Irakaskuntzako hizkera moldea

beraz, irakasleak hautatuko ditugu, hezkuntzan erabiltzen den hizkuntzaren nondik norakoak zertxobait aipatzeko. Batetik, horiek direlako eragile zuzenenak, batik bat hezkuntzako hasierako mailetan ikasleek jasotzen duten inputaren erreferente ia bakarrak; eta, bestetik, hizkuntzaren erabilpenaren nolakotasunean garrantzi eta eragin berezia eta zuzena dutelako.

Hizkuntzaren funtzio batzuk indartu dira, batik bat funtzio formalak; baina beldur naiz beste batzuk, barnekoiagoak, urradura handiegia ez ote diren jasaten ari. Hotzegia eta estandarregia da irakaskuntzako hizkera moldea, formalegia. Eta hizkera hori ikasgelaz kanpo ere (jolaslekuan, irakasle-gelan, etab.) lekua jaten ari zaio, inoiz izan badu, gatza eta piperra duen hizkera bizi eta freskoari.

Saiakera asko egin behar ditu hiztunak hizkuntza-trebetasunak lortzeko. Egoera ezberdinetara egokitu beharrak sorraraziko dio, bere baitan, aldaeren premia. Hiztun trebeago eta jantziagoekin harremanetan, osatuz joango da dituen gabezia eta hutsuneak. Hizkuntza zenbat eta gehiago entzun, irakurri, eta erabili, orduan eta bide eta baliabide gehiago izango ditu bere mintzajarduna aberasteko.

Hizkuntza jasoago egiteko, eskura ditugun baliabideak ezagutu eta erabili

Sekula izan ez ditugun adinako bitartekoak dauzkagu, baina askorentzat ez dira ezagunak eta ez dira erabiltzen. Eta izan, tresna ezin hobeak dira zalantzak argitzeko, lexikoa zehazteko, etab.

ekimen horiek guztiak barnebiltzen eta modu koherentean uztartzen ahalegintzen den Ulibarri Programa: egitasmo integrala da, eta ekimen guztiak bateratu eta norabide berean jartzeko bitartekoak eskaintzen ditu. Hizkuntzaren normalizazioa helburu, dugun aniztasunetik abiatuta, hezkuntza-komunitate eta harreman-sare bakoitzaren ibilbidea babesten du

 

 

HIZKUNTZAREN KALITATEA ETA GAITASUN KOMUNIKATIBOA

Azken boladan asko hitz egin da hizkuntzaren kalitateaz. “Euskararen etxeak” dituen “ajeak” eta onbideratzeko nolako “sendabelarrak” behar dituen luze-zabal eman zaigu aditzera han eta hemen. Euskararen garapenak (euskara batzeak eta hedatzeak) berekin ekarri dizkigun kostuak eta sortu dituen desorekak kezkaz aipatu dira. Hezkuntza mundua da, gainera, azterketa gehienen jomuga behinena, ez baita alperrik hezkuntzan eman euskararen berreskuratze ahalegin handiena.

 Hala baina, zertaz ari gara hizkuntzaren kalitateaz dihardugunean? Hizkuntza beti hiztunengan gorpuzten da eta, ondorioz, hiztunek darabilten hizkeraz jardun beharko genuke eta, zehazki, hiztunen gaitasun komunikatiboaz. Hizkuntzaren kalitatea hiztunen kalitatearen batez bestekoa litzateke. Hiztun baten mintzajarduna kalitatezkoa dela diogunean, bere diskurtsoaren egokitasunaz, zuzentasunaz, eta abar ari gara: kode linguistiko jakin bat erabiliz eta diskurtsoak eraikiz, komunikatzeko duen gaitasunaz. Ez da hau lekua eta unea gaitasun komunikatiboaren azpi-gaitasunak eta nondik norakoak deskribatzen hasteko. Bakarrik esango dut, hiztun trebeak arrakasta duela bere diskurtsoa hartzaileari helaraztea lortzen duenean. Hiztunak lortu nahi duena hizkuntza erabiliz lortzen du.

