EUSKARAREN PRESENTZIA IPARRALDEKO KULTURA ADIERAZPENETAN

Dena dela, aurrera doa Zuberoako antzerti zahar eta berritua. Duela mende erdi bat, Etxahun-Irurik bultzada bat eman zion, usaiako patriarka, santu, eta Frantziako erregeen ordez euskaldun heroiak «süjet» (protagonista) eginez. Haatik euskara mintzatuan idatzi zuen, eta horretan bakarra egon da. Duela 3O urte, beste berriztatzaile bat agertu zitzaigun, Junes Casenave-Harigile, Urdatx/Santa Graziko semea. Maila goratu zuen hizkuntza, historia, bertsogintzako zorroztasunari esker. Gaur hamar idazle gara, eta Casenavek ideki zuen ildoaren luzatzera saiatzen gara, mailari eustea ez badugu beti lortzen ere.

Hogei urte honetan, lehenago ez bezala, pastoral bat ematen da urtero, batzuetan bi (1991, 1992, 1999, 2001). Kasik beti testu berriak antzezten dira, hau ere lehenago ez bezala, ber istorioa urte askoan errepikatzen baitzuten, eta hori Etxahun Irurikoaren garaian ere. Gaur kasik ezinezkoa da errepika.

Gaitzeko enpresa da pastorala. Urtebetez herritarrak elkartzen ditu auzolanetan. Gero kulturako talde iraunkorrak indarrean uzten ditu: koroak, dantzariak, eta abar… Euskararen alde halaber ekin dezake. Pastoralaren ondotik usaian, jende multzo bat euskaraz ikasten edo alfabetatzen hasten da AEK-ko gau eskoletan edo batzuetan beste bidez. Horrela gertatu da bereziki 1993an Gotaine-Irabarnen, 2001ean Sohütan, 2033an Idauze-Mendin…

Publiko berrian bi joera ezberdinak eta kontrajarriak ere agertzen dira: batetik historia ezagutu nahi duen gazteria eskolatua, bestetik entzun-ikuskizun polit batera datorrena beste xederik gabe. Zein ote garaile aterako zaiguna? Guduka izkutu horrek pastoralaren geroa baldintzatzen du. Zinez arriskutan jartzen du, nire ustez, testuaz axolarik ez duenak. Beti laburtzera bultzatu nahi gaitu. Beti berrikuntza gehiago eskatzen digu. Holakoak ez daki zer den egiazki pastorala, eta ikasi behar du, erran behar diogu argi eta garbi!

Euskararen presentzia ez da trajerian bezain oparoa, ez eta ber mailakoa. Eguneroko zuberera mintzatuan antzezten da. Kantaturiko bertsotan agertzen da gehienik. Zortziko txikian idatziak dira maiz, berriak edo berrituak, aktualitateari eta tokiari egokituak. Herriko gazte batzuek antolatzen dituzte, edo laguntzaile bati eskatzen. Baina gero eta gutiago dira bertsoen ongi ahoskatzeko ere euskaraz aski dakitenak. Haatik berri batzuk badatozkie eskolan euskaraz ikasten duen gutiengotik.

Funtzioari dagokienez, tobera, gizarte batek, memento zehatz batean, sortu espresio satirikoa da. Funtzio askatzailea duen emanaldia da, gaizki biziak, ezin biziak, eta ordre plantatuaren parodia irriaren, fartsaren, trufaren, inprobisaketaren, eta gizarte bereko talde batek ereman xedearen bidez obratzen dena&raquo

Prosazko antzerki modernoa, mintzatuz emana, Larzabal eta Monzonekin hasi zen Iparraldean 1960 inguruan, bereziki Hazparnen eta Heletan. Gero Daniel Landartekin garatu zen. Azkenik indarrean dago Nafarroa Beherean, idazle laukote sendo bati esker, hauek direla Pantxoa Hirigaray, Guillaume eta Mattin Irigoyen anaiak, Antton Luku. Literatura sari andana irabazirik dute hegoaldean

Aberastasun oparoa beraz biztanle gutiko erremu hertsian. Noski joan zaigu hemen ere kantaldi erraldoien aroa. Ordainez hor dago kaseteen ugaria. Euskaraz entzutea kantuari zor diogu nagusiki hemen, elizan ere, bereziki Zuberoan. Beharrik hor dugu euskal kantua! Haatik ez da nahikoa hizkuntzari leku duin baten emateko plazan, are gutiago horren biziarazteko …

