EUSKARA IPARRALDEKO KOMUNIKABIDEETAN

Euskara komunikabideetan toki murriztuarekin, baina hala ere indartsu nabaritzen da euskara galtzen ari den gizarte batean. Prentsa euskaldun idatzia asmatu eta sortu zuen iparralde honetako eskualdean, gaur egun mundu abertzaleak ere ez dio euskarari lehentasuna ematen komunikaziorako. Bizkitartean, komunikaziorako euskara aberastu, zehaztu, indartu egin da, euskara batuaren bidean jarri, mugaz bi aldetako aurrerapenak bilduz.

Egunkarien kapituluan, Berria, le Journal du Pays Basque, Sud Ouest, eta Gara ditugu. Le Journal da bakarra osoki Baionan egiten dena. Besteek “tokiko erredakzio” bezala funtzionatzen dute, Berriak zuzendaritza Andoainen duelarik eta Sud-Ouest-ek Bordelen. Jakina, Berria osoki euskaraz dela eta Garak artikulu batzuk baizik ez dituela euskaraz. Sud-Ouest-en ezer gutxi da aldatu hogei urtez: astean behin, Jamattitt Dirassar, bertako kazetari ohiaren lerro batzuk baizik ez dira. Le Journal frantsesez idatzia da, noizbehinka, euskarazko kronikak azken orrialdean agertzen dituela.

Udal aldizkariek

ia tokirik ez diote uzten euskarari, nahiz azken urte hauetan herri edo herrialde bakoitzean horrelako argitalpenak biderkatu diren. Salbuespenak dira eta, batzuetan, Baionan bezala, oposizio abertzaleak hitza duelarik, euskarazko lerro batzuk ikusten ahal dira.

Euskal Herri osoko irratiekin ere elkarlan eta trukaketak urtetik urtera indartu dira, Arrosa sareko berrogei bat euskarazko herri irratien euskarazko emanaldien trukaketa sistemak aurrera doazela, hor ere teknologia berriekin. “Irrati libre” bezala hasirik, gaur egun euskal irratiek “irrati profesional” itxura hartzen ari dute.

Ardura nagusia dute hargatik euskal irrati hauek, beren bizkarrean baita euskararen etorkizunaren parte bat. Indar handiak sartu dituzte, euskara eta euskal kultura ezagut eta maitarazten, sorkuntza biziarazten eta laguntzen, euskalkien eta euskara batuaren biharko oreka aberasgarriaren praktika batean jartzen. Bistan da ere, gizarte euskaldunaren kohesio eta nortasunaren laguntzaile agertzen direla inoiz baino gehiago,

1982a geroztik Euskadi Irratia, euskaraz, Iparraldera hedatzen da. Alde honetako errealitatea islatuz, korrespontsalak berehala hor jarriz, eta orain Baionako Komertzio Ganbaran estudio eta lantokiak kokatuz, eragin ohargarriarekin da. Informatiboak, nazioarteko musika aberatsa, emanaldi bereziak, nola bertsu emanaldiak, hemengo entzulegoaren pizgarri izan dira betidanik.

Irratigintzan bezala, neurtu daiteke nola, urte gutxiz, euskara batasun praktiko baten bidez ulermen zabal batetara iristen ari den. Botere publikoek onartu dute, menturaz tokian sortu euskarazko telebista baten proiektua abandonatua baitute, errepikagailuak behar diren toki guztietan emanak izan daitezen.

2005 urteko urrian hasirik, berritasun nabaria ekartzen du Kultura.com web irrati elebidunak. Bi aukera eskaintzen ditu, bata zuzenean musika hari baten entzuteko parada, beste irratien moduan, baina ere “norberak bere irrati pertsonalaren egiteko aukera”. Gune batean daude hainbat emankizunen grabaketak, bakoitzak bere ordenagailutik, interneten bidez, entzuten ahal dituenak. Hazparnen kokatzen da interneteko irrati hau.

Euskaraz ari direnak beren indarren biltzera kondenatuak dira: telebistak, irratiak, testu idatziak bide berdinetarik ibiliko baitira. Iparraldean, gutxi izanez, biltzera are gehiago behartuak izango gara. Euskararen premiak, gure nortasunaren giltzak, bilduko gaituela itxaropena dago eta ez “komunikatzearen premiak”, hots “denek ulertzen duten hizkuntzaren erabilpenak”, abertzalek berek luzaz orain arte hartu duten bideak.

