Hizkuntza kalitatea, burujabetza linguistikoa da

Mokoroak, Ibar ezizenez,  “Genio y Lengua

T

estua euskarara itzuli eta pittin bat moldatu izan bagenu, inork gutxik pentsatuko zuen orain dela 70 bat urte idatzitakoa zela, orduko errealitatearen inguruan egiten duen irakurketak antz handia duelako, gaurkoaren inguruan egin daitezkeenekin.

Kalitatearen galera saihesteko eta hizkuntzaren komunikazio-ahalmenean eta erabilgarritasunean irabazteko, beraz, lehenik eta behin, euskal hizkuntza komunitatearen biziraupena eta hazkunde demografikoa, geografikoa, eta funtzionala bermatu behar dira.

kalitatezko euskara da, mendez-mende hizkuntzaren egitura osatu duen senari jarraiki, eta usadioak, hiztunek, eta hizkuntza erakundeek osatu duten hizkuntz ondare osoa aintzat harturik (euskara batua, euskalkiak, hizkera bereziak, historikoak...), hiztun-elkarteari egunez egun sortzen zaizkion komunikazio beharrei jarrera beregain, ireki, eta malgu batetik erantzuten diena

 

Haur eta gazte euskaldunen multzoaren egitura soziolinguistikoa errotik eraldatzen ari den prozesu baten erdian gaude, beraz. Gaur egun, eta lehen aldiz gure hizkuntzaren historian (eta ez dira munduan asko izango egoera honetan daudenak), haur eta gazte euskaldunen artean, gehiago dira etxean euskararik ikasi ez dutenak, etxean ikasi dutenak baino. Alegia, gehiengoa dira euskara eskolan bakarrik entzun edo/eta erabiltzen duten haur eta gazte euskaldunak.

Izan ere, gazteak euskararen ezagupen maila sakona eta zabala behar du hizkuntza modu on, zuzen, eta egokian erabili ahal izateko: euskara batua jakin behar du, bere herrian hitz egiten dena, errepertorioak ezagutu behar ditu....

 Eta horrekin batera, hizkuntza erabili ahal izateko baldintza sozialak behar ditu, eta gainera, bere erabilpenaren aldeko motibazio pertsonala eta kolektiboa.

Alegia, motibazioaren, ezagupenaren, eta erabileraren nahikotasun mailak bakarrik ahalbidera dezake hizkuntza kalitatea, nahiz eta ez guztiz bermatu.

 

ASPALDIKO KEZKA

 Lehenengo eta behin, esan dezagun, hizkuntzaren kalitatearen inguruko kezka ez dela gaurkoa, eta euskal idazle eta euskaltzale askok agertu duela historian zehar, aldez edo moldez.

 Denboran atzera gehiegi egin gabe, eta adibide gisa, gerraurreko soziolinguistikaren lekukorik interesgarrienetako batengana joko dugu: Justo Mari Mokoroarengana, hain zuzen ere. Mokoroak, Ibar ezizenez,  “Genio y Lengua[1]” liburua argitaratu zuen 1936. urtean, senaren galeraz kexu. Honela deskribatzen du orduko egoera:

 

“(...)decae el euskera, primer exponente del genio vasco.

a)       Pierde terreno y se habla menos. (...)

b)       Se empobrece. Dos pruebas al alcance de la mano:

1.       En cualquiera de nuestras poblaciones hoy bilingües que no lo fuesen hace treinta o cuarenta años, escójase una familia de la clase normal, en la que los padres pertenezcan a la generación netamente euskaldun y los hijos a la del período de transición; y anótense, lápiz en mano, las palabras y formas verbales, giros y modismos, que abundando en el lenguaje de los primeros, no los usan ya los segundos. Nosotros tenemos dedicado un mes entero a este ensayo y podemos ofrecer datos abrumadores.

2.       Anótense igualmente en (...) las “Pláticas” de Aguirre, o en la Historia Sagrada de Lardizabal, los vocablos y frases que sólo rara vez se escuchan ya de labios guipuzcoanos (...) y se verá con asombro cuánto ha engrosado en un siglo nuestra lista de arcaísmos.

c)       Languidece: va dejando de ser “nuestro idioma”(...)En proporción a los avances del bilingüismo en el país y a la preponderancia usual del erdera, (fomentada por las circunstancias), nuestra lengua no podía menos de ceder en vigor y reactividad. Y así ha sucedido: ¡qué diferencia entre el habla recia, fibrosa y llena de garbo, que oímos aun hoy de nuestros padres, y la enervada, anémica y contrahecha en que va degenerando en las zonas híbridas!”

