Euskal Curriculuma: hizkuntza arloa

Hezkuntzaren curriculumean hizkuntzak betetzen duen lekua berezia da, “hizkuntza arloa” izenekoan bakarrik kokatzen ez delako, baizik zerbait nonahikoa gertatzen delako, arlo guztietan eta eginkizun guztietan sartzen delako, hezkuntza bera hizkuntzaren bitartez gauzatzen delako.

Ohiko curriculum unibertsalean hizkuntza da instrumentu nagusia: 1) bai curriculum informalean, gizarteratzearekin batera naturalki ematen denean (familian, hezkuntzan, gizartean), 2) baita curriculuma formalean ere, kulturalki, hezkuntzaren bitartez, adibidez. Baina hau guztia hizkuntza partikular baten edo batzuen bitartez gertatzen da: tokian tokiko hizkuntzaren edo hizkuntzen bitartez.

Hizkuntza-ukipen tradizionaletan eman ohi dira hezkuntza elebiduna (edo eleaniztuna) eta murgiltze-hezkuntza, biak Québec-en nahiko teorizatuak eta munduan zehar eredu bihurtuak direnak. Hau guztia ere aztergai behar luke izan hezkuntzaren curriculumaren barruan, gehienbat horrelako kasuetan dauden gizarteetan.

Curriculum unibertsalaz gain, tokian tokiko gizarte bakoitzaren curriculum partikularra ere badago. Gure kasuan, “euskal curriculuma”. Euskal curriculumean sartu behar dira aurretik curriculum unibertsalean aipatu ditugun guztiak, eta horiez gain, euskal curriculumeko alderdi bereziak.

Egun, euskararen presentzia zientzian kaskarra da, eta horrek ez du laguntzen euskararen ezagutza zientifikoa nahikoa izateko

Honekin lotzen da “euskararen kalitatearen” arazoa, ezagutzarekin eta erabilerarekin lotzen dena. Hezkuntzaren curriculumean ezinbestekoa da euskara arlo guztietan erabiltzea, hizkuntza arrunt moduan, ezagutza ona lortu ahal izateko

Euskara ukipen egoeran eta EBko testuinguruan kokatuta egonik, nolako harremana izan behar duen beste hizkuntzekin, oro har eta hezkuntzan. Horri buruz, euskara lehen hizkuntza (1H) izan behar luke; gero ukipeneko hizkuntza, bigarren hizkuntza (2H) moduan (espainiera Hegoaldean edo frantsesa Iparraldean); hirugarrenik ingelesa (3H), EBko testuingururako eta mundu mailarako beharrezkoa dena.

Ikastolen Elkartea “Euskal curriculum propioa” aztertzen ari da, zenbait adituren laguntzarekin; alegia, 1996ko Ikastolen III. Batzarrean hartu zuen konpromezua gauzatzen ari da. Curriculuma gauza zabala da, ondoko galderari erantzun behar diolako: Euskal Herriko pertsona kulturadun batek euskal kulturari buruz eta kultura unibertsalari buruz oro har, gutxienez:

 1)       Ezagutu behar dituen gertaerak eta kontzeptuak.

2)       Egiten jakin behar dituen prozedurak eta lortu behar dituen trebetasunak.

3)       Baita bereganatu behar dituen balioak eta jarrerak ere, jasotzen diren horiek osatzen dutelako “euskal curriculuma”. Bertan, jakin beharreko atalean, zenbait arlo bereizi ohi dira, besteak beste “hizkuntza arloa”.

 Ikastolen Elkarteak eskatuta, hizkuntza arloari buruzko txostena prestatu dut, eta horren inguruko gogoeta batzuk aurkeztera nator aldizkariaren 49. zenbaki honetan.

 Hezkuntzaren curriculumean hizkuntzak betetzen duen lekua berezia da, “hizkuntza arloa” izenekoan bakarrik kokatzen ez delako, baizik zerbait nonahikoa gertatzen delako, arlo guztietan eta eginkizun guztietan sartzen delako, hezkuntza bera hizkuntzaren bitartez gauzatzen delako. Gauzak horrela, “hizkuntzari” buruz mintzatzerakoan bereizi beharko genituzke:

 1)       Curriculum unibertsalean eta euskal curriculum berezian sartu behar direnak.

2)       Hizkuntza arloan eta bestelako arloetan ere nolako tratamendua izan behar duen.

