Euskararen unibertsoa Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan 1999
SARRERA
Nafarroako ipar mendebaldea euskalduna da. Euskarak historikoki jasandako galera prozesuak barrendik higatu badu ere, familiaren bidezko hizkuntzaren transmisio naturalak ez du belaunaldi etenik izan, eten orokorrik ez bederen. Eskualde horietan dago euskara bizien Nafarroan eta 1986az geroztik aitortu zitzaion ofizialtasunarekin batera eskoletan eta tokiko administrazioan sartu zen.
Nafarroako iparmendebaldean ditugun eskualdeen artean (Leitzaldea, Larraun, Araitz, Sakana ...), Bidasoa ibaiak zeharkatzen dituen Baztan, Bortziriak eta Malerreka ditugu. Egun, hiru eskualdeok harreman estuak (kulturalak, administratiboak, ekonomikoak,...) dituzte elkarrekin eta osatzen duten eremuak batasun handia lortu du.
Eremu honetan 21.111 herritar bizi dira[1] (Baztanen 7.707, Bortzirietan 8.252 eta Malerrekan 5.152). Nafarroako populazio osoaren % 4. Eremuko hiru eskualdeetan 19 udalerri daude: Baztan harana udalerri bakar eta bakuna da, 15 herri ditu (Almandoz, Berroeta, Aniz, Ziga, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Gartzain, Lekaroz, Elizondo, Elbete, Arizkun, Erratzu, Amaiur eta Azpilkueta), Bortziriak eskualdeak 5 udalerri ditu (Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesaka) eta Malerrekak 13 (Doneztebe, Sunbilla, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Beintza-Labaien, Oitz, Urrotz, Donamaria eta Bertizarana, azken udalerri honek hiru kontzeju ditu bere baitan: Oieregi, Narbarte eta Legasa).
Hiru eskualdeek euskara zerbitzu bana dute: Baztango Udaleko Euskara Zerbitzua (Elizondon), Bortzirietako Euskara Mankomunidadeko zerbitzua (Arantzan) eta Malerrekako Mankomunitatekoa (Donezteben). Hizkuntza normalizaziorako zerbitzuok eremu osoko eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa ebaluatzeko, ohizko datu demolinguistikoez gain[2] hizkuntzarekiko jarrera, motibazio eta pertzeptzioak aztertu nahi izan ditugu, bai eta aitortutako hizkuntz jokaerak ere, ondoren euskararen normalizaziorako planak prestatzean lagungarri izan dakizkigun.
1999ko udan, zerbitzuok eskaturik eta Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundurik, Euskararen unibertsoa Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan 1999 azterketa egiteari ekin zion Iruñeko Taller de Sociología ikerketa enpresak, Carlos Vilches soziologoaren gidaritzapean. Ikerketa honek honako helburu nagusia izan du: aipatu eremuko biztanleek euskarari buruz duten diskurtsoa (deseraikitze-eraikitze prozesua) ezagutu eta analitikoki mugatzea.
Ikerketak bi zati izan ditu: bat kuantitatiboa, inkesta soziologikoen bidez egina [eremuan eskolatutako 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxo guziei (838ri) eta 17 urtetik goitiko 1.200 herritarri pasatu zitzaien]; eta bertzea kualitatiboa, talde fokalizatu eta eztabaida taldeen bidez egina. Ikerketa, funtsean, kualitatiboa izan da, eremu diskurtsiboa bere osotasunean ezagutu nahi izan du, gai ezberdinei buruz erabiltzen diren elementuak nola lotu eta artikulatzen diren hierarkikoki aztertu, norbanakoen hizketaldiek norbanakoen gaindiko egitura batera garamatzatelakoan.
Ikerketak intuitiboki susmatzen genituen egoera batzuk egiaztatu eta objetibatzeko ez ezik, detektatu gabeko zenbait ahulezigunez ohartzeko ere balio izan digu. Artikulu honetan ikerketak emandako emaitzez baliaturik, eremu honetako diagnosi soziolinguistiko osoa aurkeztu nahi dugu.
AZTERKETA KUANTITATIBOA
1.12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen giza taldea
Hiru eskualdeetako gaztetxoak batera hartuta, % 95,3k ongi ulertzen du euskara, % 92,5 ongi mintzatzen da, % 88,3k ongi irakurtzen du eta % 89,5ek ongi idazten du. Euskara gogoeta edo pentsamendu hizkuntza nagusia, berriz, % 52k dute. Euskara eta gaztelania % 36,8k eta gaztelania % 10,4k. Datu hauek ikastereduekin gurutzatuz, euskaraz pentsatzen dutenen portzentaia igotzen da hizkuntza horren presentzia irakaskuntzan handiagoa den heinean. Ikasle hauetako lautik hiruk euskaraz ikasten dute (D eredua, % 71,4). Azken urteotan eredu honen etengabeko igoera nabaria izan da hiru eskualdeetan.
