Hizkuntza eta eskola

Aldagai hauen guztien nolakotasunaren arabera, halakoa izango da haur horren hizkuntza.

 

Ezin dugu uka, beraz, inguruak duen eragina hizkuntzaren jabekuntzan eta, ondorioz, ikasteko estrategietan. Hizkuntzan sor daitezken gorabeherek eta arazoek zailtasunak eta trabak agerrarazten dituzte garapen sozial, kognitibo, afektibo, eta akademikoan.

ikastetxetik kanpo agian topatuko ez duen hizkuntza giro aberatsa eskaini behar zaio ikasleari, testuinguru errealetan kokatuta. Komunikatzeko saiakerak eta premiak ere errealak izan behar dute, eta horretarako aukerak ziurtatu behar dira curriculum osoan zehar, edozein dela adina eta jakintza arloa.

derrigor eraiki behar ditugu zubiak familiaren eta eskolaren artean. Arestian aipatu bezala, haur eta gazteek hizkuntza ikasi, hobetu eta aberastu egiten dute beraiekin arduratzen direnen interakzioaren bitartez hastapenean (gurasoak eta irakasleak), eta berdinen artekoaren bidez, ostean.

erabiltzeko premia sortu beharra dago, eskolan zein eskolatik kanpo: familian, kontsumoan, hedabideetan, lagunartean. Erabiltzeko premiak hobekuntzarako bidea dakar, eta, beraz, hobekuntzak erabilera areagotzeko premia. Eta nahi diozuen izena jarri premia horri: motibazioa, beharra, maitasuna, inplikazioa, identifikazioa

 

Hizkuntza da pertsonen garapen kognitibo eta sozialerako oinarrizko tresna, eta laburbilduz, bere bilakaeran eragiten duten aldagaiak, norbanakoak eta sozialak dira. Hizkuntza eraikitzearekin batera eraikitzen dugu gure nortasuna eta bestearen laguntzaz lortzen dugu eraikin kulturala eta sinbolikoa eskuratzea, kanpo-mundutik jasotzen dugun zuzeneko hautematearen mugak gainditzea, lokera eta erlazio konplexuak adieraztea, kontzeptuak sortzea, ondorioak eraiki eta arazo teoriko konplexuak burutzea; funtsezkoa da, beraz, gizakien arteko hizkuntz harremana. Errealitatea ulertzeko eta kideen arteko komunikazioa hobetzeko premia dugulako garatzen da giza-hizkuntza, eta honen bitartez lortzen dugu, hain zuzen ere, ezagutza garatzea eta gizarte konplexutasuna antolatzea. Horregatik diogu ideiak elkarren artean trukatu ahal eta nahi izatea gizakien ezaugarria dela eta hizkuntza dela bereziki gizartekide egiten gaituena. Hizkuntzarik gabeko gizartean ez litzateke inola ere gizaki hiztunik garatuko, ez eta ezagutza, antolaketa, eta hauen transmisioa ere.

 Gizabanakoaren garapen normalean, inguruko eta ohiko erabilera-hizkuntzak definitzen du abiaburua. Nabarmena da haurrak entzuten duen hizkuntzaren eta honen jabekuntzaren artean lokera estua dagoela egon. Gogoan izanik hizkuntzaren helburua esanahiak ulertzea eta komunikatzea dela, bistakoa da interakzioa ezinbestekoa dela. Interakzio hau mota eta maila askotarikoa da. Helduak ditu ikasketa honetan eredu; berak bideratzen du interbentzioa, bereziki elkarrekin diharduten testuinguruetan; hastapenean gurasoak eta familia, eta, ondoren, ikastetxean irakasleak. Aipaturiko eskuartzea, heldua jabe den jakintza eta bitartekoak direla medio gauzatzen da, eta bere partehartzea eta laguntza ezinbestekoak dira. Era berean gogoan izan behar dugu haurrak premia handia duela adierazi nahi duena esateko eta esaten zaiona ulertzeko; motibazioa, beraz, goren mailakoa da, bai eta helduen (gurasoen) estimulazioa ere, haur horrek hitz egitea espero dutelako eta, oharkabean bada ere, garrantzi handia ematen diotelako.Haur askok, baina, ez dute nork entzun. Nork entzun ez badu, ez du nork erantzun, eta erantzuten ez diotela ikusita, une jakin batetik aurrera galderak egiteari utziko dio, eta galderak egiteari uzten dionean, bere garapen kognitiboan eragingo du. Aldagai hauen guztien nolakotasunaren arabera, halakoa izango da haur horren hizkuntza.  Ezin dugu uka, beraz, inguruak duen eragina hizkuntzaren jabekuntzan eta, ondorioz, ikasteko estrategietan. Hizkuntzan sor daitezken gorabeherek eta arazoek zailtasunak eta trabak agerrarazten dituzte garapen sozial, kognitibo, afektibo, eta akademikoan.

