Nafarroako irakaskuntzaren egoeraren berri

D ereduaren hazkundea oso nabarmena izan da eremu euskaldunean eta mistoan, hamar urteko epean kopurua bikoiztu egin baita. Eremu ez euskaldunean epe berean emaitza lau bider handitu da, baina abiapuntua oso baxua zen. A ereduaren hazkundea oso nabarmena izan da eremu ez euskaldunean eta

Administrazioak D eredua irakaskuntza publikoan aukeratzeko eskubidea bermatuko balu D ereduaren hazkundea nabarmenagoa izanen litzateke.

euskarazko irakaskuntzaren bidez, euskararen galera prozesua etetea lortu da belaunaldi gazteen elebiduntze prozesua abian delako. Gizartearen sektore handi baten konpromisoa gauzatzen ari dela ikusteko erarik argiena datuak ikustea da.

Baina datu hauek ez dituzte euskararen normalizazioa bilatzen duten eragileek bakarrik irakurtzen, eta hizkuntzaren normalizazioa oztopatu nahi dutenek, euskararen aldeko bilakaera ikusirik, gizartearen aldeko jarrera desaktibatu behar zela erabaki zuten. 1998an kanpaina mediatiko oso egituratua abiatu zen

Hezkuntza sistema bera ahultzeko “Hizkuntzen irakaskuntza hobetzeko plana” abiatu zen. Plan honen helburu nagusia atzerriko hizkuntzak (ingelesa) Haur Hezkuntzako lehen mailatik aurrera bultzatzea zen, baina diseinua egiterakoan abiapuntuko eredua G izan zen, eta honek arazoak sortu ditu D eta A ereduetarako

Baina gai hauek aurrera ateratzeko ardura Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak dauka, Departamentuko beste zerbitzu batzuekin batera.

erabaki horren atzean arrazoi politikoak daude: euskararen garapenarekin lotura duen edozer ezin izanen da bideratu, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren galbahetik ez bada pasatu.

Euskarazko irakaskuntza ziklo guztietan ikasteko eskubidea bermatu behar da, eta lan berezia egin behar da lanbide heziketan, dagoen eskaintza oso txikia delako. Gero eta ikasle gehiagok hautatzen dute bide hau, eta euskaraz ikasteko aukera ez bada bermatzen hizkuntzaren berreskurapen prozesua moztua gera daiteke.

Orain arte ez da lortu etorkinak D eredura erakartzea, eta 3 urteko haur gehienak G ereduan matrikulatzen dituzte beren gurasoek. Gaia korapilatsua da etorkin horien mugikortasun geografikoa oso handia delako, eta joera naturala hizkuntza nagusian matrikulatzea da. Baina etorkinen pisu demografikoa gero eta handiagoa da, eta euskararen normalizazioa bere osotasunean lortu nahi bada sektore guztiak prozesuan nola integratzen ahal diren aztertu behar da.

Hizkuntzaren normalizazio prozesua hezkuntza munduan aztertzeko orduan, bi ikuspegi nagusi antzematen dira lehen begiradan; botila erdi betea edo erdi hutsik, herriko esaeraren moduan:

Baina, denok gauza batean ados gaude: beren helburu nagusia D eredua ahultzea dela, Nafarroan euskararen berreskuratze prozesuan oinarrizko zutabea delako. Eta hor hasten da gure lana.

 

SARRERA

 Ideia hau maiz azaldu bada ere, berriz aipatzea komeni da: euskararen normalizazio prozesua hezkuntza arloan Nafarroako gizarte eragileei zor zaio neurri handi batean, Administrazioa (instituzioen ardura duten eta izan duten alderdi politikoak) honen kontra ari baita. Administrazioak beti gizartearen eskaeraren ondoren onartu du euskararen alde hartu beharreko neurriren bat: ikastolak 60ko hamarkadan klandestinitatean sortu ziren, 70eko hamarkadan irakasleen aldeko jarrerari esker hasi zen euskaraz irakasten eskola publikoetan, eta honi esker Administrazioak 11 maisu maistra kontratatu zituen “cupo de bilingüismo” deiturikoa sortuz. 80ko hamarkadaren hasieran gero eta nabarmenagoa zen herritar askoren euskararen aldeko konpromezua eta euskarazko irakaskuntza errealitate bilakatzen ari zen, nahiz eta legezko onarpenik ez zen gertatuko 1986 urtera arte, Euskararen Legea onartu zen urtea, hain zuzen ere.