 Hezkuntzari lotzen bagagozkio, eta erabiltzen den hizkuntzaren kalitatea behatu nahiko bagenu, bertako hiztunen erabilera aztertu beharko genuke; hiztunena eta erabiltzen diren material eta baliabideena. Jakina da hiztun askok eskuartzen dutela hezkuntzaren eguneroko jardunean: irakasleak, ikasleak, gurasoak, begiraleak... Horiez gain, hizkuntza, kalitate handiagoz edo txikiagoz, presente dago eskola-giroan testu-liburuetan, hemerotekako bitartekoetan, teknologia berrien erakusleihoan, etab. Bestalde, gizartearekin duen zilborreste sendoaren bidez, era guztietako hizkuntza ereduak sartzen dira eskolan. Ohartu besterik ez dago komunikabideen garrantziaz eta eskaintzen dituzten hizkuntza ereduez.

 Eragile horiek guztiak aztertzea ezinezkoa da; beraz, irakasleak hautatuko ditugu, hezkuntzan erabiltzen den hizkuntzaren nondik norakoak zertxobait aipatzeko. Batetik, horiek direlako eragile zuzenenak, batik bat hezkuntzako hasierako mailetan ikasleek jasotzen duten inputaren erreferente ia bakarrak; eta, bestetik, hizkuntzaren erabilpenaren nolakotasunean garrantzi eta eragin berezia eta zuzena dutelako. Horrekin ez diogu garrantzirik kendu nahi testu-liburuetan eta bestelako euskarriak dituzten bitartekoetan erabiltzen den hizkuntzaren kalitateak duen eraginari. Baina, oro har, horietan agertzen den hizkuntzaren kalitatea asko hobetu da eta, salbuespenak salbuespen, nahiko txukuna eta egokia izateko bidean da. Ez dugu uste hizkuntzaren kalitatean ematen diren hutsune eta gabezia deigarrienak hor ematen direnik.

 

ANIZTASUNA: HIZTUN AHULDUAK ETA HIZTUN JASOAK

 Zer esan, bada, hezkuntza munduan dihardugun irakasleon hizkuntzaren kalitateaz, gaitasun komunikatiboaz? Zenbat buru, hainbat aburu! Aniztasuna begi-bistakoa da: Continuum bat ematen da. Doi-doi hitz egiteko gai denarekin hasi eta hiztun trebea, oparoa, eta eredugarria den horren artean dagoen tartean gaitasun maila guztiak aurki genitzake. Badira irakasleak D titulua edo bigarren hizkuntza-eskakizuna atera zutenak, eta beraien ahoan hizkuntza ihartzen, moteltzen, eta ahultzen joan zaiena; gaur egun hitz-totelka dihardutenak, behar dituzten hitzak, arruntenak sarritan, aurkitu ezinik. Horien hizkera hutsunez, gabeziez, eta erdal makuluz josia dago. Ikasgelan euskaraz jardungo zaizkizu, ahal duten moduan; baina ikasgelaz kanpo erdal munduan bizi dira, eta erdal kulturaren iturritik elikatzen dira. Hori horrela, inoiz lortu zuten gaitasuna murriztuz doakie, gurpil zoro horretan ihartuz eta kamustuz. Beste muturrean, mintzajardun oparoa, hainbat aldaeratara egokitua, jakintzagai askotako lexiko aberats eta egokiz hornitua, eta jario emankorra duen hiztuna aurki genezake. Oro har, euskal kulturaren iturritik ere elikatzen da, eta horrek areagotu egiten dio bere gaitasuna. Eskualde batean edo bestean, herri edo ikastetxe batean edo bestean egoerak ezberdinak dira eta alde nabarmenak daude batetik bestera. Inguruaren eragina ukaezina da.

