Hezkuntza sistema euskalduna eta eleanitza

Garbi dago, beraz, sistema hori gainditu beharra dagoela, hau da, orain dagoenaren lekuan beste sistema bat jarri beharra dagoela. Hala, arau-esparru orokor batetik abiatuta, ikastetxeek hizkuntza-normalizaziorako plan bana egin behar dute. Horretarako, ikasle bakoitzaren eta bere inguru familiar eta sozialaren hizkuntza-errealitate zehatza kontuan hartu behar da lehenik, eta hortik abiatuta kasu bakoitzari dagozkion neurriak hartu.

Euskal Herriko hezkuntza sistemak berariazko curriculum bat behar du, ikastetxe guztietan ofiziala eta derrigorrezkoa izango dena, bere berezitasun guztiak bilduko dituena, bere nortasun-ezaugarriak ezagutzeaz gain horiekiko jarrera positiboa bermatuko duena, datozen belaunaldiei bere jabetza historiko-kulturala transmititzeko balioko duena, eta hizkuntzaren erabilera normalizatzeko ezinbestekoa izango dena.

Hizkuntza ereduek ez dute ikasleak integratzea ahalbideratzen, horregatik euren ezarpena ez da egokia, ez etorkinentzat, ezta “bertakoentzat” ere. Zatikatzailea da beren egituraketa, hasierako egitasmoa bestelakoa bazen ere. Bere tinkotasunean oztopo bilakatu ohi dira, ikasleak sailkatu –zatikatu- egiten baititu, euskararen ezagutzaren arabera, hau da, euskal gizarte osoaren hizkuntza ofizial batekiko duten gaitasunaren arabera.

Euskararen normalkuntzarako, hizkuntz ereduen amaiera beharrezkoa da, esaldi honekin bat baino gehiago harritu arren. Izan ere, bada garaia hizkuntz ereduen sistema zatikatzailea gainditzeko eta ikastetxeetan eratutako hizkuntza normalkuntza plan eraginkorrak abian jartzeko, tokian-tokiko hizkuntza egoera nahiz ikasleen ezagutza maila sakonki aztertu ondoren.

Gurea bezalako gizarte bateko hezkuntza-sistema propioak, luzaroan diglosia egoeran dagoen hizkuntza bat duenak, bermatu behar du ikasle guztientzako hizkuntza-gaitasun bera eta euskaraz ondo jakitea. Horiek horrela, euskal hiritar guztien funtsezko eskubidea da euskaraz jakitea eta euskara komunikazio-tresna izatea hala eguneroko bizitzan nola irakaskuntzan, eta eskubide hori osoki eta pertsona guztiei bermatu behar die gure hezkuntza-sistemak. Ildo berean, ondorio gisara esan daiteke ikasle guztien betebeharra dela derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan euskara erabiltzeko hizkuntza-gaitasun osoa izatea; horretarako, ezinbestekoa da bai hezkuntza-eskaintzaren planifikazioak, eta bai bitarteko eta baliabide erabilgarriek hori ziurtatzea.

Gaur egun unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetan hizkuntza-eredu bereiziak daude, bai EAEn bai NFEn. Horrek, baina, ez du ez eskubiderik ez helburuaren lorpenik bermatzen. Euskararen egoera bereziki kezkagarria da Nafarroan, izan ere, bertako euskararen legeak ez ditu bermatzen eskubide berberak herritar guztientzat eta bizilekuaren arabera bereizten ditu. Honek are distortsio handiagoa dakar hizkuntza-eredu desberdinak dauden egoera honetara, zona desberdinen irizpidea gehitzen duelako. Hori dela eta, ereduak berrikusi behar izateaz gain, premiazkoa da euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea.

Lurralde batzuetan ofiziala ez izateaz gain, lurralde guztietan eredu desberdinak daude eta horren ondorioz gaitasun maila desberdinak sortzen dira euskararen erabileran derrigorrezko hezkuntzaren amaieran, eta horrek segregazio arriskua dakar ikasleen artean gaitasun maila desberdinen arabera.

