23 urte eta gero... hau

D eredua antzekoa izan daiteke ikasle gehienak euskaldunak diren ikastetxean eta inguru erdaldunean bizi diren ikasleak dituen ikastetxean? Aipatutako bi ikastetxeetako irakasleek posibilitate berdinak dituzte bi hizkuntza ofizialetan koherentziaz, egokitasunez, eta zuzentasunez ikasleak mintza daitezen lortzeko? Eta ikasleek? Eskolako hizkuntza erabiltzeko aukera berdinak dituzte berau izanik inguruan eta familian erabiltzen dena? Eta hala ez bada? Erantzunak bistan daude

gaurko ereduak (A, B, eta D) guztiz zaharkituta geratu dira; testuinguruaren eta ereduen arteko egokitzapenik ez dago ia; A eredua ez da baliagarria euskara ikasteko; D ereduak, bestalde, ez du bermatzen gaztelaniaren ezagupena hizkuntza hau testuingurutik kanpo dagoen toki bakanetan; B ereduak, aplikatzen den ikastetxeetan, ikastetxe beste aldaketa izan ditu. Gainera, Haur Hezkuntzan ingelesaren sarrera goiztiarrak zein esperientzia eleanitzak ereduak kolokan ipintzen dituzte… Beraz, noiz egingo dugu eredu guztien birplanteamendu zorrotza?

Nire iritziz, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuek irizpide sendo batzuetan izan behar dute oinarria, baina nik funtsezkotzat jotzen ditudan bi gogoeta baino ez ditut azalduko, gure Erkidegoan bete-betean ikastetxe guztien hizkuntz proiektu guztietan negoziatu barik onartu beharko direnak: hizkuntza eta hiztunekiko jarrera positiboei buruzko lana, eta behin betiko planteatzea hizkuntza irakaskuntzarako metodologia eraginkorraren beharra, eduki kurrikularrak eskuratzeko baliagarria izango dena eta hizkuntzen erabilpenean oinarrituko dena.

hizkuntza ereduen hobekuntza haien malgutasunean oinarritu behar da; ikastetxe bakoitza, bere testuingurutik abiatuta, hizkuntzen helburu orokorrak lortzeko asmoz jardunbideak diseinatzeko eta Hizkuntza Proiektuan biltzeko kapaza izan behar da; eta, esanda dago, Hizkuntza Proiektuak hizkuntza eta hiztunarekiko jarduerak zein hizkuntzen ikaskuntza eta hizkuntzen bidez garatzen diren beste edukien ikaskuntza zaindu behar ditu, batez ere.

Unibertsitate aurreko irakaskuntzan hizkuntza ereduak sortu zirenetik 23 urte pasa dira, baina haiek sorrarazitako hutsuneak zeintzuk diren ikusteko askoz ere urte gutxiago behar izan ditugu. Ebaluaketa anitzen emaitzek susmatzen genuena baieztatzen dute: B eta D ereduko ikasle kopurua handitu den neurrian A eredukoa jaitsi egin da, eta lehenengo biak ama-hizkuntza euskara ez duten ikasleak euskaratzeko baliagarriak izan arren, hirugarrena, berez, hizkuntzaren jabekuntza bultzatzeko ez da gauza. Bestalde, gaztelaniaren ikaskuntzari buruzko datu gutxiago ditugu, hala ere, badirudi ikasleen hizkuntza eta kultura maila zein testuinguru soziala, aukeratutako eredua baino eraginkorragoak direla.

Baina, gaur egun zeri deitzen diogu A, B, edo D eredu? Hizkuntza ereduak ezarri eta handik gutxira ikastetxeak beren testuingurura, beren errealitatera, beren beharretara bideratutako egokitzapenak, nabariak edo ez, argiak edo ez, egiten hasi ziren. Legeak hiru eredu definitzen ditu, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren errealitate soziolinguistikoan hiru egoera baino askoz gehiago bereizten dira, eta horrenbestez, eredu berbera bi ikastetxe desberdinetan gauzatzean ezberdintasunak sortuko dira ezinbestean. D eredua antzekoa izan daiteke ikasle gehienak euskaldunak diren ikastetxean eta inguru erdaldunean bizi diren ikasleak dituen ikastetxean? Aipatutako bi ikastetxeetako irakasleek posibilitate berdinak dituzte bi hizkuntza ofizialetan koherentziaz, egokitasunez, eta zuzentasunez ikasleak mintza daitezen lortzeko? Eta ikasleek? Eskolako hizkuntza erabiltzeko aukera berdinak dituzte berau izanik inguruan eta familian erabiltzen dena? Eta hala ez bada? Erantzunak bistan daude, eta horregatik ikastetxeko irakasleek zein Sailak berak eredu ezberdinetan hizkuntzen arteko orduen banaketa behin eta berriro berregin dute.

