EUSKALDUNON HIZKUNTZ ESKUBIDEAK
Oharra: Udalbiltza hilabete hauetan Euskal Herrian hizkuntza eskubideak behar bezala babestu eta euskarari dagokion lege babesak nolakoa behar lukeen zehazteko gizarte eztabaida sustatu nahian dabil. Honako lan hau eztabaida horretarako prestatutako lan mardulago baten zati bat besterik ez da. Falta den zatian, batez ere, Euskal Herriko eta beste herrietako hizkuntza legediak sakon aztertzen dira. Txosten osoa eskuratu nahi izanez gero, jo Udalbiltzara.
HITZAURREA
Euskal Herria ezagutza juridikorik ez duen errealitate historiko-soziopolitikoa dugu gaur egun. Edozein autodeterminazio prozesuk bere garapen prozesuak eskatzen dituen autodefinizio eta autoafirmazio garbia egina duen herria da gurea. Euskal Herriak, oinarri objektiboei begiratuz gero, herri bat osatzen duela ezin uka daiteke.
Oinarri objektibo horien ardatz nagusia, euskal herria herri egiten duena, euskararen herria egiten duena, euskara dela, historikoki herri honetako biztanleek ez ezik nazioarteak errekonozitutako errealitate ukaezina da. Euskara, gainera, Europa hizkuntzarik zaharrena izateaz gain, Euskal Herriko berezko hizkuntza da.
Oinarri objektiboez gaindi, herri honek herri izateko borondate garbia historikoki agerturiko errealitatea da ere eta prozesu horretan bere autodefinizioa aspaldi emaniko herria dugu: zazpiak bat eta euskara batuaren prozesua genituzke horren adibiderik garbienak. Halere, esan bezala, Euskal Herriak ez du errealitate juridiko gisa existitzen. Errealitate soziopolitiko honek ez du isla juridikorik eta, beraz, isla erreal bakar gisa, marko juridiko espainiar eta frantsesaren menpe dira bertoko biztanleak eta berauen eskubideak. Ordenamendu juridikoak baitira eskubideak aintzatesten dituztenak.
Bartzelonako Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala bilakaera horren lekuko eta mugarri da aldi berean, hizkuntz komunitateen arteko berdintasun printzipioa aldarrikatuz eta pertsona, hizkuntz talde zein hizkuntz komunitate ororen hizkuntz eskubideak bermatzeko karta formulatuz. Karta hori, hizkuntzen arteko gatazkak konpontzeko bidea ez ezik, euren eskubideen kontzientzia hartzeko tresna eraginkorra da hizkuntz eskubideak urratuta dituzten herrientzako.
Deklarazio honi zein hizkuntz ordezkatze politikak nozitu dituzten herriek burujabeki ezarri dituzten politikei so eginez, bost printzipio nagusi agertzen dira, ezinbestez, hizkuntz eskubideak bermatzerako orduan:
- Hizkuntz komunitateek eta herriek eskubidea dutela euren identitatearen ezaugarri nagusia den hizkuntzaren biziraupena bermatzeko eta hizkuntza horren garapen osoa ziurtatzeko eta bultzatzeko egokiak diren politikak indarrean jartzeko, burujabeki, inolako interferentziarik gabe.
- Herritarren arteko eskubide berdintasuna bermatzeko, ezinbestekoa dela herrien, hizkuntz komunitateen arteko eskubide berdintasuna bermatzea.
- Herri batek bere hizkuntza gutxituaren errekuperazioa ziurtatzeko eskubidea duela, alegia, politika suntsitzaileen ondorioz zatitutako eta desegituratutako hizkuntz komunitatea osatzeko neurriak har ditzakeela, hori baita hizkuntzaren etorkizuna ziurtatzeko modu bakarra eta herri horri zor zaion erreparazio historikoa.
- Herriek eskubidea dutela euren berenezko hizkuntza, euren hizkuntza nazionala, lehentasunezkoa izateko euren lurraldean eta, printzipio honen eta aurreko besteen arabera, hizkuntza horren lurraldean bizi diren herritar guztiek hizkuntza hori jakin dezaten.
- Edozein hizkuntz politikak norbanakoen, pertsona ororen hizkuntz eskubideak bermatu behar dituela.