 

ARGI-ILUNEZ BETETAKO EGOERA

 Egoera konplexua da eta bizipen gazi-gozoak sorrarazten ditu. Denboran begiratuta ezinbestekoa da aldagai garrantzitsu batzuk aipatzea. Euskal irakaskuntza asko hedatu da. Ondorioz, giza baliabideak eta bitarteko materialak egokitu egin behar izan dira. Irakasleak euskaldundu. Gaur egun hezkuntzan diharduten irakasle gehienak helduaroan euskaldunduak dira. Horrez gain, euskaldunak zirenak kultur ibilbidea osatu dute, eta jakintzagai jakin batzuetan alfabetatu eta trebatu. Inoiz ez da izan hainbeste irakasle, euskaraz irakasteko gai. Hala ere, gero ikusiko dugunez, horrek kostu bat izan du. Testu-liburuak eta hainbat euskarritako materialak sortu eta atondu dira. Ez naiz luzatuko egin den bidea aipatzen, begi-bistakoa delako.

Jakintzagai askoren eskaintza finkatzen eta sendotzen doa. Egiteke dagoena kontuan izanik ere, garrantzi handikoak dira emandako urratsak. Inoiz ez bezala, irakasle asko dago bere jakintzagaian prestatua eta trebatua.

 Beste hainbat alderdi gozo aipa genitzake, baina prozesu horrek bere kostuak izan ditu. Uholdeek lurrean urradura eta etena eragiten duten bezala, horrelaxe eragin du hizkuntzaren kalitatean, irakasle eta ikasle jatorriz erdaldun asko euskal irakaskuntzan murgiltze-prozesuak. Zelai berri asko eta jokalari andana irabazi ditu euskararen plazak, baina jokalarien batez besteko maila dezente jaitsi da. Inoiz baino jokalari hobeak daude, baina talde osoaren mailak zuzendu beharreko hutsune eta gabezia anitz ditu. Gaur egungo irakasle asko ibilbide kulturala gauzatu duten hiztunak dira. Asko, hiztun trebe eta gaituak bilakatu dira. Baina beste asko, hizkuntza lan-tresna deserosoa dutela ari dira: erdi bidean, noraezean bezala, ibilbide osoa gauzatu ezinik, nekez eta izerdi patsetan. Sarri askotan, irakurtzeko eta idazteko trebezia handiagoa dute ahozko diskurtsoa eratzeko baino. Eskolako edukiez mintzatzeko gai dira, baina lankideekin txantxetan aritzeko edo kafea hartzerakoan hitz aspertuan jarduteko, baliabideak falta zaizkie eta erdal makuluetara jotzen dute, edota erosoago zaielako erdaraz gauzatuko dute elkarrizketa guztia. Hizkuntzaren funtzio batzuk indartu dira, batik bat funtzio formalak; baina beldur naiz beste batzuk, barnekoiagoak, urradura handiegia ez ote diren jasaten ari. Hotzegia eta estandarregia da irakaskuntzako hizkera moldea, formalegia. Eta hizkera hori ikasgelaz kanpo ere (jolaslekuan, irakasle-gelan, etab.) lekua jaten ari zaio, inoiz izan badu, gatza eta piperra duen hizkera bizi eta freskoari. Erregistro bakarrean dihardu, diharduenean, irakaskuntzak, oro har. Eta gaitza kutsakorra denez, eta ahoz aho transmititzen denez, ikasleen artean sintoma berdintsuak ari gara diagnostikatzen: erabilera makurrak eta erdarakadak. Kode linguistikoari dagozkion gabeziak dira gehienetan: lexiko urria, esamoldeen hutsunea, erdararen eraginpeko joskera, etab. Leku askotan aipatu dira gabezia eta molde trakets horiek.

 Gaitz horiek guztiak ez dira hezkuntzaren baitan bakarrik egosten eta nozitzen. Gauza jakina da hizkuntza bat edo bestea erabili, horretarako motibazioak etab. ez daudela norbanakoaren baitan soilik. Gizarte jakin batean kokatzen da hezkuntzan diharduena eta horren eraginpean bizi da. Zein motatako ordainsariak ditu gure gizarteak euskaraz jardun eta trebatzen ahalegintzeko? Eskolako ormetatik atera orduko lasai ederrean funtziona badezake euskararik gabe, zer dela eta titulua ateratzeaz haratagoko esfortzua egin? Ikasleek ere azkar ikusten eta ikasten dute euskara eskolako kontua dela eta berehala egokitzen dira egoera horretara. Horren ispilu ez ote da kontsumitzen duguna? Zein da irakasle eta ikasle gehienen kultur kontsumoaren iturria? Zein komunikabide erabiltzen ditugu? Zein musika, literatura...? Eta euskarazkoak diren askotan ere, zein hizkera mota eta zein eduki kultural aireratzen dira? Badakit hori guzti hori beste une baterako hausnarketa dela, baina hezkuntzan erabiltzen den hizkuntzaren kalitatean eragin saihestezina du.

