Hizkuntzaren kalitatea hezkuntzan

Guztiarekin ere, kolore arre soiletan bizi nahi ez badugu, indefiniziotik harago ere jo beharko dugu

Ezinbestean, beraz, testuingurua ezagututa, maila jakin bat finkatu beharrean gara, haren arabera kalitatean gora garen edo behera erabakitzeko.

Guk dakiguna eguneroko praktikak urteetan eskuratua da, eta beldurrik gabe adieraz daiteke, honenbeste irakaslek maila hori ez eze jasoagoa ere baduten arren, askotxo H200eko maila horretatik urrun bizi dela. Ondorioz, ikasleengana irits daitekeen hizkuntza nekez gerta liteke kalitateko.

Hala gerta dadin, ordea, non behar da ezarri galbahea, Lehen Hezkuntzan, Batxilerrean, Unibertsitatean, oposizioetan? Kalitate eza konpon dadin nonbaiten eskatu egin beharko da maila. Dagoen dagoenean lagatzen badugu, kalitaterik gabeko irakasleak sortuz jarraituko dugu, hala irakasle eskoletan, euskal filologietan, nahiz gainerako espezializazioetan.

Ondorioz, baiezta genezakeena da, berbetaren kalitatea ez dela nahi genukeena, maila apalegia duela, orain hogeitaka urteak onargarri zena gaur ez genukeela zilegitzat hartu beharko, baldin egunen batean gauza ez den tresnarekin topa ez gaitezen.

Baliteke uste izatea –hizkuntzaren aspektu formalak irakasten diren kasuetan ere- lehenengo kode linguistikoa irakatsi behar dela, eta ostean etorriko dela kanporatzeko unea, gaitasun komunikatiboz adieraztekoa; berez zuzenagoa da, ordea, egoera komunikatiboetan eta erabileretan osotzen dela –eta ez aktualizatu soilik- sistema linguistikoa bera.

 Kalitatea aspaldietan dago modan. 1998 hartan zioskun Luis Mari Larringanek “Kalitatearen gaia gure gizartean aspaldion luze eta zabal dabilen gaia da”. (Euskonews & Media 150 zenbakia.) Ez da, beraz, XXI. ume-mende honetan agerturiko kezka edo ataza.

 Edonola ere, historia aldaketa denez, gure egunotan ezin eztabaida daiteke kalitatearen gainean orain bost urte bezala, beste arrazoi batzuen artean, Espainiako Estatuan “Ley de Calidad de la Educación” argitaratu delako eta guk, hain zuzen ere, “Hizkuntzaren kalitatea hezkuntzan” dugulako aztergai. Halanda ze, behin honezkero, orduan adierazia ezin errepikatuko dugu hemen, batez ere, legeak lege, Europako nahiz munduko gizarteak ezagutu dituen aldaketengatik ikasleriaren hetereogeneotasuna hazi egin delarik, irakastea zeregin konplexuago bilakatu delako. Beharbada, “Ley de Calidad de la Educación” aldarrikatu duten agintariek lege horren bitartez gauzatu gura dutena ez da besterik, aldaketa horien guztien aurrean gizarte-multzo pribilegiatuen kalitaterako bidea ezarri besterik, ez inola ere ikasle guztiena eta, beti ere, kalitate eragile izango diren sektoreekin ezer adostu barik.

 Guri, gaia bere osotasunean garandu nahian hasten garenean, aletu ezineko arlo gehiegi aurkezten zaigu begien aurrean, hala kalitatearen nolakotasunari buruz nola kalitatea neurtzeko irizpideen formulazioaz nahiz kalitatean eragina duten faktoreetan zein kalitatea neurtzeko erabil daitezkeen kontrol tresnak direla-eta. Gainera, hezkuntzan tarteko diren egoera eta esparruei buruz diagnosi doituak faltaturik, kalitatearen gaiari hurbilketa kritikoa egitetik harago nekez jo genezake.

