Mayiren ispilua: emakumeak eta komunikazioa
Komunikazioa hain da ekintza arrunta eta usu egindakoa ezen guztiok jakindakotzat ematen dogula baitirudi. Baina horrek ez du esan nahi gizatalde osoak geure bizitzan zehar erakutsitako jarrera hau lan konplexu baten ondorio ez denik, eta bat nator Sebastia Serrano hizkuntzalariarekin izadiak eboluzio bidean zehar egin duen inbertsiorik handiena komunikazioan izan dela baieztatzeaz, bizitzaren jarraipenaren giltza izaki bizidun biren arteko loturan baitatza. Bizitzaren iraupenak loturarekin, komunikazioarekin zerikusia du. Gizakion artean komunikaziorako trebetasunak hobetzeko gai gara eta horretan saiatzen gara.
Gizaki gehienok, komunikazioaz ari garenean, mintzamenaz gauzatutako komunikazioa hartzen dogu kontutan. Gure bizitzaren hasierako hilabeteak komunikaziorako tresna garrantzitsu, baina ez bakar, hori geureganatzen ematen ditugu. Eta gero eskolan "Hizkuntza" ikasgai legez azalduko zaigu geure ahozko eta idatzizko trebetasunak hobe ditzagun.
Baina komunikazioa den fenomeno hain konplexu hori egokiro osatzeko ditugun trebetasunak mugatuak izaten dira, batez ere harreman estuez ari garanean, estuez gain nahiko zurrunak baitira harremanok eta horregatik gaizki ulertuetan itotzeko errazagoak. Guztiarekin ere, ez zalantzarik izan komunikazio sekretuetan dagoela josirik zorionaren urrezko giltza.
Artikulu honen tituluan aipatzen den emakumezkoaren eta komunikazioaren arteko lotura bereziari ekin baino lehenago hizkuntzaren sorrerari buruzko argibide batzuk eman nahi nituzke.
Inork ez daki hizkuntzaren sorrerari buruzko datu zehatzik. Hizkuntzen aurrehistoriak, hau da, gaur egun ezagutzen ditugun arau gramatiko eta fonetikoak konparatuz eta ikertuz osatuko genukeen protohizkuntzen egituraketa teoriko batek, K. a. 40.000. urtera eramango gintuzke gutxi gora behera. Baina biologo eta genetistek egindako ikerketez baliatuz ziur dakigu duela milioi bat urte geure burmuinak kilo bateko pisua zuela jadanik eta gaur egungo gizakume baten burmuinak dituen neurona kopuru berdintsua. Hala ere, geure gorputza ez zegoen oraindik prestaturik gaur egun ezagutzen ditugun erako soinuak osatzeko. Edozein modutara, badirudi duela milioi bat eta 500.000 urte bitarteko garaian garatu zela nolabaiteko hizkuntza, eta nahiko konplexua gainera, gizakumeen burmuina prestaturik baitzegoen jada horretarako. Informazioa batu, gorde eta berriro gogoratzeko tresna, hau da, oroimena etorri zen geroago eta honekin batera lehenengoko egitura linguistikoak zerrendaketak eta istorioak osatzeko duela 50.000 urte. Idazkera, hori ziur dakigu K. a.tiko 5.000. urtekoa da eta, denok dakigun moduan, geroztik aurrerapenak azkarrago garatu dira: inprenta, ordenagailua, digitalizazioa...
Argi ikusten da hizkuntza behin eta berriro azalduko zaigula artikulu honetan bera baita komunikaziorako erabiltzen den tresnarik arruntena. Zeresanik ez komunikatzeko beharrezko zaigula egokia izango zaigun tresnaren bat, hau da, hizkuntza sistemaren bat, eta hizkuntza sistema horrek iraungo badu eta hobetuko bada transmisioa ezinbestekoa dela hori barik sistemaren heriotza bapatekoa baita.