1. AURRERAPEN GUTXI 25 URTEZ

2006 urteko irudia, komunikabideetan euskararen tokiari begira, hogei urte lehenagokoen antzekoa da. Ez da urrats nagusirik egin 1981eko udazkenean Euskara eta Euskal Kulturaren Jardunaldiak gertatu zirenetik. Orduan, Frantziako Gobernua sozialisten esku zela eta, euskararen ofizialtasuna eskatu zen, erdi hitzez hitzemana zen bezala, aldi berean eskatzen zela irrati eta telebista mailan “bi frekuentzien” bideratzea, bata euskaraz eta besta frantsesez. Ez da horrelakorik gertatu eta Euskal Kultur Erakundea 1990ean sortu bazen ere, herri mugimenduetatik atera ziren “euskal irratiek” dute, partez eta ahal mugatuekin, euskarazko irratien errealitatea aurrera eraman. Euskal Telebistaren onespena botere publikoengandik eta udalen arteko sindikaten laguntza errepikagailuen jartzeko, urratsak izan ziren, bainan Estatu frantziarraren esku diren “zerbitzu publikoek” guztiz aurrerapen eskasak baizik ez zituzten eskaini. Euskal Irratiak, Xiberoko Botzak, Irulegiko Irratiak, Gure Irratiak, eta Antxeta Irratiak egin duten Konfederazioaren urratsa ere bada, baina oraindik prekaritatea nagusi da, onespen ofizialak izan arren, finantzamendu iraunkorren arazoa beti pil-pilean dago. Prentsa idatzian ere, hogei urteren buruko egoera berdintsua da: Herria astekari euskaldunak darrai, irakurlegoaren apaltzeko arrisku nabariarekin, Berriak, Euskaldunon Egunkariaren ondotik ez du ere nagusiki euskaldunen irakurlegoa aldatu.

Euskara komunikabideetan toki murriztuarekin, baina hala ere indartsu nabaritzen da euskara galtzen ari den gizarte batean. Prentsa euskaldun idatzia asmatu eta sortu zuen iparralde honetako eskualdean, gaur egun mundu abertzaleak ere ez dio euskarari lehentasuna ematen komunikaziorako. Bizkitartean, komunikaziorako euskara aberastu, zehaztu, indartu egin da, euskara batuaren bidean jarri, mugaz bi aldetako aurrerapenak bilduz.

Iparraldeko erakunde publikoek nola Garapen Kontseiluak, Euskal Herria 2020 gogoeta taldeak, Hautetsien Kontseiluak, eta Euskal Konfederazioak, dirudienez, euskarazko komunikabideen garrantzia neurtzen dute. Ohargarri da Europako Hizkuntzen Agiria, Nazioarteko hainbat araudi berrik, tokiko hizkuntzan egin komunikazioari premia nagusi bat onartzen diotela eta ezin dutela ofizialki baztertu, praktikan beti luzamenaren politika nagusi baldin bada ere. Horrela, iraupenaren apustuarekin dabil euskara une honetan, inoiz baino bizitzeko gogo handiagoarekin.


2. EUSKARA PRENTSA IDATZIAN ETA ALDIZKARIETAN

Herria astekariak hiru mila harpidedun kontatzen ditu garai hauetan. Prentsa idatziaren aitzindari dugu, 1887an Escualduna, 1904an Eskualdun Ona,1907an Eskualduna, eta 1944an Herria Piarres Lafittek abiatuaren haritik. Euskaldun familien astekari giristinoa zeukan bere burua luzaz. Hala jarraitzen du, irekidura handiagoarekin, bere maketazio guztiz berrituarekin, argazkiak eta kolorea erabiliz, Jaurlaritzaren dirulaguntzak eskuratuz. Jamattitt Dirassar zuzendariak, Emile Larreren segida hartuz, bere inguruan lan talde efikaza badu. Garai batean, euskaltzale abertzaleek doi bat gutietsi zuten, “zaharkeri” itxura zuela. Gaur egun onespen gehiago du eta albiste, kronika, edo tokiko berri emaileekin, prentsa estandarizatu batetarik hurbil da. Osoki euskaraz da eta, oraindik ere, Baionako diosesaren berrien eta iritzien hedatzaile agertzen da.

