Kaleko hizkera telebistako saioetan

Telebistarako lan egiten duen hizkuntzalari baten ikuspegitik ez dago hizkuntza-aldaera baino adigai garrantzitsuagorik. Hizkuntza-aldaerak –hizkerak, bestela esanda– azpikodeak dira, hizkuntza-kode osoaren barruko multzoak dira, komunikazio-egoera bakoitzak ezarritako eskakizunen arabera bereiziak. Komunikazioa arrakastaz gerta dadin, egoeraren eskakizunei behar bezala erantzuten dien hizkuntza-aldaera aukeratu behar da.

Oro har, hartzailea ikuslea denean, estilo neutroa erabili behar da, gutxienez. Saio mota batzuetan, hala ere, estilo kolokialerantz jo daiteke, esaterako, iragarkietan, magazinetan, kirol-albisteetan, eta festa eta ospakizun-giroko emankizunetan, baina neutrotik gehiegi urrundu gabe.

Hizkuntza-kodera mugatuta, telebistan uste baino sarriago erabiltzen da idatzizko erregistroa, baina gehienetan osagarri bat baino ez da, azpidatzitako programetan izan ezik. Ahozko erregistroa, benetakoa, elkarrizketen eta eztabaiden zati batzuetan baino ez da erabiltzen. Gainerakoan, telebistan erregistro mistoa da nagusi, esateko testu gehienak aldez aurretik prestatzen baitira idatziz.

ikusleari erakargarrien zaizkion programetan –filmetan eta telesailetan– hizkera-ugaritasun handia gertatzen dela. Premia horri erantzutea ez da erraza, alde batetik, oraindino euskararen aldaera batzuk ez daudelako behar bezala karakterizatuta

hainbat hizkuntza-aldaera existitu ere ez direla egin telebistak pantailaratu ez dituen arte. Pelikularik bikoiztu ez den bitartean, euskaraz ez da epaitegietako hizkerarik egon, esate baterako. Zuzenbideko eta administrazioko termino-zerrenda batzuk bazeuden, baina nekez balia zitezkeen epaigela barruko elkarrizketak moldatzeko. Irtenbide bakarra asmatzea izan da.

Euskal Telebistako arduradunak kezkatuta zeuden, ez ote ziren ari produktu ulergaitzak, ezerosoak, sinesgarritasunik gabeak zabaltzen, orduko txosten batean esaten zen bezala. Inork ez zuen zalantzan jartzen euskarazko bikoizketa ez zitzaiela behar bezala egokitzen filmetako egoerei, eta arazoaren gakotzat euskara bizitik aldenduta aritzea jotzen zen.

SIADECOk bikoizketetan eredu estandarra erabiltzea proposatu zuen, baina ohar batzuk eginda. Lehenengoa, hiztegia erraztea, hitz jasoak eta gizartean hedadura txikia dutenak baztertuta. Egiturak erraztu beharra ere bazegoen, esaldi ez hain luzeak eginez eta subjuntiboa gutxiago erabiliz. Hitanoa testuinguru jakinetarako uztea gomendatu zuen, eta azkenik, adierazkortasuna eta doinuera lantzea.

definitu dugun bezalako hizkera behar zen (ahozkoa, estilo kolokialekoa, erdiko mailatik beherakoa, erreferentzia kaletarrak darabiltzana, eta marka geolektalik gabea), baina euskaraz ez genuen aurkitu. Horrenbestez, prestatu behar izan genuen.

Euskaraz ez dugu aurkitu nahi bezalako kaleko hizkerarik, baina badira hurbileko batzuk, egungo gazte kaletarrek herrian-herrian darabiltena, adibidez. Horrelako hizkeretan hainbeste hitz eta hainbeste adierazpide dago, telebistako kaleko hizkerarako balia ditzakegunak. Beraz, hizkuntza bizia arakatu beharra dago.

Gidoi batean dena delako hizkera erabili nahi denean, sarrien topaturiko hutsuneak hiztegiarekin egoten dira lotuta, eta hitzen edo esapideren bat sortu ezean, ez da egoten aurrera egiterik. Euskal Telebistan gauzei esateko modu bat baino gehiago sortu dugu, kaleko hizkeraren premiei erantzuteko

Kaleko hizkerarik gabe, hizkuntza batek ez dauka etorkizunik egungo munduan. Euskaraz, abiatuta dago hemen definitu dugun moduko kaleko hizkera baten eraketa, baina premiak ez dira nolanahikoak. Gazteek komunikazio-tresna homologatu bat nahi dute, alegia,

adierazkorra. Eta helduena ez bezalakoa. Eta liburuetakoa ez bezalakoa.

Telebistarako lan egiten duen hizkuntzalari baten ikuspegitik ez dago hizkuntza-aldaera baino adigai garrantzitsuagorik. Hizkuntza-aldaerak –hizkerak, bestela esanda– azpikodeak dira, hizkuntza-kode osoaren barruko multzoak dira, komunikazio-egoera bakoitzak ezarritako eskakizunen arabera bereiziak. Komunikazioa arrakastaz gerta dadin, egoeraren eskakizunei behar bezala erantzuten dien hizkuntza-aldaera aukeratu behar da. Arrakastarik ezak, kasurik txarrenean, komunikazioa etetea dakar, eta ikusleak galtzea, telebistako saioei buruz ari bagara. Pentsa liteke, hartara, euskara faktore mugatzailea dela telebistan nahi bezalako programazioa osatzeko, onartua baitugu euskara hizkerez urria dela, batez ere hedabideetan nagusi diren hizkuntzen aldean.

