Euskararen Erabileraren Bilakaera Ipar Euskal Herrian
SORRERA
Artikulu honek, SEI-k egindako Erabileraren IV. Kale Neurketa du abiapuntutzat, nahiz eta ez garen inkestaren datu soiletan oinarrituko kale neurketaren nondik norakoak ulertzerakoan. Inkesta honen diseinuaren oinarria aurrekoen bera izan da, alegia, neurketa burutu den urte saioa, aste egunak eta orduak, aurreko neurketen berdinak izan dira eta neurtutako ibilbideak irizpide berekin aukeratuak izan dira�». Era berean, neurketa 2001-eko azaroaren 7-a eta 10-a bitartean egin dela esan beharra dago eta ipar Euskal Herriko 37 udalerrietan egin da (30 Lapurdin, 4 Nafarroa Beheran eta 3 Zuberoan), oro har, 9 264 pertsona entzun direlarik.
Gogora dezagun erabileraren lehendabiziko neurketa 1989-an egin zela eta geroztik lau urtero errepikatu dela. 1989-an, 10.000 biztanletik gorako herrietan egin zenez, Baiona, Donibane Lohitzune eta Hendaia besterik ez ziren aztertu. 1993-an egin zen III. kale neurketan, 5.000 biztanletik gorako udalerriak neurtu ziren ipar Euskal Herrian, esan nahi baita nahiko herri gutxi. Eta 1997an nahiz 2001ean egin diren azken bi neurketetan 1.000 biztanletik gorako udalerri guztiak jorratu dira. Laginaren aldaketa hau esanguratsua da oso, bai baitakigu euskara menperatzen eta erabiltzen duten pertsonak batez ere herri txikietan bizi direla.
Funtsean, galdera bati erantzun nahi diogu, hots: zein izan daiteke euskararen erabileraren bilakaera ipar Euskal Herrian? Gure hipotesiaren arabera, gaur egungo erabileraren azterketa orokor zein sektorialean oinarrituz eta erabileraren ahulgune-indargune nahiz mehatxu-aukeretatik abiatuz, hizkuntza horren baliatzea aukeratutako hizkuntza antolaketa modeloari loturik dago. Soilik Hizkuntza Politika baten osatzeak eta ostean gauzatzeak baimenduko du euskararen erabilera modu egonkorrean berreskuratze prozesu batean sartzea, horrek diagnostiko zehatz, norabide estrategiko argi eta ekintza plan koherenteak egitea suposatzen duelarik, baita hizkuntza politikaren ebaluaketa objektibo bat ere.
1. ERABILERAREN BILAKAERA
1.1. Erabilera orokorra
1.1.1. Erabileraren eboluzioa
SEI-ren IV. neurketak erakusten du euskararen erabilera %7-tik %6-ra pasa dela 1993 eta 1997-ren artean, geroztik %6-ean mantendu delarik edo, beste modura batera esanda, badirudi galera prozesu baten ostean egonkortasuna nagusitu dela. Aitzitik, datu zehatzek erabileraren beherakada bat erakusten dute, nahiz eta mugatua izan. Izan ere, ipar Euskal Herrian, 1997an, entzundako elkarrizketen %6,3an euskara erabili bazen, 2001an, %5,8an baliatu zen. Gauza bera ageri da Lapurdin non erabilera %5,5tik %5,1era igaro den bolara berean. Zein esplikazio eman dakioke jaitsiera leun horri?
Lehenik, jario migratorioa aipatu behar da, zeren, 1990 eta 1999 artean, ipar Euskal Herriko biztanleria %5,1 igo da, 249 641tik 262 311ra. Alabaina, saldo naturala negatiboa da, batik bat barnealdean, pertsona gehienak lurralde kanpotik baitatoz. Datuen arabera, epe berean, bertan sortutako 4.303 pertsona gutxiago izan dira, 1982az geroztik agertzen den tendentzia baieztatuz. Kanpora doazen gehientsuenak gazteak zein helduak dira, etortzen direnak adinekoak direlarik. Azken hauek, ordea, ez dute euskara menperatzen.
Bigarrenik, sortzen diren elebidun gehienak pasiboak dira, esan nahi baita euskara ulertzen zein gutxi hitz egiten dutela. Lurralde guzietan somatzen da, nahiz eta Baiona-Angelu-Biarritzen elebidun hartzaileen ehunekoa bikoizten den. Hain zuzen ere, haur gehienek euskara sail elebidunetan ikasten dute, hots, euskara zein frantsesa ordu kopuru berean baliatua den sailetan. Haatik, hainbat ikerketek erakutsi dute euskara ongi menperatzeko ezinbestekoa dela murgiltze pedagogia erabiltzea, lehen mailan gutxienez.