Ttipi Ttapak, Baztanen abiatu hilabetekariak, Sara eta Senpere aldeko albisteak, elkarteen bizia batez ere aipatzen du. Azken bost urte hauetako urratsa izan zen, muga gaindituz, Nafarroatik Iparraldera pasatzea.

Umeentzat, Euskal Kultur Erakundearen laguntza nagusi bati esker, urte batzuez plazaratu zen Xirrixta aldizkaria. Harpide eta salmenta eskasek azkenik geldiarazi zuten. Lan handia eraman, lan taldeak elkarlanean ohitu, eta bapatean gelditzeak etsipen handia ekarri zuen. Beste bi proiektuk lekukoa hartu bezala zuten. Ikas-Bi, eskola publikoetako klase elebidunen sustengatzaile den elkarteak Nanai izeneko hilabetekaria sortu zuen. Aldi berean, Zuberoan, Maulen, Pika hilabetekaria atera zen. Diru arazo larriak gainditu ondoren, orain berriz plazaratzen da. Lan egiten dute Okzitaniako eta Bretainako beste bi aldizkarirekin: kolorezko irudi berdinekin hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituzte, inprentan merkeago ateratzeko; hargatik “orrialde bereziak” kultur bakoitzarentzat gordetzen dira.

Egunkarien kapituluan, Berria, le Journal du Pays Basque, Sud Ouest, eta Gara ditugu. Le Journal da bakarra osoki Baionan egiten dena. Besteek “tokiko erredakzio” bezala funtzionatzen dute, Berriak zuzendaritza Andoainen duelarik eta Sud-Ouest-ek Bordelen. Jakina, Berria osoki euskaraz dela eta Garak artikulu batzuk baizik ez dituela euskaraz. Sud-Ouest-en ezer gutxi da aldatu hogei urtez: astean behin, Jamattitt Dirassar, bertako kazetari ohiaren lerro batzuk baizik ez dira. Le Journal frantsesez idatzia da, noizbehinka, euskarazko kronikak azken orrialdean agertzen dituela.

Xirika gazteen astekariak erredakzioa dauka Senpereko langunean. Gara egunkariaren “gehigarri” bezala agertzen da, osoki euskaraz egina eta Euskal Herri guztiko gazte mugimendu ezkertiar eta abertzalearen oihartzun delarik, estilo bistan da gazte, erne eta ausartarekin moldatua.

Euskarari dagokionez, nabaritzen da euskara batuak gero eta gehiago bere bidea egiten ari duela. Herrian, Emile Larre euskaltzainak, ausartzia zerbaitekin, irakurlego ezohitu bati modu homeopatikoan pixkanaka sarrarazia eta onartarazia da. Gaur, “iparraldeko kolorea” izan arren batu baten eraikuntzan, besteak bezala partaide dira.

Enbata eta Ekaitza astekari politiko abertzaleak dira, euskarari toki zerbait ematen diote, baina hor ere, argi da, komunikaziorako, euskarak balio gutxi duela Lapurdin, Benafarroan, eta Zuberoan. Laborarik, Euskal Herriko Laborarien Batasuna nekazari sindikataren astekariak, euskarari toki gehiago ematen dio, herena nonbait han.

Maiatz sei hilabetekaria, literatura aldizkari bezala 1982a geroztik jalgitzen da. Iparraldeko idazleen lanak bilduz, ezberdintasun handiz eta gai askoren inguruan, lan iraunkor eta aberatsean jarraitzen da, denborak eta kultur bideak markatuz, idazle berrien harrobi agertuz ere. Ale gutxitan plazaraturik, eragin gutxi du bere esparrutik kanpo.

Udal aldizkariek ia tokirik ez diote uzten euskarari, nahiz azken urte hauetan herri edo herrialde bakoitzean horrelako argitalpenak biderkatu diren. Salbuespenak dira eta, batzuetan, Baionan bezala, oposizio abertzaleak hitza duelarik, euskarazko lerro batzuk ikusten ahal dira.

