Euskararen Erabilera Nafarroan

Mikel Arregi
Aipamenak
euskararen ezagutzaren kopurua igotzen ari den bitartean kale neurketa guztiek erabilera kopuru beretsua eman dutela, 1989an %6,5eko emaitza atera zen eta 2001ean % 6,7koa. Toki bat baino gehiagotan emaitza hau adierazteko momentuan egonkortasuna hitza erabili da

Emakumeen erabilerak pitin bat egin du gora (% 7,0tik % 7,3ra) eta gizonezkoen erabilera, aldiz, 3,1 puntu jaitsi da (% 8,6tik % 5,5era)

Haurren presentziak erabileran eragina du haur bat egoteak euskara %93 gehiago erabiltzea baitakar. Iruñean hiriburuen indizerik altuena neurtu da. Haurrak ez daudenean euskararen erabilera % 1,3ra jaisten da Iruñean, haurrak daudenena baino 5 puntu gutxiago

Orokorrean ez da aldaketa handirik gertatu.

Lau neurketetan datu beretsuak atera dira. Gazteen taldean bakarrik egin du gora erabilerak, besteetanm, berriz, ez dago aldaketarik.

Zerbait nabarmendu behar bada, ideia hau da: “egonkortasuna, baina beherantzako joera duena�»

Esku artean ditugun datu guztiek erakusten digute euskararen aldeko jarrerak ez direla jaitsi. Nafarroan, agian, euskararen kontrako jarreretan aldaketa gertatu da, “ez alde eta ez kontra�» agertzen ziren askok, agian, orain kontrako jarrera duelako. Euskararen aldeko jarrera dutenen artean, agian, jaitsi dena tentsioa edo euste-maila izan da

Nafarroan aplikatzen ari den hizkuntza politikak baztertu egiten ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak eta erdal komunitateari diskurtso oso zehatza transmititzen zaio: euskara hizkuntza gatazkatsua da, ez du egungo mundurako balio eta euskaldunen eskubideak bermatuko balira erdaldunen lan aukerak murriztuko lirateke. Oraindik ez da neurtu diskurtso horren eragina, baina euskal komunitateak oraingoz hori neutralizatzeko ahalmen txikia du

komenigarria litzateke neurketak euskaldunak biltzen diren tokietan egitea. Hemendik bi gune edo toki proposatzen dira: bata, eskola ordutegi barruan ematen den erabilera (gelan eta gelaz kanpo) azken urteetan irakasle askoren perzepzioa da ikasleen artean gaztelania erabiltzeko joera handitzen ari dela, baita ingurune formaletan ere, eta perzepzio hori neurtzea gauza inportantea izan daiteke

Bestea, aisialdian lagun artean egiten den erabilera, noraino euskaldunak euskaldunekin biltzen diren eta zein hizkuntza aukeratzen duten; edo bat baino gehiago aukeratzen badute zer komunikatzeko aukeratzen duten; zer eragina duten hizkuntza erregistro, eta kontestu, ezberdinek...

SEI elkarteak 2001ean euskararen erabilera kalean neurtu zuen. Egin den laugarren neurketa izan da, lehenengoa 1989an egin zen eta ondoren lau urtero errepikatu ditu kale neurketa horiek. Kale neurketaren helburua begibistakoa da: behaketa zuzenaren bidez zenbatzea kalean entzuten diren elkarrizketetakik zenbat diren euskaraz. Alderdi metodologikoen azalpena aurrerago egin denez ez naiz luzatuko. Beraz, goazen harira

DATUEN AURKEZPENA

Neurketa Nafarroako 41 herritan egin zen. Herriak aukeratzeko irizpide demografikoak hartu dira aintzat: 5.000 biztanletik gorako herri guztiak eta gainerakoen artean % 10. Nafarroako datuen azalpen hau idazteko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa hartu da kontuan. Banaketa hau kontuan hartzea bi arrazoiengatik izan da:

- Neurri handi batean Legeak ezarritako zonifikazioa bat dator euskararen egoera soziolinguistikoarekin. Hizkuntzaren normalizazioa bermatuko zukeen Legeak aintzat hartuko zituen egoera ezberdin horiek, noski, baina hori ez da Nafarroako agintarien helburua, zonifikazioarekin hizkuntza eskubideak mugatzea bilatu baitzuten. - Legeak ezarritako banaketaren araberako hizkuntza politika garatu da eta hizkuntzaren normalizazioan eragin nabarmena izan du.