Hirugarrenik, haurrek euskara adinekoak baino gutxiago erabiltzen badute (%5a %9aren ordez), gazteek baino gehiago baliatzen dute. Izan ere, gazteen kopurua kasik bikoizten dute, agerian utziz berreskuratze prozesu bat nabari dela belaunaldi berrien mailan. Alabaina, ez da nahikoa joera orokorra aldatzeko demografikoki gutxiago baitira. Erroldaren arabera, 1982 eta 1999 artean, 20 urte baino gutxiagoko pertsonak 60.642tik 55.853ra pasa dira (- 4.789), une berean, 60 urtetik gorako pertsonen kopurua 57.699tik 71.831ra iragan delarik, alegia 14.1132 gehiago.
Laugarrenik, erabileraren beherakada pixkanaka leundu egin da, euskara jakitea zein erabiltzea aberastasun zein irekidura bat gisa ikusia baita. Luzaroan euskara hizkuntza identitario bat gisa irudikatua izan da, esan nahi baita itxiduraren nahiz baztertzearen sinonimo lez. Elkarteen, komunikabideen zein botere publikoen eraginez, onartzen joan da euskara erabiltzea onuragarria zela bai helduarentzat bai haurrarentzat ere. Horrela, CSA-ren inkestak erakusten du 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten gurasoen %24ak beraien umea sail elebidunetan eskolatzea erabaki duela izpiritu irekidura eta aberastasuna garatzen baititu.
1.1.2. Erabileraren datuak
Halaber, euskararen erabilera maila nahiko txikia da, Nafarroa Garaikoaren antzeko heinean kokatuz. Apalagoa da oraindik Lapurdiko hiri handietan kontutan izanik Hendaian %5,4ekoa eta Baionan %5,1ekoa bada, Biarritze zein Donibane Lohitzunen %1,1 eta %1,8 artean kokatzen dela. Erabilera ahula ulertzerako orduan honakoa arrazoiak aurrera daitezke.
Batetik, 1996ko inkesta soziolinguistikoak agerian utzi duen moduan, harreman-sareko euskaldunen dentsitate mugatuak zerikusi handia dauka euskara ez erabiltzerako orduan. Izan ere, euskararen erabilerak eta harreman-sareko euskaldunen dentsitateak duten korrelazioa 0,73koa da etxean, 0,68koa lagunekin eta 0,81koa lanean. Are gehiago, nahikoa da norbaitek euskaraz ez jakitea etxean nagusiki frantsesez hitz egin dadin eta lagunartean nahiz lantokian bi hizkuntzak erabili daitezen.
Bestetik, lan berak dion bezala hizkuntza gaitasun erlatiboa edo frantsesez moldatzeko erraztasun handiagoa aipatzea derrigorrezkoa da, oraindik haboro dakigunean pertsona horien kopurua gorantz doala. Izan ere, frantsesez hobeki moldatzen diren euskaldunak frantsesa erabiltzen dute batez ere eta euskaraz hobeki dabiltzanak etxean zein lantokian ez dute nahi eta nahi ez euskara baliatzen. Gogoan izan behar da lagunekiko erabileran hizkuntza gaitasun erlatiboak duen garrantzia.
Horrez gain, euskararen erabilera urria hizkuntza gaitasun soilari loturik dago. Datuek zera diote, alegia, ipar Euskal Herriko biztanleriaren %25,7a elebidun aktiboa dela (euskara ongi ulertzen zein hitz egiten duena), %9,3a elebidun pasiboa dela, %64,2a elebakar frantsesa delarik. Beraz, biztanleriaren bi herenek ez du euskara ulertzen zein menperatzen. Okerrago, ipar Euskal Herriko biztanleriaren kasik erdia batzen duen Baiona-Angelu-Biarritze hirietako biztanle gehienak (%87) eta Lapurdi barnealdekoen erdia baino gehiago (%55) erdaldun elebakarrak dira.
Azkenik, euskarari ez zaio benetako baliagarritasun sozialik ematen ez ikasketan, ez lanean ezta aisialdian ere, ez baita ikusten konkretuki zer ekar lezaken. Joera hau bereziki nabarmena da 16 eta 24 urte dituztenen artean, baita gurasoetan ere. Haatik, azpimarratzekoa da galdekatutako pertsonek euskarari duena baino baliagarritasun ahulagoa ematen diotela, errealitatea eta bere pertzepzioaren artean alde bat sortuz. Ez da somatzen euskara jakiteak zein erabiltzeak sozialki balio duela, ez gaur eta ez gero hurbil batean.
