Herri aldizkariak: balantzea eta etorkizuneko erronkak

Aurrekariak baziren, bakoitza ama batena. Baina gizarte eta kazetaritza fenomeno moduan, euskarazko herri prentsa (EHP) 1988ko abenduaren 2an sortu zen, Arrasate Press astekariaren lehen zenbakiarekin. Honen sorrerak hurrengo urteetako loraldia eragin zuen

Bistan denez, 90ko hamarkadan EHPk ondo baliatu zituen bere indar guneak eta aukerak, eta arrakasta erabatekoa lortu zuen. Euskara hutsez izanda milioi erdi irakurlerengana iritsi zen, eta doaneko prentsaren esparrua irabazi zuen, ia erabat euskararentzat.

. Hemen patroiak oinarri sozial zabala eta plurala duten elkarteak dira, euskara dute interes komun bakarra. Gainera, informazioa kontrastatzea oso erraza zaio irakurleari, nekez sar dakioke porrurik.

Konbentzimenduz diot: Euskal Herrian den prentsarik zintzoena herri prentsa da.

Oinarri soziala. EHP euskara elkarteek bultzatu dute gehienetan. Eta hauetan kolore guztietako euskaltzaleak biltzen dira. Debagoieneko Goiena kooperatiban bazkide nagusiak eskualdeko 9 euskara elkarteak dira, eta guztien artean 3.000 bazkide inguru biltzen dituzte.

Mundu globalizatuan, tokikoak ezartzen ditu diferentziak. Eta hurbileko informazioa etengabe ari da erakartzen hedabide orokorren arreta.

Hurbileko informazioa urre bihurtu da, eta toki hedabideak daude urrearen ondoan, haiei dagokie printzipioz meategia antolatzea, urrea ateratzea, inguruan banatzea, eta kanpora saltzea.

Amarauna sare antolaketa egokia dela onartzen bada, bistan da toki hedabideei eta herri prentsari eginkizun garrantzitsua dagokiela, hots, lehen zirkuluak edukiz betetzea, harreman sarrienak bideratzea eta erraztea. Eta, gorago nioenez, EHP ondo kokatua dago lan hori betetzeko.

uste dut hedabideetan dagoela une honetan euskararen alde egin daitekeen lanik emankorrena, eta EHP garatzeak emango ligukeela oinarririk sendoena komunitate zentzua gordetzeko eta, horren baitan, euskara prestigiozko erreferente bihurtzeko. Eta konbentzituta nago EHPren bigarren loraldia posible dela, osagaiak badaudela.

Goiena sortzeko eta gorpuzteko erabaki asko behar izan ziren. Eta erabaki hartzaileak asko ziren: bederatzi herrietako euskara elkarteak, gehi eskualdeko hedabideetan lehendik ari ziren langileak, berrogei inguru. Ba, prozesuan parte hartu genuen guztiok harrotasunez esan genezake erabaki horiek guztiak hartzeko ez zela behar izan botazio bakar bat ere, guztiak adosteko gaitasuna egon zela.

Goiena berritzailea izan zen bere egituraketan. Berehala hobetsi zen enpresa izaera, kudeaketarako egitura ohikoagoen eta ahulagoen aldean. Eta ondoren, sekulako esfortzua egin zen nortasun juridiko egokia sortzeko. Argi zegoen zer nahi zen, hots, elkarte sortzaileak bazkide nagusi izatea, hauek biltzen baitute oinarri sozial zabalena, baina bazkide nahi ziren langileak, erakundeak, eta gizarte eragileak.

EHPn talde txiki gehiegi dago, irauteko indar juxtuarekin dabilena. Bateratzeak sinergia, tamaina, eta indarra ekarriko luke. Eskualdekako antolaketa da egokiena, Gipuzkoan eta Bizkaian behintzat, eta esparru horretan hedabide guztiak egitasmo multimedian batzea komeni da. Bateratzean, enpresa egiturari heldu behar dio EHPk lotsa barik, sektorea konplexua da elkarte bidez kudeatzeko.

Euskarazko toki hedabideen sektorearen barruan, Topagunearen baitan, bulego zentrala sortu behar da, berariaz bateratze lanei ekiteko. Talde indartsuenek esfortzua egin behar lukete baliabide nahikoak horretara bideratzeko, eta dinamika indartsua sortu ahulenak ere suspertzeko. Eta kanpoan, ikerketa talde txiki bat eratu beharko litzateke, adituz osatua eta baliabidez ondo hornitua, euskarazko esparru komunikatiboa diseinatzeko

AURKEZPENA EZINBESTEAN

Artikulu hau irakurri ala ez erabakitzeko, begiratu diozu egilearen izenari. Eta ez duzu ezagutu. Izenaren ondoan ez da ageri sinesgarritasuna emango liokeen titulurik. Hala ere, ataka gainditu eta honaino iritsi zarenez, sentitzen dut aurkezpen hau zor dizudala, gaian murgildu aurretik.