Neurketa herri hauetan egin zen[1]:

- Eremu euskalduna (15 herri): Altsasua, Arantza, Arbizu, Baztan, Doneztebe, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Irurtzun, Iturmendi, Lakuntza, Lekunberri, Olazagutia, Sunbilla, Uharte Arakil eta Urdiain. Guztira 28.005 biztanle (eta 55.292 biztanle eremuan) - Eremu mistoa (12 herri): Abartzuza, Agoitz, Antsoain, Atarrabaia, Barañain, Berriozar, Burlata, Iruñea, Izaba, Lizarra, Otsagabia eta Zizur Nagusia. Guztira 244.669 biztanle (eta 267.299 biztanle eremuan) - Eremu ez euskalduna (14 herri): Aiegi, Azkoien, Cintruénigo, Corella, Fontellas, Los Arcos, Milagro, Miranda-Arga, Obanos, Pitillas, San Adrián, Tafalla, Tiebas eta Tutera. Guztira 64.931 biztanle (eta 189.307).

Nafarroako datuen azterketa zehatza egiten badugu ikusten den lehenengo gauza da euskararen ezagutzaren kopurua igotzen ari den bitartean kale neurketa guztiek erabilera kopuru beretsua eman dutela, 1989an %6,5eko emaitza atera zen eta 2001ean % 6,7koa. Toki bat baino gehiagotan emaitza hau adierazteko momentuan egonkortasuna hitza erabili da. 2001eko Erroldako datuak argitaratu ez badira ere, azken urteetako datuek adierazten digute euskararen ezagutzak gora egin duela. Azken bost urteetan ikasleen matrikula igo egin da D ereduan. Horren ondorioz argi dago nafar elebidunen multzoak gora egin duela eta datu zehatza falta bazaigu ere, orain arteko bilakera ikusirik, 1996ko padroian euskaldunen kopurua % 10,9koa baldin bazen, bost urte beranduago % 13ren inguruan egon daiteke. Kontuan hartu beharreko faktorea da, elebiduntze prozesua eskolaren bidez gertatzen ari dela, eta azken urteetako joerak erraten digu adintarte gazteetan datuak % 25era iristen ari direla. Baina jaiotze tasaren murrizketaren ondorioz adintarte hauen pisu demografikoa apaldu egin da eta elebidunen kopuruak emaitza orokorrean eragin txikia du.

Adin taldeen araberako azterketa egiten bada, haurren erabilera batezbestekoa baino 2 puntu altuagoa dela ikusten da, guztira % 8,7. Baina elebiduntze prozesua nagusiki adintarte gazteenetan gertatzen ari dela kontuan hartzen badugu hemen datu adierazgarri bat agertzen zaigu: erabilerak behera egin du, 1989ko kale neurketan erabilera % 9,8koa baitzen eta 2001eko neurketan aldiz, 8,7koa, hots, ia puntu bat txikiagoa. Gazteen artean, aldiz, goitiko joera dagoela ikusten da eta azken neurketan % 6ko erabilera gainditu da. Helduen taldean egoera egonkor baten aurrean gaudela esan dezakegu, lehen hiru nurketen gorantzako joera eten egin baita, azken neurketan % 5,9ko emaitza atera da. Adinekoen erabilera gero eta txikiagoa dela ikusten da, lau neurketen arteko joera hori izan baita. 1997ko neurketan ia puntu bateko igoera gertatu zen %6,4ra hain zuzen ere, baina 2001ean emaitza % 5,3 izan da, lehenengo bi neurketen joerara itzuliz. Guztiz kezkagarria da adin tarte honetan gertatzen ari den murrizketa, nahiz eta saihestezina izan, euskararen bizitasunaren lekuko eta transmisore naturalenak baitira.

