Euskararen erabilera egitasmoak EAEko ikastetxeetan.

Lege-agindu hauek oinarritzat hartuz eta helburu horiek betetzeak Hezkuntza Administrazioan hizkuntz normalkuntzarako aurrerapausoak ematea eskatuko zuela jakinik sortu zen Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuan NOLEGA (Normalizazio Legearen Garapena) izeneko atala, 1984an.

NOLEGA atalaren egitekoak, beraz, bi arlo nagusitan gauzatu dira: eskolagiroa euskalduntzea eta Hezkuntza Administrazioa euskalduntzea.

DIRULAGUNTZA DEIALDIAK

Lau deialdi dira: Ahozko Adierazmena indartzekoa, Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak (IKE), Euskal Girotze Egonaldiak (EGE) eta Ikastetxeen Arteko Binakako Loturak (IKABIL).

Horien artean lehena dugu berriena.

ahozkotasuna lantzera eta indartzera begira antolatzen diren ekimen guztiak deialdi bakar batean bildu nahi izan dira.

Estandarra ondo ikastea da, noski, lehen erronka, baina hizkuntza bizi, gozo, eta gatz-piperdunetik edaten eman beharra ere nabaria da. Euskara molde bera erabili behar ote dute ba jendaurre zabaleko egoera formalean, gelan irakasleari zuzentzen zaizkionean, eta lagunartean?

Programa hauei guztiei koherentzia, egonkortasuna, eta aitzinatze etengabekorako behar den segida ziurtatzeko erabat komenigarria da Ikastetxeko Proiektuan edota Hizkuntz Normalkuntza Proiektuan txertatzea ekimen hauek guztiak.

HIZKUNTZ NORMALKUNTZAKO PROGRAMA

gaur egun 303 ikastetxek jarraitzen dute programa honetan. Labur-labur esanda hauek dira proiektu hauen zutabe nagusiak:

a) Normalkuntza proiektuen motorra ikastetxean bertan dago.

b) Ikastetxeko motor hori kanpoan ere elikatu egin behar da.

c) Ikastetxeak eta inguruneak elkar elikatu behar dute.

Bistan da 303 ikastetxeetako programen arteko loturak, koordinazioak, topaguneak lortzea ez dela gauza erraza. Nekeza bai baina beharrezkoa ere bai, bakoitzak bere aldetik ibili gabe ditugun baliabide urriak ondo aprobetxatuko baditugu.

-Euskararen erabilera eta kalitatea ikasleen kontua izatetik irakasleen eta ikastetxeko beste helduen ardura izatera iritsi da.

-Orain arte ukitu ezinak izan diren hainbat gai azaleratu dira eta eztabaidagai bihurtu; euskal irakasleen hizkuntzazko prestakuntza, ahozkotasuna, helduen arteko hizkuntza erabilera, kalitatea, euskalkiak, etab.

-Euskalgintzan diharduten eragile ezberdinen elkar hartzea eta topagunea izaten ari da Ulibarri programa.

-Programa honen bidez edo elkarlanean, udal mailako beste ekimen batzuk ere aurrera ateratzen ari dira.

-Ikastetxeen euskalgintzako ahalegina ikastetxeetatik kanpora ere iristen ari da; udalak, hornitzaileak, aisialdiko taldeak, etab.

www.ulibarri.info. Bertan ikastetxe bakoitzak aurkituko du bere proiektua kudeatzeko behar duen tresneria guztia. Aldi berean, gai erabileraren inguruan biltzen ari garen dokumentazio osoa bertan kontsultatzeko eta jasotzeko aukera izango du. Azkenik, Ulibarri programaren inguruan gabiltzanon prestakuntza eta trukegunea izango dugu orri hau.

 

*Oharra: lan hau erabili.com webgunean argitaratu zuen Iñaki Artola Zubillagak, 2003ko maiatzaren 28an.  

 Hizkuntzaren erabileraren auzia aspalditik da kezka iturri irakasleen artean. Are gehiago, ez dira gutxi gai honekin behin baino gehiagotan kezkatuta azaldu diren gurasoak ere. Neurri handi batean erabilera maila ez dator bat euskarazko irakaskuntza izate hutsak hasieran sortu zituen itxaropenekin. Gaiaren larria areagotu egiten da, noski, nerabezaroaren inguruko adinetan, gaztelania hizkuntza nagusia edo bakarra izatera iritsi arte.

Ikastetxeetan bertan hainbat ekimen egin izan dira erabilera areagotu nahian. Askotan ekintza puntualak izan dira; kantuak, antzerkiak, jolasak... . Agian irteera, txapelketa edo egun bereziren bat antolatzera ere iritsi dira hainbat. Badira ikastetxeak ordea, ikasleen arteko hizkuntza erabilera sendotzeko edo areagotzeko plan osatua diseinatu eta gauzatzeko gai izan direnak. Kasu hauetan irakasleen eta gurasoen inplikazio maila handia izan ohi da. Modu batean zein bestean, horrelako ekimenak euskarazko irakaskuntzaren hasiera hasieratik eta gaur arte etengabe egin izan dira.

 ZER DA NOLEGA?

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoak, honela dio bere 17. atalean:

  • "Jaurlaritzak, ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko dituzteneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskeragiroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzapideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez"

Ildo beretik, 1983ko Abuztuaren 1eko Aginduak, bere 12. atalean zera dio:

  • "Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskolagiroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz"

Lege-agindu hauek oinarritzat hartuz eta helburu horiek betetzeak Hezkuntza Administrazioan hizkuntz normalkuntzarako aurrerapausoak ematea eskatuko zuela jakinik sortu zen Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuan NOLEGA (Normalizazio Legearen Garapena) izeneko atala, 1984an.

