Unibertsitatean euskaldunon eskubideak 2. mailan daude

Alaitz Areitio
Aipamenak
Esan beharra dago, karrera asko direla euskarazko ikasgai bat edo bi dituztenak. NUPen kasua, berriz, oso da larria. Aipagarria da zuzenbide karrera Ibaetan euskaraz egotea (materiala izan ezik) eta bitartean Nafarroan irakasgai bakarra izatea euskaraz.

Guzti honi aurre egiteko ziur gaude irtenbidea Hizkuntza Normalkuntzarako Plangintza Nazionala dela. Unibertsitateen elkarlanaz, euskal adarraren benetako garapena gerta dadin. Honela, gure hizkuntza eskubideak errespetatuak eta bermatuak izan daitezen.

Guk lanean jarraituko dugu unibertsitatean euskaldunok 2. mailakoak izan ez gaitezen. Gure eguneroko lan eta borrokaz etorkizunerako kalitatezko formazioa eta fakultateetan euskaraz bizitzea lortuko dugu.

Euskal Herrian dauden unibertsitate publiko desberdinetan, euskara eta euskaldunon egoera ez da batere ona. Fakultatez fakultate oso egoera desberdinak diren arren, guztiz euskaldunduta dagoen karrera bakarra Ibaetako magisteritza da. Campus berberean, Zuzenbidea da egoera onenean dagoen karrera, irakasgai guztiak euskaraz ematen baitira nahiz eta materiale asko gazteleraz dagoen.

Beraz, euskara hutsez ikastea ez da posible. Orokorrean, diagnosia egiten badugu argi ikusten da karrera batzuetan enborrezko guztiak euskaraz izan arren, hautazko ikasgaietan arazoak daudela. Batzuetan, hautazkoen erdia soilik ematen da euskaraz, beste batzuetan, ordea, egoera okerragoa da: pedagogia, gizarte hezkuntza, psikopedagogia eta informatikan adibidez, eskeintzen laurdena inguru bakarrik dago euskaraz. Enpresaritza, mekanika, historia eta ekonomia karreretan, esate baterako, hautazko guztiak gaztelera hutsez dira.

Aipatutako karreretako arazoa esanahi handikoa da. Alde batetik, euskaraz ikasi nahi izanez gero gure formazioa mugatzen baitugu euskaraz dauden ikasgai jakin batzuk hartuz. Gainera, askotan espezializazioa ezin da euskaraz egin eta horrek gazteleraz ikastera behartzen gaitu. Ezin da ahaztu materiala gazteleraz egoteak dakarren zailtasuna. Alde batetik, ikasgai berbereko apunteak bi hizkuntzatan daudelako, irakurgaiak gazteleraz eta irakaslearen klase orduak euskaraz. Honek ikasteko orduan sortzen duen nahasmena ikaragarria da eta ikasleak bere aldetik, testu edo irakurgaiak euskaratzeak denbora inbertsio itzela eskatzen dio. Honegatik, materiale bera asimilatzeko denbora bikoitza behar izaten dugu. Beste alde batetik, gazteleraz irakurri eta azterketa euskaraz egiteak sortzen dituen arazoak ezin dira alde batera utzi.

Orain arte aipatutakoak egoera onenenean dauden karrera batzuk dira, beste asko okerrago baitaude: Kimika, arkitektura, industri ingenieritza,... Hauek 2. edo 3. maila arte soilik daude euskaraz hortik aurrera dena gazteleraz ematera behartuak daude. Kontutan hartzekoa da, nolako aldaketa dakarren urte batetik bestera bat batean euskaraz ikastetik gaztelera hutsean ikastera pasatzeak.

Azkenik, eta egoera okerrenean dauden karreretan, euskarazko irakasgai bakarren bat dutenak ditugu (askotan euskara teknikoa da ikasgai hau). Badaude euskaraz ezer ere eskaintzen ez duten karrerak ere. Ingenieritza (topografia, kimika, elektronika, elektrizitatea); enpresaritza (Gasteizen); gizarte lana (Gasteizen dena gazteleraz); telekomunikazioa (1go maila euskaraz eta hemen ere bi ikasgai gazteleraz); kimika (Gasteiz); Ekonomia (Iruñean); gizarte lana (Iruñean); telekomunikazioa (Iruñean ikasgai bakarra euskaraz); industri injenieri teknikoa nekazaritzan espezializatua (Iruñean); eta industri injenieritza aipatu daitezke beste batzuen artean.

Esan beharra dago, karrera asko direla euskarazko ikasgai bat edo bi dituztenak. NUPen kasua, berriz, oso da larria. Aipagarria da zuzenbide karrera Ibaetan euskaraz egotea (materiala izan ezik) eta bitartean Nafarroan irakasgai bakarra izatea euskaraz. Beraz eta datu hauek ikusirik, argi gelditzen da muga administratiboak oztopo bat direla unibertsitatea euskalduntzeko orduan.