 HIZKUNTZA-ALDAEREN SAILKAPENA

Euskaraz nahi bezalako programazioa osatzerik badagoen ebazteko, aldez aurretik urrats bi egin behar dira. Lehenengo, hizkerak zein diren jakin behar da, eta bigarrenik, telebistako saio bakoitzean zein aldaera erabil daitekeen argitu behar da.

 Lehendabizikotik hasita, alde batera utziko dugu hizkeren zerrenda osatzea, amaigabeko lana izan liteke eta. Askoz ere erabilgarriagoa da sailkapena egitea, ikuspegi osoa ematen baitigu oso laburki. Hizkuntza-aldaerak sailkatzeko, komunikazio-ekintzaren eskeman oinarrituko gara, beste eredu batzuk badirela gaztigatuta.

 Komunikazio-ekintzaren eskema aski ezaguna da, eta ez dugu azalpenik emango. Dena dela, gogoan izateko besterik ez bada ere, azpiko grafikoan dago irudikatuta, Jakobsoni jarraiturik.

 Sailkapenean hiru irizpide nagusi erabiliko ditugu, eta horrek esan nahi du hizkera bakoitzari, gutxienez, hiru “etiketa” jarri ahal izango diogula. Etiketok ez daukate balio absoluturik, eta, beraz, konparazioz erabaki behar da hizkera bakoitzari zein dagokion.

 1. Erregistroak. Komunikazio-kanalaren araberako aldaerak.

             1.1. Ahozko erregistroa. Hartzaileari entzunezko kanaletik heltzen zaion aldaera.

            1.2. Idatzizko erregistroa. Hartzaileari ikusizko kanaletik heltzen zaion aldaera.

            1.3. Erregistro mistoa. Idatziz sortu eta ahoz igortzen diren hizkerei dagokien erregistroa. Ikus-entzunezko komunikabideetan hizkera mistoak dira nagusi.

 2. Estiloak. Solaskideen arteko harremanaren araberako aldaerak. Egoeran-egoeran, era batekoa edo bestekoa izaten da solaskideen arteko harremana, are solaskide berberak izanda ere. Estiloak ere, horrenbestez, era batekoak edo bestekoak izaten dira.

             2.1. Estilo formala. Solaskideek gizarteko adeitasun- eta begirune-arau guztiekin elkar hartzen duteneko estiloa.

            2.2. Estilo kolokiala. Solaskideek aldartea eta sentimenduak ezkutatu edo mozorrotu barik elkar hartzen duteneko estiloa.

            2.3. Estilo neutroa. Mutur bien erdian dagoena.

 3. Dialektoak. Hiztunaren ezaugarrien araberako aldaerak.

             3.1. Geolektoak. Hiztunaren jatorri geografikoaren araberako aldaerak.

            3.2. Soziolektoak. Hiztunaren kultur eta gizarte-ezaugarrien araberako aldaerak.

                        3.2.1. Goi-mailakoak. Maila honetako soziolektoei hizkera zaindu, landu eta jaso ere esaten zaie. Hiztun ikasiak bakarrik heltzen dira hizkuntza aldaera hauen jabe izatera.

                        3.2.2. Erdiko mailakoak. Hizkuntza-arauak betetzeari garrantzia ematen zaio maila honetako hizkeretan, baina, aldi berean, hiztun gehienek erraz samar ulertzeko moduko hizkerak izaten dira.

                        3.2.3. Behe-mailakoak. Hizkera arrunt eta arduragabe ere esaten zaie. Hiztun ikasigabeekin eta gizartean onarturiko hizkuntza-arautik kanpo dagoenarekin loturiko soziolektoak dira.

 HIZKUNTZA-ALDAERAK TELEBISTAN

Sailkapena gogoan izanda, orain erraz uler dezakegu zer adierazi nahi den telebistako albistegietan erdiko mailatik gorako hizkera neutroa erabili behar dela esaten denean. Zergatik esaten den jakitea ere ez da zaila. Izan ere, sailkapena egiteko irizpideak komunikazio-ekintzan oinarrituta daudenez gero, saio bakoitzean komunikazio-egoera nolakoa den, halakoa izango da hizkuntza-aldaera.

 Programa bakoitza aztertzen hasi baino lehen, argibide bat. «Esatari» deituraren barruan, hedabidearen onespenarekin eta hedabidearen izenean pantailan mintzatzen diren esatariak, aurkezleak, kazetariak eta aktoreak bildu ditugu. Esatari ez denari «ikusle» esango diogu. Berez, ikuslea, saioari begira egoten da, pantailaren aurrean zein estudioan, baina batzuetan programan parte hartzeko aukera ematen zaio.

 Gehienetan, ikuslea hartzaile pasiboa izaten da telebistako saioetan. Alegia, testuinguru pragmatikoa zelakoa den aztertzen dugunean, saio gehienetan solaskideen artean elkarreraginik ez dagoela ikusten dugu, komunikazioa norabide bakarrekoa baita, esatariarengandik ikuslearengana. Programa oso gutxitan izaten du ikusleak esatariari erantzuteko modua, dela telefonoz, dela gonbidatu gisa, dela kale-inkesta baten bidez. Halako saioetan badago elkarreragina. Elkarreraginik gabeko saio tipikoak albistegiak dira, ikusleak ez baitauka beste aukerarik esatariak helarazten dion informazioa bereganatzea baino. Elkarreraginaren adibiderik garbiena magazinetan gertatzen da, ikusleari hainbat bide ematen baitzaizkio parte hartzeko: lehenago aipaturiko guztiak, eta teknologia berriek ekarri dizkigutenak –Interneteko guneak eta SMS mezuak–.

