Euskara Oarsoaldeko Merkataritzara: Bost urteko garapena, bilakaera eta gogoeta
Merkataritza alorra egungo gizartearen motore garratzitsuenetako bat dela errealitate ukaezina da. Motore zentzu askotan da gainera, ekonomia ikuspegitik ez ezik, gizarte-harremanen ikuspegitik ere bai, galde bestela denda ttikien itxieraren ondorioz kale giroa arras moteldua duten herriei. Gizartean halako pisua duen alor batean euskarak lekua izatea behar-beharrezkoa da normalizatuko bada behintzat. Beraz, sektorean euskara normalizatzeak kaleko hizkuntza harremanetan, paisaian eta abarretan du eragin zuzena.
Kontu hauek guziak aztertuta, orain bost urte ekin zitzaion Oarsoaldea eskualdean (Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria) Euskara Merkataritzara egitasmoari. Txosten honen bidez eskualde honetan lan-ardatz hau jorratzen hasi ginenetik gaur arteko esperientzia eta egitasmoak berak izan duen bilakaera azaldu nahi dizkizuet. Ez beraz analisi sakon eta datu zaparradarik espero, bere xumean esperientzia baten kontaketa baino ez baita.
Hasiera Lezok eman zion 1995eko urrian, eta berehala Oiartzun jarraitu zitzaion. Oarsoaldeko bi herri hauekin batera Gipuzkoako beste hainbat eta Nafarroako Malerreka eta Bortziriak bailarak ere murgildu ziren Siadeco Sozio-Ekonomi Ikerketa Elkarteak diseinatu eta gidaturiko egitasmoan. Geroztik, hasierako herri horietako batzuek utzi egin dute egitasmoa eta beste batzuek heldu diote. Beste multzo batek hasieratik eusten dio.
1997an Oarsoaldeko Euskara Batzordea eratu zen, eta haren bidez Pasaia eta Errenteriara ere zabaldu zen egitasmoa. Hala, 1997tik honantz eskualdeko lau herriak "Euskara Oarsoaldeko Merkataritzara" merkataritza euskalduntzeko edo merkataritzan euskara bultzatzeko egitasmoan partaide dira.
1999ko kanpainara arte eskaintza bera, modu berean eta epe beretan egin da. Siadecoren gidaritzapean zortzi bisitari eta itzultzaile-maketatzaile bat hartzen ziren eta azaroan hasiz hilabete eta erdiz bi hilabetez, bi bisita aldi egiten zituzten 1.600 establezimenduz osaturiko unibertsoan. Unibertsoa txikizkako merkataritza alorreko establezimenduek, ostalaritzak eta bestelako zenbait zerbitzuk osatua da. Egitasmoa martxan jarri zen lehenengo urtean egin zen datu bilketa nagusia, gero urtero datuak eguneratu baino ez da egin behar izaten. Establezimenduaren hizkuntza egoera aztertzen da, nagusi eta enplegatuen hizkuntza ezagutza, euskararekiko jarrerak, erabilera idatzia eta mintzatua, establezimenduko errotulazioa eta karteleria Egoera partikularraren arabera eskaintza bat egokitzen zaio, zerbitzu eskaintza, dirulaguntzak eta ikastaroak biltzen dituena. Itzulpen zerbitzuaren barnean testuen zuzenketa, gaztelaniazko testuen itzulpena eta hizkuntza aholkularitza eskaintzen ditugu. Itzulpen eta maketazioak koloretako paper diseinatuetan eta hainbat neurritan eskaintzen ditugu. Itzulpen zerbitzuaz gain, material eta euskarri bereziak ere eskaintzen dira, "zabalik-itxita" txarteltxoa, "Merkealdia" Bestetik hiru ikastaro mota eskaintzen dizkiegu merkatariei: "Merkataritzako Euskara Teknikoa". 40orduko ikastaro berezia komertzioetan gehien erabiltzen diren hitz, esaldi, eta idazkiak euskaraz egiten ikasteko. Hauei euskaraz hitz egiteko adina jakitea eskatzen zaie. "Ordutegi Murritzeko Ikastaroak" 100 orduko ikastaro hauen bidez ahozko eta idatzizko oinarrizko maila lortzea da helburua. Azkenik, ikastaroei dagokienez, euskalduntze-alfabetatzeko ohiko eskolak eskaintzen zaizkie. Ikastaro hauek guziak matrikula-sariei eta bekei dagokienez, baldintza oso bereziak dituzte gainontzeko euskalduntze-alfabetatzeko taldeekin alderatuz. Matrikula-sariak arrunt merkeak dira eta ohiko ikastaroetan dabiltzan merkatariek %80-85eko asistentzia betez gero, matrikula-sariaren %25 itzultzen zaie. Eskaintzaren sorta bukatzeko, establezimenduaren errotulua euskaraz jartzeko dirulaguntzak bideratzen dira. Euskaraz jartzen duten merkatariek dirulaguntza izaten dute.