EUSKARAZKO IRAKASKUNTZAREN ARAUTZE PROZESUA

1986an Euskararen Legea onartu zen. Lege hau beste Elkarte Autonomoetan baino bost urte beranduago onartu zen eta etorkizunean berebiziko garrantzia izan zuen zonifikazioa zehaztu zuen. 1988ko Foru Dekretuen bidez hizkuntza ereduak arautu ziren (G, A, B, eta D):

  • -          Eremu euskalduna: A eta D ereduak eskaintzen dira.
  • -          Eremu mistoa: G eredua derrigorrezkoa da eta A, D ereduak aukeratu behar dira. G ereduko ikasgai guztiak gaztelaniaz ematen dira
  • -          Eremu ez euskalduna: G eredua da derrigorrezkoa eta A eredua aukeratu behar da. D ereduan ikasi ahal izateko aukera bakarra irakaskuntza pribatuaren bidez, hau da, ikastolen bidez egin daiteke

 1990eko hamarkadan D ereduaren sendotzea eta hazkundea gertatu zen. Datuak oso adierazgarriak dira:

  • -          Eremu euskaldunean 1988/1989 ikasturtean ikasleen % 49k D ereduan ikasten zuen eta 2000/2001 ikasturtean % 85ek.
  • -          Eremu mistoan 1988/1989 ikasturtean ikasleen % 13k D ereduan ikasten zuen eta 2000/2001 ikasturetan % 28k. A ereduan, berriz, ikasleen %22k ikasten zuen 2000/2001 ikasturtean eta % 50ek G ereduan.
  • -          Eremu ez euskaldunean 1988/1989 ikasturtean % 1,35ek ikasten zuen eta 2000/2001ean % 5,35ek. A ereduan, aldiz, bilakaera nabarmenagoa izan da % 0tik % 35era pasatu baita 10 urteko epean.

 D ereduaren hazkundea oso nabarmena izan da eremu euskaldunean eta mistoan, hamar urteko epean kopurua bikoiztu egin baita. Eremu ez euskaldunean epe berean emaitza lau bider handitu da, baina abiapuntua oso baxua zen. A ereduaren hazkundea oso nabarmena izan da eremu ez euskaldunean eta datu honek oso garbi adierazten digu eremu honetan dagoen euskararen aldeko jarrera. Baina ez da ahaztu behar euskaraz ikasteko aukera bakarra ikastolak direla, eta Erriberan ikastolak sortzea prozesu zaila da (egun, gehienak alegalak dira). Administrazioak D eredua irakaskuntza publikoan aukeratzeko eskubidea bermatuko balu D ereduaren hazkundea nabarmenagoa izanen litzateke.

 Datuen ikuspegi orokorra izateko, ondoko taulan ereduen bilakaera aurkezten da. Dena den, bi ohar egitea komeni da:

  • -          Matrikulazio datu ofizialak lortzea lan neketsua da Hezkuntza Departamentua oso zuhurra delako. 2001/2002 ikasturtetik aurrerako datu ofizialak lortzea ezinezkoa izan da eta iturri ezberdinetatik lortutako datuek joera mantentzen dela baieztatzen badigute ere, datuak bat ez datozenez, ez jartzea erabaki da.
  • -          Batxilergo eta Lanbide Heziketako datuak ez dira tauletan sartu. D eredua 1988 urtetik indarrean dago eta ikasleen kopuruak oraindik ez dira oso esanguratsuak. Gainera, ez da ahaztu behar Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko egiten den eskaintza hutsaren hurrena dela, eta eskaintzarik ez dagoenean begi-bistakoa da ezin dela aukera hori egin. 