 Filmetan, telesailetan eta antzekoetan, ikusleak ez du parterik komunikazio-ekintzan. Elementu arrotza da, behatzaile hutsa, ez baita solaskideetako bat. Komunikazio-ekintza gertatzen ikusten du, kanpotik, kuxkuxean ariko balitz bezala.

 Oro har, hartzailea ikuslea denean, estilo neutroa erabili behar da, gutxienez. Saio mota batzuetan, hala ere, estilo kolokialerantz jo daiteke, esaterako, iragarkietan, magazinetan, kirol-albisteetan, eta festa eta ospakizun-giroko emankizunetan, baina neutrotik gehiegi urrundu gabe. Ikuslea komunikazio-ekintzatik kanpoko elementua denean, muturrik formalenetik muturrik kolokialenera arteko estiloak topatuko ditugu.

 Mailei dagokienez, hartzailea ikuslea denean, erdiko mailako hizkerak topatuko ditugu. Albistegi, erreportaje eta dokumentaletan, gainera, hizkerak jasoagoak izaten dira. Dena dela, ikuslea hartzaile pasiboa izan beharrean solaskide parte-hartzailea denean, berak jaisten du askotan hizkeraren maila. Ikuslea komunikazio ekintzaren so-egile hutsa denean, era guztietako soziolektoak aurki daitezke: epaileen argot jasoa, kaleko gazteen hizkera zabarra...

 Geolektoei dagokienez, telebistan hizkera batua erabili behar da, alegia, ezaugarri geolektalik gabea. Lurralde baterako egiten diren saioetan, hango geolektoa erabil daiteke, betiere gogoan izanda ez dagoela zertan dialektalismora jo, bai baitira aldaera batuak eremu geografiko baterako bakarrik direnak.

Ikusleari parte hartzeko aukera ematen zaionean, bere geolektoa erabiltzea guztiz zilegi da, eta kode batua ulertzeko zailtasunak dituela konturatuz gero, esatariak ikuslearen geolektora hurreratzeko ahalegina egin behar luke. Ikuslea behatzaile soila denean, geolektoek tokia izan dezakete, testuinguru semiotikoak eskatzen badu.

 Testuinguru semiotikoari dagokionez, programetako erreferentzi emaileak ikuslea, komunitatea, mundua, edo fantasia izan daitezke. Fantasia marrazki bizidun, film, eta telesailetan besterik ez dugu aurkituko, eta ikuslea, ostera, ez da inoiz erreferentzi emailea halako saioetan. Albistegietan ere ez da izaten. Azaldutako kasuak salbuetsita, programetan era guztietakoak izaten dira erreferentzi emaileak.

 Gaiak ere, jakina denez, era guztietakoak izaten dira, baina gaia eta erreferentzia ez dira gauza bera. Gaia edukiarekin loturiko kontzeptua da, eta erreferentzia, berriz, gaiari heltzeko ikuspegiarekin dago lotuta. Hartara, gaia bat izanik, dibortzioa, esate baterako, erreferentzi emaile ezberdinek berbaldi ezberdinak eragiten dituzte: dibortziatu berri batek solas-saio batean esandakoak eta albistegian dibortzioaren legeari buruz azaldutako informazioak ez dute ezelango antzik, ez forman, ez esanahian. Forma diogunean, erabilitako hizkeraren mailaz ari gara, baina ez horretaz bakarrik.

 Albistegietan, esate baterako, informazioa ahoz zein idatziz eman daiteke. Izan ere, telebistan komunikazio-kanala ez da bakarrik entzunezkoa; ikusizkoa ere bada. Areago oraindik; telebistako komunikazio-ekintzan ikusizko kanala da funtsa, nahiz eta kanal horretan hizkuntza-kodea ez izan nagusi. Lan honetan, dena dela, alde batera utziko dugu telebistan beste kode batzuk ere erabiltzen direla.

 Hizkuntza-kodera mugatuta, telebistan uste baino sarriago erabiltzen da idatzizko erregistroa, baina gehienetan osagarri bat baino ez da, azpidatzitako programetan izan ezik. Ahozko erregistroa, benetakoa, elkarrizketen eta eztabaiden zati batzuetan baino ez da erabiltzen. Gainerakoan, telebistan erregistro mistoa da nagusi, esateko testu gehienak aldez aurretik prestatzen baitira idatziz.

 Esandakoa taula honetan laburbil daiteke.

 

saio motak

erregistroak

estiloak

mailak

Publizitatea

mistoa

neutroa

erdikoa

Albistegiak

mistoa

neutroa

erdikoa

Emankizunak

mistoa

neutroa

erdikoa

Magazinak

mistoa

neutroa

erdikoa

Dokumentalak

mistoa

neutroa

erdikoa

Erreportajeak

mistoa

neutroa

erdikoa

Lehiaketak

mistoa  +  idatzizkoa

neutroa

erdikoa

Elkarrizketak

mistoa  +  ahozkoa

neutroa

erdikoa

Filmak

mistoa  /  idatzizkoa

denak

denak

Telesailak

mistoa  /  idatzizkoa

denak

denak

Marrazki bizid.

mistoa

denak

denak

 Taulako konkomitantziaz ohartuta, artikulu honen sarrerako zalantzari datxekion baino ikuspegi baikorragoa har dezakegu. Izan ere, telebistako programetan nagusi den hizkera mistoa, estilo neutrokoa eta erdiko mailakoa bada, euskara ez da hain oztopo handia izango nahi bezalako saioak egiteko, bai baitaukagu aldaera hori behar bezain garatuta.