Eskaintza hau hitzarmen bati loturik aurkezten dio bisitariak merkatariari, nahiz eta ez dagoen deus sinatzera behartua. Eskaintzaz baliatuko dela hitzartzeaz aparte, euskarazko harreman sarea bultzatzeko konpromisoa eskatzen zaio; lehen hitza euskaraz, finantza erakundeekin harremanak euskaraz, berak sortutako idatzietan euskara ere erabiltzea
Esan bezala, eskema honekin funtzionatu dugu orain arte. Urtero unibertsoa definitu, establezimendu berrien eta itxitakoen zerrenda eskuratu, datuak eguneratu eta eskaintza egin.
1999an Oarsoaldeko Euskara Zerbitzua eratu zen, eta azpiegitura honek egitasmoan lehenengo aldaketak egiteko aukera eman zigun. Ordura arteko esperientzia positiboa bazen ere, halako kanpaina kutsu nabarmen bat hartzen genion, bai guk, bai eta ziurrenik merkatariek eurek ere. Horiek horrela, kanpaina, egitasmo sendo eta iraunkor bihurtzeko urratsak ematen hastea erabaki genuen. Lehengoarekin jarraituz, haren gainean ekarpenak, berrikuntzak, aldaketak, eta eranskinak egiten hasi ginen.
Programari izaera iraunkorra emateko bidean urratsak ematea pentsatu zen. Merkatariekin urtean hiru bisitaldi edo hiru kontaktu izango genituela erabaki genuen: lehenengoa irailean, bigarrena gabonetan, eta hirugarrena udaberrian, Aste Santuaren buelta horretan. Lehenengo bisita aldia ohiko kanpaina burutzeko izan zen, hau da, datuak eguneratu eta eskaintza ezagutzera emateko. Bigarrena postaz egin zen, eta eskaintza oroitaraztea eta ezeren beharrik bazuten galdetzea izan zen xedea. Udaberrian, berriz, hirugarren kontaktua izan genuen, hau ere posta bidez, baina merkatari elkarteen bidez egin zen. Pasaia, Errenteria eta Oiartzungo merkatari elkarteekin harremanak izan ditugu egitasmoa azaldu eta euren inplikazioa eskatzeko. Komunikazio plan baten beharra sumatu da gaiaren inguruan, ezagutza falta gizartearen aldetik eta horrek desmotibazioa eragiten du dendariengan. Gaia euren elkarteetako bazkideen artean, eta ahal duten neurrian herrietan ere bai, piztuta edukitzeko asmoa agertu digute. Egitasmoa ezagutzera emateko euren laguntza eskatu diegu eta interesa agertu digute. Jarraipen edo iraunkortasun honekin egitasmoa sendotzea eta serioago hartzea lortu nahi genuen.
1999/2000ko EGITASMOAREN DISEINUA
Unibertsoa98-99ko kanpainako establezimenduak - bajak + berriak. Herri bakoitzeko teknikariari hirigintza sailetatik datuak jaso zitzala eskatu zitzaion. Uztailaren bukaeran eskatu ziren datuok. Sail hauekin harremana estutzearen beharra ikusi zen, urtean zehar izaten diren obrak eta irekitzeak jakiteko eta egitasmo honen eskaintza garaiz egiteko aukera ez galtzearren. Horretarako, hirigintza sailetan eskaintzaren berri eman eta errotulazioaren inguruko inprimakiak eta ordenantzak eskura jarriko lituzkeen karpeta jartzea pentsatu zen.
Eskaintzak/hitzarmenakOrain arteko eskaintza egin zaie merkatariei. Hitzarmenei dagokienez, denei (herri guztietan) hitzarmen eredu bera eskaintzea pentsatu zen. Lezon, Errenterian eta Pasaian eredu elebidunak eta Oiartzunen euskarazko eredua.
BitartekoakEgitasmoaren koordinazioa Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak hartu zuen bere gain, eta Siadecorekin urte osoko elkarlanerako kontratua egitea erabaki zen. Siadecori aholkulari, superbisatzaile eta egitasmoaren "homologatzaile" (beste herrietako egitasmoekiko eta berrikuntzekiko) zeregina egokitu zitzaizkion.
