Euskararen kalitateaz eta abarrez

: euskarak leku garrantzitsua du gure irakas-sisteman. Baina ez du lortu lehen gaztelaniak zuen estatusa: eskolan nahasten dira etxetik euskaldun direnak, erdi euskaldun direnak, eta zeharo erdaldunak ere. Irakasleak euskara era ia esklusiboan erabiltzen badu ere, ikasleen arteko harremanak gaztelaniaz izan ohi dira asko-askotan.

Euskaraz ikastea eta euskaraz nola-hala egitea ere baloratzen da, jakina, baina exijentzia-maila bat ere ezarri behar da. Ordea, non eta nola aktibatu behar da exijentzia hori? Eskolak arlo horretan egiten duena hobetu beharko du dudarik gabe, baina, horrez gain, gizartean bertan sentsibilitate-maila hobea behar litzateke kalitatearen puntu honetan.

Egia da euskarak funtzio berriak betetzeko gai dela erakutsi duela, baina, aldi berean, familian, lagunartean, edo herri-lanbideetan zuen esparru esklusibo hori galdu egin du.

Hurrengo belaunaldiek beren eguneroko harremanetan hartzen duten jokamoldea erabakigarria izango da euskararen etorkizunerako.

Hizkuntza biak tartekatzea eta nahastea oso onartua dago gure gizartean, edo gutxienez ez dago gaizki ikusia, ahozko interakzioan eta lagunarteko giroan behinik behin. Askotan, euskaraz ari garelakoan,erdia gaztelaniaz aritzen gara, konturatu gabe. Gazteen kasuan hori nabarmenagoa dela esango nuke. Biharko euskaldunak euskara garbian (hutsean, alegia) hitz egiteko gai izango ote dira?

 

Gogoan dut, duela urte batzuk irratia entzuten nengoela, Euskadi Irratia agian, nire arreta deitu zuen gauza bat entzun nuela: Ipar Euskal Herriko pertsona bati ari zitzaizkion elkarrizketa egiten bertako gizarteari buruz. Momentu batean, euskarak Ipar Euskal Herrian duen egoeraz galdegin zion esatariak eta erantzuna honelako zerbait izan zen: euskara iparraldean urtu egin da, azukre-koxkorra uretan bezala eta ia konturatu gabe. Parabola polita iruditu zitzaidan, euskararen galera mikatzari azukrearen gozoa eransten baitzion nolabait. Geroztik azukre-koxkorraren irudia maiz etorri zait gogora. Hegoaldeko euskal herrietan gure begien aurrean gertatzen ari dena deskribatzeko ere ez dut uste hain metafora txarra denik, gurean azukre-koxkorra hain desegina ez dagoela argudiatuz kontsola gintezkeen arren.

 Euskara gaztelaniaren ur handietan nahasten denean, halako arrasto bat uzten du. Jende ezezagunen artean gaudela, gaztelaniazko munduan, azukre-gustu herbal hori non edo han harrapa daiteke batzuetan: norbaitek esandako “eskerrik asko” edo “bihar arte” batean, erdal hitzen ahoskera ezagun batean, haurrekin euskaraz ari garenoi zuzentzen diguten begirada edo agur bereziren batean... Maiz, erdaldunen artean gaudelakoan, euskaldun “pasibo” asko aurkitzen ditugu ezkutatuta. Eta horrelako pasadizoek halako sentsazio gazi-gozoak sortarazten dizkigute euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugunoi.

 Niri, behintzat, beste garai batzuk eta beste leku batzuk datozkit gogora: ikastetxeetan gaztelania besterik existitzen ez zen garaiak, hain zuzen ere. Urteetan egon zintezkeen ikaskide berberen ondoan, zure lagunen batek euskara zekiela jakin ere gabe. Gaztelania zen eskolako hizkuntza bakarra nahiz eta, batzuon kasuan, euskara hutsa izan etxeko hizkuntza. Gaur egun eskola asko aldatu da, batez ere EAEn eta Nafarroako eskualde batzuetan: euskarak leku garrantzitsua du gure irakas-sisteman. Baina ez du lortu lehen gaztelaniak zuen estatusa: eskolan nahasten dira etxetik euskaldun direnak, erdi euskaldun direnak, eta zeharo erdaldunak ere. Irakasleak euskara era ia esklusiboan erabiltzen badu ere, ikasleen arteko harremanak gaztelaniaz izan ohi dira asko-askotan. Esan liteke eskolako panorama gazi-gozoa dela, gaztelaniaren gustua gazia baldin bada, behintzat.

