Euskararen erabilera eta transmisioa

Olabide Ikastolako ikasle izandakoen artean egindako azterketaren emaitzak analizatu ondoren, antzeko ezaugarriak dituen beste talde bat aztertzea erabaki genuen, baina gune euskaldunago batean. Hortaz, 2. gune soziolinguistikoan bizi den taldea aukeratu genuen. Eremu horietako euskaldunen portzentajea % 20 eta % 50 artekoa da.

Hartara, Donostiako Santo Tomas Lizeoko ikasle ohiak aukeratu genituen.

2004ko abenduaren bigarren erdialdean eta 2005eko urtarrilaren lehenengo hamabostaldian egin zen informazio-bilketa: elkarrizketa telefonoz egin zitzaien, eta galdera-sorta itxia eta egituratua erabili zen, Olabideko ikasle ohiei egindako galdera-sorta bera, alegia. Hasierako lagina osatzen zuten 962 lagunetatik 844ri egin zitzaien elkarrizketa (% 88).

Olabideko ikasle ohien bostenak (%19k) euskara izan du lehen hizkuntza eta %17k euskara eta gaztelania. Beraz, Olabideko ikasle ohi gehienek (%65) gaztelania jaso dute etxean eta ikastolan ikasi dute euskara.

Santo Tomaseko ikasleen artean, berriz, laurdenak (%24k) baino ez du jaso gaztelania etxean, beste horrenbestek (%5ek) hizkuntza biak, eta erdiak (%51k) euskara bakarrik.

Euskararen erabileran gehien eragiten duten faktoreak bi dira: ikusi berri dugun gaitasun erlatiboa, batetik, eta harreman-sareko hiztunen dentsitatea, bestetik. Bi faktore horiek oso desberdinak dira Olabideko ikasle ohien eta Santo Tomas Lizeokoen artean, eta horren ondorioz, erabilerari buruzko emaitzak ere oso desberdinak dira batean eta bestean.

Orain arte aztertu ditugun erabilera-eremuen artean, etxekoak berebiziko garrantzia du euskararen transmisioan eta, bereziki, familia bidezkoan. Etxeko kide guztiak euskaldunak ez badira, nekez hitz egingo da euskaraz etxean, beraz euskara eskolan edota familian bertan jaso duenarentzat zaila izango da erraztasun nahikoa lortzea edo duen erraztasuna ez galtzea. Hori, noski, posible litzateke etxetik kanpoko harreman-sarean baldintzak egokiak balira.

Bi multzoetan, euskararen erabilera handiagoa da familia gurasoek eta seme-alabek osatzen dutenean. Izan ere, horrelakoetan euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dute Olabideko ikasle ohien %31k eta Santo Tomas Lizeoko %78k. Beraz, seme-alabak izateak ala ez izateak aldatu egiten du etxeko erabilera.

Halere, gaztelania transmititu dutenen kasuan, bai Olabideko bai Santo Tomaseko guraso gehienek B eta D ereduetan matrikulatu dituzte seme-alabak, beraz benetako galera erreala oso txikia izan da (%4,8koa Olabiden eta %2,7koa Santo Tomasen). Olabideko ikasle ohien kasuan, galerei buruz hitz egiteak agian ez du zentzu handirik. Izan ere, bikoteen % 30ean baino ez da gertatzen bikotekide biak euskaldunak izatea.

Olabide Ikastolako 26-41 urte bitarteko ikasle ohiek, eta, oro har, Vitoria-Gasteizko adin horretako euskaldunek honako ezaugarri hauek dituzte: gehienek gaztelania izan zuten lehen hizkuntza, ingurunea, nagusiki, erdalduna dute, eta gutxi erabili ohi dute euskara. Horren ondorioz, gehienek errazago hitz egiten dute gaztelaniaz euskaraz baino, eta gutxiengo handi batek (%12k) euskaraz jarduteko gaitasunaren zati bat galdu du eta, gaur egun, elebidun hartzailea da.

Bestalde, Santo Tomas Lizeoan, 30 urtetik gora dituzten ikasle ohiek beste honako ezaugarriak dituzte: gehienek euskara (bakarrik ala gaztelaniarekin batera) izan dute lehen hizkuntza eta, nahiz eta 2. gune soziolinguistikoan bizi, familia eta gertuko komunitatea nahikoa euskaldunak dituzte. Hortaz, askotan erabiltzen dute euskara. Horren ondorioz, gehienak gaztelaniaz bezain ondo edo hobeto moldatzen dira euskaraz.

AURKEZPENA

Lanaren helburua bi gune soziolinguistiko desberdinetan euskararen erabilera eta familia bidezko transmisioa aztertzea izan da. Lehenengo eta behin, azterketa gune nagusiki erdaldun batean egitea erabaki zen. Hortaz, lehen hizkuntza gaztelania izanik, euskara batez ere hezkuntza-sistemaren bidez ikasi duten euskaldunek osatu zuten unibertsoa.

Aztertu beharreko euskaldunen ingurunea ahalik eta homogeneoena izan zedin, eta informazio-bilketa ahalik eta errazen egitearren, azterketa Gasteizen egitea erabaki genuen.

