EUSKARAREN ETA EUSKARAZKO IRAKASKUNTZA

Eta bada bereizketa honetan garrantzia handia duen datu bat, bakoitzak bere buruaren justifikatzeko baino gehiago etorkizuneko estrategiak pentsatzeko lagundu behar lukeena: mugaz bestaldera ez bezala, hemen murgiltze eredu guztiak Seaskan federatutako ikastoletan ematen direla. Bestela erraiteko, sare publiko eta pribatuak (eliza katolikoarenak) ez duela oraino jauzi hori eman.

Eta biziki garrantzitsua litzateke horren arrazoiak aztertzea.

Egoerari itzulia ematen hasteko tresna eskola dela sinesten dugu. Ez tresna bakarra, baina bai ezinbestekoetarik bat. Eskolak familietan ematen ez den transmisioa ordezkatu behar du, usu ezinbestean, gurasoak ia ez direlako gai ez dutena transmititzeko. Eta beste kasu batzuetan etxeko transmisioa eragin eta lagundu behar du. Zenbat familia gazte ez ditugu ikusi haurra ikastolan eman dutelako euskaraz hasi direnak, bederen haurrekin?

Murgiltze ereduaren helburu nagusia labur erran daiteke: biharko jendartea gidatuko duten gazteak beren bizitza euskaraz egin dezaten trebatzea eta kontzientzia sortzea. Biak. Bai ezagutza eta gaitasun instrumentalak eskaintzea, eta baita ahal horiek baliatzeko gogoa sorraraztea ere.

Erran beharrik ez da, ikastolen proiektuak baditu erranaldi nagusi honetan biltzen ez diren beste helburuak ere: gurasoen parte-hartzea, herri kontzientzia, autonomia...

Baina horrez gain espresuki landu behar dugu motibazioa. Hori bagenekien lehen ere. Gakoa da nola eraikitzen den haur eta gazteengan motibazio hori. Nola eraikitzen den euskara eskatuko dien identitate hori. Badakigu katixima politikoz ez dugula lortzen, inposaketaz ere ez (eta gainera lortuko bagenu ere ez genuke nahiko), euskarazko telebista modernoz bakarrik ere ez. Horretan kokatzen dut ikastolen erronka nagusia: nola lortu erabilpena haztea.

Gela bakoitzeko ikasle kopuru mugatua bermatzean, adibidez. Ikasle gehienentzat hizkuntza eredu ia bakarra ikastola bada, eta ikastolan ia bakar irakasleak eta laguntzaileak, ezinbestekoa da nagusi bakoitzeko ikasle kopuruari bakarkako ahozko komunikazioa bermatzeko mailan eustea, batez ere jatorriz euskaldun diren haurren proportzioa apala den lekuetan, gertatzen denaren justu aurkakoa.

Hirugarren erronka euskarazko irakaskuntza gero eta ikasle gehiagorengana hedatzea da, ez geografikoki bakarrik, ikasketa mota ezberdinetara ere bai. Ez bakarrik unibertsitatera bideratzea euskaraz ikasteko hautua egiten dutenak. Lanbide heziketa, adar profesionalak, laborantza eskolak... 14 edo 16 urtetik goragokoentzat. Eta gero ere bai, bai unibertsitate mailan eta bai beste ereduetan.

ZER DEN ETA ZER EZ DEN GOGOETA HAU

Lerro hauetan eskualde honetako irakaskuntzari buruz nire gogoetak plazaratu nahi izan ditut. Ez dira beraz ikastolen federazioak, Seaskak, egin duen hausnarketa zehatz baten ondorioak, edo ofizialki Seaskako bulegoak finkatu dituen estrategien bilduma bat. Seaskako partaide batek, bertako langile eta guraso batek, egin duen gogoeta-ariketa baten emaitza baizik. Seaskako Euskaraz Bizi proiektuko kide batek ukan lezakeen ikuspegi estutik osotasunari egin nahi dion ekarpen bat.


EUSKARAREN ETA EUSKARAZKO IRAKASKUNTZA: BEREIZI BEHARREKOA.