Euskal Herriko hizkuntz eraentza beste herri batzuetan ezarrita dagoenarekin erkatzeaz batera, argi ikusten da euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko eta Euskal Herriak bere hizkuntz eskubideak bermatuak izan ditzan, ezinbestekoa dela Euskal Herrian arestian aipatutako bost printzipio horien araberako hizkuntz politika ezartzea. Euskaldunen hizkuntz eskubideen bermeak, norbanakoek euskara erabiltzeko eskubidea bermatzeak ez ezik, euskararen etorkizuna bermatzea eta berreskurapena ziurtatzeko bideak jartzea eskatzen du.
Horrenbestez, honako hau aldarrikatu beharrean gaude:
EUSKAL HERRIAK BEHAR DUEN HIZKUNTZ POLITIKARI DAGOZKION PRINTZIPIOAK (Agiriko II. idazpurua)
1. Berdintasuna, ofizialtasuna. Hizkuntz komunitate guztiak eskubideetan berdinak izanik, euskal herritarrek eskubidea dute euren estatusa euskararekiko Euskal Herrian espainolek Espainian espainolarekiko eta frantsesak Frantzian frantsesarekiko dutenaren parekoa izateko, alegia haienen eskubide berdinak aitor dakizkien. Eskubidea dute beraz, euskara espainola Espainian eta frantsesa Frantzian bezain ofiziala izan dadin Euskal Herriko lurralde osoan. 2. Berreskurapena, hizkuntz komunitatea berrosatzea. Euskal herritarrei Euskal Herriak jasan duen euskararekiko politika suntsitzailearekiko kalte-ordain historikoa zor zaie. Horrenbestez, euskal herritarrek eskubidea dute, euren hizkuntzaren biziraupena bermatzeko xedez, hizkuntz komunitatea berrosatzera zuzendutako politikak ezar daitezen, oreka soziolinguistikoa lortzeko ezinbesteko baldintza inoiz lortu dadin, hizkuntz komunitatea, iraganean bezala etorkizunean, lurralde osoko biztanle guztiek osa dezaten. Printzipio honen arabera, egoera soziolinguistikoa kontutan hartuz, herritarren hizkuntz eskubideak segurtatzeko, bidezkoa eta beharrezkoa da eskualde eta udalerri euskaldunetan, egungo oreka soziolinguistikoa mantendu eta euskararen erabilerak nagusi izaten jarrai dezan, babes neurri bereziak ezartzea. Eremu eta lurralde erdaldunetan, aldiz, beharrezkoa da egungo oreka soziolinguistikoa eta euskararen erabilera mantendu eta areagotzeko babes neurri leunagoak baina goranzkoa tendentzian aplikatzea, aurrerabidea ahalbidetzearren. 3. Eskubideen bermea. Euskal herritarrek eskubidea dute, euren lurraldean ezartzen den hizkuntz politikak euskal herritar guztien hizkuntz eskubide guztiak berma ditzan, pertsonalki edonon erabiltzeko zein hizkuntz komunitate gisa. 4. Hizkuntza nazionala. Euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa da, eta beraz, euskal herritarrek eskubidea dute hizkuntza nazional izendatua izan dadin eta, ondorioz, euskara lehentasunezko hizkuntza izan dadin Euskal Herrian, bere erabilera ekintza positiboaren bidez sustatuz. Halaber, euskal herritarren hizkuntz eskubideen babes eraginkorrak eskubideon babeserako hizkuntz politika Euskal Herri mailakoa izatea eskatzen du, zatiketa politiko eta administratiboak gaindituz eta beronen jarraipena aginte bakarraren esku egonik. 5. Hizkuntz politika burujabea. Euskal herria bere lurraldean dagoen hizkuntz komunitatea den neurrian eta euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa izanik, Euskal Herriak eskubide osa du hizkuntzaren politika burujabeki arautzeko, Euskal Herritik kanpoko inork derrigorturiko edo induzituriko inolako interferentziarik gabe eta, politika horren arabera: a) Euskararen erabilera gizarte funtzio guztietan ziurta dadin baliabideak antolatu eta kudeatzeko. b) Euskararen transmisioa eta jarraipena behar diren baliabideak eskura izateko. c) Euskara kodetzeko, estandarizatzeko, garatzeko eta sustatzeko.Printzipio hauen arabera, honako eskubide hauek aitortu behar zaizkie euskal herritarrei Euskal Herri osoan:
EUSKAL HERRITARREN HIZKUNTZ ESKUBIDEAK (Agiriko III. idazpurua)
Euskal herritarrek eskubidea dute:
- Euskara ofizial, hizkuntza nazional eta lehentasunezko izendatua izan dadin Euskal Herriko lurralde osoan, gaztelania eta frantsesa egun ofizial diren lurraldeetan ofizial izatearen kaltetan gabe.
