Irakastereduak aldatzeko ordua ote?

Nolanahi ere, ez dut uste inork ukatuko duenik, garapen handiena hezkuntza munduan izan dela; batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan, baina baita ere era aipagarrian Nafarroan eta apalxeagoan Ipar Euskal Herrian. Egin den jauzia ikaragarria izan da. Autonomien aroaren hasieran D ereduaren hedapenerako zeuden espektatibak alde handiz gainditu direla esango nuke. EAEn, esaterako, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen % 61 jadanik D ereduan ikasten ari da gaur egun eta beste % 29 B ereduan.

D eredua, hortaz, haur euskaldunei zuzendua zegoen. Aldiz, A eta B haur erdaldunek euskaraz ikas zezaten zuten helburu. Gogoratu, artean, ikasle gehien-gehienentzat euskara ez zela jakintzagai moduan ere ikusten eskolan. Estatistiketan nolabait deitzearren X deitu izan zaion euskararik gabeko “eredu” horretan zegoen ikasleen % 70 garai hartan, alegia 1979-80 ikasturtean. A ereduan % 25 zegoen (sekulako aurrerapena zen hori, eta hurrengo urteetan ere hazten joango zen eredu hau, X eredua murriztu ahala). Aldiz, herri-ikastetxeetako ikasleen % 4 bakarrik zegoen B eta D ereduetan.

Geroxeago, 1982an, Euskararen Normalizazio 10/1982 Legea etorriko zen. Lege horrek esaten duena askotan aipatu izan da, alegia, nahitaezko eskola-aldia bukatzerako bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutzeko beharra (gaztelaniazko idazkuntzan “un conocimiento práctico suficiente”). Baina, aldi berean, eta hori ez da hainbestean aipatzen, lege horrek gurasoek duten aukeratzeko eskubidea ere bermatzen du, irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz hartzeko eskubidea aitortzen baitie ikasle guztiei.

Hazkundea beheko mailetatik gora etorri da, Eskolaurretik hasita ezarian goi-mailetara hedatu da. Horrela, 1983-84 ikasturtean, hamalau urte bitarteko ikasleen % 17 bakarrik zegoen D ereduan. Gaur egun, 2005-06 ikasturtean, proportzio hori hamabi urte artekoetan % 61eraino igo da. B ereduak ere kuota polita du: % 29. A eredua, aldiz, hondar gisa gelditzen da: % 9an, gehien-gehienak ikastetxe pribatuetan. Eskolaurrea bakarrik hartzen badugu, konturatuko gara bilakaerak ez duela goia jo, D eredua indarrez hazten ari baita oraindik proportzionalki eta A murrizten.

Irakasleentzat egin diren lan-eskaintza publikoetan eskaini den euskarazko lanpostu kopurua ere eskaera horren zordun da. IRALE bidez urteotan euskalduntze bidean abiatu diren irakasle-saldoak beharrizan horretan du motiboa… Azken batean, familiek beren seme-alabentzako duten euskalduntze-nahia argi gelditu da eta borondate horrek, demokratikoki adieraziak, bere eragina erakutsi du urtez urte. Horren kontra egitea ez da erraza euskarazko irakaskuntzaren hain lagun ez direnentzat.

Bestetik, eskolan ikasten den hizkerak eskolarako balio du batik bat: irakasleari ulertzeko, testuliburuak ulertzeko, ariketak egiteko… baina ez hainbeste beste funtzio garrantzitsu batzuetarako: jolasteko, lagunak egiteko, maitatzeko, gorrotatzeko… Azken finean, eskolaz kanpoko inguruneetan euskara erabiltzen ikasteak beste baldintza batzuk behar ditu, ikaslea bizi den inguruarekin eta harreman-sarearekin lotuta daudenak. Alor horietan euskara bultzatzea beste eragile batzuei dagokie: familiari, udalei, aldundiei, gizarte-ekimenei…

Aurreko kontsiderazioek eskolaren euskalduntze-indarra zenbaterainokoa den argitu nahi izan dute. Alde batetik, indar hori garai batean uste genuena bezain handia ez dela gero eta garbiago dago. Beste aldetik, oraingo ikuspegitik begiratuta, helburuak esperientziaren galbahetik pasatuta, ikusi dugu eskolak, berez duen eragin-esparruan, baduela efektibotasuna eta asko aurreratu dela hainbat alorretan: irakasteredu euskaldunenen zabalkundean ez ezik, baita eskola barneko didaktikan eta normalizazio-neurrietan ere.

Hiru ereduen sistemak gurasoek beren haurren irakaskuntza-mota aukeratzeko duten eskubidea bermatzen du. Hau da, irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzen du, gaztelaniaz jasotzekoa bermatzen duen bezala. Horrek egonkortasun handia eman dio gure sistemari eta istilu asko saihestu ditu segurutik. Aukera horietarikoren bat ukatuko balitz, guraso batzuen (eta goiko mailetan, ikasle batzuen) aukera erreala ukatzea litzateke.