Gaztetxoak, talde gisa, beren gurasoak baino euskaldunagoak dira. Aita eta ama, biak, euskaldunak dituztenak % 61,1 dira. Gaztetxoen % 89,4rentzat euskara ama-hizkuntza izan da (horietatik % 29,9rentzat erdararekin batera) eta % 10ek gaztelania baino ez zekien eskolan hasi aitzin. Gaztetxoen % 61,1ek aita-ama, biak, euskaldunak badituzte ere, aita-ama horien % 47 bakarrik solasten da euskaraz senar-emazteen artean. Eskualdeka aztertuta:
Datuetan adin muga bat garbi agertzen da hizkuntza erabilera joerei dagokielarik: 14 urte. Handik beheitikoek ikasle helduagoek baino joera handiagoa dute euskaraz aritzeko, arlo eta jarduera guzietan.
Ikastetxean berean gaztetxoek euskara gehiagotan erabiltzen dute eskolaz kanpo baino [ikaskideekin (% 55,9 beti euskaraz, % 21,7 euskaraz nagusiki) eta irakasleekin (% 56,7 beti euskaraz, % 22 euskaraz nagusiki; atsedenaldietan (% 50,3 eta % 22,7 hurrenez hurren) eta lagunen artean (% 49,3 eta % 18,9 hurrenez hurren)]. Hemen ere, 14 urtetik beheitikoek zaharragoek baino euskararen erabilera altuagoa aitortu dute.
Gaztetxoen % 73,6k euskara du ohizko harreman hizkuntza euskaldun jendearekin. Bertze euskaldunekin beti euskaraz egiteko joerak zerikusi zuzena du gaztetxoen euskara gaitasunarekin: ongi solasten direnen % 80,6 sarritan mintzatzen da euskaraz euskaldunekin. Hala ez egiteko ematen dituzten arrazoibideen artean: bertzeak erdaraz hastea (% 19,5), ohitura (% 17,4), (batzuetan) erdaraz errezagoa izatea (% 7,8).
Eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz egiteko aukera ezberdina dute hiru eskualdeetako gaztetxoek. Arlo honetako eskaintzak gabezia edo hutsune larriak ditu. Aldiz, gaztelaniaz, gaztetxoek aisialdi eta kultura eskaintza zabala, anitza eta erakargarria dute (liburuak, aldizkariak, irrati eta telebistak). Eremu honetan eskura duten euskarazko hedabideek [EITBz gain, Xorroxin irratia (eremu osoan), Xaloa telebista (Baztanen eta Malerrekan) eta Ttipi-ttapa telebista (Bortzirietan eta Malerrekan) eta izen bereko aldizkaria (eremu osoan)] bide ematen dute tokiko eskaintza ere aukeran izateko. Euskaraz eta erdaraz dauden aukeren arteko lehia desorekatua da, eta berebiziko garrantzia du, ahal den neurrian, gazteen gustoko eskaintza egiteak. Tokiko komunikabideek eskaintza hori bereziki landu beharko lukete.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza akitu eta gero, lau gaztetxotik hiruk erantzun du ikasten segitzeko asmoa duela. Horietatik % 74,4k euskaraz ikasten segitzeko asmoa du.
2. 17 urtetik goitiko giza taldea
Gizatalde honek ondoko ezaugarriak ditu datutan: % 11,3k ez du ikasketa arauturik egin. Portzentaia dexente igotzen da 61 urtetik goitikoen taldean (% 34,1).Orokorrean, emakumeek ikasketa maila altuagoa dute. Sorlekuari dagokiolarik, % 81 Baztanen, Bortzirietan edo Malerrekan sortu dira eta % 6 Nafarroako bertze eskualde batean. Estatuko bertze herrialde batean sortuak % 13 dira, eta horien erdiak baino gehiago Euskal Autonomi Erkidegoan. Bertakoak euskaldunzaharrak izaten dira, eremutik kanpo sortutakoak, berriz, erdaldunak izaten dira.
Lanbideari erreparatuta, helduen artean bortzetik bat (% 21,2) jubilaturik dago. Jubilatuak alde batera utzita, hauek dira sektorerik jendetsuenak: zerbitzuen sektorea (merkatariak, funtzionariak, autonomoak..., emakumezkoak nagusiki), etxeko lanak (hiru emakumeetatik batek du bere etxeko lana ardura nagusia) eta industria sektorea (Bortzirietan, batez ere), nekazaritza-abeltzaintza (Baztanen, batez ere, eta gizonezkoak nagusiki).
Lan egoeraren eta euskara mailaren arteko harremana azterturik: erdaldunen erdiak edo jubilaturik daude edo norberaren etxeko lanetan aritzen dira; nekazaritzan-abeltzaintza aritzen direnak euskaldunzaharrak dira, euskaldunberri anitz irakasleak dira.
