Katalanezko soziolinguistika Alcoi-n

Xabier Erize
Aipamenak
Ninyolesek bi molde nagusi bereizten ditu soziolinguistikan: (a) gatazkaren teorian oinarritutakoa, eta (b) ikuspegi funtzionalista, adostasunaren ideian oinarritzen dena. Berez ustez, Kataluniako soziolinguistikan bigarren moldea, ikuspegi funtzionalista, nagusitzen ari da, eta horren aurrean gatazkaren teoria defendatu zuen.

Hitzaldia hiru baieztapenen inguruan antolatu zuen Lloberak:

1.Nazioak hizkuntz taldeak dira.

2.Hizkuntzek ez dituzte bakarrik ideiak komunikatzen, esperientzia antzemateko erari ere forma ematen diote (Sapir eta Whorf-en ildotik).

3.Ama-hizkuntzarekin bakarrik lortzen dute pertsonek lotura emozionala. Gainerako hizkuntzekin dituzten loturak instrumentalak dira.

Emaitza nagusia da abertzaletasun politikoak eragin handiagoa duela hizkuntz leialtasunean, alderantziz baino: hizkuntza leialtasuna ez da abertzaletasun politikoan asko islatzen.

Katalanezko soziolinguistikaren indarra

. Hau gauza jakina zen, baina zenbat jende ari den soziolinguistika lantzen eta disziplina honek Kataluniako eta Valentziako unibertsitateetan zer toki handia lortu duen zuzenean ikustea beti deigarria gertatzen da, batez ere Euskal Herriko egoerarekin alderatuta.

Conflicte lingüístic i ideologia [=Hizkuntz gatazka eta ideologia] izenburupean, Alcoi-ko IX. Soziolinguistika jardunaldiak egin ziren 2000ko maiatzaren 19 eta 20an, bertako udalaren hizkuntz normalizaziorako kabineteak antolatuta. 150 bat lagunek parte hartu zuten jardunaldietan, gehienak Valentziatik [País Valenci� ] eta Kataluniatik etorriak. Tradizio handia dute jardunaldiek eta, katalanezko soziolinguistikan ezezik, euskal soziolinguisten artean ere oso ezagunak dira. Oro har, herri horietako soziolinguistikaren beste aurpegi bat ezagutzeko parada ezinhobea eskaini dute.

Aurtengo hizlariek honako gai hauek garatu zituzten:

  • Rafael Ninyoles: “Hizkuntz gatazka eta ideologia�».
  • Teun A. van Dijk: “Diskurtsoa eta ideologia�».
  • Xabier Erize: “Mentalitatea eta ideologia erdal hizkuntz komunitatearen euskarari buruzko diskurtsoan�».
  • Francesc Espinet: “Klase soziala eta hizkuntz ideologia. Azterketa historikoa�».
  • Josep R. Llobera: “Hizkuntza eta nazionalismoa�».
  • Rafael Castello: “Nazionalismoak eta hizkuntz jarrerak Valentzian: hurbilketa bat�».
  • Miquel A. Pradilla: “Blaverismoari buruzko gogoeta linguistiko-identitarioak�».

Jardunaldietako ingurune kontzeptuala Rafael Ninyoles-ek eta Teun A. van Dijk-ek ezarri zuten, nonbait: hizkuntz borroka eta diskurtsoaren azterketa kritikoa.

Rafael Ninyoles Valentziako soziolinguista nagusia da. Bide luzea egina du alorrean 1960ko hamarkadan argitaratzen hasi zenetik eta bere eragina nabarmena da ondoren etorriko ziren soziolinguisten belaunaldi berriengan, bai Herri Katalanetan eta baita Estatuko gainerako hizkuntz komunitate gutxituetan ere. Sasoian segitzen du, jardunaldietan ikusi ahal izan zenez.

Bere ponentzian —“Hizkuntz gatazka eta ideologia�»—, borrokaren teoriaren balioa aldarrikatu zuen. Ninyolesek bi molde nagusi bereizten ditu soziolinguistikan: (a) gatazkaren teorian oinarritutakoa, eta (b) ikuspegi funtzionalista, adostasunaren ideian oinarritzen dena. Berez ustez, Kataluniako soziolinguistikan bigarren moldea, ikuspegi funtzionalista, nagusitzen ari da, eta horren aurrean gatazkaren teoria defendatu zuen.