Gizakiak eta gizakiaren aurretiko izakiek ere bai, argi izan dute komunikazioaren garrantzia bizitzaren hastapenetako egunetatik, bizirik iraun nahi bazuten ezinbestekoa zutelako elkarren arteko laguntza eta elkartasuna, eta elkartasun horretarako beharrezkoa baitzuten nolabaiteko komunikazioa. Komunikazioa eta elkartasuna beti izan dira elkarri loturik ezin baita bigarrena lehenengorik gabe lortu. Eta hau are garrantzitsuagoa izan da gizakion kasuan, izan ere, gizakia elkartasunean, taldean, gizartean bizi den izakia baita eta gizataldean ezinbestekoa baitzen, eta baita, komunikazioa.
Eta, oraindik orain ere, gizakiarentzat hizkuntzak duen garrantziaz zalantzarik bagenu, beronen inguruan kultura eta gizatalde desberdinek sortu dituzten mito, istorio eta ipuinak begiratu besterik ez dugu hortaz jabetzeko; hala nola: Babel, kultura grekoen mitoak... eta askoz ere hurbilago geure Euskal Herrikoak.
Beste alde batetik hizkuntza gizakumearen sorrerarekin lotu nahi izan da zenbait kulturatan, batez ere judu-kristauen kulturetan. Eta, gehiago oraindik, hauetan oso argi eta zehatz azpimarratzen da hitzak duen sorrera ahalmena, hau da, nahikoa dela gauza bat izendatzea sortua izateko; Genesiak kontatzen duen munduaren sorreran adibidez, nahikoa da Jaungoikoak astroak eta izadiko zenbait fenomeno izendatzea sortuak izateko. Geroago, gizona sortu ostean, izena ematea da egiten duen lehen gauza, ondoren hitzaren ahalmena ematen dio astirik galdu gabe, eta honekin batera munduan bizi diren izaki guztiak izendatzeko boterea. Beste era batera esanda, izakiak sortzeko ahalmena, izenak izana baitu euskaldunok dinogun bezala. Eta hara hemen euskal esaera guztiz egokia Genesiak ipuin bidez azaldu nahi ziguna laburbiltzeko.
Baina, honetan ere, beste askotan bezala ahalmen berri batek bere kontrakoa dakar, edo, beste modu batetara esanda, ahalmen eta sentipen kontutan batez ere, ezinbestekoa da aurkakotasuna, eta gehienetan horrelako bat definitu edo azaltzerakoan errazago egiten zaigu kontrakoaren aurkakotasunez baliatzea azalpen zuzenez egitea baino. Hau da, errazagoa zaigu zer ez den esatea zer den argitu baino lehenago. Argi eta ilun munduan bizi gara, ying eta yang.
Hau komunikazio ekintzara ekarriz gero, komunikaziorik eza edo komunikazio eragozpena azalduko litzaiguke. Arazo hau ere kulturak eta historiak erakusten digunez, maiz gertatu izan da gure artean eta honetarako ere izan ditu gizakumeak azalpen gisa sortutako zenbait mito; hala nola, Babeleko istorioa edo euskaldunon artean goroldioak hizkuntza galdu zuenekoa. Bi-biok azaltzen dizkigute bai hizkuntzen aniztasuna eta zatikaketa eta baita, horrekin loturik, komunikazio zailtasunaren arazoak ere.
Argi dago, bada, taldean garrantzi berezia duela bizi den gizakiarentzat komunikazio sistema egokia eratzeak eta ahal dela sistema hori aberasteak gizataldea handitu eta hobetu den neurrian. Baina, eta etengabe ura eragiten ari den errotaren irudia ekarriko digu burura honek, Peter Burkek bere "Hablar y callar" lanean dioen bezala "mintzatzea egiteko era bat da, hizkuntza indar aktiboa da gizarte barruan, gizakiek eta gizataldeek besteak kontrolatzeko edo hauen kontrolari aurre egiteko duten bide bat, gizartea aldatzeko edo aldaketa eteteko modu bat, kultura izaera indartu edo desagertarazteko tresna bat". Eta tesi horretan aurrera eginez hizkuntzaren historia soziala ezin daiteke banatu historia sozialaren beste era batzutatik, ezin daiteke banatu botere arazoetatik.