 KALEKO HIZKERA

Taulak beste gauza bat erakusten du: ikusleari erakargarrien zaizkion programetan –filmetan eta telesailetan– hizkera-ugaritasun handia gertatzen dela. Premia horri erantzutea ez da erraza, alde batetik, oraindino euskararen aldaera batzuk ez daudelako behar bezala karakterizatuta. Izorratu aditza, adibidez, zer da, estilo kolokialekoa ala neutrokoa? Jatorrizko esanguraren kutsu sexuala gogoan izanda, kolokialtzat jo ditzakegu gainerako adierak: hondatu, eragotzi eta ernegarazi. Erabilera errealari begiratuta, ordea, hiztun-multzo batzuentzat izorratu hitz neutroa da, jatorrizko esangura ez jakiteaz gainera, beste hitzik ez baitarabilte hondatu adierazteko. Horrenbestez, pelikula batean gazte biren elkarrizketan «ez nizun deitu, mugikorra izorratuta daukat-eta» esaldia jartzen badugu, hainbeste ikusle ez dira jabetuko esaldi horretan estilo-aukera bat egin dugula.

 Beste aldetik, hizkera-ugaritasunari erantzuteko arazoak direla eta, esan beharra dago artikuluaren sarreran aipaturiko onarpena egia dela, euskara hizkerez urria dela, eta hainbat hizkuntza-aldaera existitu ere ez direla egin telebistak pantailaratu ez dituen arte. Pelikularik bikoiztu ez den bitartean, euskaraz ez da epaitegietako hizkerarik egon, esate baterako. Zuzenbideko eta administrazioko termino-zerrenda batzuk bazeuden, baina nekez balia zitezkeen epaigela barruko elkarrizketak moldatzeko. Irtenbide bakarra asmatzea izan da.

 

ingelesez

euskaraz

to obecjt

eragozpena izan

Objection!

Eragozpena!

Sustained.

Onartua.

Overruled.

Baztertua.

May I approach the bench?

Hurbil naiteke mahaira?

I withdraw the comment

(Esandakoan) atzera egiten dut.

to be stricken from the record

aktan ez jaso

for the record

aktan ager dadin

 

Adibide biak bikoizketaren arlokoak dira, baina ez da pentsatu behar arlo horretan baino ez ditugula arazoak. Euskal Telebistak telesail bat baino gehiago produzitu ditu urteokaz, eta esperientziak hutsune handi bat jarri digu agerian: euskaraz ia ez da existitzen kaleko hizkerarik. Kaleko hizkera ahozkoa da, estilo kolokialekoa, eta erdiko mailakoa edo beheragokoa. Hori bakarrik ez, jakina. Kaleko hizkera kaletarra da, alegia, adierazpideak ez daude aterata baserri-girotik, baizik zientziatik, teknikatik eta hiritarren mundu-ikuskeratik. Kaleko hizkeran ez da arraroa superona, hipernekatuta eta antzekoak erabiltzea, egun guztiz barneratuta baitaukagu maxi-, super-, hiper- eta mega- aurrizkien bidezko graduazioa.

 Kaleko hizkeran ia erabat ezabatuta daude ezaugarri geolektalak. Ez da harritzekoa hala izatea, kalean eta hiri-giroetan, hots, jende-nahasketa gertatzen den tokietan ernaturiko hizkuntza-aldaera denez gero.

 Kaleko hizkera, azkenik, deitura generiko bat da. Horren barruan biltzen ditugun hizkeren artean estilo- eta maila-alde handiak daude. Gaizkileen eta drogadiktoen argotak, adibidez, maila oso apalekoak izaten dira. Aberaskumeen hizkera, ordea, erdiko mailakoa da, eta ez da hain kolokiala.

 EUSKAL TELEBISTAN ZER EGIN DEN

Hizkera-ugaritasuna, eta kaleko hizkera batik bat, ez da arazo berria Euskal Telebistan. Ahalegin serioak egin dira irtenbide bila, nahiz eta emaitza ez izan espero genuena. Lehen saiakerak 1991. urtean egin ziren. Urte hartan produzitu zuen Euskal Telebistak euskarazko lehen telesaila, Hau da A. U. Aitzpea Goenaga eta Elena Iruretaren ideia batean oinarrituta, telesailaren sortzaileek –aipaturiko aktore biak eta Kike Amonarriz– bide berri bat urratu zuten Euskal Herriko telebistagintzan, ez euskaraz egindako lehen seriea zelako bakarrik, baita istorioaren giroa kaletarra zelako ere. Horrez gain, hizkuntza-asmo bat ere bazeukaten. Hizkera bizia nahi zuten, bikoizketako hizkera hotza ez bezalakoa, eta kalean erabiltzen zenetik hurrekoa. Pertsonaiek euskara batuan egin behar zutela ukatu gabe, bakoitzaren berbakerari aktorearen euskalkiaren kutsua eman zioten. Hala gertatu zen euskarazko lehen telesailean Bizkaiko euskararen doinua ere entzutea Loli Astorekaren eta Patxi Gonzalezen ahotik. Ikusle askok bizkaiera beheko mailara jaistea eta barregarri uztea iritzi zioten saiakera hari, Astorekak eta Gonzalezek pertsonaia xelebreak haragitzen zituztela eta. Egiatan, pertsonaia guztiak ziren xelebreak eta txoroak, umorezko seriea baitzen, baina, nonbait, batu akademikora ohituta zeuden ikusleak, eta bizkaieraren kutsua nabarmenegi egin zitzaien.