1.2. Erabilera sektoriala
1.2.1. Erabilera adinka
Azken Kale Neurketak dionaren arabera, adin taldeka euskararen erabilera ezberdina da zeren haurrek zein helduek euskara modu berean erabiltzen badute (5%) ez da gauza bera gertatzen adinekoekin (9%), nahiz eta azken lau urteetan beherakada bat nabari den.
Beherakadaren arrazoia demografikoa da funtsean. Hain zuzen ere, adineko pertsonak dira euskara gehien erabiltzen dutenak bai lagunekin, baita ahaide ala lankideekin ere. Horrela 50 urte edo gehiagoko euskaldun gehienek (61%) nagusiki euskaraz hitz egiten dute lagunen artean eta antzekoa gertatzen da etxean (48%). Beraz, adinekoak hiltzen diren neurrian eta belaunaldi berriek euskara gutxiago erabiltzen duten mailan hizkuntzaren baliatzea murrizten doa.
Haurrei eta gazteei dagokionez, erabilera mantentzen doala dirudi. Datu hauek ez datoz bat 1996ko inkesta soziolinguistikoarekin zeinak erakusten duen euskararen erabileran oso beherakada handia dagoela 50 urte baino gutxiagokoen artean. Aldea metodologiak berak esplika dezake kontutan izanik bata inkestatuen aitorpenean eta bestea pertsonen jarduera konkretuan oinarritzen dela.
Egonkortasunaren arrazoia nortasun dimentsioan bilatu daiteke. Izan ere, euskal-eledunek euskara erabiltzen dute euskaldun sentitzen direlako eta euskarari sentimentalki atxikiak direlako. Bestela esanda, dimentsio identitarioak dimentsio utilitarioari gaina hartzen dio eta horrek baimentzen du euskararen ezagutza zein erabileraren artean hego Euskal Herrian urriagoa izatea aldea.
1.2.2. Erabilera generoka
Generoaren araberako erabilerak erakusten du gizonek emazteek baino gehiago baliatzen dutela euskara eta azken hamar urteetan aldea areagotzen joan dela (%5tik eta %9ra), nahiz eta Lapurdin kontrakoa gertatzen den, emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago hitz egiten baitute euskaraz (%5,1 eta %4,7 hurrenez hurren). Nola uler dezakegu ipar Euskal Herriko berezitasuna?
Fenomeno hau segitzeko euskara erabilia den lan sektoreei lotzea premiazkoa dirudi. Izan ere, euskara bereziki laborantza ala arrantza bezalako lanbide tradizionaletan baliatua da non gizonezkoak nagusi diren INSEE-ren 1999-ko erroldako datuak kontutan hartuz gero. Oro har, lan munduan gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira nahiz eta feminizazio bat nabari den, batez ere zerbitzuetan.
Era berean, euskararen erabilera nabarmena da komertzioetan, elizetan, herriko etxeetan ala bankuetan, hitz batean, bizitza publikoan. Beraz, espazio publikoa historikoki zein sinbolikoki gizonek bereganatu dutenez eta gizonek emazteek baino gehiago hitz egiten dutenez publikoan (gehiago ausartzen direlako funtsean) ezberdintasun hori uler daiteke.
Ez dezagun ahaztu haurren presentziak ez duela eragiten gurasoen eta, batik bat, amen kale erabileran. Are okerrago, haurrak ez diren elkarrizketetan euskara gehiago entzuten da, beste lurraldeetan gertatzen ez den bezala. Horrela, haurrekin daudenean euskararen erabilera %6,6-koa bada, umeak ez direnean %8,3-koa da. Joera hau bereziki nabarmentzen da barnealdean, hau da, nekazal giroan zein tradizionalean.
2. ERABILERAREN AIMA
Diagnostikoa osatzeko interesgarria da ulertzea zein diren euskararen erabileraren ahulune zein indarguneak, baita ere aurkitzen dituen mehatxu zein aukerak.
2.1. Ahulguneak eta indarguneak
2.1.1. Ahulguneak
Izan ere, euskararen erabilerak hainbat ahuleziari aurre egin behar dio.