Bestalde, bertso eskolei esker, goiti ari zaizkigu bertsolari berriak. Maila gorenera iganak zaizkigu Amets Arzalluz eta Sustrai Colina. Baina hegoaldeari ere zerbait zor diote bi horiek, noski! Zoritxarrez publiko murritza dute Iparraldean bertsolariek mementoko. Agian hori ere haziko zaigu, eskolan euskaraz ikasten duten belaunaldi berriekin. Sail horretan, lan handia egin beharra dago.

1. TRAJERIA-PASTORALEAN

Euskarak oso leku guti du Iparraldeko bizi publikoan, are gutiago Zuberoan. Hemen trajeria (pastorala) da denei eskainiriko euskal adierazpen nagusia eta kasik bakarra. Izigarriko garrantzia du gure lurralde txikian, eta oro har Iparralde osoan: urteko gertakizun handi bat dugu Eskiulatik Hendaiaraino. Haatik hegoaldean gaizki ezagutzen da. Iparraldekoak salbu, guti dira antzezpenetara joaten diren euskaltzainak eta unibertsitariak. Pastoral bat hegoaldera mugitzen delarik berdin, euskaltzain batek idatzia delarik ere.

Antza denez, antzerki herritar hori estimu gutitan dute. Horrez duten ikuspegia, XIX. mendeko zuberotar apezena da, bereziki Manuel Inchauspe idazle sonatuarena: gutiespena, mespretxua. Bizkitartean batzuek maisuki aipatzen dute, zenbait aldiz huts ederrak eginez, hala nola pastorala kokatuz ahozko literaturan, Manuel Lekuona zenak horrela idatzi zuelakoan. Baina gizon handienek ere astakeriak erran ditzakete noizbehinka. Haatik egiari bere bidea zor zaio: «Amicus Plato…»

Nik praktikan frogatua dut pastoraleko aktoreek ez dutela ezer inprobisatzen, ezta bertsolariarena egiten dutelarik ere: testu batetik dena hitzez hitz erraten dute. Badakit zer lana den «trajeria» baten idaztea, eta jokolarientzat bertso mordo baten ikastea. Egia da pastorala kantatzen dutela. Baina opera ere abesten da. Haatik opera literatura idatzian kokatzen dute. Zeren ez trajeria? Mailagatik ote? Baina mailarik ez du adierazten ahozkotasunak. Zertan gaude beraz? Ez dut ulertzen. Irrazionala zait pastoralaren ahozkotasun hori. Okerra da betiere.

Orduan zer? Gorago erran dudana: hor ikusten dut pastoralaren gutiespena, eta oro har Iparraldeko literatura osoarena, ni beldur: hegoaldeko azken testu liburuak eta literaturaren historiak ikusiz, argi dago Axularrekin bukatu zela gurea…

Dena dela, aurrera doa Zuberoako antzerti zahar eta berritua. Duela mende erdi bat, Etxahun-Irurik bultzada bat eman zion, usaiako patriarka, santu, eta Frantziako erregeen ordez euskaldun heroiak «süjet» (protagonista) eginez. Haatik euskara mintzatuan idatzi zuen, eta horretan bakarra egon da. Duela 3O urte, beste berriztatzaile bat agertu zitzaigun, Junes Casenave-Harigile, Urdatx/Santa Graziko semea. Maila goratu zuen hizkuntza, historia, bertsogintzako zorroztasunari esker. Gaur hamar idazle gara, eta Casenavek ideki zuen ildoaren luzatzera saiatzen gara, mailari eustea ez badugu beti lortzen ere.

Beste berrikuntza bat ekarri du Casenavek. Idazle zaharrek, eta Etxahunek ere, aldez aurretik frantsesez idatzita zegoen istorio bat euskaraz egokitzen zuten. Orain, Junesen atzetik, historia ikertzen dugu lehenik, eta gero hartarik antzerkia guhaurek asmatzen, kondaira hotzari leienda sutsuaren distira emanez. Horrela Euskal Herriko historiaren ezagutzari buruz, ate batzuk irekitzen dizkiogu jendeari.

