Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketa. Ikerketa lana

Kokapena

Euskara erabiltzea oztopatzen duten indarrak, berori laguntzen dutenenak baino ugariagoak eta, seguru asko, indartsuagoak direla antzematen da. Hori da egungo errealitate soziolinguistikoa. Hala eta guztiz ere, joera nagusia apurtzen duten salbuespen esanguratsuak egon badaude, erdarazko harreman finkatua bazterrean utzi eta euskarazko harremana eraiki duten bikoteen kasuan bezalaxe. Fenomeno horrek, kopuruz seguru asko txikia izan arren, ikaragarrizko garrantzia du kalitateari begira jartzen garenean, bertan aurki baitaiteke ogia harrotzeko behar den legamia (edo legamiak, auskalo!) Euskara familia bidez transmititzeak duen garrantziarekiko adostasunetik abiatuta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak soziolinguistika Klusterrari familia transmisioaren testuinguruan, hizkuntza-ohituren aldaketan eragiten duten faktoreak aztertzea eskatu dio. Horretarako, hizkuntza-ohitura aldatu duten bikote batzuen azterketa burutzea proposatu da.