Horrez gain, ezin dugu ahaztu beste aldagai bat ere badagoela eta, horren eraginez, gaur egungo hizkuntza ereduek ez dute aukerarik ematen gure gizarteak ume eta gazteengandik lortu nahi duen hizkuntzaren ikaskuntza egokia lortzeko: atzerriko lehen hizkuntzaren aprendizaiaren aurrerakada geldiezina eta komunikaziorako zein ikaskuntzarako bide gisa erabiltzea. Gero eta ikastetxe gehiagok gaiak edota arloak atzerriko hizkuntza dela medio irakastea erabakitzen dute, eta honen ondorioz hizkuntza eredua birmoldatu egin behar da. Halaber, gurasoek gero eta gehiago eskatzen dute atzerriko hizkuntzaren bidezko irakaskuntza, eta, horrenbestez, 1983ko legeak aurreikusten ez zuen eredu berri bat sortzen ari da: irakaskuntza eleanitza, hizkuntza ofizialen irakaskuntzari kalte egin barik atzerriko hizkuntzaren irakaskuntza bultzatzeko.

Laburpen moduan, gaurko ereduak (A, B, eta D) guztiz zaharkituta geratu dira; testuinguruaren eta ereduen arteko egokitzapenik ez dago ia; A eredua ez da baliagarria euskara ikasteko; D ereduak, bestalde, ez du bermatzen gaztelaniaren ezagupena hizkuntza hau testuingurutik kanpo dagoen toki bakanetan; B ereduak, aplikatzen den ikastetxeetan, ikastetxe beste aldaketa izan ditu. Gainera, Haur Hezkuntzan ingelesaren sarrera goiztiarrak zein esperientzia eleanitzak ereduak kolokan ipintzen dituzte… Beraz, noiz egingo dugu eredu guztien birplanteamendu zorrotza? Gure ikasle autoktono zein etorri berrien beharrizanak eta gure errealitate soziolinguistikoa hiru, lau, edo hogei eredutan zehaztea ezinezkoa dela pentsatzen badugu, zein da eskola mundua antolatzeko behar dugun irtenbidea?

Konponbidea, hizkuntza ereduen malgutasun erabatekoa lortzetik etor liteke, ikastetxeen autonomiaren mesedetan, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua gara dezan. Bertan, ikasleen gizarte eta hizkuntza ezaugarriak kontuan harturik, ikastetxearen beraren jarraibideak diseinatuko lirateke ikasle guztiek Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean, behintzat, gizarte elebidunean integrazioa lortzeko beharko lituzketen komunikaziorako gaitasunak garatu ahal izateko eta hezkuntza etapek ikasleentzako beharrezkotzat jotzen dituzten curriculum edukiak eskuratzeko.

Hizkuntza proiektu ezberdinak beren baliozkotasuna bermatzen duen marko bateratu batetik abiatu behar dira, eta era berean, ikastetxe guztien hizkuntzen helburuak bete daitezen eta gheto kulturalak edo hizkuntzakoak sortu ez daitezen baliagarria izan behar du aipatutako markoak. Nire iritziz, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuek irizpide sendo batzuetan izan behar dute oinarria, baina nik funtsezkotzat jotzen ditudan bi gogoeta baino ez ditut azalduko, gure Erkidegoan bete-betean ikastetxe guztien hizkuntz proiektu guztietan negoziatu barik onartu beharko direnak: hizkuntza eta hiztunekiko jarrera positiboei buruzko lana, eta behin betiko planteatzea hizkuntza irakaskuntzarako metodologia eraginkorraren beharra, eduki kurrikularrak eskuratzeko baliagarria izango dena eta hizkuntzen erabilpenean oinarrituko dena.

Guztiok dakigunez, eta gero eta ikerketa gehiagok berresten dutenez, hizkuntza bat ikasteko eragile erabakigarrienetako bat da ikasketa sorrarazteko jarrera positiboa izatea. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak zein atzerriko hizkuntza ezagutzeko jarrera positiboak sustatzea Hezkuntza Sailaren eskuduntza izateaz gain, betebeharra ere bada. Gurasoek seme-alaben hizkuntza eredua aukeratzen dutela kontuan hartuta, hizkuntzarekiko jarrerei buruzko lana gurasoekin hasi beharra dauka. Egiazko informazioa eman behar diegu, hizkuntzen ezagupena eta hizkuntzekin lotutako iritzi ideologikoak bananduz, elebiduna izatea zer den azalduz, hizkuntza bat ikastea zentzu guztietan aberasgarria dela adieraziz, hizkuntza bat ezagutzeagatik ez ditugula beste hizkuntza batzuk ahazten kontatuz, eta horren bestez, irakaskuntzako langileok hainbeste urtean hausnartu ditugun hainbeste alderdiz ohartaraziz.

