Erabileraren IV Kale Neurketa. Emaitzen azterketa
Sarrera
Euskararen Kale Neurketa 1989az geroztik lau urtean behin egiten den ikerketa da. Euskal Herri osoan kalean euskarak duen presentzia du aztergai. Behaketa zuzenaren metodologiaz baliatuz neurtzen da kaleko elkarrizketetatik zenbat diren euskaraz.
Aurreko atalean aztertu dugu ikerketaren ibilbidea eta metodologia, jarraian ikerketaren emaitza nagusiak aurkeztuko ditugu: Euskal Herri mailako eta lurraldekako erabilera, bilakaera, eta gaitasun-maila eta erabileraren arteko korrelazioa. Datu horiez gain, badira neurtu diren beste aldagai batzuk ere, esate baterako adin taldeak, sexua eta haurren presentzia. Aldagai horiek BAT aldizkariko ale honen beste artikuluetan aurkezten dira.
Euskal Herri mailako eta lurraldekako erabilera
Euskal Herri osoan entzundako elkarrizketetan, zazpi pertsonatatik bat ari zen euskaraz; hortaz, %13,5eko erabilera jaso dugu[1]. Horixe dugu batezbesteko portzentaia, ondo gogoan hartzekoa (ikus D1 diagrama).
Lurralde batetik bestera, baina, ezberdintasun handiak daude. Izan ere, muturretara joanda, Gipuzkoan erabilera %29,9koa da eta Araban %3,3koa. Tartean dira Bizkaia %11ko erabilerarekin, Nafarroa Garaia %6,7koarekin, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa %5,8koarekin. Azken hiru lurralde horien erabilera datuak batera eman beharrean gaude, lurralde bakoitzean neurtutako pertsona kopurua ez baita nahikoa emaitza fidagarriak izateko[2]. Beheko mapan lurraldeen araberako erabilera datuak ikus daitezke:
Erabileraren bilakaera 1989az geroztik
Euskal Herrian kale erabileraren bilakaera positiboa izan da; 1989an, erabilera %10,8koa zen eta hamabi urte beranduago erabilera %13,5ekoa da. Beraz, hamabi urtetan ia hiru puntuko (2,7) hazkundea gertatu da. Ondorioz, motel bada ere, erabilerak gora egin duela esan dezakegu (ikus D2 diagrama):
Esan bezala, hamabi urtetan (1989-2001) erabilerak gora egin du, baina neurketa batetik besterako hazkundea aztertzen badugu, hazkundearen erritmoa moteldu egin dela nabarmendu behar dugu[3]. Horrela, D3 diagraman ikus daitekeen bezala, aurreko neurketetan batetik besterako aldea 1,2 eta puntu batekoa zen; aldiz, azken bi neurketen arteko aldea 0,5 puntukoa da.
Beraz, hamabi urtetan erabilerak ia hiru puntuko igoera izan du, baina azken urteotako igoera txikiagoa izan da aurreko urteetakoa baino. Gainera, gorakada apal hori ez da lurralde guztietan gertatzen. Izan ere, Euskal Herriko igoera Bizkaiko eta Gipuzkoako hazkundeak ekarri du, bi lurralde horietan gertatu baita erabileraren igoera, gainera, bertan bizi da biztanleriaren gehiengoa.
