TXINAURRIAREN EKINA, OILARRAREN HANDIUSTEA

Lapurdi, Nafarroa Beherea, eta Zuberoako herri mugimenduko indarrak, euskalgintza arloan, Euskal Konfederazioan biltzen dira. Definizioz, herri mugimenduek indarguneak eta krisialdiak ezagutzen dituzte, arlo bakoitzak bizi duen egoeraren arabera. Partaide kopuru handiena Deiadar kanpainen inguruan bildu da, aldarrikapen ildoak eragile guztien presentzia behar izan duelarik. 58 partaidek osatzen dute gaur egun Euskal Konfederazioa.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak sustatzen dute Bai euskarari akordioa Lapurdin, Nafarroa Beherean, eta Zuberoan. Helburua euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzea da, eguneroko bizian eta leku guztietan. Eragile txiki eta handien engaiamenduan oinarritzen da hitzarmena, bakoitzak bere ahalen eta borondatearen arabera euskararen aldeko neurriak hartzen dituelarik.

Euskararen Erakunde Publikoaren sorrerak urte luzeetan euskarak pairatu izan duen eustarri edo mugarri baten hausketa irudikatu du. Irudia hor dago baina horrekin mila zalantza eta duda-muda. Izan ere, mezuaren eta errealitatearen arteko desoreka erabatekoa da. Hizkuntza politika publikoa burutu behar duten eragileetatik sortzen da duda. Estatua, Akitania, Kontseilu Nagusia, eta tokiko hautetsiek osatzen dute EEP.

Alta, hizkuntza politika eraginkorra izan dadin eragile publikoen arteko koherentzia beharrezkoa dela azpimarratu du Euskal Konfederazioak. Lege mailako ezagutza eza, aurrekontu murriztua, eta eragileen koherentzia ezak osatzen dute EEPren irudia. Brissonek euskararen aldeko legediaren beharra dagoela erran dezake ekitaldi publikoetan, izan dadin Herri Urratsean edo prentsaren aitzinean. Baina ahantzi egiten zaio, behin eta berriz, Frantzia bera dela eskubide murrizketa horren iturburuan.

Eusko Jaurlaritzak liburuak eta bertze hainbat material ematen dio urtero Frantziako irakaskuntza publikoari, Ikas-Bi guraso elkartearen bidez. Koherentzia falta edo bihotz zabaltasuna ote den galde dezake batek. Alta, gaur egun ez dago irakaskuntza publikoko ikasleen euskara maila neurtzen duen azterketarik. Azterketa bat egon badago, baina botere publikoek bere neurrira egina. Horren froga nabarmena da ez zutela aintzat hartu Euskaltzaindiak proposaturiko azterketa.

Hizkuntza publikoa gauzatzea erakunde publikoen esku badago ere, Euskal Konfederazioak publikoki aurkeztu ditu aurten zein izan behar duten, bere iritzi apalean, behar diren bitartekoak. Koherentzia eskatu du, euskararen ofizialtasuna eta eragileen arteko transbertsalitatea, hau da, bakoitzak bere esparruan eraginez elkarlana bultzatzea. Txosten bat osatu du horrekin eta Frantziako botere publikoei helarazi.

Frantziako eta Ipar Euskal Herriko botere publikoek hizkuntza politika plantan emateko engaiamendua hartu dute horretarako Euskararen Erakunde Publikoa sortuz. Frantziak, Akitaniako Eskualdeak, Paueko Kontseilu Nagusiak, eta Ipar Euskal Herriko Hautetsiek osatzen dute EEP.

Azken honek aurrekontuaren % 1 hartzen du bere gain, gainerako bakoitzak % 33 ekartzen dutelarik. Horrekin batera EEP eta Eusko Jaurlaritzak protokolo bat bideratu dute. Horren ondorioz Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politika publikoari laguntza ekar diezaioke, beti ere EEP egituraren bidez eta horren adostasunarekin.

EEP izan da azken urteotako berrikuntza nagusia hizkuntza politikan. Dudarik gabe, EEPren sorrera bera euskalgintzaren eta herri mugimenduen lorpen garrantzitsua da. Ez bekio nehori ahantz hizkuntza politika eza, hizkuntza politika mota bat dela, Piarres Xarriton euskaltzainak argitasun osoz behin eta berriz errepikatu duen bezala.