NOLEGA atalaren egitekoak, beraz, bi arlo nagusitan gauzatu dira: eskolagiroa euskalduntzea eta Hezkuntza Administrazioa euskalduntzea.

Eskolagiroa hitza aipatzen denean, oso zentzu zabalean aipatzen da. Ikastetxean euskara ikasteko klase emankizun formaletatik kanpora geratzen den baina ikasleak euskara bereganatu, landu, sakondu, eta erabiltzeko eragin handia duen une, ekintza, eta esparru oro sartzen da bere barnean. Izan ere, eremu urriko hizkuntzen kasuan, soziolinguistikako adituek gero eta garrantzi handiagoa aitortzen diete ikaskuntza akademiko hutsaz aparteko suspergarriei eta lagungarriei. Ikasleek euskara erabiltzea dute xede inportanteena arlo honetan antolatzen diren ekimenek.

Hezkuntza Administrazioa euskalduntzeari dagokionean ere hainbat ahalegin egin da azken urteotan. Hezkuntza sailburuak 1985ean bertan eman zuen Administraziotik ikastetxeetarako dokumentazio isuriaren hizkuntz jarduera arautzen zuen agindua. Administrazioan bertan ere agindu hori gauzatu ahal izateko pauso sendoak eman ziren, hasieran Langiroko Trebakuntza izena izan zuen eta gerora ALET bilakatu zen planarekin, nagusiki egoitza nagusian. Gerora hizkuntz eskakizunen ezarpena egin da eta une honetan erabileraren erronkari aurre egiteko urratsak planteatzen ari dira. Ikastetxeei begira une honetan Hizkuntz Normalkuntzako Programa dago indarrean.

NOLEGA atalak programa sorta zabala eskaintzen die Euskal Autonomi Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei. Horietako batzuk urtetako ibilia dute; beste batzuk berriagoak dira. Banan-banan eta bakoitza bere aldetik hartuta ekintza solte eta puntual gisa geratzeko arriskua dagoela ikusirik, ikasturte osoko eskaintzaren berri bateratua eta osatua emateko xedez egiten da urtero NOLEGA atalaren aurkezpen txostena, ekimen guzti-guztiak ere elkarren osagarri baitira.

 DIRULAGUNTZA DEIALDIAK

Lau deialdi dira: Ahozko Adierazmena indartzekoa, Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak (IKE), Euskal Girotze Egonaldiak (EGE) eta Ikastetxeen Arteko Binakako Loturak (IKABIL).

Horien artean lehena dugu berriena. Honek, orain arte urteetan (1985ean hasita) hain ezagun izan ditugun Eskola-Antzerkigintza, Eskola-Bertsogintza eta Eskola-Kantagintza batean biltzen ditu. Deialdi berri honek, beraz, aurreko hirurak birformulatu egiten ditu. Ahozkotasuna modu zabalean hartu eta ikastetxe mailako plangintza behar duen ekimena dela uste dugu. Horregatik, ahozkotasuna lantzera eta indartzera begira antolatzen diren ekimen guztiak deialdi bakar batean bildu nahi izan dira. Horrela sortu da Ahozko adierazmena indartzeko ekintzetarako deialdia. Deialdi honek bere baitan hartuko ditu baita ere ahozko adierazmena indartzeko diren kontalaritza edo irratigintza saioak.

Ikastetxeetan irakasle saiatu askoren ahaleginei esker lehenagotik ere martxan zeuden hainbat ekimeni oinarri egonkorragoa, Hezkuntza Sailaren ezagutza, eta, ahal den neurrian, diru eta azpiegiturazko babesa emateko helburua dute, horrelakoetan oraindik saiatu ez diren ikastetxeetara ere hedatzeko asmo argiaz.

Egonkortasuna, berez, urtea joan eta urtea etorri programa ikastetxeen eskueran izango dela jakiteak ematen dio horietako bakoitzari. Hezkuntza Sailaren ezagutza eta diru babesa, erabakia EHAAn argitaratuz eta dirulaguntza ikastetxeari emanez gauzatzen da. Azpiegiturazko babes gisa, berriz, orain arte erosi, prestatu, argitaratu, eta ikastetxeetara igorri edo Berritzeguneetan beraien eskura jarri diren liburu, bilduma, eta argitalpenak aipa daitezke.

Lau dirulaguntzetako hirutan (Ahozko Adierazmena, IKE eta EGE) eskabidea egiteko garaia irailaren hasieratik urriaren 11 artekoa da. IKABIL deialdirako epea, ordea, ikasturteko 3. hiruhilekoan irekitzen da, hurrengo ikasturterako eskabidea egiteko. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren zirkular baten bidez jakinarazten zaie ikastetxeei bere garaian.

