Eskolaren kalitatea eta eskola

Hizkuntzari eta euskarari buruz kalitateaz hitz egiteak, beraz, ezinbestekoa du aldez aurretik zehaztea zein irizpideren arabera egiten diren egiten diren balioztapenak.  Hizkuntza kontuetan baina, askotan, gehiegitan akaso, irizpideak propioak baino autoritateak, idazle klasikoak, akademiak, …  indar handiagoa izan ohi dute.

Euskarazko irakaskuntzaren eta eskolaren kalitatearen artean egon daitekeen lotura lehen ere aipatu izan dugu (Idiazabal, 1995) eta  horretarako norberaren bizipenak, eskura dauden datuak, eta urte askotako esperientzia baliatu izan ditugu. Hainbat arrazoi aipatu izan da D ereduarekin eskolako kalitatea hobetzen dela frogatu ahal izateko.

Euskara ikasteko ez-ezik, beste hizkuntzen irakasteko ere, D ereduaren antzera, murgilketa metodoa hobesten da gaur hainbat lekutan (Baker, 1993 Genesse, 1987, Skutnab-kangas, 2000). Gurean aspaldi frogatu zen euskarazko murgilketa sistematikoa eta jarraitua behar zela euskara ikasteko (Ikus laurogei urteetan egin ziren EIFE ebaluaketak, Gabiña eta beste, 1986, Sierra eta beste, 1989, 1990). Emaitza haiek gaur betetzen diren edo ez berrikustea ere egin beharrekoa litzateke.

 

Euskararen kalitatearen inguruan sakontze-ahalegin bat baino gehiago egin da gure artean; ale honetan bertan dugu esaten ari garenaren lekukoa. Eskolaren kalitatea, berriz, hitzetik hortzera –bereziki politikariek– dabilen gaia bada ere, ez da horren jorratua gure artean. Nolanahi ere, hezkuntza arduradunen ezinbesteko helburua da. Alabaina, kalitatea aipatu nahi bada, gaur ez da nahikoa, haren oinarri gisa, norberaren edo autoritate baten, edota uste zabalaren babesa agertzea. Izan ere, egun kalitatea neurtu egiten da, ziurtatu. Hori ondo baino hobeto dakite enpresek, erakundeek, eta zenbait ikastetxek ere, beraientzat “ebaluaketa”, “kalitatea” berbak guztiz arruntak baitira. Jakina, kalitateaz, objetibotasun apur batez hitz egin ahal izateko, ezer baino lehen kalitate horren oinarri diren irizpideak argitu behar dira. Alegia, zer da balioztatzen den hori, eta zeren arabera egiten da balioztatzea? Arloan arloko jakintzak erakutsiko du bidea. Hizkeraren kalitateaz –euskararenaz- aritu garenean (Larringan & Idiazabal, prentsan) batez ere irizpideak zehazteari eskaini diogu ahaleginik handiena; jakina, horretarako derrigorrezkoa izan zaigu hizkuntzaren funtzionamendua modurik zehatz eta osatuenean azaltzen duen marko teorikoa ere baliatzea. Hizkuntzari eta euskarari buruz kalitateaz hitz egiteak, beraz, ezinbestekoa du aldez aurretik zehaztea zein irizpideren arabera egiten diren egiten diren balioztapenak.  Hizkuntza kontuetan baina, askotan, gehiegitan akaso, irizpideak propioak baino autoritateak, idazle klasikoak, akademiak, …  indar handiagoa izan ohi dute. Hizkuntzaren erabilera ondotik aztertu duenak badaki badirela bestelako bideak ere honako hau edo harako hura ondo edo oker dagoela baieztatzeko. Kontua bere horretan konplexua izanik ere, daitekeena dela gauzak zehaztasunez eta garantiaz erabakitzea.

 Gaurkoan, ez dugu argituko eskolaren kalitatea erabakitzeko orduan kontuan hartu beharreko irizpideen zerrenda, edota eredu teorikoa. Hori arloko adituen zeregina da, eta hemen eman duguna baino denbora eta sakontasun gehiagorekin egin beharreko lana dela uste dugu. Hemen eta oraingo honetan, nolabaiteko hipotesi bat edo, nahi bada, uste zabala formulatu besterik ez dugu egingo, gerora modu sistematikoan frogatu beharko litzatekeena hain zuzen.

 Euskarari esker eta euskalduntze prozesuaren ondorioz, hobetu egin dira Euskal Herriko eskolak. Edo beste modu batera ere formulatu daiteke kontua, euskara eskolaren hobekuntzarako ziztagarri esanguratsua izan da. Bateren batek esango du ez direla hogeita hamar urte alferrik pasa. Izango da esango duenik: azken hogeita hamar urteotan gauza guztiak hobetu dira, eskolak ere hobetu behar, aizu! Beste hau ere esan daiteke: hainbeste diru gastatu ondoren zerbait nahi litzateke! Alegia, gure hipotesiaren kontra esango litzatekeena zera da: denboraren eta diru ekarpenaren eraginez hobetu direla gauzak eskola munduan, eta euskara, beste gauza askoren artean, eskolan sartu den beste aldagai bat besterik ez dela.