Nafarroan orain arte ez da hizkuntza normalkuntza plangintzarik egon eta aurten inposatu nahi izan duten planak atzerapausoak ekarri zituen, euskarazko eskaintza enborrezkoetatik kendu eta hautazko gutxi batzuetara zokoratuz. Beste alde batetik, EHUk egindako "plangintza" ere salagarria da. Karreraz karrerako egoera ikusita, agerian gelditzen da euskaldunon hizkuntza eskubideak ez direla bermatzen unibertsitatean.

Hartutako konpromezuak ez dira betetzen eta karrera batzuen egoera lotsagarria den bitartean egoera hobean daudenetan ez da aurrerapauso gehiago ematen. Egoera latz hau ikusita, eta kontutan izanda duela urte batzuk larriagoa zela, Euskal Adarra lanean hasi zen eta horretan dihardu.

Errealitate honi irtenbidea emateko, ikasleen asanbladetatik sortuta, irakasle eta langileekin elkarlanean, fakultatez fakultateko lorpenak izan dira. Argi dago arazoa ez dela ikasleena soilik; ikasleok ezin dugu euskaraz ikasi, irakasleek ezin dute euskaraz irakatsi eta langileek ere ezin dute unibertsitariek bezala, euskaraz bizi. Euskal Adarraren helburua unibertsitatean euskaraz ikasi eta bizitzera iristea da. Horretarako, elkarlanean urrats txikiak planteatzen dira, tokian toki lan eginez eta ildo desberdinak jorratuz. Departamentuekin egon, zein irakasgai euskaldundu behar den ikusi, kontratazioen inguruan hitzegin, eta eskaera orriak bidaltzea bezalako lanetatik hasi eta desobedientzia jarreretaraino iritsiz: gaztelerazko klaseetan lanak euskaraz entregatuz, euskaraz ez diren klaseei uko eginez,...

Euskal Adarrean lotura naturala dago Bizkaia, Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako campusen artean. Nahiz eta muga administratiboak hor egon, hauek gainditu eta argi ikusten dugulako arazoa funtsean, guztiona eta berbera dela. Nafarroan inposatu nahi izan duten "Erdalduntze plana" eta EHUk egindako sasiplangintzak, ez dute inolako aurrerapausu eta onurarik eskeintzen. Plangintza hauekin elebitasunaren alde positiboa saldu nahi izan digute, hautazkoak gazteleraz eta euskaraz eskaintzea ikasleen formazioan oso aberasgarri dela argudiatuz. Baina errealitatea oso bestelakoa da, ikasgai batzuk bi hizkuntzatan eskeini arren, asko hizkuntza bakarrean soilik eskeintzen dira, gazteleraz. Honela, euskaldunok gaztelerazko ikasgaiak hartzera behartuta gaude eta gaztelerako ikasleek aukera bikoitza dute, gaztelera hutsean ikasteko aukerarekin batera. Beraz, elebitasun faltsu hori euskararen kalterako da, ez baita inolaz ere kondizio berdinetan ematen eta gaztelerazko klaseei lehentasuna ematen baitzaie.

Guzti honi aurre egiteko ziur gaude irtenbidea Hizkuntza Normalkuntzarako Plangintza Nazionala dela. Unibertsitateen elkarlanaz, euskal adarraren benetako garapena gerta dadin. Honela, gure hizkuntza eskubideak errespetatuak eta bermatuak izan daitezen. Orain arteko sasiplangintza eta aitzakia merkeak alde batera uzteko garaia heldu da.

Bitartean, Hizkuntza Normalkuntza Plangintza Nazionala lortu arte, eta orain arteko agintarien borondate eza ikusita, fakultatez fakultate lanean jarraituko dugu, lorpen txikiekin karrera bakoitza euskaldunduz.

Diagnosi orokor batetik abiatuz eta datorren urtera begira, aurten minimoak definitu ditugu: 286 irakasgai euskalduntzea beharrezko dela ikusi dugu. Zifra hau oinarrizkoa eta minimoa da, hasierako datuak ikusita nabaria da askoz ere gehiago direla euskaldundu beharrekoak. Honela, karrera bakoitzean ikasgaiak definitu eta horiek lortzeko lan egin dugu eta datorren urtean ere horretan jarraituko dugu. Argi daukagu, euskaldunok geure lanez lortuko dugula unibertsitatea euskalduntzea, oztopo administratibo eta sasiplangintzen gainetik.