Bisitarien kontratazioa ere Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak hartu zuen bere gain, kontratazioak garapen agentziak egin zituelarik. Zortzi inkestatzaile edo bisitari kontratatzea aurrikusi zen: Oiartzun 1, Lezo 1, Pasaia 2, eta Errenteria 4. Lezoko bisitariak besteek baino bisita gutxiago izan ohi dituenez, Oiartzungo azalera handiko merkatal guneetan ere arituko zela erabaki zen. Bestalde, pertsona bat hartu genuen itzulpen eta maketazio lanak egiteko. Bederatzi langileei hilabeteko lan-hitzarmena egin zitzaien. Oarsoaldeako Euskara Zerbitzuko administrariak informatizatu ditu datu guziak.
Gainerakoan, orain arteko fitxa, kode eta materiala erabiltzea aurrikusi zen, egina zegoen lana aprobetxatzeko, lana errazteko, nahasteak-eta, ekiditeko eta gainerako herrietakoekin erkagarri gertatzeko.
KOMUNIKAZIO PLANA
Prentsaurrekoa:Orain arte bezala prentsaurreko bakarra egin ordez, herri bakoitzean prentsaurreko bana egitea egokiago ikusi zen, tokian tokiko jende eta arduradunekin. Hala, prentsan erantzun zabalagoa eta herri bakoitzean eragin handiagoa izango zuela pentsatu zen.
Merkatariei gutunaIrailaren hasieran merkatariei gutuna bidali zitzaien alkatearen sinadurarekin kanpainaren berri emanez eta bisitariak joango zitzaizkiela iragarriz.
LEHEN BISITA PERTSONALA
Lehenengo bisita pertsonalak berebiziko garrantzia du egitasmoaren barnean. Izan ere, beronen helburua eskaintza eta egitasmo osoaren berri merkatariari ematea da, eta oso garrantzitsua da gauzak argi eta ahalik eta modurik erosoenean aurkeztea. Eskaintza egiterakoan bisitariak errotulua aldatzeko interesa zuen merkatariari bere udaleko instantzia orria helaraztea erabaki zen.
Lehenengo bisita pertsonala egiteko inkestatzaileak hezi egin behar dira. Inkestatzaileekin irailaren 1ean hitzordua jarri genuen 10era bitartean heziketa eta prestaketa lana egiteko, denei ongi heldu zitzaien hitzordua jarri eta azalpenak ematen zitzaizkien. Lan baldintzak eta betebeharrak ere aipatu zitzaizkien bilera horretan, epeak, helburuak, erritmoak Heziketaz gu geu arduratu ginen.
Lehen bisita erronda irailaren 13tik 24ra burutu zen. Zazpi orduko lan-eguna izan zuten inkestatzaileek, zortzi inkestatzaile ziren 1.501 establezimendu egiteko, beraz, 20 denda egin behar zituen bakoitzak eguneko.
20 denda x 8 bisitari = 160 x 10 egun = 1.600 dendaDenda bakoitzean gehienez ere 15-20 minutu emango zituztela aurrikusi zen, eta denbora administratzen saiatzeko eskatu zitzaien. Hala, egingarria zen lehenengo bisitaldia 10 egunetan. Inkestatzaileek datuak koordinatzaileari pasa behar zizkioten eta honek ikastaroetan interesaturik zeuden dendarien zerrenda bi txandatan pasa zien teknikariei, lan-aste bakoitzaren azken egunean.
Iraileko azkeneko egunak ikasle horiek taldeetan egokitzeko erabiliko ziren. Hauxe izan baitzen egitasmoko bisiten aldia irailera aurreratzeko arrazoi nagusia, merkatarien taldeak euskaltegietako ohiko ikastaldeekin bat etorzea, alegia.
BIGARREN BISITA PERTSONALA
Inkestatzaileek bigarren bisita txanda urriaren 1etik 11ra egin zuten itzulpenak entregatzeko. Bigarren bisita honetarako udalak errotuluaren eskariaren inguruan hartutako erabakiaren berri eman behar zitzaien interesatuei.
Ikasleak urriaren 4an hasi ziren eskoletara joaten eta ekainaren 23a arte arituko dira.
BALANTZE TXOSTENA ETA DATUTEGI INFORMATIKOA
Balantze-txostena koordinatzaileak egin du eta ondotik, Siadecok egin du beronen orrazketa eta osatze lana. Txostenak daturik garrantzitsuenak eta erabilgarrienak jasotzen ditu, hauek zein diren aldez aurretik definitu zelarik. Datutegi informatikoa ere koordinatzaileak burutu du administrariaren bitartez. Administrariak datutegiaren funtzionamendua ikastea beharrezkotzat jo zen.
AURRERA BEGIRA
Berriki aurtengo balantzea egin dugu eta oro har oso balorazio baikorra egin dugu. Oinarrian lehengo egitasmoa izan arren, berrikuntzak egitea lortu dugu eta aurrera begirako lan-ardatz berriak zein izan daitezkeen ere antzematen hasi gara. Kontua egitasmo bizi bat egitea da azken batean, kritikoa, dinamikoa eta eraginkorra.