NAFARROA. EREDUEN BILAKAERA (Portzentaiak)

HAUR HEZKUNTZA

Ereduak

1996/97

1997/98

1998/99

1999/2000

2000/01

 

 

 

 

 

 

D eredua

24,50

25,88

26,88

27,90

28,45

A eredua

21,89

25,89

27,86

29,07

30,45

G eredua

53,61

48,23

45,26

43,02

41,20

Ikasleak guztira

13.994

13.885

13.958

14.161

14.662

 

LEHEN HEZKUNTZA

Ereduak

1996/97

1997/98

1998/99

1999/2000

2000/01

 

 

 

 

 

 

D eredua

20,38

21,19

21,90

22,72

23,41

A eredua

15,18

17,75

20,10

22,54

24,63

G eredua

64,42

61,06

58,00

54,74

51,96

Ikasleak guztira

30.123

29.646

29.188

29.159

29.229

 

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

Ereduak

1996/97

1997/98

1998/99

1999/2000

2000/01

 

 

 

 

 

 

D eredua

15,35

15,79

16,74

17,81

18,46

A eredua

7,77

8,57

8,21

8,93

10,51

G eredua

76,88

75,64

75,05

73,26

71,03

Ikasleak guztira

18.662

23.742

22.998

22.072

21.549

Iturria: Nafarroako Estatistika Institutua

 

 

 Hezkuntzaren garrantzia euskara berreskuratzeko prozesuan oso nabaria da. Erroldetako datuak azterturik, euskara Nafarroan desagertzeko zorian zegoen 70eko hamarkadan belaunaldi gazteak erdaldun elebakarrak zirelako (eremu euskaldunean izan ezik, baina ez da ahaztu behar eremu honetan biztanleen %10 besterik ez dela bizi). Baina, euskarazko irakaskuntzaren bidez, euskararen galera prozesua etetea lortu da belaunaldi gazteen elebiduntze prozesua abian delako. Gizartearen sektore handi baten konpromisoa gauzatzen ari dela ikusteko erarik argiena datuak ikustea da. Horretarako Eusko Jaurlaritzak orain gutxi aurkeztu duen Euskararen Jarraipena III ikerketa soziolinguistikoan dagoen adin-taldekako taulan azaltzen da:

HIZKUNTZA-GAITASUNA ADINAREN ARABERA. NAFARROA. 2001

Hizkuntza-gaitasuna

Guztira

>=65

50-64

35-49

25-34

16-24

 

Elebidunak

10,3

9,4

8,4

9,4

10,7

15,8

Elebidun hartzaileak

6,6

3,1

6,6

11,5

3,8

6,8

Erdaldun elebakarrak

83,1

87,5

85,0

79,1

85,4

77,4

Iturria: Euskararen jarraipena III. Eusko Jaurlaritza. 2003

 

  

HEZKUNTZA POLITIKAREN ILDOAK

 Baina datu hauek ez dituzte euskararen normalizazioa bilatzen duten eragileek bakarrik irakurtzen, eta hizkuntzaren normalizazioa oztopatu nahi dutenek, euskararen aldeko bilakaera ikusirik, gizartearen aldeko jarrera desaktibatu behar zela erabaki zuten. 1998an kanpaina mediatiko oso egituratua abiatu zen, eta hauek izan ziren mezu nagusiak:

  • -          Euskara Administrazioan sartzeko baloratzeak Nafarroako erdaldun elebakarren bazterketa eragiten du.
  • -          Euskara Nafarroako ondare kulturaletako bat da, baina hizkuntza zaharkitua da, eta ez du balio gaur egun zientziak eta kulturak eskatzen duten aberastasuna transmititzeko.
  • -          Euskara Europako hizkuntza nagusiekin parekatu behar da, eta Gobernuak ahalegin berezia egin behar du hezkuntzaren bidez nafarrak hizkuntza “moderno” horietan behar bezala trebatzeko.