Ez du hain aspaldi Lapurdin, Nafarroa Beherean, eta Zuberoan euskarazko irakaskuntza hasi zela. 36 urte. Eta ordutik hona hazi da bai, baina oraino ere urrun gaude euskararen normalizazioak eskatuko lukeen guttienekotik. Ikasle guztien % 4,3 ari izan zen euskaraz ikasten 2004/2005 ikasturtean, adinez adin, ama-eskolako ikasle guztien % 6,2, lehen mailako (6-11 urte) ikasleen % 5,4, kolegioko ikasleen (12-16) % 3,7, eta lizeo orokorretakoen % 2,4. (Datuak, idazlan honetako guztiak, Euskararen Erakunde Publikoak 2005eko uztailaren 12an argitaratuak dira, “Euskararen eta euskarazko irakaskuntza eskaintzaren azterketa” deituriko txostenean, 2004/2005 ikasturteari doazkion datuetan).

Gehixeago hazi dena euskararen irakaskuntza da. Baina ez pentsa hau ere espantukeria bat hazi denik. Lehen mailan euskara ikasgai gisa astean bizpahiru orenez eman zutenen kopurua % 5,5 izan zen iaz, euskara ikasgai gisa eta beste gai bat edo bitan eman zutenena % 18,8; eta datu berak kolegioetan % 8,4 eta 6,2.

Leku guztietan, baina hemen bereziki, bereizi behar dira euskararen eta euskarazko irakaskuntza. Euskarazko irakaskuntza euskaraz ematen den irakaskuntza da, hizkuntza irakasgai izateaz gain bestelako gai guztiak ikasteko tresna ere bada, komunikazio hizkuntza; hemen murgiltze eredua deitu izan zaio, haurrak/ikasleak euskarazko mundu oso batean murgiltzen direlako hizkuntza bere egin dezaten.

Euskararen irakaskuntza euskara ikasgai bezala ematen den irakaskuntza da. Hasi euskara astean bizpahiru orenez bakarrik ematen dutenekin (lehen mailetan hastapen bezala eta bigarren mailetan hautazko bezala), eta euskara hizkuntza bera eta beste ikasgai bat edo bi lantzeko baliatzen dutenak arte. Mugaz bestaldeko parekotasunak baliatzeko, hango D eredua litzateke euskarazko irakaskuntza, hemengo murgiltze eredua, hango B eredua hemengo eredu elebiduna eta A eredua hastapenekoa edo hautazkoa.

Ahantzi gabe aipatutako ereduetatik kanpo dena, hau da, euskara batere erakusten ez duena, dela oraino gehiengo handia hiru herrialde hauetan. Lehen mailetan % 70, kolegioetan % 81,6, lizeo orokorretan % 90,8, eta lizeo profesionaletan % 99,3.

Eta bada bereizketa honetan garrantzia handia duen datu bat, bakoitzak bere buruaren justifikatzeko baino gehiago etorkizuneko estrategiak pentsatzeko lagundu behar lukeena: mugaz bestaldera ez bezala, hemen murgiltze eredu guztiak Seaskan federatutako ikastoletan ematen direla. Bestela erraiteko, sare publiko eta pribatuak (eliza katolikoarenak) ez duela oraino jauzi hori eman.

Eta biziki garrantzitsua litzateke horren arrazoiak aztertzea. Zergatik? Irakaskuntza diseinatzen dutenek beharrezkoa ikusten ez dutelako? Jendarteak eskatzen ez duelako? Jendeak aukeratuko ez lukeelako? Horren beldurrez? Beldurrez edo uste eskasez? Edo biak? Dena den, ez dagokio sare hauetatik kanpo den bati arrazoi horietan aztarrika hastea. Norbaitek egin behar lukeela erraitea bai. Euskararen Erakunde Publikoak adibidez.


EUSKARAREN ETA EUSKARAZKO IRAKASKUNTZA: BIAK BEHARREZKO.

Biak direla beharrezko sinesten badugu, zergatik hainbeste interes bereizteko? Bakoitzak bere ereduaren onurak azpimarratzeko? Ez. Euskararen egoerak soberakinik ez du bakoitza bere etxerako gudan aritzeko. Denak batuta ere aise guttiegi gara aitzinean dugun erronka ikusirik. Eta ditugun ahalak gure arteko patasketan xahutzen baditugu, biziki bide laburra eginen du gure hizkuntzak.