Baina, gatozen berriro hari nagusira. Maila orokorrago batean bai hizkuntzalariek, bai soziologo eta historiagileek baieztatzen dute hizkuntzak berebiziko zeregina duela errealitatearen egituraketa sozialean, hizkuntzak sortu eta eraikitzen duela gizartea gizarteak hizkuntza sortzen duen bezala. Gizarteak, bada, hizkuntza sortu du baina era berean hizkuntza; bere garapenean, gizartea aldatuz joan da eta aldaketa hau aurrera eramateko gai den neurrian botere tresna izan daiteke eta botere hori hizkuntzaren ezagupen eta kontrol sakona duenari eman liezaioke. Ageri-agerikoa da gure inguruan gizaki batzuk beste batzuk baino hizkuntzaren kontrol haundiagoa erakusten dutela eta, beraz, beste gizaki batzuk hizkuntzaren bidez kontrolatzeko ahalmen handiagoa.
Soziolinguistak hizkuntzei eta hauek erabiltzen diren gizarte edo gizataldeen arteko harremanei buruzko lau puntu edo ondorio garrantzitsutara heldu direla esan behar genuke. Ondorio erraz eta xaloak ematen dute aipatutakoan baina baieztatu behar da ez direla horregatik garrantzigabeak. Honako hauek lirateke puntuok:
- Gizatalde desberdinek hizkuntzaren aldaki desberdinak erabiltzen dituzte.
- Edozein gizakik hizkuntzaren aldaki desberdinak erabiltzen ditu egoera desberdinetan.
- Hizkuntzak erabiltzen den gizartearen edo kulturaren islada ematen du.
- Hizkuntzak bera erabiltzen den gizartea moldatzen du.
Gaurkoan, gaiak horrela eskatzen baitigu, lehenengokoari ekingo diogu soilik eta honen adibide batekin hasteko edozein hizkuntzatan hitzegiten den lurralde edo eskualdeen arabera sortzen diren hizkelkiak ditugu nabari. Baina badaude lanean, erlijioan edo sexuan oinarritutako aldaketak. Azken honi lotuko gatzaizkio oraingo honetan artikulu honen gaia emakumeek egiten duten hizkuntzaren erabilpena denez gero.
Gaur egun hizkuntzalari eta komunikologo gehienek baieztatzen dute emakumeen hizkuntza gizonezkoenaz erkatuz desberdina zela eta badela zenbait aldetan. Burkek esaten duen bezala "zenbait gizartetan desberdintasun hauetan nabari ageri da eufemismoak eta emozio karga haundia duten adjetiboak erabiltzeko joera, zalantza ageri duen erretorika baten erabilpena, alusioa eta gramatikaren arau zuzenak erabiltzeko ahalegina. Emakumeei gizonezkoengandik desberdina den hizkera erabiltzeaz gain, kultura eta gizarte askotan desberdin hitzegiten erakutsi izan zaie eta bere menpekotasuna adierazten inpotentzia erakusten duen aldaki linguistiko ezbaikoan; entonazioak, hiztegiak eta sintaxiak aukeratzen dute. Bere ustetan gizonezkoek entzun nahi dutenaz eraginda daude. Eta horrela literatur lan askotan irakur daiteke emakumearen laudorio legez "isila" dela edo "ahots gozoaren jabea". Shakespeareren pertsonaietako batek "Lear erregea"n dioen bezala, "bere ahotsa beti goxo, xuxurlari eta laztankoia zen, emakumearengan benetan tasun bikainak".