1. taula: Erabileraren Neurketa, Nafarroako eta Euskal Herriko emaitzak

GUZTIRA

HAURRAK

GAZTEAK

HELDUAK

ADINEKOAK

NAF

EH

NAF

EH

NAF

EH

NAF

EH

NAF

EH

1989

6.5

10.8

9.8

15.1

5.3

8.5

5.3

9.2

5.8

13.7

1993

6.7

12.0

9.9

16.7

5.9

10.4

5.5

10.0

5.5

13.0

1997

6.8

13.0

9.2

17.7

5.7

11.9

6.0

11.0

6.4

12.8

2001

6.7

13.5

8.7

19.0

6.1

13.6

5.9

11.3

5.3

12.0

2. taula: Gaitasuna, 1996ko erroldaren arabera

GAITASUNA. 1996 (EUSKARAREN JARRAIPENA)

NAFARROA

EREMU EUSKALDUNA

EREMU MISTOA

ER. EZ EUSKALDUNA

Guztira

10,7

53,6

35,7

Euskaldun elebakarrak

0,2

2,3

0

0

Elebidunak

Euskal elebidunak

Elebidun orekatuak

Erdal elebidunak

9,4

32,7

28,9

38,4

57,6

42,4

30,7

26,9

5,4

13,7

24,8

61,5

0,8

5,9

29,3

64,8

Elebidun hartzaileak

9,8

7,4

13,0

6,0

Erdaldun elebakarra

80,6

32,7

81,6

93,2

Oharra: taula honetan ezagutzaren datuak ikus daitezke, artikuluan maiz aipatzen direlako, informazio gehiago nahi duenak 1. oharrean aipatzen diren liburuetan bila dezake.

Generoa:

Azken bi neurketetan emakumezko eta gizonezkoen erabilera aztertu da eta orain arte egin diren azterketa soziolinguistikoekin alderatzen bada euskara gizonezkoen kontua zela zioen mitoa bukatzen ari dela esan daiteke. Emakumeen erabilerak pitin bat egin du gora (% 7,0tik % 7,3ra) eta gizonezkoen erabilera, aldiz, 3,1 puntu jaitsi da (% 8,6tik % 5,5era). Adin-taldeka begiratuta, diferentzia bera ematen da adinekoen tartean izan ezik, gizonezkoen erabilera altuagoa baita. Oraindik aldeak ez dira oso nabarmenak baina Euskal Herriko datu orokorrekin alderatuta erabileran feminizioa antzematen dela ondoriozta daiteke.

Iruñeko datuak bereziki aipatu behar dira, gizonezkoen erabilera (%3,3) emakumezkoena (%2,2) baino altuagoa delako. Bi neurketen arteko konparazioa egiten bada Nafarroakoaren kontrako joera hartu du, hots, emakumezkoen erabilera pittin bat murriztu den bitartean gizonezkoenak gora egin du. Hau zergatik den aztertzea komeni da, hiriburuetan euskaldun kopuru handia bizi baita.

Haurren presentzia:

Azken bi neurketetan aztertu da aldagai berri bat, ea zenbateko eragina duen haurren presentziak gainerakoen euskararen erabileran. Hemen bi alderdi ikusten dira:

- Haurren presentziak erabileran eragina du haur bat egoteak euskara %93 gehiago erabiltzea baitakar. Iruñean hiriburuen indizerik altuena neurtu da. Haurrak ez daudenean euskararen erabilera % 1,3ra jaisten da Iruñean, haurrak daudenena baino 5 puntu gutxiago. - Aldagai hau kontuan harturik Euskal Herrian gertatu den goranzko joera ez da Nafarroa Garaian ikusten, haurrak tarteko daudenean Euskal Herrian 9 puntuko igoera gertatu den bitartean Nafarroan 5 dezimakoa izan baita, eta haurrak ez daudenean erabilera puntu bat jaitsi da, baina Euskal Herrian 6 dezima igo da. Nafarroako bilakaera

Argi esan behar da bilakaerarik ez dela gertatu. Lau neurketen emaitzak begiratzen baditugu adin tarte guztietan datuak oso antzekoak dira. Zerbait nabarmendu behar badugu gazteen taldean erabilerak egin duen gorakada da, baina, hain zuzen ere, adin hauetan ari da igotzen euskararen ezagutza eta erabileran espero zitekeen igoera ez da gertatzen ari, are gehiago, haurren erabilera orain dela lau urte baino 5 dezima txikiagoa da.