Azken belaunaldietan etxeko transmisioak huts egin du. Kostaldean batez ere azken hiruzpalau belaunaldiek, eta barnealdean azken biek. Eta galera hori hain izan da izugarria, erritmo honetan beste belaunaldi bakar bat aski izanen da egoera itzulezina bilakatzeko.

Egoerari itzulia ematen hasteko tresna eskola dela sinesten dugu. Ez tresna bakarra, baina bai ezinbestekoetarik bat. Eskolak familietan ematen ez den transmisioa ordezkatu behar du, usu ezinbestean, gurasoak ia ez direlako gai ez dutena transmititzeko. Eta beste kasu batzuetan etxeko transmisioa eragin eta lagundu behar du. Zenbat familia gazte ez ditugu ikusi haurra ikastolan eman dutelako euskaraz hasi direnak, bederen haurrekin?

Eredu bakoitzak badu bere funtzioa egoera honetan:

- Murgiltze ereduak, euskaldun aktiboak sortzea. Euskaraz bizitzeko nahia eta gaitasuna dutenak sortzea. Salbuespenak salbuespen, murgiltze eredua ez denak ez bailezake hori erdiets. Eta baldintza hoberenetan ematen ez den murgiltze ereduak ere ez.
- Eredu elebidunek, euskaldun hartzaileak sortzea. Euskaraz ulertuko dutenak, euskaradunei euskaraz bizitzea eragotziko ez dietenak. Ikasleak gaztetxo edo gazte bilakatzen direnean euskaraz bizitzeko hautu pertsonala egiten badute guttieneko ezagutza bermatua ukanen dutenak.

Bi eginkizun horietan zein den beharrezkoago? Seaskan garbi ikusten dugu lehena dela. Euskaraz bizi nahi dutenak eta gai direnak sortzea. Bistan da, hauek errazago aterako dira zenbat eta jende gehiago izan beren hautua onartzeko eta hizkuntza ulertzeko, zenbat eta jende guttiago izan euskaradunak hondakin exotiko gisa ikusten dituztenak, edo ghetto politiko estremista gisa. Biharra prestatu behar dugu. Baina orainik gabe, etorkizunik ez da.

Murgiltze ereduak bi funtzioak betetzen ditu, eta eredu elebidunak bigarrena bakarrik. Hizkuntzaren berreskurapenaren ikuspegitik, eta horri bakarrik so eginez, ahal bezainbat haur murgiltze ereduan eskolaratzea da onena, baina hobe da noski adar elebidunetan eskolaratzea, elebakar frantsesean baino. Hala ere, bada hemen argituko ez dudan puntu bat, baina galdera gisa pausatu nahi nukeena, noizbait heldu beharko baitzaio: adar elebidunaren garapenak ez ote dio murgiltze ereduaren garapenari kalterik egiten? Edo elkarri mesede egiten diote?


IKASTOLEN FUNTZIO NAGUSIA: EUSKALDUN OSOAK ERDIGUNERA

Azter dezagun zehatzago zerk izan behar lukeen murgiltze ereduaren funtzio nagusia. Hainbeste zailtasun diren sasoi hauetan, ikastolen mugimenduari eusteak nagusiki zergatik merezi duen argitzen lagunduko baitigu.

Murgiltze ereduaren helburu nagusia labur erran daiteke: biharko jendartea gidatuko duten gazteak beren bizitza euskaraz egin dezaten trebatzea eta kontzientzia sortzea. Biak. Bai ezagutza eta gaitasun instrumentalak eskaintzea, eta baita ahal horiek baliatzeko gogoa sorraraztea ere.

Erran beharrik ez da, ikastolen proiektuak baditu erranaldi nagusi honetan biltzen ez diren beste helburuak ere: gurasoen parte-hartzea, herri kontzientzia, autonomia... Baina lan honen asmoetatik urruntzen dira, eta beude beste baterako.