Trajeria zubereraz idazten dugu, ahalaz euskara klasiko batean. Horrela publikoak hiru orduz euskara on bat entzun dezake. Erdiak libreta erosten du, testua hiru hizkuntzetan duela, eta etxera eramaten, nahi duenean berriz irakurtzeko.

Azken mende erdi honetako idazkien azterketarik ez da egin, ez literaturaren aldetik, ez hizkuntzaren partetik. Ikerketa sakonik ez dago inon. Hutsune larria kritikan! Idazleak berak asmatu behar du ongi ari den ala ez. Alta bada, idazlea pastoralaren aita da. Berak ematen dio muina, mamia, bihotza, ginarria, ekaia, eta dena bideratzen du. Beraz idazle bezainbat antzerki mota ikus dezakegu.

Euskararen nagusigoak egun osoa markatzen du. Festa mezatik hasten da. Jende oste mardula elizan edo antzoki aldean biltzen da. Dena euskaraz ematen da: usaiaz kanpoko gertakizuna dugu Zuberoan, ezen gero eta leku gutiago du gure hizkuntzak hemengo elizkizunetan.

Arratsaldean antzezpena iragarritako tenorean hasten da, eta hori salbuespena da Zuberoako batzarretan. Hiru orduz gutienetik euskara hutsean: hori ere salbuespena! Ondoren hizlari batek pastorala zuzendu eta lagundu egin duten guziak aurkezten eta eskertzen ditu: berriz euskara hutsean, salbuespen oso eskasez kanpo. Bukatzeko, beti gure hizkuntzan, dantza jauzien oholtzan emateko eskubidea enkantean saltzen zaio herri bati, edo bestelako talde bati. Beraz, urtean bi egunez, euskara jaun-andere dago Zuberoako plazan. Eiki pastoral bakoitza bi aldiz ematen da herrian, dela bietan igandez, dela behin igandez eta bestean larunbat arratsez. Gero ateraldi bat edo gehiago egin dezake Zuberoatik at, bereziki heroia beste lurralde batekoa delarik.

Oholtzan baino kide gehiago behar da inguruko lanetan, sarreran, ostatuan eta edarien banatzen, aparkalekuan, jauntzien arduran eta abar… Maiz hegoaldetiko publikoa kexatzen da laguntzaile horiek frantsesez egiten diotelako, baina pentsatu behar da euskaraz dakiten herritar gehienak oholtzan daudela, eta gure aldetik gaztelera gehiegi entzuten dugula hegoaldean.


1.1. Pastoralaren arrakasta handia

Arrakasta itzela du pastoralak, publiko zabalak biltzen ditu. Duela 30 urte, 1.500 entzun-ikusle zituelarik, adibidez Urdatx/ Santa Grazikoan, eder zitzaigun. Orain orokorki bikoiztua da kopurua. 2001ean bi trajeria eman ziren, «Xiberoko Makia» Sohütan eta «Etxahun-Iruri» poetaren herrian (Zalgize-Donezteberekin): batak ala besteak sei mila pertsonaz gora bildu zuen orotara bi egunez.

Emanaldi gehiagorekin, hamar mila ikusleetara hurbildu ziren 1990ean «Abadia Ürrüstoi» (5 ateraldi), 1995ean «Aguirre Presidenta» (3 emanaldi), eta 2OO4an «Antso Handia» (4 antzezpen). Bestalde, gogoangarriak dira 1982an Pagolan eta 1991an Larrainen bildu ziren jende osteak, bereziki Nafarroa Beheretik, gaiak ere halakoak baitziren: batetik «Pette Basabürü»-rekin baserritarren arazoak, bestetik «Xalbador» antzerkiarekin Urepeleko artzainaren oroitzapena.

Hogei urte honetan, lehenago ez bezala, pastoral bat ematen da urtero, batzuetan bi (1991, 1992, 1999, 2001). Kasik beti testu berriak antzezten dira, hau ere lehenago ez bezala, ber istorioa urte askoan errepikatzen baitzuten, eta hori Etxahun Irurikoaren garaian ere. Gaur kasik ezinezkoa da errepika.