Batetik, belaunaldi berriek eta, batik bat 16 eta 24 urte dituztenek, euskara gutxi erabiltzen dute, SEI-ren datuen arabera 3%ak soilik euskara baliatzen baitu. 1996ko inkesta soziolinguistikoak antzekoa dio kontutan izanik euskararen erabilera asko gutxitzen dela inkestatuek 50 urte baino gutxiago dituztelarik. Hain justu, adin hori baino gutxiago dutenen etxe gehienetan (60%), frantsesa da hizkuntza erabiliena eta gauza bera gertatzen da lagunen artean 57%a nagusiki frantsesez ari baita.
Halaber, frantsesa euskara baino hobeki menperatzen duten eledunen kopurua gorantz doa. Izan ere, 1996an, euskara frantsesa bezain ongi menperatzen zuten pertsonak antzeko kopurua osatzen bazuten, gaur egun, frantsesa euskara baino hobeki dakitenak bi aldiz gehiago dira. Ondorioz, euskara erabiltzeko joera murrizten doa kontutan izanik hizkuntza gaitasun erlatiboa funtsezkoa dela euskara baliatzerako tenorean.
Bestetik, euskara erabiltzeko aukerak xumeak dira bai lan ala eskola munduetan bai zerbitzu publikoetan ere. Hain zuzen ere, herriko etxe, administrazio ala saltegi gehienetan frantsesa da nagusi izan dadila jendearekiko harremanetan, barne zein kanpo seinaletikan edo banatutako dokumentuetan. Oraindik gehiago, hainbat kasutan euskara dakitenek ere frantsesa erabiltzen dute ez dakitelako bezeroak euskara menperatzen dutela ala zuzendariek eskatzen baitiete frantsesa balia dezaten.
Azkenik, euskararen erabilera ez da errekonozitua ez delako hizkuntza ko-ofiziala. Hego Euskal Herrian gertatzen ez den bezala, euskara ez da frantsesaren parean kokatzen azken hau baita errepublikaren hizkuntza. Hori dela eta, botere publikoek ez daukate inongo legezko bortxarik euskara erabiltzeko administrazio publikoan, komunikabide publikoetan ala leku publikoetan. Hala ere, Konstituzioaren eta Toubon legearen arabera, ezerk ez du debekatzen euskara baliatzea frantsesarekin batera.
2.1.2. Indarguneak
Haatik, euskararen indarguneak aipatzea premiazkoa da, bestela euskararen erabilerak askoz ere beheraka azkar bezain nabariagoa ezagutuko bailuke. Hainbat faktore gogora datoz, nahiz eta horietariko batzuetara mugatuko garen.
Lehenik eta behin, euskararen erabilerak nahiko altua izaten jarraitzen du adinekoen tartean %11a eta %9a bitartean kokatzen baita. Inkesta soziolinguistikoak antzerako joera agerian uzten du kontutan izanik 50 urte edo gehiagoko euskaldun gehienek (%61) nagusiki euskaraz hitz egiten dutela lagunekin. Are gehiago, gazteagoen artean erabilera egonkortu egiten da, ez baitago alde handirik 35 eta 49 urte bitartekoen eta 16 eta 34 urte bitarteko gazteen erabileran. Halaber, 50 urtetik gorako euskaldunen etxebizitza guztien erdian (%48) euskaraz hitz egiten dute nagusiki, eta bostetik batean (%21) euskaraz eta frantsesez.
Bigarrenik, ikerketa ezberdinek nabaritzen dute euskararekiko iritzi eta jarrerak geroz eta baikorragoak direla. Hain justu, 1996ko inkesta soziolinguistikoak erakusten du ipar Euskal Herriko biztanleriaren %49a euskararen irakaskuntza eta erabilera bultzatzeko neurriak hartzearen aldekoa dela, soilik %13a aurka delarik. Oniritzirik handiena lortzen duten neurriak gaztetxoenak euskalduntzea bilatzen dutenak dira nahiz eta administrazioa euskalduntzearen aldeko jarrera ere nagusi den (%63) eta berdina gertatzen da euskara komunikabideetan sartzearekin (%53).
Hirugarrenik, euskara eta euskaraz ikasten duten ikasle kopurua gorantz doa azken hamar urte hauetan. Lehen mailari so eginez gero gorakada nabarmena da zeren 1993 eta 2001aren artean, ikasle kopurua 1.309tik 2.600era pasa da irakaskuntza publikoan, 593tik 1146era irakaskuntza pribatuan eta 1.005tik 139-ra ikastoletan. Kopuru horiei astero hiru orduz euskara ikasten dutenak gehitu behar zaizkie (1.350 publikoan eta 322 pribatuan). Gauza bera gertatzen da helduen formakuntzan, ikusiz AEK-ren ikasleria 744tik 1.454ra igaro delako 1991 eta 1997 artean, esan nahi baita bikoiztu dela sei urtean.
