Gure Irratia eta euskara

Buruberoak.

Zerk egin du beherakada berri hori, teknika errotik pikoan zelarik eta langile kopurua bikoiztua… eta lana hiru irratien artean banatua izanez, iduriz bederen erraztua? Nonbait bazen zerbait johan ez zena!

Nire ustez, lehen arazoa, hiru irratien batasuna. Gauza bera gertatu da Loiolako Irratia eta Donostiako Herri Irratiarekin. Biek bat egin dutelarik, 30.000 entzuletarik 10.000ra jautsi dira. Hiru irrati ari direlarik bakoitza bere alde, elkarren arteko konpetentzia eta emulazioa bada. Bakoitzak nahi du besteak baino hobeki egin. Bakar bat delarik aldiz…

Aitzinean irrati bakoitzak zeukan hurbiltasun hura galdu du. Gorde badu, beste bientzat kaltegarri izan da.

Euskara baizik ez genuen pasatzen. Lortua genuen prentsaurreko gehienetan euskara zekien norbait izatea. Gaur egun elkarrizketak egiten dira frantsesez, euskarazko itzulpenarekin (ez beti; emankizun osoak badira frantsesez).

SIADECOk ematen zigun % 31,8, (% 17,6 guretzat) kopurura berriz igotzea posible da batere dudarik gabe, oraingo ahalak ikusiz.

Teorietatik errealitatera, batasunak bere frogak eginak ditu. Lehenago bezala, gauza batzuk elkarrekin egin eta denbora gehiengoa bakoitzak bere entzuleentzat, horra nire ustez aterabidea, aipatu ditudan beste puntuekin, bereziki euskararen kalitateaz.

1981eko ekainean Lizarran izan nintzen eta han ikusi nuen, lehen aldikotz ene bizian, irrati libre bat: gela soil batean, mahai soil baten gainean, nirea idurika magnetofonoa, toka-diska arrunt bat, bi mikro eta lau sartze zeuzkan nahas-mahai ttiki bat. Teilatupean toka-diska handi baten adinako emisorea.

Buruberoak. Enbatak trufarekin agurtu zuen gure projektua : «Une radio à 150% Basque» edo «Il est assez gênant que des appels financiers soient lancés alors que les «sollicités» ignorent tout de l’utilisation de leurs aide». Horra zer ongi etorria egin zigun astekari abertzaleak.

ARGIA astekarian leporatua izan zitzaigun Adour Navarre-kin bat ez egitea : «Horrelako egoera ez litzateke txarra, eta badu ere bere alde ona, baina ikusiz Ipar Euskal Herriak dauzkan aberastasun eskasak bai diruaren, bai gizonen aldetik, zatikatzeak ez du zerbitzatzen, egiten ahal lukeen bezenbat, euskara ez eta euskal populua».

1981eko Eguberri arratsean hasi ginen, burdin-ziri bat emanik, Milafrangan genuen estudioko teilatu gainean, antena oraino etortzekoa baitzen!

Bakoitza bere herriko euskararekin bizi zen. Irratiak, Lafittek  Navarro-Labourdin deitzen zuen Iparraldeko batuaz ari ziren, eta gomitatuekin beste euskalkiak ere entzuten zituzten, Hegoaldekoak ere bai hortarako doia.

Irratiek sartu dituzte.

Zenbat entzule genuen? SIADECOren ikerketan, galdera bat bazen: zein irrati entzuten duzu? Gure Irratia? Irulegi? Xiberoko Botza?

Iñaki Larrañaga ezagutzen bainuen, ezin egonarekin telefonatu nion emaitzen berri jakiteko, puntu horretan. % 17,6 erran zidan. Arrats hartan bildu baitzen irratiko bulegoa, galdea egin nien. « Zuen ustez, zenbat entzule daukagu ? » Euskal Kultur Erakundeko lehendakariak erran zidan: «bizpahiru mila». % 17,6k ematen zuen 40.000 hurbil! Hamar urtez, ahalik gabe, laguntzarik gabe, entzule kopuru harrigarri hori lortua genuen.