 2000ko ekainean UPNren Gobernuak Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusian aldaketa sakona egitea erabaki zuen, eta horren ondorioz ordurarteko arduradunek dimisioa aurkeztu zuten. Eta hemen abiatu zen Gobernuaren ikuspegitik jarraitu behar zen hizkuntza politikaren definizio berria: “Kontzeptu honek honakoa esan nahi du: Nafarroako Gobernuak, demokratikoki hautaturiko nafar gizartearen ordezkari den aldetik, gizarteko hizkuntzen inguruko egoera eta arazoei eman behar dien laguntza sistematiko, zorrotz, eta antolatua, beraien irakaskuntza, garapen, erabilera, eta balorazioaren gaineko erabakien bitartez. Izan ere, euskarari buruz ari gara eta, oraingoz, ingeles, frantses, eta aleman hizkuntzei buruz ere bai, espainieraz gain, zeinaren eskaera, atzerrian, orain arte sekula pentsatu gabeko mailara iristen ari baita. Nolanahi ere, egia esanda, hala dagokio, hizkuntza honek -espainierak- bostehun milioi hiztunetik gora baititu, eta aberastasun izugarri handia sortzen baitu, unibertsitatearen eta hizkuntzaren eremuan, jakina” (Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren Memoria. 1997- 2002).

 Hizkuntza Politika zer den ahazturik eta beraiek egindako birdefinizioan oinarrituta abiatu ziren lehen erabakiak:

  • -          135/1994 Foru Dekretua, euskararen erabilera Administrazioan arautzen zuena, bertan behera utzi zuten, eta 372/2000 Foru Dekretua, abenduaren 11koa, Nafarroako Administrazioetan euskararen erabilera arautzen duena onetsi zuten. Epaileek Dekretua indargabetu zuten tramitean forma akatsak zeudelako, eta eduki bera zuen 29/2003 Foru Dekretua, urtarrilaren 27koa, onetsi zuen Gobernuak. Baina benetako arazoa ez zen forma, edukia baizik, eta hain zuzen ere hori zen euskalgintza dekretu hori bertan uzteko egindako helegiteen funtsa; honen bidez, euskara administrazioko hizkuntza izatea galarazi zen herritar euskaldunen eskubideak murriztu nahi zituztelako eta euskarak lana lortzeko zuen prestigioa ezabatu nahi zutelako. Euskararen kontra daudenen kalkulua da motibazio instrumentala duen jendeak alde batera utziko duela D eta A ereduak aukeratzeko erabakia.
  • -          Hezkuntza sistema bera ahultzeko “Hizkuntzen irakaskuntza hobetzeko plana” abiatu zen. Plan honen helburu nagusia atzerriko hizkuntzak (ingelesa) Haur Hezkuntzako lehen mailatik aurrera bultzatzea zen, baina diseinua egiterakoan abiapuntuko eredua G izan zen, eta honek arazoak sortu ditu D eta A ereduetarako programazioak zailtasunez egoki daitezkeelako beste eredu baten araberako helburuetara.
  • -          Eta azken urratsa, momentuz, hizkuntza eredu berriak sortzeko prestatu den ereduaren zirriborroa da. Euskararen Aholku Kontseiluak zirriborroa onartu zuen 2003ko maiatzean eta gizarte sektore askotatik (sindikatuak, guraso elkarteak, alderdi politikoak, eta euskalgintza) muga gabeko atzerapena eskatu da beharrezkoa den eztabaida eta adostasuna bilatu behar dela argudiatuz. Proposatzen diren eredu berriak hauek dira: I eredua (ikasgaien % 30 gutxienez Europako hizkuntza batean eta gainerakoa gaztelaniaz) eta J eredua (ikasgaien % 30 gutxienez Europako hizkuntza batean, %40 gutxienez gaztelaniaz, eta ikasgai bat euskaraz). B ereduaren ebaluazioa aztertzea nahikoa da, euskara lehen hizkuntza ez den ikasleen kasuan, proposamen honen bidegabekeriaz ohartzeko, baina euskarazko irakaskuntza ahultzeko astakeriarik handiena Erreinuko harri-bitxi bilakatzen ahal da.

 2003ko hauteskundeen ondoren Nafarroan UPN eta CDN alderdiek osatutako koalizio gobernua atera zen. Hezkuntza Departamentuko ardura UPNk hartu zuen eta uztailean Departamentuaren egitura organiko berria onetsi zen 233/2003 Foru Dekretuaren bidez. Lanen ardura eramateko bi Zuzendaritza Nagusi finkatu dira:

  • -         Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusia: irakaskuntza ez unibertsitarioa kudeatzeko eskumenak ditu.
  • -         Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia. Izenak garbi adierazten du zuzendaritza honen betebeharra. Baina hemen gogoratu behar da zein den “hizkuntza politika”ren esanahi berria: hizkuntza politika ez da Nafarroako hizkuntzen normalizazioa lortzea, baizik eta hizkuntza guztiak aintzat hartzea, maila berean. Eta hau diskurtso mailan, zeren eta benetako abiapuntua gaztelania baita, eta ondoren ingelesa eta euskara, hurrenkera horretan.