Garbi dago, beraz, sistema hori gainditu beharra dagoela, hau da, orain dagoenaren lekuan beste sistema bat jarri beharra dagoela. Hala, arau-esparru orokor batetik abiatuta, ikastetxeek hizkuntza-normalizaziorako plan bana egin behar dute. Horretarako, ikasle bakoitzaren eta bere inguru familiar eta sozialaren hizkuntza-errealitate zehatza kontuan hartu behar da lehenik, eta hortik abiatuta kasu bakoitzari dagozkion neurriak hartu. Askotariko neurriak izango dira, beraz, denak ere helburu berera bideratuak: ikasle guztiek euskaraz jakin dezatela eta ahozko zein idatzizko hizkuntza-gaitasun osoa izan dezatela. Helburu hori lortzeko behar diren bitarteko guztiak jarri behar dira, besteak beste, legedi egokia, ahozko adierazpenari astean zehar eman beharreko ordu kopurua, euskarazko klaseetarako irakasle/ikasle ratio aproposak, klaustro osoaren inplikazioa eta prestakuntza, oinarrizko ikasgaietan ahoz egin beharreko ebaluazioak. Eta bitarteko horiek handiagoak izango dira nahitaez euskararen egoera soziolinguistiko okerragoko zonetan kokatutako ikastetxeetan. Horrez gain, ziurtatu beharra dago plan horien jarraipena eta ebaluazio zuzena.

Unibertsitatean curriculum osoa euskaraz egiteko aukera eman behar zaie ikasleei, eta komunitate osoak ere euskaraz bizitzeko aukera izan behar du. Nafarroan, partikularki, ez da tutik ere garatu Euskararen Legeak berak hezkuntza-maila horretarako aurreikusitakoa. Eta gauza bera esan genezake lanbide-heziketari buruz, pertsona helduen hezkuntzari buruz, eta beste zenbait lekutan, Iparraldean kasu, gertatzen denari buruz.

Era berean, hezkuntza administrazioa ere euskalduna behar dugu.

Horiek horrela, esparru guztietako lege-markoak aldatu beharra dago (ofizialtasuna, hizkuntza-normalizazioa, profilak, ereduak, LPZak...), horiexek dira-eta egoera honi eusten dioten zutabeak.

Ondorioz, ikastetxe guztietako plantillako langileek elebidunak izan beharko dute ahalik eta epe laburrenean eta behar diren bitartekoak jarri beharko dira langileok euskaraz behar bezala gaitzeko; bai eta irakasleen, material didaktikoaren, eta gainerako langileen hizkuntza-eguneratzea etengabea eta egokia izateko ere.

Era berean, gure gizarteko eta gure inguru hurbileko errealitatetik abiatuta, eleaniztasunak ere lehentasuna izan behar du gure hezkuntza-sisteman. Ez bakarrik lan-merkatuak hala eskatzen duelako, baizik eta, harantzago jota, egungo gizartearen hizkuntza-konplexutasunak eta konplexutasun etnikoak horretara bultzatzen gaituztelako, jakina, ahaztu gabe gure ikasle etorkinen jatorrizko hizkuntzak ere hor daudela, eta baita estatuko beste komunitate batzuetako hizkuntza ofizialak ere. Ildo horretan, egungo euskal gizarteari erantzungo dion hezkuntza-sistema propioak egiaztapen honetatik abiatu beharko luke: gure gizartean hiritar asko dago hainbat hizkuntza erabiltzeko gai dena, helburu sozial, ekonomiko, kultural, nahiz lankidetzakoekin.


CURRICULUM PROPIOA DUEN HEZKUNTZA SISTEMA

Euskal Herriko hezkuntza sistemak berariazko curriculum bat behar du, ikastetxe guztietan ofiziala eta derrigorrezkoa izango dena, bere berezitasun guztiak bilduko dituena, bere nortasun-ezaugarriak ezagutzeaz gain horiekiko jarrera positiboa bermatuko duena, datozen belaunaldiei bere jabetza historiko-kulturala transmititzeko balioko duena, eta hizkuntzaren erabilera normalizatzeko ezinbestekoa izango dena.

