, Erdialde, Gros, Herrera eta Martutene. Biztanleen galera hori, printzipioz, ez dirudi kaltegarria denik euskararen berreskurapenerako. Izan ere, azkeneko urteotan euskaldunak galdu dituzten euskal hiztunak hiru besterik ez baitira Alde Zaharra, Herrera eta Igeldo. Aipa dezagun Igeldo erdalduntze prozesua pairatzen ari dela.
Arestian esan dugunez, tentu handiz irakurri behar dira datuak. Alzakoak eta Igeldokoak, kasurako, harrigarriak dira, sinesgaitzak esango genuke. Hala ere, joerak tankera horretakoak direla uste dugu. Inguruko auzategietan euskararen berreskurapena biziagoa da, eta izango da, erdiguneko auzategietan baino. Kezkagarriak dira, berriz diogu, Igeldo eta Añorgako kasuak. Irakurleak, oro har, fidagarriago har dezake Donostia osorako egindako pronostikoa auzategi jakin baterako egindakoa baino. Multzo handietan funtzio matematikoak hobeto antzematen du joera nagusia multzo txikietan baino.
Zuzenketa zorrotzagoak egin bazitezkeen ere, nahiago izan dugu bere horretan uztea irakurleari pronostikoen kontraesanak eta arriskuak begien bistan uztearren.
Aurkezten dugun bigarren eta azken taula euskaren kaleko erabilerari dagokio, erabilera publikoari esan genezake. Erabilera isotropikoa esaten diogu euskaldunek daukaten euskara erabiltzeko probabilitateari. Erabilera maila minimo gisa uler daiteke. Maila horretatik gorakoa denean euskaldunek gizarteak eskaintzen dien aukera baino gehiago ematen dutela ulertu beharra dago. Hau da, erabilera isotropikoaren maila gainditzen denean euskaldunek sozialki euskara erabiltzeko ahaleginetan dabiltzalako da.
II. taula: Euskararen erabilera isotropikoa�» Donostian.
| URTEAK: | 2001 | 2006 | 2011 | 2016 | 2021 |
| Donostia | 8,48 | 11,88 | 15,55 | 20,24 | 25,95 |
| Aiete | 7,44 | 14,17 | 17,37 | 21,35 | 26,3 |
| Alde Zaharra | 16,17 | 14,65 | 15,2 | 15,78 | 16,37 |
| Alza | 3,24 | 9,82 | 17,93 | 33,52 | 64,5 |
| Amara Berri | 6,77 | 13,56 | 18,69 | 25,94 | 36,26 |
| Amara Zaharra | 5,84 | 11,48 | 15,87 | 22,07 | 30,91 |
| Antiguo | 11,71 | 15,1 | 17,85 | 21,15 | 25,1 |
| Añorga | 11,84 | 12,88 | 10,94 | 9,31 | 7,93 |
| Bidebieta | 3,67 | 8,31 | 13,66 | 22,78 | 38,64 |
| Egia | 6,69 | 12,48 | 18,8 | 28,63 | 44,15 |
| Erdialdea | 8,71 | 9,74 | 10,87 | 12,13 | 13,55 |
| Gros | 7,41 | 10,67 | 13,26 | 16,52 | 20,64 |
| Herrera | 9,56 | 10,39 | 11,38 | 12,47 | 13,67 |
| Ibaeta | 4,39 | 12,75 | 13,3 | 13,87 | 14,47 |
| Igeldo | 28,72 | 25,76 | 24,29 | 22,92 | 21,62 |
| Intxaurrondo | 3,65 | 11,22 | 16,55 | 24,64 | 37,07 |
| Loyola | 6,03 | 10,43 | 13,22 | 16,8 | 21,44 |
| Martutene | 9,75 | 12,03 | 13,85 | 15,97 | 18,43 |
| Miraconcha | 7,93 | 14,97 | 16,94 | 19,18 | 21,74 |
| Ulia | 7,78 | 11,55 | 13,87 | 16,69 | 20,13 |
Datuak aurkezturik, esan dezagun berriro, gure asmoa ez dela izan zorroztasunez etorkizuna asmatzea�», ez eta gutxiago ere. Seguru gaude datuetan agertzen diren joerak izango ditugula datozen urteetan. Hala ere, gauzak alda daiteke. Are gehiago, zenbait kasutan, Añorgan eta Igeldon adibidez, aldatu beharra dago. Hori berori da, hain zuzen, pronostiko ororen aurreneko dohaina eta akatsa aldi berean: gerta daitekeena esatea eta gerta daitekeen hori gertaezin izatea ahalbidetzea. Pronostikoa, oro har, baikorra bada ere, zinez poztuko ginateke zenbait kasutan beteko ez balitz. Kasik horretarako egin dugula esan genezake, kasu ezkorrak gerta ez daitezen eta baikorrak hobeak izan daitezela. Hala biz.