Lapurdi, Nafarroa Beherea, eta Zuberoako herri mugimenduko indarrak, euskalgintza arloan, Euskal Konfederazioan biltzen dira. Definizioz, herri mugimenduek indarguneak eta krisialdiak ezagutzen dituzte, arlo bakoitzak bizi duen egoeraren arabera. Partaide kopuru handiena Deiadar kanpainen inguruan bildu da, aldarrikapen ildoak eragile guztien presentzia behar izan duelarik. 58 partaidek osatzen dute gaur egun Euskal Konfederazioa. Batzuk nazio mailako federazioak dira, Ipar Euskal Herri mailan antolatuta badaude ere, hala nola AEK, Seaska, edo Euskal Dantzarien Biltzarra. Batzuk aipatu federazioetako partaideak dira. Nazio mailako erakunde edo mugimenduak ere badaude, EHE eta Bertsularien lagunak elkartea, besteak beste. Pertsonal mailan 19 kide dira Euskal Konfederazioko partaideak. Irakaskuntza alorreko 12 partaide daude, 3 helduen alfabetatze euskalduntze alorrekoak, 6 hedabide, argitalen sailean 3, euskal kulturatik 32, antzerkitik 4, bertsolaritzatik 1, dantzatik 6, aisialditik 15, kiroletik 3, artetik 2, ondaretik 1, eta aldarrikapen ildotik 2.

Apirilaren 22an egin du urteko Biltzar Nagusia. Horrez gain, zuzendaritza erregularki biltzen da, bulegoa bezala. Orain artean bi lantalde ere ukan ditu, Bai Euskarari akordioa bultzatzeko eta herriko etxeen ildoa sustatzeko. Engoitik bertze batzorde bat egonen da hedabideen sailean. Euskaren ofizialtasuna aldarrikatzea da Euskal Konfederazioaren ardatz nagusia.

Ipar Euskal Herriak ez du izaera instituzionalik, ez lurraldetasun aitormenik. Frantziar Estatuak, konstituzioaren bidez, uko egiten dio euskararen ofizialtasunari. Ildo berean, Frantziak ez du berretsi Europako hizkuntza gutxituen ituna eta lege babesik gabe, euskarari behin eta berriz ukatzen dio Frantziak ofizialtasuna, eremu publikoan euskaraz hitz egitea debekatuz. Herriko etxeen ildoa Frantziak euskarari ukatzen dion lege babesa jendartetik eman nahi dio Euskal Konfederazioak, preseski jendearengandik hurbilen den erakundeetatik, hots, Herriko Etxeetatik. Euskararen erabilpen ofiziala bultzatzeko Euskal Konfederazioak lege mailako txosten bat osatu zuen abokatu baten eskutik. Izan ere, dokumentuak euskara hutsez idaztea debekatzen badute ere, deus ez du ekiditen akta ofizialak bi hizkuntzatan agertzea, horietako bat frantsesera baldin bada. Lege zirrikitu hori Herriko Etxeek eman dezaketen bigarren urratsa da.

Lehena oinarrizko hitzarmena da, euskararen gutxieneko presentzia bermatzea bere zerbitzuetan eta herritarrekiko harremanetan. Gaur egun 41 Herriko Etxek izenpetu dute akordioa. 15 Lapurdin: Ahetze, Ainhoa, Azkaine, Ezpeleta, Hendaia, Itsasu, Jatsu, Kanbo, Larresoro, Makea, Sara, Senpere, Uztaritze, eta Ziburu. 14 Nafarroa Beherean: Aldude, Arberatze, Arrosa, Azkarate, Bunuze, Donaixti, Duzunaritze, Eiheralarre, Gamarte, Garruze, Heleta, Ibarla, Irisarri, Izura, eta Jutsi. 11 Zuberoan: Aloze, Altzai, Gamere, Garindaine, Idauze-Mendi, Lexantzu, Ligi, Liginaga, Maule, Muskildi, eta Ozaze. Oraindik akordioa izenpetu ez badu ere, aurki egiteko erabakia hartu du Lekornek eta hausnarketa fasean ari dira hainbat Herriko Etxe. Euskal Konfederazioak beregain hartzen du lan teknikoa, egoeraren diagnosia eta hizkuntza normalizazio planak. Dagoeneko egindako lanaren lehen ebaluaketak egiten ari dira Arrosa, Senpere, Ezpeleta eta Hendaia.