 Edonola ere, Euskal Telebistak ekoitzi dituen telesailetako euskarari egin zaion kritikarik gogorrena beste bat izan da, euskalkiei leku egitea. Horren inguruko eztabaida ez da erraz itzali. Asko ez dira konturatzen erreferentzi emailetzat komunitatea duten fikzioko saioetan berezkoena komunitatearen errealitatea islatzea dela, bai hizkeretan, bai balioetan, bai gizarteko ohituretan. Euskal Telebistak hala jokatu du, batzuetan hizkuntza-errealitatea zintzoago ispilatuz, Bi eta bat-en, adibidez, eta beste batzuetan eredu berriak bilatuz, Goenkale-n, esate baterako.

 Hizkuntza-errealitatea zintzoen ispilatu duen telesaila, zalantza barik, Ertzainak izan da. Tentazioa ekoizpen-etxeak egin zuen ETBrentzat 1999. urtean, eta honek ere bide berri bat urratu zuen Euskal Herriko telebistagintzan. Alde batetik, generoa –polizi generoa– inoiz erabili gabea zen. Beste aldetik, sortzaileek gertalekutzat Bergara aukeratu zuten, bizkaieraren eta gipuzkeraren arteko mugan, hizkuntza-esparrua zabala izan zedin. Merezi du prestaturiko proiektuaren esaldi bat hona aldatzea: «Telesailaren estilo-nahiari begiratuz, errealitatetik gertu dabilela ohartzen gara, eta horrek hizkuntzaren tratamenduan sinesgarritasunari lehentasuna ematea eskatzen du».

 Euskal Telebistak Arantzazu Loidi bergarar bertsolari eta hizkuntzalariari eskatu zion sinesgarritasunaren ardura hartzea. Betekizuna ez zen nolanahikoa, zinez zabala izan baitzen serieko hizkuntza-esparrua, proiektuan azaldutako nahiari jarraituta: tabernaria –Ane Aseginolaza idiazabaldar aktorea– herriko hizkeran, Bergarako euskaran; protagonistak –Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolaza- nor bere euskaran; haietako batek neska-laguntzat nahi zuen ertzaina –Maiken Beitia– euskaldun berria; eta donostiarren bat, eta Durangaldekoren bat, eta beste. Polizi argota ere ondo zainduta egon zen, eta aurkikuntza politak egin zituzten, ‘odolkia’, adibidez, gorpuari esateko.

 Bikoizketan ere egin ziren saiakera batzuk 1991. urtean. Zortzi urteko bidea egina zuen euskarazko bikoizketak, baina Euskal Telebistako arduradunak kezkatuta zeuden, ez ote ziren ari produktu ulergaitzak, ezerosoak, sinesgarritasunik gabeak zabaltzen, orduko txosten batean esaten zen bezala. Inork ez zuen zalantzan jartzen euskarazko bikoizketa ez zitzaiela behar bezala egokitzen filmetako egoerei, eta arazoaren gakotzat euskara bizitik aldenduta aritzea jotzen zen. Orduko beste txosten batek honela zioen: «[...] euskara batuaren ortografiari lotuegi ibiltzen garela, letra guztiak ahalik eta garbien ahoskatuz. [...] Hizkuntza mintzatuak, ordea, bere bideak ditu, ez da makurtzen idatziaren arauetara. Hitzak, esaldiak, leunduz eta biribilduz joaten dira erabiliaren erabiliaz mugarik gabeko prozesu batean (sendatuko da > sendauko da > sendauko’a)».

 Urte hartan Ederra eta Piztia telesaila pantailaratu zen, euskara batuan bikoiztuta, baina laburdurekin, herri-euskarara hurbiltzeko ahaleginean. Laburduretarako, jarraibide batzuk prestatu ziren: Bizkai-Gipuzkoetako hizkeretan hedatuen dauden fenomenoak aintzat hartuta, «nausi», «aitu», «meiku» eta antzeko sinkopak erabiltzea, eta «esango’izut», «ne’liburua» «etortze’a» eta antzeko amalgamak egitea.

 Ederra eta Piztia lehen telesail arrakastatsua izan zen Euskal Telebistan. Audientziaren aldetik, gaur egun Goenkale-k egiten dituen marketara iritsi zen. Hizkuntza-ereduaz, ordea, ezin dugu gauza bera esan. Euskal Telebistak aditu-panel bat osatu zuen komunikazioaren, irakaskuntzaren eta hizkuntzaren arloetako berrogei pertsonarekin, eta galdetegi bat banatu zien, ereduaren gaineko iritzia eman zezaten. Ez zitzaien gustatu.

 Bikote xelebrea filma sasoi bertsukoa da. Bikoizteko, Ederra eta Piztia-ko laburdurak erabili ziren, eta horrez gainera, hizkera kolokialeko pasarteak herri-gipuzkeran jarri ziren. Pelikula honen eszena bat beste ikerketa batean erabili zen.