Eskualdeek egin duten bilakaeratik hau nabarmendu daiteke:

- Orokorrean ez da aldaketa handirik gertatu. Lau neurketetan datu beretsuak atera dira. Gazteen taldean bakarrik egin du gora erabilerak, besteetanm, berriz, ez dago aldaketarik. Zerbait nabarmendu behar bada, ideia hau da: “egonkortasuna, baina beherantzako joera duena�». Denborak erranen digu egoera hau puntuala den ala benetan euskara gutxiago erabiltzeko joera abiatu den Nafarroan. - Bi salbuespen aipatu behar dira: Pirinioaldean 8 urteko epean % 9,8ko erabileratik % 5,3ra pasatu da eta Estellerrian % 6,8tik % 2,6ra. Eskualde honetan nabarmendu behar da haurren artean jaitsi dela erabilera, %17,2tik % 3,5era hain zuzen. - Hirugarren datua Tuteraldean aurkitzen dugu. Neurketaren bidez lortutako kopurua (% 3,1 2001ean) zonaldeko ezagutzaren gainetik dagoelako (eskualde honetan euskaraz dakitenen kopurua ez da % 2ra ailegatzen eta haurrena % 3ra). Datu kezkagarriak eta datu itxaropentsuak

Datu kezkagarriak ez datoz, berez, erabileratik (erabileraren neurketa egoera orokorrago baten adierazle bat besterik ez baita), baizik eta ezagutza kopurutik eta elebidunen tipologiatik. Hasierako kuadroan gaitasunaren datuak aurkeztu dira. Horien artean bi datu hauek nabarmendu behar dira. Nafarroan[2] elebidunak % 9,4 dira eta elebidun hartzaileak % 9,8 (gaztelaniadun elebakarren kopurua % 80 da).

Baina elebidunen tipologia aztertzen badugu, % 9,4 horren heren batek aitortzen du erosoago hitz egiten duela gaztelaniaz. Datu hauek kontuan harturik kale neurketako emaitza, % 6,7, ez da makala.

Elebidun hartzaileen kopurua bikoiztu egin da Nafarroan. Datu hau oso garrantzitsua da euskalduntze prozesuaren inguruko pistak ematen dizkigulako. Elebidunen kopurua poliki hazten ari den bitartean elebidun hartzaileena nabarmen igo da. Gero eta oinarrituago dagoen aurreiritzi bat jarri nahi dut mahai gainean: Nafarroan hiztun gehienak eskola sistemaren bidetik, D edo murgiltze eredua, datoz. Hizkuntza formalaren transmisioa bermatua egon daiteke, baina komunikaziorako beharrezkoak diren bestelako errejistroak ez ditu ikasleak eskura eta horren ondorioz ezinbestekoa zaio hori eskaintzen dion hizkuntzara, hots, gaztelaniara, jotzea. Hezkuntzaren bidez euskaraz dakiten erdaldunak lortzen ari gara, eta ez herritar elebidunak, horrek dituen ondorio guztiekin[3].

Baina ildo honetatik datorkigu datu itxaropentsua: euskararen galera eten egin da eta hizkuntzaren transmisioan gertatzen ziren galerak gelditu egin dira. Hiztun komunitate gisa segitzeko nahia berpiztu egin da, adinb talde gazteetan ezagutza % 20ra iristen ari delako. Belaunaldi berri hauei euskarazko eskaintza dibertsifikatua eta erakargarria egiten diegunean ikusiko da zenbatekoa den euskal komunitatearen gaitasuna hizkuntzaren normalizazio soziala lortzeko, ez baitugu ahantzi behar euskal komunitatearen baitan dagoela euskaraz bizitzea. Euskaraz dakitenentzat gaztelaniaz komunikatzea erosoagoa den bitartean nekez erabakiko dute komunikazioa euskaraz egitea, hizkuntza baten oinarrizko funtzioa komunikatzea baita eta pertsona elebidunek testuinguru bakoitzean erosoen egiten zaien hizkuntza aukeratzen dute.

