Soziolinguistika Klusterraren web-gunea eta berripapera
Soziolinguistikaz berripapera word formatoan jaitsi nahi baduzu,
sakatu hemen
21. zenbakia / 2008ko uztaila
AGENDA
Batekmila “Euskal munduak” erakusketa
zabalik da Kanbon eta Hendaian.
Euskal munduen ikuskera berri eta berezitua eskaintzen duen Batekmila erakusketa
zabalik da Kanbon, ekainaren 11tik abuztuaren 15a bitartean, eta, Hendaian,
abuztuaren 22tik irailaren 21era. Batekmila “Euskal munduak" erakusketak
euskara eta euskal kultura ezagutzera eman nahi du erakusketa ibiltari eta interaktiboaren
bitartez. Gogoan izan behar da, erakusketak UNESCOren babesa jaso duela kultura
artekotasunaren gaian sentiberatasuna sustatu nahi baitu. Hori guztia Nazio
Batuen Erakundeak izendaturiko 2008 Hizkuntzen Nazioarteko Urtean.
Informazio gehiago: Batekmila; http://www.batekmila.com//
Euskal Kultur Erakundeak euskal kulturaren inguruko mintzaldi
zikloa antolatu du Miarritzen.
Pantxoa Etchegoin, Terexa Lekunberri, Jean Haritschelar eta Marikita Tambourin
ariko dira Miarritzeko Mediatekan euskal kulturaren inguruko mintzaldi zikloan.
Aurreneko aldiz antolatu dute ekitaldia eta euskal kantuaz, pastoralaz, arkitekturaz
eta hizkuntzaz ariko dira hitzaldietan. Uztailaren 17an Etchegoinen hitzaldiarekin
zabaldu da zikloa eta abuztuaren 21ean amaituko da.
Informazio gehiago: Euskal Kultur Erakundea;
http://www.eke.org
Aniztasun berrien harira EHUko uda ikastaroa.
Uztailaren 14tik 16ra Aniztasun berrien harira izenburupeko udako ikastaroa
burutu zen EHUren Donostiako udako ikastaroetan, Xabier Aierdi soziologoak zuzenduta,
eta Immigrazioaren Euskal Behatokiaren lankidetzarekin. Euskal Herrira immigrazio
berrituak heldu direnean aniztasun forma berriak ezarri dira eta askoren ustez
munduko hainbat herrialdeetako biztanleek ekarri omen dute aniztasuna. Egun,
esaterako, gure artean neurri ezberdineko 100 ama-hizkuntza ezberdin ezagutzen
dira. Baina, aniztasun berri honen parean, etengabe euskal aniztasunaz hitz
egiten da: nola kudeatu immigrazio prozesu berriak, gutxiengo nazional baten
eskariak eta indarreko estatu- nazioaren nahi homogeneizatzaileak.
Ikastaroko hainbat irakasleren ekarpenak ikusteko: SUSTATU;
http://sustatu.com1216190524
BERRIA;
http://www.berria.info
Mehatxupeko Hizkuntzen inguruko Fundazioak (Foundation for
Endangered Languages) XII. Kongresua antolatu du, 2008ko irailaren 24tik 27ra
bitartean burutu dadin.
Oraingo honetan, Herbeheretan kokaturiko Frisia eskualdean izango da kongresua.
Mercator (Hizkuntza Aniztasuna eta Hizkuntzaren irakaskuntza Ikertzeko Europako
Zentroa) eta Frisiako Akademiaren laguntzarekin antolatu da. Kongresua Nazio
Batuek izendatutako 2008 Nazioarteko Hizkuntzen Urteko ospakizunen baitan kokatzen
da. Aztertuko diren gaien artean honakoak daude: mehatxupeko hizkuntzek dituzten
eskualde hizkuntz-aniztasun kasu arrakastatsuen azterketa, hizkuntza irakaskuntza-prozesuak
eta hizkuntza-transmisioa hizkuntza erkidego txikietan, eta hizkuntza transmisioa
eskola-eremu formaletatik haratago. Izen-ematea zabalik izango da irailaren
5a bitartean.
Informazio gehiago:
Foundation for Endangered Languages (FEL)
http://www.mercator-research.eu/conferences/2008-september-24-27
Hizkuntzalaritza Orokorreko VIII.
Kongresua Madrilen burutu da.
Iragan ekainaren 25etik 28ra bitartean, Hizkuntza (Metahizkuntza) aniztasunaren
balioa izenburupean Madrilen VIII Hizkuntzalaritza Orokorreko VIII. Kongresua
ospatu zen. Bertan, hizkuntza-aniztasuna gaitzat hartuta parte hartu zuten,
besteak beste, José Luis Mendívil, Carme Junyent, Xulio Viejo
Fernández, Gustavo Benavides eta Sara del Valle irakasleek.
Informazio gehiago:
Madrileko Unibertsitate Autonomoa; http://elvira.lllf.uam.es/clg8/
Galiziako irakasleek galizierak hezkuntza-sisteman
duen presentzia eta erabilera aztertu zuten Hizkuntza Politikarako Idazkaritza
Orokorrak antolaturiko jardunaldietan.
Iragan uztailaren 1a eta 10a bitartean, Santiagon ospatu zen mintegian 35 irakaslek
parte hartu zuten. Mintegia Galiziako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Idazkaritza
Orokorrak (Secretaría Xeneral de Política Lingüística
) Hezkuntza Sailaren laguntzarekin antolatu zuen, eta, bertan, unibertsitatez
kanpoko hezkuntzan galizieraren erabileraz, Galiziako egoera soziolinguistikoaz
eta lan-munduko aurreiritzi zenbaiti buruz aritu ziren. Aldi berean, hizkuntza-politika
eraginkorra gauzatzeko ildo berriez ere mintzatu ziren.
