
53. 2004ko abendua. Euskararen erabileraren bilakaera azken...
Euskararen erabilera dugu oraingoan zenbakiaren aztergaia. Askotan esan ohi den bezala, eta zenbaki honetako zenbait artikulutan ere esaten den bezala, euskararen erabilera da kezka nagusia euskararen normalizazio prozesuan, erabileraren mota eta neurria direlako normalizazio mailaren adierazpen argia. Hori horrela izanik, berriro ere erabileraren gaiari heltzea beharrezkoa iruditu zaigu, horri buruz argitasun handiagoa lortzea esperoz.
Hizkuntzen arteko ukipen egoera gertaera arrunta da. Hau da, herri askotan jazotzen da; Europan bakarrik berrogeita hamar milioi pertsona inguru bizitzen gara egoera horretan. Halere, ez da gehiegi aztertu. Gehienetan, hizkuntza gutxitua desagertu aurreko egoera gisa ulertzen da. Baina beti ez da horrela izaten. Horra hor, lekuko, euskararen egoera. Hizkuntzen arteko ukipen egoera, bada, ezegonkorra da; aldakorra, alegia. Aldakortasun horretan hizkuntzen arteko lehia ez da beti modu berean agertzen. Hizkuntza gutxituaren aldetik iraupenerako erresistentziarik izaten ez bada erabateko desagerpena berandu baino lehenago gertaera segurua da. Erresistentzia egonez gero hizkuntza gutxitua iraunarazi daiteke. Erresistentziatik harago, berreskurapena eginkizun zaila eta luzea da.
SARRERA
Pasaiako udalerriak proposatutako ikerketa-beka batean du bere oinarria idazlan honetan aurkeztuko dugunak. Ikerketa honen emaitzarik esanguratsuenak 2004ko otsailean Bilbon egin zen VI. Soziologiako Kongresuko soziolinguistikako atalean aurkezten ari ginela, SEI Elkartekoen gonbitea jaso genuen aldizkari honetan ikerlanaren berri emateko.
ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?
Hizkuntza normalkuntzako orain arteko bideak eta emaitzak kalifikatzeko adjektiboak bilatzen hasita era honetakoak bururatzen zaizkit niri: gorabeheratsuak, kontraesankorrak, gazi-gozoak...
Egoera soziolinguistikoak aztertzeko, ezinbestekoak dira errepresentazioak ondo jorratzea eta are gehiago gure ikerketak erabilera baldin badu helburu. Norbaiti galdetzen badiogu zein hizkuntza erabiltzen duen bere gurasoekin edo bere lagunekin adibidez, ez dugu jakingo benetan zein hizkuntza erabiltzen duen baizik eta berak zein hizkuntza pentsatzen duen erabiltzen duela. Erraz nabaritzen da eguneroko bizitzan: askotan pertsona bati galdetu diodanean zein hizkuntza erabili duen elkarrizketa bat izateko beste pertsona batekin, elkarrizketa burutu eta gutxira, minutu edo segundu batzuetara, askotan jendeak ez daki zer hizkuntza erabili duen eta horrelako erantzunak jasotzen dira: "nola egin dudan nire anaiarekin... ez dakit... euskaraz... nire anaiarekin beti egiten dut euskaraz". Errepresentazio bat, beraz, besterik ez da.
ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?
Oso datu gutxi dugu euskararen erabilerari buruz. Euskal Herriko euskararen kale erabilerari buruz, adibidez, lau datu sorta baino ez dugu, EKBk eta SEI Elkarteak 1989 eta 2001 bitartean egindako neurketetan lortutakoak, hain zuzen ere. Neurketa horietako datuen arabera, gora egin du euskararen kale erabilerak: hamabost urtean % 25 hazi da. Hala ere, oraindik oso apala da.
ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?
Botila erdi betea-erdi hutsa; balantze gazi-gozoak, argi-ilunak... Azken urte eta hamarkadetako euskararen erabileraren bilakaera baloratzerakoan maiz agertu izan dira era honetako kontzeptuak. Zantzu eta datu guztien arabera aurrera egin dugu, baina lortutako emaitzek ez dituzte bete genituen itxaropenak. Alegia, aurrera egin dugu, baina ez dugu aurreratu, uste, nahi edo behar genuen adina.
Oraintsu (Berrian, 2004ko urriaren 28an) Ibon Usarraldek, euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoaren inguruko ikerketaren egileak, zera zioen: "Euskara, luzera, hiltzera kondenatuta dago". Bere esanetan hizkuntza baten osasunaren adierazlerik argiena hiztun komunitateak egiten duen hizkuntza horren erabilera da eta corpusean zein statusean eragiten denean erabilera indartzeko asmotan egiten da. Erabilerarik gabe ez baitago hiztun komunitaterik, ez behintzat hizkuntza horretakorik.
ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?
Urrats erabakigarriak egin dira joan deneko hamarkadetan. Labur erantzutekotan, irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean egin diren aurrerakadek ekarri dute gaur egun dugun ezagutza tasa, txikia oraindik, baina ditugun erabilera indizeak ahalbideratzen dituena. Bi arlo horietan —irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean— urratsak egiten segitzea, eta are neurri handiagoan egitea dira aurrera begirako bide garrantzitsuenak erabileran gora egiteko.
Euskararen ezagutzak, belaunaldi gazteenetan batez ere, gora egin arren, euskararen erabilerak pareko goranzko joerarik ez duela erakutsi esan da behin baino gehiagotan. Halaber, euskararen ezagutzak gora egin bai, baina, ikuspegi formalari erreparatuta, kalitateak txarrera egin duela ere etengabe barreiatu den kezka izan da. Alabaina, halakoetan, euskararen gurpilera hurreratu diren pertsonen ezaugarriak, dituzten beharrak nola baita bizi diren inguruneak eskaintzen dituen aukerak zein ezartzen dituen mugak, oso gutxitan hartzen ditugu kontuan. Era berean, euskararen ikuspegi formalari ematen zaion aparteko garrantziak ere ez dio euskararen indarberritze ahaleginari laguntzen.