Herrien artean lehia sutsua dago, eta zinez arriskutsua. Publikoa hein bat mugatua da, botere publikoen laguntza ere bai, eta bi horien zatitzea ez litzateke zuhur. Gainera eguraldi ona lau igandez jarraian, nork ziurta dezake? Bestalde gehiegizko lehia liskarbide da, eta horren beharrik ez dago Zuberoa txikian. Beraz urtean bat hobe. Aurten zuhur jokatu dute 2007an agertzeko xedea zuten bi taldeek: batetik zegoen Basaburuko Gamere-Zihiga herria, bestetik Pettarreko lau herrik osaturiko multzoa, hauek direlarik Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea, Ürrüstoi-Larrabile. Bi taldeak ados jarri dira: 2OO7an Gamere-Zihiga, 2OO8an laukotea.


1.2. Pastoralaren ondorio baikorrak

Gaitzeko enpresa da pastorala. Urtebetez herritarrak elkartzen ditu auzolanetan. Gero kulturako talde iraunkorrak indarrean uzten ditu: koroak, dantzariak, eta abar… Euskararen alde halaber ekin dezake. Pastoralaren ondotik usaian, jende multzo bat euskaraz ikasten edo alfabetatzen hasten da AEK-ko gau eskoletan edo batzuetan beste bidez. Horrela gertatu da bereziki 1993an Gotaine-Irabarnen, 2001ean Sohütan, 2033an Idauze-Mendin…

Beraz, pastorala ez da axaletik ikusi behar, beste lurraldeetarik eta bereziki Nafarroa Beheretik batzuetan gertatzen den bezala, arinkeriak erranez. Gertakizun serioa da trajeria, eta ondorio sakonak baditu sail ezberdinetan, bereziki euskararen alde. Kasu horretan «buruz arinak» ez gara gu, baina beste batzuek, pastoralaren kuskua baizik ez baitute nabaritzen. Trajeriak tragedia badu nonbait, guk horren zentzua badugu, eta beste batzuek ez dute: beraz, dena txistez erran nahi lukete. Gu ezin gara horretara mugatu. Eki begiaren ertzean, itzal herria badu Zuberoak: eskualde beltza (Matalaz, Topet, Mirande, Makia…), eta hori ez zaigu ikusi nahi.


1.3. Oraiko trajeria idazleak

1 – AGUERGARAY Arnaud (Allande), Muskildi: 2 trajeria antzeztuak.

2 - BEDAXAGAR Jean-Michel, Urdinarbe: 1 antzeztua.

3 - BEHOCARAY Jean-Pierre, Sohüta: 2 idatziak, eman gabeak (Etxahun Barkoxe, Jesüs).

4 - BERZAITZ Pierre-Paul, Muskildi: 5 antzeztuak.

5 - BORDAXAR Jean, Arrokiaga, Maule: 1 idatzia, eman gabea (Monzon).

6 - CASENAVE Junes, Urdatx/Santa Grazi: 8 antzeztuak (7 euskaraz).

7 - DAVANT Jean-Louis, Ürrüstoi-Larrabile: 5 antzeztuak.

8 - ETXART Niko, Altzürükü: 1 antzeztua.

9 - IDIART Roger, Azkaine, Zalgize: 2 antzeztuak.

10- QUEHEILLE Patrick, Barkoxe: 1 antzeztua.


1.4. Errejentak (irakasle-zuzendariak)

- LECHARDOY (Lexardoi) Jean-Fabien, Barkoxe: 3 pastoral (1998an Barkoxen «Herriko Semeak», 2001ean Sohütan «Xiberoko Makia», 2004an Maulen «Antso Handia»).

- RECALT Jean-Pierra, Altzai (Altzabeheti): 9 pastoral (1.a 1991n Larrainen «Xalbador», 9.a 2005ean Ligi-Atherein «Bereterretx»).

- Beste batzuek badute pastoral bana zuzendurik: BERZAITZ Mixel (1991n Muskildin), AROTCE-ZARTANTXÜ Mixel (2001ean Irurin, Battitta Urruty-rekin), BERDOT Jean (2000.ean Eskiulan), BERZAITZ P.-P. eta EPPHERRE André (2OO3an Idauze-Mendin).