 2003ko irailaren 19an Luis Campoy jaunak, Hezkuntza kontseilariak, Nafarroako Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordean Departamentuko lan ildoak aurkeztu zituen. Hauek dira azaldu zituen ildo nagusiak:

  • -         Hezkuntza sistemaren optimizatzea, bi ardatz hauetan oinarriturik: identitatea indartzea (Elkargoaren Historia, literatura eta kulturen arteko elkarrizketa) alde batetik, eta bestetik, ezagutzaren gizartean integratzeko ezinbestekoak diren tresnak eskura jartzea, hots, teknologia berriak eta “hizkuntza biziak”.
  • -         Berdintasuna aukeratzeko garaian: inmigrazioa, dibertsitatea…
  • -         Etengabeko formazioa eta heziketa.
  • -         Irakaslegoaren formazioa eta gaurkotzea.
  • -         Lanbide Heziketa, kalitatea hobetuz eta lan munduan sortzen den eskariari egokituz.
  • -         Batxilergoa LOCEk ezarritako helburuetara egokitzea.
  • -         Hezkuntzaren ikuskaritza indartzea, legeetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko.

 Lehenengo ildoan soilik aipatzen da euskara. Hau da kontseilariak legebiltzarreko agerraldian euskarari buruz adierazi zuenaren laburpena:

1. Kurrikuluaren garapena:

  • -         Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn, eta Batxilergoan indarrean dauden kurrikuluak aztertu eta Nafarroako errealitate instituzionalera egokitzea.
  • -         Egokitu behar diren kurrikuluetarako egokiak diren baliabide didaktikoak sortzea eta bultzatzea.

2. Irakasleen hizkuntza formazioa bultzatuko da, birziklatutako irakasleen hizkuntza gaitasuna aberasteko.

3. EGA agiriak nazioarteko onespena izan dezan bultzatzea, eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek agiria lortzeko dagoen prozedura aztertzea.

4. Euskararen erabilera bultzatzea, Nafarroako euskalkiak zabaltzea, eta ikasleen hizkuntza erregistroak aberastea.

 Baina gai hauek aurrera ateratzeko ardura Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak dauka, Departamentuko beste zerbitzu batzuekin batera. Arduren banaketa hau berezia da, orain arte ez baita halakorik ezagutu. Ez dago inolako arrazoi teknikorik arduren banaketa hau egiteko.

 Eta oinarri teknikorik ez badago zergatik egin da orduan aldaketa hau? Erantzuna berehala dator; erabaki horren atzean arrazoi politikoak daude: euskararen garapenarekin lotura duen edozer ezin izanen da bideratu, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren galbahetik ez bada pasatu. Zuzendaritza honen ardura, nahiz eta bere arlo espezifikoa ez den, honako hau da: ereduen ebaluaketa, baliabide didaktikoen gainbegiratzea, irakaskuntzarako gaitasun agirien probak diseinatzeko irizpideak finkatzea, irakasleen ikastaroetarako irizpideak eta baldintzak eta eduki akademikoen azterketa eta ebaluazioa egitea.