Miroir de la Soule Maulekoan, eta Journal de Saint Palais, edo Hazparneko Berriak astekarian, hedapen aski handikoak, euskara bazterturik agertzen dira. Noizbehinka euskara amiñi bat jalgitzen dute halere, baina baztertuaren irudiarekin. Zuberotarra, ortografia frantsesdunarekin noizbehinka irakur daiteke, “lehengo oroitzapen” koloreekin, euskal mundu modernotik osoki aparte bezala.


3. EUSKARA IRRATIGINTZAN

3.1 Euskal Irratiak

80 urteetako hamarkada geroztik, berrikuntza nagusia, “Euskal Irratien” sortzea eta indartzea izan da. Gure Irratia, 1981eko abenduaren 24an hasi zelarik emititzen Milafrangako Ernest Hirigoyenen estudioetarik, aro berri baten markatzen hasi zen, ondoko otsailean Irulegiko Irratiak Irulegi herriko Menta baserritik jarraituko zuena eta Xiberoko Botzak Irabarneko Jauregitik ondoko urrian. Elkarte Irrati bezala hasi ziren, eta dira oraindik, 1984a geroztik legeztatuak, CSA (Conseil Supérieur de l’Audiovisuel) erakunde publikoak baimendurik eta Legeak baimentzen duen dirulaguntza publikoa jasotzen dutenak, FSER (Fonds de Soutien à l’Expression Radiophonique) fondoak emandako legezko dirulaguntzarekin. Berantago, Antxeta Irratia molde berean hasi zen Hendaian, Gure Irratiaren adar bezala hasieran, baina 2002 urtea geroztik erakunde autonomo bezala arituz Txingudi aldean, Irun, Hondarribia, Hendaia, Pausu, eta Biriaturen artean.

Formakuntza eskasa, diru ahalmen murriztuak, teknikazko ahal txikiak, baina elkarte askoren laguntza, jendearen onespena eta maitasuna, eta lehen langileen kemena eta fedea dira hiru irratien adierazgarri nagusiak hasierako urteetan. Euskal kulturaren hedatzaile, Euskal herri osoaren mailako informazioaren emaile, herriko bizian hurbiletik eta sakonki sustraituak izan ziren laster. Oraindik ere horiek dira adierazgarri nagusiak. Hogeita bost urtez Iparraldeko euskal kultur mugimendua eta berrikuntzak lagundu eta jakinarazi dituzte.

Jendearen onespena eta entzulegoaren kopuru handia izan ziren lehen urte horietako adierazgarri. Etxez etxe egin eskeek, Zuberoan eta Behe Nafarroan emaitza harrigarriak ekartzen zituzten, festa komite guztien laguntzarekin eta ia etxe guztietako emaitzekin. Lapurdi aldean, jendetza ezberdina gertatuz zuzeneko laguntza hori zailagoa izan zen, baina hileroko diru biraketek sostengu jarraikia eta efikaza ekarri zuten. Urtetik urtera gastu emendatzeekin, teknika aldaketa beharrezkoekin, eta langile kopuru handitzearekin orekaren mantentzea, hargatik, gero eta zailagoa izan zen.

Elkarlanean hasi ziren ere laster, bakoitza probintzia historiko batean kokatua zelarik naturalki. 1997 urte nagusia gertatu zen “Euskal Irratiak” hiru irratien arteko federakuntza sortu zelarik. 2004 urtea geroztik Antxeta Irratia ere federakuntza horren partaide da. Elkarlana hasi zen igandetako programazioa (meza, kirola, eta bereziki pilota, animazioak) elkartzearekin, astean zehar mahai-inguruak eta “mintzalekuak” egin zirelarik, hauteskundeak, gertakari politikoak, euskararen festa nagusiak, elkarlan bilakatu zirelarik.

Euskal Kultur Erakundea ere, 1990ean sortua eta Uztaritzen kokatua, lan amankomunaren bultzatzaile izan zen. Departamenduko politika publikoak, euskarari begira, eskatzen zuen ere “lan amankomunaren finantzamendua”. Pixkanaka hasi batasuna indartuz joan da urtetik urtera. 2006 urtea, Gure Irratiak Baiona utzirik Uztaritzera joateko, aurreko urteen lanbideen finkatzeko aro bezala agertzen da. Erredakzio amankomuna berrigintzan, programa koordinaketa, euskarazko irratigintza honen itxuraldatzen eta indartzen ari dira. Lau euskal irratiek, irrati bakar baten enborra erakusten dute, bakoitzak “tokiko programazioa” noizbehinka hartuz.