Ez naiz aditu tituluduna, hau da, unibertsitate irakaslea. Ez eta herri aldizkarien sektoreko profesionala, hedabide bateko arduraduna edo. Zerbait izatekotan aritua naiz, eta luze gainera. Arrasate Press aldizkariaren lehen alean hasi nintzen maiztasunez idazten, 1988an, eta ia etenik gabe jarraitu dut gaur arte. Haren ondorengo Goienkarian astero idazten dut zutabe bat oraindik. Eta Argiak sekulako poza eman dit berriki sartu nauenean bere azken orriko artikulugileen artean. Honainoko bidean, beste saltsa batzutan ere sartu naiz, hala nola saioak aurkezten Arrasate Telebistan eta Euskal Telebistan, edo iritzi emaile Euskadi Irratian. Duela gutxi, 1999an, aritu nintzen gaurko gaiari berariaz lotzen zaion jardunean, bi urtez nire ohiko lana utzi nuenean Goiena kooperatiba sortzeko, Debagoiena eskualdeko hedabide guztiak bilduta. Hemendik aterako ditut erreferentzia gehienak.

Aritua naiz, beraz, eta ez aditua. Edo, aritzeak aditzea ekar lezakeen neurrian bakarrik aditua. Eta ez dut inor ordezkatzen, neu naiz hemengo iritzien erantzule bakarra.

EUSKARAZKO HERRI PRENTSAREN IBILBIDEA ETA EKARPENAK

Idatzi dira atalak, unibertsitate tesietan eta ikerketetan, euskarazko herri prentsaren historiaz. Agian, bilduma lan sistematizatua falta da, baina ez da hori gaurko gaia. Zertzelada batzuk emango ditut hemen, gaiaren ondorengo garapenerako oinarria izan dezagun. Horretarako, nire esperientziaz aparte, argitaratu gabeko lantxo bat erabiliko dut. Egilea Joxe Aranzabal da, Arrasate Presseko sortzailea eta lehen zuzendaria, eta 2000ko udaberrian idatzia dago, uda hartan Londresen hitzaldi bat emateko, hango Basque Studies unibertsitate departamenduak antolatutako ikastaroan.

Aurrekariak baziren, bakoitza ama batena. Baina gizarte eta kazetaritza fenomeno moduan, euskarazko herri prentsa (EHP) 1988ko abenduaren 2an sortu zen, Arrasate Press astekariaren lehen zenbakiarekin. Honen sorrerak hurrengo urteetako loraldia eragin zuen: 1989an hamaika aldizkari sortu ziren, 1990ean hamar, 1991n bost, 1992an bost, 1993an zazpi, 1994an lau, 1995ean lau, eta 1996an sei. Handik aurrera, kopurua egonkortu egin da 50 aldizkariren bueltan.

EHPren sorrera ulertzeko, Joxe Aranzabalek bost faktore aipatzen ditu:

Auto edizioaren sorrera

Auto edizioaren iraultza 80ko hamarkadaren erdialdean hasi zen. Alde batetik ordenagailu berriak agertu ziren, ordura arte denbora mordoa eskatzen zuten lanak askoz ere bizkorrago eta merkeago egiteko gauza zirenak. Bestetik, Hewlett-Packard eta Apple etxeek laser inprimagailuak kaleratu zituzten. Ordura arte, gutxi batzuen eskuetan zegoena, oinezkoon eskura jarri zuten. (...) Arrasate Press iraultzaren trenean igo zen. (...) Geroztik sortu diren herri aldizkari gehienak auto edizioan oinarritzen dira eta euretariko gehienek Macintosh sistema eragilea darabilte.

Euskararen batasuna

Arrasate Press sortu zenerako euskara batua finkatua zegoen eta haren erabilera zabalduta zegoen, bai irakaskuntzan nola administrazioan eta komunikabideetan ere.

Euskara taldeak

80ko hamarkadaren erdialdean, gerora Euskal Herrian hedatuko ziren euskara taldeen eredua ere sortu zen Arrasaten: AED. Bere helburua Arrasate euskalduntzea zen. Hasieran lanik handiena kontzientziazio lana izan bazuen ere, gerora, heldu ahala, funtzio berriak hartzen joan zen. Euskarazko hedabideak sustatzea, adibidez. Arrasate Press AEDren babesean sortu zen. Gerora ere, Euskal Herrian sortu diren herri aldizkari asko eta asko antzeko taldeen itzalpean plazaratu dira. (...)

Herri erakundeen irekitasuna

Udalak eta foru aldundiak demokratizatu ondoren, eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua sortu eta gero, euskararekiko eta euskal kulturarekiko jarrera irekiagoak azaldu ziren erakunde horietan. Kasu askotan ontzat hartu zuten euskarazko herri komunikabideak sustatzea, euskara elkarteekin lankidetzan. Udaletako teknikari eta euskara arduradun askok zerikusi handia izan zuten jarrera aldaketa honekin. Geroztik, asko dira euskarazko herri prentsaren barruan ekimen pribatuarekin batera herriko aldizkarietan parte hartzen ari diren udalak.

Euskal kazetari berriak agertzea

80ko hamarkadan kazetari belaunaldi berriak agertu ziren. Harrezkero, gure aldizkarietan lan egin zezaketen kazetari profesional euskaldunak hartuko genituen. Ordura arte euskal kazetaritza larru gorritan zegoen”.

Aipu luzea ekarri dut, agerian jartzen dituelako gero jorratu beharko ditugun puntu nagusiak: teknologia, oinarri soziala, erakundeak eta gizartea lankidetzan, profesionalak...