Beraz, Bizkaian eta Gipuzkoan erabilera apal emendatzen da, eta bi lurraldeotako emaitzek, orokorrean duten pisuagatik, ezkutatu egin dute Nafarroako, Arabako eta Iparraldeko erabileraren aurrerabiderik eza kasu batzuetan (Nafarroan) eta jaitsiera besteetan (Araban, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan), ikus D4 diagrama:
| EUSKARAREN ERABILERAREN BILAKAERA (%) 1989-2001 | ||||
| 1989* | 1993 | 1997 | 2001 | |
| ARABA | %3,9 | %3,9 | %3,8 | %3,3 |
| BIZKAIA | %8,1 | %9,1 | %9,7 | %11,0 |
| GIPUZKOA | %23,3 | %25,5 | %29,2 | %29,9 |
| NAFARROA GARAIA | %6,5 | %6,7 | %6,8 | %6,7 |
| LAPURDI, NAFARROA BEHERA, ZUBEROA | %6,5 | %6,3 | %5,8 | |
| EUSKAL HERRIA | %10,8 | %12,0 | %13,0 | %13,5 |
Biztanle kopuruaren eta gaitasun-mailaren araberako tipologiak
Udalerrien tamainaren araberako erabileraren bilakaera aztertzeko sei tipologia sailkatu ditugu: 5000 biztanletik beherakoa; 5001-10000 biztanle artekoa; 10001-25000 biztanle artekoa; 25001-50000 biztanle artekoa; 50001-100000 biztanle artekoa; eta 100001 biztanletik gorakoa. D5 diagraman tipologia horien araberako zortzi urteko bilakaera ikus daiteke:
Lehenengo tipologian izan ezik gainontzeko guztietan igoera gertatu da. Are gehiago, aurreko bi neurketetan erabilera egonkortua zegoen bi tipologiatan (25001-50000 biztanle artekoa eta 50001-100000 biztanle artekoa) erabilerak nabarmen egin du gora.[4] Esan bezala, jaitsiera 5000 biztanletik beherako udalerrietan gertatu da. Kontuan izan behar da, dena den, tipologia horretan udalerrien lagin bat neurtzen dela, aitzitik beste tipologia guztietan udalerri guztiak neurtzen dira. Emaitzen fidagarritasunari dagokionean, beraz, udalerri txikien tipologia da ahulena. Hala ere, oso kontuan hartzeko datua dugu, aurrera begira jarraipen estua eskatzen duena.
Udalerrien biztanle kopuruaren araberako tipologiaz gain, gaitasun-mailaren araberako tipologiak ere sortu ditugu. Horretarako, lau tipologia sailkatu dira: gaitasun-maila %25etik behera dutenak, %25,01-%50 bitartekoak, %50,01-%75 bitartekoak, eta %75,01etik gorakoak (ikus D6 diagrama):
Gaitasun-maila %50etik behera duten udalerrietan erabilera igo egin da, hortik gora, aldiz, beherakada gertatu da. Hortaz, aurreko neurketetan erabilera egonkortua zegoen zonalde erdaldunetan ere (gaitasun-maila %25etik behera dutenetan), azken lau urteotan erabilerak gora egin du. Aitzitik, zonalde euskaldunetan erabilerak behera egin du azken urteotan. Deigarriak dira azken datu horiek. Badirudi, zonalde linguistikoen joera berri baten aurrean egon gaitezkeela. Edonola ere, baieztapen hori egiteko, adi egon beharko dugu hurrengo neurketetara.
Hurrengo atalean erabilera- eta gaitasun-maila sakonago aztertuko ditugu.
Erabilera-maila eta gaitasun-maila
Bada oinarrizko lege bat: dakitenen artean egin daiteke euskaraz. Hori horrela dela kontuan hartuta, 1996ko erroldaren arabera Hego Euskal Herrian elebidun kopurua %26,9[5] ingurukoa da eta, beraz, erabiltzaile potentzialen unibertsoa %26,9 horretara mugatzen da. Izatekotan, elebidun horiek elkartzen direnean izango da elkarrizketa euskaraz, gainontzeko kasuetan erdara izango da elkarrizketen hizkuntza gehien-gehienetan.
Hortaz, erabilera aztertzeko garaian ezinbestekoa da gaitasun-maila ere aztertzea. Horretarako ondorengo irudian Hego Euskal Herriko 27 eskualdeak hizkuntza gaitasunaren arabera eta kale erabileraren arabera banatu ditugu. Ikus dezagun D7 diagrama:
Diagramak gaitasun-mailaren eta erabileraren arteko korrelazioa erakusten du. Korrelazio hori ez da inoiz erabatekoa (%100), hau da, diagraman ageri den kurban erabilera inoiz ez da gaitasun-maila adinekoa. Hori gertatzeko -alegia, gaitasun-mailak eta erabilera-mailak bat egiteko- euskalduna euskaldunekin baizik ez litzateke erlazionatuko eta beti euskaraz, inoiz ez erdaldun elebakar batekin. Jakina, ez da hori Euskal Herrian gertatzen dena, bi hizkuntza komunitateak nahasturik bizi baikara.