Bainan sortzetik izan polemika eta hikamiken ondotik, beti fama txarra gelditu zitzaigun; herrestan generaman  gure ondotik: ez ginen irrati ona. Zahar irrati bat ginen. Baikorrenek «France Culture»-ekin konparatzen gintuzten ironiarekin.

% 13k Gure Irratia entzuten zuen. Radio France Pays Basque-k % 10 egiten zuen.

Irratiak medio bezala duen eragina ikusirik, garbi dago indartu, sendotu egin beharko liratekela egiten ari diren lanean baliabide material eta giza-baliabide gehiago izan dezaten eta horrela beren eragina handiagotu ahal izan dezaten.

Sortzetik, hamar urte hartan, lehendakari eta diruzain ziren lagunak ere nekatzen hasi ziren. Zakutik ala zorrotik, soldata guziak hilabetez hilabete segurtatu zituen Txomin Hegi diruzainak bere kargua utzi zuen. Horiek denek egin zuten gure beherakada. Halere, SIADECOk 1996an euskaradunen artean egin ikerketa berriak 25.000 entzule euskaradun ematen zigun: euskaradunak 30.000 ziren 91n. Euskara ongi ez zekitenetan proportzio bera galdu bagenuen 31.000 entzule genituen orotara. 6.000 galduak, beraz.

Kinka txarrean ginen. Eta non ziren SIADECOk 91n gure eragina handiagotu ahal egiteko eskatzen zituen giza eta material baliabide berri haiek?

Erakunde publikoetarik purruxkeria zenbait baizik ez genuen eskuratzen. Pabeko Kontseilu Nagusiak milioi bat frankotako buxeta baitzeukan irratientzat, 580.000 Baionako hiriko irratiari zoan, 80.000 Angelukoari (biak Parisko bi sarek beretuak, geroztik), 60.000 Mauleko gaulisten irratiari, eta 15.000 euskal irrati bakoitzari. Luzaz ezer eskuratu gabe egon ondoan.

Garai haietan sortu zen Euskal Kultur Erakundea. Gure bulegokide bat izanez zuzendaria, itxaropen handia izan genuen erakunde horretan. Bainan Garapen Kontseiluko sorrerari buruz Baionan egin biltzar zabal batetarik, lagun batek ekarri zigun Euskal Kultur Erakundearen izenean partaide guziei zabaldua izan zitzaien txostena: hil zorian ginaudela idatzia zen. Hiru irratiez bat egitea zen aterabidea. Nehork ez zigun horrelakorik aipatu. Harriturik gelditu ginen. Pizkundeatik, oraikoan, gutun bat izan genuen. Zortzi egun barne onartu behar genuen, behin ere emana izan ez zitzaigun delako proiektua, edo beste bat aurkeztu. Irrati profesional bati buruz joan behar genuen.

Gaizo gu! SIADECOren laudorioak ekarri zizkiguten 37.000 entzuleak profesionaltasunik gabe lortu genituen! % 17,6!  % 31,8 hiru irratien artean. Eta ezer ez genuen balio! SIADECOren 96ko ikerketan % 2,4k profesionaltasun gehiago eskatzen zuen, % 1,4k Hiru Irratien saila emendatzea. Bainan «adituek» baitakite entzuleek zer behar duten, hauek berek baino hobeki !

Hil zorian ginen omen. Gure heriotzeak irratien batasuna lagunduko zuen. Badira heriotze hori positiboki lagundu dutenak… beren helburua lortu gabe.

Bainan batasunera behartuak izan ginen, diru laguntzak eskuratzeko ezin baztertuzko baldintza egin zutelakotz: egunean 8 ordu elkarrekin izan zen legea, boterearen poderioz. Zenbaitek sinetsi ere zuten delako batasunean. Laguntzak etorri ziren, ez horrelako emaitzak lortuak zituzten irratiei, bainan «adituek» amesten zuten beste irrati mota bati. 