Bistan denez, 90ko hamarkadan EHPk ondo baliatu zituen bere indar guneak eta aukerak, eta arrakasta erabatekoa lortu zuen. Euskara hutsez izanda milioi erdi irakurlerengana iritsi zen, eta doaneko prentsaren esparrua irabazi zuen, ia erabat euskararentzat. Gehienetan, gaztelaniazko aldizkariek eta elebidunek desagertu edo euskaldundu egin behar izan zuten. Euskararen historian mugarri behar luke gertakari horrek. Noiz lortu da, edozein esparru irekian, euskara horrela nagusitzea gaztelaniari lehia irabazita? Eta, bide batez, non dago koska? Joxe Aranzabalek aipatzen ditu hastapenetan lankide izan zuen Iñaki Mendigurenen hitzok:

“Honetarako laster ikusi zen ordura arteko ohiko ereduetatik urrundu beharra zegoela, ezin zela aldizkaria betiko gutxiengo euskaltzale militante edo kulturzalearentzat bakarrik planteatu; euskarari eta euskal kulturari buruzko diskurtso ideologikoa eta kontzientziatzailea zuzenean egin gabe, euskaldunen gehiengoa erakarri eta irabazi behar zela euskara idatzira. Beraz, aldizkari herrikoi, sinple, praktiko, irakurterraza egin behar zen; albiste erakargarri eta artikulu laburrekin, argazki eta elementu grafiko askorekin, etab.”

Hizkuntzari egindako ekarpen nagusi honek lagun izan ditu beste batzuk, hiru behintzat garrantzi handikoak. Lehena, hurbileko informazioaren eginkizun zentrala etorkizuneko gizartean nabarmentzea izan da. Hedabide globalek goitik behera ezartzen duten uniformetasuna orekatzeko, hedabide lokalen tokikotasuna behar da, tarteko mailek eta multzoek pertsonaren eta munduaren artean iraun dezaten. Eta herri prentsari esker areagotu egin da hurbilekoaren estimua, indartu egin da giza multzo ohikoen kohesioa, trinkotu egin dira oinarrizko komunitateak.

EHPren ekarpenetan ezin ahaztu publizitatea euskaratzeko izan duen eragina. Hastapenetan, herriko dendariak izan ziren bezero nagusiak, eta interes komertzialak bezainbat jokatuko zuten bestelako arrazoiek. Baina egoera honek bilakaera azkarra izan zuen, eta, gaur egun, ez da zaila Debagoieneko Goienkarian DHL munduko garraio enpresarik handienaren iragarkia ikustea. Eta sektorearen datu bateraturik ez dago, baina esango nuke euskarazko herri aldizkariek urtean fakturatzen duten publizitatea 2 milioi eurotik oso aparte ez dela ibiliko.

Azken ekarpen bat ere aipatu nahi dut. Prentsa orokorra talde ekonomiko edo ideologikoen esku dago, ia salbuespenik gabe. Eta bakoitzak bere taldearen interesen arabera jokatzen du. Hau zilegi da, baldin eta oinarrizko arau bat betetzen bada: irakurleak informazio osoa jaso behar du, eta iritzi ataletan emango zaizkio interpretaziorako pistak. Zoritxarrez, prentsan ohikoa da informazioa galbahetik pasatzea eta iritziz betetzea. Horrela, gai baten alde guztiak ezagutzeko behartuta gaude hiruzpalau egunkari erostera. Hau ez da gertatzen herri prentsan. Hemen patroiak oinarri sozial zabala eta plurala duten elkarteak dira, euskara dute interes komun bakarra. Gainera, informazioa kontrastatzea oso erraza zaio irakurleari, nekez sar dakioke porrurik. Azkenik, EHPk gehienetan udalen diru laguntza jasotzen du, eta hauen kolore politikoa ezberdina izaten da herritik herrira eta, denboran zehar, aldakorra herrian bertan. Hala ere, herri prentsak ez du arazorik izan koloreekin; lerratu gabea den seinale. Konbentzimenduz diot: Euskal Herrian den prentsarik zintzoena herri prentsa da.

DIAGNOSIA

Ekarpen guztiak onak dira, bestela ez lirateke ekarpen, baina euskarazko herri prentsaren diagnosia egitean bestelakoa da emaitza. Lau multzotan bilduko ditut sektoreari ikusten dizkiodan indar guneak, ahul guneak, aukerak, eta arriskuak.

Indar guneak

  • · Hedapena. Urtean 3 milioi ale kaleratzen du EHPk. Konparaziorako, egunean 10.000 ale botatzen dituen egunkari batek urtean emango luke 3,6 milioi ale. Beraz, astean edo hamabostean argitaratu arren, EHPren hedapen kopuruak egunerokoen zifretara hurbiltzen dira.
  • · Ezarpena. EHPren mapa nahiko betea dago, inguru sozio-ekonomiko ezberdinetan garatu da, nekazal giroan edo hirian.
  • · Atxikimendua. Gehienetan EHP doanekoa da, baina eskatu egin behar izaten da, eta pertsonalizatuta iristen da etxeetara. Horrek eta hurbiltasunak hartzailearen lotura afektiboa eragiten dute aldizkariarekin.
  • · Unibertsaltasuna. Herri aldizkari hedatuenak etxe gehiagotan sartzen dira egunkari handienak baino. Debagoieneko Goienkaria eskualdeko 20.000 etxetan sartzen da, ia guztietan. Diario Vasco egunkaririk salduena, 7.000tan.
  • · Oinarri soziala. EHP euskara elkarteek bultzatu dute gehienetan. Eta hauetan kolore guztietako euskaltzaleak biltzen dira. Debagoieneko Goiena kooperatiban bazkide nagusiak eskualdeko 9 euskara elkarteak dira, eta guztien artean 3.000 bazkide inguru biltzen dituzte. Ez dago eskualdean neurri bereko giza erakunderik, ez eta Goienkariarentzat sostengu hoberik.
  • · Profesionaltasuna. Sorreratik hartu zuen EHPk amateurismoa osagarri eta ez oinarri. Egun, osoko jardunak eta zatikoak bilduta, 100 osoko lanposturen bueltan dabil sektorea.
  • · Merkatuaren onarpena. EHP ez zaio saltzen irakurleari, baina bai iragarleari. Eta hauek erosten duten publizitate kopurua 2 milioi euro ingurukoa da.
  • · Bateratze bidean urratsak. Sakabanatuta sortu da sektorea, baina urrats bateratuak egiten ari da, Topagunea federazioaren baitan.
  • · Erakundeen begirunea. Herriz herri berehala lortu zuen EHPk udalen sostengua, kasu gehienetan. Beranduago Aldundiarena eta Gobernuena etorri zen. Gaur, guztiek aitortzen dute sektorearen garrantzia.