Beraz, erabilera gaitasun-mailaren atzetik dago, baina kurban gora egin ahala batetik bestera dagoen tartea geroz eta txikiagoa da. Beste modu batera esanda, gaitasun-mailak modu biderkatzailean eragiten du erabileran. Dena den, bi aldagai horien korrelazioan sakondu aurretik finka dezagun kurba hiru neurketen (1993,1997 eta 2001) emaitzetan oinarrituta (ikus D8 diagrama):
Diagraman hiru kurba agertzen zaizkigu, neurketa bakoitzeko bat (1989ko neurketaren emaitzak ez ditugu jaso, garai hartan 10.000 biztanletik gorako udalerriak besterik ez zirelako neurtu). Kurba bakoitzak Hego Euskal Herriko 27 eskualdeak biltzen ditu, bakoitza dagokion gaitasun-mailan eta erabilera-mailan kokatzen da. Kurbek funtzio polinomialak adierazten dituzte. 2001eko kurbari honako ekuazio hau dagokio:
y = 0,8208x2 + 0,0811x + 0,0232.
Kurba oso antzekoa lortu dugu hiru neurketetan, eta horrek jakina neurketa bera indartu egiten du eta emaitzen fidagarritasuna nabarmendu.
Arestian esan bezala, gaitasun-mailak modu biderkatzailean eragiten du erabileran, hau da, bi aldagaien arteko korrelazioa geometrikoa da. Hain zuzen, hori erakusten dute ondorengo indizeek:
|
Gaitasun-maila |
Erabilera |
Indizea |
|
%5 |
%2 |
0,40 |
|
%20 |
%9 |
0,45 |
|
%30 |
%14 |
0,47 |
|
%40 |
%21 |
0,53 |
|
%60 |
%39 |
0,65 |
|
%80 |
%61 |
0,76 |
Zenbat eta gaitasun-maila handiagoa, orduan eta gertuago dago erabilera gaitasun-mailatik (indizea 1 izatetik). Jakin badakigu gaitasun-mailak, besteak beste, mintzakide potentzial gehiago ekartzen dizkigula, eta elkarrizketak euskaraz gertatzeko ezinbestekoa dugu mintzakideak elebidunak izatea. Mintzakide elebidunen presentzia handitzeak (gaitasun-maila) erabilera hobetu egiten du eta, beraz, indizea 1etik gertuago geratzen da. Esate baterako, gaitasun-maila %20 den kasuetan batezbesteko erabilera %9koa da; beraz, 0,45eko indizea dugu. Indize (edo eragin-maila) hori gaitasun-maila %60 den kasuetan aplikatuko bagenu batezbesteko erabilera %27koa litzateke, neurtutako erabilera, ordea, %39koa da %60ko gaitasun-mailarekin erabilerarekiko indizea 0,65 delako-.
Indize hori lurraldeka aztertzen badugu ez dugu desberdintasun handirik ikusten. Hizkuntza gaitasuna %20 denean Araban erabilera %5 da, Bizkaian %6 eta Nafarroa Garaian %7. Hizkuntza gaitasuna %60 denean erabilera Gipuzkoan %38 da, Nafarroa Garaian %36 eta Bizkaian %35. Azkenik, hizkuntza gaitasuna %80 denean Gipuzkoa eta Bizkaian erabilera %60 eta %61 da, hurrenez hurren. Ondoko diagrametan (D9) azken neurketaren emaitzen araberako kurbak agertzen dira lurraldeka.
Beraz, Euskal Herri mailako erabileraren eta gaitasun-mailaren korrelazioaren kurbak lurraldekako errealitateak ere islatzen ditu. Azter dezagun sakonago hiru neurketen Euskal Herri mailako kurba.
