Hizkuntza normalizazioaren egoera juridikoa tokian tokiko telebistan

Espainiako Konstituzioaren

149. artikuluaren arabera, telekomunikazioak Estatuaren eskuduntza baino ez dira, eta Kataluniako Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak, berriz, irrati eta telebista erregimenaren eta, oro har, telebista bide guztien garapen legegilea eta betearazlea

Generalitatena dela xedatzen du, Estatuaren oinarrizko arauen esparruaren barruan

tokian tokiko telebisten inguruan sortu da. Tokian tokiko telebistak

(

http://www.xtvl.org)

ugaritu egin dira, eta horren arrazoia hurbileko telebistaren kontzeptuaren arrakasta da. Hurbileko telebistan, ekoizpena zenbait baldintzaren pean dago: tokian tokiko inguruneko irudiak bilatu eta gizarte eta ekonomia jarduerak jaso behar dira. Horregatik, halaber, hurbileko telebista gizarte kohesiorako tresnatzat hartzen da

.

Telebistako hizkuntz normalizazioari dagokionez, hiru dira Kataluniako legeen ezaugarriak: legeek hizkuntz normalizazioaren prozesuaren alde egiten dute, emisioetarako hizkuntz kuotak ezartzen dituzte, eta, azkenik, zigor erregimenak ezartzen dituzte, ezarritako kuotak bete ezean.

Kataluniako edozein telebistak katalanez eman behar du eskaintzen duen ekoizpenaren

(edozein motatakoa dela ere) eta gainerako telezerbitzuen %50, erakundearen kudeaketa erregimena edozein dela ere (telebista publikoa, pribatua edo erdipublikoa

). 1/1998 Legea, urtarrilaren 7koa, hizkuntz politikari buruzkoa

.

Hala ere, autonomia mailan katalanez diharduten telebista handiek ez bezala, tokian tokiko telebista gehien-gehienek ez dute inolako tresnarik katalan hizkuntzan ematen dituzten produktuen kalitatea bermatzeko

15

.

Beraz, zer-nolako eginkizuna dute tokian tokiko telebistek hizkuntz

normalizazioaren prozesuan?

Llu

í

s

Jouren esanetan, arrazoizkoa da filologoek katalan hizkuntzaren kalitateari buruz kezkak izatea eta soziolinguistak katalanaren erabileraren hedapen sozialari buruz arduratuta egotea. Eta honako hau eransten du: kazetariek eta hizkuntzaren profesionalek katalan hizkuntza dialekto ez bihurtzeko erantzukizuna dute.

Gobernuak eta legeek kuota gisa ulertzen dute hizkuntz

normalizazioa, eta interpretazio hori ehunekotan sortzen eta amaitzen da. Aitzitik, Filologia Sailak 1990ean egindako deklarazioak ondorio txarrak ekarri ditu; hain zuzen ere, hizkuntz

normalizazioa estandarraren ezarpen osoarekin lotuta dagoela ulertuz gero, berriz hausnartu behar dira hizkuntza normalizatzeko estrategiak tokian tokiko telebisten egoera berrian.

http://www.gencat.es/lleicat/cindex.htm

http://www3.gencat.es:81/dgrtv/ftp/cllei8.pdf

Oharra:

lan hau NOVES SL Soziolinguistikako aldizkarian* argitaratu zen 2002ko udazkenean. Artikuluaren jatorrizko izenburua, “Escenari juridíc actual de la normalització lingüística en la televisió local” da.

KOMUNIKAZIO SISTEMEN ETA TOKIAN TOKIKO TELEBISTEN BILAKAERA: ERABATEKO ALDAKETA

Gaur egun, tokian tokiko telebistaz hitz egitean, ezin da aipatu gabe utzi komunikazio sistemetan gertatzen ari den ikaragarrizko aldaketa; hanka sartze handia izango litzateke. Komunikazio sistemak aipatu ditut, eta ez komunikabideak; izan ere, gure oraina eta gure geroa «telekomunikazioen, komunikabideen eta informazio teknologien arteko bateratasun eta harreman fenomenoek»[1] baldintzatuta daude. Fenomeno hori 1987an hasi zen, Llibre verd sobre el desenvolupament del mercat comú dels serveis i equips de telecomunicacions argitaratu zenean; liburu horrek lehen zirrikitua ireki zuen Europako telekomunikazioen monopolio naturalean, eta Espainiako telekomunikazioen sektorea liberalizatzeko oinarriak jarri zituen. Hain zuzen ere, estatu espainolean, liberalizazioaren esparru juridikoa ere 1987koa da[2], eta 11 urte geroago amaitu zen, apirilaren 24ko 11/1998 telekomunikazioei buruzko Legea onartu zenean. Lege horrek telekomunikazio zerbitzuen arteko bereizketa osoa bideratu zuen, ordura arte zerbitzu telefonikoarekin eta haren sarearekin lotuta ematen baitziren[3].

