Euskararen Kale Erabilera Gipuzkoan

Jose Felix Diaz de Tuesta
Aipamenak
Oso baikorra da euskararen kale erabilerak aspaldiko urteotan izan duen bilakaera. Izan ere, 1989tik 2001era bitartean %30 hazi zen erabilera Gipuzkoan, %23tik %30era pasatu zen eta

2001eko datuei dagokienez, Bidasoa Beherea eta Donostialdeko erabilera Gipuzkoako batez bestekoaren oso azpitik daude. Urola-Kostaldea eskualdeko erabilera Gipuzkoako batez bestekoa halako bi da. Gainera, eskualde horretan adin talde guztien erabilera %50etik gorakoa da

Txillardegik hizkuntza gutxiagotuen erabilera aztertzeko asmatutako eredu matematikoaren arabera, euskararen kale erabilera zorizko gertaera da: hots, hiztunek euskara edo erdara erabiltzea probabilitateen legepeko gertaera da

Lurralde bateko euskararen erabilera eta euskaldunen proportzioa bat etorriz gero, lurralde horretako norbanakoak bi taldetan bereizita bizi direla pentsatu beharko genuke. Ildo horretatik jarraituz, ez da harritzekoa euskararen kale erabilera euskaldunen proportzioa baino txikiagoa izatea han-hemenka egindako neurketa guztietan

Kale erabilera gehienbat euskara lehen hizkuntza dutenen baitan dagoela egiaztatuko balitz, ondorio hau aterako litzateke: lehen hizkuntza euskara dutenen proportzioak gora egitea lortu beharra dugu, euskararen kale erabilerak ere gora egitea nahi badugu

1.- SARRERA.

Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Horixe da, behintzat, kalitatea ardatz duten kudeaketa sistemen irizpideetako bat. Errealitate bat neurtzea, ordea, ez da erraza edo, hobeto esanda, errealitatearen neurketa fidagarriak egitea ez da erraza. Are gutxiago baliabideak urriak direnean. Edonola ere, gogoan izan beharra dago, goian esandako kudeaketa sistemen arabera, aurrera egiten ez duenak atzera egiten duela.

Zein da gaur egun Euskal Herriko hizkuntza egoera? Euskararen egoerak hobera ala txarrera egin du azken berrogei edo hogei urteotan? Hori da behin eta berriro hizkuntza normalkuntzan ari garenok geure buruari eta elkarri galdetzen dioguna. Eta ez da erraza izaten horretan ados jartzea.

Euskararen kale erabilera da Euskal Herriko hizkuntza egoera aztertu eta neurtzeko adierazle nagusia, herritarren hizkuntza gaitasunarekin batera. Kale erabilera da, ziur aski, euskararen egoera hobekien islatzen duen adierazlea.

Zaila da, edozein kasutan ere, neurketetako kale erabilerari buruzko datuak interpretatzea eta ondorio garbiak ateratzea. Hortaz, bada, sarri askotan lan hipotesi moduan ulertu behar dira datuon azterketako emaitzak.

2.- EUSKARAREN KALE ERABILERA GIPUZKOAN 1989-2001 ALDIAN.

Unean uneko hizkuntza egoeraren berri ematen du euskararen kale erabilerak. Alde horretatik, euskararen kale erabilerako neurketek ematen duten informazioa oso baliagarria da. Baina, horretaz gainera, hizkuntza egoeraren bilakaera aztertzeko aukera ematen du. Izan ere, 1989 urtetik hona lau aldiz neurtu da Euskal Herriko euskararen kale erabilera, neurketa horietan guztietan metodologia bera erabiliz. Nire ustez, azken informazio hau –kale erabileraren bilakaera, alegia- askoz garrantzitsuagoa da unean uneko kale erabilera zein den jakitea baino.

