Hizkuntza politika Ipar Euskal Herrian

Imanol Esnaola
Aipamenak
Hain zuzen ere, 1997an, Euskal Herria 2010 prospektiba lanaren eta Lurraldea egitasmoaren ondoren Lurralde Antolaketa Eskema bat osatzea erabaki zen. Bertan, euskal kulturaren nortasunari lotutako erronkak nabarmendu ziren, hots, modernitate-tradizio bikoiztasunarenak. Ikuspegi honetan, Euskal Herriko hizkuntza antolaketa oinarrizko euskarri gisa agertzen zen, kultur antolaketarekin batera

Garapen Kontseiluak 2000ko apirilean egin duen eskemaren ebaluaketan erakutsi du euskararen aldeko hizkuntza politika baten presa larria dagoela. Ohar hauen ondorioz, kudeaketa berezi bat proposatu da Hizkuntza Antolaketa Eskema abian ezartzeko, eginkizunetan oinarrituz eta ez egituretan

euskararen egoeraren larritasuna ikusita Obragintza Publikoak tresna berri batez hornitzea erabaki du euskara garatzeko. Hori dela eta Hizkuntza Kontseiluak txosten bat idatzi du non modeloak zein esperientziak, helburuak eta urraspideak, jokamoldeak nahiz finantzamenduak agertzen diren

datu horiek baliagarriak eta zentzudunak dira marko teoriko batean kokatzen diren neurrian. Ondorioz, erabiliko diren teoriak zein analisi modeloak aukeratu dira, hiru hobetsiak izan direlarik, alegia, gain-behera doan hizkuntzaren itzulgunearen teoria, kulturbitasuna gomendatzen duen akulturazioaren teoria eta aniztasunaren alde den hizkuntzen dinamikaren teoria

Euskara 2015 Planak

bi hizkuntza politika esperientzia eredutzat hartu ditu, alegia, hego Euskal Herriko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Québec-eko Hizkuntza Frantsesaren Biltzar Orokorrak

Elkarte mundutik datozen iniziatiben artean Bai Euskarari Plana aipatzen da. Akordio honek UNESCOren ondorio hau oinarritzat hartzen du, alegia, euskara desagertzeko arriskuan dagoela; aterabidea gizarte eragile guztien inplikazioa delarik

plan hau zorroztasunarekin egina izango da datu, inkesta eta ikerketa zientifikoen gainean oinarrituko den mailan eta partaide guztien hitzak errespetatuko diren neurrian

euskararen egoera eta hizkuntza horrek dauzkan ahalbideak zehaztuko dira; horrek, euskararen barne (euskararen ezagutza eta erabilera maila) zein kanpo (euskararen menderakuntza nahiz baliakuntza areagotzeko hartutako neurriak) azterketa bat eskatzen duelarik

Hizkuntza Kontseiluaren lana izango da adostutako hizkuntza ekintzen ebaluaketa oso bezain zorrotz bat burutzea egoeraren diagnostikoa, agertutako arazoak eta aurreikusten diren irtenbideak aipatuz; jarraipenaren helburua Euskara 2015 Plana gauzatzea delarik

Diruztatzeari dagokionez, Euskara 2015 Planaren aurrekontuan langile eta ibilmolde gastuak sartzen dira, jakinik talde profesionala koordinatzaile bat eta bost animatzailek osatuko dutela, beti ere Hizkuntza Kontseiluko Idazkari Nagusiaren zuzendaritzapean

Obragintza Publikoak Hizkuntza Kontseiluari egin dion eskaerak logika aldaketa bat agerrarazten du. Izan ere, luzaroan botere publikoek zioten euskara sustatzea eta aitzinaraztea gizarte zibilaren eginkizun soila zela, nahiz eta azken urteetan Obragintza Publikoak onartu duen elkarte mundutik zetozen iniziatibak sustengatu zein diruztatu behar zituela

SARRERA

Ipar Euskal Herriko Hizkuntza politika eta, orokorkiago, hizkuntza antolaketa pixkanaka errealitate bilakatzen ari da. Izan ere, azken bost urteetan asko aurreratu da euskararen sustapenean zein aitzinaraztean, hizkuntza biziberritzeko plangintzaren ideia gizarteratu eta instituzionalizatu egin baita.

Gaur egun, une garrantzitsu batean gaude zeren Hizkuntza Politikarako Obragintza Publikoak, esan nahi baita Estatuak, Eskualdeak, Departamentuak eta Herriko Etxeek, Hizkuntza Kontseiluari eskatu dio euskara berreskuratzeko Euskara 2015 Plana modu adostuan osa dezan; jakinik plan honek hizkuntza politika definituko duela datozen hamar urteentzat. Honako urraspidea jarraituko da:

- Obragintza Publikoak Hizkuntza Kontseiluari eskatu dio Plan estrategikoa antolatzeko egitasmo bat idatzi dezan;

- Obragintza Publikoaren partaideek egitasmo hori aztertu dute, beharrez zuzendu, eta Hizkuntza Kontseiluari Euskara 2015 Plana antolatzea agindu diote;

- Antolatutako plana Obragintza Publikoari emango zaio eta Hizkuntza Kontseiluarekin hitzartu ondoren, obratzeko jokamoldeak finkatuko dira.