Egoera bakoitzaren eragileak

Arestian aipatu da euskararen erabileran oinarrizko eragilea ezagutza dela. Argi dago Euskal Herriko ezagutza datuak aintzat harturik erabilera espero zitekeenaren gainetik dagoela, baina Nafarroan erabilerak benetan gora egitea nahi bada ezinbestekoa da euskaldunen kopurua igotzea, denon ahotan dauden bi aldetatik:

- Kopurua igo behar da, Nafarroan euskararen biziraupenerako ezinbestekoa da elebiduen kopurua sendotzea. - Kalitatea: Helburua ez da hiztun “akademikoak�» lortzea baizik eta hizkuntza erregistroen dibertsifikazioa bermatzea. Hiztunak esan nahi duena euskaraz adieraztean bere helburua lortzen duenean bakarrik dago bermatua hizkuntza hautu inkontzientea egitea, eta hori ezinbesteko baldintza da hizkuntza bat ala bestea aukeratzeko momentuan. Denbora batez eusten ahal diogu hautu kontzienteari baina epe luzera eustea jende gutxik egin dezake, testuingurua erasokorra bada are gutxiago.

Beste eragile inportantea motibazioa da. Gaia zentratzea zaila da, oraindik ez direlako argitaratu motibazioaren bilakaera azken urteetan aztertzen duten lanak. Esku artean ditugun datu guztiek erakusten digute euskararen aldeko jarrerak ez direla jaitsi. Nafarroan, agian, euskararen kontrako jarreretan aldaketa gertatu da, “ez alde eta ez kontra�» agertzen ziren askok, agian, orain kontrako jarrera duelako. Euskararen aldeko jarrera dutenen artean, agian, jaitsi dena tentsioa edo euste-maila izan da. Adibide garbi bat da helduen euskalduntzean bizi den matrikulazio jaitsiera. Eragile asko egon daiteke, noski, baina gizartean orain urte batzuk zegoen tentsio positibo horren leuntzea izan daiteke eragile nagusietako bat, jende asko umeak D eredueetan matrikulatzearekin konformatu baita (egun gizaki okupatuegiak gara).

Beste eragile bat Instituzioen jokabidea da. Nafarroan Instituzioetatik eraman den hizkuntza politika jarrera epel batetik kontrako jarduera bortitz batera igaro da. Euskaldunak oztopoak, kontrako diskurtsoak eta diskriminazioa besterik ez du aurkitzen (eremu honetan udal batzuen jokabidea salbuespena da). Irakaskuntzan beti egoera istilutsua aurkezten da, haurrak D ereduan matrikulatu nahi dituzten gurasoak desmotibatzeko. Hezkuntza Administrazioak modu zuhur batez jokatzen du D ereduko irakasleekin urteen poderioz nekea, tentsioa eta desmotibazioa areagotuz, etab.

Baldintza hauekin oso zaila da aurrera egitea. Ezagutza handitzeko eragileak ahultzeak erabilera ahultzea baitakar. Baina etorkizuna izan nahi badugu argi eduki beharko genuke ditugun kartekin jokatu behar dugula. Baina nago askotan planifikatzen dugula egoera hipotetiko eto utopikoetatik abiatuta, eguneroko lana ahantzia utzirik. Baina ahantzia planifikatzeko momentuan, jarduteko momentuan denok gure ezintasunekin oso kontziente garelako. Adibide bat: erabileran eragiteko Nafarroan ezinbestekoa bada Administrazioaren aldeko lana, hobe dugu euskararen normalizazioa alde batera uztea, egun Administraziotik eta Instituzioetatik horrelakorik lortzea ezinezkoa baita. Soziolinguistikaren ikuspegitik ondorio horretara iritsiko bagina, hau da, ezinezkoa litzatekeela hizkuntzaren normalizazioa Nafarroan (lortezina den marko bat lortzen ez den bitartean, lurraldetasuna, esaterako) ez ginateke ariko orduan gezurretan? Ala posible da hiztun komunitate gisa bizirautea eta egituratzea, berebiziko zailtasunekin, noski, baina aurrera eginez?

Zein da etorkizunean espero litekeen joera bide honetatik jarraituz gero?