Beheko diagramari erreparatuz gero, gaitasun-mailaren araberako erabileraren kurbak bi erritmo aldaketa nagusi dituela ikusten da. Erritmo-aldaketa horiek grafikoki adierazteko, kurba hiru zatitan banatu dugu D10 diagraman, gaitasun-mailan hiru tarte bereiziz: %0-%30, %30-%60 eta %60-90. Zati batetik bestera erabileraren erritmoa azkartu egiten da (jakina, azkartze hori progresiboa da, nahiz guk aldaketaren bilakaera nabarmenago adierazteko bi eten markatu ditugun).
Azterketa enpirikoaren bitartez ondorio horretara ailegatu garelarik, egokia iruditzen zaigu Xabier Isasik BAT·36ko "Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta normalkuntza" artikuluan egindako galdera hona ekartzea: Zein izango litzateke, bada, euskararen bizi iraupenerako ezinbesteko euskaldunen proportzio txikiena atalase maila-?" Aurrerago, Xabier Isasik proposatzen duen eredu matematikoa aplikatuta honako ondoriora iristen da: "euskararen bizi iraupenerako euskaldunen gutxieneko proportzioa %32,49 izango litzateke". Irakurleari ez zaio oharkabean pasako zein gertu dauden gure lehen etena eta Isasik aipatutako atalase-maila. Datu honek merezi du gure arreta, bi azterlanek kontrastatua delako, batetik, eta oso adierazgarria eta erabilgarria izan daitekeelako, bestetik.
Egin dugun zatiketan oinarrituta, ondoren Euskal Herriko eskualdeak gaitasun- eta erabilera-mailaren arabera sailkatuko ditugu.
Eskualdeen sailkapena gaitasun-mailaren arabera
GAITASUN-MAILA%0tik %30era |
GAITASUN-MAILA %30tik %60ra |
GAITASUN-MAILA %60tik 90era |
|
ARABA |
||
|
Arabako Ibarrak (%4) |
Gorbeia Inguruak (%35) |
|
|
Arabako Lautada (%14) |
||
|
Arabako Mendialdea (%7) |
||
|
Errioxa Arabarra (%10) |
||
|
Kantauri Arabarra (%20) |
||
| GIPUZKOA | ||
|
Bidasoa Beherea (%36) |
Deba Goiena (%64) |
|
|
Deba Beherea (%58) |
Urola Kostaldea (%80) |
|
|
Donostialdea (%37) |
Tolosaldea (%72) |
|
|
Goierri (%59) |
||
| BIZKAIA | ||
|
Bilbo Handia (%15) |
Arratia Nerbioi (%57) |
Gernika-Bermeo (%77) |
|
Enkartazioak (%9) |
Durangaldea (%46) |
Markina-Ondarroa (%87) |
|
Plentzia-Mungia (%50) |
||
| NAFARROA GARAIA | ||
|
Nafarroa erdialdeko ekialdea (%3) |
Nafarroako ipar-mendebaldea (%61) |
|
|
Iruñealdea (%7) |
||
|
Pirinioaldea (%13) |
||
|
Erribera Garaia (%1) |
||
|
Estellerria (%5) |
||
|
Tuteraldea (%1) |
Eskualdeen sailkapena erabilera-mailaren arabera (2001eko neurketa)
Hego Euskal Herriko 27 eskualdeetatik gehienak hiru neurketek marraztu duten kurban kokatzen dira. Kurba horrek erakusten duen korrelazioa ohizkoa da, horretara. Baina badira kurbatik kanpo dauden eskualdeak ere. Horietan, arrazoi ezberdinak direla medio, ez da gaitasun-mailaren eta erabileraren arteko korrelazio ohizkoa gertatzen. Eskualde batzuetan, gainera, ohizko korrelazio hori ez da gure hiru neurketetan inoiz gertatu. Hiru eskualdek erakutsi dute hori: Bidasoa-Behereak, Plentzia-Mungiak eta Gernika Bermeok. Hirurak kurbatik behera daude, hau da, neurtutako erabilera-maila ohizko korrelazioaren arabera lortuko litzatekeena baino baxuagoa da. Arrazoi ezberdinek eragin dezakete erabilera baxuago hori, besteak beste, mugimendu demografikoek, euskararen aldeko dinamika ahulak, euskaldunak euskaraz hitz egiteko joera txikiagoak,... Edonola ere, azterketa honen xedea ez da arrazoi horietan sakontzea, eskualde horiek detektatzea baizik, hartara, bertako errealitatea aztertu eta behar diren neurriak hartu ahal izateko.