 Jabetzen naiz egoera beltz samarra margotu dudala. Lehen aipatu dut alde gozoak ere asko dituela gure egoerak. Kontuan izan behar dugu ahuldutako hizkuntza indarberritze-ahaleginetan ari garela, eta urratsak, nahi adina ez noski, ematen ari garela. 

JORRA DAITEZKEEN BIDEAK

Orain arteko lerroetan aipatutakoak dugun egoeraren zertzelada batzuk besterik ez dira. Hizkuntzaren kalitatea zehatz-mehatz aztertzeko diagnosi zehatzagoa egin beharko genuke. Hala ere, aipatutakoak kontuan hartuta, egin daitekeenaz hainbat iradokizun egin genezake:

A)       Erabilera eremu berriak irabazi.

Hizkuntza landua, joria, eta borobildua lortu nahi badugu, lehenik erabili egin beharko dugu. Erabileraren poderioz garatzen eta jasotzen da hizkuntza. Erabili ezean, ahuldu eta ihartu egiten da. Saiakera asko egin behar ditu hiztunak hizkuntza-trebetasunak lortzeko. Egoera ezberdinetara egokitu beharrak sorraraziko dio, bere baitan, aldaeren premia. Hiztun trebeago eta jantziagoekin harremanetan, osatuz joango da dituen gabezia eta hutsuneak. Hizkuntza zenbat eta gehiago entzun, irakurri, eta erabili, orduan eta bide eta baliabide gehiago izango ditu bere mintzajarduna aberasteko.

 Hezkuntzaren munduan erabilera-esparru asko irabazi dira, batik bat arlo akademikoari dagokionez. Hala ere, badago oraindik zer landua, eta asko dira irabazi edota finkatu beharreko eremuak. Gehientsuenak, helduen arteko harremanei dagozkienak. Baina hezkuntza mundua gizarte jakin batean txertatua dago; eta norbanakoaren hizkuntza-portaerak gizarte horretako erakundeen hizkuntza-jokabideekin estuki lotuak daude, eta hein handian, baldintzatuta. Hori horrela izanik ere, hezkuntzako eragileek eskola-munduarekin harremanak dituzten erakundeetan ere eragin dezakete, erabilera-eremu berriak irabazteko lanean.

 B) Irakasleen prestakuntza sakonki jorratu.

Hementxe dago koska, esango du norbaitek. Ez bakarra, noski, baina bai dela bide itxaropentsuagoak ireki ditzakeen giltzarria. Jakina da edozein erakundek giza baliabideei eta pertsonen prestakuntzari garrantzi handia ematen diola. Ahalegin horretan jartzen diren diruak inbertsiotzat jotzen dira. Aipatu dugu, lehen, hezkuntzan irakasleek duten ardatz-izaera eta eragin zuzena. Begi bistakoa da, beraz, irakasleok goi mailako prestaketa behar dugula. Nola irakatsi ez dakiguna? Nola trebatu ikasleak erregistro eta aldaera ezberdinetan mintzatzen, esamoldeak harira ekartzen, eta bere mintzajarduna esapide eta atsotitz ederrez hornitzen, gu geu horretarako gai ez bagara? Kontuan izanik, gainera, ikasle askok jasotzen duen input ia bakarra hezkuntzakoa dela, irakasleak sekulako garrantzia du. Baina daukagunetik soilik eskain dezakegu.

 Zein eratako prestakuntza eta zein baliabiderekin?

Ibilbidea luzea da eta, ahuldutako hizkuntza izanik, sarritan malkartsua. Presarik gabe jardun beharko dugu: ozta-ozta, bakoitza dagoen tokitik abiatuta, urratsez urrats baina etengabe, gure lanari dagokion goi-mailako prestakuntza lortzeko ahaleginean. Norbanakoaren ardura profesionala da; eta guztion zeregina, hori gauza dadin bitartekoak eskaintzea. Bide batzuk aipatzearren: Corpusaren ezagutzan eta erabileran sakontzea.