Horrez gain, laguntza teknikoa ematen die Euskal Konfederazioak, izan dadin administrazio idazkerako ereduak eskuratzeko. Aholkularitza zerbitzua ere ematen zaie Herriko Etxeei, euskara menperatzen duten edota menperatzen hasten diren langile eta hautetsiei. Herriko Etxe Euskaldunen Eguna Herriko Etxeen ildoa bultzatzeko lanean, elkartasun urrats bat eman du aurten Euskal Konfederazioak. 2005eko maiatzean Perpinyako (Ipar Katalunia) Herriko Etxeak lege txostenaren itzulpena aurkeztu du, EK present zelarik. 2005eko uztailean tokiko hautetsien inplikazioa sustatzeko asmoz mintegi bat antolatu zuen EK-k.


BAI EUSKARARI AKORDIOA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak sustatzen dute Bai euskarari akordioa Lapurdin, Nafarroa Beherean, eta Zuberoan. Helburua euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzea da, eguneroko bizian eta leku guztietan. Eragile txiki eta handien engaiamenduan oinarritzen da hitzarmena, bakoitzak bere ahalen eta borondatearen arabera euskararen aldeko neurriak hartzen dituelarik.

2000. urtean Bai Euskarari Akordioa izenpetu zuten Iparraldeko 209 eragilek, euskararen aldeko sostengua erakutsiz eta engaiamenduak hartzeko borondatea agertuz publikoki. Hurrengo urteetan eragile anitz engaiatu ziren euskararen aldeko neurri zehatzak hartzera eta 47k eskuratu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria. Horrekin batera Bai Euskarari Akordioa Herrietan garatu da. Lapurdi mailan lehen esperientzia Saran abiatu zen, emaitza baikorrak lortuz. 64 eragileetatik 42k izenpetu zuten akordioa, 38k engaiamenduak hartu, eta horietan 27k jaso zuten ziurtagiria.

2004-2005ean Lapurdiko bertze bi herritara garatu zen Bai Euskarari Akordioa eta Engaiamendu xedea, Azkaine eta Ezpeletara. Lehen harremanak 2004ko udaberrian abiatu ziren lehen harremanak euskalgintzako eta herri mugimenduetako eragileekin. Herriko eragileen adostasuna lortuta, Herriko Etxeei egin zitzaien proposamena eta ekainean publikoki aurkeztu. Irailetik abendura akordioaren fasea abiatu zen eta herriko eragileei akordioa izenpetzea proposatu. 66 eragilek izenpetu zuten Akordioa Azkainen, Ezpeletan 50ek.

Herrietako izenpetzaileekin gogoeta fasea abiatu zen ondoren, 2005eko udaberrian engaiamendu fasea irekitzeko. Maiatzean Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia egin zen Azkainen, 42k lortu zutelarik. Ezpeletan 29 banatu ziren uztailean.

Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten eragileei laguntza eskaini eta urte baten buruan ebaluazioa egiten zaie. 2003an Saran lortu ziren 28 eragileren ebaluaketa egin behar izan zen 2004an. 23k berritu zuten. 2005ean 23 horien ebaluaketa egin zen berriz ere eta bertze 3 izenpetzaile lortu ziren. Gisa berean, 32 eragile nagusik dute Bai Euskarari Ziurtagiria eta horien ebaluaketa eta jarraipena egiten ari da.


HIZKUNTZA POLITIKA

Euskararen Erakunde Publikoaren sorrerak urte luzeetan euskarak pairatu izan duen eustarri edo mugarri baten hausketa irudikatu du. Irudia hor dago baina horrekin mila zalantza eta duda-muda. Izan ere, mezuaren eta errealitatearen arteko desoreka erabatekoa da. Hizkuntza politika publikoa burutu behar duten eragileetatik sortzen da duda. Estatua, Akitania, Kontseilu Nagusia, eta tokiko hautetsiek osatzen dute EEP.