 

Testua euskarara itzuli eta pittin bat moldatu izan bagenu, inork gutxik pentsatuko zuen orain dela 70 bat urte idatzitakoa zela, orduko errealitatearen inguruan egiten duen irakurketak antz handia duelako, gaurkoaren inguruan egin daitezkeenekin.

 Galera prozesu honen eragile gisa aipatzen dituen arrazoien artean, batzuk, orduko baldintza sozialekin lotu ditzakegu (alfabetatu gutxi euskaraz...); beste batzuk, egilearen ideologiarekin lotzen dira (autoritate-zentzuaren eta erlijiotasunaren galera, kanpoko moda gaiztoen sarrera...); baina aipatzen dituen beste faktore askoren eragin negatiboa, oraindik ere nozitzen dugu: erdal irakaskuntza, erdal kultur produktuen erabateko nagusitasuna, euskarazko ekoizpenaren egokitasuna falta, derrigorrezko soldaduzka (duela gutxi arte), inmigrazioa –bai kanpoko jendearena nola herrietatik hirietara doana-, gurearekiko gutxiespena...

 Irakurketa honetatik atera daitekeen lehen ondorioetako bat honako hau da: hizkuntzaren kalitatearen galera ez da azken urteotako gertaera bat, euskararen atzerakada prozesuaren ondorioz gertatzen den azpifenomeno bat baizik. Hizkuntzak (hiztun-elkarteak, alegia), hiztunak, esparruak, eta funtzioak galdu, belaunez belauneko jarraipenean hutsuneak agertu, eta minorizazio prozesu batean sartzen den neurrian, hizkuntza kalitatearen galera ondorio ekidinezina da.

 Kalitatearen galera saihesteko eta hizkuntzaren komunikazio-ahalmenean eta erabilgarritasunean irabazteko, beraz, lehenik eta behin, euskal hizkuntza komunitatearen biziraupena eta hazkunde demografikoa, geografikoa, eta funtzionala bermatu behar dira.Hizkuntza normalizazio prozesua sendotu behar da, hizkuntza komunitateari, trinkotzeko eta bere garapen linguistiko beregaina bideratzeko behar dituen baldintzak, funtzioak, eta esparruak bermatu beharko zaizkiolarik.

 Euskarak, nozitzen duen “egoera minoritario”tik eta hizkuntza menperatzaileen subsidiaritatetik atera eta hizkuntza normalkuntza prozesu sendo bat ezagutzen ez duen neurrian, ezinezkoa izango da bere kalitate osoa bermatzea.

 Eta artikuluaren hasieran Justo Mari Mokoroa hizpide izan dugunez, Mikel Zalbidek[2] euskal soziolinguistikaren gabezien inguruan maiz aipatzen duen bat nabarmendu nahi nuke: “gure aurrekoen esan-eginak behar bezala jaso, egituratu, eta hausnartu gabe edukitzea zenbateraino dugun eragozpen larria. Asko dela, alegia, ahuldutako hizkuntza eraberritzeari buruz aurrekoen esan-egin haietatik ikas litekeena”. 

ZER DA ORDEA, KALITATEKO HIZKUNTZA?

 Asko hitz egin eta idatzi da kalitateaz, baina nago, oso ikuspegi desberdinak ditugula kalitatearen inguruan. Zalantzarik gabe hauxe da argitu beharreko lehen puntua: zeri esaten diogu kalitatezko hizkuntza? Zer da kalitatezko euskara albistegi batean? Eta udal jakinarazpen batean? Eta goizeko ordu bietako gazteen arteko elkarrizketa batean? Edo arrantzaleen ahotan? Edo disko-festara joan diren nerabeen artean? Kalitatezko eredu bakarra proposa al daiteke egoera hauentzat guztientzat?

 Erantzuna ezezkoa da: kalitatea ez dagokio hizkuntza aldaera jakin bati, komunikazio egoera bakoitzak,  burutu dadin, eskatzen dituen baldintza eta baliabide linguistikoei baizik.

 Horregatik, kalitateaz ari garenean, ez gara arau gramatikalez edo XVIII. mendeko euskaraz ari. Izan ere, kalitate kontzeptua, gehiago lotzen da hizkuntzen bilakaera eta moldakortasuna aintzat hartzen duen ikuspegi dinamiko batekin, hizkuntzaren izaera mugigaitz-esentzialista defenda dezakeen ikuspegi arauemaile huts eta itxi batekin baino.