IKASTOLAK: EUSKALGINTZAREN LEGAMI

Ikastolek badute gaineko helburu horri loturik beste eginkizun garrantzitsu bat ere: euskalgintzaren legami izatea, pizgarri, bide-erakusle eta harrobi. Mendeetako zapalkuntza kulturalaren ondoren eta, batez ere, azken mendean jendarte honi jasanarazi zaion norbere buruarekiko etengabeko gutxieste disimulatuaren ondoren, eskualde honek badu bultzada moral nekaezin baten beharra. Bultzada moral nekaezina, eta tresna praktiko berrituak.

Zorionez, ikastolaz gain, gero eta egitura gehiago dira bi funtzio horiek betetzen dituztenak. Instituzioak ere ari dira norabide horretan. Sinesmenez edo estrategia politikoaren ondorioz, edo biak, hori beste afera bat da, baina berengain hartua dute berreuskalduntzearen ardura instituzionala. Baina garbi izan behar dugu azpitik gorako presiorik gabe egitura horiek testimonial huts izanen direla, heriotza kudeatzeko erizainak. Zoritxarrez ez dagoela gainetik borondate politiko garbirik egoeraren larriak galdegiten dituen neurri ausartak hartzeko, eta edozein gisaz, borondaterik balitz ere, neurri hauek eraginkorrak izatekotan jendartetik sortu behar dutela, eta ez instituzioetatik. Honek bermatu behar lituzkeela, hori bai, bistan dena.

Orokorki euskalgintzan elkarteetatik jinen dira, orain arte bezala gerora ere, berreuskalduntzearen aldeko ekimenak. Eta gisa berean irakaskuntzan ere: ikastolen mugimendutik jinen dira, orain arte bezala gerora ere, irakaskuntza euskalduntzearen aldeko parioak. Beste sareek segituko gaituztela, agian bai. Eta beste sareak baliatuko direla matrikulazioak biltzeko, beharbada bai. Baina jendartean euskarazko irakaskuntzaren aldeko beharra eta kontzientzia sortzeko lana guregain hartu beharra dago.


IKASTOLAK: EUSKALGINTZAREN KONTRAESAN?

Baina ikastolak bagara eskualde hauetako (eta guztietako, zorigaitzez) euskaldunen eta euskalgintzaren kontraesanaren adibide ere. Aldarrikatzen dugunaren eta egiten dugunaren arteko kontraesanaren adibide.

Gure haur eta gazteentzat euskarazko irakaskuntza antolatzen ari gara, zailtasun guztien aurka eta larrutik ordainduz, baina guhaurrek, gurasoek, ez dugu euskaraz mintzatzeko aski indarrik egiten. Euskara gure aldarrikapenetarako nahi dugu, kontzientzia politikorako, ezberdinak eta bereziak sentitzeko, modernismo autoktonoaren lagin bezala, baina ez eguneroko bizitzarako. Gai gara astero orenak eta orenak ikastolako bilkura pisuetan pasatzeko, loa eta dirua galtzeko, etxeko gozamenak alboratzeko, Seaskaren militante suhar izateko, baina euskaraz mintzatzeko eraldaketa egiteko ez.

Horrek dakarren kontraesana gainditzen zaila da, biderik sinpleena eta balio duen bakarra hartzen ez badugu: lehenik guretzat, eskizofrenia zurrunbilo bat sortzen baitigu, etengabeko frustrazio sentimendu bat, borroka faltsu batean murgilduak gaudela baitiosku inkontzienteak. Bigarrenik gure haurrentzat, gurasoak gauza bat erraiten eta bertzea egiten ikusten baitituzte, handitzean zer egin behar duten mezu biziki garbia ematen ekintzekin, nahiz euskal katixima modernoan aurkakoa errezitatu: beraiek bezala euskaraz niniei bakarrik (eta manifetan). Eta hirugarrenik jendartearentzat, aldarrikapen exotikoak eta bizitzeko nahia nahasten dituen ghetto inkonformista bat bezala ikusten baikaituzte.