Ondoko taulak eta grafikoek garbi adierazten dute deialdi hauek zein erantzun izan duten ikastetxeen aldetik:

2002-2003 ikasturteko datuak

 

Dirulaguntza deialdiak

Ikastetxe kopurua

Talde kopurua

Saio kopurua

Ikasle kopurua

Ahozko adierazmena

336

2.986

1.851

47.329

  • Eskola Antzerkigintza

238

690

 

9.991

  • Eskola Bertso-lanketa

201

491

 

7.846

  • Eskola Kantagintza

207

816

 

14.238

  • Eskola Kontalaritza

52

832

 

2.214

  • Irratigintza

110

832

 

13.230

Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak (IKE)

283

 

 

86.500

Euskal Girotze Egonaldiak

128

535

 

10.607

Ikasleen arteko binakako loturak (IKABIL)

64

128

 

2.168

 

HITZARMEN BIDEZKO ESKAINTZAK

Multzo honetan jarri ditugu ikastetxeei dirulaguntza zuzena emanez ez, baizik eta bi elkarterekin hitzarmenak eginez gauzatzen diren bi ekimen: Idazleak Ikastetxeetan programa Euskal Idazleen Elkartearen eskutik, eta Euskara Zine Aretoetara programa Tinko Euskara Elkartearenetik.

Euskal Idazleen Elkarteak urteak daramatza Idazleak Ikastetxeetan izeneko programarekin lanean. Idazleek ikastetxeetara bisita egiten dute. Bisita horren aurretik ikasleek idazlearen obra aztertzen dute eta, horrela, beraientzat oso aberasgarri gertatzen den esperientzia interaktibo bati ematen zaio bide. Bisitaldi horiek, besteren artean, honako helburuok dituzte: ikastetxeetan literatur zaletasuna sustatzea, idazleen eta ikasleen aurrez aurreko harremanak bideratzea, euskal idazleen obren zabalkundea, ikasleen literatur gaitasuna sendotzea, teoria praktikarekin lotuz eta, azkenik, idazteari gaur eguneko mundu gero eta teknologikoagoan leku propioa aurkitzea.

EIEren eta Hezkuntza Sailaren arteko Hitzarmena 1997an sinatu zen lehen aldiz. Handik hona etengabe urtero sinatzen den hitzarmen honen bidez EIEk emanaldi kopuru jakin bat egiteko konpromezua hartzen du programa honen baitan.

TINKO Euskara Elkarteak lehenagotik hasita ikastetxeei eskaini eta eman izan die zine aretoetan euskarazko filmeak ikusteko parada, hartarako propio prestatutako materialen bidez gaia gelan jorratuz, bai pelikula ikusi aurretik eta bai ikusi ondoren. Honako helburu hauek ditu programak: euskal ikasleen zine zaletasuna sustatzea, zinea ikasleen giza eta gizarte balioak bultzatzeko tresna bihurtzea, ikasleak euskarazko zinearen ikusle izaten ohitzea, euskara zine munduan normaltzeko oinarriak jartzen laguntzea eta euskarazko film eskaintza egon dadin film multzo kunplitu baten oinarriak jartzea.

Euskara Zine Aretoetara programarako Hitzarmena ere 1997an sinatu zen lehen aldiz. Handik hona etengabe urtero sinatzen den hitzarmen honen bidez TINKOk duen plangintza osoaren zati bat diruz laguntzen du Sailak.

2002-2003 ikasturteko datuak

Hitzarmen bidezko eskaintzak

Ikastetxe kopurua

Talde kopurua

Saio kopurua

Ikasle kopurua

Idazleak Ikastetxeetan (EIE)

 

 

290

10.904

Euskara Zine Aretoetara (TINKO)

340

2.750

218

56. 751

 EUSKAL GIROTZE BARNETEGIAK

Bost Euskal Girotze Barnetegi daude une honetan: Alkiza, Plentzia, Espejo, Elgoibar, eta Segurakoak. Euskal Girotze Barnetegi hauen helburu nagusia etxeko eta/edo kaleko erdal giroan bizi diren haurrei euskal giro aberats bat ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da, honela beraien euskara ikasteko prozesuari bultzada eragingarria emanez. Batez ere zera lortu nahi da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei, hizketako orduan duten askatu ezina gaindiaraztea, euskaraz komunikatzeko gai direla konturaraziz beren buruekiko segurtasuna eta konfidantza sortzea, hitz-etorria indartzea eta egiten duten euskara aberastea. Beraz, barnetegien xede nagusia ikasleen hizkuntz gaitasuna indartzeko ekintzak burutzea da. Etxe hauetan aste beteko egonaldiak egiten dituzte A, B zein D eredukoek; beti ere ikasgela osoak izan behar dute, bere irakaslearekin. Barnetegi hauek kurtso garaian egiten dute lan, bertaratzen diren ikasgelak astero aldatuz.

1998-99 ikasturtera arte B ereduko barnetegietako egonaldiaren iraupena bi astekoa izan bazen ere, ordutik barnetegi guztietako egonaldiak 5 egunekoak dira. Modu honetan ikasgela gehiagori erantzuteko aukera dugu batetik, hainbat ikastetxe eta irakasleren eskaerari erantzuten diegu bestetik, egonaldiaren antolamendua erraztuz, eta, azkenik, taldearen erronka da egonaldiak luzeran galtzen duena trinkotasunean irabaztea.

Ikasturtean zehar barnetegi hauetara joateko eskabideak egiteko epea martxoaren erdi aldera irekitzen da, eta maiatzaren erdi aldera arte egongo da zabalik hurrengo ikasturteko egonaldietarako. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak horretarakoxe zirkular bat bidaltzen du ikastetxe guztietara, epea irekiz, eskabide-orriak, egonaldi-txandak, ordaindu beharrekoak, eta araudia erantsita dituela.