- Halaber, euskarak estatus ofiziala izan dezan Europar Batasunean.
- Euskal Herrian hizkuntz politika bakarra finkatu dadin euskara babesteko, bere jarraipena ere aginte bakarraren esku utziz, zatiketa administratibo eta politikoen gainetik, politika horrek lurralde eremu desberdinetan izan behar duen modulazioaren kaltetan gabe.
- Alor publikoko jarduera guztiak euskaraz egiteko.
- Euskaraz idatzitako edozein dokumentu pribatu zein publiko baliozkoa eta eraginkorra izan dadin.
- Alor pertsonalean eta familiartekoan euskara erabiltzeko.
- Euskal sistema onomastikoa erabiltzeko.
- Euskal Herriko toki-izenak euskaraz erabiltzeko, ahoz eta idatziz, esparru pribatu, publiko zein ofizialetan eta, halaber, toki-izen autoktonoak finkatu eta gordetzeko eta arbitrarioki edo gorabehera politikoen kariaz izenok inork ez ordezteko.
- Euskara ikasteko eta horretarako laguntza jasotzeko, ahal izanez gero euskalduntzea dohainik izan dadin.
- Euskararen erabilera ekintza positiboen bidez sustatu dadin.
- Eskualde eta udalerri euskaldunetan lurraldetasun irizpidearen araberako neurri babesleak har daitezen, baita eremu horien garapena hizkuntz sostengarritasuna bermatuz egin dadin.
- Euskal Herriko aginte publikoen aurreko edozein jarduketa administratibo, judizial edo polizial, ahozkoa zein idatzia, euskaraz egiteko. Ahozko jarduketen kasuan euskal herritarrek eskubidea dute harremana itzultzailearen bitartekaritzarik gabe izan dadin.
- Euskal Herrian ekoizten den dokumentazio ofizial, lege eta gainerako arau juridikoak euskaraz ere izateko, beranduen ere, beste hizkuntzetan argitaratzen den momentuan.
- Euskal Herriko erregistro publikoetako idazpenak, notarioek edo fede publikoa duten funtzionarioek baimendutako dokumentuek euskaraz idatzi daitezen.
- Euskal Herrian dagoen edozein administraziok herritarrekiko garatzen dituen beste edozein harreman euskarari lehentasuna eman dakion.
- Euskal Herrian ordezkari instituzionalen batzarrak euskaraz burutu ahal izateko.
- Euskal Herriko erakunde publiko orotako lan hizkuntza euskara izan dadin.
- Auziperatze prozesuak euskaraz izan daitezen, baita epaiketak ere, epaile, abokatu, fiskal eta idazkari judizial euskaldunekin.
- Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko.
- Hezkuntza sistemak euskararen transmisioa berma dezan.
- Euskaraz ikasteko, ikasketa eta prestakuntza maila guztietan (haur, lehen eta bigarren hezkuntza, lanbide heziketa, ikasketa unibertsitarioak eta ikerketa maila), inolako murrizketarik gabe.
- Merkatal zein kontsumitzaile jarduera oro euskaraz egin ahal izateko, balio juridiko osoarekin, euskararen erabilpenarekiko inolako murrizketarik gabe, hala nola ondasun eta zerbitzuen salerosketa, banku-eragiketa, aseguru, lan-kontratu eta gainerakoak, eta halaber jarduketa horiek burutzeko behar diren agiriak euskaraz eskura izateko.
- Kontsumitzaile gisako informazio eta publizitate oro euskaraz jasotzeko, eta ez beste hizkuntzetan baino beranduago (errotuluak, etiketak, dokumentazioa).
- Euskal Herrian merkaturatzen diren informatikako softwareak eta, sormen artistikoaren ondorio ez izanik, erabilera ikus-entzunezkoa edo interaktiboa duten produktuak euskaraz merkaturatu daitezen, eta ez beste hizkuntzetan baino beranduago.
- Euskaraz lan egiteko, herritarren hizkuntz eskubideekiko errespetuak behar duen murrizketa bakarrarekin.