IKASTOLAK: ERRONKA NAGUSIAK

Ikastolek eguneroko lanean dituzten lau erronka nagusi aipatuko ditut. Gehiago ere badira noski, eta lehentasun maila ere proiektu osoari bakoitzak nondik so egiten dion, horren arabera aldatuko da. Nik, euskararen erabilpenaren aldeko proiektu-kidearen ikuspegitik, hauek nabarmenduko nituzke:

1. Euskararen erabilpena

Euskara laneko edo ikasteko hizkuntza izatetik bizitzeko hizkuntza izatera pasatzea. Ikastoletatik ateratzen diren haur, gaztetxo eta gazteek beren eguneroko bizitzan euskaraz mintzatzeko hautua egin dezaten ezagutza aberatsaz gain motibazio eta ohiturak transmititzea.

Beharbada oraintsu arte ezagutzan eman ditugu indarrik gehienak. Hiztegi aberatsa, komunikatzeko gaitasuna, euskalkia... Horiek denak oso dira garrantzitsuak, beharrezkoak. Batez ere hizkuntzen ikuspegi komunikatiboa. Orain lehen baino hobeki formulatzera iristen garena. Hizkuntza komunikatzeko ikasten dugu, eta komunikatzen garen neurrian ikasten dugu gainera. Hortik ahozko hizkuntzaren garrantzia.

Baina horrez gain euskaraz hitz egiteko motibazioa behar dute ikasleek. Euskara ez balitz hizkuntza gutxiagotu bat, euskara eta frantsesa baldintza berdinetan balira, euskaldunek ez bagenu gure kulturarekiko konplexu autozentsuratzaile bat hezurretaraino sartua, beharbada aski zitekeen euskara hizkuntza gozagarri gisa eskaintzearekin. Hori zatekeen aski motibazio. Baina horrez gain espresuki landu behar dugu motibazioa. Hori bagenekien lehen ere. Gakoa da nola eraikitzen den haur eta gazteengan motibazio hori. Nola eraikitzen den euskara eskatuko dien identitate hori. Badakigu katixima politikoz ez dugula lortzen, inposaketaz ere ez (eta gainera lortuko bagenu ere ez genuke nahiko), euskarazko telebista modernoz bakarrik ere ez. Horretan kokatzen dut ikastolen erronka nagusia: nola lortu erabilpena haztea.

Euskaraz Bizi proiektua helburu horrekin sortu zen eta horretan ari da. Eta bide horretan urratsak ematen ari da. Bat azpimarratzekotan, gurasoekin eramaten den lana. Erronka bezala planteatzen duguna, baina bidean abiatuak garena.

Gorago aipatu dudan kontraesana gainditzeko modu bakarra da. Gurasoak euskaraz mintzatzea, beraiek antolatuz, beraiek eta beraientzako proiektuak sortuz. Hasi kontzientzia lantzeko ekintzetatik eta kantu taldeetara, hitzaldi, ikastaro, joko, geletako parte-hartzea ikasleekin... Eremu zabala da, orain arte gutxi ustiatu dena, zaila, baina ikastolaren bestelako erronkak gainditzeko norabide bereko lana.

2. Eraginkortasunari eustea

Bigarren erronka euskarazko irakaskuntzaren kalitateari, helburuen lorpen mailari, eustea. Herri honetan murgiltze eredua beharrezkoa dela sinesten dugulako, gure hizkuntza eta kultura bizirik atxikitzekotan irakaskuntza ahal bezainbat hedatu behar dela sinesten dugulako, hori izan da ikastolen betiko lana, sortu zirenetik: ikastola berriak sortzea, daudenak handitzea, eskaintza luzatzea, ama-eskolatik lehen maila osora lehenik, gero bigarren mailara, lizeora...