Baina, eskaera hau ulertzeko ezinbestekoa da atzera begiratzea eta bereziki 1997an osatu den Hizkuntza Antolaketa Eskemara. Hain zuzen ere, orduan Garapen Kontseiluak Lurralde Antolaketa Eskeman atal bat hizkuntzari sagaratu zion eta, hiru urtez eztabaidatu eta negoziatu ostean, bertan agertutako gomendio batzuk Hitzarmen Berezian sartu ziren.

1. PLANAREN SORRERA

1.1. Hizkuntza Antolaketa Eskema

Hain zuzen ere, 1997an, Euskal Herria 2010 prospektiba lanaren eta Lurraldea egitasmoaren ondoren Lurralde Antolaketa Eskema bat osatzea erabaki zen. Bertan, euskal kulturaren nortasunari lotutako erronkak nabarmendu ziren, hots, modernitate-tradizio bikoiztasunarenak. Ikuspegi honetan, Euskal Herriko hizkuntza antolaketa oinarrizko euskarri gisa agertzen zen, kultur antolaketarekin batera.

Eskemak zion ohar bikoitza atera zitekeela euskararen gaurko egoeratik, batetik, familia transmisioak geroz eta eragin gutxiago zuela eta, bestetik, azken hogeita hamar urteetan euskararen eta euskarazko irakaskuntza garatzeko eginak izan ziren indarrak ez zirela nahikoak transmisio horren ahulezia ordainkatzeko. Ondorioz, hizkuntza antolakuntzari buruzko politika egokia osatzea proposatzen zen, denbora berean hiru ekimen eramanez:

- oinarrizko ekimena, epe luzerako pentsatua eta egoeraren berritze bat ekarriko duena;

- sostengu ekimena, euskal gogoa piztu eta eskaera indartu nahi duena;

- larrialdiko ekimena, berreskurapen urraspidea argiki erakutsiko duena.

Honek guztiak hizkuntza antolaketa orokor bat asmatzera eraman zuen, lanerako lau ardatz finkatuz, hots, euskarazko eta euskararen irakaskuntza eta helduen alfabetatzea, seinalekuntza eta euskal toponimia, euskal hedabideak eta euskararen erabilera zerbitzu publikoetan. Lehentasuna zuten norabide hauei esker, euskararen aldeko hizkuntza politikarako zutabeak eraiki ziren, ofizialki onartuz nortasun hizkuntzak hartzen duen oinarrizko estatusa, hau da, “Euskal Herriko hizkuntza euskara dela�». Aztertu eta eztabaidatu ondoren, Hautetsien Kontseiluko hizkuntza batzordeak hizkuntza antolaketaren erronkak onartu eta bereganatu zituen.

1.2. Euskal Herriko Hitzarmen Berezia

Lan horren eraginez, 2000. urtean, botere publiko guztiak batu dira Euskal Herriko Hitzarmen Berezia izenpetzeko. Orokorki, Hitzarmenak diagnosi berdintsua egiten du baita Hizkuntza Antolaketa Eskeman agertzen ziren hainbat gomendio bereganatu ere. Funtsean, Fishman soziolinguistak definitu zituen proposamenak oinarritzat hartuz, urraspide bat gomendatzen du zailtasunetan dagoen hizkuntza biziberritzeko.

Eskemak neurri batzuk proposatzen ditu, bost ardatzetan bildu daitezkeenak:

- euskal irakaskuntza aitzinaraztea bai haurrentzat bai helduentzat;

- hedabideetan euskararen erabilera sustatzea;

- euskararen ezagutza sakontzea;

- bizitza publikoan euskararen lekua zabaltzea;

- Hizkuntza Kontseilua sortzea.

Baina, Hizkuntza Antolaketa Eskema gauzatzeko ezinbestekoa izan da hizkuntza politikarako Obragintza Publiko bat sortzea, zeren botere publikoek onartu dute euskara gizadi osoko ondarean kokatzen dela, orain arte hartu diren neurriek ez dutela gain-behera geldiarazi, euskararen garapena ezin dela soilik militantismoaren erantzukizuna izan edo tokiko aginteen eta elkarteen arteko indarrezko harremanen ondorioa. Horiek hola, elkarteek hainbat urtez egin duten lana onesteaz gain horren ondorioak bildu ditu, urraspide eraginkor eta boluntarista batean kokatuz.

Bestalde, Euro-itunaren inguruan izan diren eztabaiden bidez, baita Poignant txostenaren haritik, bi egiaztapen aurreratu dira, hots, hizkuntza gutxituak ez daudela aginte berezi baten eskuduntzan eta legearen aldetik ez dela debekurik aginte batek edo batzuek hizkuntza politika bat antola dezaten.