Barnetegi hauek ezin dituzte hartu eskaera egiten duten talde guztiak. Helburu berberekin ikastetxeek hainbat eta hainbat egonaldi antolatzen dituzte bestelako egoitzetan. Euskal Girotze Barnetegiek egonaldi hauek ondo antolatzeko lagungarri den materiala atondu eta argitaratu egiten dute. Egonaldi horietarako dirulaguntzak ere banatzen ditu Hezkuntza Sailak goian aipatutako EGE deialdiaren bitartez.

2002-2003 ikasturteko datuak

Euskal Girotze Barnetegiak

Hizkuntz eredua

Egonaldi kopurura

Egun kopurura

Ikasle kopurura

Alkiza

B

31

5

827

Plentzia

B

31

5

796

Espejo

A

31

5

744

Segura

D

31

5

810

Elgoibar

D

31

5

801

 EUSKARAREN KALITATEA

Ikasleek euskara erabiltzeko helburuak, ordea, badu beste alderdi garrantzitsu bat ere: euskara horren nolakoa edo kalitatea. Ikaslearen aho-lumei darien euskara inguruak ematen dionaren ispilu izan ohi da –erdal giroko kasuetan ikastetxeak berak eta bertako irakasleek/langileek darabiltenarena, neurri handi batean–. Arlo honi ere gero eta arreta handiagoa jarri beharra azpimarratzen dute hizkuntz adituek, erabilera eta kalitatea elkarren zordun jotzen baitituzte. 1995ean Euskaltzaindiak antolatutako euskara zuzenari buruzko jardunaldietan ere arlo honetan ahalegindu beharra plazaratu zen. Irakasleek eta ikastetxeetako langileek beren euskararen kalitatea hobetzeko beren bideak dituzte, IRALE edo IVAP-HAEEren bidez, dagozkien agiriak lortzeko lehenik eta euskara landu eta sakontzeko ondoren. GARATU programan euskaraz eskaintzen diren ikastaroek ere oso aukera ona ematen dute gai jakin bateko prestakuntza hizkuntza horretan jasotzeko eta lantzeko.

Irakasmunduan gabiltzanon artean gero eta zabalduago dago hizkuntzaren maila desberdinak zein eta nolakoak diren argitzen joan beharko dugula. Ikasle batzuk etxeko euskaratik, euskalkia edo azpieuskalkia tarteko, iritsiko dira batu estandarrera. Beste askok azken hau dute abiapuntu, erdal girokoak izaki. Estandarra ondo ikastea da, noski, lehen erronka, baina hizkuntza bizi, gozo, eta gatz-piperdunetik edaten eman beharra ere nabaria da. Euskara molde bera erabili behar ote dute ba jendaurre zabaleko egoera formalean, gelan irakasleari zuzentzen zaizkionean, eta lagunartean? Batez ere esanak paperean jasotzeko ordurako lagungarri handia da Euskaltzaindiak onartutako hitanoaren aditz batua, adibidez. Antzerki, bertso, eta kantaren inguruko saioetan ere toki nabarmena hartzen du hizkuntz maila edo erregistroen auzi honek. Aukera paregabeak dira gaia argitzen joateko ezezik, aurrerabide praktikoan jartzeko ere.

Ikasleen euskararen kalitatea sustatzeko propio antolatutako bi lehiaketa ditu NOLEGA atalak. Idatzizkorako Urruzuno literatur lehiaketa, azken hamabost urteetan Irakaskuntza Ertainetako ikasleen emaitzak suspertu eta urteroko argitalpenetan plazaratu dituena. Ahozkorako, eta jendaurreko irakurketan ebakera, doinu, eta erritmo egokia helburu harturik, hamar urte beteak dituen Abelino Barriola saria, gazteagoei zuzendua.

Lehiaketa hauen bion epeak ikasturteko bigarren hiruhilekoan irekiko dira. Martxoaren bukaera aldera itxiko dira bi lehiaketa hauetako epeak. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hartarako propio zabalduko duen zirkularrean jakinaraziko dira data zehatzak.

2002-2003 ikasturteko datuak

Leihaketak

Ikastetxe kopurua

Talde kopurua

Ikasle kopurura

Urruzuno

 

 

417

Barriola

29

68

1.360

 IRAKASLEEN PRESTAKUNTZA

Programa hauei guztioi etekin hobeak ateratzeko, irakasleen gogo-ahaleginez gain, prestakuntza ere behar da. Prestakuntza horren eskaerari erantzun nahirik, hainbat ikastaro, mintegi, eta antzeko antolatu izan ohi da. GARATU eta IRALEko prestakuntza bideak erabili izan ohi dira honetarako.

 IKASTETXEEN ERROTULAZIOA

Goian azaldutako eskolagiro horretan begibistako eragina du ikastetxeko errotulazioak. Lan hau ikastetxeko hornikuntzaren atal bat gehiago gisa hartzeko joera dago. Agian gutxik ikusten dituzte horren atzean dauden bestelako helburuak. Batetik, eskola-bizitza hobetzeko eta bere antolamendua errazteko sistema moderno, egoki, eta erabilgarri bat topatzea. Bestetik, bere hizkuntza egoera normalduan duten herrialdeetako errotulazioei eskatzen ez zaien helburu zehatza: euskara ikasten ari den ikaslegoa hizkuntza horren ikasgelaz kanpoko eguneroko presentziara ohitu dadin laguntzea, eskola-giroa euskalduntzeko urratsei emendiozko beste bat erantsiz. Seinalizazio arloko euskara normaltzeko eta estandarizatzeko aurrerapauso handiak eman dira, herri ikastetxeetan behintzat, 1985ean lanari ekin zitzaionetik. Horren lekuko dira argitaratutako bi liburuak.