Euskaraz mintzatzeko gaitasunaz galde eginda, honako hau erantzun dute:
| ESKUALDEKA | ADIN MULTZOKA | |||||||
| Mintzatu | Eremu osoa | Baztan | Bortziriak | Malerreka | 17-24 | 25-39 | 40-60 | 61 edo + |
| Ongi | 77,7 | 75,9 | 75,5 | 84,5 | 89,5 | 72,6 | 73 | 81,4 |
| Nekez | 11 | 9,7 | 13,3 | 9 | 7 | 16,4 | 11,7 | 7,3 |
| Deus ez | 11,2 | 14,4 | 11,2 | 6,5 | 3,5 | 11 | 15,3 | 11,3 |
Euskara gogoeta edo pentsamendu hizkuntza nagusia % 45,6k dute. Euskara eta gaztelania % 17,6k, eta gaztelania nagusia % 36,8k. Atentzioa ematen du beren burua euskalduntzat jotzen dutenen (% 77,7ren) eta euskara gogoeta hizkuntza dutenen (% 45,6ren) artean dagoen aldeak. Euskara ama-hizkuntza izan arren, euskararen erabilera sozial urriak ekarri du euskaldun jendearengan berarengan gaztelera gogoeta hizkuntza izatea.
Euren burua defini zezatela eskaturik:
| Euskaldunzahar alfabetatu gabea | % 43,8 |
| Euskaldunzahar alfabetatua | % 27,6 |
| Euskaldunzahar tituluduna | % 6,1 |
| Euskaldunberri alfabetatua | % 1,5 |
| Euskaldunberri alfabetatu gabea | % 0,7 |
| Euskaldunberri tituluduna | % 0,4 |
| Ikasten ari naiz | % 2,3 |
| Banekien baina ahantzi zait | % 4 |
| Ez dakit | % 13,6 |
Datuetan ikusi bezala, euskaldun gehienak (adinean goiti egin ahala gero eta gehiago) alfabetatugabeak dira. Horiei alfabetatzera joanen liratekeen galde eginda, % 19,5ek baietz erantzun du, baina inkesta egin zen garaian % 0,8 baizik ez zebilen alfabetatzen.
Helduen % 78k aita-ama euskaldunak zituzten, % 10ek gurasoetako bat eta % 12k bat ere ez. Guraso erdaldunak dituztenak/zituztenak gehiago dira Bortzirietan (% 16,7). Adinean goiti egin ahala, aita eta ama euskaldunak dituzten/zituztenen kopurua igotzen da (61 urtetik goitikoen taldean % 85,1 da). Heldu erdaldunen erdiak baino gehiegok (% 53,5ek) aita eta ama euskaldunak dituzte/zituzten, eta bertze anitzek (% 20k) bata edo bertzea. Belaunaldi horretan gurasoen hizkuntzaren transmisioan galera handia izan da. Dena den, bertze datu batzuk ditugu, anitzez ere apalagoak badira ere, hizkuntzak bertze bide batzuetatik hiztunak irabazten dituela erakusten digutenak: euskaldunberrien erdiek (% 52,1ek) aita eta ama erdaldunak dituzte/zituzten.
Elkarrizketatutako helduen % 44,3k seme-alabarik ez duela aitortu du. Seme-alabarik dutenei (% 55,7ri) galde eginik: % 89k diote seme-alaba guziek euskaraz dakitela, % 5ek ez denek, eta % 6k batek ere ez dakiela.
Ikertutako hiru gizalditako datuak hartzen baditugu, ondoko hizkuntza bilakaera aurkituko dugu:
Eremu osoa harturik, euskarak goiti egin du gizaldiz gizaldi. Baztan eta Malerrekan helduek euskara galdu dute gurasoen aldean, Bortzirietan berriz, helduak beren gurasoak baina euskaldunagoak dira. Seme-alabendako euskararen transmisioan berriz, euskarak goiti egin du hiru eskualdeetan.
Ikus ditzagun orain erabilerari buruzko datuak: heldu euskaldunek euskaraz norekin, non eta noiz egiten duten galde eginda, indizerik apalenekoak osasun arloko langileekiko harremanak dira; Nafarroako Gobernuko bertze langileekin izaten dituzten harremanak; ezkongai euskaldunen arteko harremanak (Baztanen soilik ezkongaien % 42k egiten du elkarrekin euskaraz, Bortzirietan % 60,9k eta Malerrekan % 75ek) eta Baztanen udal administrazioa ere (alkate-zinegotziekiko harremanak) agertu da.