3)       Zeharka kontsideratuz, hizkuntzak hezkuntzan duen presentzia kontuan hartzea.

4)       Ezagutzaz gain, zeharkakoak diren jakin beharreko prozeduretan, lortu beharreko trebetasunetan, bereganatu beharreko balio eta jarreretan, eta abarretan ere hizkuntzak bete dezakeen rola ikustea. Hau guztia, ordea, ez da orain artikulu honetan aztertuko; aipamen eta azpimarratze batzuk bakarrik egingo ditugu, nolako edukiak landu beharko liratekeen iritzia emanez.

 1.       Zenbait alderdi “curriculum unibertsalean” sartu beharrekoak dira, edo edozein hizkuntzatako hezkuntzaren edukietan sartzekoak:

 ·        “Gizakia” eta gizabanakoaren sorreran eta garapenean, hizkuntzak parte hartzen du, beste ahalmen psikologikoekin batera: kognizioa, motibazioa, afektibitatea, estetikotasuna. Kognizioari dagokionez, esate baterako, kognizio mota nagusiena “kognizio kontzeptuala” da; hizkuntza erabiltzen du instrumentu nagusi bezala, bai kognizioa lantzeko, baita lortzen diren ezagutzak gordetzeko eta transmititzeko ere, hezkuntzaren bitartez gertatzen den bezala. Gainera, “gizadia” eta gizartearen sorreran eta garapenean ere hizkuntzak parte nagusia hartzen du, hizkuntzaren bitartez komunikazioa bideratzen delako eta komunikazioaren bitartez harreman sare partekatua gauzatzen delako. Hau da, hizkuntzaren bitartez gauzatzen dira bai gizakia eta gizabanakoa, baita gizadia eta gizarteak ere.

·        Zientzian ere zutabe nagusia da hizkuntza. Zientzia eraikitzerakoan eta, behin eraikita, zientzia gordetzeko eta transmititzeko ere, bai ahoz eta bai idatziz, instrumentu nagusia da hizkuntza. Horrez gain, hizkuntza da aztergai nagusia zenbait diziplinetan: hizkuntzalaritza, literatura, filologia, komunikazioa, dialektologia, estilistika, etab. Antzean gertatzen da, gaur egun, beste diziplina batzuetan ere: filosofian, psikologian, antropologian, zuzenbidean, etab. XX. mendearen erdiaz geroztik, gainera, hizkuntza izan da eredu teorikoa beste diziplina batzuetan: informatikan, inteligentzia artifizialean, ...; diziplina berriak ere sortu dira hizkuntzaren inguruan: psikolinguistika, soziolinguistika, psikosoziolinguistika, etnolinguistika, glotodidaktika, politika linguistikoa, eta abar luzea. Horrela, hizkuntza nolabaiteko erdigunea dela gaur egungo zientzian esan dezakegu. Hau guztia ere ezagutu behar dute pertsona ikasiek, gaur egun.

 ·        Ohiko curriculum unibertsalean hizkuntza da instrumentu nagusia: 1) bai curriculum informalean, gizarteratzearekin batera naturalki ematen denean (familian, hezkuntzan, gizartean), 2) baita curriculuma formalean ere, kulturalki, hezkuntzaren bitartez, adibidez. Baina hau guztia hizkuntza partikular baten edo batzuen bitartez gertatzen da: tokian tokiko hizkuntzaren edo hizkuntzen bitartez. Alderdi horretatik begiratuta, gizarte bakoitza hizkuntza batekin edo batzuekin lotzen da, edo hizkuntza bakoitzak gizarte baten definizioan parte hartzen du. Hizkuntza-ukipen egoeratan, hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea gertatzen da, curriculum informalean eta/edo formalean.

 ·        Aurrekoaren ondorioa da gizarte bakoitzean beren hizkuntzari ematen zaion tratamendu garrantzitsua eta zabala; bertako hezkuntza sisteman ere bereziki landua izaten da, neurri handi batean: 1) hizkuntza beraren egitura: gramatika, ortografia, dialektologia; 2) hizkuntza erabileraren ezaugarriak: literatura, errepertorioa, estilistika, etab.; 3) hizkuntzarekin lotzen den kultura: hizkuntzaren historia, soziologia, antropologia, kultur adierazpenak (musikan, adibidez). Horren ondoren, hezkuntza sistema askotan lantzen dira, era berean, zorionez, espresio guzti hauek nahiko maila unibertsalean: hizkuntza tipologia, literatura unibertsala, etab. 