Azkenean, Garapen Kontseiluak 2000ko apirilean egin duen eskemaren ebaluaketan erakutsi du euskararen aldeko hizkuntza politika baten presa larria dagoela. Ohar hauen ondorioz, kudeaketa berezi bat proposatu da Hizkuntza Antolaketa Eskema abian ezartzeko, eginkizunetan oinarrituz eta ez egituretan. Obralaritza horien eginbidea Hizkuntza Antolaketa Eskeman duten eremu ezberdinetako ekintzak abiaraztea eta gauzatzea izan da. Horretarako kargu txostenak negoziatu dituzte, baliabide iraunkorrak erdiesteko eta ukatu ezin diren neurketa irizpideak finkatzeko.

1.3. Obragintza Publikoa eta Hizkuntza Kontseilua

Gorago agertzen den moduan, hizkuntza politikaren ardura botere publikoen eskuetan dagoenez, Obragintza Publikoa eraiki dute (Hitzarmen Bereziaren barruan), eskudun diren aginteak bilduz, hau da, Estatua (Barne, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak), Akitania Eskualdeko Kontseilua, Pirineo-Atlantikoetako Kontseilu Orokorra, Euskal Kultura Sustengatzen duen Herriarteko Sindikatua eta Hautetsien Kontseilua. Obralaritzaren gain dago, besteak beste, euskararen alde eraman behar den hizkuntza politikaren oinarriak finkatzea, baliabideak atzematea eta aitzinaraztekoak diren egitasmoak hautatzea.

Obragintza Publikoari loturik, Hizkuntza Kontseilua sortu da hizkuntza politika egokia eraikitzera eta ondoren gauzatzera laguntzeko. Bere baitan biltzen ditu euskalgintzaz arduratzen diren eragile guztiak, elkarteak, federazioak, erakundeak eta pertsona kalifikatuak. Laburbilduz esan daiteke bere eginbidea dela:

- euskalgintzan diharduten eragileak koordinatzea;

- euskararen egoera behatzea, inkesta soziolinguistikoen bidez;

- Obragintza Publikoari abisuak ematea eta proposamenak helaraztea;

- obratzen ari diren egitasmoak jarraitzea eta ebaluatzea.

1.4. Euskara 2015 Plana

Hitzarmen Bereziak jarraipen bat ukan du benetako Hizkuntza Politika bat osatzerako bidean. Hain zuzen ere, euskalgintzan dabiltzan elkarteen presioaren eta Hizkuntza Kontseiluak egindako lanaren ondorioz Obragintza Publikoak Hizkuntza Kontseiluari Euskara 2015 Plana antolatzea eta horren aurretik kargu txostena osatzea galdetu dio. Eskaera Pirinio Atlantikoetako Suprefetak, Euskal Herriko Hitzarmen Bereziaren buru gisa, egin zion ekainaren 25ean suertatu zen Hizkuntza Kontseiluko Administrazio Kontseiluan

Eskaera hau ohar batetik abiatzen da, alegia, azken hogeita hamar urtetan elkarte mugimenduak eta botere publikoek (batik bat irakaskuntza mailan) egindako indarrak ez direla nahikoak euskararen beherakada gelditzeko, jaitsiera leundu arren. Zeren, luzaroan, euskararen sustapena zein aitzinaraztea Seaska, AEK edo Euskal Irratien esku egon da botere publikoek beraien existentzia eta, geroz eta gehiago, diruztatzea onartu arren.

Beraz, euskararen egoeraren larritasuna ikusita Obragintza Publikoak tresna berri batez hornitzea erabaki du euskara garatzeko. Hori dela eta Hizkuntza Kontseiluak txosten bat idatzi du non modeloak zein esperientziak, helburuak eta urraspideak, jokamoldeak nahiz finantzamenduak agertzen diren. Idatzi honen arabera Planak hiru atal ukango ditu, hau da, euskararen egoeraren diagnostikoa egitea, lortu beharreko helburuak zehaztea eta horretarako funtsezkoak diren ekintzak finkatzea.

Aurrerapauso nabaria da lehen aldia baita Obragintza Publikoak onartzen duela euskara berreskuratzea bere eginkizuna dela eta ezin dakiokeela eginbehar hori gizarte zibilari soilik utzi. Filosofia aldaketa bat adierazten du, nahiz eta Hizkuntza Antolaketa Eskemak eta hortik jario den Hitzarmen Bereziak berrikuntza hori prestatzen duen. Izan ere, Hitzarmen Berezian daude bai Hizkuntza Politikarako Obragintza Publiko baten sorrera bai Hizkuntza Kontseiluaren abiaraztea.

