Herrietako Kale Erabileraren Neurketak

Kokapena

Herrietan egiten ditugun Kale Erabileraren Neurketen oinarri metodologikoa Euskal Herri mailan egiten den neurketan garaturikoa da, baina kasu honetan herriko berezitasunetara egokituta. Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa Orokorra 1989. urtean egin zen lehen aldiz eta geroztik lau urtez behin errepikatu da: 1993an eta 1997an. 1998an EKB desagertu ondoren, SEIk hartu zuen bere gain Neurketa Orokorra egitearen ardura eta 2001eko azaroan bertan egin genuen IV. Neurketa. Modu horretan, beraz, SEIk orain arteko neurketen oinarri metodologikoa eta esperientzia jaso du, eta orain, Soziolinguistika Klusterrak oinarri kontrastatu hau erabiliz egiten ditu herrietako neurketak ere. 2006an Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa egin zela eta, herri anitzetan kale neurketa bereziak egin ziren, 28 herritan hain zuzen ere. 2007an EHko Neurketako datuak landu eta gizarteratzeaz gain, Eskoriatzan egin zen Udal Neurketa berezia. 2008ko udaberrian Aretxabaletako eta Elorrioko Kale Erabileraren neurketak martxan daude eta udazkenean, berriz, Aramaion eta eskaera egiten duten gainontzeko herrietan neurtuko da Kale Erabilera.