 ·        Gaur egungo munduan dagoen fenomeno garrantzitsua da “hizkuntzen arteko konkurrentzia”, eta asko ugaritzen ari diren “hizkuntza-ukipen egoerak”. Hauetan bereiz daitezke: batetik, hizkuntza-ukipen tradizionalak, historikoki geopolitikak sortutakoak. Bestetik, hizkuntza-ukipen emerjenteak, azken hamarkadetan inmigrazioaren bitartez gertatzen ari dena. Biak azaltzen dira munduan zehar, mundu garatuan batipat, baita Euskal Herrian ere. Horrelako egoeratan, ukipenezko hizkuntzak eta hizkuntza-komunitateak ez dira egoera orekatuan egoten gehienean, baizik egoera desorekatuan, alderdi guztietatik begiratuta: politikoki, sozialki, demografikoki, psikosozialki, etab. Horrelako kasuak orokortuak badira ere, ez dira ezagunegiak, alderdi guztietatik begiratuta: politikoki, sozialki, demografikoki, psikosozialki, etab. Badira teorizazio interesgarriak hizkuntza-ukipen egoerak aztertzeko, gizarte diziplinetan:

 a) “boterearen” arabera, kontrola maila erlatibo (edo konparatibo) ezberdina izatea,     aukerak eta erabakiak hartzeko, derrigorrez ezarriz, hizkuntza eta hizkuntza-komunitate “dominatzailea” / “menpekoarekiko”;

b)      “estatusaren” arabera, prestigio maila erlatibo ezberdina izatea, hizkuntza eta hizkuntza-komunitate “estatusa altukoa” / “estatusa baxukoarekiko” funtzionatuz;

c)       “tamainaren” arabera, gizabanako bakoitzak boto bat printzipio demokratikoa deitzen denaren arabera, hizkuntza eta hizkuntza-komunitate “gehiengoa” / “gutxiengoarekiko”.

Horrelako kasuak orokortuak badira ere, ez dira gehiegi ezagunak eta gutxiago aztertuak gaur egun; hala ere, guzti hau arretaz landu beharko litzateke curriculuma unibertsalean, euskal curriculumean ere, besteak beste baita Euskal Herriko kasua horrelakoa delako. 

 ·        Hizkuntza-ukipen egoera dela eta, fenomeno arrunta den neurrian, orain arteko espezialista mailatik aurrerantzean maila arrunteraino aztertu beharrekoa da, pertsona guztien egunerokotasunean eragina duelako. Alderdi horretatik begiratuta, ez da harritzekoa orain 50 urte jadanik “hizkuntza eskubideak” giza eskubide unibertsaletan sartuak izatea. Horrekin guztiarekin lotuta daude beste zenbait fenomeno ere: hizkuntzen ofizialtasun maila, autonomia maila, elebitasun edo eleaniztasun sozialak, elebitasun eta eleaniztasun indibidualak, etab. Baita tokian tokiko hezkuntza plangintza ere, gizarte batean dauden helburu sozialak betetzeko. Hizkuntza-ukipen tradizionaletan eman ohi dira hezkuntza elebiduna (edo eleaniztuna) eta murgiltze-hezkuntza, biak Québec-en nahiko teorizatuak eta munduan zehar eredu bihurtuak direnak. Hau guztia ere aztergai behar luke izan hezkuntzaren curriculumaren barruan, gehienbat horrelako kasuetan dauden gizarteetan.

 ·        Euskal Herriko kasurako garrantzi berezia du Europako Batasunaren (EB) testuinguruak, curriculum unibertsala aipatzerakoan. Zenbait gauza interesgarri esan daitezke honi buruz: batetik, bertako hizkuntzekiko oraingo egoera deskribatzerakoan; bestetik, etorkizunerako irekitzen ari diren bideak aztertzerakoan. Egungo egoeran bertako hizkuntzak, ukipen egoeran egonik, horrela daude sailkatuta:

a)      hizkuntza ofizialak politikoki eta funtzionalki: frantsesa, alemana, ...

b)     hizkuntza ofiziala politikoki, eta super-ofiziala funtzionalki: ingelesa;

c)      hizkuntza ofiziala politikoki, baina erdi-ofiziala funtzionalki: espainiera, portugesa,

d)     eskualdekoak eta gutxiengoak politikoki, eta hutsak funtzionalki: katalana, galesa, euskara, ...