Entzuna dugu estatistika askok adierazten duten bezala, "gizonezkoek ahots goragoz eta emakumezkoek baino sarriagotan hitz egiten dutela, maizago eteten dutela beste edonoren hitz jarioa eta bere ikuspuntuak gaineratu, era horretara elkarrizketaren jabe eginez. Aurrean dutena zarataka beldurtzeko joera haundiagoa ere ba omen dute. Emakumeak aldiz irriparre behartua agertu ohi dute, eta desenkusatzeko joera mantentzen dute edo, ziurtasungabezia egoeratan, gizonen joera imitatu eta gainditu nahi izaten dute. Kultura askotan emakumeak isilik egoteko araua gorde behar du, sexu bietako partaidedun bileretan daudenean behintzat. Badirudi zenbait tokitan, eta ez gutxitan, bere mundua talde menperatzailearen eredu eta hiztegiak gordez eratu behar duen "talde mutu"tzat hartzen dutela emakumezkoena. Kontaezinak dira, bestalde, gizonezkoek emakumezkoei egotzi dizkieten irainak hauek isiltasuna alde batetara utzi eta hitzaren erabilera bermatu nahi izan dutenean: hitzontzi, nontzebarri, marmarti, atso haginbakoa, berbalapikoa, berritsua... eta abar... Baina benetan al dute emakumeek hizkuntzarekiko hain joera xahutzailea? Gizonezko askok luzaro izan duten sineskera hori frogatzen duen estatistikarik ez dugu inoiz ikusi.
Dena dela, gaiari aurrerantza ekinez, badaude aditu askoren iritziz gizonezko eta emakumezkoen artean desberdintasunak hizkuntzaren erabilerari dagokionez. Thomas Farrellek bere artikulu batean Sarah DEloiak egindako lan bat aipatzen du eta ondorio bezala azpimarratu gizonek gehienetan argumentua garatzen dutela hasiera batetan azken ondorioa aipatuz baina emakumeek gehienetan entzulegoa bere ikuspuntura itzulika erakartzeko itxaropenaz hasten ohi dira azalpenetan. Gizonaren jokabidea estresak jotako egoerak agertuz azaltzen da gehienetan, ez bakarrik ingurune fisikoan, aitzitik, solas eta adimenaren alorrean ere bai. Gizona hasieratik erasora benturatzen da eta nolabaiteko jolas joera bat erakusten du horrek estreserako gonbidapena badakar ere. DEloiak gizonari egozten dion solaserako antolaketa hori irakaskuntza klasikoan erabilitako eta erakutsitako jendaurreko hitzaldiarena da, eta irakaskuntza mota hori soilik gizonezkoentzat izan da aspalditik. Emakumeen solasaldi eztian aipatzen duen "itzuli" hori, ordea, lagunarteko elkarrizketa baten antzekoagoa litzateke behin-behineko baieztapenez hasi eta entzulearen erantzunak onartuz zenbait egokitzapen eta baieztapen berri sor baitaitezke. Idazketaren prozesuan legokeen antzeko "itzulia" litzateke hau, baina ez hitzaldiarena, hizlari batek esandakoa esana geratzen baita. Kontutan hartzeko beste desberdintasun bat gaiari ekiteko ikuspuntua litzateke, agian; gizonek gehienetan ikertzeko edo azaltzeko duten gaia zatikatzeko ohitura dute, emakumeek osotasunari begiratzen dioten artean. Ondorioz, gizonezkoek analisirako duten joera azpimarra daiteke emakumezkoen sintesirako joeraren aurrean. Gorago aipatutako eztabaidarako joera, dena dela, ahozko solasaldiko ezaugarri den ekonomiak eragindakoa dela esan behar dugu. Formula erara egindakoak dira eta planteamenduan itxura sendoa, agoristikoa, izaten dute. Ahozko kulturetan formula bidez gogoratzen dira jakintzagai gehienak, horregatik, hain zuzen ere, atsotitz eta esaeren beharrizana izaten du, eta baita haiekiko lotura estua ala menpekotasuna ere. Ahozko kultura gehienak erronka- erantzuna eran antolatuta daude.