Lehenik erran dezadan  Noel Elorga batek zulotik atera zuela GURE IRRATIA. Estudio berritan sartu ginen 1996an. Teknika pikoan emana izan zen. Langileen kopurua handitua.

Artikulu hau zenbait hilabete goizegi eskatu didate SIADECOk 2002an egin ikerketa, lehenarekin konparatzeko: ondorioak ez dira oraino ezagunak. Bainan badira Médiametrie etxeak urte oroz egiten dituenak. Ez daitezke SIADECOrekin konpara, ez baitira berdin eginak, bainan urtez urte konpara daitezke emaitza horiek. GURE IRRATIA apalenean 1995an izan da, % 1ekin. Gero, gora abiatu da: 1,8/1996an, 2,4/1997an, 2,5/1998an eta 4,5/1999an. Hiru irratien artean % 8,9 egiten genuen urte horretan: 19.000 entzule jarraikiz goiti. Gero, berriz, beherakada, % 2,1, 2,7 eta 2rekin 1999, 2000, eta 2001 urteetan, krisi garaietako adinera jausteko 2003an, hiru irratiak % 5ean zirela.

Zerk egin du beherakada berri hori, teknika errotik pikoan zelarik eta langile kopurua bikoiztua… eta lana hiru irratien artean banatua izanez, iduriz bederen erraztua? Nonbait bazen zerbait johan ez zena!

Nire ustez, lehen arazoa, hiru irratien batasuna. Gauza bera gertatu da Loiolako Irratia eta Donostiako Herri Irratiarekin. Biek bat egin dutelarik, 30.000 entzuletarik 10.000ra jautsi dira. Hiru irrati ari direlarik bakoitza bere alde, elkarren arteko konpetentzia eta emulazioa bada. Bakoitzak nahi du besteak baino hobeki egin. Bakar bat delarik aldiz…

Aitzinean irrati bakoitzak zeukan hurbiltasun hura galdu du. Gorde badu, beste bientzat kaltegarri izan da. Hona etsenplu bat. Frantziako itzulian, Pabetik Baionarateko etapa bezperan, hiru irratien berri sailetan entzun dugu bidea noiz zen debekatua Zuberoan. Ez digute erran noiz zen debekatua Behe Nafarroan eta Lapurdin, entzuleen % 90 hor bizi delarik. Berri hori Xiberoko Botzak tratatua zukeen; oso ongi bere entzuleentzat. Besteek beste gai batzuk tratatu dituzte, eta hori ez.

Lapurdik 230.000 jende izanez (Zuberoak 15.000, Behe Nafarroak 27.000), politika, kultura, sozial, eta ekonomia aldetik daukan pisu bereziarekin, bere berrien emateko tokirik ez dauka berri sail nagusietan, Behe Nafarroa eta Zuberoari ere tokia utzi behar dielakotz. Etsenplu bat hemen ere. Aurten Amets Arzallus eta Eneko Bidegain Iparraldekoek irabazi dute Rikardo Arregi kazetari saria larunbat batez, ostegunean baizik ez da aipatua izan. Ez hiru irratietan, bainan GURE IRRATIAK Lapurdirentzat begiratua duen txoko batean!

Bost egun geroago: horrek erakusten du ere berri-sailak ez daukala lehenagoko garrantziarik orain. 1991n SIADECOk zioen: Gehienen entzuten diren emankizunak, informatiboak dira. 1996an gehien jarraikiak ziren emankizunak, albisteak ziren: % 42k. Ondotik, musika %16,5ekin.