 Kalitatea bera zer den argitu guran, ez naiz ausartzen antonimo moduan porrota idazten, alegia, kalitaterik ezak porrota dakarrela, zeren Euskal Herrian haran hezeak baino zabalagoak baitira lurralde arreak.

 Guztiarekin ere, kolore arre soiletan bizi nahi ez badugu, indefiniziotik harago ere jo beharko dugu, ezen bizi garen elebitasun –eleaniztasun- giroan aurkiturik ez baita aski guk nola jokatzen dugun hausnartzea, ezpada bidaide ditugun inguruko erdal herriekin alderaturik parean, aurrerago edo gibelerago dihardugun, zeren sare-zibilizazioan garelarik geratu egiten dena desagertu egiten baita. Ezinbestean, beraz, testuingurua ezagututa, maila jakin bat finkatu beharrean gara, haren arabera kalitatean gora garen edo behera erabakitzeko.

 Irakasleei begira jarriz, ez dut froga fidagarriegirik aurkitzen –irakaskuntza formaletik kanpo ez bada- selektibitaterako azterketan, zeren gaurkoz minimoetako froga baita, hots, A, B, edo D ereduetarako berbera. Hori horrela, ikasleen gaineko iruzkina eskuetan datu eta esperientzia partzialak baino ez ditugula egin beharko da.

 Hizkuntza hezkuntzan  aztertzerakoan, ezin ahaztuko dugu hizkuntza eta edukiak sartzen direla jokoan, euskara ikasteaz gain euskaraz ikasi ere egin behar dela. Hainbestean da egia bikoitz hori azpimarragarri non irakaskuntzako kurtsoetan gora joan ahala, pisu kurrikularra handiagoa den eta gaiak –euskara hobean edo kaxkarragoan- ikasi egin behar diren, ostean, selektibitatea-eta gainditu egin behar dituztelako.

 Aipaturiko egia biribilak ez du ukatzen hizkuntza zuzen bezain egoki irakatsi behar denik, alderantziz baizik. Eskolari gizartea osoan ordezkatzea ezin eska dakiokeen arren, eska dakioke dagokiona betetzea, euskara artez eta ondo irakastea, zoritxarrez, gaur artean betetzen ez dena.

Egoera ulergarri gerta dakigun, jar genezake adibide legez gaztelerarena, hau da, uler dezagun, galde genezake, ea zer erdara erabiliko litzatekeen baldin gazte askoren erdara eskolak irakatsia soilik izango balitz. Seguru asko gaurko euskararen antz-antzekoa. Suertatzen dena da, eskas edo txarto irakasten den gaztelerak badituela eskolaz kanpo egoera nahiz medio zuzentzaileak. “Enseguida veniré” behin esango duzula, baina hurrengoan berehala topatuko duzula nork zuzendu. Areago, giro erdaldunean bizirik nekez otu dakizukeela halakorik mihi puntara hurreratu egitea ere. Dena dela, hemen irudikatuaren gaineko hausnarketara geroago itzuliko gara.

 Irakasleen kalitateari so egitera bagoaz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak badu irakasleentzako azalpen testu bat EGA eta H200etik gorako ikastaroen gainean. H200 ikastaroko definizioak honela dio: “Goi mailako hizkuntza gaitasun praktikoa. Beregaintasun maila: eguneroko lan esparruan euskara –ahoz zein idatziz- zuzen eta egoki erabiltzea”. Ohar gaitezen goi-maila deritzala eta beheraxeago esaten dela “erdaraz egin dezakeen moduan edo”. Baita bere eguneroko lana argi, zehatz, eta doi betetzea. Eguneroko zeregin honetan sartzen ditu “ikasleen apunteak”, “mintegiko txosten teknikoak”, “egunkarian hezkuntza-gaiei buruz artikulua idatzi”, eta abar. Azken baten, irakasleak sor ditzakeen testuek beste inoren zuzentzerik behar ez izatea.