2. PLANAREN EREDUAK ETA ESPERIENTZIAK

2.1. Diagnosiaren iturburuak

Diagnosiari dagokionez, hainbat ikerketa soziolinguistiko eta estatistika baliatuko dira, hala nola, 1991, 1996 eta 2001eko “Euskararen jarraipena�» izenburu duen Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestak, gaztetxoek euskararekiko duten harremana jorratzen duen ikerketa, INSEEren 1999ko erroldan azterturiko hizkuntza gutxituen erabilera zein familia transmisioa ala UNESCOk plazaratu duen “Arriskuan dauden hizkuntzen atlasa�». Une berean ezinbestekoa da SEI Elkarteak berrikitan amaitu duen Erabileraren IV. Neurketa aipatzea baita Plan ezberdinek egindako diagnostikoak ere.

2.2. Azterketa sareak

Baina, datu horiek baliagarriak eta zentzudunak dira marko teoriko batean kokatzen diren neurrian. Ondorioz, erabiliko diren teoriak zein analisi modeloak aukeratu dira, hiru hobetsiak izan direlarik, alegia, gain-behera doan hizkuntzaren itzulgunearen teoria, kulturbitasuna gomendatzen duen akulturazioaren teoria eta aniztasunaren alde den hizkuntzen dinamikaren teoria.

- RLSak (reversing language shift) hasierako bi baldintza jartzen ditu, hau da, hiztunen motibazioak argitzea eta botere publikoen esku hartzea, batik bat, belaunaldien arteko transmisioa ez delarik naturalki egiten. Hori dela eta, berreskurapen prozesuak hiru osagai dauzka: motibazioa eta hizkuntza transmisioaren guneak diren familia eta hizkuntza komunitatea, hizkuntza gaitasunaren orokortzearen sortzailea den irakaskuntza eta hizkuntzaren sustapenaren tokia den gizarte politiko ala zibila.

- Akulturazioak lurralde berean elkarrekin bizi diren kulturen harremanak izendatzen ditu, batzuentzat atseginak eta besteentzat atsekabeak izan daitezkeenak. Funtsean, lau akulturazio modu daude nortasun hizkuntzak eta hizkuntza ofizialak daukaten tokiaren arabera, hots, asimilazioa, banaketa ala erresistentzia, integrazioa eta bazterketa. Planean hobesten den modua integrazioarena da zeren bi hizkuntzen arteko benetako berdintasuna segurtatzen du; horrek, hizkuntza gutxituaren biziberritzea ziurtatzeko hizkuntza politika egoki bezain handinahi bat osatzea suposatzen duelarik.

- Hizkuntzen dinamikak, bere aldetik, fenomeno linguistiko eta soziokulturalen arteko interakzioak aztertzen ditu; horren aurrean bi ideologia daudelarik. Lehiaketaren ideologia trukaketen mundializazioaren, indartsuenen legearen, askatasun indibidualaren eta probetxuaren bilaketaren gainean oinarritzen da. Ikuspegi honen arabera hizkuntzak soilik merkatu legearen menpe daude. Elkartasunaren ideologia, aldiz, indartsuenaren erantzukizunean, bestearekiko osagarritasunean eta garapen kolektiboan oinarritzen da.

Hiru modelo hauek hizkuntzen arteko egoera desorekatuak aipatzen dituzte. Eratuak izan dira desagertzeko arriskuan dauden hizkuntza gutxituak berpizteko burututako ekintzak martxan jarriak izan diren tokietan. Baliagarriak izan daitezke, adibidez, azken hamar urteetan buruturiko elkarte mobilizazioen, Hizkuntza Antolaketa Eskema eta Hitzarmen Bereziaren indarrak eta oztopoak agerrarazteko.

2.3. Hizkuntza politika esperientziak

Halaber, jadanik osatuak eta gauzatuak izan diren beste hizkuntza politikak jorratzea ezinbestekoa da. Logika horretan, Euskara 2015 Planak bi hizkuntza politika esperientzia eredutzat hartu ditu, alegia, hego Euskal Herriko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Québec-eko Hizkuntza Frantsesaren Biltzar Orokorrak.

Lehena,1998ko uztailaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ministro Kontseiluak onartu eta bere egin du. Hamalau urtez erakundeek euskaldunen eta elebitasunaren alde egindako lanari amaiera ematen dio. Plan Nagusi honek helburu zabalak ditu, nahiz eta betetzeko modukoak izan. Metodologia zehatz bezain zorrotzez egina izateaz gain egileek zintzotasun intelektualaz ari izan dira, ez baitiote inolako tarterik utzi boluntarismoari edo dagoeneko lortutakoaren goraipatzeari. Ondorioz, proposamenen oinarriak sendoak dira oro har.

Planaren lehen egitekoa, jadanik eginda dagoen lana balioztatzea izan da, indarguneak eta ahuleziak zein diren atzemateko, baita gaurko hizkuntza politikaren baliabideak ere. Balorazio-lan horrek, euskararen transmisio eta erabilera-arlo guztiak aintzat hartuta, Planaren lehen zati osoa bete du. Bigarren zatiak datozen hamar urteetan egin beharreko jardueretarako proposamen zehatzak plazaratzen ditu, beti ere zenbatu eta neurtu daitezkeenak. Proposamen horiek iraganean lortutakoa baino urrunago doaz, geroko arazoak aurreikusiz, jakinik edozein hizkuntza erabilgarritasunaren menpe dagoela.