Laugarrenik, euskara erabiltzen duten pertsonak geroz eta kalifikatuagoak dira. Hain zuzen ere, belaunaldi berrietan gehiago dira batxilergoa lortzen dutenak eta ondoren ikasketa unibertsitarioak burutzen dituztenak Paue, Bordale, Tolosa ala Pariseko unibertsitateetatik igaro ostean. Are gehiago dakigunean sail elebidun ezberdinetatik eta Euskal Ikasketetatik pasa diren ikasleak geroz eta kopuru handiagoan direla. Urtero hamarnaka ikasle euskaldun ateratzen dira goi mailako irakaskuntzatik, nahiz eta horietariko asko kanpoan gelditu ez baitute aurkitzen beraien diplomei egokituak den lanik ipar Euskal Herrian.
2.2. Mehatxuak eta aukerak
2.2.1. Mehatxuak
Ez ditzagun horrenbestez euskarak ezagutzen dituen mehatxuak eta aurkitzen dituen aukerak ahaztu. Izan ere, mehatxuak ez dira euskararen aurkako sektoreei mugatzen euskarak gizartean duen tokiaren inguruan dauden problematika guztiak hunkitzen baititu. Horien artean hauek aipa ditzakegu.
Batetik, euskarazko eskaintza ez da nahikoa, batik bat irakaskuntzan. CSA Institutuak Hezkuntza Ministeriorentzako egin duen zundaketak argiki erakutsi du euskarazko irakaskuntza-eskaintza eskaera soziala baino askoz ahulagoa dela, bai publikoan eta bai pribatuan. Eskaera soziala ez dago antolaturik, euskara dakiten irakasle formatuen kopurua urria da eta herriko etxe guztiak ez daude prest egoitza egoki batzuk uzteko. Ondorioa da eskaintza mugatuagatik haur askok ez duela euskara ikasteko eta beraz erabiltzeko aukerarik.
Bestetik, euskal eledunen kopuru mugatuaz gain, euskararen politizazioa aipa daiteke. Egoera asko aldatu arren, inkesta ezberdinek erakusten duten bezala, euskara oraindik abertzaletasunari eta, maila mugatuagoan, bortizkeriari loturik dago. BAB-en egina izan den zundaketan ikus daiteke oraindik gurasoen %4ak ez duela bere haurra sail elebidunetan sartzen euskarak irudi politizatuegia baitauka. Ikuspegi hau handiagoa da kultura politiko jakobinoa duten pertsonengan, eskuinekoak ala ezkerrekoak izan daitezela.
Horrez gain, arriskuetariko bat euskaldunen desmobilizazioa zein kontzientzia galtzea da. Euskarak ezagupen publiko zein instituzional handiagoa duen heinean eta euskararen presentzia irakaskuntzan eta komunikabideetan emendatzen den neurrian, euskaldun batzuek pentsa dezakete euskara salbatuta dagoela eta ondorioz ez dela baitezpadakoa hizkuntza hori erabiltzea bai lanean eta bai familian ere. Horrela, euskaldun zaharrek euskaldun berriek baino okerrago transmititzen diete euskara beraien haurrei ez baitiete nahi eta nahi ez euskaraz hitz egiten.
Azkenik, euskara ikastearen zailtasunak ez dira gutxietsi behar. Izan ere, euskara ikasteko indarra egiten duten helduek maiz azpimarratzen dute euskara ikastea zaila dela lanetik kanpo egiten baitute eta ez dutelako euskara praktikatzeko aukera larririk. Are okerrago, kontuan izanik euskara ez dela hizkuntza latinoa ezta indoeuroparra ere, Katalana ala Gailegoa diren bezala. Ondorioz, euskara ikasi nahi dutenek pentsatzeko era, baita gramatika zein hiztegia ere, erabat aldatu behar dituzte. Horrek esplika dezake zergatik AEK-n matrikulatzen diren ikasle askok urtean zehar ala urtea amaitu bezain laster gau eskolak uzten dituzten.
2.2.2. Aukerak
Baina euskararen erabilera sustatzeko beharrezkoa da aurkezten diren aukerak baliatzea, gogoan izanik azken hauek ez direla euskararen aldeko giroan gelditzen.
Lehenik, euskararekiko eskaera soziala handitzen joan da azken hamar urteetan bai administrazio ala komunikabideen arabera, bai irakaskuntzaren arabera. Hor dugu froga gisa Hezkuntza Nazionalak plazaratutako zundaketa. Horren arabera, 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten gurasoen %56a prest dago bere seme-alabak sail elebidun ezberdinetan eskolatzeko eta hiru-laurden (%75) ados dago ama-eskolan izena emateko. Emaitzak are eta esanguratsuagoak dira dakigunean Baiona-Angelu-Biarritze hirietan lortu direla, hots, gune frantsesenetan.