Jarduera soziokulturalei dagokienez, 1993ko datuen aldean, 1999an egoera baikorrago dugu. Euskaraz gehien burutzen diren jarduerak: telebista ikusi eta euskal musika eta irratiak entzutea dira. Euskaraz gutxien jorratzen diren alorrak: mintzaldietara joatea, idatzi eta irakurtzea eta kirol/aisialdiko ekintzak dira.
Komunikabideen arloan: nagusiki euskarazko irratiak entzuten dituzte (Xorroxin, Euskadi Irratia eta, Euskadi Gaztea). Telebistarik ikusienak, berriz, erdarazkoak dira. Euskarazko telebisten artean ETB1 % 90 baino gehiagok ikusten dute, ikuslego apalagokoak dira, berriz, Ttipi-ttapa TB eta Xaloa TB. Prentsari dagokionez, erdarazkoa da irakurriena (egunkari eta aldizkariak), euskarazkoen artean Ttipi-ttapa hamabostekaria da irakurriena (% 80 baino gehiagok).
Elebitan idatzitako testuen aitzinean % 48,9k gaztelaniaz irakurtzen dute (Baztanen beriziki), % 28,8k gehienetan euskaraz eta % 18,1ek gaztelaniaz zein euskaraz. Eskualde guztietan euskararen aldeko hautua gazteei loturik agertzen da. Gaztelaniaz hautatzearen arrazoia: errazagoa delako eta ohituragatik. Datu honek zerikusi zuzena du alfabetatze maila apalarekin.
Euskaldun jendearekin euskaraz egiten ote duten galde eginik:
| ESKUALDEA | SEXUA | ADINA | ||||||||
| Eremu ososa | Baztan | Bortziriak | Malerreka | Gizonez. | Emakumez. | 17-24 | 25-39 | 40-60 | 61 edo + | |
| Bai | 76,7 | 72,8 | 74,8 | 85,4 | 81,9 | 71,5 | 71 | 68,8 | 78,4 | 86,4 |
| Ez | 23,3 | 27,2 | 25,2 | 14,6 | 18,1 | 28,5 | 29 | 31,2 | 21,6 | 13,6 |
Heldu euskaldunen % 76,7k dio posible den guztietan euskara egiten dutela[3] (1993ko ikerketa batean % 80,4k erran zuen hori). Atxekimendu edo fideltasunik handienekoak Malerrekako euskaldunak dira, % 85,4k erantzun baitute ahal duten guztietan euskaraz egiten dutela. Gizonezkoek hizkuntzari eusteko joera nabarmenagoa erakutsi dute. Euskara ahal den guztietan erabiltzeko joera euskaldunzaharrei eta 61 urtetik goitikoei loturik agertzen da argi eta garbi. Euskaraz ez egiteko arrazoiaz galde egin eta sarrien erantzun dutena: ohitura falta % 48,1ek, gaitasun falta % 17,4ek eta erdaraz errezagoa delako % 17,1ek. Euskaraz egitea zailen diren esparruak: administrazioa, osasun etxea eta eskualdeko denda batzuk.
Heldu erdaldunak % 13,6 dira. Erdaldunen % 36,8k adierazi dute betidanik eremu honetan bizi direla (Bortzirietan portzentaia dexente apalagoa da: % 24,1). Erdaldunei euskara jakitea gustatuko ote litzaiekeen galde eginik, gehien-gehienek (% 92,4k) euskaraz jakitea gustatuko litzaiekeela adierazi dute. Ezezko erantzunen portzentaia % 7,3koa izan da (altuxeagoa emakumezkoen taldean eta 61 urtetik goitikoen artean).
Zergatik ez dute euskara ikasten? arrazoi erantzunenak honako hauek izan dira: Denbora falta (% 21,2), euskararen zailtasuna (% 12,5), alferkeria (% 9,4), Ez diot nire buruari behin ere planteatu�» Baztanen erantzun dute bereziki. Ez dut behar�» 40tik 60 urte bitartekoek erantzun dute nagusiki. Adinean goiti egin ahala, handiagoa da eginkizun horretarako zaharregiak direla erantzun dutenen portzentaia. % 40 inoiz saiatu da euskara ikasten (Bortzirietan % 48,2). Elkarrizketatuen adina jaitsi ahala, euskara ikasten saiatu direnen kopuruak goiti egiten du. Gehienek ez dute arazorik izan euskaraz ez jakiteagatik (% 67, 61 urtetik goitikoen artean altuagoa da), Harreman eta esparru batzuetan arazorik izan dutenak % 24,1 dira (hizkuntza arloko gabezia horren ondoriozko zailtasunak nabarmenago aitortu dituztenak gizonezkoak eta 24 urtetik beheitikoeak dira).