Emakume eta gizkonezkoek informazioa prozesatu eta berrazaltzeko duten era desberdinekin jarraituz, gogora dezagun informazioa ez dela soilik hizkuntzaz azaldutakoa baizik eta ikusmen, ukimen edo dastamen eta usaimena bidez hartutakoa ere badela, eta hizkuntza ez den beste alor batzuetan gizonezkoek edozein mapa irakurtzeko duten erraztasuna ala edozein tokitan norabidea aurkitzeko trebetasuna eta baita geometria buruketetarako zaletasuna aipa badaiteke alde batetik; nabaria da bestetik, emakumeak hobeto irakurtzen duela aurrean duenaren izaera, bere sentimenduak azaltzeko trebeagoa dela, eta irudimen handiagoa darabilela arazo gogor hala zail baten aurrean. Aipatutako emakumeen erraztasun hauen arrazoia bere burmuinaren alde bien artean dagoen informazio hartuemanei esker dela uste ohi da eta hartueman erraz hau gizakiak eboluzio bidean zehar izan duen egokitzapenerako presioaren ondorioa litzateke. Jaio berri baten aurpegi ala keinu xume baten ondorioz irakur daitekeen informazioa zehatz prosezatzeko beharrizanak emakumeen burmuina presionatu eta egokitzapenerako bultzatuko luke eboluzioaren hastapenetan, eta gaur egun ere, jaioberrien bizitza amak begirada bakarrean, aurpegikera ala kolore aldaketa zuzen irakurtzeko zuen ahalmenaren menpe baitzegoen. Dudarik gabe emakumerik gehienek ikusmena eta ahozkotasunaren bidez azaldutako informazioa errazago elkartu eta bereganatu dezakete. Horregatik agian emakumeek errazago igortzen dute emozioen gozotasuna hizkuntza mintzatura. Aspalditik da datu ezaguna emakumeek txikitatik duten hizkuntzarako erraztasuna. Denok dakigu etxeko alaba mutikoa baino lehenago hasiko dela hitzegiten eta arinago egingo dituela esaldiak, bai laburrak eta bai luzeak ahoskera hobea eta argiagoa izango duela eta entonazioa ere egokiago erabiliko duela. Agian honegatik izango da eskola, gaur ezagutzen dugun moduan behintzat, egokiago moldatua neskatoen dohainetarako, bertako araudi sistemak ez dakarrelako hauentzat mutikoentzat besteko erasoa, alde batetik; eta bestetik, hizkuntzari eta komunikazio gaitasunari ematen zaion garrantziagatik. Idazketa ere oso garrantzitsua da irakaskuntza sisteman eta honetan ere errazago moldatzen dira neskatoak; eta, beste alde batetik, espazioaren erabileraren murriztasuna egokiago egiten dute eskola hauentzat mutilentzat baino. Horregatik, eta emakumeak komunikaziorako baliabide eta ahalmenetarako jarri duen ahaleginagatik, esan dezakegu baldintza hobeagotan egongo dela XXI. mendean arazo nagusia izango den komunikazio eta ez-komunikazioari aurre egiteko, azkenengoko hiru, lau milioi urteetan egin duen lehiak egoera hobeago batetan jartzen duelako.
Baina gatozen berriro emakumeek ahozkoak ez diren zeinuak atzemateko eta hauek duten informazioa igortzeko erraztasunari buruzko datu zehatzetara.
Lehenengo eta behin, emakumeek erabiltzen duten doinu aniztasuna zabalagoa da. Ahotsaren erabilera aberats honek erraztu egiten du elkarrizketa eta honen ondorioz harremana. Ahotsaren gorabeherek gai edo pertsona desberdinekiko jarrerak bereizten dituzte.
Bigarrenez, esan behar da eufemismo gehiago eta txikitasuna ala adierazkortasuna ezaugarri gehiago erabiltzen dituztela. Goresmen forma gehiago ere bai: zoragarria, itzela, ederra, miragarria... Eta aditzei dagokienez, sentipen eta sentimenduak adierazten dutenak erabiliagoak dira beren. artean.
Hirugarren puntu bezala, agerikoa dirudi gizonezkoen hizkera dela eta agintea adierazten duten elementu gehiago erabiltzen dutela, eta aginduak emakumeek baino zuzenago ematen dituztela. Aginte era gehiago erabiltzen ditu gizonak. Emakumeek, aldiz, tonuaren igoeraren bidez adierazten dituzte gehienetan. Emakumea oso aditua da zeharbidetan, insinuazioan eta sutilezian. Konplizitatea eskatzen du agintea eman ordez. Beste botere mota bat erakusten du, ez hain gogorra.