Eta kalitateari erreparatzen hasiak gara dagoeneko, hor ere asko daukagu-eta hobetzeko. Testuinguru horretan kokatu behar dira eskolako giroa euskalduntzeko egiten diren ahaleginak, eskolaz kanpoko ekintzak, Ulibarri programa, ikastetxeetako normalkuntza-planak, euskara ziurtagiria lortua duten irakasleak euskara gehiago lantzeko prestatu diren ikastaro berriak… Sekulako ahalegina egiten ari dira hor irakasle eta teknikari pila bat: Berritzeguneetan, IRALEn, ikastetxeetan bertan... Lan isila da hori, propaganda handirik gabea eta Euskal Herrian bertan behar lukeen bezala ezagutzen ez dena.

SARRERA

Euskalduntzea ez da eskolaren bizkar utzi behar: gizarte osoaren zeregina da. Hitz hauek edo antzekoak gero eta gehiago entzun edo irakur daitezke. Gogoeta hori esplizituki azaltzea J. Fishman-i zor diogu segur aski. Lehendik ere bagenituen muga horren zantzuak, baina, Fishman doktorearen baieztapena gogorra egin zitzaigun lehenbizikoz entzun genuenean Euskal Eskola Publikoaren I. Kongresuan, 1990ean. Denborak, ordea, asko erakutsi digu eta gaur egun ez dugu inolako arazorik diagnostiko hura bete-betean gure egiteko. Halaxe gertatzen zaigu behinik behin hezkuntza mundua hurbiletik ezagutzen dugunoi.

Egia horretaz jabetzeak ez dio kalterik egiten eskolako euskara-proiektuari. Alderantziz, xedeak, bideak, eta lagungarriak hobeki ezarri eta aukeratzeko balio izan digu. Baina, eskolak bere aldetik euskara berreskuratzeko indar mugatua badu, begira diezaiegun beste alorrei: familia, lan-mundua, osasungintza, zerbitzu publikoak, kirola, prentsa, zinema, musika, kultura-eskaintza, oporrak, aisialdia, erlijioa, informatika, internet, erosketak, …. Egin ote da eremu horietan aurrerapenik euskara-arloan? Jakina, esango luke askok, oro har aurreratu da zerbait. Alorrez alor joan behar genuke aztertzen, ordea. Alor gehienetan abiapuntu oso apaletik hasi ginen, hutsetik ez esatearren. Batzuetan aurrerapenak begi-bistakoak dira hasierako egoera hura gogoan daukanarentzat: noiz mintzatzen zitzaion, bada, medikua euskaraz haurrari? Noiz funtzionario bat hiritarrari? Noiz entrenatzailea kirolariari? Beste alor batzuetan aurrera egin ote dugun ez dago hain argi, eraldatze handiak izan baitira gizartean: erlijioan esaterako; familia barneko harremanetan, lanbide tradizionalen gorabeheretan…

Nolanahi ere, ez dut uste inork ukatuko duenik, garapen handiena hezkuntza munduan izan dela; batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan, baina baita ere era aipagarrian Nafarroan eta apalxeagoan Ipar Euskal Herrian. Egin den jauzia ikaragarria izan da. Autonomien aroaren hasieran D ereduaren hedapenerako zeuden espektatibak alde handiz gainditu direla esango nuke. EAEn, esaterako, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen % 61 jadanik D ereduan ikasten ari da gaur egun eta beste % 29 B ereduan. Transformazio hori gertatzeko mende laurdeneko ahalegina behar izan da. Bilakaera ikusgarria izan da euskal gizartean beste edozein alorretan gertatu denaren aldean, eta munduko beste irakas-sistema elebidunetan ere ez da erraz horrelako eraldaketarik aurkitzen.


HISTORIA PIXKA BAT

Eraldatze horren historia hitz gutxitan azaltzea lan nekeza da. Horregatik zenbait aipamen puntual egitearekin konformatuko naiz. Lehenik, aipatu beharrekoa da irakasle euskaldunen portzentajeak izan duen hazkundea. Askotan aipatuagatik ez dute garrantzirik galtzen 1976-77 ikasturtean SIADECOk inkesta bidez jaso zituen datuek: herri ikastetxeetan Eskolaurrea eta Oinarrizko Hezkuntzako irakasleen euskaldun-portzentajea ez zen % 5era heltzen.

Ikastetxe pribatuetan, jakina, egoera ez zen askoz hobea. Ikastolak ziren salbuespen bakarra, bertako irakasle gehien-gehienak baitziren euskaldun. Hala ere, Autonomia aurreko garaian, “Euskal Kontseilu Nagusirako” Mikel Lasak, Karmele Atutxak, Xabier Mendigurenek eta Lontxo Oihartzabalek prestatutako txosten batean adierazten zenez,

“Irakasleen prestakuntzari dagokionez, berriz, defizit handia sumatzen da nola prestakuntza psikolinguistikoan eta glotodidaktikoan hala berorien gaitasun linguistikoan ere, eta bereziki ahozko erabilera aktiboan. Ikastoletako irakasleetatik erdiak baino gehiagok ez du eskuratu oraindik Euskaltzaindiaren agiria, eta eskuratua dutenen kasuan ezin ziurta daiteke ikasleei euskara mintzatuaren eredu onargarri bat eskaintzeko gai direnik”.

Ez da ahantzi behar ikastoletako irakasleak oso gutxi zirela garai hartan: ikastetxe pribatuetako irakasle-multzoaren % 10 baino ez, gutxi gorabehera.

