Soziolinguistika teorikoa egitasmoa: Hausnartu
Kokapena
Euskal Soziolinguistika garapen handia ari da izaten maila aplikatuan; hizkuntzaren statusetik egin den lanketa eta garapen teorikoa, aldiz, ez da horren parekoa izan. Izan ere, batetik, eremu unibertsitarioko eragile eta ikerlari gehien-gehienek ez dute euskal soziolinguistika jomugatzat hartzen (hizkuntzalariek burutzen duten corpusaren gaineko jardun ugariak salbu); bestetik, politika instituzionala eta euskalgintza herritarra interbentzio planetan eta egitasmotan dabiltza erabat murgilduta, jardun teorikotik dezente urrunduta.
Horren ispilu garbia da Bat Soziolinguistika aldizkarian kaleratzen diren artikulu gehienen edukia, hauetan, nagusiki euskararen gizarte egoera hainbat ikuspuntutik deskribatzera mugatzen baitira. Alegia, artikulu horietan lanketa teorikoa eta enpirikoa aldi berean jorratzen dituen artikulu gutxi dago eta gertaeren deskribapenetik harantzagoko ahaleginak urriak dira.
Hala ere, zientziaren hainbat eremuk euskal soziolinguistikari egin diezaioken ekarpena eta, zehatzago, gizarte zientziena handia da, duda izpirik gabe. Are gehiago, alor zientifiko horretan dauden euskal profesionalak ugariak eta kualifikatuak direla kontuan hartuz gero.
Kontua da euskal soziolinguistikak aurrerapauso sendo eta emankorrak emango baditu, eremu hori jakituria zientifikoaren eskutik jorratu eta horretan sakontzea ezinbestekoa dela. Hortaz, gizarte zientzietako profesionalak euskal soziolinguistikaren eremuan euren ezagutza eta eskarmentu zientifikoak erabil ditzatela bilatu eta bultzatu behar dela uste dugu. Asmo horrekin jaio da proiektu hau, hain zuzen.



