ICML kongresuan Frisian

Maiatzaren 22tik 24ra Frisiako hiriburuan, Ljouwert-en, egin da ICMLren (International Conference on Minority Languages) 17. edizioa Mercator hizkuntza aniztasunari buruzko ikerketa zentroak antolatuta.

Guztira 200 baino aurkezpen gehiago izan dira egun horietan, hainbat hizkuntza gutxitutako ikerketak aurkezten. Imanol Larrea zuzendariak hiru ponentzia aurkeztu ditu Soziolinguistika Klusterraren izenean. Lehen egunean datu soziolinguistikoen bilketari buruzko colloquiumaren antolatzaile eta aurkezle-parte hartzaile izan da. Bigarrenean Gipuzkoako Hizkuntza Aniztasunaren Mapa proiektuaren behin-behineko emaitzak aurkeztu dira. Azkenik, hirugarren egunean, euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreei buruzko ikerketa aurkeztu du Larreak, Natxo Sorolla ikerlariarekin batera.

Aukera emankorra izan da, Europan hizkuntza gutxituen inguruan egiten ari diren ikerketa proiektuak ezagutzeko eta ikerlariekin harremanak estutzeko. Tartean, Euskal Herriko beste ikerlari batzuk ere izan dira. Aurkezpen guztien laburpenak ikusgai daude. Askotariko gaiak landu dira: hezkuntza, ingurune digitala, migrazioak, hedabideak, datuak biltzeko metodologiak, hizkuntza eskubideak, jarrerak eta ideologiak, hizkuntzen irakaskuntza, hiztun berriak, politikak eta abar.

Soziolinguistika Klusterrak garatutako metodologietatik abiatuz beste herrialde batzuetan martxan jarritako eskuhartze eta ikerketa egitasmoak ere presente izan dira Kongresuan. Hala, Galesen Aldahitz proiektuan oinarrituta egindako esperientzia aurkeztu dute, lan munduko hizkuntza ohiturak aldatzera bideratutakoa. Bestalde, Eskozian gaelikoaren erabileraren neurketak egiten ari dira hizkuntzen erabilera behaketa bidez neurtzeko metodologia erabilita.