- Informazioa euskaraz jasotzeko.
- Komunikabide publikoetako lan hizkuntza euskara izan dadin.
- Euskal Herrian sarbidea duen komunikabide orok euskararen presentzia nahikoa berma dezan.
- Euskarak toki nagusia har dezan gizarte-kultura eta aisiarako gertakari eta zerbitzuetan.
Euskal herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko Udalbiltzak bere egiten ditu ondoren adierazten diren lege indarreko neurri hauek eta berauek sustatzeko konpromiso irmoa agertzen du. Halaber, dei egiten die Euskal Herrian agintea duten gainontzeko instituzioei berauen garapena berma ditzaten, behar diren akordio eta plangintzen bidez.
EUSKAL HERRITARREN HIZKUNTZ ESKUBIDEAK BERMATZEKO LEGE INDARREKO NEURRIAK (Agiriko IV. idazpurua)
Lehenengo atala.- Euskal Herri osoko berezko hizkuntza izanik euskarak izaera nazional, ofizial eta lehentasunezkoa du Euskal Herrian, gaztelania eta frantsesa egun ofizial diren lurraldeetan ofizial izatearen kaltetan gabe.
Bigarren atala.- Euskara Euskal Herriko Hizkuntza Nazionala.
1.-Euskara Euskal Herriko hizkuntza nazionala izanik Euskal Herriko erakunde, entitate zein korporazio publiko ororen ohiko lan hizkuntza izango da horretarako beharrezko lege garapena egin beharko delarik.
2.- Era berean, euskara izango da toponimian erabiliko den hizkuntza, jatorrizko izenek besterik egitea egokiago dela eragiten ez badute; eta hezkuntzako bai eta komunikabide publikoetako ohiko lan hizkuntza ere, legeak garatuko duen moduan.
3.- Euskal Herriko erakunde publikoek euskara bertoko hizkuntza nazionala izanik bereonen gizarte erabilera publiko orokortua erdiesteko betebeharra izango dute.
Hirugarren atala.- Euskara Euskal Herriko Hizkuntza ofiziala eta lehentasunezkoa.
1.- Euskara hizkuntza ofiziala izanik, herritarrek, bereizkeriarik gabe, jardun publiko zein pribatu orotan erabiltzeko eskubidea izango dute, eta erakunde publikoek eskubide hori bermatzeko betebeharra.
2.- Euskaraz buruturiko egintza juridiko orok balio osoa izango du.
Laugarren atala.- Euskal Herritarren eskubideak eta erakunde publikoen betebeharrak.
1.-Gutxieneko eskubide eta betebeharrak:
Euskal Herritarrek Euskal Herria osoan eskubidea izango dute:
a) Euskara ezagutzekoa. Hori ahalbidetzeko erakunde publikoek derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan ikasleak euskaldun oso eta garatuak izatea bermatuko duen Hezkuntza, ororentzat ziurtatzeko betebeharra izango dute. b) Euskara ikastekoa. Hori ahalbideratzeko erakunde publikoek hezkuntza bidez euskalduntzerik ezin izan duten edo atzerritik gurera etorritakoek daukaten eskubidea bermatzeko betebeharra izango dute, inolako bereizkeriarik gabe. Erakunde publikoek beharrezko neurriak hartuko dituzte euskalduntze prozesua, ahal izanez gero, doakoa izan dadin. c) Euskaraz ikastekoa. Horretarako aukera emateko haur hezkuntzatik unibertsitate ikasketak amaitzeraino euskarazko eskaintza osoa bermatuko dute erakunde publikoek. d) Erakunde, entitate eta korporazio publiko ororekin ahoz zein idatziz harremanak euskaraz izatekoa. Erakunde publikoek eskubide hau bermatzeko betebeharra izango dute. e) Botere publikoen kontzesiopean edota beste edozein esleipen bidez zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekin harremanak euskaraz izatekoa. Horretarako erakunde publikoek enpresa hauek publizitatea, errotulazioa eta idatzizko dokumentazioa gutxienik euskaraz eskaintzea bai eta ahozko komunikazioa gutxienik euskaraz eskaintzea bermatuko dute. f) Jarduera pribatu oro euskaraz burutzekoa. g) Jarduera judizial oro euskaraz burutzekoa eta bereziki euskaraz epaitua izatekoa inolako itzulpen zerbitzu bitartekorik gabe. Erakunde publikoek eskubide hauek