Lortu nahi diren emaitzak dira, irratien kalitatearen hobetzea, teknika mailan baita programazio hoberenak baloratuz, irratilarien formakuntza efikazago bat eskainiz. Numerizazioaren garaia etorria da ere eta horretan murgiltzen ari dira irratiak. Hogei urtez urrats handiak eman ditu teknikak: aski da pentsatzea CDak 1984an sartu zirela, minidiskak 1994 urtetik aurrera eta gaur egun, grabagailu numerikorik baizik ez dela aurkitzen, ordenagailuek gaina hartua dutela eta sound forge edo open radio logizialek entzuten ditugun soinuak dituztela agintzen. Intranet eta extranet sistemak erabiliz, Internet-en bidez, lanbide berriak jartzen ari dira. Euskal Herri osoko irratiekin ere elkarlan eta trukaketak urtetik urtera indartu dira, Arrosa sareko berrogei bat euskarazko herri irratien euskarazko emanaldien trukaketa sistemak aurrera doazela, hor ere teknologia berriekin. “Irrati libre” bezala hasirik, gaur egun euskal irratiek “irrati profesional” itxura hartzen ari dute.

Nahiz elkarte eta herritarren sostengua duten, oraindik ere euskal irratiek finantzamendu iraunkor baten arazo larria dute eta bataila luzeak eramatekoak dira, talde profesionalen mantentzeko, batez ere “gazte enplegu” desagertuen eta besteen diruztatzeko. Ardura nagusia dute hargatik euskal irrati hauek, beren bizkarrean baita euskararen etorkizunaren parte bat. Indar handiak sartu dituzte, euskara eta euskal kultura ezagut eta maitarazten, sorkuntza biziarazten eta laguntzen, euskalkien eta euskara batuaren biharko oreka aberasgarriaren praktika batean jartzen. Bistan da ere, gizarte euskaldunaren kohesio eta nortasunaren laguntzaile agertzen direla inoiz baino gehiago, hiriaren eta baserri munduaren arteko zubi, tokiko ekonomiaren sustatzaile.


3.2 “Zerbitzu publikoaren” irratia

France Bleue Pays Basque izenarekin agertzen da gaur egun Radio France, bere burua “zerbitzu publiko” deitzen duenaren irratia, Radio France Pays Basque izena aldatu geroztik. Baionan kokatzen da, Aturri bazterreko ezker aldean, hiri erdiko Orbe karrika utzi ondoren. Euskarazko magazine bat, eguerdi ingurukoa, astegunetan hedatzen dena da honen ekoizpena, gaur David Airek zuzentzen duena. Informazioak euskaraz, kultur gai bat, abisuak, musika, dira honen mamia. Goizaldean, albisteen tituluak eta agenda baten bilduma eskaintzen dira ere euskaraz. Hogei urtez, aldakuntza nagusia izan da asteroko bost minutuetarik magazine horretara egin den jauzia, “Radio de Pays” delakoak sortu zirelarik gobernu sozialistaren aginduetarik, Patrick Pepin izan zelarik Baionako lehendabiziko zuzendaria. Irrati horiek, argiki, tokiko irrati libreen indartzeari buru egiteko tresnak izan ziren: irrati zentralizatua izanez betidaniko Parisen politika, konturatu baitziren tokiko entzulegoa galtzen ari zutela.

“Euskaraz ere zerbait egiten zela” erakutsi nahi izan zuen Radio France-k. Beti bezala, aitzakia nagusia aurreratu zuten, “ahalmen tekniko goi mailakoak eta kazetari profesional ongi formatuak” zituztela. Larrun mendiko errepikagailua erabiliz, Behe Nafarroako Jarra mendia eta Zuberoako Madalena, egia da entzumenaren kalitatearen aldetik euskal irratiak gainditu zituztela. Donibane Garazin “euskarazko estudio” baten muntatzea aipatu zen ere 2000 urtearen inguruan, Irulegiko Irratiaren arrakastari, zirudienez, buru egin nahiz.