ETORKIZUNARI BEGIRA

 Orain arteko azalpenean nahiko garbi ikusi da euskarazko ereduen egungo egoera ez dela samurra, diseinatzen ari den hezkuntza politikak (LOCE, Unibertsitate Legea, hizkuntza eredu berriak…) euskararen normalizazioa oztopatzea bilatzen baitu. Orain arte giro honek ez du eragin handirik izan Haur Hezkuntzako aurrematrikulazioetan, baina D ereduaren hedapena nahiko moteldua dago irakaskuntza maila guztietan (bereziki Lanbide Heziketan), geldirik dagoela ez esateagatik. Baina ezin diogu gure buruari gezurrik esan, hizkuntzaren normalizazioa lortzea euskaldunon eta euskaltzaleon erantzukizuna baita. Erantzukizun hau guretzat erronka izan behar du eta inola ere ez zama, eta hurrengo urteetan arreta puntu bereziak izanen ditu euskalgintzarentzat. Jarraian garrantzitsuenak aipatuko dira; kontuan hartu behar da, ordea, egoera batzuk aldatu ahal izateko euskalgintzaren eguneroko lana ezinbestekoa dela, baina besteak ezin izanen direla aldatu erabakia ez dagoelako euskalgintzaren eskuetan bakarrik. Dena den, horiek aipatzea komenigarria dela ikusi da, gure jardueraren bidez aldatu ezin diren puntuak, edo aldatzeko zailagoak direnak, argi izan behar ditugulako, aldatzeko norabidean jar ditzagun.

 Hauek dira, beraz, nabarmentzen diren puntuak:

  • -         Euskarazko irakaskuntza ziklo guztietan ikasteko eskubidea bermatu behar da, eta lan berezia egin behar da lanbide heziketan, dagoen eskaintza oso txikia delako. Gero eta ikasle gehiagok hautatzen dute bide hau, eta euskaraz ikasteko aukera ez bada bermatzen hizkuntzaren berreskurapen prozesua moztua gera daiteke.
  • -         Eremu ez euskaldunean, irakaskuntza publikoan euskaraz ikasteko eskubidea eta legeztatu gabe dauden ikastolen egoera bermatu behar da. Hau aldatzea ez dago euskalgintzaren esku, baina bere erantzukizuna da gai hau guztion agendan egotea.
  • -         Gizartean eleaniztasunaren ideia oso hedatua dago eta gurasoen helburuetako bat beren seme-alabek ahalik eta hizkuntza gehien jakitea da. Gobernua hizkuntza eredu berriak diseinatzen ari dela eta euskarazko irakaskuntza ahultzea bilatzen duela arestian aipatu da, baina eredu horien helburu nagusia ez da hizkuntzak ikasteko jarduera akademikoa hobetzea, baizik eta D eredua kaltetzea. D ereduaren alde dauden eragileak behin eta berriro eskatzen ari dira Dekretua egiteko asmoa bertan behera utzi behar dela gaia bere osotasunean aztertu arte, hau da, egungo errealitatea onartuz.
  • -         Hezkuntzak berebiziko garrantzia du hizkuntzaren berreskuratze prozesuan, baina ez dago bere esku dena konpontzea. Oinarrizko zutabea bada ere, ezin da ahaztu zein den hezkuntza sistemaren helburu nagusia: ikasleak euskaraz formatzea. Irakasleen eginkizun nagusia da kurrikuluan finkatzen diren helburuak euskara estandarrean ikasleei irakastea. Hala ere, eskola hizkuntza erreferente ia bakarra da ikasle askorentzat, eta ikasleak komunikazio osoa lortu ahal izateko behar dituen erregistroak giro horretan ez baditu entzuten, nekez entzungo ditu beste nonbait. Eskolak arazo hau behar den arretarekin eta baliabideekin diseinatu beharko luke, euskara ikastetxeko hizkuntza izateko arriskua baitago.
  • -         Hezkuntza kontseilariak legebiltzarraren aurrean adierazi zuen irakasleen hizkuntza formazioa bultzatuko duela eta birziklatutako irakasleen hizkuntza gaitasuna aberasteko helburua duela. Sindikatuek esandakoa hartu eta berandu baino lehen eskatu behar diote baliabideak eta egutegia finka ditzala.
  • -         Hezkuntza kontseilariak euskararen normalizaziorako oinarrizkoa den erabilera bultzatzea, Nafarroako euskalkiak zabaltzea, eta ikasleen hizkuntza erregistroak aberastea helburu dituela agerraldi berean azaldu zuen. Bere ikuspegia eta euskararen normalizazioa zinez bilatzen duten eragileena bat ez datozela begi-bistakoa da, baina esan duena aldiro gogoraraztea eragile horien ardura da.
  • -         Maiz aipatzen den erronka bat ez dut aipatu gabe utzi nahi. Orain arte ez da lortu etorkinak D eredura erakartzea, eta 3 urteko haur gehienak G ereduan matrikulatzen dituzte beren gurasoek. Gaia korapilatsua da etorkin horien mugikortasun geografikoa oso handia delako, eta joera naturala hizkuntza nagusian matrikulatzea da. Baina etorkinen pisu demografikoa gero eta handiagoa da, eta euskararen normalizazioa bere osotasunean lortu nahi bada sektore guztiak prozesuan nola integratzen ahal diren aztertu behar da.
  • -         Euskarak gero eta toki gehiago irabazi behar du unibertsitatean, hizkuntzaren normalizazio prozesuan ezinbesteko urratsa delako eta matrikulatzen diren ikasleen % 15ak euskaraz dakielako. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea den Pedro Burillo jaunak urriaren 10ean adierazpen hauek egin zituen Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean: “euskara unibertsitatean arazoa ez izatea nahi dut, eta gaur egun arazoa da. Egoera hau gainditzeko ezinbestekoa da irizpide akademikoetatik abiatutako planifikazio egokia egitea. Eta hori egiteko oinarrizko irizpideak hauek izanen dira: eskaera, aukera, finantziazioa, eta kalitatea”. Euskaldunon ardura da esandakoa gauzatu ahal izateko behar diren urratsak eman ditzala eskatzea, gizartearen presiorik gabe errektoreak esandako hitz politak haizeak aise eraman ditzakeelako.
  • -         Bukatzeko, ez ditut aipatu gabe utzi nahi euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten taldeak eta pertsonak, beraien lanari esker iritsi garelako gauden lekura. Dena den, azken urteetan jende askoren joera gai honetan zuten ardura besteengan uztea izan da: norberak ikasi ordez, bere haurrak matrikulatzen ditu D ereduan; Korrikan edo Nafarroa Oinezen parte hartzen dute... eta administrazioak gainontzeko gaiak konponduko zituela uste zen. Baina udal administrazioan egiten den ahalegin txikia ez da nahikoa eta euskalgintzak bere eguneroko lana indartu behar du. Azken urteetan sortzen ari diren euskara taldeak (Iruñean, Karrikiri eta Euskaldunon Biltoki; Atarrabian, Karrikaluze) eta Kontseiluaren bidez Sakanan eta Barañainen gauzatzen ari diren plangintzak bide hori egiten ari dira; Kuadrilategi bezalako egitasmoak ere, bere txikitasunean, hizkuntza biziberritzeko saio benetan sendoak izan daitezke.