 Alabaina, telebistaren arloko eta horri lotutako teknologien arloko legeen garapenari erreparatuta, estatu espainolak eta autonomia erkidegoek eskuduntza desberdinak dituztela ohartuko gara. Hori dela eta, Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren arabera, telekomunikazioak Estatuaren eskuduntza baino ez dira, eta Kataluniako Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak, berriz, irrati eta telebista erregimenaren eta, oro har, telebista bide guztien garapen legegilea eta betearazlea Generalitatena dela xedatzen du, Estatuaren oinarrizko arauen esparruaren barruan[4]. Eskuduntza erregulatzaile hori 1996tik aurrera erabili izan da. Horren ondorioz, ikus-entzunezkoei buruzko politika legegilea sortu da, eta politika hori telekomunikazioen eta horiei lotutako teknologia berrien esparruan gertatutako aldaketekin batera garatu izan da[5].

 Politika legegile horri dagokionez, esan behar da, Consell de l’Audiovisual de Catalunyaren 1/1999 txostenean aipatzen den moduan[6], hasieran politika hori baliabide mugatu bat erabiltzean –alegia, maiztasun radioelektrikoak– eta interes publikoan oinarritzen zela, irratia eta telebista iritzi publikoa aldatzeko tresna nagusiak baitira. Hala ere, sektorearen liberalizazioak –eta, horrekin batera, baita informazioa igortzeko teknika digital berriak agertzeak ere– honakoa ekarri zuen, eta ekartzen ari da oraindik ere: maiztasun espektro mugatuko ingurune batetik –eta, beraz, kanal kopuru urriko egoera batetik– maiztasun handiko egoera batera pasatzea, eta horrek irrati digitaleko ehunka kanal agertzea bideratzen du. Hainbat sarek (lehorrekoak, kable bidezkoak eta satelite bidezkoak) eta agente ez publikoek hornitzen dituzte kanal horiek. Horrez gain, irratidifusio analogikotik irratidifusio digitalera igarotzeak honako hau dakar: «ohiko kanalak ez diren irratidifusio modu berriak agertzea; hala nola, ordainpeko kanalak, gaikako kanalak, eta eskaeraren araberako telebista delakoa, modalitate guztietan».[7]

 Horren guztiaren ondorioz, bi gauza hartu behar dira kontuan: alde batetik, telebistaren ikusleak banatu egiten dira; beste alde batetik, telebista pribatua agertzean, telebistaren zerbitzu publikoaren zeregina berriz hausnartu behar da.

Ikusleen banaketa

Lehia hastean, eragileak ugaritu egin ziren, eta horrek oso eragin handia izan du irratidifusio zerbitzuen ekonomian. Informazioaren hedapen logiketan gertatutako aldaketek ekoizpen logikak ere aldatzea ekarri dute, programazioetan eduki berriak sartzeko beharra handitu egin baita.

 Esan beharra dago ekoizpen logikak, hasiera-hasieratik, komunikabidearen finantzaketa motaren araberakoak direla. Alegia, komunikabidea pribatua baldin bada, publizitatetik eta harpidedunen ordainketetatik lortuko du finantzaketa; komunikabidea publikoa edo erdipublikoa baldin bada (edo erdipribatua –edonola deituta ere–), berriz, finantzaketa iturri egonkorra izango du. Halaber, nabaria da ekoizpen logikak merkatu berriek ematen dituzten aukeren azterketaren araberakoak direla.

 Merkatu berri horietako bat tokian tokiko telebisten inguruan sortu da. Tokian tokiko telebistak (http://www.xtvl.org) ugaritu egin dira, eta horren arrazoia hurbileko telebistaren kontzeptuaren arrakasta da. Hurbileko telebistan, ekoizpena zenbait baldintzaren pean dago: tokian tokiko inguruneko irudiak bilatu eta gizarte eta ekonomia jarduerak jaso behar dira. Horregatik, halaber, hurbileko telebista gizarte kohesiorako tresnatzat hartzen da.

Irrati eta telebista publikoen eta pribatuen zereginak

Nahiz eta hurbileko telebista gizarte kohesiorako tresnatzat hartzen den, batzuek uste dute, aurreko puntuan aipatutako ekoizpen logiken eraldaketaren ondorioz, tokian tokiko telebistek irratidifusioaren eginkizuna astintzen dutela, iritzi publikoaren eraldaketaren tresna nagusia baitira. Alde horretatik, Miquel de Moragas Spà–k baieztatzen duenez:

 «90eko hamarkadaren amaieran, behar beste esperientzia zegoen, Europako telebista pribatuak orokortzearen ondorio kultural eta politikoei buruzko diagnostikoa egiteko. Esperientzia horretatik, bi argudio nagusi sortzen dira telebista sistema publikoei eusteko defentsan:

 »Alde batetik, merkatu libreak ez ditu behar bezala bermatzen gizarte modernoan telebistari ematen zaizkion funtzio politiko, sozial eta kulturalak.