Ez daudenen baldintzak hobetzea bakarrik, baizik eta Zuberoako, Nafarroa Behereko, eta Lapurdiko haur denei ematea ikastoletan ikasteko parada. Horrek galdegiten duen ahalegina guregain hartuz (ez da hor, gibelean, ez dakit zer instituzio hau dena bultzatzeko), eta arriskuak ere bai. Horregatik hiru puntutan zehaztuko nituzke eskaintzaren hedatze honek dakartzan erronkak:

  • Baldintzak atxikitzea, ahalaz hobetzea. Instituzioekin elkarlanean, eta behar denean hauen aitzinetik. Gela bakoitzeko ikasle kopuru mugatua bermatzean, adibidez. Ikasle gehienentzat hizkuntza eredu ia bakarra ikastola bada, eta ikastolan ia bakar irakasleak eta laguntzaileak, ezinbestekoa da nagusi bakoitzeko ikasle kopuruari bakarkako ahozko komunikazioa bermatzeko mailan eustea, batez ere jatorriz euskaldun diren haurren proportzioa apala den lekuetan, gertatzen denaren justu aurkakoa.
  • Langileen formazio etengabea egoera berrietara egokitzeko. Gorago aipaturiko eskaintzaren zabaltzeak ekarri du, zorionez, ikastoletara sartzen diren haur gehiengoaren etxeko hizkuntza aldatzea. Gehiengo handia euskaraduna izatetik ia leku guztietan euskaradunak gutxiengo izatera pasatu dira. Leku batzuetan, kostaldean, proportzioak izugarriak dira: euskara % 20en ama hizkuntza da, edo % 10ena. Baina denetan ari da norabide bereko aldaketa ematen, baita barnealdean ere. Honek, geletako ikasle kopurua zaintzeaz gain, irakasleen etengabeko formakuntza galdegiten du. Materialak, bitartekoak, osagarriak... horiez gain esku-hartze pedagogikoa egokitzeko ezagutza.
  • Ilusioa bizirik atxikitzea. Lan neke honetan langile eta gurasoen ilusioa, lanerako grina, pizturik atxikitzea. Batetik lana zaildu delako, jendartearen baldintzak aldatzearekin erabilpenaren aldeko borroka etsigarria bilakatu delako, eta bestetik egitura handitu delako, eta zahartu. Hastapen urteetan proiektu guztietan izaten den grina eta sakrifizio gaitasuna baretu arau, ahalegin handiagoa egin behar da egiturak egokitzeko eta proiektuaren ametsak belaunaldi berriei transmititzeko. Belaunaldi zaharren nekea eta bizioak batetik, belaunaldi berrien kultura militante ezberdina bestetik, eta proiektua handitzean sortzen den inplikazio pertsonal galera azkenik, aski lan ilusioa pizturik atxikitzeko.


3. Eskaintzaren aniztasuna

Hirugarren erronka euskarazko irakaskuntza gero eta ikasle gehiagorengana hedatzea da, ez geografikoki bakarrik, ikasketa mota ezberdinetara ere bai. Ez bakarrik unibertsitatera bideratzea euskaraz ikasteko hautua egiten dutenak. Lanbide heziketa, adar profesionalak, laborantza eskolak... 14 edo 16 urtetik goragokoentzat. Eta gero ere bai, bai unibertsitate mailan eta bai beste ereduetan.

Eta eskaintzaren aniztasun honetan, biziki garrantzitsua da hemengo ikasleei bestaldean ikasteko parada ematea, materialki parada eta mentalki askatasuna (ikasleei eta gurasoei). Abiatua den lana da hau ere, baina oraino bide luzea duena... Hemengo ikasle kopuruak ikusirik, ez baita egingarria denetariko eskaintza anitza hemen egitea.


4. Euskarazko irakaskuntzaren akuilu: barne arazoetan ito gabe

Eta bukatzeko, euskarazko irakaskuntzaren akuilu izatea dagokio ikastolari, bere sarea hobetuz eta hedatuz, eta beste sareak inarrosiz. Barne arazoetan ito gabe. Gero eta gehiago baitira barne arazoak, egitura handitzearekin eta instituzioekin sinatutako elkarlan hitzarmenen ondorioz (hezkunde nazionala eta beste) sortzen diren tentsioak eta kontraesanak.

Baina horietan ito gabe, helburu bakarra horiek gainditzea bilakatu gabe, proiektua urrunago joatea da, kalitatezko euskarazko irakaskuntza, besteak beste erabilpenaren arabera baloratuko duguna, bermatzea eta hedatzea.

 

 
BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Aitor Sarasua
Urtea: 
2006