Ahul guneak

  • · Maiztasun urria. Bakanak dira astea baino maizago ateratzen diren aldizkariak. Aldiz, ugariak dira hamabostekariak edo hilabetekariak. Maizago irteteko jauziak nekez egiten dira.
  • · Sakabanaketa. Bateratze bidean egindakoa indar gune bada, ahul gune behar du egiteko dagoenak. Aldizkarietan ez dago kemenik sobran, eta Topaguneak lanak ditu haiek mugiarazteko.
  • · Publizitatea bateratu ezin. Aurrekoaren ildotik, EHPren hedapena diru iturri bihurtzeko publizitatearen kudeaketa bateratua behar da. Eta ahaleginak egon dira, baina ez da asko aurreratu.
  • · Profesionaltasun zaila. Oro har, EHPko langileen egoera ez da harrokerietarako, eta pertsona aldaketa asko gertatzen da. Egonkortasuna falta da, eta honekin epe luzeko ikuspegia.
  • · Erakundeak lotu gabe. Haien begirunea bai, baina ez da oraindik lortu erakundeekin lankidetza iraunkorra lotzea. Urteroko deialdien bidez iristen dira laguntzak, eta koiunturak baldintzatzen ditu harremanak.
  • · Plangintzarik ez. Erakundeek ez dute egin, eta sektoreak ere ez. Euskal esparru komunikatiboak izena badu, baina izan antolaturik ez. Ez dago eredu adosturik euskarazko hedabideen bilakaerarako, eta interes partikularrak ari dira nagusitzen.
  • · Kemen gutxi. Aurreko hamarkadan indarra erakutsi zuen EHPk, eta horrekin aurrea hartu zuen lehian. Orain ez dago horrelakorik, atzetik doa eta nekez.

Aukerak

  • · Informazio lokala, urrea. Mundu globalizatuan, tokikoak ezartzen ditu diferentziak. Eta hurbileko informazioa etengabe ari da erakartzen hedabide orokorren arreta. Prentsan, edizioak indartu egin dira, estatuko egunkariek ‘pais vasco’ sortu dute, nazionalek herrialdekako edizioak eta herrialdekoek eskualdekoak. Hurbileko informazioa urre bihurtu da, eta toki hedabideak daude urrearen ondoan, haiei dagokie printzipioz meategia antolatzea, urrea ateratzea, inguruan banatzea, eta kanpora saltzea.
  • · Inork baino meatzari gehiago. Bere ahulean, EHPren azpiegitura gehiago da talderik indartsuenak gurean sor lezakeena baino.
  • · Euskara itsasgarri. Beste egitasmo batzuetan diruak egiten duena, gurean euskarak eragin lezake. EHPren azpiegitura sare bihur lezake, sektorea norabide bateratuan bultza lezake eta prentsa orokorrarekin lotu, eragile eta erakundeak plangintza baten inguruan bil ditzake.
  • · Euskarazko prentsa orokorraren bultzada. Lehen Euskaldunon Egunkariak hasitako bideari Berriak jarraituko dio, eta eskualdeko egunkariak bultzatuko ditu. Dagoeneko abian dira Tolosaldean eta Oarsoaldean.
  • · Teknologia alde. Esanda doa nolako eragina izan zuen auto edizioak EHPren loraldian. Orain sareak izan lezake antzeko eragina. Sareari esker, albistearen ondoan dagoen kazetariak albistea mundu osora zabal lezake une berean; bera bihurtzen da munduko kazetari enteratuena gai horretan. Ez da bakarrik urrea oin azpian tokatzea eta inor baino meatzari gehiagorekin; gainera, EHPk du mundu guztirako banaketa instantekoa, eta aparteko kosturik gabe.
  • · Iturri eta erreferente. EHPk meategia antolatzen duen neurrian, hedabide handiek iturri gisa erabiliko dute, diru iturria ere izango da. Eta euskaraz sortuko den informazioa erabiliko dute beste hizkuntzatakoek, euskara bera erreferente bihurtuz.

