49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Euskararen egoera unibertsitate aurreko mailatako hezkuntza munduan zein den, modu zabalean ulertuta, hori da zenbaki honetako aztergaia. Modu zabalean, alderdi ezberdinak jasotzen direlako: euskararen plangintza, euskararen agerpena, euskararen erabilera, erabiltzen den euskararen kalitatea, eta abar. Izan ere, hezkuntza eremu nagusia izan da euskararen normalizazio bidean, eta hala izango da gertuko etorkizunean, behintzat. Hori horrela, aldizkariak eremua gertutik aztertzea nahi izan du.
Euskararen kalitatearen inguruan sakontze-ahalegin bat baino gehiago egin da gure artean; ale honetan bertan dugu esaten ari garenaren lekukoa. Eskolaren kalitatea, berriz, hitzetik hortzera –bereziki politikariek– dabilen gaia bada ere, ez da horren jorratua gure artean. Nolanahi ere, hezkuntza arduradunen ezinbesteko helburua da. Alabaina, kalitatea aipatu nahi bada, gaur ez da nahikoa, haren oinarri gisa, norberaren edo autoritate baten, edota uste zabalaren babesa agertzea. Izan ere, egun kalitatea neurtu egiten da, ziurtatu. Hori ondo baino hobeto dakite enpresek, erakundeek, eta zenbait ikastetxek ere, beraientzat “ebaluaketa”, “kalitatea” berbak guztiz arruntak baitira. Jakina, kalitateaz, objetibotasun apur batez hitz egin ahal izateko, ezer baino lehen kalitate horren oinarri diren irizpideak argitu behar dira. Alegia, zer da balioztatzen den hori, eta zeren arabera egiten da balioztatzea? Arloan arloko jakintzak erakutsiko du bidea. Hizkeraren kalitateaz –euskararenaz- aritu garenean (Larringan & Idiazabal, prentsan) batez ere irizpideak zehazteari eskaini diogu ahaleginik handiena; jakina, horretarako derrigorrezkoa izan zaigu hizkuntzaren funtzionamendua modurik zehatz eta osatuenean azaltzen duen marko teorikoa ere baliatzea. Hizkuntzari eta euskarari buruz kalitateaz hitz egiteak, beraz, ezinbestekoa du aldez aurretik zehaztea zein irizpideren arabera egiten diren egiten diren balioztapenak. Hizkuntza kontuetan baina, askotan, gehiegitan akaso, irizpideak propioak baino autoritateak, idazle klasikoak, akademiak, … indar handiagoa izan ohi dute. Hizkuntzaren erabilera ondotik aztertu duenak badaki badirela bestelako bideak ere honako hau edo harako hura ondo edo oker dagoela baieztatzeko. Kontua bere horretan konplexua izanik ere, daitekeena dela gauzak zehaztasunez eta garantiaz erabakitzea.
HIZKUNTZAREN KALITATEA ETA GAITASUN KOMUNIKATIBOA
Azken boladan asko hitz egin da hizkuntzaren kalitateaz. “Euskararen etxeak” dituen “ajeak” eta onbideratzeko nolako “sendabelarrak” behar dituen luze-zabal eman zaigu aditzera han eta hemen. Euskararen garapenak (euskara batzeak eta hedatzeak) berekin ekarri dizkigun kostuak eta sortu dituen desorekak kezkaz aipatu dira. Hezkuntza mundua da, gainera, azterketa gehienen jomuga behinena, ez baita alperrik hezkuntzan eman euskararen berreskuratze ahalegin handiena.
Kalitatea aspaldietan dago modan. 1998 hartan zioskun Luis Mari Larringanek “Kalitatearen gaia gure gizartean aspaldion luze eta zabal dabilen gaia da”. (Euskonews & Media 150 zenbakia.) Ez da, beraz, XXI. ume-mende honetan agerturiko kezka edo ataza.
Hizkuntza da pertsonen garapen kognitibo eta sozialerako oinarrizko tresna, eta laburbilduz, bere bilakaeran eragiten duten aldagaiak, norbanakoak eta sozialak dira. Hizkuntza eraikitzearekin batera eraikitzen dugu gure nortasuna eta bestearen laguntzaz lortzen dugu eraikin kulturala eta sinbolikoa eskuratzea, kanpo-mundutik jasotzen dugun zuzeneko hautematearen mugak gainditzea, lokera eta erlazio konplexuak adieraztea, kontzeptuak sortzea, ondorioak eraiki eta arazo teoriko konplexuak burutzea; funtsezkoa da, beraz, gizakien arteko hizkuntz harremana. Errealitatea ulertzeko eta kideen arteko komunikazioa hobetzeko premia dugulako garatzen da giza-hizkuntza, eta honen bitartez lortzen dugu, hain zuzen ere, ezagutza garatzea eta gizarte konplexutasuna antolatzea. Horregatik diogu ideiak elkarren artean trukatu ahal eta nahi izatea gizakien ezaugarria dela eta hizkuntza dela bereziki gizartekide egiten gaituena. Hizkuntzarik gabeko gizartean ez litzateke inola ere gizaki hiztunik garatuko, ez eta ezagutza, antolaketa, eta hauen transmisioa ere.