 »Beste alde batetik, ez dago lotura hertsirik ikus-entzunezko merkatuaren eta komunitateen artean (komunitate horiek, besteak beste, linguistikoak, kulturalak eta nazionalak dira)».[8]

 Egiaz, Miquel de Moragas Spàk ateratako ondorioei erreparatuta, eztabaida zahar bat berpitz daiteke, agian: hain zuzen, komunikabideek katalanaren hizkuntz normalizazioaren prozesuan duten eginkizunarena. Telebista berriei eta kanal handiei dagokienez, hizkuntz normalizazioaren prozesuari buruzko hausnarketa edozein dela ere, tokian tokiko telebisten egoera berria kontuan hartuta, badirudi prozesua garatzeko giltzarri kontzeptual batzuk aldatu direla.

HIZKUNTZ NORMALIZAZIOA ETA TELEBISTA: LEGEEK ZER ARAUTZEN DUTEN

Katalanak hizkuntzak komunikabideetan duen erabileraren erregulazio juridikoa Kataluniako legeetatik eta hizkuntz politikari buruzko gomendioetatik9, zein ikus-entzunezko sektorea arautzeko lege eta gomendio espezifikoetatik egin da10.

 Telebistako hizkuntz normalizazioari dagokionez, hiru dira Kataluniako legeen ezaugarriak: legeek hizkuntz normalizazioaren prozesuaren alde egiten dute, emisioetarako hizkuntz kuotak ezartzen dituzte, eta, azkenik, zigor erregimenak ezartzen dituzte, ezarritako kuotak bete ezean.

Hizkuntz normalizazioaren prozesuaren sustapena

Oro har, hizkuntz normalizazioarekin lotuta, esan behar da aipatutako legeek eta gomendioek katalan hizkuntzaren erabilera, hedapena, sustapena eta normalizazioa babesteko eta hizkuntz aniztasunari laguntzeko filosofia adierazten dutela. Filosofia orokor honi dagokionez, hauek dira printzipiorik argienak adierazten dituzten legeak:

 320/1996 Dekretua, urriaren 1ekoa, lehorreko uhinen bidezko tokian tokiko telebistak arautzekoa. 1. tituluan, 3. artikuluan, h) atalean, honako hau hartzen da tokian tokiko telebisten printzipio orokortzat: «katalan hizkuntzaren eta, horren lurralde barrutian, Arango hizkuntzaren normalizazio prozesuan laguntzea, legeak –7/1983 Legea, apirilaren 13koa, Kataluniako hizkuntz normalizazioari buruzkoa– ezartzen dituen helburu eta baldintzekin bat».

 8/1996 Legea, uztailaren 5ekoa, kable bidezko ikus-entzunezko programazioa arautzen duena. Lege horren ondorioz, Consell de l’Audiovisual de Catalunya (CAC) sortu zen, eta IV. kapituluko 12.4. artikuluaren arabera, CACren berezko funtzioa «hizkuntz normalizazioaren prozesua babestea» da.

Katalanezko emisio kuoten zehazpena

Emisio kuotak ezartzea katalan hizkuntza babesteko eta hizkuntz normalizazioa bideratzeko filosofia orokorra baino zerbait gehiago da. Hizkuntz kuotei dagokienez, onartu behar diren ohar espezifikoak honako honetan oinarritzen dira: «Generalitatek edo tokian tokiko erakundeek kudeatutako telebista ororen hizkuntza katalana d11.Printzipio horri jarraituz, ondorengo kuotak ezartzen dira:

 Kataluniako edozein telebistak katalanez eman behar du eskaintzen duen ekoizpenaren (edozein motatakoa dela ere) eta gainerako telezerbitzuen %50, erakundearen kudeaketa erregimena edozein dela ere (telebista publikoa, pribatua edo erdipublikoa). 1/1998 Legea, urtarrilaren 7koa, hizkuntz politikari buruzkoa.

 Jatorrizkoa ez den hizkuntzan bikoiztuta edo azpitituluak jarrita dituzten film, telebistako saio eta dokumentalei dagokienez, katalan hizkuntzan bikoiztuta edo katalanezko azpitituluak jarrita eskaini behar dira, gutxienez. Puntu hori 8/1996 eta 1/1998 legeetan eta 320/1996 Dekretuan adierazten da, argi eta garbi.