Berriekin jarraitzeko, abertzaleen ghetoan gehiegi mugatzen dira. Abertzaleen munduko berri horiek toki gehiegi hartzen dute beste berrien kaltetan. Ekonomiaz aipamen guti. Etsenplu bat oraino. Urte batez 35 langiletarik 55era pasatu den lantegi bat badugu Aiherran: ez da behin ere aipatua izan. Ondoko beste batek 90 langile zeuzkan duela 6 urte. 150era pasatu da, 200era, 250era. Aldi bakar batean aipatua izan da. Berriki berrogei bat langile kanporatu ditu: orduan denek aipatu dute.

Egun hauetan Le Journal egunkarian irakurtu dut Surf-ak 3.000 lanpostu sortu dituela Iparraldean.  Orain arte ez nuen behin ere  horrelakorik entzun. Ez dira, bada, urte batez sortu 3.000 lanpostu.

Politikak daukan pisua, jende gehiena interesatzen duten gaien kaltetan da. (Hau egia da Hegoaldeko irratientzat ere). Irratiek kolore bat daukate, lehenago ez zutena. Berriemaile bat bada, poliziak norbait gelditzen duelarik, gehienetan ez baitu erranen pistola bat bazuela. Entzuleek «zaping» egiten  dute: irrati batetarik beste batera pasatzen. Beste nonbait entzuten dute Hiru Irratietan ez entzuna. Konparaketak egiten dituzte eta «alderdikari» iduritzen zaien irratia baztertzen, luzera. Abertzaleok daukagun tentazioa da hori: geure berriei garrantzia handiegia ematea.

SIADECOk 96an egin ikerketan jarraikienak ziren emankizunetan, bigarren musika eta kantua ateratzen zen. Iduri luke, orain, bigarren mailako kantarietan mugatzen direla irratiak: ehun bat diskorekin kantuen % 90 badukezue. Hilabete bat gehiago izan banu kontaketa bat eginen nuen. Noiz entzuten dira Oskorri, Lete, Bedaxagar, Gontzal Mendibil, Gorka Knörr, Estitxu, Txomin Artola, Guk, Joselu Anaiak, Eltzegor, Itoitz, Alaiak, Egan, Altzükütarrak, Ganbara, Enrike Zelaia, Pantxo ta Peio, Etxamendi eta Larralde? Non txarangak, bandak, txistua, gaita, alboka, akordeoia? Oso bekan edo batere ez. Trikititxa da ezagutzen den musika tresna bakarra. Txirularekin Zuberoan. 2500 bat folk kantu badira grabatuak, musika klasiko eta rock diskoak bestalde. Bada nun zer hauta.

Bainan euskararen partez entzuten dira euskara itotzen ari duten frantses, espainol, edo inglesezko kantuak. (Euskadi Irratian berdin). Kantu ederrik badela Euskal Herritik kanpo ere! Bai! Gure erahiltzaleetara joan gabe: katalandar, betroin, okzitandar, errusiar, afrikar, Andesetako Indioa (bainan ez espainolez otoi!)… Zer toki daukate?

Euskal Irratiek euskal kantuen eredua izan behar lukete. Norbaitek euskal kantua entzun nahi duelarik, euskal irratia piztuz bat entzutea segurra behar luke. Nork eginen du euskal kantuaren promozioa ez bada euskal irratiek? NRJk edo RFMk?

Euskara baizik ez genuen pasatzen. Lortua genuen prentsaurreko gehienetan euskara zekien norbait izatea. Gaur egun elkarrizketak egiten dira frantsesez, euskarazko itzulpenarekin (ez beti; emankizun osoak badira frantsesez). Zergatik ez eman berria elkarrizketarik gabe nehork ez badaki euskara gai hori aipatzeko? Euskaraz zerbait errateko daukaten hainbeste jende badelarik, zergatik ez mintza arazo horiek? Zergatik ken euskarari duen toki ttiki hartarik, euskara ez dakitenei emateko? Frantsesak ez du toki eskasik!