 Gizartea, zorigaitzez, ez da hainbeste aldatu. Euskarak presentzia nabarmenagoa du gaur egun (telebistan, errotulazioan...); gure hizkuntza ez da lehen bezain ikusezina edo entzungaitza. Baina, euskal idazleren batek esana duen bezala, euskal hiztunak “ikusezinak” gara oraindik erdaldunentzat, nagusiki gure pisu demografikoa eskasa delako.

 Egia da gure lurraldearen zenbait eskualdetan euskaldunon pisu demografiko hori batez bestekoa baino dezente handiagoa dela. Euskaraz bizitzea “errazagoa” den “mundutxo” bat badago. Euskal mikrokosmos honek baditu gaur egun euskarari eusteko beharrezkoak diren zenbait baliabide: hizkuntza batua, telebista, irratia, liburuak, aldizkariren bat, egunkaria...  Baina batzuetan ez gara konturatzen horrelako “uharte” euskaldunetan bizi direnak euskalduntasunaren azken erreserban edo bizi direla.

 Goiko lerroetan aletzen saiatu naizen deskribapentxoa laburregia eta sinpleegia da euskararen egoera islatzeko, jakina. Datuetan baino gehiago irudipen subjektiboetan oinarritua da. Ikuspegi ezkor samarra agian, batzuen irudirako. Asmoa, ordea, errealitatearen argazki fidel samarra egitea izan da.

 Duela urte gutxi, UNESCOren txosten batek euskara arriskuan dauden hizkuntzen artean sailkatu zuenean, jende askotxo harritu egin zen. “Egin den ahalegin guztiarekin, gastatu den diruarekin, horrela al gaude oraindik?” pentsatuko zuen baten batek. Besteren batek gaztelaniaren nagusigoa indartzeko motibo bat gehiago ikusiko zuen horretan: “zertan gabiltza hemen bazterrak nahasten gaztelaniarekin (eta ingelesarekin) aski dugunean?”. Harridura espero izatekoa zen: azken urteotan euskaren indarberritze-lanetan egin diren aurrerapausoak goraipatu ditugu, baina gure hutsuneez eta falta zaigun bide luzeaz ez dugu behar adina pentsatu eta eztabaidatu. Oraintxe ari gara konturatzen hizkuntza baten gizarte-egoera hobetzea ez dela hain erraza. Ibilbide horren azken helburua ere zein den ez dugu oso ondo erabakia: helburu zehatzagoak eta errealistagoak ezarri behar genituzke agian.

 Artikulu honen xedea hizkuntza-kalitatea jorratzea zelarik, beharbada luzetxo jo digu hizkuntzaren egoerari buruzko deskribapenak. Kalitatea, ordea, ezin da ulertu hizkuntzaren egoera orokorretik at. Errakuntzak eta akatsak zerrendatzea ez da alferreko lana, baina diagnostiko zehatzagoa egiteko gako soziolinguistikoak oso kontuan hartu behar dira. 

 Euskara arlo ahalik eta gehienetara zabaltzeko helburua oso present dago euskaltzaleen artean, eta helburu hori lortzeko egin beharreko lana handia da oraindik. Baina, azken urteotan, erabilerari buruzko kezka zabaltzen joan da eta, horrekin batera, hizkuntzaren kalitateari buruzkoa ere bai. Leloa aldatuz joan gara: “euskara ikasi!” esaten zen soilik garai batean; “euskaraz egin!” aldarrikatu genuen gero; eta orain ”euskaraz ondo egin!” esatera pasatu behar dugu. Euskaraz ikastea eta euskaraz nola-hala egitea ere baloratzen da, jakina, baina exijentzia-maila bat ere ezarri behar da. Ordea, non eta nola aktibatu behar da exijentzia hori? Eskolak arlo horretan egiten duena hobetu beharko du dudarik gabe, baina, horrez gain, gizartean bertan sentsibilitate-maila hobea behar litzateke kalitatearen puntu honetan.

 Kalitatearen eztabaida ez da oso eztabaida erosoa, jendeak bere burua inplikatua ikusten baitu. Batzuek badakite ez dutela ongi hitz egiten; beste batzuek, ongi hitz egin arren, ez dute formazio handirik bere hizkuntzan eta zalantzaz beterik daude. Bestalde, inori ez zaio gustatzen bere euskara zalantzan jar dezaten, edo bere ikasleek edo seme-alabek euskaraz behar bezala hitz egiten ez dutela entzutea. Hezkuntza-arloko maila desberdinetako arduradunentzat ere beren ohiko arazo eta lanei eransten zaien arazo bat gehiago da: oso ongi ulertzen ez duten arazoa eta konponbide errazik ez duena.