 Haurrak eskolaratzerakoan, hauen komunikaziorako oinarria dagoeneko ezarria dago, eta ikastetxeak -irakasleak- duen erronka, egitekoa, eta erantzukizuna oinarri hori zein eta nolakoa den ezagutzea da, eta, bertatik abiatuz, garatzea eta aberastea, ikasketetan eta ondoren bizitzan arrakasta izan dezan. Abiapuntuan, ikasle horrek bere testuingurua dela-eta izan ditzakeen gabeziak gaindituz eta aberastasunak bultzatuz egingo da; aukera berdintasuna eskainiz; hau da, norberaren gaitasunen arabera hazteko laguntzaile eta bideratzaile izanaz. Ezinbestekoa da irakasle orok ikuspegi hau bereganatzea eta, horrela, ikasleari estrategiak eta bitartekoak eskaintzea, okerrak zuzendu eta ekintzaren bitartez hezkuntza eraikitzeko. Irakasle eta ikaslearen arteko harreman hezitzailea, irakaskuntza, hizkuntzaren bitartez gauzatzen da eta irakaslearen eginkizuna da ikasleei hizkuntza eredu ugari eskaintzea egitura linguistikoak direla-eta; izan ere, ikasleek irakasleengan ikusten baitute islatuta zer duten lortzeke, ikasteke; irakaslea dute eredu. Eredu dute irakaslea alor guztietan eta, hizkuntza oinarrizko tresna izanik, irakasleak zuzentasuna, zehaztasuna, eta horrek komunikazioan duen ondorioa erakutsi behar die. Ikasgelan egin beharrekoa da lan hau guztia, landu beharrekoa. Ikasgelako giroak ondutakoa behar du; ikastetxetik kanpo agian topatuko ez duen hizkuntza giro aberatsa eskaini behar zaio ikasleari, testuinguru errealetan kokatuta. Komunikatzeko saiakerak eta premiak ere errealak izan behar dute, eta horretarako aukerak ziurtatu behar dira curriculum osoan zehar, edozein dela adina eta jakintza arloa. Ikastetxeak eta irakasleak, ikasgelan komunikatzeko aukera bermatu behar dio ikasle orori; helduak ez du oztopo izan behar, ez du berak bakarrik hitz egin behar, hitz egitearen bitartez ikasten baita hobeto hitz egiten. Honela, entzuten jakitearen garrantzia azpimarratu egiten da, nabarmendu egiten da. Eta irakasleok ebaluatu beharra dugu, uneoro jakin behar dugu bakoitzaren zailtasunak zeintzuk diren eta hauen  jatorria zein den antzematen, bakoitzaren aberastasunena zertan datzan,.... Besteak beste zer dakien eta zer ez jakin behar dugu, zer jakin beharko zukeen eta nola ikas dezakeen guk irakatsi behar diogun hori ahalik eta hobekien. Ikasgelan helburutzat hartu beharra dago gaitasun sozialen garapena, eta, hori lortze bidean jartzeko, berdinen arteko interakzioa bultzatu behar dugu; izan ere, hainbat azterketak eta ikerketak frogatu dute hau ez dela berez gertatzen dena ikasgelan.

Eskolak bultzatu behar duen ahozko hizkuntzaren ikaskuntza bertan gauzatzen den jardunari dagokion erabilera linguistikoarekin bat etorri behar du: azaldu, informazioa eskatu, argumentatu, deskribatu, laburtu, aurreikusi,.... eta hau ezagutza arlo guztietan erabileraren bitartez landu beharra dugu, ez irakaslearen azalpenen bitartez soilik. Hau honela gertatzen ez bada, haur/gaztearen hizkuntzaren garapenean egoera faboragarri hauek ez izatearen ondorioz, haur/gazte horren ikaskuntza prozesuan zailtasunak ager daitezke, eta zailtasun horiek larriagotu egin daitezke baldin eta irakaslea ez badago aipatutakoarekin jabetuta eta ez badu bere erantzukizuntzat hartzen. Eta ez badu bere erantzukizuntzat hartzen, eta haur/gazte horren ikaskuntza prozesuan eragozpenak sortzen badira eta gaitasun arazorik ez badago, alferkeriari egotziko dio; ikaslearen alferkeriari, alegia. Ez duela entzuten pentsatuko du, ez duela arretarik jartzen, iseka egiten diola, ezerk ez diola axola,.... Gutxietsi egingo du; egoera edo errealitatearen interpretazio okerra egingo du. Gurasoek, ordea, seme/alaba agian alfer samarra dela onar badezakete ere, irakaslea oso abila ez dela pentsatuko dute. Artean, haur/gazteak, zerbait gertatzen zaiola pentsatuko du, baina ez dakiela zehatz-mehatz zer den; zerbaitek kale egiten duela, baina zer ote? Beno, gezur-gezurra ere ez da ahalegin handiagoa egin dezakeela; agian arrazoi pixka bat badutela gainerakoek bera alferra dela, nahikoa ahalegintzen ez dela diotenean, pentsatuko du. Sinestu ere egin dezake azkenerako, eta hain ondo sinistu, kolokan egoteraino, ez egokitzeraino, eta arazoa duela pentsatzeraino, bere buruarengan zuen konfiantza galtzeraino, erronkak baztertzeraino, eta kasuren batzuetan benetan arazo bihurtzeraino, porroteraino. Eta irakaslea? Irakasleak ez daki zer egin berarekin, ez dakielako nondik heldu; jakin badaki gaitasun arazorik ez duela, baina,.... azkenerako ahaztu, baztertu, eta ikusezin bilakatzen ditu, ikusi nahi ez duen itsuarena eginez. Zer da gertatzen dena, ordea? Bada arazoa zenbat eta larriagoa izan, orduan eta bitarteko gehiago dituela eskura bai ikastetxeak, bai familiak, eta bai norberak ere; normaltasunetik zenbat eta hurbilago dagoenean, ordea, areagotu egiten da ikusezintasuna, nahiz eta jakinaren gainean egon zailtasun guztiak direla garrantzitsuak, eta ezin dugula inortxo ere ahaztu, guztiek dutela eskubide bera eta guztiei maila berean egin behar diegula kasu, baina... Okerrena da arazo hau hezkuntza sistema guztietan dela oso ohikoa; baina ez gaude kontsolamenduetarako, izan ditzakegun arazoak antzeman eta konponbidean jartzen saiatzeko baizik.

