Europako Justizia Auzitegiaren epaia produktuen etiketaia-hizkuntzari buruzko auzi batean

Imanol Esnaola
Aipamenak
Produktuaren erabilera modua, eta kalitate ziurtagiria produktuaren etiketan agertu behar dela dioen araua ez dago Europako legediak xedatzen duenari lotuta. Alegia estatuek askatasun osoa dute informazio horri buruz egoki irizten diotena arautzeko.

Arlo pribatuko ekimen ekonomikoak, beraz, betebehar handiak ditu gizartearekin, horien artean, informazio eskubidea bermatzearena. Tokiko aginteari dagokio eskubide hori errespeta dadin jarri beharreko bitartekoak jartzea.

Ondoren laburbilduko dugun epaia aurreko artikuluan Milian i Massana katedradunak esandakoa osatzera dator. Epaia Milian i Massana jaunak artikulua argitaratu ondorengoa da eta gure aburuz irakurleak biak ezagutu behar ditu gaia zertan den jakiteko.

Beljikan gertatu ziren Auzitegiak epaitzen dituenak. Flandrian kokaturiko azalera handiko saltoki bi dira aurrez aurre daudenak. Saltokiok auzian Bigg´s eta Colim izenez agertzen dira.

Colim enpresak eskatuta ikuskatzaile judizial batek Bigg´s saltokian produktu askoren etiketan oinarrizko informazioa tokiko hizkuntzan idatzi gabe zegoela ikusi zuen. Bigarren ikustaldian oraindik bazen hogeita hamarren bat produktu antzeko ezaugarriekin. Horretan oinarrituz 1996ko irailaren 27an Bigg´s-en saltoki horretanan hizkuntza arauak betetzen ez zituzten 48 produkturen salmenta debeka zekion eskatu zion epaileari Colim-ek.

Urriaren 18an, eta Bigg´s-en eskariz, beste ikuskatzaile batek Colim-en saltokian nederlanderaz etiketatu gabeko produktuak saltzen zirela ikusi zuen eta horretan oinarrituz Bigg´s-ek Colim-en aurkako auzi-eskea egin zuen.

Bigg´ek egindako auzi-eskearen bidez auzitan jarri nahi da Beljikako gobernuak honelako arauak ezartzeko duen eskumena. Horretarako Bigg´s-ek argudiatzen du Colim-en auzi-eskean aipatzen diren arauak Beljika bertakoak direla, eta gai honetan eskumen legegilea Europako Batzordeak duenez, honi dagokiola arau horiek onartzea. Europako Batzordeak ez zuenez Beljikako araua berretsi, Bigg´s-ek ondorioztatzen zuen bera ez zegoela Beljikako araua betetzera beharturik.

Esan beharrekoa da, Europako Batzordearentzat produktuek izan beharreko etiketa eta bertan jasotzen den informazioa Europako legediaren menpekoa izateak helburu argia duela: kontsumitzaileak produktuari buruz informazioa jasotzeko duen eskubidea babestu eta enpresen arteko mugaz gaindiko konkurrentzia ziurtatzea.

Auzian bi dira argitu beharrekoak. Labur esanda:

1. Produktuen etiketaian erabili beharreko hizkuntzari buruz Beljikan indarrean dagoen araudiak Europakoaren menpekoa izan behar al du? Horren arabera, produktuari buruzko informazio nagusiak berau salgai jarriko den tokiko hizkuntzan ere idatzita egon behar al du? 2. Europako legediak produktuen etiketak jaso behar duen oinarrizko informazioari buruz bere araudia baduenez, estatu batek legez ezar al dezake inportazioz ekarritako produktuek ere informazio hori tokiko hizkuntzan idatzita izan behar dutenik (Edo herritarrek erraz ulertuko duten besteren batean)? Eta hori hala baldin bada, arau horrek produktuak jasotzen dituen aipamen guztiak lotzen al ditu? Zenbait produkturen kasuan Europako legediak ezer arautzen ez baldin badu, estatu batek behar al dezake aipamen guztiak edo horietako zenbait tokiko hizkuntzan (edo herritarrek erraz ulertuko duten besteren batean) idaztera?

Lehen galderari auzitegiak honako erantzuna eman zion: Produktuaren erabilera modua, eta kalitate ziurtagiria produktuaren etiketan agertu behar dela dioen araua ez dago Europako legediak xedatzen duenari lotuta. Alegia estatuek askatasun osoa dute informazio horri buruz egoki irizten diotena arautzeko.

Honek Bigg´s-en argudio nagusia indargabetzen du, izan ere, Beljikan produktuen etiketaiarako dagoen araudia Europakoaren menpekotasunetik libre dagoela onartzen du, eta beraz, bertan indarrean dagoen legediak agintzen duena ezinbestean bete beharrekoa dela ulertu behar da.

Bigarren galderari, berriz, honela erantzun zion: Gai honetan ez dagoenez Europa osorako irizpide bateratzaileak ezartzen dituen araudirik, Europako herrialde bakoitzak egoki irizten diona arau dezake. Honela, bere lurralde eremuan produktuari buruzko ezaugarriak tokiko hizkuntzan edo herritarrek erraz ulertuko duten besteren batean idatz daitezela ezartzen duten arauak ez doaz Europako legearen kontra. Arau horiek, ordea, ezin dute bereizketarik egin herrialde horretan eta hortik kanpo ekoiztutako produktuen artean, are gutxiago arau horiek kontsumitzaileen eskubideen babeserako direnean.

Estatu bakoitzak erabakiko du zein informazio den ezinbestekoa. Horren arabera, informazio hori idatziz nahiz irudi bidez eman ahal izango da.

Sententzia honen argitan bistakoa da Milian i Massanaren gogoeta ildoak berme juridiko sendoak dituela. Arlo pribatuko ekimen ekonomikoak, beraz, betebehar handiak ditu gizartearekin, horien artean, informazio eskubidea bermatzearena. Tokiko aginteari dagokio eskubide hori errespeta dadin jarri beharreko bitartekoak jartzea.