Hauexek dira, bada, aspaldiko urteotan egindako neurketa horien bidez Gipuzkoako kale erabilerari buruz lortutako datuetatik (ikusi 1. taula) ateratako ondorio nagusiak:

Euskararen kale erabileraren bilakaera Gipuzkoan, adin taldearen arabera (%tan)

Urtea

Haurrak Gazteak Helduak Adinekoak Guztira
1989 34 17 19 27 23
1993 37 22 21 26 26
1997 42 28 24 27 29
2001 43 32 24 25 30
1. taula
  • Oso handia da euskararen kale erabilerak 1989-2001 aldian Gipuzkoan izan duen hazkundea.

    Oso baikorra da euskararen kale erabilerak aspaldiko urteotan izan duen bilakaera. Izan ere, 1989tik 2001era bitartean %30 hazi zen erabilera Gipuzkoan, %23tik %30era pasatu zen eta.
  • Haurrak dira kalean euskaraz gehien egiten dutenak. 14 urte bitarteko haurrak dira kalean euskaraz gehien egiten dutenak. Orain arte egindako neurketa guztietan haurrak izan dira beti erabilera mailarik handiena izan dutenak. Iaz %43koa izan zen haurren erabilera.
  • Alabaina, gazteak dira bilakaerarik baikorrena izan dutenak, euskararen kale erabilerari dagokionez. SEIk 2001ean egindako neurketaren arabera, gazteen kale erabilera handia da, haurrena baino txikiago bada ere: 2001ean %32koa izan zen gazteen kale erabilera. Baina hori baino garrantzitsuagoa da 1989tik hona izan duen bilakaera. Izan ere, 1989-2001 aldian gazteen kale erabilera ia bikoiztu egin da. Beste adin taldeek ez dute inondik inora horrelako hazkunderik izan. Bestalde, azpimarratzekoa da gero eta txikiagoa dela haurren eta gazteen erabilera mailaren arteko aldea: 1989an haurren erabilera gazteena halako bi zen; 2001ean, berriz, aldea %34koa baino ez zen.
  • Helduen erabilerak ere gora egin du. Helduen erabilera apala da oraindik (%24). Hala ere, haren bilakaera baikorra izan da. Izan ere, haurren erabilera bezainbeste hazi da helduena.
  • Adinekoen erabilerak beheranzko joera du. 1989an haurrak eta adinekoak ziren kalean euskaraz gehien egiten zutenak. Adinekoek gutxixeago egiten zuten haurrek baino. Hamabi urteotan, ordea, adinekoen erabilerak behera egin du, oraindik joera hori txikia bada ere.
  • Haurren presentziak badu eraginik euskararen kale erabileran. Oro har, haurrek parte hartzen duten elkarrizketetan euskararen erabilera askoz handiagoa da haurrik ez dagoen elkarrizketetan baino. Gipuzkoan %40koa izan zen 2001eko erabilera haurrek parte hartutako elkarrizketetan. Haurrik ez zegoen elkarrizketetan, berriz, %19koa. Aldea, beraz, nabarmena da. Gainera, helduengan du eraginik handiena haurren presentziak. Baina, haurrek eurek ere gehixeagotan egiten dute euskaraz nagusiren bat tartean dagoenean eurak bakarrik daudenean baino.
  • Alde handia dago eskualdetik eskualdera kale erabileran. 2001eko datuei dagokienez, Bidasoa Beherea eta Donostialdeko erabilera Gipuzkoako batez bestekoaren oso azpitik daude. Urola-Kostaldea eskualdeko erabilera Gipuzkoako batez bestekoa halako bi da. Gainera, eskualde horretan adin talde guztien erabilera %50etik gorakoa da. Oro har, oso baikorra izan da erabileraren bilakaera 1993-2001 aldian. Azpimarratzekoa da euskararen kale erabilerak Bidasoa Beherean eta Debabarrenean izan duen bilakaera, ia %50 hazi da eta. Tolosaldean eta Urola-Kostaldean, berriz, erabilera maila oso egonkorra da.