2001eko Erroldaren arabera, hiri horretan % 15 ziren euskaldun. Halako ehunekoa izanik, zail samarra da euskaldunak “aurkitzea”; eta are zailagoa hautaketa-sistemak ausazkoa izan behar badu. Laginak, gainera, handi samarra izan beharko luke. Baina bi ezaugarri horiek bete behar genituen, baldin eta lagin adierazgarria, ehunekoari dagokionez, lortu nahi bagenuen. Hala bada, hainbat aukera aztertu ondoren, Olabide Ikastolako ikasle ohien artean egitea erabaki genuen, eta, horretarako, ikastetxeko zuzendaritzaren laguntza izan genuen.

Honakoak dira aukera horrek eskaintzen dizkigun abantailak:

-Olabide Ikastolak badu ikasle ohien fitxategia. Fitxategia osatu eta eguneratu egin behar izan genuen, baina abiapuntu egokia zen.

- Gasteizen, euskaraz irakasten lehena izan zen Olabide Ikastola; hori dela eta, fitxategian badira 41 urte artekoak, hau da guraso, izan berriak asko, edo guraso gai diren euskaldunak.

- Gasteizen eta inguruetan, 26 eta 41 urte bitarteko Olabideko 855 ikasle ohi bizi dira, gure datuen arabera; beraz, lagin batera jo behar izan gabe, bagenuen aukera unibertso osoa aztertzeko.

- Azkenik, aurreikusten genuen talde horretako gutxik egingo ziotela uko inkesta betetzeari, eta halaxe gertatu da.

Olabide Ikastolako ikasle izandakoen artean egindako azterketaren emaitzak analizatu ondoren, antzeko ezaugarriak dituen beste talde bat aztertzea erabaki genuen, baina gune euskaldunago batean. Hortaz, 2. gune soziolinguistikoan bizi den taldea aukeratu genuen. Eremu horietako euskaldunen portzentajea % 20 eta % 50 artekoa da.

Hartara, Donostiako Santo Tomas Lizeoko ikasle ohiak aukeratu genituen. 2001eko Zentsuaren arabera, Donostiako populazioaren % 35 da euskaldun. Azterlanak helburu berbera du, alegia, euskararen erabilera eta familia bidezko transmisioa aztertzea, eta, bereziki, Olabide Ikastolako ikasle ohien artean gertatzen den bezala, euskararen ezagutzan galera partzialik izan ote den jakitea.


EZAUGARRI TEKNIKOAK

Aztertutako unibertsoari dagokionez, Gasteizen edo inguruetan bizi diren Olabide Ikastolako 26-41 urte bitarteko 855 ikasle ohik osatu dute.

Datu-bilketa 2004ko ekainean egin zen; elkarrizketa telefonoz egin zen, eta galdera-sorta itxia eta egituratua erabili zen. Abiapuntuko unibertsoa osatzen zuten 855 lagunetatik, elkarrizketa 772ri (% 90,3) egitea lortu genuen; 11 oporretan zeuden, eta gainerako 72ei dagokienez, batzuek uko egin zioten galdera-sorta erantzuteari, eta beste batzuen gurasoek ez ziguten harremanetan jartzeko biderik eskaini. Beraz, uko egin zutenen kopurua txikia izan zen, eta horien arteko askori dagokionez, aleatorioa; lortutako emaitzek, hortaz, ez dute hutsune handirik.

Santo Tomas Lizeoari dagokionez, aztertutako unibertsoa 31-47 urte bitarteko 1.750 ikasle ohiz dago osatuta, Donostian edo inguruko herrietan bizi direnak. Kopuru handiko multzoa denez, inkesta egiteko erdiak baino gehiago hartu eta 962 ikaslez osatutako lagina lortu genuen.

2004ko abenduaren bigarren erdialdean eta 2005eko urtarrilaren lehenengo hamabostaldian egin zen informazio-bilketa: elkarrizketa telefonoz egin zitzaien, eta galdera-sorta itxia eta egituratua erabili zen, Olabideko ikasle ohiei egindako galdera-sorta bera, alegia. Hasierako lagina osatzen zuten 962 lagunetatik 844ri egin zitzaien elkarrizketa (% 88). Gainerakoetatik, 38k uko egin zioten erantzuteari, 49tan familiakoek ez zuten harremanetan jartzeko biderik eskaini, eta, azkenik, beste 11ri ezin izan zitzaien elkarrizketa egin bestelako arrazoiengatik (laneko bidaian zeudelako, oporretan, gaixorik zirelako...). Beraz, uko egin zutenen kopurua txikia izan zen, eta neurri handi batean, aleatorioa. Lortutako emaitzek, horrenbestez, ez dute sesgo edo alboratze handirik.

Edonola ere, inkesta lagin bati egin zitzaion eta ez unibertso osoari, beraz, bada laginketa-errorea. Hala ere, lagina handi samarra denez eta unibertsoa, berriz, mugatua, lagin osoari dagozkion emaitzetako errorea oso txikia da (?2,5) konfiantza-maila % 95 izanik eta egoerarik kontrakoenean ere (% 50eko portzentajeak).