Erregimen zigortzailea

Kataluniako legeen hirugarren ezaugarria, telebistako hizkuntz normalizazioari dagokionez, honako hau da: lege horiek erregimen zigortzailea ezartzen dute. Hain zuzen ere, 8/1996 Legeak –uztailaren 5ekoa, kable bidez hedatutako ikus-entzunezko programazioa arautzen duena– zigorrak ezartzen ditu araututako hizkuntz kuotak ez betetzeagatik. Erregimen zigortzaile hori bera lehorreko uhinen bidezko tokian tokiko telebisten erregimen juridikoan ere sartuta dago. 8/1996 Legeak katalan hizkuntzaren erabilerari buruzko arauak betetzen diren zaintzeko erakunde bat sortu zuen12: Consell Audiovisual de Catalunya (CAC) http://www.audiovisualcat.net.

 Hala ere, CACren funtzionamenduari buruzko esperientziaren eta sektorean gertatutako aldaketen ondorioz, haren izaera, funtzioak eta helburuak berriro zehaztu behar izan ziren. Eta, horretarako, 2/2000 Legea sortu zen, maiatzaren 4koa, Consell Audiovisual de Catalunyari buruzkoa. Lege horretako 10. artikuluko e) atalean, CACren eginkizuna zehaztu zen berriro, katalan hizkuntzari buruzko gaiei dagokienez, eta erakundearen funtzioa honako hau dela azaltzen da: «Kataluniako ikus-entzunezko sistemako hizkuntz eta kultur aniztasuna zaintzea eta, batik bat, Kataluniako eta Arango hizkuntzaren eta kulturaren babesari eta normalizazioari buruzko arauak betearaztea».

 Atal honetako ondorio gisa, baiezta daiteke Kataluniako legeek komunikabideetan katalan hizkuntza erabiltzea bermatzeko esparru bat ezartzen dutela. Legeek, ordea, ez dute katalan hizkuntzaren kalitatea bermatzen. Egia da CACren asmoak hizkuntz normalizazioaren prozesuari laguntzea eta hura babestea direla, baina, hala ere, erakunde hori sortu zenetik, ez dago inon jasota katalan hizkuntzaren normalizazioari buruzko jarrera aktiborik aipatzen duen irizpenik, erabakirik edo CACren ikerketarik. Horri buruzko ekimen bakarra katalanez emititze hutsa da.

TOKIAN TOKIKO TELEBISTEN EGOERA JURIDIKOA

 Lehen puntuan aipatu legez, Estatuak du eskuduntza osoa telekomunikazioei dagokienez. Telebista bide guztien erregimenari buruzko legeak garatzea eta betearaztea, berriz, Kataluniako Generalitaten ardura da, Estatuaren oinarrizko arauen esparruan. Beraz, Generalitatek, 320/1996 Dekretuaren bidez –urriaren 1ekoa–, lehorreko uhinen bidezko tokian tokiko telebisten zerbitzua kudeatzeko kontzesioak –udal telebistakoak zein telebista pribatukoak– emateko prozesuari ekin zion. Prozesua bi fasetan banatu zen: eskaera eta esleipena. Lehen fasea –alegia, eskaerak egitekoa– 1997ko apirilean amaitu zen. Bigarren fasea –esleipenari dagokiona–, berriz, erabaki gabe dago oraindik ere. Atzerapenaren arrazoia honako hau da: Estatuak ez du oraindik Kataluniarako frekuentzien behin-behineko erreserba egin, eta, egiaz, urrats hori erabaki ezean, ez dago esleipen fasea aurrera eramaterik. Hortaz, gaur egun igortzen ari diren tokian tokiko telebista guztiak ilegalak dira –edo, hobeto esanda, legezkotasunik gabeko egoeran daude–. Horren aurrean, 1998ko apirilaren 6an, Kataluniako Generalitatek administrazioarekiko auzi helegite bat jarri zuen Estatuko Gobernuaren aurka, kanalak planifikatu gabe egoteak Kataluniako Generalitatek berezko eskuduntza erabiltzea eragozten baitu; hau da, lehorreko uhinen bidezko tokian tokiko telebisten zerbitzu publikoa kudeatzeko kontzesioak ematea eragozten du. Helegitea erabaki gabe dago oraindik.

 Horrez gain, 2002. urtearen hasieran, beste eztabaida bat sortu zen tokian tokiko telebistei buruz: teknologia analogikoaren ordez teknologia digitala jartzeari buruz, hain zuzen. Universitat de Barcelonako Zuzenbide Administratiboko irakasle Joan Recasens i Calvok, Insert TV aldizkariko artikulu batean (http://www.xarxabcn.net/tlc/html/butlleti.htm) honela ikusten dituordezkapen prozesu horren ondorioak ulertzeko giltzarriak:

 «Oinarrian, prozesua ordezkapen teknologiko hutsa da, eta, beraz, ez du ondoriorik izango telebista mota guztien eta operadoreek izan ditzaketen eskubideen erregimen juridikoan. Baina Plana eta Araudia irakurtzean hori ez dela horrela egiazta dezakegu.