 Halako egoera ulertzeko, egokiak dira botere erlatiboaren teoria edo bizindar etnolinguistiko erlatiboaren teoria. Etorkizuna aurreikusteko ere badira zenbait argitalpen baliagarri, EBko hezkuntza sistemen bitartez ere ezagutu beharrekoak direnak; adibidez, badirudi orain baino indar eta zabalkunde handiagoarekin ingelesa jakitea derrigorrezkoa gertatuko dela EBko hiritar guztientzako; hezkuntzan ere derrigorrez ikasi beharko da, horrela atzerriko hizkuntza nagusia izanez.

 2.       Curriculum unibertsalaz gain, tokian tokiko gizarte bakoitzaren curriculum partikularra ere badago. Gure kasuan, “euskal curriculuma”. Euskal curriculumean sartu behar dira aurretik curriculum unibertsalean aipatu ditugun guztiak, eta horiez gain, euskal curriculumeko alderdi bereziak.Lan honen bigarren zati honetan euskal curriculumean sartu beharreko alderdi bereziak aipatuko dira, “euskara” hizkuntzarekin bereziki lotzen direnak, hain zuzen; berriz ere, puntu batzuk bakarrik azpimarratuko dira:

 ·        Euskara da Euskal Herriaren sorkuntzan oinarria; izenak dioen bezala, Euskal Herria delako euskararen herria. Horrela gertatzen da bestelako herri gehienetan ere: Alemania da alemanaren herria, Portugal da portugesaren herria, etab. Nahiz eta gaur egun Euskal Herria ez den erabat euskalduna, euskara eta euskal-komunitatea egoera menpekoan eta gutxituan dagoelako, nahiko kontzientzia handia dago euskarak egiten duela Euskal Herria baieztapenean. Alderdi hau antropologoek eta soziolinguistek aztertu ohi dute tradizionalki. Horregatik, besteak beste, euskarak behar du izan euskal curriculumaren zutabe nagusia.

 ·        Euskararen presentzia zientzian, dugu beste aztergaia. Egoera deskribatzerakoan, ikusten da euskara aldendua egon dela presente baino gehiago, zentzu guztietan:

 1) Aztergai moduan, diziplina gutxitan landu delako.

2) Zientziako instrumentu gisa, oso erabilgarri gertatu ez delako.

3) Zientzia gorde eta transmititzeko ere nahiko baliagarria izan ez delako.

 Aztergai moduan filologian, hizkuntzalaritzan, dialektologian, eta horrelako diziplinatan landu da batez ere euskara; gero, literaturan ere bai; zertxobait antropologian, filosofian, soziolinguistikan, psikolinguistikan, psikosoziolinguistikan, glotodidaktikan. Horrez gain, orain ari dira zenbait material euskaraz argitaratzen, bestelako diziplinetan, unibertsitate mailan ere. Hau guztia ezagutu beharra dago: bai dagoena nolakoa den azalduz, baita ez dagoena nolakoa izan beharko duen azalduz ere. Hizkuntza normalekin egiten denarekin erkatu beharko da; horregatik, esplizituki sartu beharra dago euskal curriculumean, atal eta arlo ezberdinetan.

 ·        Egun, euskararen presentzia zientzian kaskarra da, eta horrek ez du laguntzen euskararen ezagutza zientifikoa nahikoa izateko; ez da harritzekoa oraindik unibertsitate mailan beharrezkoa izatea “euskara zientifiko” izeneko ikasgaia, alegia, neurriren batean zientzilariok honetan ikasle izatea. Hau etsenplu argia da euskararen (edo edozein hizkuntzaren) ezagutza eta erabilera erabat erlazionatuta daudela ikusteko. Honekin lotzen da “euskararen kalitatearen” arazoa, ezagutzarekin eta erabilerarekin lotzen dena. Hezkuntzaren curriculumean ezinbestekoa da euskara arlo guztietan erabiltzea, hizkuntza arrunt moduan, ezagutza ona lortu ahal izateko; alderantziz ere esan daiteke.

 ·        Euskararen egoera egungo hizkuntzen arteko konkurrentzian ere ezagutu beharreko alderdia da, horrela hezkuntzako curriculumean sartzeko. Zenbait alderdi eta ikuspegi jarrai daitezke horretarako:

 1)       Historikoki, hizkuntza indo-europearrak baino lehenagokoa da Europan, eta gaur arte mantendu da, nahiz eta hizkuntza gutxitu moduan egon gaur egun. Zenbait epe bereiz daitezke euskararen kanpo-historia lantzerakoan; gaur egun argitalpen nahikoa badago horretarako, beren egituratze administratiboa aztertuz eta esplikatuz.