Bigarrenik, euskararen prensentzia areagotzen doa bizi publikoan eta, batez ere, komunikabide, irakaskuntza eta seinaletikan. Izan ere, EITB komunikazio taldeaz gain, Euskal Irratiak daude, hau da, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza. Prentsa idatzian ere euskara irakurtzeko aukera ugaritu da Euskaldunon Egunkariaren sorrerarekin nahiz Euskal Herriko Kazetaren agerpenarekin. Halaber, geroz eta herriko etxe gehiagok euskara erabiltzen dute beraien barne zein kanpo seinaletikan baita udal aldizkarietan ere, Sara adibide delarik.
Hirugarrenik, pixkanaka, euskara ezagutzea zein erabiltzea errekurtso bat bilakatzen ari da eskolan eta, batez ere lan munduan. Hain justu, merkataritzan, turismoan, irakaskuntzan, kulturan ala kazetaritzan euskara jakitea geroz eta baloratuagoa da, batik bat publikoarekin harreman zuzenetan dauden langileentzat. Hain da egia non sektore batzuetan lan eskaintzek ez duten erantzunik. Esaterako, gaur egun, sei kazetari elebidun lan postu daude ipar Euskal Herrian bete gabeak ez baitago hautagai kalifikaturik.
Laugarrenik, botere publikoen jarrera onerako aldatzen ari da. Hain zuzen ere, 1997. urtean Hautetsien Kontseiluak Hizkuntza Antolaketa Eskema onartu bazuen, 2000. urtean Obragintza Publikoak Euskal Herriko Hitzarmen Berezia izenpetu zuen. Hitzarmen horren hizkuntza atalak hamar puntu dauzka zeinek elkarte mundutik datozen erakunde zein ekintzak sustengatzen dituen diru laguntza eta errekonozimendu instituzional bat emanez. Esan daiteke benetako hizkuntza politikaren lehen pausoa suposatzen duela.
3. ERABILERAREN GEROA
3.1. Eskenatoki ezberdinak
Diagnostiko honetatik habiatuz, hiru eskenatoki berezi daitezke geroari begira, hots, mantentze, galtze eta berreskuratzearenak, jakinik kasu bakoitza hizkuntza antolaketa modelo bati lotua dagoela.
3.1.1. Mantentze eskenatokia
Hipotesi honen arabera euskararen erabilera mantendu egingo litzateke. Azken Neurketak hori bera adierazten du azpimarratzean %7tik %6ra pasa ostean %6ean egonkortzen dela. Izan ere, haurrek gazteek baino gehiago hitz egiten duten heinean (5%a eta 3% hurrenez hurren), euskaldun aktiboen kopurua balore absolutuan mantentzen doan bitartean, eta elebidun pasiboen kopurua emendatzen den neurrian, euskararen erabilera egonkortu egingo litzateke galera prozesua leundu ostean. Mantentze prozesu hau hizkuntza antolaketa modelo bati lotua zaio zeinaren arabera, euskara sustatzea nahiz aurreraraztea gizarte zibilaren eginkizuna bezala ikusia den. Hor kokatzen dira euskarazko sail elebidunen, euskal irratien ala euskalgintza erakundeen sorrerak eta ondorengo garapenak. Une berean, botere publikoen esku hartzea elkarteen iniziatiba nahiz egitasmoak sustengatzera mugatzen da, diru laguntzak banatuz eta errekonozimendu ofiziala eskainiz. Gaur egun, antzeko egoeran gaude.
3.1.2. Galtze eskenatokia
Eskenatoki honen arabera euskararen erabilera galtzen joango litzateke. Tesi hau euskararen erabileran eta, batik bat, ezagutzaren eboluzioan oinarritzen da. Hain justu, SEI-ren datuen arabera helduak haurrek baino bi aldiz gehiago hitz egiten dute euskaraz eta demografia aldetik gehiago direnez, euskal eledunen kopurua jaitsiko litzateke. Halaber, 1996ko inkestak erakusten du euskararen erabilera gaztaroarekin behera doala zeren 50 urtetik gora dutenek nagusiki euskaraz hitz egiten badute beraien lagunekin (%61), 16 eta 34 urteren artean direnak nagusiki frantsesez mintzo dira (%57). Kasu honetan ere, galera antolaketa modelo zehatz bati josirik dago. Modelo hau duela gutxi arte ipar Euskal Herrian ezagutu duguna izan da. Hain zuzen ere, euskara ez denez hizkuntza ofiziala, euskararen defentsa elkarte munduaren eskuetan dago soilik, ezagutza publikorik gabe eta diru laguntza gutxirekin. Botere publikoentzat ez da beraien ardura euskara berpiztea eta euskararen erabilera onartua da, ez delarik gudukatua. Ondorioz, elkarteen konpromisoaren garapena ezinbestekoa da euskararen bultzatzeko.