Baina hizkuntza eta hiztunekiko jarrera positiboei buruzko lana ez da amaitzen gurasoei informazioa emanez. Ikasleei eta irakasleei ere luzatu behar zaie, batez ere Bigarren Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzako azken kurtsoetan. Berrikusi behar ditugu beste galdera batzuk ere: zer da murgiltze eredua aukeratzen ez duten ikasleen aurrean irakasleek espero dutena? bigarren hezkuntzako ikasle batzuek zergatik egiten diote uko beren hizkuntzetako bati? zein aurreiritzi dugu pertsona bat darabilen hizkuntzagatik epaitzen dugunean? zein jarrera transmititzen dugu hizkuntzen aniztasunari buruz edo besteen hitz egiteko erari buruz?... Jarrerak, hizkuntzarekikoak eta edozein giza eragilerekikoak, inkontzienteki askotan transmititzen dira; horri buruzko gogoetak, koherente izaten lagunduko liguke irakasten dugula diogunarekin.

Eta zer esango genuke hizkuntza irakasteko metodologia eraginkorrari buruz? Hizkuntza bakoitza irakasteko erabiltzen diren orduen ustiapen egokiak hizkuntza-ikaskuntza aproposagoa bermatuko luke, berez. Badakigu hizkuntzak ez direla ikasten ordu askoan elkar ukitzen egoteagatik, baizik eta komunikazio egoera errealetan erabiltzeko beharra sentitzeagatik ikasten dira. Eskolako orduen banaketa da lehengo pausoa; baina ez du ezertarako balioko ez badugu ziurtatzen orduak baliagarriak direla hizkuntzak erabiltzeko eta erabilpen honi buruzko gogoeta bultzatzeko, benetako xedea duten elkarreragin anitzetan parte hartzeko; hau da, hizkuntzak ikasteko orduak ikuspegi komunikatibotik ez badira kudeatzen, alferrik gabiltza. Horretaz gain, eskolan erabiltzen diren hizkuntzek aipatutako ikuspegia partekatzen badute eta ikuspegi bateratua onartzen badute, haur hezkuntzatik batxilergoa amaitu arte gure ikasleek hizkuntzen ikaskuntzari ematen dizkioten orduei etekin handia aterako genieke, eta ikasleen zein irakasleen ahaleginen emaitzak biderkatuko lirateke.

Baina, gainera, eskoletan ikaskuntza eta irakaskuntzarako jarduera gehienak garatzeko hizkuntza da bidea; neska-mutilek ahaleginak egiten dituzte ahoz zein idatzizko testuak ulertzeko eta ekoizteko, hitz egiteko, idazteko. Behin eta berriro hizkuntza beste edukiak eskuratzeko bidetzat jotzen duten prozesu kognitiboak garatzen dituzte, eta hainbat zeregin egiten dituzte nahiz eta, askotan, haien hizkuntza irakasleek eta arloko irakasleek ez duten elkarrekin lan egiten. Hauxe da gure Hezkuntza Sistemaren irakasleek aurrean duten beste desafio bat, eta ezin dugu ahaztu gure sistema honek, mesedegarria izan arren, ia belaunaldi batean elebakar izateari utzi diola eta elebidun bihurtu dela. Ezin dugu ahaztu.

Ukitu ez ditudan alderdiak anitzak dira: irakasleen prestakuntza, ikasleen etorkinen agerpena, “murgiltze” eta “azpiratze” arteko ezberdintasun zorrotza, giza aldaketak eta beren eskolatzea, gizartearen joera aldatzeko eskolak duen gaitasuna... eta askoz gehiago. Segurutik, garatu ez ditudan ideiak garatutakoak baino interesgarriagoak dira, baina artikulu hau ixteko aukeratutako ideiak laburtzea gustatuko litzaidake: hizkuntza ereduen hobekuntza haien malgutasunean oinarritu behar da; ikastetxe bakoitza, bere testuingurutik abiatuta, hizkuntzen helburu orokorrak lortzeko asmoz jardunbideak diseinatzeko eta Hizkuntza Proiektuan biltzeko kapaza izan behar da; eta, esanda dago, Hizkuntza Proiektuak hizkuntza eta hiztunarekiko jarduerak zein hizkuntzen ikaskuntza eta hizkuntzen bidez garatzen diren beste edukien ikaskuntza zaindu behar ditu, batez ere.

 

BAT aldizkaria: 
60. 2006ko iraila. Unibertsitate aurreko hiztza. ereduen...
Egilea(k): 
Teresa Ruiz
Urtea: 
2006