1.5. Pastoralaren geroaz

Publiko berrian bi joera ezberdinak eta kontrajarriak ere agertzen dira: batetik historia ezagutu nahi duen gazteria eskolatua, bestetik entzun-ikuskizun polit batera datorrena beste xederik gabe. Zein ote garaile aterako zaiguna? Guduka izkutu horrek pastoralaren geroa baldintzatzen du. Zinez arriskutan jartzen du, nire ustez, testuaz axolarik ez duenak. Beti laburtzera bultzatu nahi gaitu. Beti berrikuntza gehiago eskatzen digu. Holakoak ez daki zer den egiazki pastorala, eta ikasi behar du, erran behar diogu argi eta garbi!

Pastorala ez da kantaldi bat, ezta dantzaldi bat. Bizpahiru satanekin ematen zuten zaharrek. Ez gehiegi luzatzeko bide bat litzateke gainera. Antzerkia da pastorala, teatroa da. Norbaiten bizia kontatzen du, istorio txiki bat historia handiari lotua. Ezin da kontatu testu onik gabe. Marrazki bizidunetan ere zerbait idazten da gertaeren argitzeko. Testua gehiegi murriztuz, haria kentzen zaio publikoari, eta laister aspertzen da. Ongi jarraitzeko, azalpen batzuk eman behar zaizkio, zubi batzuk luzatu jalgialdien artean. Horrelakoak nekez egin daitezke testu laburregi batekin. Berrehun bat bertso behar da nire ustez istorio baten ongi kontatzeko, eta beste berrogeita hamar bat bertso dozena bat kantoretan. Antzerkia hiru orduz eman daiteke, baldin eta ez bada gehiegi luzatzen dantzetan eta joan-etorrietan.

Gaiak ere badu bere garrantzia, eta ongi hautatu behar du idazleak. «Trajeria» da ikusi dugunez pastoralaren jatorrizko izena, eta edukina ongi adierazten du. Gai epikoa eskatzen du. Gai arruntagoentzat hor daude beste antzerki motak, zahar ala berriak. Pastorala bego bere bidetik, «türk» gorri eta «kiristi» urdinekin. Bestela galduko da eta hilen, Grezia zaharreko tragedia hil zen bezala Euripides batek banalizatu zuelarik.

Ez gaude halere Grezia zaharreko eta Frantziako tragedia osoki beltzean, kristau tragedia baikorrean baino: gutiz gehienetan heroi ona garaile ateratzen da hemen, zerua lagun, gora-behera handien ondotik. Edo galtzen badu, lekukoa oinordekoei uzten die, haiek azkenean garaipena lortu dezaten, Agirre Lehendakariaren kasuan bezala.

Haur baten bihotzarekin sartu behar da istorio zoragarri batean, eta ongi jarraiki. Haria galtzen bada kalakan ariz, gero aspertzea da, eta ondorioz testu laburren eskatzea, funtsik gabeko berrikuntzen bilatzea, hots, azkenean pastoralaren zirikatzea eta hiltzeko bidera bulkatzea. Bego den bezala, edo berrikuntzak ongi neurtuz. Funtsez beti berria da pastorala, aldi oroz istorio berri bat kontatzen baitu. Hori da beharrena: istorio bereizi bat, magiaz betea, ederki emana, euskararen leku eskasa beti eta gehiago murriztu gabe!


2. ZUBEROAKO ANTZERKI BERRI KANTATUA

Pastoraleko lege zorrotz eta estuak bazter utzirik, kantuzko antzerki mota berri bat agertu zaigu Zuberoan, bereziki Pierre-Paul Berçaitz ezagunari esker. 1992an hasi zen «Oihenart» piezarekin. Gero eman ditu «Elkanoren Semeak» (1995-96), «Euskal Spiritu» (1999) eta «Zamalzain» (2002).

Erregelen aldetiko askatasunari esker, kasik nahi duena egin dezake hor idazleak, eta Berçaitz artista handia den bezala, arrakasta ederra du antzerki berri horretan ere, haatik pastoraletan bezainbat ikusle bildu gabe: publiko gaztea da nagusiki, adineko jendeak gehiengoa duen eskualde batean, eta ez da uda betean ematen, azken abantail hori pastoralari utzi behar baitio.

Patrick Queheillek ere ber gisako pieza moderno bat sortu du Barkoxen 2OO2an, arrakasta ederrarekin halaber, aldikal mila bat ikusle bilduz: «Lau Bürü».

Libret gisako bat badago antzerti berri horretan ere: trajeriak baino askoz ere testu gutiago duela agerian uzten du, beraz euskararen presentzia murritzagoa dauka.