Gauza batean ez dago zalantzarik, bide honetatik segituz gero erabilerak ez du gora eginen ondoko arrazoiengatik:

- Hizkuntza gaitasuna egungo abiaduran igoko da. Kontuan hartu behar da D ereduko matrikulazioa eten egin dela eta oso zaila izanen dela matrikularen % 35 gainditzea.. Txillardegiren eredu matematikoa aplikatzen bada argi dago elebidunen kopurua portzentai horretara iritsiko balitz ere erabilera ez litzatekeela proporzio berean igoko. Baina erroldan elebidunen kopurua % 30era iristeko 40 urte falta dira. - Eremu soziolinguistiko euskaldunenetan ezagutzak nabarmen egin du gora eta toki administrazioetan normalizazio saio nabarmenak egiten ari dira, horregatik pentsatu behar da eskualde hauetan erabilerak gora eginen duela. Dena den, kontuan hartzen badugu eskualde hauen pisu demografikoa (nafarren % 10 bizi da eskualde horretan), eta honen ondorioz pisu politikoa, pentsatu daiteke erabilera ez dela igoko gune erdaldunen eragina haundia delako: eskualdekako datuak aztertzen baditugu ikusten da neurketan kopururik altuena Nafarroako ipar-mendebaldeakoa dela, % 37,4 eta orain dela zortzi urte ia puntu bat altuagoa izan zen. - Eskolak egun ez du bermatzen D ereduan ikasten duten ikasleak elebidun osoak izatea. Erdal elebidun eta elebidun hartzaileen tipologian kopuruak altuak dira eta euskal komunitatea gai ez bada euskaraz komunikatzeko hautua egin dezaten bultzatzeko, errazena erdal komunitateko kide gisa agertzea izanen da haientzat. - Etorkinekin gauza bera gertatzen da: euskal komunitateak ez du erakar indar nahikorik eta etorkin gehienak hemengo egoera soziolinguistikoaz oharturik hizkuntza nagusia aukeratzen dute. - Nafarroan aplikatzen ari den hizkuntza politikak baztertu egiten ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak eta erdal komunitateari diskurtso oso zehatza transmititzen zaio: euskara hizkuntza gatazkatsua da, ez du egungo mundurako balio eta euskaldunen eskubideak bermatuko balira erdaldunen lan aukerak murriztuko lirateke. Oraindik ez da neurtu diskurtso horren eragina, baina euskal komunitateak oraingoz hori neutralizatzeko ahalmen txikia du, gainera mezu horiek egoera politikoaren inguruko mezuekin nahasirik plazaratzen dira maiz. - Hezkuntza sisteman planifikatzen ari diren programa berriak D eta A ereduak ahultzeko diseinaturik daude, atzerriko hizkuntzak, ingelesa, bultzatzen ari direlako, baina ez ikuspegi osogarri batetik abiatuta baizik eta hautuaren ikuspegitik: gurasoek modernoa ez den euskara ala umeei zoriontasuna emanen dien ingelesa aukeratu behar dute [4]. Hurrengo urteetan ikertu beharreko gaiak

Azken bi Neurketetan sartu diren aldagaiak, generoa eta haurren presentzia, lanari osotasuna eman diotela esan daiteke. Beraz, Kale Neurketaren bidez lortzen den informazioa aberatsa eta anitza da. Ez dut uste lan honen bidez lortzen den informazioa baino gehiago lor daitekeenik. Horregatik jarraian aipatutzen diren gaiak edo proposamenak lanaren emaitza hobetzeko proposatzen dira eta horretarako bi helburu aintzat hartu dira:

1. Kale Neurketa bera hobetzeko egin behar diren gauzak.

2. Kale Neurketaren bidez lortzen den informazioa osatzeko komenigarriak diren ikerketak.

1. Kale neurketa hobetzeko egin behar diren lanak

- Zonalde batzuetako datu deigarriak aztertu egin behar dira: Bi adibide aipatu dira: Tuteraldean euskararen erabilera euskararen ezagutza baino altuagoa da. Estellerrian erabilera izugarri jaitsi da eta kezkagarria den datu hori haurren artean oso nabarmena da. Komeniko litzateke egoera horren eragileak ezagutzea, eskualde horretan azken urteetan euskararen ezagutza nabarmen igo den bitartean erabileran kontrako emaitza lortu delako. - Feminizazioaren fenomenoa bi ikuspegi hauetatik: - Feminizazioa gertatzen ari da emakumeek lehen baino gehiago erabiltzen dutelako ala gizonezkoek euskaraz hitz egiteari utzi diotelako? - Joera nagusitik aldentzen diren tokiak: esaterako Iruñean (eta Gasteizen) ez da gertatzen Euskal Herrian ikusten den joera bera eta gizonezkoen erabilera altuagoa da. Arrazoiak ezagutzea komeniko litzateke Iruñean bizi diren euskal hiztunen kopurua handia delako eta Iruñean erabilera igotzeak Nafarroa osan eraginen lukeelako.