Arriskuak

  • · Urre bila erdarazkoak. Informazioa urrea bada, jende askok nahi du urre hori. Izan ere, informazioa botere iturri da eta tresna izugarria borroka politikorako. Gainera, negozio izan daiteke. Gaztelaniazko komunikazio talde handiek hurbileko informazioaren esparrua irabazi nahi dute. Oraingoz, telebistan ari dira egiten apusturik gogorrena gurean, euskarri garestia izateak ematen dien abantailaz baliatuz. Sarean, badirudi edukiak une bakoitzean lortzen dituenari erostea izango dela joera. Prentsan neke handiagoa dute indarrez sartzeko, azpiegitura handia behar delako, eta dagoeneko EHP ondo kokatuta dagoelako. Hala ere, talde horiek lor dezakete diruaren poderioz EHPren posizioa erasotzea, eta lehiakidea ahultzea.
  • · Urre bila euskarazkoak. Euskarazkoen aldetik ere bada hurbileko informazioan aritzeko borondaterik, prentsan bereziki. Aukeretan aipatu dut nola Berriak eskualdeko egunkariak sortzeko asmoa duen, eta dagoeneko bi sortu dituen. Arriskurik ere bada, ordea. Asmoa Berriarena da, ez da planik adostu sektorearekin edo erakundeekin. Eta ekimena ez da abiatu EHP garatuen dagoen eskualdeetan. Beraz, enpresaren estrategia komertziala izan daiteke, zilegia baino partikularra, bere helburuetara bideratua eta ez sektorea indartzera. Arriskua, EHPren sektorea talde mediatiko baten menpe geratzea da.
  • · Prentsaren dinamismoa. Proiektu zehatzetatik aparte, prentsaren sektorea etengabe aldatzen eta mugitzen ari da, irakurlearen bilakaerara egokitzen, moldeak lantzen eta euskarri berriak esploratzen. Bitartean, EHP oso mantso dabil, urrats txikiak egiten, eta areagotzen ari zaio handiekiko dituen gabezien zuloa. Besteak ziztu bizian dabiltzala, norberaren konformismoak ez du balio, eustea ez da nahikoa, arriskuan jartzen da irabazitako esparrua; galtzea gerta daiteke.

BALANTZEA

Bigarren puntuko lau ataletan jaso dira balantzerako osagaiak. Daudenak, behintzat, badira; agian, irakurle horrek, sumatuko duzu bateren baten falta. Orain neurtu behar da osagai bakoitzari zein pisu emango zaion azken emaitzan. Horren arabera, balantze ezberdinak egin daitezke. Hau da nirea.

Euskarazko herri prentsa ondo kokatuta dago bere eginkizunari erantzuteko.

Lehenik, azal dezadan eginkizun hori patxadaz. Etorkizun hurbilean areagotu eta biderkatu egingo dira munduarekiko izango ditugun loturak. Kablez eta uhinez, kontaezinak izango dira informazioa ekarriko diguten iturriak eta kanalak. Sare bakarrean munduarekin lotuta egongo gara, mundu informatizatuarekin. Eta honek ateak eta buruak irekiko dizkigu, baina aldi berean uniformetasuna ekarriko digu sareko beste guztiekin; gure ezaugarrien galera eragin lezake. Hau bereziki grabea izan daiteke euskararentzat, sarean euskaldunok bakarrik egingo dugulako euskaraz. Honen aurrean armiarmaren estrategia garatu behar dugu, landu behar dugu amaraun sarea. Amaraunak baditu hari erradialak, erditik kanporantz doazenak, eta baditu zirkularrak, erdi aldean ugariagoak eta ertzetan bakanagoak. Gure harremanak honelakoa behar luke izan munduarekin, gure interesak ere horrela daudelako antolatuta. Harreman sarrienak hurbilean ditugu, horregatik lotura gehienak hurbileko zirkuluetan behar ditugu. Urrundu ahala, harremanak urriago, beraz, loturak bakanago. Nola ez, eskura munduko plaza jakin batzuk eta hainbat puntu zehatz behar ditugu. Horretarako izango dira lotura erradialak. Antolaketa honekin hobeto jasotzen da sarean gure errealitatea, sarean ere komunitate irauten dutelako bizitza errealean ditugun komunitateek. Eta, bide batez, antolaketa hau guztia euskaratik abiatuta egiten bada, gure hizkuntzari funtzionaltasun izugarria ematen ariko gara, eguneroko bizitan oinarrizko tresna eta modernitaterako sarbide bihurtuko dugu.

Amarauna sare antolaketa egokia dela onartzen bada, bistan da toki hedabideei eta herri prentsari eginkizun garrantzitsua dagokiela, hots, lehen zirkuluak edukiz betetzea, harreman sarrienak bideratzea eta erraztea. Eta, gorago nioenez, EHP ondo kokatua dago lan hori betetzeko. Herritarren aldetik dituen hedapenak, ezarpenak, eta atxikimenduak ezin aproposagoak zaizkio hurbilean nagusitzeko.

Euskarazko herri prentsak faktore asko ditu alde, bigarren loraldirako.

Lehen loraldia ez zuen inork espero eta planifikaziorik gabe gauzatu zen, kasik txiripaz. Eta, hala ere, hari zor zaio euskarak duen urrezko domina bakarretakoa, herri prentsako txapeldunarena.