Deba Beherea ere 93an eta 97an kurbatik kanpoko behealdean kokatzen zen, baina, 2001eko neurketan kurbak marrazten duen erabilera mailara iritsi da. Kontrakoa gertatu da Kantauri Arabarrean, Arabako Lautadan (Gasteizen), Arratia Nerbioin, Goierrin eta Tolosaldean, 2001ean lehen aldiz ohizko korrelazioari dagokion erabilera-maila baino baxuagoa jaso baitugu.
Gasteizen eta Tolosaldean erabilera ez da jaitsi, baina Kantauri Arabarrean, Arratia Nerbioin eta Goierrin bai. Beraz, hiru eskualde horietan ohizko kurbatik beherago geratze hori erabileraren jaitsierak eragin du. Arabako Lautadan eta Tolosaldean, ordea, erabilerak aurreko neurketetatik gora egin du, eta hala eta guztiz ere kurba barruan ziren aurreko neurketetan eta azkenekoan ez. Kontua da gaitasun-mailaren igoera ez dela erabileran gertatu, edo beste modu batera esanda, erabilerak ez diola gaitasun-mailaren igoerari eutsi. Horren eraginez geratu dira ohizko kurba baino beherago. Ikus ditzagun datuak:
|
GAITASUN-MAILA |
ERABILERA |
||||
|
Gaitasun-maila91 |
Gaitasun-maila96 |
Erabilera93 |
Erabilera97 |
Erabilera01 |
|
Arabako Lautada |
%7,6 |
%13,7 |
%2,8 |
%3,0 |
%2,9 |
|
Tolosaldea |
%68,2 |
%72,3 |
%46,7 |
%47,6 |
%48,1 |
Amaitzeko, hiru neurketetan kurbatik gora agertzen den eskualde bakarra Gorbeia ingurua da. Kontuan izan behar dugu, dena den, emaitza fidagarriak lortzeko nahikoa pertsona azken neurketan soilik neurtu dugula eskualde honetan.
[1] Kale Neurketaren ibilbidea eta metodologia�» atalean aipatu bezala kontuan izan behar da, neurtzaileek askotan ez dituztela elkarrizketan parte hartzen duten kide guztiak hizketan entzungo, hala eta guztiz entzun diren pertsonek darabilten hizkuntza guztiei aplikatuko zaie, elkarrizketan hizkuntza bakarra gailentzen baita.
[2] Izan ere, Nafarroa Beherean eta Zuberoan sei udalerri besterik ez dira neurtu, beraz, esan bezala Iparraldeko hiru lurraldeak ez dira bereiziko, eta Iparraldeko datuez arituko gara.
[3] Kontuan izan behar da 1989an 10.000 biztanletik gorako udalerriak besterik ez zirela neurtu; beraz, I. Kale Neurketaren datuak estimatuak dira.
[4] Zortzi urtetan (1993-2001) udalerri bat tipologia batetik bestera igaro daiteke, biztanleak gutxitu edo gehitu dituelako. Alderaketa egiterakoan, ordea, 1993ko neurketako (alegia, 1991ko erroldako) tipologiei dagokien udalerrien sailkapena hartzen da, gainontzean ez bailitzateke alderaketa zuzena izango.
[5] Datu hori 1996ko erroldatik hartu dugu, beraz, EAE eta Nafarroa Garaiari dagokio. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, garai hartan, ez zen euskararen gaitasun-mailaren daturik jaso. Urte bereko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 15 urtetik gorako Euskal Herriko euskaldunen kopurua %22,5ekoa da. Artikulu honetan hizkuntza gaitasunari buruzko datuak zentsukoak eta erroldakoak izango dira.