3.1.3. Berreskuratze eskenatokia
Eskenatoki honen arabera, euskararen erabilera berreskuratze prozesu batean sartuko litzateke Gipuzkoan (%30) eta Bizkaian (%11) gertatzen den bezala. Hala izan dadin ezinbestekoa da belaunaldi berriek euskara irakaskuntzaren bidez ikas dezaten, komunikabideetan entzun-ikus dezaten, bizi publikoan baliatzeko aukera ukan dezaten eta leku publikoetan ikus dezaten seinaletikaren bidez, batik bat. Hor ere, berreskuratze joera hizkuntza antolaketa modelo bati lotua dago. Hain zuzen ere, elkarte munduak bere lana jarraituko luke botere publikoen errekonozimenduarekin, dirulaguntza oparoekin eta legearen babesarekin. Une berean, indar publikoak onartzen du euskara sustatzea eta aitzinaraztea bere eginkizunetan sartzen dela eta benetako hizkuntza politika bat osatzen du eragile ezberdinen eskaerak, beharrak eta proposamenak kontutan hartuz. Ondoren, bere kabu da adostutako politika gauzatzea baita gaurkotzea ere, ebaluaketek adierazitakoa eta egoera soziolinguistikoa kontutan hartuz.
3.2. Hizkuntza politika
Alabaina, benetako hizkuntza politika bat osatzeko ezinbestekoa da soziolinguistikan eta hizkuntza antolaketan ikerketa garatzea hiru ardatzen inguruan, hots, euskararen presentziaren diagnostikoa egitea, neurri eraginkorren edo norabide estrategikoen izendatzea eta hizkuntza politiken ebaluatzea.
3.2.1. Euskararen presentzia
Gaur egun ez dago ikerketa sistematikorik jakiteko zein den euskararen tokia gizarteko esparru ezberdinetan. Izan ere, 1991, 1996 eta 2001-eko inkesta soziolinguistikoek datu orokorrak plazaratzen dituzte eta horiei esker jakin dezakegu zein den euskaren erabilera orokorra zein sektoriala bai lagunartean nahiz etxean edo lanean. Baina, Hizkuntza Antolaketa Eskeman eta Bai Euskarari Planean egin diren diagnostikoetatik at ez daukagu ikerketa zientifikorik. Halaber, inkesta monografikoak eskas dira. Zein da euskararen erabilera Herriko Etxe, kirol elkarte ala familia batean eta zein faktorek baldintzatzen dute bere erabilera? Azterketa kualitatibo batek soilik emango digu aukera jakiteko zein sartzen diren jokoan. Esaterako, interesgarria izango litzateke aztertzea nola gertatzen den, ala ez den, familia transmisioa, zerk laguntzen eta zerk oztopatzen duen, zein modutan egiten den, ala ez den.
3.2.2. Neurri eraginkorrak
Jarraian, gaur egun ez dakigu preseski zein diren neurri eraginkorrak eta, hausnarketa ala intuizioa, euskarazko irakaskuntza eskaintzaren orokortzean, zerbitzu publikoen elebiduntzean eta komunikabideen euskalduntzean gelditzen da. Haatik, zein dira euskararen erabilera sustatzeko balio duten ekintzak? beste herrietan gertatutakoa ipar Euskal Herrirako baliagarria ahal da? neurri horien eraginkortasuna bera ahal da baldintza guztietan? Galdera horiek erantzun zehatz gabe gelditzen dira. Posible izango litzateke 1991, 1996 eta 2001eko Inkesta Soziolinguistikoetako datu baseak erabiliz benetan eraginkorrak diren bariableak bereiztea eta beraien eragin propioa neurtzea. Esaterako, aukera legoke jakitekoa ikasketa ereduak zein eragin daukan euskara erabiltzerako orduan. Beraz, ezinbestekoa da ikerketa programa handizale bat martxan jartzea horrek eskatzen duen ikerlari, diru laguntza eta materialarekin.