Lehenago, Navarro-Labourdin hura eredu bilakatua zen, eta hori oso inportantea da euskara ikasten ari direnentzat… eta galtzen ari direnentzat. Gaur egun ez da gehiago eredurik. Edozein euskalki eta azpi euskalki entzuten da noiznahi, irratilarien ahotik (kanpoko norbait mintzarazten delarik, hura bere euskalkian aritzea normala da; bai eta euskaldun berri bat euskara trakes batean ere). Berri sail berean entzunen duzu ‘larunbata’ Baionan, ‘ibiakoitza’ Garazin, eta ‘nexkeneguna’ Zuberon. ‘Gara’ eta ‘gütützü’. Euskara ikasi nahi duen batek ez dauka gehiago eredurik. Galdua da.

Grabeago dena, irratiko langileek izugarrizko hutsak egiten dituzte. ‘Bi etxe baizik dira’, ‘bi etxe baizik ez dira’ errateko; ‘oraindik goiti ‘ ‘hemendik harat’ errateko; ‘etxe berean’ eta ‘etxe berdinean’;  ‘bere’ eta ‘haren’en artean ez da diferentziarik egiten. Apeza ‘emazteaz mintzatzea’, ‘emazteari buruz’, ‘emaztearen inguruan’, eta ‘emaztearen gainean’, denek gauza bera erran nahi dute! ‘Bidea auzapezarenganik luzatua izan da’ entzuten da eta ez ‘bidea auzapezak luzatu du’ edo ‘auzapezak luzatua izan da’. Pasiborik ez dela euskaraz ez dakite.

‘-n’ erlatiboa galtzen ari dute: ‘ate gorria daukan etxea’-ren partez, ‘etxea zoinek atea gorri baitu’, edo ere ‘duen‘. «Nous n’hésitons pas à condamner ce charabia» dio Lafittek bere gramatikan. Badakit Axularrek ere erabiltzen duela ‘zein’. Bainan hamar lerro dauzkaten erranaldietan! Ez lerro bakar batekoetan!

Hegoaldearen fotokopia da eredu: hutsentzat, hala nola «telefonoz deitu diot» (nor nori nork: Zer deitu diozu?) Baina hemengo hutsak zuzentzeko ez da Hegoaldera begiratzen: «Aitak dirua eman du haurrari» entzuten da, eta ez «eman dio». Eta abar luze bat.

Huts horiek denak, eta beste asko eta asko, herrian sartuak dira orain, irratiak daukan eragina erakusten dutela. Kantuek ere badute beren pisua horretan, onerako eta txarrerako: ‘Ze urrun den Kamerun’ eta ‘Ze polita den’ entzutearen bortxaz, herrian sartuak dira ‘ze handia den’ bezalako hutsak, ‘zein handia den’ errateko partez. Irratiak hutsentzat daukan indarra, zuzenarentzat ere badauka.

Gaizkira daukan eragin berbera izan dezakete irratilariek euskara onaren alde, irratilariek euskara ongi mintzatzeko ikastaldiak eginez geroz.

SIADECOk ematen zigun % 31,8, (% 17,6 guretzat) kopurura berriz igotzea posible da batere dudarik gabe, oraingo ahalak ikusiz. Teorietatik errealitatera, batasunak bere frogak eginak ditu. Lehenago bezala, gauza batzuk elkarrekin egin eta denbora gehiengoa bakoitzak bere entzuleentzat, horra nire ustez aterabidea, aipatu ditudan beste puntuekin, bereziki euskararen kalitateaz.

Euskal Irratiek egin dute lan ederrik euskararen alde. Badute zer egin handia geroan ere. Egoera anormalean dagoen euskararen alde egitea izan behar dute helburu, eta ez irrati normala izatea, «ateak zabaldu behar direla», «ghetotik atera» diotenak entzunez, alegia; eta ez dira ohartuak gure etxeak ez duela gehiago ez aterik ez leihorik. Ideki diezazkiotela haiek beren ate-leihoak euskarari!

 

BAT aldizkaria: 
48. 2003ko iraila. EUskal errepertorioa hedabideetan
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Xipri Arbelbide
Urtea: 
2003