 Planteamendu zorrotzagoa ere egin daiteke oraindik. Nola ulertu D [1]ereduan, ia hogeita hamar  urte pasa ondoren, oraindik ere eskaera handituz joatea? Gizartean, zoritxarrez, ez da euskararen beharra gehitu eskoletako D ereduaren hazkundeak izan duen maila berean, ez eta gutxiagorik ere!  Euskara abertzaleen balio sinbolikoa izanik, abertzaleen gehitzearen ondorio dela eskolara heltzen den euskara gehiagoren eskaera ere esan daiteke. Alabaina, hauteskundeetako emaitzek ez dute hori frogatzen. Beste arrazoi bat ere erabil daiteke D ereduaren hazkundea azaltzeko: A ereduko ikastetxeak ikastetxe markatuak bihurtu direla etorkin eta giza talde marjinalak biltzen dituztelako. Zenbait kasutan hau egia izan badaiteke ere, horrek ez du gauza handirik azaltzen. EAEn, Araba eta Bizkaiko zenbait  ikastetxe hitzartu erlijioso A ereduan mantentzen dira. Eta horiek  ez dira ikastetxe marjinalak, ez alajaina!

 Nafarroako adibide batek, behar bada, gure hipotesia gehiago indartu lezake. Lizarran, ikastola handi bat dago. Bertan 700 ikasletik gora daude eskolatuak. Urte askotako lan kementsuari esker (dagoeneko 30 urte beteak ditu ikastola honek), gaur Lizarrako kaleetan haurrak euskaraz mintzatzen dira, nahiz eta gurasoetatik haurrengana egiten den hizkuntza transmisio naturala apenas egiten den Lizarran. Hori, bere horretan, nahikoa harrigarria da, ez baitago hainbeste familia abertzale Lizarran, baina oraindik harrigarriagoa iruditzen zaigu bertako ikastetxe publiko bakarrean gertatzen ari dena. Remontival ikastetxeak egun zazpiehun ikasle ditu baita ere. Baina 1995 urtean ez ziren 300 ikaslera heltzen. Ikasle gehienak G ereduan zeuden, alegia ez zuten euskararik batere ikasten eta talde batzuk, lerro bat ozta-ozta, A ereduan ari zen. 1995-1996 ikasturtean, D eredua abiatu zen haur hezkuntzan 3-4 urteko haurrekin. Zortzi urtetan ikastetxea bete egin da eta ereduen banaketa erabat aldatu da: lerro bana jarraitzen dute A eta  G ereduan, azken hau etorkinez erdi osaturik. D ereduan, berriz, bi lerroak bete-beteak daude 3 urtetik hasi eta 12 urte bitartean. Zer ikusi dute gurasoek eskolaz eta ereduz hainbeste aldatzeko? Eta haur horiek ez dira ikastolatik etorri direnak. Auzoetako eskolak edo beste ikastetxe pribatuak utzi eta  Remontival ikastetxea aukeratu dute, eta bertan D eredua hobetsi. Zaila da aldaketa hau euskararen aldagaia kontuan hartu gabe azaltzea. Hainbeste gurasok euskararen aldeko apustua egin baldin badu eskola horretan kalitatearekin lotu dezakegun zerbait gertatu delako izango dela uste dugu.

 Euskarazko irakaskuntzaren eta eskolaren kalitatearen artean egon daitekeen lotura lehen ere aipatu izan dugu (Idiazabal, 1995) eta  horretarako norberaren bizipenak, eskura dauden datuak, eta urte askotako esperientzia baliatu izan ditugu. Hainbat arrazoi aipatu izan da D ereduarekin eskolako kalitatea hobetzen dela frogatu ahal izateko. Hala nola:

  • Irakaslearen ahalegin handiagoa eskatzen du haurrek etxetik ez dakarten edo giroan nagusia ez den hizkuntzan irakatsi beharrak. Adibidez, Floris-ek (1988) aipatzen du, ikaslearena ez den hizkuntzan azalpen bat egin behar denean, irakasleak, hori jakinik, askoz azalpen zehatzagoak eta ikasleari egokituagoak egiten dituela.
  • Gurasook eskolan gertatzen denaren berri zehatzegirik ez dugu izaten. Ez daukagu ebaluaketarako ohitura handiegirik gure gizartean. Urte amaierako Unibertsitateko hauta-frogak zenbatek gainditu dituzten ozta-ozta adierazten zaigu. Hizkuntza bat ikasten den edo ez, ordea, nahikoa begi bistan geratzen den emaitza da. Eta hau gurasoek “kontrola” dezakete. Nolabait esateko, ageriagoan geratzen dira euskararen edo ingelesaren ikasketa arloan egiten diren aurrerapenak, matematika, geografia edo beste edozein arlotan egiten direnak baino.
  • Euskararen ikaskuntza lorpen zaila eta agerikoa izatea eskolaren, eta bereziki irakaslearen, ahalegina bultzatzeko ziztagarri indartsua gerta daiteke.
  • Gurasoek, ildo beretik, beti ere eskolan egiten den lana gertuagotik jarraitzeko bidea izango dute. Eta gurasoek ikasleen lana arretaz jarraitzea lortzen duen eskolak aurrerapauso garrantzitsuenetakoa egina du ikasleen emaitzak eta, beraz, eskolaren kalitatea hobetzeko.
  • D ereduaren etekinak hobetzeko irakasle guztien elkarlana ezinbestekoa da, ez bakarrik euskarakoena. Ondo dabilen D ereduaren arrakasta faktore honek baldintzatzen du hein handi batean. Eta elkarlan hau lortu beharra aspalditik kontuan hartzen den baldintza da D ereduko ikastetxeetan.
  • Euskararen egoerako hizkuntza bat (gutxitua eta irakaskuntzan tradiziorik gabea) eskolaratzeak, bestalde, irakaslegoaren berziklatzean, materialak sortzen, curriculum berri baten eraikuntzan, izugarrizko iraultza ekarri du euskal kulturan. Alegia, gaur izan ditzakegun euskarazko emaitzak (irakasle prestatuak, ikas materialak, euskararen curriculumak) prozesu neketsu baina aberats baten fruitu dira. Eta prozesu horrek, dudarik ez, modu baikorrean eragin du eskolaren hobekuntzan.