 Hizkuntzaren normalizazio prozesua hezkuntza munduan aztertzeko orduan, bi ikuspegi nagusi antzematen dira lehen begiradan; botila erdi betea edo erdi hutsik, herriko esaeraren moduan:

  • -         Sektore batek datuak oso kezkatuta ikusten ditu: D ereduko matrikulazioaren igoera gelditu da, ikasleek gero eta gutxiago hitz egiten dute euskaraz, eta gaztelaniaren erabilera handitzen ari da, baita gela barruan ere; irakasleen nekea, administrazioak gero eta burokrazia gehiago eskatzen dielako eta gizarteak eta gurasoek arazo guztien konponbidea eskatzen dietelako; gurasoen desmotibazioa, irakasleekiko komunikazioa gero eta zailago delako...
  • -         Beste sektoreak baikor ikusten ditu datuak: 3 urteko umeen aurrematrikulazio datuak mantentzen dira, nahiz eta etorkinen hazkundea eta administrazioaren kontrako jarrerak bere eragina izan; irakasleen profesionaltasuna egokia dela iruditzen zaie; eskolak bere funtzioa betetzen du, euskararen erabilera bultzatzen duten eragileak sortzen ari dira... 

Banaketa honen bidez ez dira bi sektore erabat markaturik aurkeztu nahi; hori sinplista xamarra da. Denok egon gara multzo batean zein bestean Gobernuaren neurrien zamaren edo gure lanaren emaitzen arabera. Baina, denok gauza batean ados gaude: beren helburu nagusia D eredua ahultzea dela, Nafarroan euskararen berreskuratze prozesuan oinarrizko zutabea delako. Eta hor hasten da gure lana.

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Kokapen geografikoa: 
Nafarroa
Egilea(k): 
Mikel Arregi
Urtea: 
2003