Euskararen erabilera Gipuzkoan, eskualdez eskualde (%tan)

Haurrak
Gazteak
Helduak
Adinekoak
Guztira
Bidasoa Beherea
1993ko erabilera 13 7 8 10 9
2001eko erabilera 17 14 11 18 14
Debabarrena
1993ko erabilera 37 18 20 38 26
2001eko erabilera 51 38 30 42 38
Debagoiena
1993ko erabilera 55 38 31 43 40
2001eko erabilera 61 50 33 40 44
Donostialdea
1993ko erabilera 24 11 11 11 14
2001eko erabilera 33 21 16 11 19
Goierri
1993ko erabilera 48 28 25 33 33
2001eko erabilera 53 42 25 27 34
Tolosaldea
1993ko erabilera 66 42 38 48 47
2001eko erabilera 63 53 40 43 48
Urola-Kostaldea
1993ko erabilera 72 59 57 67 62
2001eko erabilera 75 67 53 62 61
Gipuzkoa
1993ko erabilera 37 22 21 26 26
2001eko erabilera 44 33 24 26 30
2. taula

Iturria: SEI elkarteak emandako datuak.

Haurrak: 5-14 urte. Gazteak: 15-24 urte. Helduak: 25-64 urte. Adinekoak:65 urtetik gorakoak.

3.- EUSKARAREN KALE ERABILERA EUSKARAREN EZAGUTZAREN ARABERA.

Txillardegik hizkuntza gutxiagotuen erabilera aztertzeko asmatutako eredu matematikoaren arabera, euskararen kale erabilera zorizko gertaera da: hots, hiztunek euskara edo erdara erabiltzea probabilitateen legepeko gertaera da. Euskararen erabilera, printzipioz, euskaldunen proportzioaren funtzio zuzena da. Hizkuntzaren erabileraren ikuspegitik, egoera horri egoera isotropiakoa deitzen zaio. Hortaz, bada, egoera isotropiakoetan hiztun bakoitza eta guztien artean izan daitezke ahozko hizkuntza harremanak. Gauzak horrela, hizkuntza egoera isotropiakoa izanda, euskararen erabilerarik handiena emango litzateke euskaldunek euskaldunekin dituzten harremanetan beti euskaraz hitz egingo balute. Erabilera maila horri erabilera isotropiakoa deitzen zaio.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 1996an egindako Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestak euskararen erabileran eragiten duten faktoreak aztertu zituen. Azterketa horren arabera, hauek dira euskararen erabileran bereziki eragiten duten faktoreak: batetik, gune soziolinguistikoko eta harreman sareko euskaldunen dentsitatea; bestetik, hizkuntza gaitasun erlatiboa, hau da, euskaraz aritzeko erraztasun handiagoa edo txikiagoa izatea erdaraz aritzeko baino.

Ikus dezagun, bada, nola eragiten duen Gipuzkoako euskararen erabileran azaldutako hiru faktore horietako bakoitzak. Gipuzkoako euskaldunen dentsitateari buruzko datuak 1996ko Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestan azaltzen dira. Harreman sareko euskaldunen dentsitateari buruzko daturik ez dugu: izan ere, ezin da jakin euskararen kale erabilerako neurketan behatutako talde bakoitzeko euskaldunen dentsitatea. Hizkuntza gaitasun erlatiboari dagokionez, hipotesi hau erabili dugu: lehen hizkuntza euskara –euskara edo euskara eta gaztelania- duten hiztunek hizkuntza gaitasun handiagoa dute euskaraz gaztelaniaz baino. Kasu horretan, bada, hauxe da erabili dugun aldagaia: lehen hizkuntza euskara duten Gipuzkoako biztanleen portzentajea. Aldagai horri buruzko datuak 1996ko Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestatik hartu ditugu.