 AURRERA BEGIRA EGIN BEHARREKO GOGOETA

NOLEGA ataletik bultzatzen diren programa eta ekimen guztiok dituzten helburuak lortuko badira, ikastetxeetako kidego desberdinen harrera ona, etengabeko lana, eta plangintza behar-beharrezkoak dira. Orain arteko harrera ona izan da, dudarik gabe, eta urtetik urtera hazten joan dira programetako parte-hartze datuak. Irakasleek programa hauetan parte hartzerakoan egiten duten ahalegina eta lana ere goraipatzekoa eta txalotzekoa da.

Agian plangintzaren arloa dago makalen. Esan nahi baita, programa hauek banan-banan eta elkarrekiko lotura handiegirik gabe aurrera eraman izan direla hainbat ikastetxetan. Programa eta ekimen guztiok osotasun batean eta plan osatu modura planteatu beharra azpimarratu nahi dugu, aurten berriro ere. Aurkezpen txosten hau ikasturte hasiera honetan gaia aztertzeko eta ikastetxeko proiektuak egiteko lagungarri izatea nahi genuke. Programa hauei guztiei koherentzia, egonkortasuna, eta aitzinatze etengabekorako behar den segida ziurtatzeko erabat komenigarria da Ikastetxeko Proiektuan edota Hizkuntz Normalkuntza Proiektuan txertatzea ekimen hauek guztiak.

 BESTE ERAKUNDEEN EKIMENAK

Erabileraren areagotu nahian, ikastetxeez eta Hezkuntz Administrazioaz aparte beste hainbat erakunde edo elkarte ere aritu izan da azken urte hauetan. Hala nola, udaletako euskara zerbitzuak aisialdian eta eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera ziurtatu nahian dabiltza. Foru Aldundiek ere, udalekuak antolatuz edo Eskola-Kirola programaren bidez, badute zer egina arlo honetan. Guraso elkarteen ekimenak ere ikusi ditugu han eta hemen arlo honetan eragin nahian. Eta azkenik, Euskara Elkarteen sorrera ere hor dago. Hauek ere umeen eta gazteen hizkuntza erabilera beraien sorrerako helburuen artean goi erpinean duten gaia dute.

Bukatzeko, gogoeta moduan aipatu arlo honetan egiten ari garen ahalegina bakoitzak bere aldetik egiten ari garela. Seguruenik denak eta gehiago izango ditugu beharrezko, baina gutxienez besteena ezagutzea ezinbestekoa da. Eskola Hiztun Bila 1991ko argitalpena izan dugu honetan aitzindari. Gaur egun, Hizkuntz Normalkuntza Proiektuen zabalkundeari esker informazio bide hauek nabarmen hobetu dira.

 IKASTETXEKO PLAN OSATUA

Ikasleei begira aritzea ez dela nahikoa begibistakoa da. Ikastetxeko helduen mundua ere hor dago; klaustroak, mintegiak, irakasleen arteko harremanak, gurasoekikoak.... Material idatziek ere garrantzi handia dute ikastetxearen bizitzan; aktak, inprimakiak, gutunak.... Azkenik, ikastetxeak berak ere, herriko erakundea den heinean, dagokion eragina izan beharko luke gizartean hizkuntza normaltzeko bidean.

Beraz, hainbat zutabe ditugu aztergai; ez bakarrik ikasleena. Batetik, hizkuntza irakasteko erabiltzen ditugun tresnak eta metodologiak etengabe aztertzea eta fintzea komeni zaigu. Erabiltzen ditugun testuak eta materialak ere aztertzea beharrezkoa da. Bestetik, irakasleok prestakuntza aldetik ditugun gabeziak azaleratu eta lotsarik gabe gainditzera jo behar dugu. Erabileraren auziari eta harreman esparruenari aurre egin behar diegu modu eraginkorrean, ez soilik ikasleei begira jarriz, ikastetxeko planteamenduak eginez baizik. Hau da plan osatua, hauxe besterik ez da Hizkuntz Normalkuntza Programa (HNP), arlo bakoitzaren gaur egungo egoera aztertzetik abiatuz, hurrengo urterako edo urteetarako zentzuzko norabide eta helburuak finkatzea, adostea, eta gauzatzeko neurriak eta baliabideak jartzea.

 HIZKUNTZ NORMALKUNTZAKO PROGRAMA

1996-97 ikasturtean 23 ikastetxeetan Hizkuntza Normalkuntzako saiakuntza proiektuak bideratu ziren. Gerora 1997-98 eta 1998-99 ikasturteetarako proiektu hauetan parte hartzeko deialdi irekiak egin ziren. Deialdi hauetan sartutako ikastetxeak dira gaur egun proiektu hauetan ari direnak. Urte hauetan baja gutxi batzuk egon badira ere, gaur egun 303 ikastetxek jarraitzen dute programa honetan. Labur-labur esanda hauek dira proiektu hauen zutabe nagusiak:

  • a) Normalkuntza proiektuen motorra ikastetxean bertan dago.