3.3 Lapurdi Irratia

Frantziako hainbat irrati kristauen ildotik, Lapurdi Irratia ere sortu zen, 1992an, Baionako diosesaren laguntzarekin. Uztaritzeko Seminario Txiki ohian kokatu zen eta han dago oraindik. “Lapurdiko parrokien irratia” izan nahi zuen, Mikel Erramuzpe lehendabiziko zuzendaria buru zuela. Halako patchwork bat eskaintzen du: Batikano Irratiaren informazioak, Frantziako kristau irratien hainbat kalitatezko gogoeta emanaldi, diosesako apaiz eta kristau militanteen emankizunak, elkarrizketak, erlijioaren ingurukoak. Garai batean “otoitz irakurketa” txandaka egiten zuten parrokia batzuetako ordezkariek. Euskarazko emanaldiak badira ere, mahai inguru eta mintzaldi batzuen errepikak. Langile gutxirekin, teknologia aurreratuak erabiliz, diru arazo gehiegirik gabe, Frantziako ehun bat kristau irratien sare indartsuaren babesarekin, etorkizunerako iraupenaren bidea eskutan daukate.


3.4 Beste elkarte irratiak

Legeak baimendu geroztik, beste elkarte irrati batzuk hasi ziren hemen ere. Gehienak, nola Radio Bayonne edo Anglet FM, errentagarritasuna galdurik, publizitate asko egiten baitzuten, jabeek sare komertzial handiei saldu zituzten, nola Europe 2ri.

Beste batzuek diraute, nola Radio Bonne Humeur, Hazparnen kokatzen dena. Honek, euskara baztertuz, adinekoei, batez ere adineko emakumeei, variété saileko kanta zaharren entzuteko eta eskaintzeko parada ematen die, igandetan “thés dansants” batzuk noizbehinka antolatuz okasioetan. Radio Star, Garruzen kokatzen dena, DJ baten irrati bezala agertzen da, baina errebindikatzen du elkarte nortasuna, tokiko kokapen bat, eta diru publikoaren jasotzeko eskubidea. Radio Bonne Nouvelle protestanteen irrati batek ere emititzen du Arrangoitzetik, baina euskal mundutik osoki deskonektaturik.

Radio Mendililia Maulen, “herri irrati” itxura batekin agertzen da. Euskal musika dibertigarria, fandango, Mixel Etxeberri, edo Zuberoako kantu tradizionalak honen adierazgarri dira, igandeko Zuberoako meza batekin eta Pastoralen inguruko aipamen erraldoiekin. Euskara pixka bat ateratzen da, baina maila apalekoa txokokeriak nagusiki erabiliz, Miroir de la Soule astekariaren inguruko ekipoarekin.


3.5 Euskadi Irratia

1982a geroztik Euskadi Irratia, euskaraz, Iparraldera hedatzen da. Alde honetako errealitatea islatuz, korrespontsalak berehala hor jarriz, eta orain Baionako Komertzio Ganbaran estudio eta lantokiak kokatuz, eragin ohargarriarekin da. Informatiboak, nazioarteko musika aberatsa, emanaldi bereziak, nola bertsu emanaldiak, hemengo entzulegoaren pizgarri izan dira betidanik. Lapurdi kostaldean bere entzulegoa kokatzen da, hor gero eta gipuzkoar gehiago bizi direlarik ere. Ohargarri da ere espainolezko emanaldiek, EITB sarekoek, edo Espainiako irrati nagusienenek, Jaizkibel mendiko errepikagailu indartsuei esker (maiz Iparraldeko frekuentzien itogarri) entzumen oso ona eskaintzen dutela.