 Azaldu berri duguna gogoan izanik, berehalakoan datorkigun itauna da: Euskal Herriko 22000 irakasleetarik –unibertsitatekoak barru ez direla- zenbatek erantzun diezaioke maila horretako eskakizunari? Hor eskaintzen den mailak neurri jakin zehatza emango liguke kalitateaz. Nik dakidala, baina, ez da halakorik irakasleen artean pasatu. Guk dakiguna eguneroko praktikak urteetan eskuratua da, eta beldurrik gabe adieraz daiteke, honenbeste irakaslek maila hori ez eze jasoagoa ere baduten arren, askotxo H200eko maila horretatik urrun bizi dela. Ondorioz, ikasleengana irits daitekeen hizkuntza nekez gerta liteke kalitateko.

 Baliteke galdetzea inork, ea testuliburuetako euskara onak konpon ez dezakeen arazoa. Erantzun daiteke, tresna beharrezkoa bada ere, irakaslearen funtzioa eta papera askoz zabalagoa, sakonagoa, eta ordezka ezina dela. Horrexegatik bihurtzen dira irakaslearen erroreak eredu-errore, alegia, okerrak izanik ere ikasleen kodigoko.

 Irakasleen kalitateari buruzko “status questionis” deskribatuta, baina, ados ez bagara, egoera iraultzeko zein jokabide hauta genezake? Ezen orain hogeitaka urteak kontua hastea izan bazen, euskarazko irakaskuntza abian jartzea, orain urteetako eskarmentua dugunean, zergatik  jarraitu kontrabidetik, hau da, irakasle berriei zergatik ez eskatu H200eko maila hori? Dakigun moduan jakinik, arteko irakasleriaren media 49 urtekoa delarik GARATU programetako ikastaroek-eta zail samar dutela oinarrizko gabeziak konpontzea, zergatik ez –batez ere- datozen berriei begira jokatu?

 KALITATERAKO GALBAHEA

Iñigo Aranbarri ezten zorrotzeko lankidea kexu agertzen zen -Berrian 2003ko irailaren 14koan- gazteen telebistako euskararen erabilera dela-eta. Eta zioen ziotsotela “Gazteak hala mintzatzen dira” –benetan ere guztiak hala mintzo balira bezala. Dena den, Iñigoren salaketa egia biribil-biribila zen, zoritxarrez. Arterago zein  ostean -norbera ere tarteko dela- sarritan izan gara kexu gazte askoren euskara narrasaz.

 Lehengora etorririk, ordea, genioena zen, joanak joan, irakasle berriei eska geniezaiekeela  H200 horretako maila. Hala gerta dadin, ordea, non behar da ezarri galbahea, Lehen Hezkuntzan, Batxilerrean, Unibertsitatean, oposizioetan? Kalitate eza konpon dadin nonbaiten eskatu egin beharko da maila. Dagoen dagoenean lagatzen badugu, kalitaterik gabeko irakasleak sortuz jarraituko dugu, hala irakasle eskoletan, euskal filologietan, nahiz gainerako espezializazioetan. Oraingo irakasle gaietan, badira on-onen aldamenean ez euskara diren sintagma-perpausa erabiltzen duten gazteak, euskara teknikoetan-eta trebaturik egon arren itzelezko astakeriak zuzentzen ez dituztenak, batzuk erdal elebidunak direlako, besteak euskal elebidunak izan arren behar den besteko alfabetatzerik ez dutenak, eta urteak joan, urteak etorri  “Zer, joaten gara tabernara?” “Ez dauzkat lagunik” eskola/ikastolako hura berbako darabiltenak.

 Halakodunak titulua eskura ez dezaten, nonbaiten ezarri behar da galbahea, baina, batez ere, norbaitek, jakinik norbait horren portaera gaurko irakaskuntza-sisteman ez ohikotzat, gogortzat, “establishment” aren aurkakotzat hartua izango dela.

 Arteko paragrafoan adieraziaz jabe gaitezen, esango nuke, euskarak ez duela gizarteko erabileran –oro har- erdaren pareko zuzentasun-egokitasunik. Zergatia Iñaki Martinez de Lunak azaltzen digu “beste hizkuntza nagusi batekiko meneko egoeran dagoen hizkuntza gutxituaren ahuleziak ohi dira gehienbat” (Jakin 126, 106. orrialdea). Hala ere, gu irakasle gaiez ari garenez, hizkuntza jasoa eskatzea ezinbestekotzat jo behar dugu.