 Ikastolan, edo D/B ereduko ikastetxeetan, edo euskararen irakaskuntzan, esperientzia eta ardura izan duen irakasleak beste arrazoi asko ere aipatu ahal izango du murgilketa ereduen zailtasunak, eta, aldi berean, balioak azaltzeko. Nahi bezain emaitza onak ez direla lortzen, edo garai bateko ilusiorik ere ez dagoela esango dizu, agian. Hala eta guztiz ere, ez dugu uste euskararen alde dagoen inork, orain artekoa bide okerra dela esango duenik.

 Euskara ikasteko ez-ezik, beste hizkuntzen irakasteko ere, D ereduaren antzera, murgilketa metodoa hobesten da gaur hainbat lekutan (Baker, 1993 Genesse, 1987, Skutnab-kangas, 2000). Gurean aspaldi frogatu zen euskarazko murgilketa sistematikoa eta jarraitua behar zela euskara ikasteko (Ikus laurogei urteetan egin ziren EIFE ebaluaketak, Gabiña eta beste, 1986, Sierra eta beste, 1989, 1990). Emaitza haiek gaur betetzen diren edo ez berrikustea ere egin beharrekoa litzateke.

 Nolanahi ere, idatzi labur honetan beste behar bat plazaratu nahi izan dugu. Euskararen eraginez eskolaren kalitatea hobetu egiten dela frogatu egin beharko litzateke era sistematikoan eta objetibotasunez, gizartean zabaldua dagoen ustea berresteko, eta, bereziki, D eta B ereduetan hainbeste ahalegintzen diren irakasleen lana indartu eta hobesteko.

 

ERREFERENTZIAK

 BAKER, C. (1993) Foundations of bilingual education and bilingualism, Clevedon: Multilingual Matters.

FLORIS, P. et al. (1988) Langues et Savoirs. Due lingue per sapere. Matériaux pour un apprentissage bilingue à l’école primaire de la Vallée d’Aoste. Vol. 1: Principes et Methodologie. Supplément à L’Ecole Valdotaine n.14.Aoste.

GENESSE F. (1987).Learning through two languages, Cambridge, M.A.: Newubury House.

GABIñA, J.J. ET AL. (1986) EIFE . La enseñanza del euskera: la influencia de los factores, Vitoria-Gasteiz: Servicio central de publicaciones del Gobierno Vasco.

IDIAZABAL, I. (1995)  La reforma en la Escuela Vasca: ¿Qué hay de nuevo?” RIEV. Revista Internacional de Estudios Vascos, 43, Tomo XL Nº 2, 345-360

LARRINGAN, L.M. & IDIAZABAL I. (Prentsan) Euskararen kalitatea aztertzeko marko teorikoa eta metodologia.

SIERRA, J. & OLAZIREGI, I. (1989) EIFE 2. La enseñanza del euskera: la influencia de los factores, Vitoria-Gasteiz: Servicio central de publicaciones del Gobierno Vasco.

SIERRA, J. & OLAZIREGI, I. (1990) EIFE 3. La enseñanza del euskera: la influencia de los factores, Vitoria-Gasteiz: Servicio central de publicaciones del Gobierno Vasco.

SKUTNABB-KANGAS, T. (2000) Linguistic Genocide in Education or Worldwide Diversity and Human Rigths ?, London, Lawrence Erlbaum Ass.

 



 [1]Labur beharrez, idatzi honetan, D eredua modu orokorrean aipatzen da, baina bereziki ikasle erdaldunen D eredua dugu gogoan. Bestalde, B ereduak ere, kasu gehienetan, D ereduaren kontsiderazio berbera mereziko luke hemen aztertzen ari garen eskolaren kalitatearen ziztagarri izatean

 

BAT aldizkaria: 
49. 2003ko abendua. Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskura...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Itziar Idiazabal
Urtea: 
2003