 Horregatik hizkuntza-kalitatearen arazoa ahalik eta era objektiboenean deskribatzea komeni litzateke, ikuspegi desberdinak kontuan hartuta. Alde batetik ikuspegi soziolinguistikotik aztertu behar da: arazoa ez da soilik pertsonala, giza multzoei eragiten die garbi-garbi. Beraz, kalitate-galera zenbatekoa den aztertu eta horren motibo soziologikoak bilatu beharko dira, hainbat faktore kontuan hartuta. Esate baterako:

  •  -          familiak gaurko gizartean duen eragin mugatua
  • -          eremu soziolinguistikoaren eragina: inguru euskaldun samarra izateak edo ez izateak dituen ondorioak
  • -          eskolako irakastereduak izan dezakeen eragina
  • -          eskolan haur euskaldunak eta erdaldunak nahasten ote diren eta horrek zer ondorio dakartzan
  • -          gurasoen eta nagusien hizkuntza-joerak
  • -          haurren eta gazteen hizkuntza-joerak
  • -          euskalkiaren egoera eta prestigioa; gurasoen eredua eta eskolakoa oso desberdinak ote diren
  • -          euskararen eta gaztelaniaren funtzioak: gizatalde konkretu batean zertarako erabiltzen den bakoitza
  • -          hizkuntza bakoitzaren erakarmen-indarra eta indar hori nondik datorren
  • -          belaunaldien arteko transmisioa nolakoa den
  • -          ...

 Ikuspegi soziologiko honetatik, euskarak, iraun dezan, bete behar lituzkeen funtzioak zein diren antzematea oso da garrantzizkoa. Azken batean, euskara erabiltzea eskatzen duten testuinguruak behar ditugu nahi eta nahi ez. Euskarak mundu tradizionalean zituen funtzioak eraldatu egin dira. Egia da euskarak funtzio berriak betetzeko gai dela erakutsi duela, baina, aldi berean, familian, lagunartean, edo herri-lanbideetan zuen esparru esklusibo hori galdu egin du. Horrek dakarren arriskua bene-benetakoa da. Gaztelaniak “behe-mailako” funtzio horiek naturaltasunez betetzen ditu gaur egun leku askotan. Ikusi besterik ez dago nola lerratzen diren gaztelaniara euskaraz hazi eta eskolatu diren haur eta gazteak. Giza harremanak erraz bideratuko dituen hizkuntza izan behar du euskarak nagusiki. Bestelako goi-funtzioak (zientzia-mailakoa esaterako.) onak dira eta prestigioa eman diezaiokete, baina ez dira hil ala bizikoak. Hurrengo belaunaldiek beren eguneroko harremanetan hartzen duten jokamoldea erabakigarria izango da euskararen etorkizunerako.

 Beste ikuspegi bat ere onartzen du kalitatearen arazoak, ikuspegi deskriptiboa edo gramatikala, hain zuzen ere. Hori ere beharrezkoa da  gaurko hiztunen euskarak jasotzen duen higadura nolakoa eta zenbatekoa den jakin nahi badugu. Deskribapen horretan honelako puntuak har daitezke kontuan, besteak beste:

  •  -          lexiko espezifikoaren espainoltzea
  • -          lexiko arruntaren espainoltzea
  • -          zenbait partikularen erabilera falta: omen, ote, ere....
  • -          aditzaren “sinpletzea”: leiket, leikezu, leikedizut...
  • -          fonetikaren erdalduntzea: intonazioa, hiatoak, gaztelaniako ”c” ahoskatzea (procesua, francesa) ...
  • -          esamolde adierazkorrak galtzea: esklamazioak, harridura, argota...
  • -          konparazioak egiteko baliabide eskasia
  • -          baldintza-esaldiak zuzen osatzeko ezintasuna (gogorragoa bazen ez zitzaion zulorik egingo)
  • -           
  • -          ...

 Honelako zerrenda bat, gaurko hiztunek dituzten akatsak eta hutsuneak jasotzen dituena, interesgarria da. Alabaina, ongi bereizi behar lirateke zein akats diren herri hizkeratik datozenak, zeintzuk gaztelaniaren azken uholdetik datozenak, zenbateraino zabalduta dauden, etab. Zerrenda nahi adina luza daiteke, baina itsutu ere ez dugu egin behar: balantza horren beste aldean gauza onak ere jarri beharko ditugu, gaurko hiztunek dituzten abantailak. Esate baterako:

  •  -          euskaraz irakurtzeko eta idazteko gaitasuna
  • -          gaurko egunera egokitutako lexikoa
  • -          behar denean hizkuntza estandarrera jotzeko aukera
  • -          etab.