Bigarrenak, Québec-eko hizkuntza politika eredu bezala ikusten du, kontzeptu zein metodologiaren aldetik batik bat. Hain zuzen ere, hizkuntza plangintzari hizkuntza antolaketa nozioa hobetsi diote malguagoa izanik. Halaber, Hizkuntza erabaki handi guziak Batzorde batzuek buruturiko inkesta sakon eta gomendioz beteriko txosten batzuen ondoren hartuak izan dira, aurretik adituen oharrak eta eragileen ikuspuntuak entzun direlarik. Ezagunen artean aurki daitezke:

- 1963ko Laurendeau-Dunton Batzordea: legedi federala eta 1969ko hizkuntza ofizialen legea inspiratu ditu;

- 1968ko Gendron Batzordea eta hizkuntza eskubideen txostena. Hainbat legeren eta ezaguna den Hizkuntza Frantsesaren Araudiaren jatorrian dago;

- 2000ko hizkuntza frantsesaren egoera eta geroari buruzko Biltzar Orokorren Batzordea baita “Frantsesa denon hizkuntza, hurbilbide estrategikoa eta herritarra�» deituriko txostena.

Desmartxa horien beste puntu komuna, denboran zehar, behatoki, ebaluaketa, gomendio eta prospektiba eginkizunak betetzen dituzten egituren sorrera zein garatzea da. Esate baterako, Hizkuntza Frantsesaren Bulegoa eta Kontseiluak eredu gisa hartuak izan dira Katalunian baita Euskal Autonomi Erkidegoan ere.

2.4. Planaren koherentzia

Azkenik, Euskara 2015 Plana koherentzian eta osagarritasunean jarriko da jadanik existitzen diren tresnekin, hala nola, Hizkuntza Antolaketa Eskema, Hitzarmen Berezia, Obragintza Publikoa, Hizkuntza Kontseilua eta elkarte dinamikekin. Zeren, ahal den neurrian, aurretik eginda dagoen lana erabiltzea eta bere jarraipenean kokatzea premiazkoa da eraginkortasun handiagoa lortzeko, errepikapenak saihesteko eta tentsioak ezerezteko.

Elkarte mundutik datozen iniziatiben artean Bai Euskarari Plana aipatzen da. Akordio honek UNESCOren ondorio hau oinarritzat hartzen du, alegia, euskara desagertzeko arriskuan dagoela; aterabidea gizarte eragile guztien inplikazioa delarik. Horiek hola, Kontseiluak bere partaideei eskatu die hitzarmen bat izenpetu dezaten hiru xede hartuz: euskara biziberritzearen alde lan egitea, plangintza estrategikoan parte hartzea, konpromiso zehatzak barne, eta euskara sustengatzeko nahiz aitzinarazteko gogoa adieraztea.

Bai Euskarari Akordio kanpaina hasi aurretik, Kontseiluak bost urratsetan zatitzen den prestakuntza lan bat egin du. Behin, kanpaina abiatu eta metodologia zehaztu ondoren, Kontseilua Planaren eraikuntzari lotu zaio hiru alor jorratuz, hots, euskararen egoeraren diagnosia egitea dagokien sektorean euskararen erabilera sustatzeko helburuak finkatzea eta helburu horiek lortzeko ildo estrategikoak eta ekintzak zehaztea. Behin amaitu ostean eta eragile sozialen konpromisoa euskararen alde erakusteko, Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria martxan jarri du. Ziurtagiri hau Euskal Herriko ehunka gizarte eragilek garaturiko akordio eta konpromiso prozesuaren eta euskararen normalizaziorako eginiko Plan Estrategikoaren baitan kokatzen da; Bai Euskarari Ziurtagiriaren helburua hizkuntzaren normalizaziorako prozesu kualitatiboa kreditatzea izanik.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak 1999an egindako txostena aipatzen da. “Euskararen bilakaera ipar Euskal Herrian�» izenburu duen idatzi honek euskararen bilakaeraren diagnostiko bat egiten du eta lehen inkesta soziolinguistikoen emaitzei begirada bat emateaz gain hizkuntza mailako frantses legediari eta Pizkundeak hartutako iniziatibak aipatzen ditu. Ondoren, euskararen gaur egungo egoera aztertzen du euskarazko irakaskuntza, euskal kultur mugimenduaren eta 1996ko inkesta soziolinguistikoaren emaitzen medioz. Azkenik, euskararen ahultasunak azpimarratzen ditu, besteak beste, hizkuntzaren ezagupen publikoaren falta, neurri eta diru baliabideen eskasia, euskararen erabilera ahula gazteen mailan, familien hizkuntza kontzientzia mugatua eta benetako Unibertsitate baten eza.