4. TELEBISTA

4.1 Euskal Telebista

Telebistan euskaraz emankizun askoren ikusteko aukera bakarra da gaur Euskal Telebista. Hor ere Frantziako erakunde publikoak bere nahikeri eskasa agertzen du, 1981eko “euskarazko telebista” baten eskaera amankomuna geroztik. “Iparraldeko ordua” informazio emankizuna eskaintzen du telebista honek egunero, gehitzen zaizkiola erreportai bereziak, Sautrela literatura emanaldian edo beste batzuetan sartzen direnak. Badirudi pilota emanaldiek entzule herrikoia bereganatu dutela eta ETBn erabili euskararen ulermenak gero eta oztopo gutxiago sortzen dituela. Irratigintzan bezala, neurtu daiteke nola, urte gutxiz, euskara batasun praktiko baten bidez ulermen zabal batetara iristen ari den. Botere publikoek onartu dute, menturaz tokian sortu euskarazko telebista baten proiektua abandonatua baitute, errepikagailuak behar diren toki guztietan emanak izan daitezen. Horretarako ikusten da baliatu dela Euskal Kulturaren aldeko herrien Arteko Sindikata, Euskal Kultur Erakundearen finantzatzaile denak sortu oniritzi zabala. Iparralde osoan baldintza onetan ikus daiteke orain, bainan ikusten da ere zinez Iparraldeko telebistagintza baten biderik ez dela serioski bideratu EITBren zuzendaritzan. Hala ere Baionan, Komertzio Ganbaran hau ere, estudio eta erredakzio bat dira, tokiko sozietate baten bidez langileak enplegatzen dituena, ETBren azpitratatzaile bezala agertuz.

Itxaropena bizirik dago, Iparraldean egina, Iparraldeko biztanleentzat zinezko euskarazko telebista bat egun batez izanen dela. Hori izanen ez dagoeno, herrietako errealitateetatik luzaz bazter egongo da Euskal Telebista hau, jendea utziz telebista frantziarren xurgatzen.


4.2 France 3 telebista publikoa

France 3 Euskal Herri izenarekin, Baionako Komertzialdegian kokatzen da. France Bleue-rentzat bezala, argi da hor ere tokiko entzulego baten eskaera eta oreka politiko baten mantentzeko indar bat egin zuela botere sozialistak garai batean. Sei minutuko emanaldi bat astegunetan eskainia da, ofizialki elebiduna, baina euskararentzat baizik ez dira azpitituluak frantsesez ematen. Erdia euskaraz izan behar zela, ez da horretara heltzen. Udan, oporrak direla eta, maiz ez da oreka hori ere mantentzen. Emititzeko eta ekoizteko ahal tekniko eta pertsona egokiak izan arren telebista hau guztiz eskasa nabaritzen da, Frantziak orokorki eta betidanik izan duen politikaren bide berdinetik eramana.


4.3 Aldudarrak bideo

Erakunde honek, hamabost urte hauetan euskarazko ekoizpenak egiten ditu bideo eta telebista mailan. Baigorriko bailaran, behin, bi hilabetez “tokiko telebista” baten egiten baimena lortu zuen. Hilabetean behin tokiko informatibo baten eraikitzea, herrietako ostatu eta toki publiko batzuetan ikusgarri zitekeenaren bidea hartu zuten. Baina telebista baten “ersatz” modukoa izaten jarraitzen da eta irudi hartzaile eta ekoizle den sozietate pribatu bat bezala baizik ez da jarraitzen. Hala nola, kantaldi eta gertakizun nagusiak, Xalbadorren omenaldia, Erramun Martikorenaren azken kontzertua edo beste, ekoiztu eta salgai jarri dituzten. Xede eta proiektuz beteak izan arren, denbora joan da eta barnealdeko telebista baten sortzaile izan zitezkeenak, praktika horren bideratzeko baimenik ez ukanez, bazter egoiten jarraitzen dute.

 

5. MULTEMEDIAREN AROA

Interneten hedapenaren garaira iritsiak gara, batez ere ADSL, abiadura handiko sistemak eta sareak botere publikoen politika berriei esker denetara hedatzen baitira.

Komunikabideek ez dituzte, etorkizun hurbilean, beren eremuak (idatzia, soinua, edo irudia) soilik baliatuko, hiruetara jo beharko dute: iraultza berri baten ataria da. Iniziatibak biderkatzen ari dira. Irrati eta telebistek beren webgune propioak badituzte eta interneteko sarean entzungarri dira, irudiak ere badirela eta noizbehinka bideoak ere. Streaming sistemarekin, online, zuzenean entzuten ahal dira. Horretarako nazioarteko zerbitzariak, estatuetakoak edo berdin Hendaia aldeko Pausumedia bezalakoak badira.