 Gainera, kanpo egoerei erru guztia egotzi barik, geure erantzukizuna ere neurtu beharko dugu, xede asko burutu ahal izanik ez dugu burutzen-eta. Beharbada, euskaldunok, gaurko egoeran, ez dugu borondaterik edo indarrik gogo genukeen kalitatea eskatzeko –Mungiako Osakidetzako bigarren solairuan iragarki guztiak espainol hutsean diraute-; agian, bortitzegi suertatzen zaigu euskaraz ez dakiten askok seme-alaben ikastereduak hautatzerakoan euskararen alde egin izanik, orain gazte horiek maila gainditzeko hain zorrotz epaitzea; agian, lurralderik lurralde egoera desberdina ezagutzeak zaildu egiten du normalizatzea eta ohartu egiten gara; agian, gure gizarteak ez du euskarak daukan egoera larriaren kontzientziarik; agian beste euskaldun batzuk lasaitu egin dira azken urteotako nola halako aurrerabidearen ondorioz, eta beste batzuk kontrako jarrera gogortu egin dute; agian, euskararen erabilera eskatzearen aldeko kontzientzia ez da nahiko zabaldu euskaldunen artean. Finean, hori guztia horrela, hizkuntzaren kalitatea hezkuntzan eskatzea, arautzea, maila guztietako erakundeetako euskaldun kontzientziatuen zeregina da gaur eta hemen.

 Ondorioz, baiezta genezakeena da, berbetaren kalitatea ez dela nahi genukeena, maila apalegia duela, orain hogeitaka urteak onargarri zena gaur ez genukeela zilegitzat hartu beharko, baldin egunen batean gauza ez den tresnarekin topa ez gaitezen.

 Beraz, kalitate urriko hizkuntza gorabehera, hezkuntza aurrera joateak ez gintuzke liluratu behar, ezen euskal ereduetan polito badihardugu neska-mutilak –hizkuntza gorabehera- ikasketetan aurrera doazelako baita. Arestian aipaturiko arrazoiengatik gizartea ez da kalitateaz kexatuko, etxeko neska/mutilak euskal ereduetatik joanik titulua eskura badeza, nahiz eta ikasketak euskaldun pasibo legez burutu eta era traketsean mintzatu, edo erdaraz jardun azterketako atean. Ardura –hartzekotan- euskaraz bizi garenok geureganatu behar dugu.

 ETORKIZUNERAKO PROPOSAMEN DOITUAK

Aztertutako ideiak hego haizeak oilo lumak legez barreia ez ditzan, kalitate hobeko euskararako behar den ikastetxeetako diagnostiko konkretua eta irtenbide jakinak eskainiko ditugu.

 EGOERAREN IRUZKINA

Eskolari dagozkion esparruak baizik ez dagozkiolarik, onartzen dugu badagokiola euskara ona eta ondo irakastea.

  1. Zabal dabilkeen ustea da, berbetak modu naturalean ikasten direla, ondorioz, hizkuntza era inplizitoan irakatsiz, hau da, ikaslearen arlo honetako gaitasuna prozesu espontaneo eta kontrolbakoen esku lagata.
  2. Behar bada, gure egunotan hizkuntzaren irakaskuntza aspektu komunikatiboetara mugatzen da, hots, hizkuntza funtzionala irakastera. Horrela, hizkuntzako aspektu formalei –fonetikoei, morfosintaktikoei, lexikoei- ez zaie arreta metodikorik jartzen.
  3. Baliteke uste izatea –hizkuntzaren aspektu formalak irakasten diren kasuetan ere- lehenengo kode linguistikoa irakatsi behar dela, eta ostean etorriko dela kanporatzeko unea, gaitasun komunikatiboz adieraztekoa; berez zuzenagoa da, ordea, egoera komunikatiboetan eta erabileretan osotzen dela –eta ez aktualizatu soilik- sistema linguistikoa bera. Hortik sortzen da euskararen erabileraren nahitaezkotasuna.
  4. Eredu erroreak, irakasleen ahotik-eta hedatzen direnak. Agian, ez genuke onartu beharko Zer esan duzu?ri Ezer erantzutea, akatsa detektatu genuenetik 25 urte luze joan direnean, ezen oker irakasten dugulako baita.
  5. Gaurko ikasleak ez dira atzokoak. Murgiltze-ereduetako asko euskara dakiten erdaldunak dira, ondorio guztiekin. Atxikitze-ereduko gaurkoak ez dira atzokoak bezalakoak:

            5.1.XX. mende erdira artean jaiotako euskaldunentzat euskararen kodigoa izan da oinarri, erdaraz ere jakin arren -beti ere tokian tokiko aldaerekin-.

            5.2.1950etik 1975era jaiotakoentzat euskarazko kodigoa izan da oinarri arlo batzuetan eta erdararena besteetan.

            5.3.1975etik gora jaiotakoetan, erdararen pare-pareko euskara eredua da nagusi, hala diglosiarengatik nola euskaldun berrien eraginarengatik.

Horrela –ikasgelari dagokionean- azken belaunaldietako gazteentzat, erdararen pareko euskara ez da, ez okerra, ez interferentzia, agian –esplizitoki adierazten ez bazaie- euskara bakarra da. Astelehenean zubia edukiko dugu euskara da (El lunes tendrémos puente). Ez zaie burura etorriko ingelesen Long weekend edo tankerakorik. Eurentzat zubia euskara da eta puente gaztelera. [1]Jarraian, transposizioz, Dago Mikel? itaunduko du (¿Está Mikel?) Eta ontzat hartuko du, eta abar.

  1. Kurtsotik kurtsora igarotzeko prozedurazko eduki minimoak ez dira eskatzen. Ikasle askok ez du bere euskara hobetzen eta, ondorioz, desmotibatu egiten da.

 KONPONBIDEAK

Badakigu medikuntzak txerto gutxi batzuekin erantzun behar diola ehunka birus motari. Hala ere, hobe zenbait neurri indarrean jartzea.

  1.  Euskarako irakasleentzat marko teorikoa sendotzea: ukipenaren paradigma; diglosia; berbeta minorizatua; psikolinguistika..., uste izan ez dezagun zentzu komunak ordezka dezakeela diziplina hauetako jakintza.
  2. Irakaskuntzaren berbalizazioa -irakasle guztien parte hartzeaz- ikasgelan ideiak, sentimenduak, gertaerak elez adieraztera emateko, berbalizatzeko, zeren sistema linguistikoa –kasu honetan ahozkoan- erabileraren bidez osatzen baita.
  3.  Metodo bateratua euskara irakasteko haur hezkuntzatik batxilerrerainokoa, horrela hizkuntzaren aspektu komunikatiboez gainera, aspektu formalak era esplizitoan, sistematikoan lantzeko, ezen praktikan testuliburua bilakatzen baita benetako curriculuma. Metodo honetan ikasleen akats sistematiko eta erabat ezagunek lanketa berezia jasoko lukete, izurritearen aitzinean txerto aproposa har dezaten.        Euskarak –erdararen parekotasunetik aldamenera dadin- bere-bere dituen esaera, modismo, esamoldeak sakontasunez jorratuko lirateke; Gose naiz, gosea daukaten alboan.
  4. Proba-eredu derrigorrezkoak jarri mailarik mailara igarotzeko minimoak bete daitezen.
  5.  Murgiltze eta atxikitze-ereduan bereizketa metodologikoa praktikan jarri, familiako euskara ere modu esplizitoan eta ez inplizitoan jorratzeko.

                                 



 [1]Espainiako kultura euskaraz irakastean gauza bera egiten da, adierazlea euskaraz da, baina adierazia erdal mundua. Horixe da erdal argitaletxeek dakartena, euskaraz erdalduntzea.

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Juan Luis Goikoetxea
Urtea: 
2003