Nola nahi dute helduek euskara etorkizunean? % 60k hizkuntza nagusia izatea (Malerrekan, batez ere); % 37k bi hizkuntzen erabilera parekatua (emakumezkoak, batez ere), % 1,6k erdara nagusi. Elkarrizketatuen euskara mailak eragin handia du hautuan: euskararen nagusitasunaren aldekoenak euskaldunberriak dira. Halaberean, aipagarria da erdaldunen % 23,7k etorkizuna euskaraz nahi izatea.
Euskararen alde antolatzen diren ekitaldiak aski direla hirutik bik uste dute: % 66,4; gehiago antolatu beharko liratekeela gazteek eta euskaldunberriek uste dute bereziki eta % 1,8 baizik ez dago horien kontra. Euskara sustatu nahi duten taldeetan biztanleen % 8,2k parte hartzen dute. Arlo guzietan ikusten dute euskara sustatu beharrekoa, administrazioan, irakaskuntzan, gizarte bizitza/kale/lagun artean eta zerbitzu publikoetan bereziki.
Eremuko euskara taldeak (Doike, Erausian eta Langarra) zein bere eskualdean ezaguna ote diren galde egin dugu. Orohar, eremu osoa hartuta, % 39,6k ezagutzen dituzte. % 23,4k adierazi du euskararen arloan lan egiten duen bertze talde/erakunde bat ezagutzen dutela (AEK, IKA,EHE, Euskaltegia). Hirutik batek euskararen erabilera sustatzeko inolako ideiarik proposatu ez badu ere, jasotako proposamenak bi ardatzen inguruan dabiltza: sentsibilizatzea eta eskola eta irakaskuntza esparruan sustatzea
% 89,9k bertze hizkuntzen parean jartzen dute euskara, eta kultura eta zientzia munduan erabilgarri dela uste dute. % 5,9k uste dute euskara erabileragune mugatu batzuetarako hizkuntza dela eta etorkizunean galdu edo eremu pribatuan bakarrik erabiliko dela.
AZTERKETA KUALITATIBOA
Ikerketaren alderdi kualitatiboak eman dituen emaitzak azaltzen hasteko, behar-beharrezkoa da azaleratzen ari den herri-giro berria eta modernitateak ekarritako aldaketak adieraztea, horiek zuzen-zuzenean eragiten baitute euskarari buruz sortzen ari den diskurtso berrian.
Gizartean gertatu diren aldaketa sozioekonomikoez ari gara eta horiek bizimodu berria ekarri dute. Hau da, naturarekiko harremana aldatu da, bizi-eredu industrialagoak nagusitzen ari dira, familien eta herrien artean bizirik zeuden harreman eta ohiturak aldatu-desagertu dira, etab.
Funtsean, aldaketa hauek guziak oinarrizko eskema honen bitartez ikus daitezke:
Aldaketa horien artean eta euskararen egungo egoeran duen eraginagatik, kontuan hartu behar dugu bizimodu berriak euskarak bere-bereak zituen hainbat eremu galtzea (auzokideen arteko hizketaldiak, elizkizunen ondorengo solasaldiak, ahozko harremanen nagusitasuna) ekarri duela. Beraz, gaur egun euskararen erronka nagusia bereak izanen diren eremuak bilatzea da eta jakina, euskararen normalizazioan dihardugun talde eta erakunde ororen eginkizuna da hori.
· Euskararen egoeraren gaineko pertzeptzioaIkerketan parte hartu duten berriemaileek euskararen egoerari buruz kualitatiboki duten pertzeptzioa gainetik azalduko dugu.
Oro har, euskararen galerari aurre egin zaiola uste dute eta igoera kuantitatiboaren barne garrantzitsua iruditzen zaie euskaraz alfabetatuak direnen kopuruak igo izatea. Halere, nabarmen ikusten dute euskararen kalitatean ematen ari den gibelerako pausoa, batez ere euskararen etengabeko gazteleratze prozesuaren ondorioz.
Bertzalde, oraindik orain berriemaileen artean euskara batua euskalkiari gailenduko zaion beldurra eta errezeloa agertu izatea nabarmentzekoa da.
Gizarte eredu berri horretan euskararen eremuak nagusiki bi dira, eskola ingurua eta familia giroa, eta gaur egun euskaraz bizitzea ia ezinezkoa dela kontsentsuatua dagoen iritzia da.
Halere, euskararen erabileran eragiten duten faktoreen artean ohituren pisua behin eta berriz nabarmendu dute eta ohiturak aldatzeko motibazio eta kontzientziazio maila haundia behar dela azpimarratu dute.