2)       Linguistikoki, ukipenean diren hizkuntzen arteko eragina, batez ere beste hizkuntzetatik euskarara.

3)       Politikoki, nola esplikatu euskara orain arte mantentzea: isolatua bizi izan delako? edo autonomia nahikoarekin funtzionatzen jakin izan duelako? Azken mendeetako historia politikoa ere interesgarria litzateke.

4)       Soziologikoki, nahikoa botere erlatibo izan du mantentzeko, nahiko estatus erlatiboa, eta baita tamaina demografiko erlatiboa ere. Hauen guztien eragina egungo euskararen egoeran: hizkuntza menpeko, gutxiengo, eta gutxitu egoeran izatea.

5)       Soziolinguistikoki, euskaldunen kopuru erlatiboak: zonaldeka, adinka, arloka, etab. Euskararen ezagutza maila erlatiboa, baita erabilera maila erlatiboa ere.

6)       Psikolinguistikoki, eta psikopedagogikoki, euskararen jabekuntza eta aprendizaia, bai lehen hizkuntza moduan (1H), baita bigarren hizkuntza moduan ere (2H); adibidez, hezkuntzaren eredu linguistiko ezberdinen arabera.

7)       Psikosoziolinguistikoki, euskararekiko leialtasuna, jarrerak, motibazioak, identitatea, nahiak, itxaropenak, mugimendu sozialak, etab.

 Hauek guztiek izan behar lukete lekua euskal curriculumean.

 ·        Euskara eta kultura:

1)       Ahozko kulturan, edozein ekintza kulturaletan erabilera egokia; esate baterako, bertsolaritzan.

2)       Idatzizkoan ere antzean: literatura, musika, etab.

 ·        Euskararen egoera gaur egungo hezkuntza sisteman: Iparraldean eta Hegoaldean, Elkarte Autonomoan eta Nafarroan, hizkuntza eredu ezberdinen arabera, eta gizartearen helburuen arabera: ezagutzaz gain, irizpide kritikoak lantzeko egokia.

 ·        Euskara ukipen egoeran eta EBko testuinguruan kokatuta egonik, nolako harremana izan behar duen beste hizkuntzekin, oro har eta hezkuntzan. Horri buruz, euskara lehen hizkuntza (1H) izan behar luke; gero ukipeneko hizkuntza, bigarren hizkuntza (2H) moduan (espainiera Hegoaldean edo frantsesa Iparraldean); hirugarrenik ingelesa (3H), EBko testuingururako eta mundu mailarako beharrezkoa dena. Hauez gain, hizkuntza gehiago ezagutu beharko genituzke? hezkuntzaren bitartez ikasiz?: alemana, katalana, frantsesa Hegoaldean, espainiera Iparraldean, ... Eta zer egin inmigrazioarekin batera datozkigun bestelako hizkuntzekin? Helburuak jartzeko eta lortzeko, egungo egoeran dauden baliabideak eta baldintzak aztertu beharra daude, hezkuntzaren eredu linguistikoak adibidez, noraino diren baliagarriak ala ez ikusteko.

 ·        Aurreko puntuarekin lotuta dago, elkarrekikotasunaren printzipioaren arabera, EBn espero daitekeena. Hau da, EBn dauden hizkuntza guztien egoeraren gutxieneko ezagutza izateaz gain, hizkuntza guztien nolabaiteko presentzia ere lantzea; gurean, euskararen eta euskal kulturaren presentzia. Horretarako, ordea, guk landu beharko dugu lehendabizi euskara eta euskal kultura, gero EBko besteek gurea ere kontuan har dezaten, neurriren batean.

 Ikusten denez, hizkuntza arloa curriculumean oro har, eta euskara arloa euskal curriculum berezian, nahiko esparru zabala eta konplexua da. Hala ere, aipatu diren puntuak guztiak gure egunerokotasunarekin zerikusi dutenak dira, eta ezagutzeko garrantzitsuak; hezkuntza sisteman ere sartu beharrekoak dira, beraz, modu eta neurriren batean behintzat. Gehiegi eskatzea ote da hezkuntzari?

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Euskal Herria
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2003