Informazio gehiago:
La Voz de Galicia; http://www.lavozdegalicia.es/galicia/2008/07/07/0003_6966629.htm
EKIMENAK ETA KANPAINAK
Frantziako
Konstituzioa eta eskualde hizkuntzak euskara "ondare kultural" izendatu
du Frantziako Konstituzioak. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak aurkeztutako Konstituzioaren erreforma
boto bakarreko aldearekin onartu zuen Frantziako Kongresuak. Erreforma hori
dela-eta Errepublikako hizkuntza gutxituak, hau da, euskara eta gainerako hizkuntza
gutxituak, ondare gisako aitortza izango dute, 75. artikuluak hala jasoko baitu;
hala ere, aipatu hizkuntza horiek ez dira ofizialak izango.
Informazio gehiago: Sareko
Argia; http://www.argia.com
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko
dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak uztailaren lehen egunean.
Dekretuak eragina du Euskal Autonomi Erkidegoko honako arlotan aritzen diren
enpresa eta establezimenduengan: komunikazio-sareak, jendearentzako telefono-zerbitzuak,
garraio publiko erregularrak, bidaiarien aire-garraioko zerbitzuak aireportuetan,
errepide asistentzia zerbitzuak, energia elektriko eta gas natural zerbitzuak
eta banaketa-enpresak, besteak beste. Aldi berean, jendeari begirako produktuak
saltzeko edo zerbitzuak emateko establezimenduak ere dekretuaren eraginpean
egongo dira, baldin azalera-neurriarekiko edota langile-kopuruarekiko hainbat
ezaugarri betetzen badituzte. Betebeharren artean arautzen dira publikoaren
aurrean burutu beharreko seinaleztapena, errotuluak eta kartelak, inprimakiak
eta katalogoak, kontratuak eta baldintza orokorren agiriak eta komunikazioak
eta jakinarazpenak. Aldi berean ahozko informazioa eta publikoari zuzeneko arreta
eskaintzerako betebeharrak ere arautuak geratzen dira.
Informazio gehiago:
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretua; http://www.euskara.euskadi.net
SUSTATU; http://sustatu.com/1215010778
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza; http://www.euskara.euskadi.net
Kontseilua;
http://www.kontseilua.org
Administrazioan euskararen erabilera sustatzeko 4. plana aurkeztu
du Jaurlaritzak.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 2008
eta 2012 bitartean Administrazioko langileen artean aplikatuko den Euskararen
Erabilera Normalizatzeko 4. Plana aurkeztu zuen uztailaren 9an. Planak Araba,
Gipuzkoa eta Bizkaiko administrazioetako 6.556 langileri eragiten die eta haren
arabera, 2.876 lanpostutan izango da derrigorrezkoa euskararen ezagutza egiaztatzea,
eta beste 3.680 lanpostutan meritu bezala baloratuko da.
Informazio gehiago:Eusko Jaurlaritza eta bere erakunde
autonomoetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko IV. Plangintzaldia; http://www.euskara.euskadi.net
Abian da Etxepare Institutua.
Euskara eta euskal kultura nazioartean zabaltzako helburuarekin Etxepare Institutuaren
Patronatua osatuta geratu zen pasa den uztailaren 14an. Hemendik aurrera, Zuzendaritza
Batzordea osatuko da eta ondoren Zuzendaria Nagusia izendatuko. Etxepare Euskal
Institutuaren egitekoak honakoak izango dira, besteak beste: euskararen irakaskuntza,
ikasketa eta erabilera munduan sustatzea; euskara nazioartean onartua izan dadin
laguntzea eta sustatzea; euskal kultura, kanpora hedatzen laguntzea, eta gure
herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara
hurbiltzea.
Informazio gehiago: Etxepare Institutua; http://www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-714/eu/contenidos/nota_prensa/etxepare_institutua
BERRIA; http://www.berria.info
Euskararen Aholku Batzordeak XXI. mende hasierako hizkuntza
politikaren oinarriak dokumentuari eginiko ekarpenak aztertu ditu.
Euskara Aholku Batzordearen Osoko bilkura, ehun lagunetik gora ari dira parte
hartzen, eta joan den ekainaren 26an bildu ziren aipatu dokumentuari nork bere
ekarpenak aurkezteko.
Informazio gehiago: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza; http://www.euskara.euskadi.net
Espainiako UNED Urruneko Unibertsitateak euskara eta euskal
kultura ikasketak eskainiko ditu bere zentro guztietan.
Espainiako Urruneko Hezkuntza Unibertsitate Nazionalak (UNED, Universidad Nacional
de Educación a Distancia) euskara eta euskal kultura ikasketak eskainiko
ditu datorren ikasturtetik aurrera bere zentro guztietan, Eusko Jaurlaritzarekin
sinaturiko hitzarmena medio. Horrekin batera, Jaurlaritzak beste zazpi unibertsitaterekin
ere hitzarmenak sinatzea onetsi zuen, haien baitan ematen ari diren euskara
eta euskal kultura ikastaroen segida ziurtatzeko. Unibertsitae horien artean
honakoak daude: Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa, Mexiko eta Pueblako
Unibertsitate Iberoamerikarrak, Monterreyko Goi Mailako Ikasketa eta Teknologia
Institutua, Berlineko Frei Unibertsitatea, eta Moskuko Unibertsitatea, besteak
beste.
Informazio gehiago: UNEDeko
ikasketa eskaintza http://www.uned.es/ca-bergara/index.htm