Administrazioan, osasun alorrean, merkataritzan, lan munduan... euskararen normalizazioa bideratzeko eman diren urratsak eskasak iruditzen zaizkie. Honi dagokionez, nabarmena da gehienek (berriemaile kontzientziatuenek edota euskaldun aktiboenek izan ezik) gizarte esparru ezberdinetan euskarak aurrera egin dezan eman beharreko urratsak bertzeren�» gain utziak dituztela, hau da, merkataritzan saltzaileen esku, lan munduan nagusien esku, administrazioan udal agintarien esku, etab. eta beraz, norberak alor bakoitzean izan behar duen ekimena ez dute aintzat hartzen. Datu hauek bat egiten dute atal kuantitatiboan azaldutakoekin, izan ere, osasuna eta administrazioa bezalako alorrak baitira erabilera tasarik baxuenak erakutsi dituztenak. Berriemaile kontzientziatuenek edota eskualdun aktiboenek berriz, normalizazioan urratsak ematea gizarteari eta beraz, norberari dagokiola uste dute. Honenbertzez, dendetara joatean bezeroak lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia azaldu dute, eta berdin gainerako esparruetan.
Osasun alorreko langileek euskaraz jakitea lehentasunezkoa iruditzen bazaie ere, batez ere gaixoen komunikatzeko beharrak asetzeko bertzerik ez da eta beraz, gaztelaniaz komunikatzeko zailtasunak izan ditzaketen bi adin multzoak (haurrak eta zaharrak) dira afektatuenak. Ikus daitekeen moduan, kezka sortzen duena zenbaitek mediku-erizainekin komunikatzeko izan dezaketen zailtasuna da eta inondik ere ez da azaldu euskaldunek (gaztelaniaz komunikatzeko zailtasunik ez badute ere) zerbitzu publikoetan euskara erabiltzeko duten eskubidea.
Atal kuantitatiboan irakaskuntzari buruz emandako datuek baikor egoteko moduko egoera aditzera eman badute ere, kezka handia agertu da DBH akitu ondorengo euskarazko eskaintza urria delakoz, eta bereziki Nafarroako Unibertsitate Publikoa aipatu dute. Izan ere, Nafarroako unibertsitateetan [NUP eta Nafarroako (Eliz-)Unibertsitatean] euskaraz ikasteko aukera eskax-eskaxa dago, eta aurrerantzean eskubide horri muga ertsiagoa paratu nahi diote. Gehiengo klase politikoak errealitate honekiko erakusten duen sentiberatasun faltaren[4] aitzinean funtsezkoa da gizartearen alde guzietatik presiobidea egitea. Maila akademiko gorenetik euskara baztertzeak profesional berrien prestakuntzan ez ezik, hizkuntzaren prestigioaren eta baliogarritasunaren pertzeptzioan ere eragin zuzena du.
· Erdaldunen unibertsoaErdaldunek euskararekiko duten diskurtsoa nork bere egoeraren onarpenean oinarritzen da.
Proportzioz, erdaldunen artean nagusi den giza multzoa helduena da. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu ikergai izan den eremuan heldu erdaldunen giza multzoak dituen ezaugarriak ongi definitzea:
- euren egoera onartzen dute, eguneroko bizitzarako trabarik ekartzen ez dielakoz
- eroso bizi dira
- konpromezu sozial nahiz pertsonalak hartzeari muzin egiten diete
- ez dute hizkuntzaren inguruan gatazkarik sortu nahi
- gizartearen botereguneetan ongi kokaturik daude eta kasu aunitzetan euskararen normalizazio prozesuaren aitzinera/gibelera pausuen arduradunak dira
- frankismoaren ondoren gizarte aldaketa eragin zuen belaunaldia da baina botere maila ailegatu ondotik, jardunbideen moderazioa nagusitu da eurengan
- belaunaldi kritikoena da eta plano idealean aldaketa sozial gehien planteatzen duena bada ere, plano pragmatikoan bere belaunaldiarengan egin behar diren aldaketak ez ditu eragin nahi
Erdaldun hauentzat, euskara beharrezkoa ez den gizarte batean ikasteko motibazio haundia behar da eta beharrezkoa ez den neurrian, bertzelako lehentasunak gailentzen zaizkie. Horrekin batera, euskara ez ikasteko argudioen artean hizkuntzaren zailtasuna eta adina behin eta berriz aipatzen dituzten faktoreak dira ikerketaren bi ataletan..
Halere, erdaldunen jatorriaren arabera bi diskurtso ezberdin azaleratu dira. Batetik bertze tokietatik eremu honetara etorritako erdaldunek euskalduntzeko interes eta behar haundiagoa erakusten dute. Aldiz, bertan sortu diren erdaldunek euskararekiko kezka gutxiago dute. Azken finean, datu hau ez da berria, izan ere eremuko euskaltegietan eta oro har normalizazio jardueretan dihardugunok aspaldi somatua baikenuen ezberdintasun hori.
Erdaldunek euskara ikasiko ez dutela onartua badute ere, seme-alabak eskola eredu elebidunetara bidalita hurrengo belaunaldiei euskara transmititzearen beharra segurtatua ikusten dute.