 Saia gaitezen, ordea, kalitatezko hizkuntza definitzen: kalitatezko euskara da, mendez-mende hizkuntzaren egitura osatu duen senari jarraiki, eta usadioak, hiztunek, eta hizkuntza erakundeek osatu duten hizkuntz ondare osoa aintzat harturik (euskara batua, euskalkiak, hizkera bereziak, historikoak...), hiztun-elkarteari egunez egun sortzen zaizkion komunikazio beharrei jarrera beregain, ireki, eta malgu batetik erantzuten diena, eta hiztun bakoitzak egoera komunikatibo bakoitzean dituen behar linguistikoak asetzen dituena.

 Hizkuntzaren kalitatea, beraz, iraganak eskaintzen digun ondareaz baliatuz, etorkizunari begira eraiki daiteke bakarrik. Beti ere, eragin-hizkuntzen eta aldaeren aniztasuna bermatuz, eta hizkuntza bakarraren menpekotasuna saihestuz. Horregatik ez da arazo hitzak edo esamoldeak gaztelaniatik edo frantsesetik hartzea; arazoa, hegoaldean beti gaztelaniatik eta iparraldean beti frantsesetik hartzea da, gure ondarea, sormen-ahalmena, edo beste iturri batzuk baztertuz. Azken batean, hizkuntzaren kalitateaz hitz egitea, nazio osoa hartuko duen burujabetza linguistikoaz hitz egitea da.

 Hiztun-elkarteak bere premia komunikatiboak eta gabezia linguistikoak beti hizkuntza menperatzailearen bidez estaltzen baditu, ondorioa, hizkuntzaren degradazioa edo erdalduntze prozesua dira (euskañola edo frantzeuskara). Prozesu hau muturrera eramanda, hizkuntza bera ulertzeko arazoak sortzen dira, eta belaunaldien eta zonalde desberdinetako hiztunen arteko transmisioa, komunikazioa, eta ulermena eten egin daitezke. Gure kasuan, esate baterako, ia ezinezkoa da iparraldeko eta hegoaldeko gazteek elkar ulertzea, elkarrizketa arrunt batean ari direlarik: “Zurekin dragatu nahi dut. Bandaturik nauzu. Ez duzu kapotik? Futitzen naiz!” vs. “Hau rollo txungoa. Zurekin ligatu nahi dut. Zu ez zara enpanatzen eta ez rayatu”

 Kontzeptuak argitze aldera, ordea, bat nator Joxerra Garziarekin[3], hizkuntzaren kalitateaz zer ulertzen dugun definitzeko, abiapunturik baliagarriena eta argigarriena Ibon Sarasolak eskaini zigula dioenean. Sarasolak[4], euskara zuzena, euskara ona, eta euskara egokia bereizi ditu:

  •  -         Euskara zuzena, hizkuntzaren arauak betetzen dituena da (Euskaltzaindiarenak).
  • -         Euskara ona, euskal senaren edo tradizioaren araberakoa da.
  • -         Euskara egokia, berriz, ezin daiteke izan, oro har, euskaldun ikasiak lehen irakurraldian ulertzen ez duena, zuzentasuna edo gramatikaltasuna gorabehera. Garziak, zehaztu egin du azken kontzeptu hau era honetara: “euskara egokia” lortu nahi duen helburua lortzeko “egokia” den euskarari esango diogu. 

EUSKALDUN TIPOLOGIA BERRIAK

  •  Besteak beste, irakaskuntzaren eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen eraginez azken urte hauetan euskaldungoak ezagutu duen barne eraldaketa berretsi dute III. Inkesta Soziolinguistikoaren datuek[5].
  •  -         Elebidunen, alegia, euskaraz ongi hitz egiten dutenen artean (Euskal Herriko biztanleen %25), gehienak hobeto moldatzen dira erdaraz, euskaraz baino: %28 euskal elebidunak, %28 elebidun orekatuak, eta %44 erdal elebidunak.
  •  -         Gaur egungo haur eta gazteen familia egitura erdaldundu egin da. 35 urtetik beherakoen artean guraso euskaldunak (izan) dituztenen proportzioa (%14 EAEn, %7 Nafarroan, eta %26 Iparraldean), 35 urtetik gorakoena baino askoz baxuagoa da (%25 EAEn, %13 Nafarroan eta %38 Iparraldean).