Borrokaren kontzeptua zabala da Ninyolesen plantemenduan: ez du interpretazio subjektibista deitzen duenera mugatzen. Alegia, aukera bat da gatazkak indarkeriazko itxura hartu eta aktoreek horren pertzepzio subjektiboa izatea, baina beste askotan ez da horrela gertatzen eta horrek ez du esan nahi azpian borrokarik ez dagoenik. Bestalde, hizkuntz gatazka gizarte arazoekin lotuta dago eta, zenbaitetan, beren adierazle sinbolikoa izaten da. Halaber, hizkuntz borroka gerta dadin, beharrezkoa da hizkuntzak jendearen itxaropen materialak baldintzatzea.

Teun A. van Dijk hizkuntzalari holandarra diskurtsoaren azterketaren adierazle nagusietako bat da munduan. Katedraduna da Amsterdameko unibertsitatean eta 2000. urtean irakasle bisitari ari da Bartzelonan. Bere ponentziaren izenburua “Diskurtsoa eta ideologia�» izan zen. Bertan, azkenaldiko lanetan —batez ere, Ideología, Bartzelona/Buenos Aires: Gedisa, 1999 [jatorrizko bertsioa, ingelesez, 1998]— plazaratu duen eredua aurkeztu zuen.

Bere burua azterketa “kritikoaren�» eremuan kokatzen du Teun A. van Dijk: diskurtsoarekin batera boterea aztertzen du. Hots, zera argitu nahi du: nola erreproduzitzen edo zabaltzen den boterea diskurtsoen bitartez.

Diskurtsoaren kontzeptuak hiru alderdi ditu: (a) hizkuntzaren erabilpena, (b) sinesmenen (= creencias, beliefs) komunikazioa, eta (c) gizarte elkarrekintza. Beraz, bere ereduan alde linguistikoa, gizarte psikologiakoa (kognizioa) eta soziologikoa uztartzen ditu eta disziplinarteko azterketa bultzatzen du. Van Dijken ekarpenaren gakoa, berak dioenez, ohikoak ziren diskurtsoen azterketa linguistiko edo soziologikoei gizarte psikologiako kontzeptuak sistematikoki gehitzean datza. Oso mamitsua da van Dijken lana.

Xabier Erize-ren ponentzia “Mentalitatea eta ideologia erdal hizkuntz komunitatearen euskarari buruzko diskurtsoan�» izan zen. Nafar erdaldunen diskurtso historikoak mendeetako mentalitatea, estereotipoak, jatorri desberdinetako osagai ideologikoak eta mitologia “zientifikoak�» biltzen zituen nahasketa konplexu samarrean (ikus Erizeren Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa. 1863-1936, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1997; eta Vascohablantes y castellanohablantes en la historia del euskera de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1999). Diskurtso horren gune ideologikoa erdararen hizkuntza-zentrismoa da. Bere burua erdigunean kokatzen zuen erdal komunitateak. Erdigune hori soziala (Nos, gu, zibilizazioa), geografikoa (hemen, hirian) eta denborazkoa (oraina) zen. Euskaldunak, berriz, bazter aldean irudikatzen zituzten: soziala (rrustici, navarri), geografikoa (menditarrak, kanpotarrak) eta denborazkoa (iragana, oraina ez dena).

Halaber, diskurtsoaren azpitik egitura jakin bat aurki daiteke: (a) taldekideak: erdaldunak; (b) jarduerak: gaztelaniaz funtzionatzea; (c) helburuak: hizkuntza zabaltzea, euskaldunak asimilatzea; (d) balioak: gaztelaniaren balioa; (e) kokapena: nafar gizartearen erdigunea; (f) baliabideak: “zibilizatuak�» izatearen botere sinbolikoa.

Francesc Espinet historialaria Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da. “Gizarte klasea eta hizkuntz ideologia. Azterketa historikoa�» ponentzia aurkeztu zuen, Kataluniako XIX. eta XX. mendeetako bilakaera aztertuz.

Josep R. Llobera jatorri katalandarra duen antropologo britainiarra da. Londresko Unibertsitatean irakasten du. Bere ponentziaren —“Hizkuntza eta abertzaletasuna�»— helburua gizarte zientzietan ohikoa bihurtu den bereizketaren kritika egitea izan zen: nazionalismo etnikoa (edo esentzialista, edo primordialista) versus abertzaletasun zibikoa (hiritartasunaren ideian oinarritutakoa). Noski, etniko bezala etiketatzen diren nazionalismoak oso kritikatuak izaten dira, eta haiei eredu zibikoa kontrajarri ohi zaie.

Lloberaren ustez dikotomia akademiko hori ez da egokia errealitatea aztertzeko eta are gutxiago abertzaletasunak moralki juzgatzeko. Besteak beste, zibikotzat hartzen diren nazionalismo ugarik (Estatukoak, normalean) etnia jakin bateko hegemonia bultzatzen dutelako.

Hitzaldia hiru baieztapenen inguruan antolatu zuen Lloberak:

1.Nazioak hizkuntz taldeak dira.