Gipuzkoako euskaldunen dentsitatea -eta hari dagokion erabilera isotropiakoa- kale erabilerarekin alderatuz gero, hauxe da ondorio nagusia: kale erabilera erreala euskaldunen proportzioa baino txikiagoa da, baina erabilera isotropiakoaren gainetik dago (ikusi 3. taula). Lurralde bateko euskararen erabilera eta euskaldunen proportzioa bat etorriz gero, lurralde horretako norbanakoak bi taldetan bereizita bizi direla pentsatu beharko genuke. Ildo horretatik jarraituz, ez da harritzekoa euskararen kale erabilera euskaldunen proportzioa baino txikiagoa izatea han-hemenka egindako neurketa guztietan. Euskararen kale erabilera erabilera isotropiakoa baino handiagoa izateak agerian uzten du euskaldunen arteko harremanen trinkotasuna, alde batetik, eta euskaldunen hizkuntza leialtasuna, bestetik.

Euskararen ezagutza eta ezagutza erlatiboaren eragina kale erabileran

Haurrak Gazteak Helduak Adinekoak Guztira
2001eko erabilera * 44 33 24 26 30
Euskaldunen dentsitatea
Ezagutza 81 60 42 50 50
Erabilera isotropiakoa 58 28 12 18 18
Erabilera/erabilera isotropiakoa 76 118 200 144 167
Hizkuntza gaitasun erlatiboa
Euskaldun zaharrak eta jatorrizko elebidunak 50 39 38 56 40
Erabilera isotropiakoa 18 12 9 16 11
Erabilera/erabilera isotropiakoa

244

275

267

163

273

3.taula Iturria: 1996an egindako Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta. Haurrak:5-14 urte. Gazteak: 15-24 urte. Helduak: 25-64 urte. Adinekoak:65 urtetik gorakoak.

Bestalde, euskara lehen hizkuntza duten gipuzkoar euskaldunen dentsitatea -eta hari dagokion erabilera isotropiakoa- kale erabilerarekin alderatzean, nabarmenagoa da aldea: izan ere, ia hiru aldiz handiagoa da 2001ean Gipuzkoan behatutako kale erabilera erabilera isotropiakoa baino (ikusi 3. taula). Horrek oraindik ere ageriago jartzen ditu jatorrizko euskal hiztunen trinkotasuna eta euskararekiko leialtasuna.

Azterketa hori adin taldeka ere egin daiteke. Hartarako hipotesi hau erabili dugu: adin talde bakoitzeko hiztunak komunitate itxiak dira eta beste adin taldeetakoekin ez dute harremanik. Horrela jakin daiteke zein izango litzatekeen adin talde bakoitzaren erabilera isotropiakoa. Hipotesia ez da guztiz zuzena, errealitatean gure kaleetan egindako neurketetan adin guztietako pertsonen arteko elkarrizketak behatu baitira. Alabaina, atentzioa ematekoa da, datu horien arabera, oso txikia dela kale erabilera eta euskara lehen hizkuntza dutenen arteko portzentajearen arteko aldea. Kale erabilera gehienbat euskara lehen hizkuntza dutenen baitan dagoela egiaztatuko balitz, ondorio hau aterako litzateke: lehen hizkuntza euskara dutenen proportzioak gora egitea lortu beharra dugu, euskararen kale erabilerak ere gora egitea nahi badugu. Zaila da haur euskaldunek euskararekiko duten atxikimendua handitzea, haur euskaldunen erdiek lehen hizkuntza euskara ez izanda. Euskaldunek euskararekiko duten atxikimendua handitzeko ahaleginik egitekotan, horrekin batera haien hizkuntza gaitasun erlatiboa handitu beharra dago. Azkenik, oraingo hiztunen lehen hizkuntza aldatzerik ez dagoenez, ezinbestekoa da datozen urteetan jaioko diren haurrek –ahalik eta haur gehienek- lehen hizkuntza euskara izatea, euskararen kale erabilera haziko bada.