bermatzeko betebeharra izango dute. h) Dokumentu publiko zein pribatu oro euskaraz burutzekoa. Dokumentu publiko zein pribatuen testimonio kopia eta matrize oro itzultzea fede-emaile publikoen ardura izango da. Era berean ezein erregistro publiko zein pribatutan egin beharreko idazpentzeak euskaraz egiteko eskubidea izango da. Erakunde publikoei dagokie eskubide hauek bermatzeko betebeharra. i) Informazioa euskaraz jasotzekoa. Maila horretan nazio zein herrialde mailako komunikabide publikoen ohiko hizkuntza euskara izango da eta komunikabide pribatuetan erakunde publikoek euskararen erabilera ziurtatzeko betebeharra izango dute. j) Ingurune soziokultural nahikoa euskaraz izatekoa. Hori ahalbideratzeko erakunde publikoek beharrezko diren zerbitzuak eta produktuak bermatuko dituzte. k) Kontsumitzaile gisa, zerbitzuak euskaraz jasotzekoa. Horretarako erakunde publikoek gutxienik ondokoa bermatuko dute Euskal Herria osoan: - Kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako informazioa Euskal Herrian zabalduriko produktuetan gutxienik euskaraz egotea. - Herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekiko harremanetan erabiltzaileek harrera, argibideak eta zerbitzuak jasotzeko beharrezko kontratuak eta gainontzeko dokumentazioa euskaraz jaso ahal izango dituztela. Oinarrizko zerbitzutzat hartzen dira ur, gas eta argindarraren horniketa, telefono zerbitzuak, aseguruak eta antzerakoak. - Herrialdeko edota Euskal Herria osoko hedadura duten entitate pribatuetako publizitatea, errotulazioa eta idatzizko dokumentazioa gutxienik euskaraz egotea.2.- Euskaldun kopurua %25etik %50era artekoa den edota 1000 euskaldunetik gora dituzten udalerrietan:
Erakunde publikoek ondokoa bermatu beharko dute:
a) Herrialdeko edota Euskal Herria osoko hedadura duten entitate pribatuekin kontsumitzaile gisako ahozko harremanak euskaraz burutzeko eskubidea. Horretarako erakunde publikoek ziurtatuko dute udalerri hauetan ordezkaritza duten entitateek ahozko harremana euskaraz egin ahal izatea bermatzeko baliabideak ipintzen dituztela. b) Udalerri mailako informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea. Hedabideei dagokionez, udalerriko hedadura duen komunikabide orok euskaraz edo gutxienik bere zerbitzu jardueraren erdia euskaraz burutu beharko du; beti ere informazioaren integraltasuna bermatuz.3.- Euskaldun kopurua %50etik %70era artekoa den udalerrietan:
Aurreko ataletan jasotakoaz gain, euskaldungoaren eskubideak bermatzeko erakunde publikoek ondokoa ziurtatuko dute:
a) Udalerri mailako komertzio, enpresa edo zerbitzu profesional pribatuetako errotulazioa, publizitatea eta idatzizko dokumentazioa gutxienik euskaraz izatea. b) Udalerri mailako hedabideen jarduera euskaraz edo euskaldun kopuruaren adinakoa izatea.4.- Euskaldun kopurua %70etik gorakoa den udalerrietan:
Haurrekoaz gain, erakunde publikoek honako hau bermatuko dute:
a) Udalerri mailako hedabideen jarduera euskaraz izango dela. b) Sei langiletik gorako enpresa, komertzio edo zerbitzu pribatuetan euskararen erabilera planak bideratuko direla, herritarren hizkuntza eskubidea babestearren. c) Udalerriaren garapena euskararekiko jasangarritasun irizpidepean egingo dela.Bosgarren atala.- Udalen zehaztapenari buruz.
Hizkuntz ezagueraren araberako udalerrien zehaztapenak beti ere aurrerabideko joera izango du eta inolaz ere ez atzerabidekoa.
Seigarren atala.- Bultzada instituzionala
Erakunde publikoek ekintza positiboaren bidetik euskararen berreskurapenerako jarduera proaktiboa sustatzeko betebeharra izanen dute.
Bide horretan erakunde publikoek gizarte onuraren sortzaile izaera aurretiaz aitortuko diete Euskararen Gizarte Erakundeei.