Oro har, tresna horiekin koherentzian eta osagarritasunean jartzea suposatzen du kontutan har ditzagun dauden dispositiboen mugak eta eznahikoak, lortutako aurrerapausoak eta ager daitezken behar berriak baita eragile bakoitzaren eginbeharrak zein mobiliza daitezken baliabideak.

3. PLANAREN HELBURUAK ETA URRASPIDEAK

Dokumentuaren bigarren zatia Planaren helburu eta urraspideetara interesatzen da eta, horren aurretik, bere osaketan eragingo duen espiritura.

3.1. Planaren izpiritua

Izan ere, Euskara 2015 Plana egiterakoan, zorroztasuna, koherentzia, irekitasuna eta kontzentzuan oinarrituko den izpiritua nagusituko da. Lehenik, plan hau zorroztasunarekin egina izango da datu, inkesta eta ikerketa zientifikoen gainean oinarrituko den mailan eta partaide guztien hitzak errespetatuko diren neurrian. Bigarrenik, barne eta kanpo koherentzia bilatuko du, batetik, egindako proposamenak ebaluatzeaz gain ideia berriak proposatuz, irakaskuntza, espazio publiko ala familia alorretan eta, bestetik, etapa batetik bestera logikoki igaroz, esan nahi baita egoeraren diagnostikotik lortu beharreko helburuetara joanez horretarako funtsezkoak diren ekintzak zehaztuz. Hirugarrenik, Plan hau Hizkuntza Kontseiluko osagai guztiei baita euskarak hunkitzen ala interesatzen dituen eragile denei zabalduko zaie. Irekidura hau agertuko da bai lan taldeen osaketa zein ibilmoldean bai trukaketen erregulartasun nahiz dentsitatean. Izan ere, funtsezkoa da botere publiko, elkarte ala pertsona kalifikatuek desmartxa beregana eta ezagutu dezaten, helburua, adostutako neurriak gauzatzea baita.

3.2. Planaren helburuak

Oro har, esan genezake Plan honen helburua Obragintza Publikoa laguntzea dela epe ertain zein luzerako euskara biziberritzeko politika bat osa eta gauza dezan. Horretarako hiru eginkizun beteko ditu, hots, euskararen egoeraren diagnosi bat egitea, lehentasuna duten norabide estrategikoak zehaztea eta ekintza egitarau bat finkatzea. Plan hau partaide ezberdin bezain guztien esku hartze zein mobilizazioarekin egingo da, beti ere metodologia bati, definizio adostu bati eta gauzatze zorrotz bati esker.

3.3. Planaren urraspidea eta iraupena

Xehetasunetan sartuz, aurreratu daiteke urte bat iraungo duen Euskara 2015 Plana sei fasetan bereizten dela.

Lehen fasea prestakuntzarena izango da eta bertan osatuko dira Gidari zein Jarraipen Taldeak, fase bakoitzaren egutegi zehatzak eta hamar lan taldeak, jakinik sektorialak, tematikoak eta geografikoak izango direla. Halaber, aukera izango da soziolinguistikan, hizkuntza politikan zein antolaketan egina izan denaren inguruan datu zehatzak biltzea, sailkatzea eta moldatzea; lan horri esker gai bakoitzerako aurretxostenak osatuko direlarik.

Bigarren fasea abiatzearena izanen da. Une horretan ezinbestekoa da oinarrizko akordio bat lortzea partaide ezberdinen artean, elkarteetatik ala botere publikoetatik datozela, Planaren espiritu eta helburuen inguruan. Are gehiago, premiazkoa da eragile guztiek erabiliko den metodologia ezagutu dezaten eta bertan parte hartzen konprometitu daitezen, besteak beste lan taldeetan esku hartuz. Halaber, esperientzia desberdinek erakutsi dute hizkuntza planak ekitaldi garrantzitsu baten bidez hasi behar direla, izan dadila gonbidatuen kopuru eta kalitatearen aldetik, ala tokiaren prestigioaren aldetik. Horrek, Euskara 2015 Planaren ezagutza eta onarpen ofiziala agerian utziko du, eragile ezberdinen parte hartzea areagotuz eta euskararen aldeko dinamika bat sortuz.

Hirugarrenik, euskararen egoera eta hizkuntza horrek dauzkan ahalbideak zehaztuko dira; horrek, euskararen barne (euskararen ezagutza eta erabilera maila) zein kanpo (euskararen menderakuntza nahiz baliakuntza areagotzeko hartutako neurriak) azterketa bat eskatzen duelarik. Hala izan dadin ezinbestekoa da jadanik eginak izan diren diagnostikoak kontutan hartzea baita buruturiko inkesta soziolinguistikoak ere. Barne azterketaren helburua izango da, besteak beste, euskararen ezagutza, erabilpena eta hizkuntzari loturiko irudiak ezagutzea; euskararen presentzia sektore eta gune geografiko guztietan zehaztea; lorpenak eta porrotak baita beraien arrazoiak izendatzea eta euskararen garapenerako motoreak nahiz arrastak agerraraztea. Baina hizkuntza guztiak testuinguru kultural, politiko eta ekonomiko berezi batean kokatzen direnez garrantzitsua da kanpo azterketa bat egitea. Horrek ondorengoa inplikatzen du, alegia, euskararen alde buruturiko politika publikoak eta beraien emaitzak ebaluatzea, baita alor horretan enpresek eta elkarteek egindako ekintzak jorratzea.