Nork bere egoeratik abiatuta, normalizazioa norberarengan hasten da, nekez normalduko da haurren arteko erabilera ikastetxeko helduek dena eginda dutelako edo dagoeneko nahikoa egiten dutelako uste ustelean badaude. Tokian tokiko heldutasun maila horren arabera bideratu dira urte hauetako norabideak. Zenbat eta adostuago izan aldez aurretik hezkuntza-komunitatea, orduan eta aurrerapauso gehiago; eta, aitzitik, pertsona solteen edota irakasle-taldeen arteko interes kontrajarrien zio izanez gero, orduan eta mantsoago ikastetxearen osotasunari dagokion dinamika. Guzti honetarako ezinbesteko tresnak dira ikastetxeko Hizkuntz Normalkuntzako Arduradun Teknikoa eta Normalkuntza batzordea.

  • b) Ikastetxeko motor hori kanpoan ere elikatu egin behar da.

Ikastetxeko HNATak aldi berean suspertu, prestatu eta koordinatu behar dira. Lan hauetan Hezkuntza sistema barneko PATetako (gaur egun berritzeguneak) Hizkuntz Normakuntzako Teknikariak aritu izan dira urte hauetan guztietan aholkua eta laguntza eskaintzen. Bestalde kanpoko aholkularitza eta prestakuntza ere izan dute proiektu hauek. Lan hauetan UEU, Mondragon Unibertsitatea, eta Ikastolen Elkartea aritu dira.

  • c) Ikastetxeak eta inguruneak elkar elikatu behar dute.

Ghetto sindromeari aurre egiteko lan hezitzailea inguru hurbileko egunerokoan txertatu behar da. Euskarak bizitasun etnolinguistiko handiagoa duen tokietan, bistan da, aukera zabalagoa izango da. Hala ere, dagoen hori optimizatu behar denez, ikastetxea ezin da bere oskolean geratu. Bere baitara sakonen begiratzeko gauza izan zirenek somatu zuten gehien inguruneko arnas-indarraren premia. Beraz, ikastetxearen hormaz barrukoa normaldu ahala, hormaz kanpokoan aurrerapausoak egin behar dira. Ikastereduen intentsitateari gehitu egin behar zaizkie aisialdiaren eta haur-gazteen harreman sareetako eragileen intentsitateak. Eta horretarako, bistan da, helduok gara bidegileak eta edonon dago zeri heldu. Izan ere, ikastetxeetako hezkuntza elkartea osatzen duten helduek (irakasleek, gurasoek, laguntzaileek, ikasle-ohiek,...) zertarako behar duten euskara egunerokoan, horren araberako erantzukizunak hartzen dituzte normalkuntza proiektuon bidez.

  • Zer egiten du ikastetxeak, pausoz pauso
  1. Hizkuntza Normalkuntza Programan sartzeko erabakia hartu.
  2. Diagnostikoa burutu (Neur Kareletik aplikazio informatikoa erabiliz).
  3. HNAT (teknikaria) eta HNB (batzordea) osatu eta dedikazioak finkatu.
  4. Hizkuntz Normalkuntza Proiektua diseinatu.
  5. Hizkuntz Normalkuntza Proiektua adostu.
  6. Proiektuaren ikasturteko plana finkatu.
  7. Ulibarri programaren bidez koordinatu, prestakuntza jaso.
  8. Informazioa jaso eta trukatu. Programa kudeatu.
  9. Proiektuaren ikasturteko ekimenak ebaluatu.
  10. Proiektuaren jarraipena egin (Neur Kareletik...).
  11. HNP (proiektua) ikastetxearen bizitzan erabat txertatu.
  12. Proiektua osatu, hobetu, adostasun berriak bildu.

 ULIBARRI PROGRAMAREN ANTOLAMENDUA

Bistan da 303 ikastetxeetako programen arteko loturak, koordinazioak, topaguneak lortzea ez dela gauza erraza. Nekeza bai baina beharrezkoa ere bai, bakoitzak bere aldetik ibili gabe ditugun baliabide urriak ondo aprobetxatuko baditugu.

Labur-labur esanda hauxe izan da finkatu den antolamendu eredua:

