Jean Dorionekin elkarrizketa

Julen Arexolaleiba

Montrealen jaio zen 1942an. Azken 6 urteotan Quebec-eko ordezkari nagusia izan da Tokion. Aurretik, 1976tik 1984ra Jacques Couture ministroaren (Inmigraziokoa) eta Gérald Godin ministroaren (Komunitate kulturaletakoa eta inmigraziokoa) aholkulari politikoa izan zen. 1984an, Gérald Godin ministroaren Kabineteko Zuzendaria izan zen, frantses hizkuntzaren Gutuna ezartzeko arduradunarena, alegia. 1985etik 1987ra komunitate kulturalen eta Komunitate Kulturaletako eta Inmigrazioko ministerioen arteko bitartekaria izan zen. 1989tik 1994ra bitartean, Tokiora joan aurretik, Montrealgo San Juan Bautista Elkarte ezaguneko Presidente Nagusia izan zen.

Montrealgo ingurune soziolinguistiko berezian[1] etorkinen hizkuntz integrazioaren gaia jorratzeko, interesgarria iruditu zaigu pertsona aditu horri elkarrizketa egitea. Eta aditua diogu, bere eskarmentu profesionalaz gain, bizitza aberatsa duelako: alde batetik, Hiromi Tsunezuka japoniarrarekin ezkonduta dago eta 3 seme-alaba ditu; eta bestetik, poliglota handia da.

Elkarrizketaren ardatza etorkinen integrazio soziolinguistikoa den arren, Quebec-eko frantsesentzat garrantzi handia duten beste hainbat gairi buruzko iruzkin eta iritziak ere azaltzen dira.

Orrialdearen oineko oharren bitartez informazio gehigarria emango dugu irakurleak errazago ulertu eta interpreta ditzan elkarrizketan zehar egiten diren zenbait iruzkin. Dena den, gai honetan interesaturik daudenek informazio gehiago aurki dezakete ondorengo helbideetan: 1) www.olf.gouv.qc.ca 2) www.stat.gouv.qc.ca 3)www.statcan.ca