Laburbilduz, euskara ikasteko prest ez daudenen diskurtsoa konkatenazio diskurtsibo honetan oinarritzen da:
Azterketa kualitatibo zein kuantitatiboaren emaitzak ikusirik, datozen urteotako eskuhartzeari dagokionez lehentasunezko giza taldea da heldu erdaldunek (eta euskararen erabilerari dagokionez, baita heldu euskaldunek ere) osatzen dutena. Euskararen etorkizuna haur eta gazteengan utzia duten heldu hauek gizartean kantitatez nahiz kalitatez pisu gehien duen taldea osatzen dute. Hau da, proportzionalki talderik haundiena izateaz gain, ez dugu ahantzi behar talde honetan daudela udaletako agintariak, ikastetxeetako irakasleak, osasun zentroetako langileak, enpresetako nagusi eta enkargatuak, merkataritza establezimenduetako jabeak eta langileak, gurasoak... eta oro har, gizartean erabakitzeko ahalmena dutenak. Beraz, hauek euskararen inguruan izan dezaketen jarrera funtsezkoa izanen da etorkizun laburrean, normalizazio bidean ere eragile zuzenak direlakoz.
· Euskara ikasteko motibazioaArestian errandakoaren haritik, euskara ikasteko interesa mugatzen duen lehen argumentazioa gaztelaniaz arazorik gabe bizi ahal izatea da. Beraz, kostu-etekina ekuazioa eginez gero, badirudi hainbertze ematea ez duela merezi. Hizkuntzaren beharra eta erabilera soziala estuki loturik doaz.
Euskara ikasten (euskalduntzen nahiz alfabetatzen) aritu direnen artean jarraipen falta somatzen dute eta ohikoa omen ikastaroetan hasi baina horiek ez bukatzea, jarduera soziokultural guzietan gertatzen omen denez.
Euskara ikasteko arrazoien artean argudio pragmatikoa nagusitzen da guzien gainetik. Hau da, euskara ikasiz gero lanpostu bat aurkitzea errazagoa dela uste dute, batez ere administrazioan. Argudio honek euskaldun aktiboenen artean kezka sortzen du, izan ere arrazoi horregatik ikasiko dutenek hizkuntza erabiliko ote duten ez baitute argi ikusten. Azken finean euskara ikasteko motibazioaren eta beharraren arteko oreka mantentzeko zailtasunak azaleratzen dira.
Azkenik, euskaltegien izaera ere euskara ikasteko/ez ikasteko erabakigarria izan daitekeela dirudi. Izan ere, ikerketa kualitatiboan euskaltegiak ideologia zehatz batzuekin lotzen dituen sektorea ere agertu baita.
· Euskaldunak eta euskaraAlfabetaturik ez dauden euskaldunei zaila egiten zaie euskara kultua nagusi den gune berrietara sartzea. Horregatik, hasiera batean beren hizkuntz mugez gaindi dagoen oro saihesten dute. Arestian aipatutako helduen perfila gogora ekarri eta horiek gizarte bizitzan duten eragina kontuan harturik, ezinbertzekoa da helduen alfabetatze eta trebatze kulturalean azpimarra paratzea.
Eskualdeko komunikabideen garrantzia ikerketan zehar behin baino gehiagotan azaleratu bada ere, Ttipi-ttapa hamabortzekariaren kasuan nabarmena da euskaldun ez alfabetatuengan izan duen eragina. Izan ere, aldizkari horrek dakarren informazioa (bertakoa, hurbilekoa, beharrezkoa...) atsegin dutenez, hizkuntz muga horiek gainditu eta jokabideak aldatu dituzte. Ikerketaren eremu osoan banatzen den aldizkaria izanik, normalizaziorako tresna egokienetakoa dela baieztatu digu ikerketa honek, euskaldun aunitzentzat euskarazko lehen irakurgaia izateaz gain, gaur egun euskarazko irakurgai bakarra izaten jarraitzen baitu.
Euskaldunek beren artean gaztelania erabiltzeko argudioen artean ohitura da pisu gehien duena, azterketa kuantitatiboan ere ikusi dugun bezala. Euskal familietan (senar-emazten artean ez ezik, anai-arreba gazteen artean ere) eta batik bat, ezkontide/bikote euskaldunen artean, nabaria da gaztelaniak duen nagusitasuna. Lehentasunez eragin beharreko bertze alorra da hau, batetik familia historikoki euskarak bere-berea izan duen eremua delakoz eta bertzalde, ezkontide edo bikote gazteak direlakoz etorkizunean hizkuntz transmisioaren eta familiako hizkuntz erabileraren ardura izanen dutenak.