 16-24 adin-multzoaren bilakaerari erreparatzen baldin badiogu, emaitzarik onenak eskaintzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoan ere, honako datuak azaltzen dira:

 

EAE

Elebidunak

Euskara lehen hizkuntza

Euskara bakarrik lehen hizkuntza

Euskara, erdara = edo > erabili

1991

%25

%20

%17

%13

2001

%49

%23

%14

%21

  •  -         Euskaldunen proportzioa ia bikoiztu egin da.
  • -         Euskara lehen hizkuntza bezala ikasi dutenak ugaldu egin dira (%20tik %23ra), baina lehen hizkuntzatzat euskara bakarrik dutenen proportzioa jaitsi egin da (eta hauek dira inkesta guztien arabera, euskara gehien eta ondoen darabiltenak).
  • -         1991n elebidunen %80k zuen euskara lehen hizkuntza bezala eta proportzio hori %47ra jaitsi da 10 urteotan. Duela hamar urte arte, gazte euskaldun gehienek euskara entzuten zuten etxean; gaur egun, aldiz, erdiek ere ez.
  • -         Erabilera ia bikoiztu egin da. Hala ere, euskaldunen artean, euskara erdara adina edo gehiago zerabiltenak %52 ziren 1991n Autonomia Erkidegoan, eta 2001ean proportzio hori %43ra jaitsi da. 

Nafarroan antzeko bilakaera gertatu da, portzentaiak eta 1991 eta 2001eko datuen arteko aldeak txikiagoak izan arren. Iparraldean, indize guztien bilakaera negatiboa da.

 Errealitate itxaropentsu bezain konplexu baten aurrean gaude: oro har, euskararen ezagupena eta erabilpena hedatzen ari dira, baina hedapen horren mugak, moteltasunak, eta galera eremuak ere nabarmenak dira. Eta emaitza horiek, oro har, bat datoz SEI erakundeak buruturiko Kale Erabileraren Neurketen emaitzekin[6]

 Haur eta gazte euskaldunen multzoaren egitura soziolinguistikoa errotik eraldatzen ari den prozesu baten erdian gaude, beraz. Gaur egun, eta lehen aldiz gure hizkuntzaren historian (eta ez dira munduan asko izango egoera honetan daudenak), haur eta gazte euskaldunen artean, gehiago dira etxean euskararik ikasi ez dutenak, etxean ikasi dutenak baino. Alegia, gehiengoa dira euskara eskolan bakarrik entzun edo/eta erabiltzen duten haur eta gazte euskaldunak.

 Ez hori bakarrik; euskara harreman hizkuntza nagusia edo ia bakarra izan den zonaldeetako hiztunengana ere iritsi da euskararen higadura prozesua. Gero eta gutxiago dira hizkuntzaren berezko indarrari eusten dioten herriak eta inguruak, une honetan belaunez belaun jasotako euskara aberatsari eusten dioten euskaldunak minoria direlarik. Are gehiago, euskaldun mota hori, haur eta gazteen artean, “rara avis” da.

Hizkuntzaren indar komunikatiboaren galera fenomenoa orokorra da euskaldunen hiztun-elkartean:

  • -         Hizkuntzaren transmisioan eten nabarmenak gertatu dira belaunaldi desberdinen artean, hizkuntzaren baliabide asko eta asko etxe eta kale erabilpenetik at geratu delarik. Ahuldutako hizkuntzez ari dela, honela dio Mikel Zalbidek[7] aipatutako txostenean: “Aitona-amonetatik gurasoetara eta gurasoetatik seme-alabetara bete-betean transmititzea: hori da, funtsean, hizkuntza bizien eta ahuldutako hizkuntzen arteko bereizgune nagusia”.
  • -         Euskaldun gehienek arazoak eta gabeziak dituzte hizkuntza adierazkortasunean.
  • -         Hizkuntzaren sormenerako ahalmena guztiz kamustuta dago eta sormen horren fruituen sozializazio bideak ez dabiltza ongi.
  • -         Erdal formen erabateko hedapena ari da gertatzen hizkuntzaren osagai guztietan: hiztegia, sintaxia, ebakera... 