Hamar urte beranduago, beste loraldi baterako aukera ugari ikusten ditut. Aipatu dut lehen informazio lokalak duen garrantzia gora ari dela etengabe, eta EHP ondo kokatuta dagoela gorakada hori kudeatzeko. Teknologia ere alde du, beste behin; bere produktuak argitaratzeko ez ditu beharko ordenagailua eta sarea besterik, eta horrekin zabaldu ahal izango ditu mundu osora. Maiztasunak eta tiradak historia izango dira laster; orainkariak eta ale infinituak datoz. Badago euskararen aldeko bultzada gizartean eta erakundeetan, baliabide ugarirekin, gainera. Eta sentimendua hedatu da euskarak biziraupena izan lezakeela, beste hizkuntza asko desagertzear daudenean; baina bere hiztunok ondo jokatzen badugu bakarrik, hizkuntza zaharra gurdi berritara igotzea lortzen badugu, euskara gizartearen zerbitzuan jartzen asmatzen badugu. Zalantza izpirik gabe uste dut hedabideetan dagoela une honetan euskararen alde egin daitekeen lanik emankorrena, eta EHP garatzeak emango ligukeela oinarririk sendoena komunitate zentzua gordetzeko eta, horren baitan, euskara prestigiozko erreferente bihurtzeko. Eta konbentzituta nago EHPren bigarren loraldia posible dela, osagaiak badaudela.

Komunikazioaren arloan lehia gogorra da, EHP ahul dago, eta ez da ikusten kemenik erronkei aurre egiteko.

Gauza bat loraldia posible ikustea da, eta beste bat gertatuko dela pentsatzea. Uste dut aukera bat baino gehiago galdu dituela sektoreak aurrera egiteko, sektore gisa antolatu eta bere interesen alde egiteko. Bukatu berri den legealdia hasi zenean, baldintza ezin hobeak egon ziren jauzirako. Udal eta aldundietan talde berriak gogotsu sartu ziren, giro politikoa oso egokia zen lankidetzarako, euskararen aldeko partidetan gorakada handiak egon ziren, EHPren baitan mugimendu interesgarriak gertatu ziren... Baina hori guztia ez zen nahikoa izan estrategia bat finkatu eta bidean abiatzeko; eta sektoreak bere horretan dirau, iraun. Bitartean, hedabide orokorrek mugitzen jarraitu dute eta hurbileko informazioa lantzeko posizioak hartzen; gaur, herri aldizkariak ahul daude mugimendu horiei erantzun eta orain arteko lidergoari eusteko.

Hala ere, berandu da baina ez beranduegi. Oraindik sektorea garatzeko eta indartzeko ahalegina egin daiteke; egitura trinkoa sortu, eta hurbileko informazioa euskararen eremuan mantendu daiteke, handik beste hizkuntzetara hedatzeko; epe luzeko plangintza ziurtatzeko EHPren biziraupena eta garapena finka daiteke, koiunturen gainetik; hurbileko informazio zintzoa gorputz sozialaren elikagai oinarrizkoa bihurtzea lor daiteke; hau guztia gure ezaugarri komunitarioak gordetzeko eta euskara biziberritzeko erabil daiteke. Lan honen azken partea proposamenak zehaztera bideratuko dut, posible baina zaila den hori gerta dadin.

EREDU BAT

Nire burua aurkeztean, bi urtez (1999-2001) ohiko lana utzi eta Goiena kooperatiba sortzen aritu nintzela aipatu dut. Eta auto lausengurik gabe, esperientzia hura eredu edo erreferente izan daitekeela uste dut, EHPren sektoreak hasi behar duen bilakaera zehazteko. Zilegi bekit, beraz, bere ezaugarri nagusiak azken atalerako lagungarri ekartzea.

Goiena Debagoienean jaio zen. Han sortu zen Arrasate Press 1988an, eta oso oparoa izan da eskualdea herri hedabideetan. 1999an zazpi aldizkari, bi telebista eta bi irrati zeuden. Handiak eta txikiak, sendoak eta ahulak. Guztiak kezkati etorkizunaz. Ordurako nabaria zen eskualdean dinamika bateratzailea arlo askotan: enpresan, kulturan, kirolean, etab. Eta hedabideek ere bide horri ekin zioten, uste osoarekin bateratzeak indartu egingo zituela eta bakardadean ez zegoela bizirauteko aukerarik.

Bi urte beranduago, Goiena bitariko kooperatibak 50 langile zituen, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua urtean. Berak argitaratzen du asteroko Goienkaria, egunkari formatukoa, 21.500 aleko tiradarekin euskal kazetetan liderra. Bere hiru ediziotan lehengo aldizkariak gordetzen ditu, eta guztiak bilduta 100 orrialdetik gorako alea irteten da. Goienak kudeatzen du Goitb, eskualdeko telebista. Astean 40 orduz lan propioa emititzen du eta lankidetza estuan dihardu Euskal Telebistarekin. Goienak hartu zuen, era berean, Arrasate Irratiaren ardura, Arrasateko Udalak sortu eta gero. Irratiak 24 orduko emisioa du. Azkenik, urrian jarriko du Goienak sarean GoienaNet, Debagoieneko ataria, albiste eta zerbitzuz osatua. Aipatzekoa da, baita ere, kooperatibak jarduera osagarriak bideratu dituela, esaterako web orrien edukiak hornitzea, edo bereak ez diren hedabideen publizitatea kudeatzea, beti ere diru sarrerak ugaltze aldera.

Bateratzeari buruz hemen emango ditudan zertzeladek pizten badute inoren interesa, jakin beza bateratze prozesu osoa idatzia dagoela, Gipuzkoako Aldundiaren enkarguz. ‘Goiena Esperientzia’ izeneko txosten mardula gordea du hango Euskara Zuzendaritzak. Entresaka eginda emango ditut esperientziaren ondorio probetxugarrienak.