Horrela ba, curriculum propio horrek gizartean dagoen aniztasuna islatu beharko du, lehen aipatu den bezala, funtsezko elementua baita gure hezkuntza-sisteman. Espezifikotik orokorrera, beraz, kulturartekotasuna ere curriculumean bermatu beharreko funtsezko elementua dugu. Eta hori kontuan hartu beharra dago curriculum horren edukiak zehazteko orduan ez ezik, curriculumaren jorratze-prozesu osoan zehar ere. Gainera, ezinbestekoa da hezkuntza-prozesuan diharduten eragileen, eragile sozialen, eta eskolako komunitate osoaren ahalik eta parte-hartze eta adostasun handiena biltzea. Horrela bakarrik justifikatu ahal izango dugu logikoa eta beharrezkoa dela curriculum hori gure hezkuntza-sistemako ikastetxe guztietan derrigorrezkoa izatea ez gatazkarik ez hausturarik sortu gabe.

Berariazko curriculum horrek gure gizartearen berariazkotasunak batu beharko ditu kultura, historia, eta gizakiaren dimentsio unibertsalarekin, baita gure gizartea biltzen duen marko historiko-geografiko eta kulturalarekin ere. Hori dela eta, curriculum horrek gure kulturaren elementu arrazisten, sexisten, klasisten, eta antzekoen azterketa kritikoa bultzatu behar du.

Zeren eta, ildo berari jarraituz, curriculuma ez baita eduki akademiko hutsen inguruan eratu behar; ordea, pertsonaren dimentsio gizatiar eta sozialaren funtsezko balioetan hezteari arreta nabarmena jarri behar zaio, hala nola balio horien aldeko jarreren lanketari: diferentzia indibidual eta kolektiboekiko errespetua eta integrazioa; bizikidetzarako, gatazkak konpontzeko, genero-berdintasunerako, ingurunea errespetatzeko eta garapen iraunkorrerako heziketa; giza-eskubideak, eskubide zibilak eta eskubide sozialak errespetatzeko, elkartasuna eta justizia soziala bultzatzeko, izaera kritikoa sustatzeko... Hori guztia elkar-ulertze printzipio metodologikotik abiatuta.


HIZKUNTZA EREDURIK? EZ, ESKERRIK ASKO

Hezkuntza esparruan hautsak harrotuta dabiltza azken boladan, etorkinak eta hizkuntza ereduak direla eta. Bazterrak nahasteko ahaleginean, oraingoan EAEko epaitegietaraino iritsi dira, azken urteetan euskararen normalkuntzan nabarmendu diren zenbait sindikatu, alderdi politiko, eta komunikabide. Aldi berean, Hezkuntza Saila bere burua babestu nahian aritu da, gurasoen eskubidea beti bermatuta izan dela, iradokizunak zirela eta ez aginduak, etorkinen kopuru erdia A ereduan eskolatu ohi dela eta abar adieraziz.

Hika-mika hori alde batera utzirik, sarritan ikusi baititugu antzekoak, hizkuntza ereduen ezarpenean bertan kokatu nahi genuke gogoeta. Hizkuntza ereduek ez dute ikasleak integratzea ahalbideratzen, horregatik euren ezarpena ez da egokia, ez etorkinentzat, ezta “bertakoentzat” ere. Zatikatzailea da beren egituraketa, hasierako egitasmoa bestelakoa bazen ere. Bere tinkotasunean oztopo bilakatu ohi dira, ikasleak sailkatu –zatikatu- egiten baititu, euskararen ezagutzaren arabera, hau da, euskal gizarte osoaren hizkuntza ofizial batekiko duten gaitasunaren arabera. Ikasle guztiontzat aukeren berdintasuna aldarrikatzen badugu, koherentziaz aukera guztiak bermatu behar ditugu denontzat, etorkin nahiz “bertakoentzat”. Horretarako euskarara hurbiltzeko aukera eraginkorrak eskaini beharko dizkiegu eta ez hizkuntza bazterkeria sustatzen dutenak, egiazko integrazio baterako bideak ukatzen dizkietenak.