 Ikerketa hori SIADECOri agindu zitzaion 1991ean. SIADECOk hamar talde-elkarrizketa antolatu zituen urte hartako martxoaren 14a eta apirilaren 23a bitartean. Taldeak Euskal Herri osoko hamar herritan antolatu ziren, kontuan hartuta euskalki garrantzitsuenetako hiztunak ordezkatuta egotea, iritzi-emaileak 20-35 eta 35-60 adin-tarteetakoak izatea, eta hizkuntza-gaitasun guztietako pertsonak biltzea. Talde bakoitzaren osaera nahiko homogeneoa izan zen aipaturiko hiru aldagaien aldetik. Hiru programa-zati prestatu zituzten, bi eszena film banatatik hartuak eta bestea telesail batetik, eta hiru eratara bikoiztu zuten bakoitza: a) ohiko moduan; b) laburdurak eginez, Ederra eta Piztia-n bezala; c) itzulpen askeagoa eginez eta gipuzkera kolokiala sartuz, Bikote xelebrea-ko eszena bat baitzen. Hurrenez hurren, a) eredu estandarra, b) laburduraduna, eta c) kolokiala deitu zieten bikoizketa egiteko hiru moduei. Bikote xelebrea-ren eszena laugarren modu batean ere bikoiztu zen, zuka eta laburdurarik gabe, modu estandarrean hika jarri baitziren elkarrizketak. Talde gehienek hiru programa-zatiak ikusi zituzten, bakoitza hiru bertsioetan. Horren ondoren, ikusitakoari buruzko iritzi-emate librea egin zen talde bakoitzean, sarrera moduan Euskal Telebistan erabiltzen zen euskara oro har zer iruditzen zitzaien galdetuta.

 Ikerketaren ondorioak oso interesgarriak dira. Iritzi-emaileen ustez, bikoizketan erabiltzen zen euskara artifiziala zen, hotza, ulertzeko ez oso zaila, baina bizitasunik gabea eta sinesgaitza. Askoz ere nahiago zuten Euskal Telebistak berak sortutako programetan erabilitako hizkera. Dena dela, azterketan prestaturiko bertsioak aukeratzen hasita, multzo bi bereizi ziren oso garbiro. Lehen multzoan euskaldun zahar alfabetatuak eta euskaldun berri natibizatuak, eredu kolokiala hautatu baitzuten. Bigarren multzoan euskaldun zahar alfabetatu gabeak eta euskalduntzea burutu gabeak, eredu estandarra aukeratu baitzuten. Aukerak aukera, batzuek eta besteek eragozpenak topatu zituzten eredu bietan. Estandarrari naturaltasuna falta zitzaion. Eredu kolokiala ez zen ulertzeko erraza, eta erabilitako euskalkiaren hiztunei bakarrik iruditzen zitzaien naturala.

 Horren aurrean, SIADECOk bikoizketetan eredu estandarra erabiltzea proposatu zuen, baina ohar batzuk eginda. Lehenengoa, hiztegia erraztea, hitz jasoak eta gizartean hedadura txikia dutenak baztertuta. Egiturak erraztu beharra ere bazegoen, esaldi ez hain luzeak eginez eta subjuntiboa gutxiago erabiliz. Hitanoa testuinguru jakinetarako uztea gomendatu zuen, eta azkenik, adierazkortasuna eta doinuera lantzea. Itzulpenak zirela eta, aipamen berezia egin zuen, literaltasuna alde batera utzi eta egokitzapenera jo zedin.

 EUSKAL TELEBISTAN ZERTAN ARI GAREN

Azken urteetan SIADECOren gomendioen ildotik egin da lan euskarazko bikoizketan, eta batik bat itzulpenei eman zaie arreta. Hala ere, horretan geratu barik, badira urte batzuk urrats bat aurrera egiten hasi ginela. Kalitate handiko bikoizketak egitera iritsiak ginen marrazki bizidunetan eta dokumentaletan, baina ikusleek errefusatu egiten zituzten filmak eta serieak. Gero eta nabarmenagoa zen hizkuntza-aldaeren errepertorioa zabaltzeko premia geneukala, ez kanpoko produktuak bikoizteko bakarrik, baita barrukoak sortzeko ere, adibidez Hasiberriak, 2000. urtean Euskal Telebistak abian jarri zuen telesaila.

 Halako produktuetan gorago definitu dugun bezalako hizkera behar zen (ahozkoa, estilo kolokialekoa, erdiko mailatik beherakoa, erreferentzia kaletarrak darabiltzana, eta marka geolektalik gabea), baina euskaraz ez genuen aurkitu. Horrenbestez, prestatu behar izan genuen.

 Hizkera bat prestatzea ez da asmatzea, hizkuntzaren berezko potentzialari garabide batzuk ezartzea baino. Garabideak hiru dira.

 1. Karakterizazioa. Lehenengo, hizkera definitu behar da, dagoeneko egina dugun bezala. Horren ondoren, definizioa betetzen duten hizkuntza-ezaugarriak aintzat hartu behar dira, eta betetzen ez dutenak, baztertu. Euskal Telebistako Euskara Sailean arreta handia eman diogu kaleko hizkeraren karakterizazioari.

 Kaleko hizkera ahozkoa da, alegia, solaskideak bat-batean aritzen dira, ezer prestatu gabe, esan beharrekoa aldez aurretik antolatu gabe. Erdiko mailakoa edo beheragokoa denez, esaten dena asko jota zuzena izaten da, baina orraztu gabea. Gainera, estilo kolokialekoa da, eta horrek esan nahi du solaskideak harira joaten direla zuzenean. Hori dena betetzen duten sintaxi-ezaugarri nagusiak hauek dira.