Familiaren egitekoak, bestalde, ezinbesteko garrantzia du eta subjektu berarengan ari garenez eragiten, derrigor eraiki behar ditugu zubiak familiaren eta eskolaren artean. Arestian aipatu bezala, haur eta gazteek hizkuntza ikasi, hobetu eta aberastu egiten dute beraiekin arduratzen direnen interakzioaren bitartez hastapenean (gurasoak eta irakasleak), eta berdinen artekoaren bidez, ostean.

 Nire ustez, azken urteotako euskal ereduen hazkunde azkarrak hizkuntza gutxiagotuaren arazoa areagotu egin du Hezkuntza Sistemaren baitan. Matrikulen gorakadak irakasle euskaldunen falta azalerazi zuen; ez zegoen irakasle nahikorik euskaraz eskolak emateko eta hezteko gaituta, eta zeuden gehienak gazteleraz heziak eta ikasiak ziren. Eta irakasleriaren euskalduntzeari ekin zitzaion, dagoeneko gazteleraz eskolak ematen zituzten irakasle erdaldunak birziklatzeko, bikoitza baitzen arazoa: euskaraz eskolatu nahi zuten ikasle ugari, eta beren lanpostua ziurtatuta zuten irakasle erdaldun gehiegi. Beste aldagai bat ere badugu, zonalde oso euskaldunak alde batetara utzita (gutxiengoa): jatorriz euskalduna den ikasleria eta erdalduna dena kasu askotan elkarrekin eskolarazten dira hizkuntza jatorri berdinekoak bailiran; eta arazoa ez du sorrarazten elkarrekin edo aparte eskolarazteak, baizik eta berdintzat jotzeak desberdinak direnak. Horretaz gainera, eta berriz ere irakasleriari erreparatuta, jakina da ez dela aski euskalduntzea eskolak euskaraz emateko, euskaraz hezteko, euskalduntzeko. Egoerak hobera egin badu ere, egun, nire iritzi apalean, badugu irakasle multzo eredugarri bat, erdipurdiko masa bat, eta irakasle-gai ez den beste multzo bat; izan ere, ez dugu ahaztu behar orain arte esandako guztia. Eta hau guztia garrantzitsua bada egoera normalizatuetan, hizkuntza nagusietan, eta hezkuntza sistema propioa duten lurraldeetan, are garrantzitsuagoa bilakatzen da egoera gutxituetan, hizkuntza gutxituetan. 

 Eskolak duen garrantzia eta erantzukizuna azpimarratu badut ere, gaia hau delako, familia ere aipatu dut. Hauetaz gainera, ordea, ezin dugu ahaztu ikasmateriala bere adiera zabalenean, ez eta ingurunea ere: hasi ekintza osagarrietatik, segi aisialdiarekin, gainerako instituzioak (liburutegi, kiroldegi, ...), hedabideak (zinema, irratia, telebista, aldizkariak, egunkariak, jostailuak, bideoak, dvd-ak, internet, bideojolasak,...), eta lagunartea eta ingurugiro soziala.

 Eskola oso garrantzitsua izanik ere, eta bistan dago badela, bistan dago ez dudala uste orain arte beharrezkotzat jo dudan guztia betetzen denik. Produktuak, beraz: ikaslea eta bere hizkuntza kalitate maila ezin bikaina izan; eskolak bakarrik ezin du egoera irauli; bai, ordea, egiten duena ohi duena baina hobeto egin. Horretarako, baina, neurriak hartu beharko lirateke: arauak, bitartekoak,... euskaldundu. Eta bestetik, erabiltzeko premia sortu beharra dago, eskolan zein eskolatik kanpo: familian, kontsumoan, hedabideetan, lagunartean. Erabiltzeko premiak hobekuntzarako bidea dakar, eta, beraz, hobekuntzak erabilera areagotzeko premia. Eta nahi diozuen izena jarri premia horri: motibazioa, beharra, maitasuna, inplikazioa, identifikazioa, esklusibitatea, interesa, jakin-mina, erakargarritasuna, morboa, magia,...

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Egilea(k): 
Lore Erriondo
Urtea: 
2003