2. Erabileraren inguruko informazioa osatzeko egin beharko liratekeen ikerketak

- Neurketak eremu ezberdinetan: Kale Neurketak egin dira baina komenigarria litzateke neurketak euskaldunak biltzen diren tokietan egitea. Hemendik bi gune edo toki proposatzen dira: bata, eskola ordutegi barruan ematen den erabilera (gelan eta gelaz kanpo) azken urteetan irakasle askoren perzepzioa da ikasleen artean gaztelania erabiltzeko joera handitzen ari dela, baita ingurune formaletan ere, eta perzepzio hori neurtzea gauza inportantea izan daiteke 3. Oharrean aipatu den ikerketan adibideak daude). Bestea, aisialdian lagun artean egiten den erabilera, noraino euskaldunak euskaldunekin biltzen diren eta zein hizkuntza aukeratzen duten; edo bat baino gehiago aukeratzen badute zer komunikatzeko aukeratzen duten; zer eragina duten hizkuntza erregistro, eta kontestu, ezberdinek... - Eskaintzaren garrantzia: Gizarte elebidun batean hizkuntza bata ala bestea komunikazio hizkuntza bezala aukeratzeko momentuan eragile batzuk kontuan hartu behar dira: ezagutza objetiboa, harreman sarearen gaitasuna, erregistroak, etab, eta hor euskaraz egiten den eskaintza ezagutzea oso garrantzitsua da, hutsuneak non dauden jakiteko eta eskaintza egokiak bultzatzeko - Motibazioak. Hemen bi alderdi aztertu beharko lirateke - Elebidunak erabiltzen duen hizkuntza ikuspegi ideologiko ala kontziente batetik aukeratzen du edo azken momentuan ikuspegi praktikoak nagusitzen dira? Gizakien helburua komunikatzea da eta ez euskaraz komunikatzea. - Erabilera ez igotzeko dauden arrazoiak: nekea (irakasleen artean esaterako), motibazio kanpaina frustranteen eragina, hots, militantziazko jarreren ondorioak: euskaldunari maiz eskatu zaio lehen hitza euskaraz egiteko dakigunean kasuen % 90ean erdaldunak aurkituko dituela eta horren ondorioz haserrealdiak, egoera ez erosoak sortzen direla. Eta nekearen ondorio bat izan daiteke lehen hitza gaztelaniaz erratea solaskideak % 100ean gaztelaniaz dakielako.

[1] Datu estatistikoak Nafarrako Estatistika Institutuaren estatistika operazioetatik atera dira. Gehienak liburu honetan agertzen dira: Nafarraoko populazioaren estatisktika. 1996. Populazioaren banaketa euskararen ezagutzari buruz. Nafarraoko Gobernua. Iruñea. 1999

[2] Datuak Euskararen jarraipena II. Euskal Herriko Soziolinguistikazko inkesta 1996. Nafarroa liburuskatik hartu dira. 2001eko inkestaren datuak oraindik ez dira argitaratu, baina aurreko bi inkesten joera mantentzen bada, eta ez dago arrazoi objetiborik kontrakoa gertatzeko igoera gehienez jota 2 puntukoa izan daiteke, eta hau oso baikor jokatuz

[3] Nafarroako Gobernuak 12 16 urte bitarteko D ereduko ikasleekin erregistro ez formalen inguruan egindako ikeketan datu hauek agertzen dira. Ikerketa kulitatibo hau ez da argitaratu.

[4] Navarra y las principales lenguas europeas: competencias lingüísticas en la Comunidad Foral. Nafarroako Gobernua. Iruñea.2002. 91-96 orr.