Alta, Estatuaren jarrerak ardatz nagusiak finkatzen ditu, euskarari ofizialtasuna ukatuz. Frantziako konstituzioko bigarren artikuluak (Alain Lamassoure Hautetsien Kontseiluko Presidentea eta eurodiputatua artikulu horren aita edo idazlea izan zen) Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesera dela azaltzen du garbiki. Ahantzi gabe Frantziak ez duela Europako hizkuntza gutxituen ituna berretsi. Ofizialtasun eza, euskararentzat berezko hesia izateaz gain, euskarari ate guztiak ixteko aitzakia ere bada. Izan ere, Estatuak berak eta bere menpe dauden erakunde zein egiturek legearen interpretazio zorrotza egiten dute, euskarari erabilpen mota guztiak ukatuz bizi publikoan adibidez.

Legea zorrotz interpretatuz, bilkura bat bakarra ezin da egin euskara osoz, frantses hiztunen eskubideak eta konstituzioa bera urratzen duelako. Euskararen kontra arloz arlo hartu diren erabakiak, izan dadin postan, SNCF tren konpainian, hezkuntza alorrean edo epaitegietan, oinarrizko jarrera horren ondorioa da. Euskal hiztunen eskubideak urratzen dira, frantses hiztunen eskubideen izenean. Errepublikak aldarrikatzen dituen askatasun, berdintasun, elkartasun leloetan oinarrituta gainera.

Euskalgintzak ofizialtasunaren aldarria egin du urte luzeotan. Euskal Konfederazioak ere, sortu zen unetik, ofizialtasunaren aldarria lan ardatz bilakatu du. EEPk berak euskalgintzak pairatu duen ofizialtasun eza, muga berberak atzemanen ditu, halabeharrez.

Ezintasun eta zailtasun horiek sentitzen ditu EEPk sorreratik. Max Brisson EEPko presidenteak berak aitortu du behin eta berriz ezin dutela hizkuntza politikaren helbururik finkatu. Asko jota euskararen aldeko neurriak ezar ditzakete plantan, eskaintza zabaldu eta jendearen atxikimenduaren beha egon. «Askatasunean, atxikimendu librean oinarritutako hizkuntza politika egin dezakegu, ez bertzerik» dio Brissonek.

Alta, hizkuntza politika eraginkorra izan dadin eragile publikoen arteko koherentzia beharrezkoa dela azpimarratu du Euskal Konfederazioak. Lege mailako ezagutza eza, aurrekontu murriztua, eta eragileen koherentzia ezak osatzen dute EEPren irudia. Brissonek euskararen aldeko legediaren beharra dagoela erran dezake ekitaldi publikoetan, izan dadin Herri Urratsean edo prentsaren aitzinean. Baina ahantzi egiten zaio, behin eta berriz, Frantzia bera dela eskubide murrizketa horren iturburuan. Eta berak sostengatzen du, taldekide gisa, Frantziako Gobernuan dagoen UMP indarra. Beraz errealitate beraren bi aurpegiak dira, aho txikiarekin egiten den lege babesaren eskaria eta euskarari eskubide hori ukatzen diona.

Hizkuntza politika burutzeko hezkuntzak lehentasuna duela dio halaber EEPk. Baina Frantziako Hezkuntzaren lan ildoak eta ardatz nagusiak Frantziako Gobernuak eta parlamentuak ezartzen dituzte. Kontuan hartzen bada Frantziako Hezkuntzak euskarazko irakaskuntzari ezartzen dizkion
trabak, aise uler daiteke berriz ere soslai bikoitza erakusten dutela.


KOHERENTZIAEZA

Koherentzia falta horretan lausotasun gune handiagoak gerta daitezke oraindik. Izan ere Eusko Jaurlaritza eta EEP hitzarmen baterako protokoloa lantzen ari dira. Hitzarmen zabala nahi dutela adierazi dute bi parteek. Prefeta ere Eusko Jaurlaritzako sailburuekin agertu zen lehen aldiz publikoki, hitzarmenari Frantziaren babesa adieraziz. Espainiak ere babes hori eman beharko dio lortzen den akordioari, horrela agintzen baitu eskumena arautzen duen legediak.