 »Hori Zerbitzua Prestatzeko Araudiak aintzat hartzen duen eredua ere bada. Lehorreko telebista digitala RTVE erakunde publikoaren edo autonomia erkidegoen kudeaketa zuzenaren bidez kudeatuko da; zeharkako kudeaketaren bidez, operadore pribatuek kudeatuko dute, Telebista Pribatuaren Legearen arabera, estaldura eremua estatala, autonomikoa edo tokian tokikoa izanda ere.

 »Ez da ezer esaten Tokian tokiko Telebisten Legeari eta udalek euren telebistak kudeatzeko duten eskubideari buruz, ez eta Generalitaten 320/1996 Dekretuak aurreikusten duen eskaera aurkeztu duten eta oraindik ere kontzesioaren zain dauden tokian tokiko operadore pribatuen egoerari buruz ere.

 »Tokian tokiko telebistak eta udalen eginkizuna legez marjinatzeko beste urrats bat besterik ez da digitalizazioa. Proposamen horrekin prozesu hori amaitu egingo litzateke, udalek tokian tokiko telebista zerbitzua eman ahal izatea baztertzen baitu».13

 Joan Recasensek aipatzen duen proposamena Kataluniako Generalitateko Direcció General de Mitjans de Comunicació erakundeak egindakoa da. Administrazioko sail horren arabera Kataluniako telebista kanalak nola banatu behar diren adierazten du proposamen horrek, orain arte baino zehatzago adierazi ere, behin lehorreko telebista digitala ezarrita.

 «Zuzendaritza Nagusiak lau estaldura maila edo sare proposatzen ditu, lurraldetasun irizpide bati jarraituta: estaldura estatala, autonomikoa, tokian tokiko erregiokoa eta tokian tokiko eskualdekoa. Hortaz, lurralde unitaterik txikiena eskualdea da, eta, horren ondorioz, ez du aurreikusten udal estaldurako telebistarik izateko aukerarik. Aipatzen denez, erabaki hori espektroa beteko delakoan eta merkatuaren logikak telebista horiek bizirautea eragotziko lukeelakoan hartu dute, horrek arazoak eragingo bailituzke».14

 Dirudienez, kalitatearen aldeko apustua, hizkuntz normalizazioari buruzko ikuspegi jakin bat izateaz gain, egonkortasun egoeran sortu behar da, erregimen juridikoari dagokionez. Eta ez dirudi egonkortasun hori dagoenik tokian tokiko telebisten inguruan.

 Esan beharra dago tokian tokiko ia 90 telebista daudela Katalunian. Horietatik 38 Xarxa de Televisions Locals de Catalunya erakundearen barruan daude. Erakunde horrek Kataluniako tokian tokiko telebisten proiekturik sendoenetako gehienak ordezkatzen ditu, eta, bertan, besteak beste, ondorengo hirietako tokian tokiko telebistak daude: Bartzelona, Tarragona, Lleida, Girona, Sabadell, Tarrassa, Vilafranca del Penedès, Granollers, Badalona, Mataró, Reus, Vilanova i la Geltrú, Gavà. 38 telebista horietatik, 17 titulartasun pribatukoak dira; 9, titulartasun publikokoak; eta 7, titulartasun mistokoak. 4 milioi pertsona inguruk ikus ditzakete Xarxa horretan bildutako telebistak. Alde horretatik, kontuan izan behar da Xarxa de Televisions Locals de Catalunyako kide diren ia telebista guztiek legeak ezarritako emisio kuotak betetzen dituztela, eta gaindika, gainera. Hala ere, autonomia mailan katalanez diharduten telebista handiek ez bezala, tokian tokiko telebista gehien-gehienek ez dute inolako tresnarik katalan hizkuntzan ematen dituzten produktuen kalitatea bermatzeko15. Beraz, zer-nolako eginkizuna dute tokian tokiko telebistek hizkuntz normalizazioaren prozesuan? Eta zergatik da hain garrantzitsua eginkizun hori?