Gogoan dut, duela urte batzuk irratia entzuten nengoela, Euskadi Irratia agian, nire arreta deitu zuen gauza bat entzun nuela: Ipar Euskal Herriko pertsona bati ari zitzaizkion elkarrizketa egiten bertako gizarteari buruz. Momentu batean, euskarak Ipar Euskal Herrian duen egoeraz galdegin zion esatariak eta erantzuna honelako zerbait izan zen: euskara iparraldean urtu egin da, azukre-koxkorra uretan bezala eta ia konturatu gabe. Parabola polita iruditu zitzaidan, euskararen galera mikatzari azukrearen gozoa eransten baitzion nolabait. Geroztik azukre-koxkorraren irudia maiz etorri zait gogora. Hegoaldeko euskal herrietan gure begien aurrean gertatzen ari dena deskribatzeko ere ez dut uste hain metafora txarra denik, gurean azukre-koxkorra hain desegina ez dagoela argudiatuz kontsola gintezkeen arren.
ASPALDIKO KEZKA
Lehenengo eta behin, esan dezagun, hizkuntzaren kalitatearen inguruko kezka ez dela gaurkoa, eta euskal idazle eta euskaltzale askok agertu duela historian zehar, aldez edo moldez.
Zaila egiten da gai honen inguruan lasaitasunez idaztea, euskararen berreskurapenean eta normalizazioan ari diren kultur, hezkuntza, gizarte, eta enpresen esparruetako erakundeak behin eta berriz jasaten ari direna kontuan izanik.
Halere, lasaitasuna beharrezkoa da. Idazten duen honek gure hizkuntzaren egoera ona dela uste du; hori bai, asko hobe daitekeena. Eta baieztapen hau ondo ulertzeko idazkian azaltzen diren balorazioak bizipen zehatz batzuetan oinarritzen direla argitu behar da, euskara ia desagerturik egon den herrialde batean gertatutakoak, Araban hain zuzen ere. Eta esparru zehatz batetik egiten dira, euskararen berreskurapenaren alde ahalegin handia egin duen Euskal Eskola Publikotik.
1. ATARIKOA
“Izan, ala ez izan” Shakespeare-k (1564-1616) Hamlet-en ahotan jarritako esaldi gogoangarria euskararen eta euskarazko irakaskuntzan aritu izan diren eta hala diharduten askoren barreneko pentsamenduak laburbiltzen dituen esaldia da, beharbada. Izan ere, Euskal Herrian gertaturiko mintzaldatzeari (language shift) galga jartzeko ez ezik euskararen indarberritzea gertatu ahal izateko ere, eskolaren[1] zein helduen euskalduntze eta alfabetatzearen ekarpena garrantzi handikoak izan dira. Ingurumari horretan, Cooper-en “maintenance of a language implies its acquisition by the next generation” ildotik, Euskal Herrian gertatutako dislokazio demografikoari[2] (Fishman) zein ahultze soziokulturalari buelta emate horretan gogotik ahalegindu gara ikastoletan, eskoletan, zein euskaltegietan. Lortutako emaitzek ez gaituzte erabat gogobete, ordea, eta, besteak beste, euskal lurralde batzuetan euskararen ezagutzak gora egin arren, adin talderik gazteenetan, euskararen erabilerak maila bereko hazkunderik ez izatea kezka iturri da gure artean.
1. SARRERA
Hizkuntzaren jabekuntzaren era orok, Vygostkik aipatu zuenez, testuinguru sozialean euskarri-sistema, ikaskuntza, eta jabekuntzaren barne prozesuaren arteko ezinbesteko topaketaren menpe daude (Bruner, 1981, 1984). Hori dela eta, ekintza linguistikoa gizarte-ekintza mota bat da, honela hizkuntzaren garapenak elkarrekintzaren garapenarekin, sozializazio prozesuekin elkartasun estua izango luke (Diez.Itza, 1992).