 Ikuspegi soziologikoak eta ikuspegi gramatikalak badute nolabaiteko lotura, jakina. Horrela,  hizkuntzaren funtzioek eragina izango dute hizkuntza-formetan. Gaur eguneko gizartean, esaterako, irakurtzea eguneroko kontua bihurtu da (ez hainbat idaztea). Horregatik, askoz ere ohituagoak gaude hitzen idatzizko formekin: ahozko barianteen atzean dagoen forma estandarra ezagutzen dugu. Kontu horietarako lehen baino prestatuago gaude. Era berean, gure mintzagaien artean teknologia edo nazioarteko politika sartzen ditugun neurrian lexiko berriaren beharra nabarituko dugu, baldin eta behin eta berriro gaztelaniara jo nahi ez badugu.

 Nolanahi ere, oso kezkagarria da adierazkortasuna, bizkortasuna, eta efektua bilatzen dugunean gaztelaniara jotzeko dugun ohitura. Joera hori, gainera, azkartzen ari da belaunaldiz belaunaldi. Funtzio horiek gaztelaniaz betetzearekin batera, gauza horiek berak euskaraz adierazteko gaitasuna galtzen ari gara etengabe. Herri euskaldunetan jende adindua gai da bere berbaldi osoa euskaraz moldatzeko, gaztelaniara ia jo gabe. Gaitasun hori zeharo ahulduta dago ondorengo belaunaldietan eta, zorigaitzez, ez dirudi euskaraz eskolatutako neska-mutilen artean errekuperatzen ari denik. Alderantziz, gaztetxoen hizkeran gaztelaniak gero eta esparru handiagoa hartzen duela dirudi (Imanol Esnaolak gazteen hizkeraren gainean egindako azterlana erakusgarri da horretan).

 Horrek ez du esan nahi azken urteetan euskara sustatzeko hartu diren neurriak alferrekoak izan direnik, baina garbi dago aldi berean erdararen presentzia eta erakarmen-indarra ere izugarri azkartu direla: garai batean ez bezala modernitatearen ikur bihurtu da gaztelania, ingelesa baino xarma txikiagoarekin agian, baina askoz ere erabilgarritasun handiagoarekin.

 Euskara hutsean hazitako eta D ereduan eskolaratutako 8 urteko haurrek gaztelania askotxo dakitela esatea ez da inongo sekretua. Gaztelania jakitea ez da berez gauza kaltegarria, kontrakoa baizik. Baina bada kezkagarria kalean edo telebistan ikasten duten gaztelania hori euskarazko berbaldian nahastea eta tartekatzea. Kasu askotan, gainera, euskarazko esamoldeak ordezkatuz eta estaliz.  Gerta liteke haur horiek gaztelaniazko aditzak eta generoak oraindik ez bereiztea, baina sekulako errepertorioa izatea bestelako esamolde eginetan: qué asco!, qué bonito!, voy y me lo creo!.., euskañol edo pidgin moduko tarte-hizkuntza hori ez aipatzearren (hori da mas tonto que ez dakit zer!). Gertakari honen gainean gogoeta egin beharrean gaude. Alde batetik, gaztelania ikaste hori nola gertatzen den xeheago jakin behar genuke: zein bidetatik gertatzen den, non dagoen bere erakargarritasuna, etab. Agian euskara irakasteko aplikagarriak diren mekanismoak aurkituko genituzke edo, gutxienez, euskararen transmisioan dauden hutsune batzuk ikusiko.

 Hizkuntza biak tartekatzea eta nahastea oso onartua dago gure gizartean, edo gutxienez ez dago gaizki ikusia, ahozko interakzioan eta lagunarteko giroan behinik behin. Askotan, euskaraz ari garelakoan,erdia gaztelaniaz aritzen gara, konturatu gabe. Gazteen kasuan hori nabarmenagoa dela esango nuke. Biharko euskaldunak euskara garbian (hutsean, alegia) hitz egiteko gai izango ote dira?

 Euskara indartzeko behar ditugun neurriak eta tresnak ongi aztertu behar dira eta egoera soziolinguistiko bakoitzak duen konplexutasunean kokatu. Hortaz, irtenbideak ere arlo askotan aplikatu beharko dira. Gauza ugari dugu oraindik aldatzeko; eta aldaketa horietariko batzuek hiztunen pentsaeran gertatu behar dute. Esaterako, euskaraz txukun eta taxuz egitea gehiago baloratu behar litzateke, beste hizkuntza batekin mordoiloan nahasi gabe. Horrela jokatzea onuragarri litzateke hiztunentzat (bereziki eskola-umeengan ari naiz pentsatzen), beren bi hizkuntzen gaitasunak garatzen lagunduko bailieke. Eta onuragarria litzateke euskararentzat berarentzat ere. Bestela, gure hizkuntza, emeki-emeki, bere mami guztia galtzera baitoa, azukre-koxkorra kafesnetan urtzen den bezala.

 

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Ibon Olaziregi
Urtea: 
2003