3. ZUBEROAKO MASKARADA

Trajerian adin guzietako herritarrek parte har dezakete. Maskarada ordea gazteen afera da: berriki arte mutikoena zen. Azken hogei urteetan neskek ere lekua badute. Pastorala ez bezala, herriz herri badabila maskarada, negu minean hasirik udaberrian barna, lehenagoko garizuma denbora hura lasai asko gaindituz. Aldian aldiko publikoa nahiko mugatua du (bizpahiru ehun batekoa?), baina ibiliaren poderioz, orotara franko zabala metatzen du.

Honek ere bi zati dauzka igandero: goizeko «barrikada haustea» eta arratsaldeko antzezpena, luze xamarra, plazan. Pastorala bezainbat, antzerti osoa da, baina burleskoa eta nire gustuko askoz ere arruntagoa, nahiz beltzeria herrikoiaren alboan, joko serio eta noblea deraman gorrien taldeak, baina isilean: «Zuberoako maskaradak ihauterietako jaiak dira, bertan dantza, soinua, mozorroa, kantua, sermoia, kopla eta bestelako ezaugarri estetiko-kreatiboak batzen direlarik». (1)

Euskararen presentzia ez da trajerian bezain oparoa, ez eta ber mailakoa. Eguneroko zuberera mintzatuan antzezten da. Kantaturiko bertsotan agertzen da gehienik. Zortziko txikian idatziak dira maiz, berriak edo berrituak, aktualitateari eta tokiari egokituak. Herriko gazte batzuek antolatzen dituzte, edo laguntzaile bati eskatzen. Baina gero eta gutiago dira bertsoen ongi ahoskatzeko ere euskaraz aski dakitenak. Haatik berri batzuk badatozkie eskolan euskaraz ikasten duen gutiengotik.

Azpimarratzekoa da «Bohameen erregeak» arratsaldeko antzezpenaren erditsutan egin ohi duen prediku edo sermoia, baita kauter edo berzkin gehienak botatzen duena, biak hitz lauz: ez dute gatz eta piper eskasik. Bertsoetan halaber agertzen dira perla batzuk. Hori ere maskaradak baimentzen duen askatasunari zor zaio.

Maskaradan libretik ez du publikoak. Nagusiki euskalduna da hau, nahiz dantza ugarien eta beltzeriaren tximinokerien ikustera datozen frantzimant (frankofono) batzuk ere. Libretik ezak euskararen presentzia iraunkorra mugatzen du, trajeriaren aldean.

(1) Kepa Fernandez de Larrinoa, Zuberoako maskaradak izeneko herri antzerkiaren ahozko literaturaz, Euskera: ikus bukaerako Bibliografian.


4. TOBERA

Antzerki satiriko hau ehortzi zuen iduriz munduko 1. gerlak (1914-18). Pozi bat berpiztu da 1970eko hamarkadan, eta noizbehinka ematen da, beti gai konkretu baten inguruan, gertaera edo egoera sozial baten salatzeko. Herriko plazan ospatzen den auzi bat da, antzerki «oso» baten gisan antolatua hau ere, Mattin Irigoyen autoreak idazten duen bezala: «Adibidez forma aldetik tobera, dantza, antzerkia, bertsua eta hunenbeste ingrediente batzen dituen ikusgarria izan daike». (2)

«Funtzioari dagokienez, tobera, gizarte batek, memento zehatz batean, sortu espresio satirikoa da. Funtzio askatzailea duen emanaldia da, gaizki biziak, ezin biziak, eta ordre plantatuaren parodia irriaren, fartsaren, trufaren, inprobisaketaren, eta gizarte bereko talde batek ereman xedearen bidez obratzen dena». (3)

1973ko Aberri Egun goizean, Donibane Garaziko udaletxe aurrean, nekazarien arazoak aipu zituen tobera labur bat eman zen; beste bat 1974ko abenduaren 29an Iholdiko plazan, herriko afera batez, eta liskarrak gertatu ziren; hirugarren bat, «Etxe sartzea», Baigorrin 1976ko maiatzean, eta hau ongi joan zen. «Berriz ere Kristian(a) Etxaluz eta Daniel Landarten laguntzarekin, taldeak ikusgarri oso bat sortzen du. Ideiak, testoa, dena elgarren artean ikusten, eztabadatzen eta finkatzen dute. Ikusgarria festa giro batean iragaiten da». (4)