Laugarren eta bosgarrenik, hizkuntza politikak jarraitu beharreko norabide estrategikoak ala, nahiago bada, lortu beharreko helburuak izendatuko dira. Horrek eskatzen du lortu nahi diren helburu orokor bezain bereziak izendatzea, jarraitu behar diren bideak argitzea eta errespetatu behar diren epeak aipatzea. Ondoren, ekintza plan zehatz bat gomendatuko da non obragintzak eta obralariak zehaztuko, diruztatzeak ebaluatuko, egitarauak finkatuko eta jarraipen moduak finkatuko diren. Azpimarratzekoa da lan talde bakoitzak egindako txostenak Jarraipen Taldeak koherentzian jarriko dituela azken txostena ahal bezain logikoa eta batua izan dadin eta gomendioak batzuek besteekin osagarriak izan daitezen.

Seigarrenik eta azkenik, jarraipen moduak finkatuko dira zeren, gizartearen eta politika publikoen aldaketak kontutan izanik, ezinbestekoa da ahalik eta modu zehatzenean adostutako ekintzak noiz eta nola gauzatuko diren jakitea. Hizkuntza Kontseiluaren lana izango da adostutako hizkuntza ekintzen ebaluaketa oso bezain zorrotz bat burutzea egoeraren diagnostikoa, agertutako arazoak eta aurreikusten diren irtenbideak aipatuz; jarraipenaren helburua Euskara 2015 Plana gauzatzea delarik.

3.4. Planaren komunikazioa

Alabaina, Euskara 2015 Plana gizarteratu dadin ezinbestekoa da komunikazio egoki bat osatzea, are gehiago dakigunean komunikabideak jokatzen duten errola informazioaren hedapenean eta jasopenean. Barne eta kanpo komunikazio bat izango da, kontutan izanik bata bestea bezain garrantzitsua dela. Lehena, Euskara 2015 Planean parte hartuko duten aktoreei zuzendua izanen da bilkura, dokumentazio eta bildumen bidez. Bigarrena, ipar Euskal Herriko eta Frantziako biztanleriari norabidetua izango zaio, bai interneten bidez bai Hizkuntza Kontseiluko informazio aldizkariaren bitartez. Barne komunikazioa planaren parte-hartzeaz eta bilakaeraz ariko den bitartean kanpo komunikazioak honako gaiak aipatuko ditu, alegia, Planaren abiatzea eta bertan esku hartzearen beharra, euskararen presentziaren diagnostikoa, planaren helburuak eta funtsezko norabide estrategikoak eta planaren ekintza sektorialak zein egitarau orokorra.

4. PLANAREN JOKAMOLDE ETA DIRUZTATZEA

Kargu txostenaren hirugarren zatiak, egileak eta diruztatzeak jorratzen ditu.

4.1. Obragintza eta obralaritza

Horrela, Euskara 2015 Plana burutzeko lau egituraz osaturiko dispositibo bat martxan jarriko da ahalik eta ordezkaritza zein eraginkortasun handiena lortzeko.

Lehenik, Talde Gidaria osatuko da, jakinik bertan parte hartuko dutela Obragintza Publikoaren partaideak, Hizkuntza Kontseiluko Lehendakari zein Zuzendariak baita elkarte mundutik datozen Hizkuntza Kontseiluaren Administrazio Kontseiluko ordezkari batzuk. Talde Gidari hau gutxienez hiru aldiz bilduko da, hots, diagnostiko fasearen amaieran, norabide estrategikoen definizioaren bukaeran eta ekintza egitarau fasea burutu aurretik. Talde Gidari honen eginkizunetan sartzen da Obragintza Publikoa eta Hizkuntza Kontseiluaren artean hitzartze iraunkorra egituratzea eta Planaren osatzeko kargu txostenaren errespetua segurtatzea.

Bigarrenik, Jarraipen Taldea egingo da eta bertan parte hartuko dute hizkuntza antolaketa eta plan estrategikoen osaketan nahiz jarraipenean adituak diren pertsonak. Hizkuntza Kontseiluko Administrazio Kontseiluko kideak izan daitezke baita beste elkarte, federazio, laborategi ala unibertsitatekoak ere. Horrez gain, puntualki eta jorratuko den gaiaren arabera, Jarraipen Taldeak alor eman batean adituak diren pertsona batzuei dei egingo die. Zehazkiago, Talde Gidari honen eginkizuna izanen da Planaren jarraipena segurtatzea, Planaren aurrerapen maila ebaluatzea, suertatuko diren arazoei aterabidea aurkitzea, parte hartzaileen ekarpenak integratzea eta txosten sektorialak batzea.