Euskaldunen artean gaztelania erabiltzeko ohitura iraultzeko bideen artean, euskarari prestigioa eman beharra aipatu dute. Horretarako hizkuntzari loturiko erreferente berriak sortu behar dira. Errate baterako, irakaskuntza, kirola, sukaldaritza, zientzia eta gisa horretako alorretako profesionalak komunikabideetan euskaraz agertzeak hizkuntzari prestigioa ematen dio. Beraz, badirudi ez garela sobera erratu ikergai izan den eremuan nahiz maila zabalagoan sentsibilizazio kanpainak edo oro har, normalizazio egitasmoak bideratzerakoan euskaldun ospetsu edo ezagunen irudia erabili dugunean.
Atal kuantitatiboan aisialdiari buruz eman ditugun datuak gogora ekarrita, lehentasunen artean dago aisialdi eta eskolaz kanpoko jardueren euskarazko eskaintza zabaltzea eta hobetzea.
· Euskalgintzako taldeei buruzko pertzeptzioaEremuan euskararen normalizazioan diharduten talde eta erakundeen artean ezagunenak bertako komunikabideak dira eta arestian aipatu bezala, Ttipi-ttapa aldizkaria da preziatuena. Halere, tokiko irrati eta telebistek bereziki landu beharko lukete gazteen alorra eta adin talde honentzako programazioa (saio erakargarriak, bereziak, etab.). Euskaltegiak ere oro har ezagunak dira.
Eremuko hiru euskara taldeei (Baztango Doike, Bortzirietako Erausian eta Malerrekako Langarra) dagokienez, ez dira hain ezagunak, atal kuantitatiboan erran dugun bezala. Ezagutzen dituztenen ustez, hasierako indarraldiaren ondotik nolabaiteko gainbehera izan dute.
Azkenik, udal/mankomunitateetako euskara zerbitzuekiko ezagupen falta nabaria da. Zerbitzu hauek ezagutzen dituztenek harreman zuzena dute bertako teknikariekin eta gehienez ere, kanpora begira egiten dugun lana ezagutzen dute (kanpaina zehatzak, itzulpenak, kultur ekitaldiak...).
Beraz, badirudi zerbitzu hauek herritarren artean ezagutzera emateko beharra dagoela eta ikerketaren egileek proposatutakoaren arabera, epe laburrean marketing eta irudi estrategia bat diseinatu beharko genuke, zerbitzuak ezagutzera emateaz gain, horien eginkizunak zehazki agertzeko.
· Azaleratzen ari den diskurtso berriaAzkenik, euskararen inguruan azaleratzen ari den diskurtso berria nola kateatzen ari den ikusiko dugu ondoko eskemaren bitartez, errandako guzia laburbiltzeko asmoz:

Ikerketa honen ondorioz, zenbait gizarte tipologia bereizi ditugu. Aldagai anitz erabili ditugu hizkuntzaren ezagutza eta erabilerarekin (euskaldunen kasuan), eta hizkuntzarekiko jarrerekin (erdaldunen kasuan) gurutzatzeko.Hona hemen bortz tipologiak, bakoitzaren ezaugarri nagusia eta gizartean duen pisu portzentuala:
- 1. tipologia: Euskaldun aktiboak.Euskaraz jakin eta erabiltzen dutenak: % 62,6
- 2. tipologia: Euskaldun pasiboak.
- Euskaraz jakin arren, euskara gutxitan erabiltzen dutenak: % 17,4
- 3. tipologia: Euskaldungaiak. Euskara ikasten ari direnak: % 2,3
- 4. tipologia:Erdaldun aktiboak.
- Euskaraz ez jakin arren, oro har, euskararen aldeko jarrera dutenak: % 16,3
- 5. tipologia: Erdaldun pasiboak.
- Ez dakite euskaraz eta ez dute hizkuntza garatzeko interesik: % 1,4
[1] Nafarroako populazioaren estatistika. 1996. Populazioaren banaketa euskararen ezagutzari buruz. Nafarroako Gobernua. Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia, Iruña, 1999. 2 urte eta hortik goitiko populazioa hartu dute.
[2] Errolda, zentsu eta mapa soziolinguistikoak.
[3] Ez dugu atzendu behar elkarrizketatuek beraiek aitortutako datua dela, ez neurtutako datua. Eremuan egindako hondar karrika neurketek helduen arteko erabilera apal xamarra erakutsi dute. Idealaren eta jokaera errealen arteko jauzia handia da.
[4] A nosotros nos parece que la Universidad Pública de Navarra tiene que ser en castellano, y no en castellano y en euskara, porque el Partido Socialista entiende que el euskara es un vehículo de comunicación de la sociedad y la universidad es un lugar donde no se va a aprender un idioma sino a aprender conocimientos (...) por razón de sentido común y también por razones económicas, (la UPNA) es una universidad que tiene que ser fundamentalmente en castellano�» Juan José Lizarbe, PSN. GARA, 2000ko apirilaren 6a, 20 or.