2005 urteko urrian hasirik, berritasun nabaria ekartzen du Kultura.com web irrati elebidunak. Bi aukera eskaintzen ditu, bata zuzenean musika hari baten entzuteko parada, beste irratien moduan, baina ere “norberak bere irrati pertsonalaren egiteko aukera”. Gune batean daude hainbat emankizunen grabaketak, bakoitzak bere ordenagailutik, interneten bidez, entzuten ahal dituenak. Hazparnen kokatzen da interneteko irrati hau.Botere publikoek egin eskaintza baten onespenarekin, finantzamendu publiko bat lortu zuten, teknika mailako inbertsio nagusiak egiteko ahalak eskuratuz.

Info7 Aztibegia.com erakundearen sorkuntza bat da, 2006 urte hasierakoa. Urruñan diren estudio batzuetarik, hiru hizkuntzatan, euskaraz, frantsesez, eta espainolez, Euskal Herri osoaren mailako informatibo eta gogoeta emankizunen eskaintzea du helburu, ezker abertzalearen kolorearekin. Interneten baizik ez da entzungarri oraindik eta beraien apustua da edo sistema numeriko berriei esker edo uhin hertziarren formula berrien bidez denetara iristea, “nazio irrati” baten ikuspuntu argiarekin.

Eusko Ikaskuntzak, bere aldetik, Euskonews.com gunea antolatua du, bere lanen edukiak azalduz eta, Iparraldeari dagokionez, hainbat dokumentu eskainiz, batez ere pertsonai ezagutu batzuekilako elkarrizketak.


6. GEROARI BURUZ

Kalitate inoiz ez lortuaren aitzakiarekin, sistema numerikoek, informatikaren berrikuntza nabarien haritik eta ia nanoteknologien garapen izugarriagatik, iraultza nagusi bat prestatzen ari dute XXI. mendean nahi ala ez kunplituko dena. Nazioarteko indar liberal eta alternatiboek, estatuek, eta erregioek hor nagusitasun gerla handi bat piztua dute, jendearen pentsakera eta kulturaren kontrola jokoan direlarik.
Euskarazko komunikabideen etorkizuna, gogoeta nagusi batetarik ibili beharko da.

TNT sistemak berehala aplikatzen hasiak ari dira telebistari, “Lurreko Telebista Numeriko” honek telebista hertziarraren tokia hartuko du, osoki, epe laburrean. Aukera harrigarria eskainia izango da bakoitzari, une honetan hogeita bost bat telebista kate ezberdin eta ehunka geroari buruz. Informazioa, irudia, hizkuntza nola itoak izateko perspektiban diren, argi da. Aukera hain zabalak zer toki utziko dio euskarari? Ikusten denaz komunitate indartsu batek baizik ezingo du “bere” duen ekoizpena baloratu, baina sozietate puskatu batean garenaz gero, arrisku handia da “homo” abstraktu eta uniformizatu baten eraikuntzan kokatuko garela. Irratiak ere telebistaren kapitulu berdinean aurkituko dira, “irrati numerikoekin”, eta oraingo frekuentzia mugatuak 88 eta 108 MHz-en artean itxuraldatuko dira numerikoarekin, frekuentzia berri bakar batek hamarnaka garraiotzen ahalko baititu irrati ezberdinen uhinak.

Euskaraz ari direnak beren indarren biltzera kondenatuak dira: telebistak, irratiak, testu idatziak bide berdinetarik ibiliko baitira. Iparraldean, gutxi izanez, biltzera are gehiago behartuak izango gara. Euskararen premiak, gure nortasunaren giltzak, bilduko gaituela itxaropena dago eta ez “komunikatzearen premiak”, hots “denek ulertzen duten hizkuntzaren erabilpenak”, abertzalek berek luzaz orain arte hartu duten bideak. Komunikabide eta irrati libreen izpiritua, ausartzia, sorkuntza nahiak, herrikoitasuna, hurbiltasuna, euskararen biziaren garantiak izanen direla, ez da soilik agiantza bat, esperantza ezinbestekoa da.

 
BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Luzien Etxezaharreta
Urtea: 
2006