Laugarren zehaztasun bat aipatzekotan, elkarrizketan gizonak askoz gehiagotan eteten du elkarrizketa emakumeak baino. Bere solasaldiaren etenaren ostean emakumea geldiago, minduago geratuko da. Isiluneak luzatzen ditu eta elkarrizketarako interesa galdu duela erakutsiko du. Emakumearentzat garrantzitsuagoa da elkarrizketan parte hartutakoan harremanak sendotzea informazioa igortzea baino.
Bostgarrenez, emakumeek duten begirunea bere iritziak mantentzeko sendotasun faltan ere ikus daiteke. Era horretara, elkarrizketa kolaboratzailea bihurtzen dute eta ez lehiatsua. Aurrekoaren esana harridura eta adore espresioz apaintzen dute, so1asaldia jarrai dezan bultzatuz.
Emakumea gehienetan entzule hobea denez, gizonezkoen solasaldiak elkarrizketetan luzeagoak izaten dira. Baina kalitateari begiratuz gero emakumearena zuzenagoa izaten da gehienetan gramatika arauei dagokienez.
Gainera, elkarrizketarako aukeratutako gaietan ere badaude desberdintasunak. Emakumeentzat erakargarriagoak dira gai pertsonalak, nolabait esateko, eta giza-harremanei buruzkoak: seme-alabak, gurasoak, lagunak, maitasuna, haserrealdiak itxura fisikoa. Gizonezkoentzat aldiz kirolak, lana, emakumeak, mekanika, tekno1ogia, egunkarietako berríak, eta baita giza-harremanak ere, baina emakumeentzat baino gutxiago. Gizonek ahal duten guztietan bere arrakastaz ari dira, eta argi eta garbi adieraziko dituzte beren trebetasunak.
Zortzigarren zehaztasun legez, badirudi emakumeek begietara begiratzen dutela sarriagotan, eta bere begirada luzeago izaten dela, entzuten ari direnean batez ere. Honen ondorioz, hobeto ulertzen dute begiradaren esanahia eta baita hobeto erabili ere edozer adierazteko. Begiradak, azken batean, lotura dira emakumearentzat. Gizonak hitzegiterakoan entzuterakoan baino gehiago. adierazten du. Hitzegiterakoan begirada mantentzen duenak azken batean maila goragokoa mantentzen du.
Honekin jarraituz, aurpegiko mugimendu eta zeinuak ere gehiago erabiltzen ohi dituzte elkarrizketetan; gizonek aldiz askoz ere gehiago kontrolatzen dituzte beren emozio eta adierazpenak.
Eta, bukatzeko, eta oso zehaztasun ezagun bezala, esango dugu emakumeek galdera gehiago egiten dutela. Lehenago esan den bezala, beraientzat garrantzitsuagoa baita harremana mantentzea lor daitekeen ala eman daitekeen informazioa baino, eta horrela galdera etengabeak loturaren adierazle dira lotura atzemateko modu bat; gizonezkoentzat, aldiz, badirudi bere pribatasunarekiko erasoa dela.
Orain arteko guztiarekin komunikazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu, eta komunikazioak emakume edo gizonen bizimodu eta jarreretan duen garrantzi desberdina. Adierazi nahi izan dugu gizonek eta emakumeek hizkuntzarako dituzten trebetasun bereziak eta komunikabide ekintzaren aurrean duten partehartzea eta arrazoi desberdinak. Bukatzeko, esan dezagun komunikaziorako duten jarrerak mugatu eta baldintzatu egiten dituela bere hizkuntzarekiko eta beste hizkuntzekiko jarrera.
BIBLIOGRAFIABURKE, P.: (1996) Hablar y callar. Gedisa. Bartzelona
STEINER,G.: (1994) Lenguaje y silencio. Gedisa.Bartzelona.
STEINER, G.: (1987) Después de Babel. Gedisa. Bartzelona.
ONG, W. J.: (1982) La lucha por la vida. FCE. México
ONG, W.J.: (1987) Oralidad y escritura. FCE. México
QUIGNARD, P.: (1994) El nombre en la punta de la lengua. Debate. Madrid.
SERRANO, S.: (1996) Linguistica de la seducció. Bartzelona.