Noizbait, 1988an, laugarren bat ikusiko da, Eiheralarreko plazan, herriko eta Ezterenzubiko gazteek emana: «Deabruaren boketa». Guillaume Irigoyen kazetariak idatzia da. Muga zaintzen duten CRS poliziakoen presentzia zinez astuna salatzen du. Bosgarrena 1991ko irailaren 22an Donapaleuko pilota plazan, «Amikuzeko toberak». Eskualde txiki horren egoera sozio-ekonomikoa salatzen dute: lantegi hesteak, zerbitzu publikoetan enplegu murrizteak eta abar… Antzerki horretan eskua zinez sartu du Mattin Irigoyen idazleak. Jendarteko ekintzaile ezberdinak elkarrekin jokoan sartu ditu, euskaldun ala beste, haatik euskaraz! «Tobera guzia tritzotan (ditxotan, dritxotan) emana da eta bertsulariek ere noiztenka ikusgarriaren komentario bat emaiten dute. Tokiko dantza taldeak ere parte hartzen du pausa guneetan eta toberak mutxikoekin bururatzen dira, publiko eta aritzaile guziek emanik». (5)

Bestalde gertatu dira eskandalu batetik sortu ez diren toberak: Baigorrin Landarten «Panpale beti xut» (1979), baita Pantxoa Hirigaray-ren «Pontzio Gauxori» (1991) eta «Otto Kristobal» (1994). Horiei gehituz ere Itsasuko kabalkada, Arrolanen auzia barne (1997), eta Lekorne-Mendiondokoa (1998), maiztasun urria ikusten diot antzerki mota horri, eta harrigarri zait, eskaintzen dituen ahalmen ugariei pentsatuz.

Zuberoan ere badago antzerki satiriko mota bat: asto lasterra. Bulta handian isilik dago. Haatik Txomin Peillenek bat idatzi berria du, «Ihizlor eta Ekolor». Zuberoako bortuan ehiztari eta ekologisten artean gertatzen diren liskarrak kontatzen ditu pastoraleko bertsotan: bertseta bi neurtitzekoa da, neurtitza 16 silabakoa (bat gorabehera), baina bi zatitan idatzi ohi da: hortik lau neurtitzeko bertsoa delako uste okerra. Dena dela, Peillenen pieza horrek merezi luke talde batek antzeztu dezan. Pastoral tragikoa baino askoz ere sotilagoa da, bereziki hogei lagunek eman dezaketelako; aurtengo trajerian 80 izango dira. Maulek marka guziak hautsi zituen 2004an «Antso Handia» pastoralean, 120 antzezle taularatuz! Joko aldetik ere askoz errazagoa eta merkeagoa da asto lasterra.

(2,3,4,5): Mattin Irigoyen, Gaurko toberaz, Euskera (separata) 1998. Ikus Bibliografian.


5. BEHENAFARRERA-LAPURTERAZKO ANTZERKI MODERNOA

Prosazko antzerki modernoa, mintzatuz emana, Larzabal eta Monzonekin hasi zen Iparraldean 1960 inguruan, bereziki Hazparnen eta Heletan. Gero Daniel Landartekin garatu zen. Azkenik indarrean dago Nafarroa Beherean, idazle laukote sendo bati esker, hauek direla Pantxoa Hirigaray, Guillaume eta Mattin Irigoyen anaiak, Antton Luku. Literatura sari andana irabazirik dute hegoaldean: Toribio Altzaga saria, Donostia saria… Lauen idazki ugariak hainbat talde txikik jokatzen ditu. Jakina, ez dute jendea milaka biltzen pastoralak bezala. Baina hemen testua jaun-andere dago, dantzaren, musikaren, prozesioen, jauntzi ederren konkurrentziarik gabe.

Azpimarratzekoa da Antton Lukuk antzertian deraman lan berezia: Donibane Garaziko lizeo (instituto) ikastetxean irakasle izanez, ikasleen taula zuzendaritzan ari da, bere testuak haiei jokaraziz. Harri batez bi txori!