Irakasteredu desberdinen aipamena Hezkuntza Ministerioak 1979ko udan argitaratu zuen Eskolaurrerako Euskararen programazioan (*1) egiten da dagoeneko: A, B, C eta D ereduetan banaturik (C ereduak ez zuen segidarik izan gero). Horren haritik, Euskal Kontseilu Nagusiko Hezkuntza Kontseilaritzak 1979-1980ko ikasturtearen hasieran eskola publiko guztietara bidalitako zirkular batean A, B eta D ereduak aipatzen dira. Hona hemen zer dioen D ereduaz:

“D eredua: ikastetxeko haur gehienak euskaldunak direnean, --euskaraz mintzatzen direnean, alegia--, edo ikastetxeko ikasleria haur euskaldun eta erdaldunez osaturik egonagatik ere euskaldunez linea bat osa daitekeenean, hauentzako egokia dena: Eskolaurrea erabat euskaraz egin dezatela, horretarako beharrezko hainbat irakasle euskaldunik dagoen neurrian.


D eredua, hortaz, haur euskaldunei zuzendua zegoen. Aldiz, A eta B haur erdaldunek euskaraz ikas zezaten zuten helburu. Gogoratu, artean, ikasle gehien-gehienentzat euskara ez zela jakintzagai moduan ere ikusten eskolan. Estatistiketan nolabait deitzearren X deitu izan zaion euskararik gabeko “eredu” horretan zegoen ikasleen % 70 garai hartan, alegia 1979-80 ikasturtean. A ereduan % 25 zegoen (sekulako aurrerapena zen hori, eta hurrengo urteetan ere hazten joango zen eredu hau, X eredua murriztu ahala). Aldiz, herri-ikastetxeetako ikasleen % 4 bakarrik zegoen B eta D ereduetan.

Irakastereduen eskemak haurrek euskara hutsez (gaztelania eta atzerri-hizkuntzaz besteko irakasgaietan) ikasteko zuten eskubidea bermatzen zien hala nahi zuten familiei. Era paraleloan gaztelaniaz ikasteko eskubidea ere bermatuta zegoen, hala nahi zuenarentzat, beti ere euskara irakasgai moduan eman behar zelarik. B eredua, azkenik, eredu elebidun moduan definitu zen, aplikazio posibleen eremu zabal samarra bere barnean hartuta.

Geroxeago, 1982an, Euskararen Normalizazio 10/1982 Legea etorriko zen. Lege horrek esaten duena askotan aipatu izan da, alegia, nahitaezko eskola-aldia bukatzerako bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutzeko beharra (gaztelaniazko idazkuntzan “un conocimiento práctico suficiente”). Baina, aldi berean, eta hori ez da hainbestean aipatzen, lege horrek gurasoek duten aukeratzeko eskubidea ere bermatzen du, irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz hartzeko eskubidea aitortzen baitie ikasle guztiei. Horretarako elebitasuna arian-arian hedatu behar dela esaten du: irakastereduak arautu, irakasleak euskaldundu, eskolako euskal giroa bultzatu... Legeak honako hau gaineratzen du, ikasketak egiteko aukeratu ez den hizkuntzaren klaseak ere jaso beharko dituela ikasleak. Hiru irakastereduak ez ditu berariaz aipatzen lege honek, baina bai hurrengo urtean argitaratu zen 138/1983 Dekretuak, Elebitasun Dekretua ere deitu izan denak.

Haur euskaldunek euskaraz ikasteko zuten eskubidea bermatzea izan zen urte horietako erronka. Bestetik, A eredua zabaltzea ere erronka izan zen, gaztelania hutsezko eskola-moldea (X letraz izendatu izan dena) murriztuz, azken hau jadanik ez baitzetorren bat garaiko legeriarekin eta egoera politikoarekin.

Aipamen berezia behar dute A eta D ereduen artean sortu ziren errealitate berriek, tarteko bideek. Horietariko garbiena orain B eredu bezala ezagutzen duguna izan zen: irakasteredu honek familia erdaldunen euskaldundu nahiari erantzun nahi zion, eskema elebidunarekin. Irakasteredu honekin etxetik erdaldunak ziren haurrak gela homogeneo samarretan biltzea lortu zen, hizkuntzazko tratamendu espezifikoa eman ahal izateko, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Ordurako, fenomeno hori gero eta ugariagoa bihurtzen hasia zen, batez ere ikastoletan. Eredu erakargarria bihurtu zen hau, batez ere A eredua baino gehiago nahi zuten ikastetxe eta familientzat. Gero, urteak aurrera joan ahala, eta beldurrak uxatu ziren heinean, D eredurako jauzia eman dute askok.