Bukatzeko esan dezagun trataera berezia eman behar diogula irakasle eskolen egoerari. Etorkizuneko irakasleak hauek izango direla jakinik, oso da kezkagarria euskara hutsezko ikasketak Ibaetan soilik burutu ahal izatea. Eskoletan gaztelerazko irakasle elebekarrak sobera dauden une hauetan, eta euskarazko eskaera gero eta handiagoa denean, zentzugabea da magisteritza eskoletatik irakasle erdaldun elebakarrak irtetzea. Honela, etorkizunerako arazo bat sortzen eta gehitzen dabiltza, lanposturik izango ez duten irakasle inkonpetenteak formatuz (gero euskara ikasi beharko dute lan munduan sartzeko).

Guk lanean jarraituko dugu unibertsitatean euskaldunok 2. mailakoak izan ez gaitezen. Gure eguneroko lan eta borrokaz etorkizunerako kalitatezko formazioa eta fakultateetan euskaraz bizitzea lortuko dugu.

Hona hemen zenbait adibide*:

Iruñea (NUP)
Ekonomi eta Enpresa zientzien fakultatea (4 titulazio) Eskaintza osoan 9 ikasgai soilik euskaraz (54 kreditu)
Nekazaritza Ingeniarien GMET (5 titulazio) Eskaintza osoan 4 ikasgai soilik euskaraz (33 kreditu)
Telekomunikazio eta Industri Ingeniarien GMET (4 titulazio) Eskaintza osoan 4 ikasgai soilik euskaraz (24 kreditu)
Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea (8 titulazio) Eskaintza osoan 66 ikasgai soilik euskaraz (328 kreditu) Soziologia karrera osoan 2 ikasgai soilik euskaraz Zuzenbide karrera osoan ikasgai bakarra euskaraz Lan harremanetarako diplomaturan bat ere ez euskaraz Gizarte laneko diplomaturan ikasgai bakarra euskaraz
Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola (Titulazio bakarra) Dena erdaraz
Donostia (EHU)
Psikologia Enborrekoak euskaraz Hautazkoak 46tik 16 gaztelera hutsean Practicum: 5etik 4 gazteleraz
Filosofia Enborrekoak euskaraz Hautazkoak 46tik 32 gazteleraz
Pedagogia Enborrekoak euskaraz Hautazkoak 32tik 23 gazteleraz
Psikopedagogia Enborrekoak euskaraz Hautazkoak 21etik 17 gazteleraz
Gizarte heziketa Enborrekoak euskaraz Hautazkoak 12tik 10 gazteleraz
Antropologia 3 ikasgai izan ezik beste guztia erdaraz
Kimika 3 mailatik aurrera dena gazteleraz 4 ikasgai izan ezik
Arkitektura 3. mailatik aurrera dena gazteleraz
Magisteritza Euskaraz
Zuzenbidea Euskaraz (idatzizko materiala gazteleraz gehienetan)
Informatika Enborrekoak euskaraz Hautazkoak 43tik 28 gazteleraz
Enpresaritza Enborrekoak euskaraz Hautazkoak gazteleraz gehienak
Bilbo (EHU)
Magisteritza Ia dena euskaraz baina ez dute euskaraz karrera bukatzeko adina hautazko euskaraz
Industri Ingeniaritza 3. mailara arte enborrezkoa euskaraz 4. eta 5. Mailan dena gazteleraz Aukera askekoak 20tik 19 gazteleraz
Telekomunikazioa 1. maila euskaraz 2 ikasgai izan ezik 2. mailan 1 euskaraz, 12 gazteleraz 3,4,5 mailak gazteleraz Hautazkoak 51tik 1 euskaraz
Kimika Gazteleraz
Ekonomia Enborrekoak euskaraz Hautazkoak gazteleraz
Gasteiz (EHU)
Gizarte lana Gazteleraz
Filologia Euskal filologian enborrekoak euskaraz, hautazko batzuk gazteleraz. Beste filologiak: komunak euskaraz besteak gazteleraz
Artearen historia 2. ziklo osoa gazteleraz
Historia Enborrekoak euskaraz Hautazko batzuk gazteleraz Ezin euskaraz espezializatu
Magisteritza Lehen hezkuntza osorik gazteleraz
Enpresaritza Dena gazteleraz, “euskara teknikoa�» izan ezik
Ingeniaritza Topografia, Kimika, Elektronika eta Elektrizitatea dena gazteleraz “euskara teknikoa�» izan ezik. Mekanika: enborrekoak euskaraz 3. Mailako 3 ikasgai ezik. Hautazkoak gazteleraz.

* Ohar hemen ez daudela titulazio guztiak, ez eta Euskal Herrian dauden unibertsitate guztiak ere (Ipar Euskal Herrikoak eta pribatuak falta dira).