Baina kezkarako elementuak ere badira. Izan ere Frantziako legeak zehatz-mehatz mugatzen du EEPren eskumena eta honek ez du ez Eusko Jaurlaritzaren, ez Udalbiltza edo Udalbideren injerentziarik onartu nahi hizkuntza politikan.

Hezkuntza alorrean, adibidez, Seaskak eta Frantziako Hezkuntzak hitzarmen bat osatu beharko dute behin betiko ekiditeko ikasturte haserako borroka. EEPk hori lortzeko borondatea azaldu du. Baina denbora berean Brissonek erran du ez duela ahalik ikastetxerik eraikitzeko. Beraz, tentazioa egon daiteke Seaskak jasotzen dituen laguntzak «begiratzeko» edo EEPri emateko bitarketaritza horren protagonismoa. Denbora berean, Eusko Jaurlaritzak liburuak eta bertze hainbat material ematen dio urtero Frantziako irakaskuntza publikoari, Ikas-Bi guraso elkartearen bidez. Koherentzia falta edo bihotz zabaltasuna ote den galde dezake batek. Alta, gaur egun ez dago irakaskuntza publikoko ikasleen euskara maila neurtzen duen azterketarik. Azterketa bat egon badago, baina botere publikoek bere neurrira egina. Horren froga nabarmena da ez zutela aintzat hartu Euskaltzaindiak proposaturiko azterketa.

Koherentzia eza nabarmena da justizia alorrean ere bai. Baionako auzitegiko epaile batek 2006ko urtarrilean ebazpen kezkagarria hartu du: bereizten ari zen bikote baten kasuan, haurra ikastolatik ateratzea eta eskola publikoan ezartzea agindu du. Horretarako eman duen arrazoia kezkagarria da: ikastolak akulturazioa eta deskulturazioa bultzatzen omen du. Erabaki hori frantses populuaren izenean eman du epaileak.

Parisen ere preso dauden euskaldunei euskaraz hitz egiteko eskubidea debekatu egiten diete. Arrazoia Baionan emandakoa bezain kezkagarria: ETAk euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen du, beraz presoei eskubide hori aitortuz gero, ETAren alde eginen luke Frantziak. Koherentzia eza nabarmen azaltzen da horretan ere. Izan ere, logika horren burura joanez gero, EEPko buruak, Baionako Suprefeta, Paueko Prefeta, eta Nicolas Sarkozy barneministroa bera preso sartu beharko lituzkete ETAren aldeko lana egiteagatik. Koherentzia eza nabarmena da, baina euskara arrotz da auzitegietan.

Ipar Euskal Herriko auzietan kontraesana nabarmena izan da Demo mugimenduko kideen aurkako auzietan. Hego Euskal Herriko herritarrek euskaraz mintzatzeko eskubidea zeukaten Baionako auzitegian, itzultzaile bat bitarteko. Iparraldekoek, aldiz, ez.

Zerbitzu publikoetan euskararen erabilpena bultzatuko duela azaltzen du EEPk. «Ulergaitza litzateke zerbitzu publiko batek ez onartzea euskara, gu bultzatzaileen artean gaudelarik» adierazi zuen Paueko Prefetak hizkuntza politikaren nondik-norakoen aurkezpenean. Kazetariek galdetu zioten ea prest egonen zen errandako hori indarrean jartzeko bere zerbitzuetan. «Ezinezkoa da gure eremuan bertze hizkuntza batzuk daudelako eta kakofonia handiegia sortuko zen zerbitzuetan» erran zuen.

Zerbitzu publikoek muzin egiten diote euskarari eta hori nabarmen gelditu da Demoek abiatu borrokan. Alta, SNCF tren konpainiako akziodun nagusia Frantzia da.


ZAINDARITZA LANA

Hizkuntza publikoa gauzatzea erakunde publikoen esku badago ere, Euskal Konfederazioak publikoki aurkeztu ditu aurten zein izan behar duten, bere iritzi apalean, behar diren bitartekoak. Koherentzia eskatu du, euskararen ofizialtasuna eta eragileen arteko transbertsalitatea, hau da, bakoitzak bere esparruan eraginez elkarlana bultzatzea. Txosten bat osatu du horrekin eta Frantziako botere publikoei helarazi. Lan ildoetan sakondu eta zehaztu beharreko proposamenak egin dizkio.