Beste tipologia bat bazen lehendik zetorrena: etxetik erdaldun izan baina D ereduan ikasten zuten haurrak. Fenomeno hau ikastoletan gertatzen hasia zen, eta hurrengo urteetan hazi egin zen, bai ikastoletan eta bai D eredu gero eta ugariagoetan, sare publikoan zein pribatuan. Horren ondorioz D ereduko ikasgela oso desberdinak sortzen joan dira. Alde batean, etxetik euskaldunak diren haurrez osatutako ikasgelak ditugu: eman dezagun herri oso euskaldunetan edo bereizketa motaren bat egiten duten ikastetxeetan. Beste muturrean, zonalde erdaldunetako D ereduak ditugu, non etxetik euskaldunak diren ikasleak topatzea oso zaila baita. Bi “mutur” horien erdian ikasgela asko eta asko ditugu, proportzio desberdinez osatuak. Hala ere, “eredu” edo “azpieredu” horiek ez dute inoiz izen finkorik hartu izan (“D naturala” eta “D murgiltzea” erabili izan da ikastetxe batzuetan) eta D ereduaren errotuluaren azpian ezkutaturik gelditu dira. Begi bistakoa da, horratik, aski trataera desberdina behar dutela ikasgela batzuek eta besteek.


HAZKUNDEAREN GILTZA

Esan bezala, hasierako urteetan A eredua ikaragarri hazi zen, euskara irakasgaia ezarri baitzen ikastetxe guztietan. B eta D ereduak ere hazten joan ziren, hazkunde horrek baliabide eta denbora gehiago eskatzen bazuen ere. Hala ere, bi eredu horien hazkundea etengabea izan da. Espero izatekoa zen bi ereduen eskaera punturen batean egonkortuko zela. Alegia, euskara aldetik indartsuen ziren ereduek bere sabaia izango zutela. Alabaina ez da hala gertatu, eredu “euskaldunenen” eskaera igo egin da proportzioan (kopuru absolutuetan ez hainbeste, jaiotze-tasek behera egin baitute). Hazkundea beheko mailetatik gora etorri da, Eskolaurretik hasita ezarian goi-mailetara hedatu da. Horrela, 1983-84 ikasturtean, hamalau urte bitarteko ikasleen % 17 bakarrik zegoen D ereduan. Gaur egun, 2005-06 ikasturtean, proportzio hori hamabi urte artekoetan % 61eraino igo da. B ereduak ere kuota polita du: % 29. A eredua, aldiz, hondar gisa gelditzen da: % 9an, gehien-gehienak ikastetxe pribatuetan. Eskolaurrea bakarrik hartzen badugu, konturatuko gara bilakaerak ez duela goia jo, D eredua indarrez hazten ari baita oraindik proportzionalki eta A murrizten.

Derrigorrezko Bigarren hezkuntzan eta hortik gorako irakasmailetan A ereduaren pisua oraindik ohargarria da, baina urterik urte gutxitzen doa. Nolanahi ere, euskarazko irakaskuntzak indar aipagarria hartu du DBHn ere: jadanik D ereduan eskolatuak daude ikasleen erdiak eta beste laurden bat B ereduan. Proportzioak, jakina, ez dira berdinak lurralde guztietan: Gipuzkoa da lurralderik aurreratuena. Baina, joera norabide berekoa da Araban eta Bizkaian ere.

Euskal Autonomia Erkidegoaren ezaugarri soziolinguistikoak ikusita (kontuan hartu populazioaren laurdenak ere ez duela euskara ama-hizkuntza), D ereduak inor gutxik aurreikus zezakeen zabalkundea izan du eta B ereduak ere lortu du bere kuota. A eredua, azkenik, etengabeko jaitsieran dago murgilduta aspalditik. Hazkunde kuantitatibo horren zergatia ez da bakarra seguruenik, baina faktore bat aipatzekotan, gurasoen borondatea aipatu behar da. Irakasteredua aukeratzeko posibilitatea gurasoen esku egon da hasiera-hasieratik eta eskaera horrek gidatu du B eta D ereduen hazkundea. Borondate horrek urterik urte itzulpen garbia izan du hizkuntza administratiboan, A, B, D letren bitartez. Eta hiru letra horiek, aldi berean, ondorio administratibo mordoa dakarte. Hasteko, herri-ikastetxeen langile-plantillak letra horren arabera zehazten dira, euskaraz eman beharreko orduak, zenbat irakasle behar diren HE1dunak, zenbat HE2dunak…. Irakasleentzat egin diren lan-eskaintza publikoetan eskaini den euskarazko lanpostu kopurua ere eskaera horren zordun da. IRALE bidez urteotan euskalduntze bidean abiatu diren irakasle-saldoak beharrizan horretan du motiboa… Azken batean, familiek beren seme-alabentzako duten euskalduntze-nahia argi gelditu da eta borondate horrek, demokratikoki adieraziak, bere eragina erakutsi du urtez urte. Horren kontra egitea ez da erraza euskarazko irakaskuntzaren hain lagun ez direnentzat.

Bestalde, bideak ere jarri behar izan dira: EAEko botere publikoek jarrera ona erakutsi dute eskaera horren aurrean eta momentu batzuetan euskarazko irakaskuntzak izan duen eskaera betetzen zaila izan bada ere, baliabideak jarri dira ahalik eta erantzunik txukunena emateko.