HEZKUNTZAREN INGURUKO GABEZIAK

Euskarazko ereduetan irakasten ari diren, eta, era batera edo bestera, hizkuntza normalizazio proiektuan sartuta dauden ikastetxe guztietako hizkuntza arduradunek ongi asko dakite kalitatearen inguruko arazoa guztiz loturik dagoela kantitate arazoarekin: zenbat dakiten eta zenbat darabilten.

 Izan ere, gazteak euskararen ezagupen maila sakona eta zabala behar du hizkuntza modu on, zuzen, eta egokian erabili ahal izateko: euskara batua jakin behar du, bere herrian hitz egiten dena, errepertorioak ezagutu behar ditu....

 Eta horrekin batera, hizkuntza erabili ahal izateko baldintza sozialak behar ditu, eta gainera, bere erabilpenaren aldeko motibazio pertsonala eta kolektiboa. “Txepetx”ek Hizkuntzen teoria sozialean[8] azaltzen dituen hizkuntzen ikas-prozesuaren urrats guztiak bete behar dira, hizkuntzaren kalitatea bermatuko duen egoerara iritsi ahal izateko. Alegia, motibazioaren, ezagupenaren, eta erabileraren nahikotasun mailak bakarrik ahalbidera dezake hizkuntza kalitatea, nahiz eta ez guztiz bermatu. 

ESTRATEGIA ALDAKETA

Euskararena bezalako egoera batean, hizkuntzaren normalizazio prozesuan sakondu nahi badugu, eta gure helburua ikasleek hizkuntzaren ezagupen maila egoki bat jaso eta erabili dezaten lortzea bada, ez da nahikoa euskara irakastea; are gutxiago hizkuntzaren berezko transmisioa bermaturik ez dagoenean.

 Euskara ezin da nolanahi erakutsi, bide askok porrotera eramango gaituztelako: “Porrot (partez edo osoz porrot) egin duten indarberritze-saioez beterik daude mundu-bazter guztiak” dio Zalbidek[9].

 Eta honetan ere, Joxerra Garziak[10] proposatutako bideari helduko diogu: “etxeak eta kaleak eskaini behar bai, baina eskaintzen ez dutena eskaini behar luke gure egoeran eskolak..Alegia: egoera komunikatiboak sortzeko saiolekua behar luke izan (...) Eskolaren helburu nagusia araua ikastea dela, baina araua diogunean, “arau komunikatiboa” esan nahi dugula eta ez “arau gramatikala”. Egokitasuna ardatz harturik, egoera komunikatibo estandarizatu eta normalak landu behar ditu eskolak, gainerako guztia (zuzentasuna eta ontasuna) horren zerbitzura jarririk”.

 Garziak aipatzen duen bezala, irakaskuntzaren helbururik behinena komunikatzen irakastea izan behar du, eta ez sarriegi gertatu den eta gertatzen den bezala, paradigma gramatikalak erakustera mugatu. 

 Ikusi dugun bezala, ordea, hezkuntzak bakarrik ezin du lortu ikasleek kalitatezko hizkuntza ikastea, bereganatzea, eta erabiltzea. Testuinguru honetan, kalitatea hobetzeko estrategiek hizkuntza normalizazio prozesuaren atal desberdinak hartu behar dituzte bere gain.



[1] Ibar (1936): Genio y lengua. Librería de Mocoroa hermanos. Tolosa

[2] Zalbide, Mikel (2002): Ahuldutako hizkuntza indarberritzea: teoriak zer dio?. Ikastolen IX. Jardunaldi Pedagogikoak. Donostia. Ale fotokopiatua

[3] Garzia Joxerra (1999): Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak” doktorego tesia. Argitalpen Zerbitzua UPV/EHU

[4] Sarasola, Ibon (1998):  Hizkuntzaren zuzentasuna eta egokitasuna  herri aldizkarietan in “Herri komunikabideei buruzko III. Jardunaldiak”. Arrasate

[5] Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila (2003): Euskararen Jarraipena III - 2001. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz

[6] SEI (2002): Kale erabileraren IV. Neurketa, 2001 in BAT aldizkaria, 43. zenb. SEI elkartea. Andoain

[7] Zalbide, Mikel: op.cit.

[8] Sánchez Carrión J.M. “Txepetx”, Un futuro para nuestro pasado. Lizarra, 1987

[9] Zalbide, Mikel (2002): op.cit.

[10] Garzia, Joxerra (2003): Motiezaguerabilpena-ren penaz in Hik Hasi.

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Kike Amonarriz
Urtea: 
2003