3.2.3. Hizkuntza politikaren ebaluaketa
Azkenik, jorratu beharreko alorra hizkuntza politikaren ebaluaketa da. Geroz eta gehiago, tokiko zein nazio mailako politika publikoak ebaluatuak badira ezinbestekoa da euskara sustatu eta aurrerarazi nahi duten hizkuntza neurriak baloratzea beraien eragina neurtzeko. Izan ere, elkarteek eta botere publikoek adostutako ekintzak aztertzea ezinbestekoa da jakiteko noiz eta zein baldintzatan aplikatuak izan diren, zein arazo planteatu dituzten eta zein aterabide aurkituak izan diren. Bestela esanda, metodologia kuantitatibo zein kualitatiboak, sinple nahiz konplexuak, explikatibo eta konprentsiboak erabili behar dira ikuspegi orokor bezain zehatz batera iristeko. Ebaluaketa horrek hizkuntza politika jarraitzea, bernorabidetzea eta, gehienetan, hobetzea dakar. Hain zuzen ere, xehetasun eta argitasun handiagoarekin ikus daiteke zein neurri diren aproposenak, zein akats ez diren errepikatu behar ala zein eragile den egokiena euskararen erabilera bultzatzeko.
AMAIERA
Amaitzeko gogora dezadan artikulu honen helburua euskararen erabileraren bilakaera ipar Euskal Herrian zein izan daitekeen ulertzea dela. Gure hipotesiaren arabera, gaur egungo diagnostikoa gogoan izanda, hizkuntza horren baliatzea aukeratutako hizkuntza antolaketa modeloari loturik dago. Soilik Hizkuntza Politika baten osatzeak eta ostean gauzatzeak baimenduko du euskararen erabilera modu egonkorrean berreskuratzea, horrek diagnostiko linguistiko, norabide estrategiko eta ekintza egitarauak egitea suposatzen duelarik. Beste modu batera esanda, euskararen geroa irekia da.
Horretarako lagungarria izan daiteke Fishman-en RLS teoriari erreferentzia egitea. Bere arabera, hizkuntza baten berreskuratze urraspidea gainbeherako bidearen alderantzizkoa da. Zortzi urrats bereizten ditu, alegia, (1) korpusaren apaindura, (2) hiztun helduen parte hartzea, (3) familia transmisioa indartzea, (4) nahizko hizkuntzaren ikaskuntza eskaintzea, (5) irakaskuntza sare publikoaren sartzea, (6) hizkuntzaren erabilera gizarte hurbilean baita (7) komunikabide zein administrazioetan garatzea eta (8) onarpen ofiziala ukatea. Urraspide honen helburua da herri hizkuntzaren eta hizkuntza ofizialaren artean oreka batera iristea. Izan ere, lehendabiziko lau urratsetan ahul dagoen hizkuntza indarberritzen bada, bosgarren urratsetik aurrera, herri hizkuntza bere leku guztia hartzen hasten da, hizkuntza autonomia erdietsi arte.
BIBLIOGRAFIA
Conseil des lus du Pays Basque, Analyse du sondage CSA, Bayonne, 2002.
Conseil du Developpement, Diagnostic territorial Pays Basque, Bayonne, 2002.
CSA, Les parents d´enfants de 0 2 ans du BAB et l´apprentissage de la langue basque, Paris, 2001.
Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko soziolinguistikazko inkesta: Euskararen jarraipena, Gasteiz, 1996.
INSEE, La transmission des langues et des parlers, Paris, INSEE Premiére, 2002.
Inspekzio Akademikoa, lehen et bigarren mailetan ikasleen estadistikak 1996-tik 2002-ra.
Institut Culturel Basque, Regard sur l´avenir: les adolescents et la langue basque, situation au Pays Basque nord, Ustaritz, 2001.
Martinez de Luna, I., Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara, Euskal Herriko Unibertsitatea.
Reclus, Modeling the long term of the basque language, Reno, 1998.
SEI, Erabileraren IV. kale neurketa, 2002.
UNESCO, Atlas des langues en danger, 2002.
Hizkuntza-gaitasun erlatiboarekiko koerlazioa 0,56-koa da etxeko erabileran, 0,71-koa lagunekin eta 0,43-koa lanean. Beste faktore batzuk ere, adina eta euskararen erabilera bultzatzeari buruzko jarrera esaterako, loturik daude erabilerarekin, baina askoz neurri txikiagoan. Koerlazioak gutxi gorabehera 0,20 ingurukoak dira, lagunekin izan ezik, eremu horretan adinarekiko koerlazioa 0,45-eraino igotzen baita.