Badakigu gurasoak ez direla denak berdinak; ez jatorriz, ez estrakzio sozioekonomiko aldetik, ez ikasketa-mailaz, ezta beren jarrera politikoetan edota euskararekiko duten atxikimenduan ere. Agian horregatik, hiru ereduen eskema baliagarria izan da beren seme-alabentzat nahi zuten heziketa-mota bideratzeko. Hiru irakastereduek karril aski definituak eskaini dituzte. Euskararen mundutik urrun samar bizi diren gurasoek ere ikusi ahal izan dute beste ume batzuek nola ikasi duten euskara eskolan eta, garai bateko kezka eta beldurrak uxatzen joan dira (“gaztelania ahantziko ote zaio?” etab.). Horrez gain, urteak aurrera joan ahala, ikastetxeak ere irakasle euskaldunez hornitzen joan dira eta ele biko irakaskuntzan esperientzia metatzen. Hori dela-eta, ikastetxeek “karrilez” aldatzeko modua izan dute: esaterako, B eredutik Dra pasatu izan dira, guraso-belaunaldi berriak horretarako prest agertu direnean.

Seguruenik beste faktore batzuek ere eragin dute, zeharka bada ere, euskarak irakaskuntzan izan duen bilakaera positibo horretan: euskarak bizitza publikoan izan duen sarrera, lanpostu publikoetan eskatu izana, ele biko irakaskuntzak nazioarte mailan duen izen ona… Faktore horiek eragin zuzena izan dezakete gurasoen aukeraketan.


ESKOLAK EUSKALDUNDU AL DITZAKE IKASLEAK?

Galdera aski xelebrea irudituko zaio bati baino gehiagori izenburuko hau. Garai honetan hori galdetzea ere! Eskola bidez haurrak euskara (edo zehatzago esateko, bigarren hizkuntza bat) ikas dezakeela ondotxo frogatuta dago, jakina. Hala ere, ahalerako adizkia ari gara erabiltzen. Izatez eskolak ez baitu beti-beti eta guztiz ongi euskalduntzen, ez A ereduan, baina ezta B edo D ereduetan ere. Lehenengo eta behin esan beharra dago eskola ez dela soilik haurrak euskalduntzeko (edo bigarren hizkuntza bat ikasteko) instituzioa. Beste helburu batzuk baditu, lehenengo eta behin oinarrizko trebetasunak eta eragiketak irakastea.

Urteetan zehar, ordea, hainbat eginkizun erantsi zaizkio eskolari, curriculum potoloak osatu arte. Ikasleek atzerri hizkuntza bat edo bi ikasi behar dituzte, natur zientziak, informatika, literatura, prozedurak, baloreak…. Gainera, bazkaltzen eman behar, garraioa antolatu behar, zaintza-zerbitzua antolatu… Eskola-aldia, bestalde, dezente luzatu da: oso haur txikiak hartzen ditu eskolak eta gutxienez 16 urte bete arte eduki behar ditu, ahalik eta txintxoen. Hori gutxi ez eta, gure kasuan, komunitatean ofizialak diren bi hizkuntzak ikasi behar dituzte. Gaztelania etxetik jakiten dute askok eta beste askok lagunekin ikasten dute. Euskara ikastea, aldiz, eskolaren bizkar gelditzen da kasurik gehienetan. Eskola-populazioaren laurdenak baino gutxiagok daki euskara etxetik; hortaz, lan eskerga hartu du bere gain euskal eskolak.

Eskolak euskalduntzen duen galdetu baino lehen edo horrekin batera, beraz, bere lana nola betetzen duen galdetu behar litzateke. Bere eginkizun eta helburu guztien ebaluazioa egin behar litzateke. Horretarako, gogoan hartu behar genuke nazioarteko ebaluazioak egitera gurera etortzen zaizkigunean, oinarrizko ezagutza komun batzuei buruz galdetzen digutela (esaterako PISA ebaluazioaren kasuan irakurmena, matematika, zientziak) edota beste herrialde batzuetako sistemekin konparagarri diren adierazleak biltzen dituztela. Gurean, gainera, eginkizun behinen hori bigarren hizkuntzaren bidez (euskaraz alegia) bete behar da ikasle gehienentzat, horrek duen zailtasunarekin. Arazo horietaz arduratzeko garaia heldua da eta pausoak ematen ere hasiak gara. Espainiako estatuaren barneko mailarekin konparatuta EAEko emaitzak txarrak ez badira ere, Europa mailan eta mundu mailan kokatuta ez genuke hain arro egon behar, asko baitugu oraindik hobetzeko. Kontu horiek guztiak erabakigarriak izan litezke euskal eskolaren geroan.

Hezkuntza-arduradunek, euskaltzaleek eta gizarteak, nolanahi ere, badugu beste kezka hori: eskolak euskara irakasten al du? Ez asignatura baten moduan, baizik eta benetako hizkuntza-gaitasunak garatzen al dira eskolan? Inork gutxik emango dio ezezko biribila galdera horri: nork ez du ezagutzen eskolan euskaldundu den haurren bat auzoan? Hala ere, baiezkoa ere ongi ñabartu behar dela uste dut. Lehenengo eta behin, eskolaren euskalduntze-indarra mugatua dela aitortu behar da: ikasleek euskara ikasten dute, baina neurri desberdinean. Eskolak ordu eta ekintza jakin batzuetan bakarrik eman lezake euskaraz interaktuatzeko aukera. Hizkuntzaren garapenerako garrantzizko diren gainerako faktoreak, sozialak, familiakoak etab., ezin ditu eskolak kontrolatu. Bestetik, eskolan ikasten den hizkerak eskolarako balio du batik bat: irakasleari ulertzeko, testuliburuak ulertzeko, ariketak egiteko… baina ez hainbeste beste funtzio garrantzitsu batzuetarako: jolasteko, lagunak egiteko, maitatzeko, gorrotatzeko… Azken finean, eskolaz kanpoko inguruneetan euskara erabiltzen ikasteak beste baldintza batzuk behar ditu, ikaslea bizi den inguruarekin eta harreman-sarearekin lotuta daudenak. Alor horietan euskara bultzatzea beste eragile batzuei dagokie: familiari, udalei, aldundiei, gizarte-ekimenei…

