Bai Euskarari Akordioaren Plan Estrategikoa: gizartean eragiteko esperientzia
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua euskararen egoeraren eta euskalgintzaren jardunaren irakurketa kritiko batetik sortu zen, 1997an. Garai hartan egin zen diagnostikoak kezka bizia erakusten zuen: euskararen normalizazio prozesua nahi baino askoz polikiago zihoan, instituzioen eta alderdien aldetik ez zen behar adinako inplikaziorik ikusten, eta euskalgintza bera ere sakabanatuta zegoen, estrategia bateratu eta eraginkorrik gabe.
Egoera horri buelta emateko asmoz bildu ziren euskararen erakundeak Kontseilura. Euskalgintzaren bilguneak hiru lan ildo finkatu zituen hasieratik:
· Gogoeta, euskalgintzak behar duen hausnarketa, kohesionatze eta diskurtso berritze premiari erantzuteko.
· Plangintza Orokorra, gizarte arlo ezberdinetan dagoen normalizazioari taxuz erantzuteko.
· Presio edo eragin soziala, euskaldunok gizartean izan behar dugun tokia eskuratzeko.
Kontseiluaren asmoa izan da gizarte zibilean eragiteko prozesu bat abian jartzeaeta zeharka esparru politiko-instituzionalean. Plan Estrategikoa dinamika hori era txukunean antolatzeko erabil zitezkeen bideen artetik egokienetakoa zelako hautatu zen. Estrategiari dagokionez, Kontseiluak eragile sozial garrantzitsu batzuk ekintza ildo jakin batean inplikatzera jotzea erabaki zuen, gero dinamika horren bitartez eta pixkanaka gainerako eragile politiko eta sozialen baitan euskararen egoera normalduz joateko.
Prozesuaren abiapuntuko hipotesia honakoa izan zen: gizartean dagoen euskaltzaletasuna askoz ere handiagoa da neurri normalizatzaile zehatzetan gauzatzen ari dena baino. Desfase horretatik Kontseiluak ondorioztatu zuen gizarteari euskaltzaletasuna bideratzeko aukera egokiak eskaini behar zitzaizkiola: erakargarriak, garrantzitsuak, inplikatzeko bidea eskaintzen dutenak eta erakunde bakoitzaren errealitatera egokitzeko modukoak. Horri erantzutera dator Bai Euskarari Akordioa.
BAI EUSKARARI AKORDIOA
Bai Euskarari Akordioaren bitartez, bertara bildutako gizarte eragileek euskarak garapen osoa izan dezan abiatutako prozesuan parte hartzeko hitza eman zuten. Era berean, prozesu hori hizkuntz normalizaziorako Plan Estrategiko bat prestatuz eta ezarriz burutzeko konpromisoa hartu zuten.
1998ko abenduko sinatze ekitaldian 22 gizarte eragilek egin zuten bat Akordioarekin. Geroago, gizarte osoari zabaldu zitzaion Bai Euskarari Akordioa izenpetzeko aukera, eta guztira 899 eragilek eman zuten konpromisoetan lotzeko hitza (687 Hegoaldean eta 212 Iparraldean).
Akordioaren sinatzaileek, sektorekako taldeetan antolatuta, gogoeta prozesu bati ekin zioten, Plan Estrategikoa diseinatzera iristeko, lehenengo Hegoaldean eta ondoren Iparraldean. Horrela sektore bakoitzaren diagnostikoa, helburuak eta normalizaziorako ekintzak zehaztu ziren, LKS enpresaren gidaritzapean. Lantaldeek batez beste 29 konpromiso proposamen finkatu zituzten alor bakoitzeko. Konpromisoak askotarikoak dira: enpresako errotulazioa euskaratzea, publizitatearen ehuneko jakin bat euskaraz egitea, euskararen ezagutza kontuan hartzea langileak kontratatzerakoan, barne harremanak euskaraz izatea, eta abar. Behin lantaldeek konpromisoak finkatuta eta minimotzat jotzen zituztenen zerrendak erabakita, epe bat eman zitzaien erakunde guztiei proposamen horietatik konpromiso modura zeintzuk hartuko zituzten erabakitzeko.
Bien bitartean, Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren eta Bai Euskarari Akordioaren Plan Estrategikoaren osagarritasuna eta alde bien arteko lankidetza bermatzearren. Hitzarmen horren bitartez, Kontseiluak EBPNren garapena bultzatzeko konpromisoa hartu zuen.
Ondoren, erakundeek denbora izan zuten hartu beharreko konpromisoak aztertu, horien kostu ekonomikoaren kalkuluak egin, arazo organizatiboak aurreikusi eta erabakia hartzeko. Hegoaldean 2000ko urtarriletik maiatzera eta Iparraldean 2001eko martxotik ekainera egin zen hori guztia. Hilabete horietan, Kontseiluak eragite plan bat garatu zuen, gizarte eragileak urratsak egitera bultzatzeko asmoz. Lan horren emaitzak 2000ko ekainean jaso ziren Hegoaldean, eta urtebete geroago Iparraldean: guztira 520 gizarte eragilek hartu zituzten konpromiso minimoak: 435ek Hego Euskal Herrian eta 85ek Iparraldean. Oso entitate gutxi izan ziren konpromisoak hartu bai baina minimoetara iritsi ez zirenak.
Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez kreditatzen du konpromisoen betetze maila, eta ebaluazioa egiten die urtero erakundeei. Orain arte 300 bat erakundek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Horretaz gainera, 2000ko irailaz geroztik 73 herritan ari da garatzen Bai Euskarari Akordioa, tokian tokiko euskalgintza zein udalekin batera.
ONDORIOAK
Bai Euskarari prozesuaren arrakastaren arrazoi nagusiak gure ustez hauek dira:
· Euskalgintzako militanteen inplikazioa: entitate askotako arduradunena eta herriz herriko kideena.
· Hasierako gizarte eragileen erreferentzialtasunak efektu berezia sortzen du gainerakoengan: horiek baldin badaude ni ez naiz kanpoan geldituko�». Atxikimenduen kateatzea arreta handiz zaindu zen: hasierako hiru erreferentzialenak beste hemeretziren adostasuna ekarri zuen; 22 eragileko talde hura erabakigarria izan zen ehunka gehiago erakartzeko.
· Prozesua parte hartzailea izatea bai objektibo eta bai subjektiboki. Ez zen aski izango gizarte eragileak prozesuaren erabakitzaileak izatea; hori bai, baina horrez gain, halaxe zirela ikus zezaten ere lortu zen.
· Borondatezko prozesua. Neurri jakinak hartzeko konpromisoa hartu zuten, ezertara behartuak izango ez zirela eta konpromisorik hartu ezean publikoki salatuak ez zirela izango bermatuta.
· Prozesua zorrozki antolatu izana eta bitarteko ekonomiko nahikoekin.
· Babes sozial eta mediatikoa, eta politizaziorik eza. Gizartearen babesa eta komunikabideena erabakigarria izan da.
· Prozesu osoan zehar antolatu den eragin sozialeko egitasmo iraunkorra, entitateak behartu gabe, baina horiek pausoak ematera bultzatzeko.
Proiektuaren alderdi zailak ere azpimarratzekoak dira:
· Dimentsioa. Dedikazio handia eskatu dio proiektu honek Kontseiluari. Une hauetan dimentsio eramangarriagoa du, baina 1998-2000 epealdia konplexutasun handikoa izan zen. Hasieran Kontseiluaren asmoa dimentsio txikiagoko proiektua antolatzea zen, baina gizarte eragileen erantzun zabalak eta lanorduaren egitasmoaren arrakastak dimentsio askoz ere handiagoa ematera bultzatu zuten Kontseilua, aukera galtzen ez uztearren. Bretainian proiektu hau bera abian jarri dute Ya dar Brezhoneg izenez (Bai Bretoierari), haien errealitatera dimentsionaturik.
· Hasieran EAEko administrazioarekiko harremanak oso egokiak izan baziren ere, prozesu honen arrakastak egoera zaildu egin du Kontseiluak bide autonomoa eramatearen ondorioz. Aldiz, alde positiboan azpimarra daiteke errezelo eta protagonismo arazo horiek ekarri dutela, Kontseiluaren ustez, gobernuaren egitasmoen hedatze handiagoa hasieran aurreikusi zutena baino, EBPN herrietaratzea esate baterako.
· Hemen azaldutako datuak ikusi besterik ez dago hasierako gizarte eragileen kopurutik une honetan konpromisoak betetzen dihardutenen kopurura dagoen aldeaz ohartzeko. Konpromiso prozesua uztearen arrazoia ulertzekoa da kasu batzuetan: ekonomikoak, barne zailtasunak, zuzendaritza batzordearen aldaketa... Beste entitate batzuen kasuan ordea prozesua utzi dutenen artetik laurdena inguru, irudi operazio nabarmena egitera joan ziren akordioa sinatzean, inongo konpromisoetara iristeko asmorik gabe. Kontseiluak aldez aurretik ikusia zuen arrisku hori, eta ondoren egindako balorazioan kostu saihestezin hori bere gain hartu izana ontzat eman da.
AURRERA BEGIRA
Bai Euskarari Akordioa garatu zenetik Kontseiluak gizarte eragileek euskararen normalizaziorako hartu zituzten konpromisoen jarraipena egin eta sustatu du. Horretarako Bai Euskarari Ziurtagiria atera du, hizkuntzaren normalizaziorako prozesu kualitatiboa kreditatzeko asmoz. Ziurtagiriak maila desberdinak ditu, erakundeek hartu dituzten neurrien araberakoak; horrela, gutxieneko neurriak hartzen eta garatzen ari direnentzat Bidean�» izenekoa; horrez gain, euskarazko ahozko eta idatzizko zerbitzua eskaintzen dutenentzat Guk zerbitzua euskaraz�» eta, normalizaziorako neurriak garatzeaz gain zerbitzua euskaraz eskaini eta lan hizkuntzatzat euskara dutenentzat Guk zerbitzua eta lana euskaraz�».
Halaber, herrietan ere garatzen ari da Bai Euskarari Akordioa eta egun 75 herritako gizarte eragileek euskararen normalizaziorako neurriak adostu, hartu eta garatzen ari dira. Hurrengo hileotan bide beretik urrats gehiago egiteko asmoa dauka Kontseiluak.



