Nori berea

euskaraz ikasteko aukerak izugarri egin du aurrera Euskal Autonomia Erkidegoan, azkeneko hogei urteetako ibilbidean, eta hezkuntza-ereduei esker izan da, hein handi batean. Irakasle askok eta askok eskolak euskaraz eman ahal izateko egin behar izan duten ahalegin pertsonala, ez zaie behar bezala aitortu oraindik; eta halako ahaleginik egin duen beste esparru profesionalik ez dago gure herrian.

Eta hezkuntza-sistemari zer ez diogun eskatuko ere, zehaztu

Esate baterako, mirariak egitea. Eskolak (ere) euskaldundu egin behar dira, baina eskolak ez du euskaldunduko gure gizartea berak bakarrik, ezta hurrik ere. Euskaraz bizitzeko behar diren erregistro guztiak ez dizkie ikasleei eskolak emango; horiek etxean, lagunartean, kalean… eskuratu beharko dituzte, bestela nekez. Nori berea.

Ezetza. Horixe da, gaur egungo A eredua mantentzeko arrazoietako bat.


Ezezkoa ematea hizkuntza bat eskuratzeari. Ezezkoa, ikasleak euskara ikasteko aukera izateari, guztiok baitakigu A ereduak ez duela euskarazko gaitasun gutxienekoak eskuratzeko balio. Horixe du helburu, hain justu: ikasleak ez dezala euskara eskuratu, ahalik eta kontakturik gutxien izan dezala EAEko bi hizkuntza ofizialetatik batekin.

Onargarria da hori? Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizial bi daude eta, beraz, biak irakatsi beharko lirateke nahikotasunez hezkuntza-sisteman. Halako eran irakatsi ze, ikasleek hizkuntza biok benetan menperatzeko aukera izango duten.

Alabaina, ikuspegi positiboa ere eman behar da: euskaraz ikasteko aukerak izugarri egin du aurrera Euskal Autonomia Erkidegoan, azkeneko hogei urteetako ibilbidean, eta hezkuntza-ereduei esker izan da, hein handi batean. Irakasle askok eta askok eskolak euskaraz eman ahal izateko egin behar izan duten ahalegin pertsonala, ez zaie behar bezala aitortu oraindik; eta halako ahaleginik egin duen beste esparru profesionalik ez dago gure herrian.


Egungo hezkuntza-ereduek goia jo dutela esan genezake (orokortuz bada ere), baina, hain justu, tarteko helmugetara eroan gaituztelako. Beharrezkoak bezain eraginkorrak izan dira, eta beharbada, beharrezkoak izango dira tarte batez oraindik ere. Euskarak inon egin badu aurrera autonomia-erkidego honetan, unibertsitate aurreko hezkuntza-sisteman izan da. Gainerako eremuetan (publiko nahiz pribatuetan) bilakaera antzekoa izan bagenu, oso aurreratuta geundeke normalizazio lanetan. Dena dela, hezkuntza-ereduei eta, beraz, eskolari gauza asko eska dakieke, baina miraririk ez: eurek bakarrik ez dute Euskal Herria (ezta Euskal Autonomia Erkidegoa) euskaldunduko.

Nahikoa zama astuna ezarri diegu maisu-maistrei orain arte ere, areago garai hauetan, non gure umeak hezi ere, eskolak goitik behera hezi ditzan nahi izaten dugun. Horren jakitun ba al gara eskola-umeen gurasoak?


Eskola-umeak euskalduntzeko eredurik eraginkorrena etxean jasotzen duten eredua dela ez dezagun ahaztu; eskolak behar duena, exijentzia gehiagoren ordez, laguntza eta baliabideak dira. Euskalduntze ahalmena indartzea, baliabidez hornitzea eta irakasleei hizkuntzazko trebakuntza ere bermatzea, ezbairik gabe bete beharreko zereginak dira. A eredua etorkin berrien ghetto bilakatzea eragotzi beharra dago.


Eginkizun ez dago bakarrik hezkuntza-ereduak berraztertzea.

Premiazkoagoa da, esate baterako, lanbide-heziketan euskaraz ikasteko aukera behingoz orokortzea. Premiazkoagoa da, era berean, unibertsitate ikasketetan euskaraz edo gaztelaniaz ikasteko aukera berdintasuna eskuratzea, oraindik ere, EHUn ere, lortzeke dagoena. Premiazkoagoa da, halaber, eskola orduz kanpoko aisialdiko jarduera erakargarri oro euskaraz eskueran jartzea, eskola-ume askok eta askok euskara halabeharrezko ikasgaitzat jo ez dezan, eta bai bizitzeko eta gozatzeko hizkuntzatzat.

Premiazkoa da ere, guraso askoren hizkuntza-ohituretan eta -jarreretan eragitea, haur horiek euskaraz ikasteari zentzurik aurkituko badiote. Zein telebista-kate pizten da etxean, defektuz?


Hezkuntza-sistemaren bitartez zer lortu gura dugun zehaztu

Eskola, ikasleei programatuta dauden ikasgaietako materia ikasteko aukera emateko eta zenbait baloretan hezteko asmatu zen. Euskara ikasteko tresna ezin hobea, ezinbestekoa dela bistan da, baina ez gaitezen ero(tu), eta ez ditzagun erotu.


Eta hezkuntza-sistemari zer ez diogun eskatuko ere, zehaztu

Esate baterako, mirariak egitea. Eskolak (ere) euskaldundu egin behar dira, baina eskolak ez du euskaldunduko gure gizartea berak bakarrik, ezta hurrik ere. Euskaraz bizitzeko behar diren erregistro guztiak ez dizkie ikasleei eskolak emango; horiek etxean, lagunartean, kalean… eskuratu beharko dituzte, bestela nekez. Nori berea.


Gaian adituak direnei, zailduta daudenei, iritzia eskatu

Horien esku egon beharko luke proposamen zehatzak egitea. Eta politikariok proposamen horiek hartu beharko genituzke oinarri, proposamenak taxutu aurretik, apaltasunez. Beste hogei urterako balio behar ligukeen hezkuntza-sistemaren definizioa lortu beharko litzateke, jakinik gizartearen premiekin batera aldatu eta egokitu behar direla bitartekoak.

Amaitzeko, ohar bat: Nafarroan eta Iparraldean, zoritxarrez, eztabaida hau beste termino batzuetan eman beharra dago. Argi izan dezagun, gaur egun, hezkuntza-ereduei inon eragitekotan Euskal Autonomia Erkidegoan izango dela hori. Euskal Herriak gehixeago itxaron egin beharko du, indar banaketan eragiteko gauza garen arte behintzat.

 

 

BAT aldizkaria: 
60. 2006ko iraila. Unibertsitate aurreko hiztza. ereduen...
Egilea(k): 
Jonjo Agirre, Mikel Basabe
Urtea: 
2006