  • Esaldi laburrak.
  • Esaldiak lotu beharrean, pilatu egiten dira.
  • Esaldiak lotzeko baliabiderik ohikoena, eta emendiozko juntagailua.
  • Menpeko esaldi gutxi.
  • Menpeko esaldi gehienak erlatiboak, osagarriak eta denborazkoak.
  • Jakinarazi nahi den informazioa esaldiaren hasieran.

 Telebistan behar dugun kaleko hizkerak ez dauzka benetako kaleko hizkeraren ezaugarri guztiak, telebistan imitatu baino ez baitira egiten ahozko hizkuntza-aldaerak. Zehatzago esanda, telebistako hizkera gehienak erregistro mistokoak dira. Horrenbestez, erregistro mistoko kaleko hizkeran sintaxi-ezaugarri batzuk ahozko erregistrokoan ez bezalakoak dira. Adibidez, esan beharrekoa prestatuta eta aldez aurretik antolatuta egoten da, eta horregatik menpeko esaldiak mota gehiagotakoak izaten dira.

 Nolanahi den, bikoizketan ez da egoten arazorik. Jatorrizko testuek dagozkien ezaugarriak betetzen dituzte, eta, horren ondorioz, euskarazko bertsioek ere bai. Euskaraz sortutako hainbat gidoitan, ostera, literatur hizkerarako joera igarri dugu, eta sintaxi aldrebesa besterik ez dena ere aurkitu dugu nahi baino sarriago.

 Gehienetan, era horretako testuek ez dute konponbiderik, eta programa alferrik galtzen dute. Izan ere, hizkera bat karakterizatzeko, lehen urratsa baino ez da ezaugarri nagusi batzuk zehaztea. Gero, hizkuntza-elementu guzti-guztiak aztertu behar dira. Sintaxian, kasurako, ez da nahikoa jakitea kaleko hizkeran denborazko perpausak gutxi baina beste menpeko batzuk baino gehiago erabiltzen direla. «Saiatu naizen aldi bakanetan gaizki atera zait» ez da sinesgarria kaleko hizkeran, lehenengo, esaldi landuegia delako esateko beste modu arruntago batzuen aldean («Gutxitan saiatu naiz, eta beti atera zait gaizki»), eta bigarrenez, -n aldi bakanetan goi-mailako hizkeretan bakarrik erabiltzen delako.

 2. Arakaketa. Euskaraz ez dugu aurkitu nahi bezalako kaleko hizkerarik, baina badira hurbileko batzuk, egungo gazte kaletarrek herrian-herrian darabiltena, adibidez. Horrelako hizkeretan hainbeste hitz eta hainbeste adierazpide dago, telebistako kaleko hizkerarako balia ditzakegunak. Beraz, hizkuntza bizia arakatu beharra dago.

 Euskal Telebistako Euskara Sailean estrategia bi erabili ditugu: inkestak prestatzea, eta hiztunek esaten dutenari erreparatzea. Lehen inkesta biak sexuari eta drogari buruz prestatu genituen, eta proba batzuk eginda, estrategia ona zela egiaztatu genuen. Handik eta hemendik, honelako gauzak batu genituen: izara (erretzeko papera), berakatz (LSD dosia), karakolak jan (musu lizuna eman), sei eta erdietan egon (gizonezkoak zakila tentetzeko indarrik ez eduki), azpia garbitu (zakila / alua milikatu).

 Oraindik ez dugu aurkitu inkesta-formatu egokia. Lehen bietan itaun oso zehatzak jarri genituen, eta asko. Informatzaile bakoitzarengandik, ordea, erantzun baliagarri gutxi lortu genituen, batzuetan batere ez, agian formatu horrek gainez egiten dielako. Galdera gutxiago jarrita ere, inkesta mardula ateratzen zaigu gaiak gehitu ahala (harremanak, anatomia, jarduerak...). Funtsezkoa da, gainera, informatzailearen bat-batekotasuna ez zapuztea, eta paper gaineko inkesta formal baten bidez ia-ia hori baino ez da lortzen.

 Belarriak erne edukitzea ere estrategia ona da, gauza asko batu baitaitezke: upela (tripa lodia), kokoteko mekanismoa kamustu zaio (ez dago ondo burutik), zakil puntarekin (erraz), larrua probatu (lehen sexu-harremana izan). Bikoizketako gidoietan itzultzaileek batutako gauzak edo eurek darabiltzatenak aurkitzen ditugu: parrastada (piloa), zakarra (dirua), ze ero ari zara hor? (zer demontre ari zara hor?).

 Egun, beste batzuek batutako materialak ere balia ditzakegu. Azkenaldian hainbat argitalpen plazaratu dira herrian-herriko esamoldeekin edo hainbat iturritatik jasorikoekin, baina beste garai batzuetan egin diren herri-euskaren bildumen aldean, egungoetan arakaketaren eragilea ez da ikuspegi filologikoa, hizkera gatzdunaren kezka baizik. Batzuk aipatzearren: Berbeteari gatza eta piperra (2002), Busturialdeko Euskara Normalkuntza taldeak prestaturiko irain-bilduma; Itsosupeteko berbetie. Bermeoko esakerak (2001), Bermeoko Udalak argitaratua; Azkoittiko euskerie (2000), Azkoitiko Udalak plazaratua; eta Mantxut, Asisko Urmenetak eta beste hainbatek irudi eta guzti paratu duten esaera-bilduma, Argiaren webgunean zenbait osagarrirekin denon eskueran jarria.