  • Ikastetxeko Hizkuntza Normalkuntzako Arduradun Teknikoa (HNAT) eta Ikastetxeko Normalkuntza Batzordea (HNB): Plana koordinatzea eta dinamizatzea da bi hauen ardura. Ikastetxeko gainontzeko guztiak ere hauetatik dinamizatzen dira.
  • Gunea: HNATak bailaraka elkartuz gunea osatzen dute. Gune hauetan azpiguneak ere izan daitezke kopuruak edo helburuak horretara behartuta. Gune hauen koordinazio eta dinamizazio lanak Berritzeguneko Hizkuntz Normakuntzako Teknikariak (HNT) hartu ditu bere gain. Guneari HNATen prestakuntza-helburua ere ezarri zaio. Gunea gutxi gora behera hilean behin biltzen da.
  • HNATen prestakuntza: Ikasturtero irail-urrietan HNT eta HNATentzat prestakuntza saioak antolatzen dira. Saio hauetaz goian aipatutako aholku-elkarteak arduratzen dira.
  • HNTen arteko koordinazioa: HNTen arteko koordinazioa eta lanen banaketa. Antolatzea ezinbestekoa da. Ikasturteko lau koordinazio saio antolatu ohi dira. Bertan 18 HNTak aholku-elkarteekin eta HN programako arduradunarekin batera estrategia bateratuak finkatzen dituzte. HNTez osatutako lan-taldeak bertan antolatzen dira eta epe laburrerako helburu jakinak ezartzen zaizkie talde hauei. Saio hauei ere HNTen prestakuntza-helburua ezarri zaie.
  • NOLEGA programa: Euskara Zerbitzuko atal honi dagokio programa osoaren kudeaketa. Horretarako aholku-elkarteekin etengabeko harreman estuan egon behar izaten du. HNTekin ere etengabeko harremanak ditu NOLEGA atalak. Hizkuntz Normalkuntza eta oro har NOLEGA programako bestelako gai guztiak izaten dira aztergai koordinazio eta informazio saio hauetan.
  • Jarraipen eta Ebazpen batzordea: Programa honetan sartuta dauden ikastetxeen jarraipena egitea da batzorde honen helburu nagusia. Bertan aztertzen da ikastetxeen jarraipena programan edota programa uztea erabakitzen duten ikastetxeen kontua. Batzorde honi dagokio gaiaren inguruko erabaki-proposamenak sailburuordeari helaraztea.
  • Ebaluaketa: Ikasturtero ikastetxe bakoitzak hausnarketa-galdekizuna betetzen du. Hurrengo ikasturterako plana ere sasoi horretan bete ohi dute. Galdekizun hauen hustuketetatik hainbat bilduma eta datu atera dira berriro ere ikastetxeetara itzuliz berauek elikatzeko. HNTk ere aldian-aldian ikastetxe bakoitzaren proiektuaren inguruan irizpen txostena egiten du. Txosten hauek aintzat hartuz Ebazpen eta Jarraipen batzordeak dagokion ebazpen proposamena helaraziko dio sailburuordeari.
  • Bildumak eta materialgintza: HNPen inguruan hainbat bilketa lan osatu dira jadanik. Guneko materialak dira batzuk, HNTren lan-taldeen fruitu besteak, aholku-elkarteen sormen lanak ere badira.... Irailean argitaratu da hauetatik lehena “Neur kareletik hizkuntza egoeraren popatik brankara”, ikastetxeko erabileraren diagnostikorako tresna informatizatua dugu berau. Ahozkotasunaren inguruko alea, neurketa eremu informalean, eta aisialdiaren inguruko lanak ere inprimategi bidean dira jadanik. Hauen ondoren prestakuntzan dauden hainbat lan argitaratuko dira berandu baino lehen.

Argitaratuko ez direnak ere badira, ondo gordeta eta sailkatuta, eta hauek ere luzamendutan gehiegi aritu gabe laster izango dira ikastetxeen eskura antolatzen ari garen dokumentazio-gunearen eskutik.

ULIBARRI programa: Denok ari gara ahalegin berean. Goian aipatutako 303 ikastetxe hauek eta beste hainbat seguruenik. Bertan irakasle eta teknikariok, bertan guraso eta ikasleak... . Denok batera osatzen dugu gogo bat, asmo bat. Baina oraingo honetan ez gaude bakarrik; asko gara, eta elkar laguntzeko, elkarri animatzeko oso prest gaude gainera. Denok dakigu lan hauetan bakarrik aritzeak, bakarrik sentitzeak, eta aurrerapenak argi ez ikusteak berez dakarren nekea, baina ULIBARRITARROK ez gaude bakarrik eta hori laguntza handia da. XIX. mendearen amaieran Arabako Okondon jaio, eta Abandon euskaltzale sutsu agertu zitzaigun pertsona aukeratu da programa bat erabiltzeko.

 Zer lortu da ULIBARRI programarekin urte hauetan

Hona hemen lorpen aipagarrienak atalez atal:

  • Ikastetxeetan:

-Ikastetxeetan hizkuntzaren arlo formalean zein informalean eragina izaten ari dira HNPak.

-Euskararen erabilera eta kalitatea ikasleen kontua izatetik irakasleen eta ikastetxeko beste helduen ardura izatera iritsi da.

-Ikastetxeetan HN batzordeak sortu dira. Aipatzekoak dira, gainera, ikasleen batzordeak eta berauen parte hartzea dinamizatzaile eta antolatzaile gisa.

-Programa honetan ikastetxeetako irakasleen inplikazioa lortu da, lehen hezkuntzan zein bigarrenean.

-Orain arte ukitu ezinak izan diren hainbat gai azaleratu dira eta eztabaidagai bihurtu; euskal irakasleen hizkuntzazko prestakuntza, ahozkotasuna, helduen arteko hizkuntza erabilera, kalitatea, euskalkiak, etab.

-Hainbat gaien inguruko eguneratzeak eta hausnarketak egiteko abagunea izan da programa; elebitasuna, hizkuntzen trataera, hizkuntzen didaktikarako oinarrizko baldintzak, baliabideak, etab.

  • Prestakuntzaren arloan:

-Irakasleen hizkuntz prestakuntza hobetzeko akuilu bihurtu da HNPa. Sakontze eta eguneratze beharrak eta gogoak ugaldu dira.

-Prestakuntza beharrei erantzun beharrak ahalegin bereziak eskatzen dizkie emaileei. Ondorioz, arlo hauetan ere bide berriak urratzen ari dira. IRALE barruan ere erronka berriak eta etorkizunerako bidea erakusten hasia da.

-HNT eta HNATen prestakuntza. Bide batez beste hainbat irakasleena ere lortu da.

-Euskalgintzan dihardugunon prestakuntza bereziaren beharra azaleratu da. Prestakuntza hau finkatzea eta eskaintzea izango da hurrengo urte hauetarako erroka.

