
Helduen euskalduntze-alfabetatzea
Ezer baino lehen honakoa aitortu beharko nuke: halako lan hau enkargatzeko deitu zidatenean, asunto honi ezin izango niola inolaz ere aurre egin pentsatu nuen. Batetik, gauden datetan gaudelako (KORRIKA 15 gain-gainean dugu eta hori geure jarduera osoa baldintzatzen duen gaia da), eta bestetik, idazle kaskarra naizen neurrian, zail egiten zaidalako holakoetan sartzea. Gero, hobeto pentsatuz eta gaiaren garrantzia ikusita, erabaki nuen merezi zuela gure aldetik esfortzu berezi bat egitea, hori merezi duelako HEA gaitzat hartzen duen monografiko batek, BAT aldizkariak duen prestigioa izanda. Hori dela eta, sartu naiz kontu honetan.
Helduen euskalduntze-alfabetatzea (HEA) hasiera batetik euskara normalizaziorantz eroango duen prozesuaren adarretako bat kontsideratu izan da. Izan ere, euskara inoiz Euskal Herriko hizkuntza “normala”eta “naturala” izango bada eta herri honetan maila guztietako hartu-emanetarako erabiliko badugu, hartarako behar diren baldintza politiko-administratiboak, hizkuntzarekiko jarrerak eta hizkuntz-eredu normalizatuarekin eta abarrekin batera, herritarrak hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko trebatzea dugu zer eginetako bat da.
*Oharra: artikulu hau, 2007. urteko otsailean HIZKUNEA soziolinguistika agerkarian argitaratutakoaren laburpena da
SARRERA
Azken urte hauetan hala administrazioan nola euskalgintzan nolabaiteko kezka sortu da euskararen erabileraren inguruan. Garai batean zegoen ustea eta desioa (ezagutzak erabilera ekarriko zuela) ez zela zuzena ikusi da: ezagutzak ez du erabilera bermatzen. Erabilera sustatzeko politika eta programa eraginkorrak ezinbestekoak direla ikusi dugu bai euskalgintzan baita Administrazioan ere.
1. EGOERAREN DIAGNOSTIKOA
Honako artikulua, HIZNET ikastaroko sakontze egitasmoan oinarrituta dago, http://hiznet.asmoz.org/images/stories/ikerketa_lanak/AZarraga,LMartinez,MJaio.pdf orrian ikusgai. Bertan euskaltegi ezberdinetako 183 ikasleri egindako inkesten bidez burututako lan enpirikoa erabili dugu, artikulu hauetara dakartzagun hausnarketa eta proposamenak egiteko. Ikasleek duten motibazioa aztertu dugu, euskaltegietara bultzatzen dituzten arrazoiak ezagutzearren. Gure susmoa, neurri handi batean tituluren bat behar dutelako etortzen direla zen, eta neurri handian bete-betean asmatu dugu. Bide batez eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu HIZNET ikastarorako ikerketa egiten lagundu diguten AEK-ko Foruko Barnetegiko eta Gernikako euskaltegiko, Basauriko Udal Euskaltegiko, Bilbo Zaharra euskaltegiko, Ulibarri Euskaltegiko eta Zornotzako Barnetegiko lagunei. Bihoaz eskerrik beroenak ere, noski, gure lanaren tutorea izan den eta artikulu hau idaztera bultzatu nauen Maria-Jose Azurmendi irakasleari. Lan hori egiteko arrazoia argia izan da. Euskalduntze-alfabetatzean urte batzuk daramatzagun irakasleak izaki, egunerokotasunean topatzen dugun errealitateak kezkatu egiten gaitu. Ikasgeletatik ikasle asko pasatzen dira, helburu, izaera, kezka, gaitasun, eta sentsibilitate ezberdinekin. Baina ez dugu nabaritzen hauek euskararen normalizazioan duten eragina egiten den esfortzuaren adinekoa denik. Euskaltegietatik irteten diren hiztunek ez dute hizkuntza normaltasunez erabiltzeko aukerarik eta, ondorioz, euskaldun moduan jarduteko ere ez.
1. AURREKARIAK
Euskara helduaroan ikastea ez da lehenengo begiratuan irudi lukeen bezain gertaera berria. XX. mendearen hasieran hainbat eta hainbat liburu eman ziren argitara euskara irakasteko eta lantzeko asmoz. Garai hartako izenburuak oso esanguratsuaK dira: “Quiere Vd. hablar en euzkera? El vascuence al alcance de todos”, “El Euskera o el baskuenze en 120 lecciones”, “Euzkel-Iztiya ó sea gramática de la lengua vasca según el método de Ollendorf”... Liburu horiek ikuspegi erabat gramatikala zuten. Latinari begiratzeko eta aztertzeko erabiltzen ziren moldeek bizi-bizirik jarraitzen zuten, aurreko mendeetan bezala, Larramendiren “El imposible vencido” edota Lardizabalen “Gramática vascongada” liburuak lekuko.
Ipar Euskal Herrian helduen euskalduntze-alfabetatzea aipatzerakoan bi datu azpimarratu behar dira. Lehenik, herri ekimenaz ari gara oroz gainetik. Alabaina, orain arte esperientzia puntual eta isolatu batzuk kenduta, elkarteak dira helduei euskarazko kurtsoak proposatzen dizkieten bakarrak. Salbuespen gisa aipa daitezke GRETA formakuntza organismoak eta Baionako komertzio Ganbarako hizkuntzen irakaskuntza zentroak (CEL) noizbait emandako ikastaro batzuk edota Departamenduko administrazioak bere langileentzat antolaturiko barne formakuntzak. Bigarrenik, AEKaz ari gara nagusiki, Iparraldean ikasturtean emandako ikasle orduen % 95 AEK-k emaiten baititu.