 3. Sorkuntza. Gidoi batean dena delako hizkera erabili nahi denean, sarrien topaturiko hutsuneak hiztegiarekin egoten dira lotuta, eta hitzen edo esapideren bat sortu ezean, ez da egoten aurrera egiterik. Euskal Telebistan gauzei esateko modu bat baino gehiago sortu dugu, kaleko hizkeraren premiei erantzuteko: txotx egin (orgasmoan gizonezkoak hazia bota), Shin Chanena egin (ipurdia jendaurrean erakutsi). Esateko modu berriak, bai Euskal Telebistan sortutakoak, bai beste inongoak, askotan ez dira ezerezetik asmatuak izaten, beste hizkuntza batetik kalkatuak baizik: armairutik irten (familiako eta gizarteko harremanetan norbera homosexuala dela aditzera eman), txipa aldatu (pentsaera edo jarrera aldatu).

 Mailegatzea sortzeko beste modu bat da. Berez, kalkatzea edo asmatzea bezain baliagarria da, baina kanpotiko hitzak jakinaren gainean hartu behar ditugu, hizkuntzaren aberasgarri izan daitezen, eta ez hondagarri: wai (aditzondoa bakarrik: «wai pasatu genuen»), puta (izenondoa: «ni banoa taberna puta honetatik»). Hiztun arruntari ezin zaio eskatu halako arduraz aritzea, baina testua mahai batera jesarrita sortzen duenari bai. Gidoietan, hartara, tio, putamadreko eta beste batzuk topatzea onartezina da.

 Gutxitan bada ere, inoiz sintaxiaren arloan ere suertatzen dira hutsuneak. Adibidez, gaur egun kaleko gaztelanian oso zabal dabil konparazioen bidezko kalifikazioak egitea, iraingarriak eta barregarriak gehienetan, konparatzeko elementua pertsona ezagunen bat izanik. Euskaraz antzeko zerbait egiteko, ez zitzaigun funtzionala iruditu konparazio-perpausak erabiltzea. «Hiru Erregeak baino alferragoa zara» esatea ez da kalifikatzeko formularik kolokialena, kalifikazioa bera, esan nahi dugunaren muina, perpaus osoaren amaieran baitago.

 Baliabide hori alde batera utzi gabe, hala ere, euskaraz antzekoak berez-berez sortzen baitituzte hiztunek, esaterako, «duroko odolkia baino motzagoa zara», beste formula bat pentsatu eta erabili izan dugu, batez ere kalifikatzeko gauza gehiago esan behar izan denetan: «zu zara alferra, eta ez Hiru Erregeak, urtean behin bakarrik egiten baitute lan, eta gainera gezurra da».

 AZKEN HITZA

Kaleko hizkerarik gabe, hizkuntza batek ez dauka etorkizunik egungo munduan. Euskaraz, abiatuta dago hemen definitu dugun moduko kaleko hizkera baten eraketa, baina premiak ez dira nolanahikoak. Gazteek komunikazio-tresna homologatu bat nahi dute, alegia,unibertsitatean, agerraldietan eta beste mila lekutan euren parekoekin elkartzen direnean hizketagai bihurtzen ez den hizkera bat, filologokeriak baino ez baitira hamar minuturik behin «guk ez dugu motz esaten, guk itsusi esaten dugu» eta antzera aritzea. Eta modernoa nahi dute, modaz, ordenagailuez eta interesatzen zaizkien gauza guztiez hitz egiteko. Eta adierazkorra. Eta helduena ez bezalakoa. Eta liburuetakoa ez bezalakoa. Telebistan ere behar dugu kaleko hizkera homologatua, geure programak sortzen ditugunerako eta kanpokoak bikoizten ditugunerako, gainlan handia baita gidoietako lerro bakoitzean hiru hizkuntza-analisi egin behar izatea: «hitz hau ikusle gehienek ez dute ulertuko», «esapide hau formalegia da»...

 Hiztunek eta hedabideek –egun, funtsean, telebistak– euren premiei erantzuteko egiten dituzten ahaleginek atarramendu ona izan dezaten, beharrezkoa da atzerako elika gertatzea, eta atzerako elikaren ardura hedabideek eurek eta beste erakunde batzuek hartzea.

 BIBLIOGRAFIA

Agost, R. (1999). Traducción y doblaje: palabras, voces e imágenes. Ariel. Bartzelona.

Cassany, D. (1996). Describir el escribir. Cómo se aprende a escribir. Paidós. Bartzelona. 6. arg.

Irazu, A. (2001). Telelilura. 1990-2000. Euskal Fikzioa ETBn. Fundación Autor. Madril.

Vigara Tauste, A. M. (1992). Morfosintaxis del español coloquial. Esbozo estilístico. Gredos. Madril.

  ___________________________

ETBko Euskara Saila (1992). Euskal Telebistako programa bikoiztuetan erabilitako itzulpena: euskal hitz / erregistro berriak. Barne-txostena.

ETBko Euskara Saila (2000). Tratamenduak ETBko fikzioan. Barne-txostena.

ETBko Euskara Saila (2001). Hasiberriak. Euskararen gaineko irizpideak. Barne-txostena.

Larrinaga, A. Hizkuntza aldaerak telebistan, in Euskaltzaindia: Nazioarteko XV. Biltzarra. Argitaratzeko.

SIADECO (1991). ETBko telesail eta filmeen bikoizketan hizkuntz eredu egokiena definitzeko azterketa. Barne-txostena.

 

BAT aldizkaria: 
48. 2003ko iraila. EUskal errepertorioa hedabideetan
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Asier Larrinaga
Urtea: 
2003