Hori guztia kontuan hartu gabe euskalduntzearen arrakasta edo porrota oso-osorik eskolari atxikitzea akats handia da. Esaterako, D ereduak ongi euskalduntzen duela esan ohi da, baina ahantzi egiten zaigu D ereduko ikasleen proportzio esanguratsu bat euskalduna dela etxetik eta bere inguru hurbilak ere euskara erabiltzeko aukera handiak ematen dizkiola. Kasu horietan eskolak ez du euskalduntzen, euskaldunak eskolatu baizik. Besterik da D ereduko beste ikasle batzuen kasua, etxetik erdaldun direnena, alegia. Horiek euskara ikastearen arrazoia bada, neurri handian, irakasteredua; ahantzi gabe, jakina, ikasle horien lagunarteak eta eskolaz kanpoko bizi-inguruak izan dezakeen eragina.

Azken ikasle-multzo horren antzera, B ereduan ere ikasleak ia hutsetik abiatzen dira euskara ikasten. Beren inguru hurbila ere oso izan ohi da erdalduna. Euskararekin duten kontaktu ia bakarra eskola da, baina ikaskide guztiak edo gehienak ere ez dira etxetik euskaldun. Ikasle hauek lortzen duten euskara-maila mugatua da, jakina, baina eskolari zor zaio ia betean.

A ereduak euskararen alorrean duen diseinuak muga larriak ipintzen dizkio haurraren euskalduntzeari, gainerakoan bere ikasleen ezaugarri soziolinguistikoak ez baitira inondik inora B eredukoenak baino hobeak. Euskaraz dituen emaitza kaskarrek izan dute segur aski eraginik irakasteredu honek matrikulazioan izan duen gainbeheran. Beste faktore batzuk ere badira, ordea, horrekin loturik: B ereduak egin dion konpetentzia eta, herri-ikastetxeetan behintzat, estrakzio marjinal samarreko haurrak jaso izanak.

Gaztelaniari buruz, berriz, zer esan dezakegu? Gaztelania, etxetik ez dakarten kasuan, kalean edo jolaslekuan bertan ikasten da modu aski naturalean. Lekurik gehienetan, seme-alaba euskaldunak D eredura bidali dituen edonork baiezta lezake hori. Eskolak, oro har, ama-hizkuntzari dagokion trataera ematen dion gaztelaniari, baita herri euskaldunenetan ere, agian beste ikuspegi bat egokiagoa balitzateke ere.

Aurreko kontsiderazioek eskolaren euskalduntze-indarra zenbaterainokoa den argitu nahi izan dute. Alde batetik, indar hori garai batean uste genuena bezain handia ez dela gero eta garbiago dago. Beste aldetik, oraingo ikuspegitik begiratuta, helburuak esperientziaren galbahetik pasatuta, ikusi dugu eskolak, berez duen eragin-esparruan, baduela efektibotasuna eta asko aurreratu dela hainbat alorretan: irakasteredu euskaldunenen zabalkundean ez ezik, baita eskola barneko didaktikan eta normalizazio-neurrietan ere.


IRAKASTEREDUEN SISTEMA ALDATU BEHAR OTE DA?

Irakastereduen sistema aldatzearen aldeko ahotsak entzuten dira aldian-aldian leku desberdinetatik. Eredu bakar baina malgua ere aipatu izan da etorkizunerako bidetzat. Eredu berriak irakas-sistema integratuago eta homogeneoagoa lekarke, euskararen irakaskuntza hobeto bermatuko lukeena. Alabaina, ez dago garbi gaur arteko eskema ezabatzea aldarrikatzen duten guztiek helburu bera ote duten. Badirudi batzuek D eredua jeneralizatu nahi luketela. Beste batzuek, aldiz, eredu elebidun malgu bat nahi lukete, B ereduaren antzekoagoa baina ingeles gehiagorekin. Bi bide horiek, jakina, badituzte beren eragozpen eta arriskuak, ez nahitaez indarrean dagoen sistemak baino txikiagoak. Dena dela, proposamen horiek oraindik oso esplizituak ez direnez, haien analisia egitea ez da erraza.