  • Sailaren egituretan:

-HNTen sarearen berregituraketa, koordinazioa eta elkarlana lortu da.

-HNTak oso ondo ezagutzen dituzte Hezkuntza Sailak euskararen arloan dituen programak eta berauen prozedurak. Inoiz ez bezala ari dira betetzen informazio eta prestakuntza hori ikastetxeetan zabaltzeko lana. Programaren bidez Zerbitzu Nagusietatik, HNTen bitartez, ikastetxeetara heltzeko bide arina eta eraginkorra lortu da.

-Laguntza zerbitzu desberdinen arteko ezagutza eta elkarlana bideratu da; Berritzeguneetako HNTak, Euskal Girotze Barnetegiko irakasleak, IRALEkoak, etab.

-HNTak prestatuagoak dauden heinean bestelako irakasleen eta klaustroen prestatzaile bihurtzen ari dira.

  • Guneko lanean:

-Sare desberdinetako eta ziklo desberdinen arteko elkarlana.

-Ikastetxeen arteko esperientzien trukaketa aberatsa.

  • Unibertsitatean, gainerako euskalgintzan:

-Unibertsitate mailako adituen inplikazio sakona programan.

-Euskalgintzan diharduten eragile ezberdinen elkar hartzea eta topagunea izaten ari da Ulibarri programa.

-Programa honen bidez edo elkarlanean, udal mailako beste ekimen batzuk ere aurrera ateratzen ari dira.

-Ikastetxeen euskalgintzako ahalegina ikastetxeetatik kanpora ere iristen ari da; udalak, hornitzaileak, aisialdiko taldeak, etab.

  • Materialgintzan:

-Materialgintzaren arloa ere era nabarmenean jorratzen ari da. Lan bikainak egiten ari dira bilketa arloan, diagnostikorako tresnak era informatizatuan prest daude, etab. Oraindik argitaratu ez badira ere laster helduko zaie txanda.

 OROKORREAN ZER LORPEN ERDIETSI DITUGU

  • Euskaren irakaskuntzan urtetan aritutako irakasleentzat HNPa pizgarri eta motibagarri berria izan da.
  • Talde lanaren bizipenak eta elkar laguntzaren espiritua sentitu dira langintza honetan; guneetako lanean, HNTen arteko koordinazioan, aholku-ekarteekiko harremanetan, NOLEGArekin...
  • Ulibarri programa hedadura handikoa da, 8.000 inguru irakasleengan eta 127.000 ikasleengan du eragina gaur egun.
  • Oso programa zaila eta berritzailea izanik, laugarren urtez eta ia konfliktorik gabe aurrera eraman ahal izan da.
  • Erabilitako giza eta material baliabideak urriak izanik ere, izan duten oihartzuna eta atera zaien etekina. HNAT batzuen lana ere goraipatzea zilegi da une honetan.
  • Orain arte bakarka egindako hainbat ahalegin konpartitu, bateratu, berpiztu, eta indartu dira.

Programaren izpirituarekin asmatzea bera lorpentzat har daiteke; euskararen optimizazio mailakatua, normalkuntza ulertzeko modu baikorra, inposiziorik ez, bermatu bai, denon eskubideak izan kontuan, etab. Aniztasunaren trataera hizkuntzaren arlora eramaten jakin izana. Ikastetxeak borondatez sartu, borondatez irten

 AURRERA BEGIRA ZER?

·         Sortutako ilusioak eta itxaropenak bizi mantentzea.

·         Prestakuntza beharrei aurre egiteko giza-jendea prestatzea.

  • Programa bera sendotzea eta, kudeaketa bideak erraztuz, aldi berean erabat finkatzea eta errotzea ikastetxeetan.
  • Ez da lortu, nahi adina behintzat, hezkuntza administrazioaren instantzia desberdinetan (egoitza nagusia, ordezkaritza, ikuskaritza, Berritzeguneetan...) hizkuntz normalkuntzaren ikuspegi integratua osorik garatzea. HN, oraindik ere, euskara alorreko teknikoen edo euskararen atal modura ikusten da, eta ez denok hartu behar duten osagai bezala.
  • Ulibarri programan gauden guztion arteko topagunea den web-orria sortu dugu: www.ulibarri.info. Bertan ikastetxe bakoitzak aurkituko du bere proiektua kudeatzeko behar duen tresneria guztia. Aldi berean, gai erabileraren inguruan biltzen ari garen dokumentazio osoa bertan kontsultatzeko eta jasotzeko aukera izango du. Azkenik, Ulibarri programaren inguruan gabiltzanon prestakuntza eta trukegunea izango dugu orri hau. Euskalgintzan ari diren beste guztiek ere helbide honetan aurkituko gaituzte.
  • Urte askotarako lana hasi dugu. Ikastetxeko HNPa ez da hasi eta amaitu egiten den programa. Sendotu eta finkatu bai, baliabideak jarri eta prestatu ere bai, mantso baina aurrera egiteko bidea dugu normalkuntza; ziur gaude. Zuei guztioi, bidelagun eta lankide zareten horiei, gure eskerrik zintzoena eta zorionak orain arte egin duzuen lanagatik. Gainontzeko erabilera eragileei, berriz, gonbiterik zintzoena gurekin elkar hartuz aritzeko.

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Kokapen geografikoa: 
EAE
Egilea(k): 
Iñaki Artola
Urtea: 
2003