Baliabideak

99ko udan Goiena apustu gogorra zen, ezin zuen inork bermatu prozesua ondo amaituko zenik, bultzagileen konbentzimendua bezain handiak ikusten ziren orduan arriskuak eta zailtasunak. Bestalde, elkarte sortzaileek ez zuten dirurik soberan. Eta hala ere, gai izan ziren merkatuko prezioan ni kontratatzeko, bi urterako. Hau da, dirua eta baliabide dezente jarri zuten, sarreretan ordain zuzenik eragingo ez zuen lan baterako. Ondorio garbia atera daiteke: behar beste baliabide jartzeak ez du bermatzen helburua lortuko denik, baina ez jartzeak ia segurua du porrota.

Adosteko gaitasuna

Goiena sortzeko eta gorpuzteko erabaki asko behar izan ziren. Eta erabaki hartzaileak asko ziren: bederatzi herrietako euskara elkarteak, gehi eskualdeko hedabideetan lehendik ari ziren langileak, berrogei inguru. Ba, prozesuan parte hartu genuen guztiok harrotasunez esan genezake erabaki horiek guztiak hartzeko ez zela behar izan botazio bakar bat ere, guztiak adosteko gaitasuna egon zela. Informazioa erruz banatu zen, ezer gorde gabe, eta honek konfiantza sortu zuen alde guztiengan. Gainera, asko idatzi zen, proposamenak eta ekarpenak idatziz egiten ziren, eta denbora nahikoa eman zitzaion eztabaidari, etorkizunerako oinarri sendoa jartze aldera. Honetan emandako denbora eta baliabideak inbertsio ona dira: zimendu tinkoen gaineko eraikinak hobeto eusten dio enbatari.

Ausardia

Euskara elkarteak, oro har, ez dira asko murgildu enpresa kulturan. Profesionaltasunera bidean urratsak egin dituzte, baina arrotz egiten zaizkie enpresetan ohikoak diren teknikak eta jarrerak. Goienako sortzaileak ausartak izan ziren oso, eta ez zuten beldurrik izan diru handiko inbertsioak edo muga gabeko kontratuak onartzeko. Seguruenik, Debagoieneko ekosistemak izan zuen eraginik jarrera honetan, ze eskualde honetako langile gehienak ohituak daude enpresaren jardueran parte hartzen, baita erabaki estrategikoetan ere. Goienan, behintzat, egitasmoa adostu ondoren erraza izan zen hura gauzatzeko erabakiak hartzea, batzuk ondo potoloak.

Berritasuna formuletan

Goiena berritzailea izan zen bere egituraketan. Berehala hobetsi zen enpresa izaera, kudeaketarako egitura ohikoagoen eta ahulagoen aldean. Eta ondoren, sekulako esfortzua egin zen nortasun juridiko egokia sortzeko. Argi zegoen zer nahi zen, hots, elkarte sortzaileak bazkide nagusi izatea, hauek biltzen baitute oinarri sozial zabalena, baina bazkide nahi ziren langileak, erakundeak, eta gizarte eragileak. Urtebete luzeko lana behar izan zen bitariko kooperatiba berezia definitzeko. Azkenean, euskara elkarteek gehiengoa dute, eta bakoitzaren pisua herriaren tamainari egokitzen zaio. Gainera, langileak eta udalak bazkide dira, eta ateak zabalik dira eragileentzat. Egitura gardena da eta partaide guztiek dute informazio osoa. Patxadaz egiten da ildoak finkatzeko lana, baina, bitartean, eguneroko kudeaketak badu behar duen azkartasuna. Ona da formulak ondo lantzea, eta bakoitzaren premietara egokitzea. Hasierako lanetan pausatzeak izugarri errazten du ondorengoa.

Lankidetza erakundeekin

Euskararen aldeko lanean, ezinbestekoak dira gizartearen kemena eta erakundeen ahalmena. Bi hauek uztartzeko, ordea, nahikoa lan izan ohi da. Edo, gizarte ekimenak erakundea diru hornitzaile soil izatea nahi duelako, edo erakundeak eragilea bere tresna bihurtu nahi duelako. Aldiz, lankidetza da behar dena, elkar hartzea, osagarritasuna. Goienak hasieratik erabaki zuen eskualdeko erakundeak nahi zituela bazkide, kooperatiban partaide eta lankide. Eta antzeko asmoak bultzatu zituen goragoko mailetan, solaskide orokorren artean. Formula juridiko egokiena bilatu zuen, eta aurkitutakoa eskaini, konbentzimendu honekin: informazioaren esparrua euskararentzat irabaziko bada, indar guztiak batu behar dira lankidetza finkoan, eta hau jarri koiunturen gainetik, epe luzeko bidean.

Autofinantzaketa

Arrasate Pressetik ikasi zuten eskualdeko aldizkariek autofinantzaketa altuaren garrantzia, eta Goienak ere filosofia horri eutsi zion. Udalei zegokien kostuaren zati bat estaltzea, baina ez laguntza edo opari moduan, baizik herritarrei eskainitako zerbitzuaren ordain gisa. Aldi berean, ezinbestekoa zen egitasmoak bere sarrera propioak lantzea, autofinantzaketa maila ona lortzea. Horretarako, oso serio landu dira publizitatea eta sarrera komertzialak, behar adina baliabide jarriz. Eta Goienako aurrekontuaren erdia inguru estaltzea lortu da baliabide propioekin, telebista bezalako medio garestia barne. Bistan da oso sanoa dela lankidetzarako alde bakoitzak jakitea bere ekarpen ekonomikoa bestearen parekoa dela, ez askoz handiagoa, ez askoz txikiagoa. Oreka horrek tentazio asko uxatzen du.