Baina, ba ote horrelako premiarik orain arteko sistema goitik behera aldatzeko? Galdera bera planteatzea ez da txarra. Noizean behin horrelako atseden-uneak hartu behar izaten dira, norabidea galdu ez dugun aztertzeko. Nire ikuspegitik, eskola bidez lortu dena ez da gutxietsi behar. Egin diren ebaluazioen balioespen negatiboegia egin da, segur aski, azken boladan. Aipa ditzadan, beraz, oraingo irakastereduak mantentzeak dituen mesede batzuk:

a) Irakas-sistema euskalduntzea helburu izan den neurrian, ikuspegi makro horretatik begiratuta, hiru ereduen eskemak aski ongi funtzionatu du. Irakas-sistema hein handi batean euskaldundu da denbora-epe laburrean. Gogoan hartu behar da, gainera, irakasleriaren euskalduntzea momentu delikatuan egin dela, jaiotze-tasak behera egin duten une historikoan. Jakinekoa da ikasle guzti-guztiak gauetik goizera euskalduntzea ez dela lortu, ezta lortuko ere epe laburrean, baina helburu hori gero eta gertuago dagoela ere ezin da ukatu.

b) Bilakaera-dinamika hori ez da agortu, euskalduntzeak aurrera jarraitzen baitu bai ikasleen matrikulazioaren eboluzioan eta bai irakasleen euskaldun-tasei dagokielarik. Euskalduntzea segurtatzen ez duten formulek gero eta matrikulazio-eskasagoa dute eta berez desagertzeko edo erabat murrizteko bidean dira. Ahitze hori, gainera, sendoa da, gurasoen borondatean baititu sustrai sakonenak.

c) Bilakaera sakon horrek ez du gatazka handirik sortu ez gurasoekin ez eta irakasleekin ere, eta denok dakigu hori zeinen zaila izaten den. Ezin da ukatu, jakina, tentsioak eta interes kontrajarriak gertatu direla batzuetan. Pieza asko mugitu behar izan dira: irakasleriak ahalegin handia egin behar izan du hizkuntza ikasteko; gurasoek eta ikasleek ezin izan dituzte beti beren nahiak asebete; hezkuntza-administrazioak baliabide asko jarri behar izan ditu euskarari irakaskuntzan leku duina emateko bai irakasleen prestakuntzan, bai baliabide didaktikoetan, bai eskola-giroa euskalduntzeko eman diren pausoetan; ikastetxeek, argitaletxeek, aholku-zerbitzuek eta abarrak ere bere zatia jarri dute.

d) Hiru ereduen sistemak gurasoek beren haurren irakaskuntza-mota aukeratzeko duten eskubidea bermatzen du. Hau da, irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzen du, gaztelaniaz jasotzekoa bermatzen duen bezala. Horrek egonkortasun handia eman dio gure sistemari eta istilu asko saihestu ditu segurutik. Aukera horietarikoren bat ukatuko balitz, guraso batzuen (eta goiko mailetan, ikasle batzuen) aukera erreala ukatzea litzateke. Duela urte batzuk euskarazko irakaskuntza zen aukera minoritarioa; orain, aldiz, gaztelaniazkoa da gutxienek aukeratzen dutena. Gutxiengoaren aukera izateak, ordea, ez dio zilegitasunik kentzen aukera jakin bati. Lege mailako kontsiderazioetan sartzeko gaitasunik ez badut ere, uste dut kontu honek lege mailako azterketa xehea eskatzen duela. Ez dirudi irakaskuntza nagusiki euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubiderik ukatu litekeenik bizi garen lege-markoan. Esate baterako, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaiek gaztelaniazko irakaskuntza eskatzen zuten gurasoei eman diete arrazoia.

Bestalde, gurasoen borondatea ez bada gidari, zein irizpide nagusi ezarri behar litzateke? Ama-hizkuntza edo zona soziolinguistikoa bezalako irizpideek, esaterako, sekulako atzerakada ekarriko lukete euskararen berreskurapenaren aldetik. Seme-alabak euskaraz (eta ez gaztelaniaz edo ingelesez, esaterako) eskolaratu nahi ditugun gurasoon nahia bermatuko al du irizpide berriak?

Beste maila bateko argudioak, askoz praktikoagoak, baina ez horregatik errealitatetik urrunagoak ere kontuan hartu behar dira. Hona hemen batzuk:

e) A ereduak, aitortu ala ez, betetzen du halako saski-naski funtzio bat: adinean aurrera samar egindako ikasle etorkinak jasotzen ditu, baita ikasketa mailan edo euskara mailan zailtasunak izanik ama-hizkuntzan ikastera pasatu direnak ere. Irakaskuntza pribatuan, aldiz, goi-mailako gizarte-segmentu baten eskaerari erantzuten dio. Ez dirudi erraza epe labur batean errealitate hori eraldatzea.

f) Irakasleen euskalduntze alorrean ere ez da erraz askoz aurrerago egitea. Irakasle asko euskaldundu dira: irakasle guztien % 70 baino gehiagok badu euskaraz irakatsi ahal izateko ziurtagiria. Baina gaitasun hori lortu ez dutenak maila horretara iristea zail bihurtu da, diren motiboak direla (adina, ikasteko zailtasunak, motibazioa…). Hori larria da herri-ikastetxeentzat, baina are larriagoa izan liteke sare pribatuan, ikastetxe horietako askotan euskalduntzea maila apalxeagoan hedatu baita. Eta ehunekoetan irakasle euskaldun askotxo daudela ikusten badugu ere, kontuan hartu behar da irakasleena kolektibo oso handia dela eta kopuru absolutuetan milaka batzuk direla euskara-maila nahikorik ez dutenak. Gainera, HE2dun irakasle horiek era desberdinean banatuta daude lurralde eta irakasmailetan.

g) Irakastereduen prozedurari eskerrak, irakaskuntzaren argazki aski zehatza dugu momentu honetan. Badakigu zenbat ikasgela, zenbat ikasle dagoen eredu bakoitzean eta non dauden. Errealitate hori estalki polit batekin tapatzeak ez digu agian gauzak argitzen lagunduko. Ikastetxeak, irakasleak, ikasleak, denak euskaraz ari direla eta euskaldunak direla aldarrikatzeak gauzak zaildu egin ditzake argitu ordez, jarduera-eremuak ongi zehaztu behar direnean.