Balantzean, bai gu geronek eginikoan, bai bisitariek eginikoan, merkatariek sinatzen dituzten hitzarmenen balioaren inguruko zalantza ugari plazaratu da. Balio sinbolikoaz gain, ez zaio balio errealik, ez eraginkorrik ikusten, ez baitzaio sinatutakoari inolako jarraipenik egiten harik eta hurrengo urtean bisitaria etorri arte.
Beraz, aurrera begira sinatutako hitzarmen horien guzien artean aukeraketa bat egingo du tokian tokiko euskara zerbitzuak eta aukeratzen den hitzarmen multzo horri jarraipen zuzena egingo zaio urtean zehar pare bat bisita eginez eta telefonoz ere kasu eginez. Hitzarmen hauen edukia oraingo bera izan liteke edo bestela, aukera eta borondatea antzemanez gero establezimenduarentzako hitzarmen espezifikoa proposa liteke. Hitzartzen diren hitzarmen guziei jarraipena egitea ezinezkotzat dugu, eta gainera eraginkortasuna ere badaezpadakoa izango litzatekeela uste dugu. Hobe beraz, kopuru jakin bat hartu eta hura ziurtatu, hautua ongi egingo dela bermatuz beti ere, eta denborarekin kopuru hori handituz joan aurrekoak bere kabuz lanean hasten diren neurrian.
Orain arte garatu dugun egitasmoaren emaitzak ageriko elementuetan, hizkuntza-paisaian antzematen dira batik bat. Ohitura batzuk sortu ditugu. Gainerakoan, hizkuntz ezagutzari dagokionez, emaitzak ez dira gauetik goizera ikusiko, baina gizartearen berezko euskalduntzeak eragindakoa gehiago dela uste dugu, ikastaroek ez baitute ezer askorako ematen, ordutegi arazoak, taldeak sortzeko arazoak, motibazioa...
99ko kanpainaren ondorio nagusiek eta eginiko aldaketek hausnarketarako bide eman digute. Arestian eginiko planteamentua Siadecok proposatu dizkigun plan integralen ildotik etorri da, nahiz eta lehendik ere, balantzearen ondorioz, zenbait gauza aldatu beharra ikusi, hitzarmenei jarraipena egitearen beharra kasu.
Komunikazio plana hobetzeko beharra ere nabarmena dela iruditzen zaigu, batetik, merkatari elkarteak agerpen publikoetan gainerako eragileekin izatea komeni da, eta bestetik, hitzarmen bereziak sinatzen dituzten establezimenduen aipamena egin beharko litzateko herri hedabideetan nahiz eskualdekoetan. Honi ikastaroetara joaten diren merkatari taldeen prentsaratzea ere lotu beharko zaio, ilusio eta motibazio iturri baitira honelako kontuak; inkestak, argazkiak, elkarrizketak... Ekimen hauek guziak denboran zabaltzea komeni da, urtean zehar egitea aldi edo epe jakin batera mugatu gabe.
Etxeko postontzian jasotzen dugun publizitatearen jarraipena egiten hasi ginen urtarrilean lau hilean behin egingo dugu eta ekimen honekin ere aurrera egitea beharrezko jotzen dugu. Erdarazko publizitatea etxe iragarleei bidaliko diegu dagokion herriko alkatearen sinadurarekin. Datu guziak datu basean biltzen ari gara jarraipen zehatza egin ahal izateko.
Merkataritza Euskalduntzeko Plan Integralak ere martxan jar litezke, hautaketa irizpideak ongi zehaztuz elkarren osagarri izan litezke orain arteko hitzarmen "balioztatuak" eta MEPIak.
Bukatzeko buruan dabilkigun kezka plazara nahi dut. Txosten honek deus berririk ez dakarrela jakinik, antzeko egitasmoetan zabiltzatenok ere honezkero egin duzuen gogoeta izango da hau noski. Txikizkako merkataritzan gertatzen ari diren aldaketek, krisia, zurrunbilo batean dago sektorea, aztoramendu betean esango nuke nik, sektorearen estrategikotasuna kolokan jar lezakete, edo dagoeneko jarri dute, zenbait herritan. Alegia, egungo gizartearen erosketa ohiturak txikizkako merkataritzatik, ertainekora (Erosle, Super BM, Dia) eta are gehiago azalera handietara igaro dira. Astean behin erosketa handia horietan egiteaz gain, denbora librea pasatzeko gune bilakatu dira azalera handiak, bazkaldu, zinea, eguna bertan pasatuz. Azalera handi hauetan jarduera planak martxan jartzeko, edo eragiten hasteko tenorea ailegatu dela deritzogu.