KOMUNIKABIDEEK HIZKUNTZ NORMALIZAZIOAREN PROZESUAN DUTEN ZEREGINA

 Hizkuntz normalizazioaren prozesua komunikabideetan: kuotak

 1999ko abenduan, Hizkuntzari eta Komunikabideei buruzko Kongresua egin zen Universitat de Lleidan (UdL). Kongresua UdL-ko Filologia Katalaneko Sailean egin zen, Katalanaren Hizkuntzalaritza Aplikatuko Ikasketei buruzko Masterraren (1995-2000) barruan. Kongresuaren helburu nagusia honako hau izan zen, Imma Creus-en, Joan Julià-ren eta Sílvia Romero-ren arabera:

 «eztabaida kolektiborako espazioa sortzea, katalan hizkuntzaren normalizazio prozesuan gero eta erreferentzia puntu garrantzitsuagoa den gai bati buruz: komunikabideek hizkuntza estandarreko eredua hedatzean duten zereginari buruz, alegia».16

 Kongresuaren inaugurazio ekitaldia Kataluniako Generalitateko Hizkuntz Politikako zuzendari nagusi Lluís Jou-k egin zuen. “Hizkuntzaren oxigenoa” izeneko hitzaldia eman zuen. Hitzaldi horretan, honakoa azaldu zuen:

 «Gaur egun, filologoak kezkatuta daude, herritar askok beren komunikazio formal nahiz informaletan erabiltzen duten katalanaren kalitatea oso eskasa baita. Esamolde jator asko galdu egin dira, fonetika eta prosodia okertu egin dira nolabait, eta nabariak dira sinplifikazio sintaktikoa eta semantikoa. Askorentzat oso larria da. Eta bada. Baina Europako hizkuntza guztietan antzeko fenomenoak gertatzen ari direla hartu behar da kontuan. (...)

 »Beste alde batetik, soziolinguistak kezkatuta daude, bizitza publikoko arlo askotan katalan hizkuntza baztertuta baitago oraindik ere, eta katalanaren aldeko hizkuntz aldaketa gertatzea oso zaila baita. Hala ere, biztanleria osoa kontuan hartuta, katalanaren ezagutzari dagokionez aurrerapen handiak egin direla onartzen dute, baita sektore askotan –hala nola, liburugintzan, irratietan, telebistetan, administrazioan, publizitatean eta prentsan– asko erabiltzen dela ere. Kezka zentzuzkoa da, baina gogoan izan behar dugu katalana aurrera egiten ari dela, argi eta garbi. Horrez gain, gureak bezala erasoak eta marjinazioa sufritu zituzten beste hizkuntzek ez dute gureak besteko bizitasun eta indarra erakutsi, erabilera eremu berriak aurkitzeko. Alde horretatik, beste arlo askotan bezala, katalanaren eredua paregabea da.

 »Aipatutako bi alderdietan –alegia, hizkuntzaren kalitatea eta hedadura soziala– komunikabideek berebiziko eginkizuna dute: ezinbestekoa, katalana hedatzeko eta hura ikasarazteko; eta, horrez gain, funtsezkoa, katalan hizkuntzaren erabilera publikoa eta pribatua hedatzeko eta sustatzeko».17

Lluís Jouren esanetan, arrazoizkoa da filologoek katalan hizkuntzaren kalitateari buruz kezkak izatea eta soziolinguistak katalanaren erabileraren hedapen sozialari buruz arduratuta egotea. Eta honako hau eransten du: kazetariek eta hizkuntzaren profesionalek katalan hizkuntza dialekto ez bihurtzeko erantzukizuna dute.

 Esan behar da Hizkuntz Politikaren Zuzendaritza Nagusia ez dela komunikabideen arloko hizkuntz politikaren arduradun bakarra. Pla general de normalització linguistica de la Generalitat de Catalunya egitasmoan (Kataluniako Generalitateko Hizkuntz Normalizaziorako Egitasmo Nagusia), 1995eko martxoaren 6koa, bi zuzendaritza nagusi eta idazkaritza nagusi bat daude, komunikabideetako hizkuntz normalizazioaren prozesuari lotuta: Sustapen Kulturalerako Zuzendaritza Nagusia, Irratidifusioaren eta Telebistaren Zuzendaritza Nagusia (egun, Komunikabideen Zuzendaritza Nagusia) eta Kirolaren Idazkaritza Nagusia.

 Hizkuntz Normalizaziorako Egitasmo Nagusiak helburuak, ildoak, neurriak eta emaitzen aurreikuspenak ezartzen ditu, 1994-2004 bitarterako, hizkuntz normalizazioaren prozesurako. IV. kapituluko 3. atalean, komunikabideekin eta kultur industriekin lotutako helburuak eta neurriak ezartzen dira. Irrati eta telebistarako berariazko helburuak 325.a eta 326.a dira. Helburu eta neurri horiek ez dute inolako zerikusirik katalan hizkuntzaren kalitatearekin.