EUSKALGINTZAREN GAURKO ERRONKAK: ESKOLATIK HARATAGO

Gure eskolak izan duen transformazioa izugarria da; irakasleriak ere hizkuntza-gaitasunaren aldetik sekulako aurrerapausoa emana du. Euskal heziketa-sistema erreferentzia bihurtu da bere hizkuntza biziberritu nahi duen hainbat herrirentzat. Kantitateetan (euskaraz eskolatutako haurrak, euskaldundu diren irakasleak etab.) aurrera egin da, dudarik gabe. Eta kalitateari erreparatzen hasiak gara dagoeneko, hor ere asko daukagu-eta hobetzeko. Testuinguru horretan kokatu behar dira eskolako giroa euskalduntzeko egiten diren ahaleginak, eskolaz kanpoko ekintzak, Ulibarri programa, ikastetxeetako normalkuntza-planak, euskara ziurtagiria lortua duten irakasleak euskara gehiago lantzeko prestatu diren ikastaro berriak… Sekulako ahalegina egiten ari dira hor irakasle eta teknikari pila bat: Berritzeguneetan, IRALEn, ikastetxeetan bertan... Lan isila da hori, propaganda handirik gabea eta Euskal Herrian bertan behar lukeen bezala ezagutzen ez dena.

Hala ere, erronka handiena eskolatik kanpora dagoela esango nuke. Gero eta ikasle gehiagok euskaraz ikasten du bere ikas garai osoan zehar. Eskolatik kanpora, ordea, sekulako jauzia aurkitzen du ikasle horrek: euskarak ez du gutxieneko presentziarik alor gehienetan (kalean, lagunartean, etxean ikusten diren filmeetan, bideo-jokoetan, informazioan, interneten, musikan, helduen munduan…). Zer esanik ez, behin ikasketak amaitu eta gero, lan-munduan sartzeko ordua heltzen zaionean. Errealitate hori oso ongi harrapatzen du haurrak: oso txikitatik konturatzen dira eskolatik kanpora (edo batzuen kasuan familiatik kanpora) zein hizkuntzak “balio” duen.

Hizkuntza baten iraupenerako garrantzitsua da eskolan irakatsia izatea eta batez ere irakasbide izatea, alegia, eskolako komunikazio-hizkuntza izatea. Baina hizkuntza baten biziraupena ez da hor bakarrik jokatzen, beste esparru funtzional batzuetan baizik. Ikusi besterik ez dago euskarak nola izan duen jarraipena historian zehar. Orain, eskolan indartzeaz bat, esparru tradizionalenetan (familia, lagunartea, lan-mundua) indarra galtzen hasia da. Eta ondoko galderak etortzen zaizkigu burura: Zein da eskolaren lanaren zentzua? Zertarako euskaraz ikasi gero lan-munduan gaztelania hutsean funtzionatuko badute? Zertarako, ikasgelatik kanpora hitz erdi bat euskaraz egingo ez badute?

Gero eta gehiago entzuten dugu jauzi handia dagoela ezagutzaren eta erabileraren artean. Erabilera bultzatu nahi bada, benetako erronka egoerak prestatzea eta eskaintzea da. Erabilera-alor horietako asko, ordea, nekez bete ditzake eskolak. Saiatzen da, halere, horietako batzuk betetzen: eskolaz kanpoko ekintzak, egonaldiak, ikasle-trukeak, etorkinentzako saio intentsiboak… antolatzen dira eskola askotan.

Autonomia Erkidegoko herri askotan D eredua besterik ez da dagoeneko, baina ikusten ari gara zein gutxi aldatu den hizkuntza-erabilera gaztetxoen artean (kasu batzuetan atzeraka egin dugun susmoa ere izaten dut). Ez dut uste, beraz, aurrera egiteko gako nagusia irakastereduetan dagoenik. Bestelako helburuak jarri behar genituzke, zailak izan arren, oso gutxika bederen aurrera egin nahi badugu: euskal familietan euskara mantentzea; haur eta gazteek euskaraz arituko diren lagunarteak aukeran izatea; eskolaz kanpoko zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea; ikasketak euskaraz egin dituzten neska-mutilek beren lana euskaraz, partez bederen, egiteko aukera izatea… Horretan asmatzen ez badugu, irakaskuntza-alorrean egin diren aurrerapenak berez jausi daitezke hareazko gaztelu baten antzera.

--------------------------------------------------------------------------------------------------

OHARRA

(*4) “El lenguaje en la educación preescolar y ciclo preparatorio: vasco-castellano”; 1979; Ministerio de Educación y Ciencia. Madrid.

 

 

BAT aldizkaria: 
60. 2006ko iraila. Unibertsitate aurreko hiztza. ereduen...
Egilea(k): 
Ibon Olaziregi
Urtea: 
2006