Hirugarrenik, Hizkuntza Kontseiluko Administrazio Kontseiluak, aztertu eta eztabaidatu ostean, egindako diagnostikoak, finkatutako helburuak eta zehaztutako ekintzak onartuko ditu. Eta laugarrenik, Hizkuntza Kontseiluko Idazkaritza Nagusiak Euskara 2015 Planaren prestakuntza eta ondoren osaketa segurtatuko ditu. Osaketari dagokionez, sektore bakoitzari buruzko dokumentazioa laburbilduko eta antolatuko, pertsona kalifikatuekin elkarrizketak egingo, aurre-txosten zein bildumak idatziko, zuzenduko eta itzuliko, lan taldeen bilkurak kudeatuko, txosten sektorial zein orokorra osatuko edota barne zein kanpo komunikazioa prestatuko ditu.

4.2. Kostua eta finantzamendua

Diruztatzeari dagokionez, Euskara 2015 Planaren aurrekontuan langile eta ibilmolde gastuak sartzen dira, jakinik talde profesionala koordinatzaile bat eta bost animatzailek osatuko dutela, beti ere Hizkuntza Kontseiluko Idazkari Nagusiaren zuzendaritzapean. 100 000 €tik gorako aurrekontua ordaintzeko diruztatze dispositibo bat asmatu da non 2001 eta 2002an eman gabe gelditu zen dirutza, 2003ko diru laguntzaren zati bat eta diru-laguntza gehigarri bat aurreikusten diren.

4.3. Partaideak

Azkenik, Plan hau osatzerakoan bi partaidetza aurreikusi dira, bata, Eusko Jaurlaritzarekin eta, bestea, Kontseiluarekin. Lehenarekin, lankidetza bat asmatzen da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak esperientzia handi bezain interesgarria baitauka hizkuntza antolaketan. Izan ere, Sail horrek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia osatu du Euskal Kultur Erakundeko ordezkarien esku hartzearekin. Lankidetza ondorengo puntuen inguruan antola daiteke, hau da, planaren prestakuntzan, osaketan eta jarraipenean aholkuak ematea, talde profesionala formatzea eta Euskara 2015 Planaren diruztatzea. Bigarrenarekin, Kontseiluarekin lankidetza bat ere aurreikusten da, federazio horrek euskalgintzan diharduten elkarte ezberdinak batzen dituelarik.

AMAIERA

Amaitzeko gogora dezagun artikulu honen helburua ipar Euskal Herrian burutu den eta burutuko den hizkuntza politika eta, orokorkiago, hizkuntza antolaketa jorratzea dela. Aurkezpen horretan arreta berezi bat eman zaio Euskara 2015 Planari berak botere publikoen hizkuntza politika norabidetuko baitu datorrengo hamar urteetan. Obragintza Publikoak Hizkuntza Kontseiluari egin dion eskaerak logika aldaketa bat agerrarazten du. Izan ere, luzaroan botere publikoek zioten euskara sustatzea eta aitzinaraztea gizarte zibilaren eginkizun soila zela, nahiz eta azken urteetan Obragintza Publikoak onartu duen elkarte mundutik zetozen iniziatibak sustengatu zein diruztatu behar zituela.

Baina, tresna berri bat den Euskara 2015 Planaren oinarrian dago euskara biziberritzea botere publikoen eginkizuna dela, esan nahi baita bere konpetentzietan dauden mekanismoak euskara sustatzeko erabiliko dituela bai irakaskuntza ala zerbitzu publikoen mailetan bai komunikabideen heinean ere. Hala ere, Plana osatu eta ondoren aplikatu ahal izateko, gauzatu behar da eta horrek hizkuntza eragile guztien konpromisoa eta elkarlan nahia eskatzen du. Baldintza horiek beteak diren neurrian Euskara 2015 Plana aurrerapauso nabarmena izango da euskararen berreskuratze prozesuan.

BIBLIOGRAFIA

1991, 1996 eta 2001-eko inkesta soziolinguistikoak.

1999ko Errolda: La transmission familiale des langues et des parlers, INSEE, 2002.

Atlas des langues en péril dans le monde, UNESCO, 2002.

Martinez de Luna, Iñaki eta beste: Etorkizuna aurreikusten 99, Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara, Euskal Herriko Unibertsitatea, 2000

SEI Elkartea: Erabileraren IV. kale neurketa, 2002.

Reclus: Modeling the long term future of the basque language, Reno, 1998.

Etats Généraux sur la situation de la langue française au Québec: Le français, une langue pour tout le monde: une nouvelle approche stratégique et citoyenne. 2001.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Eusko Jaurlaritza, 1998.