Aipatu dugu kode linguistikoan aurkitzen direla hutsune eta gabezia asko. Sarritan, beste hizkuntza batean gai gara diskurtsoak eratzeko, baina euskaraz ezin ditugu atondu, kodearen ezagutza faltagatik. Bi lan lerro aipatze aldera:

  • -         Eguneratze-saioak. Ikastaro edo mintegien bidez, hainbat jakintzagai edo korpusaren zenbait atal jorratzea: IRALE egitasmoa, H2tik haratago doazen sakontze-ikastaroak direla, GARATUko hainbat eskaintza, Lanbide Heziketarako berariaz antolatutako egitasmoak, etab.
  • -         Hizkuntza jasoago egiteko, eskura ditugun baliabideak ezagutu eta erabili: zuzentzaile ortografikoak, hiztegi elektronikoak, izendegi entziklopedikoak... eta, oro har, hizkuntza jasoagoa egiteko ditugun euskarri askotako baliabideak. Sekula izan ez ditugun adinako bitartekoak dauzkagu, baina askorentzat ez dira ezagunak eta ez dira erabiltzen. Eta izan, tresna ezin hobeak dira zalantzak argitzeko, lexikoa zehazteko, etab.

Bide bertsuan aipagarriak dira hainbat argitalpen, hizkuntza aberasteko berariaz pentsatuak: EHAAen argitalpenak, estilo-liburuak, testu-ereduen bildumak... Gauden unean, bitarteko horien zabalkundea egitea eta erabiltzen trebatzea premiazko eginkizuna da, bai irakasleentzat bai ikasleentzat.

Hizkuntza-gaitasuna areagotzeko berariazko prestakuntza horrez gain, irakasleen jardunean eragin zuzena duten beste prestakuntza ildo asko aipa genitzake, hala nola H2 irakasteko behar den glotodidaktikaren ezagutza, euskal kulturaren edukiei dagokiena..., baina luzeegi joango litzaiguke.

 C) Euskal kulturaren ekoizpenen kontsumoa sustatu eta indartzea.

Zein iturritik edaten dute, edaten dutenean, irakasleek eta ikasleek? Zeintzuk dira iturri horien kultur erreferentziak? Euskaraz entzun eta irakurtzen ez duenak nekez elikatuko du hizkuntza. Aspaldi honetan ekoizpen duinak lortzen ari gara, baina gero ba al dute hartzaile nahiko? Inon baldin badago hartzaile potentzialik, hori hezkuntza munduan da. Hor badugu, beraz, erronka izugarria eta eginkizun anitz. Hau da, hezkuntza euskal kulturaren iturrietako urez blaitzea. Erregistro eta aldaera ezberdinetako ahozko eta idatzizko ereduak eskaintzea. Guztioi dagokigu, era berean, ur horien gardentasuna eta kalitatea zaindu eta areagotzea, hau da, ekoizpena erakargarria egitea.

 Aipatutako lan-ildo horiek eta gehiago behar ditu hezkuntza munduak: euskal materialgintza babestu eta indartzea, euskal curriculuma eratzea... Denak aipatzeak luze joko liguke.

 Amaitzeko, ezin dugu aipatu gabe utzi ekimen horiek guztiak barnebiltzen eta modu koherentean uztartzen ahalegintzen den Ulibarri Programa: egitasmo integrala da, eta ekimen guztiak bateratu eta norabide berean jartzeko bitartekoak eskaintzen ditu. Hizkuntzaren normalizazioa helburu, dugun aniztasunetik abiatuta, hezkuntza-komunitate eta harreman-sare bakoitzaren ibilbidea babesten du, norabideak, helburuak eta zereginak bateratuz eta argituz. Betiere, Lizardiren “hizkuntza... noranaikoa: yakite-egoek igoa...” lortzeko, hau da, gardena, jasoa, eta kalitatezkoa.

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Egilea(k): 
Xabier Bengoetxea
Urtea: 
2003