ERRONKAK

Goiena hemen bezala azaltzen dudanean, sarri erantzuten didate horrelakoak Debagoieneko ekosisteman bakarrik direla posible, eredua ez dela esportagarria. Ez eta bai. Egia da ezin dela transplantatu, mintegitik ortura birlandatu, tomate landara bailitzan. Baina eredutik har daitezke zutabeak eta horiekin helburu propioak finkatu, utopia partikularrak, hauen bila bidea egiteko eta bidea eginez garatzeko. Aldi berean, eskarmentutik plangintza orokorrerako ideiak atera daitezke, bilakaerarako ildoak eta, agian, ekintzarako animuak.

Orain arte esandako guztiaren haritik, ondoko erronkak ikusten dizkiot euskarazko herri prentsari, etorkizun hurbilean.

Indartzea

Egungo ahuleziak gainditu behar ditu sektoreak, bere lidergoari eusteko. Urrats hauek eman behar lituzke:

  • Bat egin ingurukoekin.

EHPn talde txiki gehiegi dago, irauteko indar juxtuarekin dabilena. Bateratzeak sinergia, tamaina, eta indarra ekarriko luke. Eskualdekako antolaketa da egokiena, Gipuzkoan eta Bizkaian behintzat, eta esparru horretan hedabide guztiak egitasmo multimedian batzea komeni da. Bateratzean, enpresa egiturari heldu behar dio EHPk lotsa barik, sektorea konplexua da elkarte bidez kudeatzeko.

  • Sektorekoekin bateratu.

Topagunean hasitako prozesua bizkortu egin behar da, sektoreko indar guztiak norabide baten jartzeko. Zerbitzu komunak sortu behar dira, informatikan edo publizitatean, laguntza teknikoa eskaini ahulenei kudeaketan. Sektorearen egitasmo bat adostu behar da, indar guztiak norabide berean jartzeko, eta ordezkaritza ofiziala finkatu.

  • Etxeko esparrua irabazi.

Indar horiek baliatuz, EHPk nagusitu egin behar luke bere esparruan, besteak baino lehenago eta hobe arituz. Posizioa irabazi behar luke hurbileko informazioa eskualdean berak kudeatzeko eta kanpora hedatzeko.

Bizkortzea

Informazioak abiada handia hartu du eta ziztu batean zabal daiteke edonora. Horri ezin zaio erantzun hamabostekaria astekari bihurtuz bakarrik. Zerbait gehiago behar da herri prentsa atzenduta geratuko ez bada, eta zerbait hori eskura dago, sareko orainkaria da. Oraintxe gertatu den albistea une berean sarean jartzea da herri prentsari zabaltzen zaion aukera berria. Aukera honek ez du eskatzen baliabide apartekorik eta bai aldiz han egotea, albistearen ondoan. Horiek dira juxtu herri prentsaren ezaugarriak. Idatzia eta soinua samur jar daitezke sarean, eta irudia sartzea ere gero eta errazago egin daiteke. Modu honetan, EHPk neurri handian galdu duen erreferentzialtasuna berreskuratuko luke, iturri ohikoa izango litzateke berriro hedabide orokorrentzat, euskaldunak edo erdaldunak. Eta, aldi berean, sektoreko profesionalen buruak eta lan egiteko moduak aldatu egingo lituzke, ohiturak eta jarrerak izugarri bizkortuko lirateke, indartu egingo ziren giharrak beste edozein erronkatarako.

Irekitzea

Lehen puntuko bateratzearekin, EHP (euskarazko herri prentsa) ETH (euskarazko toki hedabideak) bihurtu zaigu, prentsa soiletik multimediara egin duenean. Eta eskualdeko informazioa berak kudeatzea lortu du, berdin idatzia edo ikus/entzutekoa. Orain, harremanak beste hedabideekin lotzea tokatzen zaio, bereziak direnak euskarazko orokorrekin, eta komertzialagoak besteekin. Euskarazko prentsa, irrati, telebista edo atari orokorrak lankide behar ditu ETHk, hauei sekulako sare kapilarra eskain dakieke informazioaz elikatzeko, eta haiengandik profesionaltasunezko bultzada jaso lezake, produktuetan eta jardunean garatzeko. Guztiek elkar lanean jarrita, euskarak beste inork baino informazio sare osoagoa izan lezake, eta euskaldunon komunitatea biziena eta eragileena bihur daiteke gurean.

Abiatzea

Orain arteko guztia boluntarismo hutsean gera ez dadin, urrats zehatzekin hasi behar dela uste dut. Euskarazko toki hedabideen sektorearen barruan, Topagunearen baitan, bulego zentrala sortu behar da, berariaz bateratze lanei ekiteko. Talde indartsuenek esfortzua egin behar lukete baliabide nahikoak horretara bideratzeko, eta dinamika indartsua sortu ahulenak ere suspertzeko. Eta kanpoan, ikerketa talde txiki bat eratu beharko litzateke, adituz osatua eta baliabidez ondo hornitua, euskarazko esparru komunikatiboa diseinatzeko, eta plan zehatza proposatzeko. Plan hau parte guztien artean eztabaidatuko litzateke, eta erakundeek adostutakoa indarrean jarriko lukete. Euskaldunon komunitateak plan hori behar du bere biziraupena bermatzeko. Abia gaitezen, berandu baino lehen.

 

 

 

BAT aldizkaria: 
48. 2003ko iraila. EUskal errepertorioa hedabideetan
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Mikel Irizar
Urtea: 
2003