Dagoeneko euskalduntze prozesuak 20 urte bete ditu hizkuntz ereduen sistema ezarri zenetik EAEn. Alde batetik, esan beharra dago aurrerapauso izugarriak eman direla frankismoaren garaitik hona hezkuntza sistemaren euskalduntzean, baina beste aldetik, legeak aldarrikatzen dituen helburuak oraindik lortu gabe jarraitzen dutela ere bai. Are gehiago, hutsuneak gero eta nabarmenago ageri dira, bi hizkuntza ofizialen arteko ezagutza maila guztiz asimetrikoa baita. Izan ere, derrigorrezko eskolatzea amaitzerakoan, ikasle ugari dira euskararen ezagutza eskasa eta mintzamena are eta traketsagoa adierazten dutenak.

Begi bistakoa da, A ereduko kasu guztietan zein B ereduko zenbait kasutan ere, euskara zein irakaskuntza arautzen duten legeekiko iruzur handi baten aurrean gaudela. Hezkuntza arloan diharduen edonork badaki, urtez urte, milaka ikaslek hamasei urte betetzerakoan ez dutela euskararekiko oinarrizko helburua eskuratu, ez ulermen, ez idazmen, ezta mintzamen mailan ere.

Ildo honetan, oso esanguratsua da duela urte pare bat Euskadiko Eskola Kontseiluaren lehendakariak esandakoa, alegia, orain arteko hizkuntz ereduen eraginkortasuna kolokan jartzearekin batera, murgiltze mota ezberdinen aukera proposatu baitzuen. Beste aldetik, garai beretsuan EAEko Arartekoak Heziketa Premia Bereziei buruz aurkezturiko txostenean, sare publikoko A eredua ezinduak, baztertu sozialak, eta etorkinak eskolatzeko esparrua -aitzakia, gure ustez- bilakatu dela zioen, “ghetto” bihurtzeko arrisku bizia antzematen zuelarik. Eta jakina, paradoxikoa da hezkuntza komunitateko sektore ugarik aspaldian sumatu genuena, oraindik orain Hezkuntza Saila horretaz jabetu ez izana edo hala dirudi behintzat. Gehiengoarentzat errealitate ezaguna dena, noiz aitortuko du Hezkuntza Sailak eta noiz izango du ausardia ereduen sistema gainditzeko asmoz, urratsak ematen hasteko?

Euskararen normalkuntzarako, hizkuntz ereduen amaiera beharrezkoa da, esaldi honekin bat baino gehiago harritu arren. Izan ere, bada garaia hizkuntz ereduen sistema zatikatzailea gainditzeko eta ikastetxeetan eratutako hizkuntza normalkuntza plan eraginkorrak abian jartzeko, tokian-tokiko hizkuntza egoera nahiz ikasleen ezagutza maila sakonki aztertu ondoren. Era honetan, ikastetxe guztiek abiapuntu ezberdinetatik, egokitzapenak erabiliz eta murgiltze eredu malguak ezarriz, ikasleren euskara gaitasuna bermatu beharko lukete derrigorrezko eskolatzea burutu orduko. Gaztelaniazko gaitasuna, besteak beste, bermatu beharko duten bezalaxe.

Jakina, hemen ez gara aritu Nafarroako zein Iparraldeko egoerez oso bestelakoak baitira eta zoritxarrez askoz ere tamalgarriagoak. Nabarmena da batean zein bestean, lehentasunik nagusiena euskararen ofizialtasuna lurralde osoan hedatzea dela. Azken batean, Nafarroako zein Iparraldeko hiritarrontzat bertako hizkuntza ezagutzea eta ikasketa zein bizitzarako komunikazio tresna izatea oinarrizko eskubidea da, eta eskubide gisa bermatu beharra dago.

 

 

 

 

 

BAT aldizkaria: 
60. 2006ko iraila. Unibertsitate aurreko hiztza. ereduen...
Egilea(k): 
Pedro J. Macho
Urtea: 
2006