Bestalde Mattin Irigoyenek moda berriko antzerki kantatu bat idatzi du, eta 2004ko udan bi aldiz antzeztu diote Bunuzen Oztibarreko gazteek: «West Ibarre Side Story». Antzerki osoa da, Berçaitz eta Queheillerena bezala, osagai ezberdinez egina: dantza, kantu, bertso, dialogo eta beste… Osagai batzuk pastoraletik hartuak dira, baina malgutasun handi batekin.

Ohargarria da gainera mugaren bi aldeetarik dabilan antzerki atipiko bat, «Kaukasiar kreazko borobila». Berthold Brecht handiaren pieza hori, Itxaro Bordak ederki euskaratua, nazioarteko talde batek antzezten du. Baionako Lauga salan ikusi nuen 2005eko urriaren 22an, eta bere antzezpen barrokoan, zinez ederra eta zirraragarria izan zitzaidan. Merezitako arrakasta duelakoan nago. Euskararen presentzia bat, modernoa, txertatzen du hiri frantzestuan (baita nik uste beste erderak itotzear duen horretan ere). Behingoan Iparraldetik argia!


6. KANTUGINTZAN

Berriki arte, ostatua eta eliza herriko kantugintzaren zutabe nagusiak ziren. Orain guti abesten da ostatuan, eta gazte guti dabil elizkizunetan. Halere kantuaren tradizioa bizi da Iparraldean: horren lekuko zait euskal kantu txapelketan hemengoek hartzen duten toki bikaina.

Lapurdin hasi zen kantu berria, 1958 urtean, Soroak taldearekin (Beskoitzeko Robles-Aranguiztarrak ziren), gero garatu Mixel Labeguerie kreatzailearekin 1960 urteetan. Laister hor zegoen Etchamendy, autore kantaria hau ere, gero Larralde abeslari lagunarekin ibilkari. Beste bikote sonatu bat, Ospital eta Carrere (Pello eta Pantxoa), Monzonen abestiekin nagusiki. Agertu diren talde guziak ezin ditut izendatu, asko baitira. Abesten dituzten kantu batzuk bederen berek idatziak dituztenen artean, aipa ditzadan kantari sonatuen batzuk: Bedaxagar, Berçaitz, Bordagaray, Bordaxar, Andde Duhalde, Niko Etxart, Idiart apeza, Ihidoy, Irigoyen anaiak, Serbielle, Xalbador familiakoak… Interpreteen artean, ezin ahantziak zaizkit Maddi Oyhenart eta Erramun Martikorena.

Aberastasun oparoa beraz biztanle gutiko erremu hertsian. Noski joan zaigu hemen ere kantaldi erraldoien aroa. Ordainez hor dago kaseteen ugaria. Euskaraz entzutea kantuari zor diogu nagusiki hemen, elizan ere, bereziki Zuberoan. Beharrik hor dugu euskal kantua! Haatik ez da nahikoa hizkuntzari leku duin baten emateko plazan, are gutiago horren biziarazteko …


7. BERTSOGINTZAN

Adineko bertsolari on andana badago Iparraldean: Alkat, Ezponda, Laka, Mihura, Mendiboure, Xalbador … Bulta honetan arras guti entzuten ditugu. Bestalde, bertso eskolei esker, goiti ari zaizkigu bertsolari berriak. Maila gorenera iganak zaizkigu Amets Arzalluz eta Sustrai Colina. Baina hegoaldeari ere zerbait zor diote bi horiek, noski! Zoritxarrez publiko murritza dute Iparraldean bertsolariek mementoko. Agian hori ere haziko zaigu, eskolan euskaraz ikasten duten belaunaldi berriekin. Sail horretan, lan handia egin beharra dago.

 

BIBLIOGRAFIA

EUSKERA (Euskaltzaindiko aldizkaria) 1999, 1 – 44. liburukia – BILBO

Antonio Maria Labaienen mendeurrena
V. Herri-literatura jardunaldiak:
Herri antzerkiaz
Tolosa, 1998-XI-13/14
(separata)


- Kepa Fernandez de Larrinoa: Zuberoako maskaradak izeneko herri antzerkiaren ahozko literaturaz (267.or.).

- Mattin Irigoyen: Tobera berriaz… edo hobeki erran: gaurko toberaz (283.or.).

- Antton Lucu: Oraingo antzerkiaz (293.or.).

- Jean-Louis Davant: Pastoralaren aldaketaz (301.or.)

 

 

BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Jean-Louis DAVANT
Urtea: 
2006