Hizkuntza politikak helburuak behar dituela nabarmendu du Euskal Konfederazioak eta oinarrizko oharra egin dio EEPri: hizkuntza politikaren helburua euskal hiztunak sortzea da eta horretarako familia transmisioa indartu, hezkuntza sistemak eraginkortu eta lagundu, helduen euskalduntze alfabetatze alorra sustatu, edo ikus entzunezko hedabideak lagundu behar dira.

Euskararen erabilpenari dagokionez, erabil planak osatzeko eskatu dio EEPri, bere alorrean eta osatzen duten eragile bakoitzaren eremuan ez ezik, eremu pribatuan ere eragiteko. Jendartean ere EEPk euskararekiko atxikimendua zabaldu behar duela dio Euskal Konfederazioak. Horretarako lan ildoak zerrendatu ditu.

Alta, txostenak hain gogoko dituzten erakunde eta egituretan dirua txostengintzan eta inkestetan xahutzeko tentaldiak etengabeak dira. Inkesten beharra badago, nehork ez du hori ukatuko. Baina egin diren inkesta soziolinguistiko guztietan agertzen da euskarak hiztunak galtzen dituela, familia baitako transmisioa hautsi dela, eta eskolatik abiatu behar dela orain transmisioaren eredua, ama eskolatik unibertsitateraino. Azken inkestaren emaitzak ezinago adierazgarriak dira: 5.900 euskaldun galdu dira eta 3.700 irabazi. Euskaldun pasiboen kopuruetan galera (12.200) irabazia baino txikiagoa da (13.800) baina ez da agertzen arrazoia, hots, AEK edo eskolaren fruitua den emaitza hori edo alderantziz, gaitasuna galdu duten euskaldunek osatzen duten kopurua.

Legea etsai, dirua mugatua, koherentzia eza eta helbururik ez duen hizkuntza politika publikoak euskalgintzaren kezkak eragiten ditu. Zer da EEP, euskararen alde sortzen ari den tresna edo euskararen heriotza kudeatzeko jokaldia?

Zuhur eta sakoneko mesfidantzaz bada ere, EEPri bere bidea egiten utzi behar zaiola dio Euskal Konfederazioak. Bere plangintza aurkeztu beharko du eta berehala ikusiko da Euskal Konfederazioak aholkatu ildoak kontuan hartzen dituen edo alderantziz, neurri batzuen aitzakian euskararen heriotza kudeatu nahi duen. Aldeko urratsak txalotzeko prest dagoela azaldu du behin eta berriz Euskal Konfederazioak, baina prest agertu da ere urrats ezkor bakoitza publikoki eta behar den irmotasunez salatzeko.

Lan esparru zabala du Euskal Konfederazioak baina ahalak eskas. Hori da ondoko hilabeteotan gainditu behar duen erronka. Gaur egungo egituran langile bakarra dauka, denbora erdia idazkaritza lanak egiteko eta bertze erdia ildoak garatzeko. Herri mugimenduetatik heldu da diru hori baina, aldi berean, Euskal Konfederazioa osatzen duten elkarteak diru beharretan dira eta bakoitzak bere ekimenak gauzatu behar ditu biziraupena bermatzeko. Erabaki zaila da jardueratik diru gehiago atera eta konfederazioaren mesedetara jartzea. Alta, euskalgintzako eragileak bakarka aritu izan direlarik mespretxua baino ez dute jaso Frantziaren aldetik. Baturik eman dira urrats eraginkor guztiak eta baturik lortu da Frantziak EEP bera sortu behar izana.

Geroa lausoa da. EEPk hitzarmena egin du Euskal Konfederazioarekin eta diru laguntza txikia ematen dio Euskara Herriko Etxeetan ildoa garatzeko. Baina deus ez du bermatzen heldu den urtean laguntza bideratuko denik. Ildoa bereganatzeko tentazio handia du EEPk. Euskal Konfederazioak ez du dirurik, ez du eskumenik hizkuntza politika osatzerakoan. Baina eman diren urratsak herri mugimenduaren lanari esker eman dira eta geroan ere horrela izanen dela badaki Euskal Konfederazioak.

 

 

BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Aitor Renteria
Urtea: 
2006