 “Hizkuntzaren oxigenoa” hitzaldiak agerian jartzen du jarrera desberdinak daudela hizkuntz normalizazioaren prozesuan, eta, beraz, komunikabide guztiek –eta, bereziki, tokian tokikoek- katalan hizkuntzaren normalizazio prozesuan izan behar duten zereginari dagokionez ere bai. Institut d’Estudis Catalans-eko Filologia Sailak ere azaldu du zein iritzi duen hizkuntz normalizazioa interpretatzeko moduari buruz –kuota gisa edo erabateko eta kalitatezko hedapen sozial gisa–.

Hizkuntz normalizazioaren prozesua komunikabideetan: estandarraren zeregina

1990eko irailaren 21ean, Institut d’Estudis Catalans-eko Filologia Sailak (http://www.iec.es/inici.htm) La llengua i els mitjans de comunicació de massa deklarazioa (Hizkuntza eta masa komunikabideak) onartu zuen. Deklarazioak, hasteko, hizkuntz aldaera komuna eta legitimatua –alegia, estandarra– babesten du. Estandarrak, hain zuzen, katalan hizkuntzaren batasuna dakar.

 «Kultur hizkuntza guztiak aldaera komunarengatik identifikatzen dira. Aldaera komun horri esker eta nolabaiteko abstrakzio baten bidez, hiztunek naturaltasunez eta erosotasunez hitz egiteko aukera dute. Aldaera hori eskoletan ikasten da, masa komunikabideen bidez hedatzen da, gai publikoetan erabiltzen da, eta literatoek eta zientzialariek lantzen dute. Hizkuntzaren aldaera legitimatua da, eta hiztun oro babes daiteke bertan, baita harekin identifikatu ere, nahiz eta ez duen jasotzen tokian tokiko ezaugarririk, sistemaren oinarrizko egiturakoa ez bada. Beraz, horrek honakoa uzten du agerian: puntu jakin bateraino, bederen, adierazpenaren eta komunikazioaren maila formaletan, hiztun guztiek uko egiten diote hizkuntzaren forma partikularrak erabiltzeari, hiztun komunitatearen batasunaren onerako. Aipatutako aldaera hori hiztun guztiena da, eta, aldi berean, ez dator zeharo bat hiztun bakoitzak hizkuntza propiotzat hartzen duen hizkerarekin. Arau gramatikalek eta lexikografikoek –literatur historian, dialektologian eta kulturaren hedapenean oinarritzen direnek– aldaera hori onesten dute».18

 Deklarazioaren hirugarren puntuan, honako hau azaltzen da: hizkuntz normalizaziorako politika hastean –politika horretan, baieztatzen dutenez, masa komunikabideetako arduradunek eta hezitzaileek garrantzi handiko eginkizuna bete behar dute–, zientziaren arlotik kanpo, hizkuntzarekin lotutako joera partikularistak eta sinplifikazio ahaleginak sortu ziren. Horren ondorioz, hizkuntza ordezkatzeko prozesua azkartu egin zen.

 Deklarazioaren espirituarekin bat, Filologia Sailak beste kontzeptu bat ematen du aditzera, hizkuntz normalizazioari dagokionez; estandarraren hedapenarekin hertsiki lotua, hain zuzen ere. Kalitatezko hizkuntzaren ereduaz ari da, beraz. Horrez gain, hizkuntza horren hedapenean, oso zeregin garrantzitsua ematen diete masa komunikabideei. Beste alde batetik, Filologia Sailaren deklarazioak ez ditu hizkuntz normalizazioaren prozesuari lotutako erakunde, organismo eta kolektiboak euren erantzukizunetatik salbuesten. Eta, ildo horretan, honako hau adierazten du 7. puntuaren amaieran: «Hizkuntza garatzeko eta normalizatzeko lanetan erantzukizunik hartu duten guztiek, beraz, errealitateaz ohartu behar dute, baita horren arabera jokatu ere».19

ONDORIOAK

Kataluniako Gobernuaren ondare legislatibotik eta filosofikotik eta Institut d’Estudis Catalans-eko Filologia Sailaren deklaraziotik ondorioztatutako jarreren bidez, gauza bera –alegia, katalanaren hizkuntz normalizazioaren prozesua komunikabideetan– interpretatzeko bi modu daudela ageri da. Gobernuak eta legeek kuota gisa ulertzen dute hizkuntz normalizazioa, eta interpretazio hori ehunekotan sortzen eta amaitzen da. Aitzitik, Filologia Sailak 1990ean egindako deklarazioak ondorio txarrak ekarri ditu; hain zuzen ere, hizkuntz normalizazioa estandarraren ezarpen osoarekin lotuta dagoela ulertuz gero, berriz hausnartu behar dira hizkuntza normalizatzeko estrategiak tokian tokiko telebisten egoera berrian.