2.Hizkuntzek ez dituzte bakarrik ideiak komunikatzen, esperientzia antzemateko erari ere forma ematen diote (Sapir eta Whorf-en ildotik).

3.Ama-hizkuntzarekin bakarrik lortzen dute pertsonek lotura emozionala. Gainerako hizkuntzekin dituzten loturak instrumentalak dira.

Rafael Castello Soziologiako irakaslea da Valentziako Unibertsitatean. “Nazionalismoak eta hizkuntz jarrerak Valentzian: hurbilketa bat�» izenburuko ponentzia aurkeztu zuen. Bertan, abertzaletasun politikoaren eta hizkuntz leialtasunaren arteko harremanak jorratu zituen, metodologia kuantitatiboa erabiliz. Hiru leialtasun mota bereizi zituen: (a) gaitasunari dagokiona (konpetentziala), (b) erabilpenari dagokiona (instrumentala), eta (c) balorazioari dagokiona (baloraziozkoa). Emaitza nagusia da abertzaletasun politikoak eragin handiagoa duela hizkuntz leialtasunean, alderantziz baino: hizkuntza leialtasuna ez da abertzaletasun politikoan asko islatzen. Baina, hala ere, eragin hori baloriaziozko leialtasunean gertatzen da batez ere, ez hainbeste instrumentalean. Hau da, abertzaletasun politikoak hizkuntza gorestera eramaten ditu bere jarraitzaleak, baina ez hainbeste erabiltzera.

Miquel Angel Pradilla filologia katalaneko irakaslea da Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatean. Bere ponentziak “Blaverismoari buruzko gogoeta linguistiko-identitarioak�» izenburua zuen. “Blaverismoa�» Valentziako katalanistek hango erregionalismo eskuindarrari ematen dioten izena da. Katalanezko blau-etik (=urdin) dator eta Valentziako ikur tradizionalari erregionalistek, Kataluniako banderatik bereizteko asmoz, Trantsizioan ezarri zioten zerrenda urdinarekin du zerikusia.

Pradillaren iritziz, blaverismoaren ondorioa hizkuntz zatiketa da. Berez, Valentzian hitz egiten dena katalana da, katalanaren aldaera bat. Filologo eta erromanista guztiek onartzen dute hori. Horri zein izen eman, katalana ala valentziera, gutxienekoa da, biak dira onargarriak. Blaverismoaren helburua valentziera berezko hizkuntza dela eta katalanarekin zerikusirik ez duela frogatzea da. Horretarako, hizkuntz aldeak nabarmentzen eta are asmatzen ere ari dira etengabe, hizlariak zioenez. Adibidez, valentzieraren sustrai historikoak Valentziako balizko mozarabieran bilatzen dituzte, ez katalanean. Ortografia mailan, katalanetik urrundu eta gaztelaniara hurbiltzen diren arau “sinplifikatzaile�» berriak ezarri nahi dituzte, katalanarekin bat zetozen 1932ko Castello-ko arauen ordez. Eta, oro har, gaztelaniaren interferentziak onartzen dituen kodifikazio berri bat bultzatzen ari dira hori “errealitatean hitz egiten dugun valentziera�» dela argudiatuz. Valentzieraren Erret Akademia ere sortu nahi izan zuten, baina asmoa ez zen gauzatu azkenik.

GOGOETAK

Azkar batean, hiru gogoeta puntu hauek bururatzen zaizkit Alcoiko jardunaldien inguruan:

  1. Soziolinguistika eta Diskurtsoaren Azterketa. Eten bat somatzen dut bi disziplinen artean. Soziolinguistek ez dute diskurtsoaren azterketan arreta handirik jartzen normalean eta berdin gertatzen da diskurtsoaren azterketa egiten dutenen artean ere, ez baitute soziolinguistika gehiegi aipatzen. Ez luke horrela izan behar, hizkuntza, gizarte egoera eta taldeen jarrerak diskurtsoen bitartez agertzen baitira neurri handi batean.
  2. Valentzia eta Nafarroaren arteko antzekotasuna. Valentzia Kataluniarekiko eta Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoarekiko, bi lurraldeetako hizkuntza mugimenduak antzeko egoeran daude, mimetismoaren eta zatiketaren muturren artean behartuta, euren baitatik pentsatutako asmoak eratu nahian.
  3. Katalanezko soziolinguistikaren indarra. Hau gauza jakina zen, baina zenbat jende ari den soziolinguistika lantzen eta disziplina honek Kataluniako eta Valentziako unibertsitateetan zer toki handia lortu duen zuzenean ikustea beti deigarria gertatzen da, batez ere Euskal Herriko egoerarekin alderatuta.