BIBLIOGRAFIA

Liburu eta monografiak

VILAR, J. et al. La TV local de servei public: l’univers de les televisions locals a Catalunya davant la perspectiva dels 80. Bartzelona: Bartzelonako Diputazioa, 1988.

Institut d’Estudis Catalans-eko Filologia Sailak. La llengua i els mitjans de comunicació de massa. Bartzelona: IEC, 1991.

COSTA, P. O.; PÉREZ, J. M.; MARTÍNEZ, J. Realitats i perspectives de la televisió local. Bartzelona: Bartzelonako Diputazioa, 1992.

Aldizkariak

Insert TV. Televisions Locals de Catalunya-k argitaratutako hiruhilabetekaria. [Bartzelona] (2002),
1. zk.



* NOVES SL, Revista de Sociolingüística. Dirección General de Política Lingüística. Departamento de Cultura. Generalitat de Cataluña.

[1]Consell de l’Audiovisual de Catalunyaren (CAC) 1/1999 txostena, ikus-entzunezko komunikazioaren esparru jurdikoko aldaketei buruzkoa, 1.3. puntua.

[2] Abenduaren 18ko 31/1987 Legea, telekomunikazioak antolatzeko.

[3] Tokian tokiko telebistei buruzko legeen arazoa VILAR, J.-ren eta beste autore batzuen liburuan aztertzen da: La TV local de servei public: l’univers de les televisions locals a Catalunya davant la perspectiva dels 80. Bartzelona: Bartzelonako Diputazioa, 1988.

 

[4] 8/1996 Legearen hitzaurrea, uztailaren 5ekoa, kable bidez banatutako ikus-entzunezko programazioa arautzeko.

[5] Tokian tokiko telebistari lotutako alderdi teknologikoei buruz, COSTA, P. O. eta beste autore batzuk. Realitats i perspectives de la televisió local. Bartzelona: Bartzelonako Diputazioa, 1992.

[6] CACren 1/1999 txosteneko 1.2 puntua, ikus-entzunezko zerbitzuen esparru juridikoko aldaketari buruzkoa.

[7] Idem, 1.3. puntua.

[8] Miquel de Moragas Spà. “Els serveis publics de comunicació a la Societat de la Informacio. De la desregulacio a la necessitat de justificar la legitimitat de la televisió publica” (2000ko uztaila).

 9 7/1983 Legea, apirilaren 13koa, Kataluniako hizkuntz normalizazioari buruzkoa; 1/1998 Legea, urtarrilaren 7koa, hizkuntz politikari buruzkoa http://www.gencat.es/lleicat/cindex.htm; Declaració universal dels drets lingstics(Hizkuntz eskubideen deklarazio unibertsala), 1996 http://www.egt.ie/udhr/udlr-ca.html; besteak beste.

10 Besteak beste, 8/1996 Legea, uztaileko 5ekoa, kable bidez zabaldutako ikus-entzunezko programazioa arautzeko http://www3.gencat.es:81/dgrtv/ftp/cllei8.pdf; 320/1996 Dekretua, urriaren 1ekoa, lehorreko uhinen bidezko tokian tokiko telebisten erregimen juridikoa arautzeko http://www6.gencat.es/dgrtv/catala/ftp/cd320.pdf; 2/2000 Legea, maiatzaren 4koa CACrena http://www3.gencat.es:81/dgrtv/ftp/clleica.pdf; Informe Bangemann: recomanacions del consell sobre la Societat de la informació (Bangemann txostena: Informazio gizarteari buruzko batzordearen gomendioak), 1995 http://www.gencat.es/csi/pdf/cat/soc_info/basic/bangeman.pdf

11 1/1998 Legearen 2.2. artikulua, urtarrilaren 7koa, hizkuntz politikari buruzkoa.

12 1/1998 Legearen 2.2. artikulua, urtarrilaren 7koa, hizkuntz politikari buruzkoa.

13 Insert TV, Televisions Locals de Catalunyaren informazio hiruhilabetekaria, [Bartzelona] (2002), 1. zk., 3. or.

14 Idem, 2. or.

15 JARDÍ, B. Proposta de llibre d’estil per a Gavà Televisió. Bartzelona, 2002 (argitaratu gabea).

16 CREUS, I.; JULIÀ, J.; ROMERO, S. (ed.).Llengua i mitjans de comunicació. Lleida: Pagès Editors, 2000, 5. or.

17 Idem, 10-11. or.

18 Institut d’Estudis Catalans-eko Filologia Saila. La llengua i els mitjans de comunicació de massa. Bartzelona: IEC, 1991, 3. or.

19 Idem, 6. or.

 

BAT aldizkaria: 
48. 2003ko iraila. EUskal errepertorioa hedabideetan
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Bruguers Jardí
Urtea: 
2003