UNIBERTSOAREN EZAUGARRIAK

Olabideko eta Santo Tomaseko ikasle ohiek badituzte ezaugarri batzuk oso antzekoak direnak batean eta bestean:

- Adinari dagokionez, 30 eta 50 urte bitartean daude multzo biak (Sto Tomasekoak 31 eta 47 urte bitartean eta Olabidekoak, zertxobait gazteagoak, 26 eta 41 urte bitartean).

- Oinarrizko ikasketa gehienak edo guztiak euskaraz egin dituzte.

- Gehienek goi-mailako ikasketak egin dituzte.

- Gure herriaren ezaugarri sozio-demografiakoaren adibide argia dira. Izan ere, erdi edo gutxiagok baino ez dute seme-alabarik gaur egun.

Baina badira beste ezaugarri batzuk argi eta garbi bereizten dituztenak. Ezaugarri horiek multzo bakoitzeko kideen eta, neurri batean, haien harreman-sarea osatzen dutenen lehen hizkuntzarekin eta hizkuntza-gaitasunarekin daukate zerikusia.

Lehen hizkuntza

Olabideko ikasle ohien bostenak (%19k) euskara izan du lehen hizkuntza eta %17k euskara eta gaztelania. Beraz, Olabideko ikasle ohi gehienek (%65) gaztelania jaso dute etxean eta ikastolan ikasi dute euskara.

Santo Tomaseko ikasleen artean, berriz, laurdenak (%24k) baino ez du jaso gaztelania etxean, beste horrenbestek (%5ek) hizkuntza biak, eta erdiak (%51k) euskara bakarrik.
0160JAizpurua
Kontuan hartu beharreko beste ezaugarri bat euskaraz ikasitako denbora da. Ezaugarri hori bereziki garrantzitsua da Olabideko ikasleen artean, gehienek eskolan jaso dutelako euskara eta eskolaz kanpo oso aukera gutxi izan dutelako euskaraz jarduteko. Datuei dagokienez, beraz, Lizeoko ikasle ohien artean ikasketa-prozesu osoa (goi-mailako ikasketak barne) euskaraz egin dutenak herena pasatxo (%35) dira eta Olabideko ikasle ohien artean %19. Egia da, dena den, batean eta bestean erdiek baino gehiagok (%55ek) orduko BBB edo LH bitarteko ikasketak euskaraz egin dituztela.

Hizkuntza-gaitasun erlatiboa

Gaitasun erlatiboaren bidez hizkuntza batean beste batean baino errazago, erosoago edo, aitzitik, zailtasun handiagorekin moldatzeko ahalmenaren arabera sailkatzen da hiztun elebiduna.

Euskaraz errazago edo gaztelaniaz bezain ondo moldatzen direnak, hau da, euskal elebidunak edo elebidun orekatuak %28 dira Olabideko ikasle ohi elebidunen artean: %3 euskal elebidunak eta %25 orekatuak. Beraz, lau lagunetik hiru hobeto moldatzen dira gaztelaniaz. Gainera, %12k euskaraz hitz egiteko gaitasuna galdu du eta elebidun hartzailea da gaur egun. Dena den, egia da elebidun hartzaile horien gaitasuna inkesta soziolinguistikoan edo mapa soziolinguistikoan, adibidez, elebidun hartzaileen multzoan sailkatutakoen gaitasunaren batez bestekoa baino askoz handiagoa dela.

Santo Tomás Lizeoan egoera oso bestelakoa da. Euskaraz errazago edo gaztelaniaz bezain ondo moldatzen direnak, hau da, euskal elebidunak edo elebidun orekatuak %66 dira (%16 euskal elebidunak eta %50 orekatuak), eta gaztelaniaz hobeto moldatzen direnak herena. Gainera, ia ez dago galerarik (%0,4).

0260JAizpurua

Euskararen erabilera

Euskararen erabileran gehien eragiten duten faktoreak bi dira: ikusi berri dugun gaitasun erlatiboa, batetik, eta harreman-sareko hiztunen dentsitatea, bestetik. Bi faktore horiek oso desberdinak dira Olabideko ikasle ohien eta Santo Tomas Lizeokoen artean, eta horren ondorioz, erabilerari buruzko emaitzak ere oso desberdinak dira batean eta bestean.

Azterlan honetan lau erabilera-eremu aztertu dira: etxea, lagunak, lankideak, eta erabilera-eremu formalagoak (auzoko dendak, bankuak, udal-zerbitzuak eta anbulatorioak)

Emaitzei dagokienez, Olabideko ikasle ohien erdiek baino gehiagok ez dute euskara ia inoiz erabiltzen (%32k gaztelaniaz baino gutxiago lau eremuetan eta %22k inoiz ez). Lizeokoen artean, berriz, %7 baino ez dira euskara gaztelania baino gutxiago erabiltzen dutenak.

Olabideko ikasleek gutxiago erabiltzen dute, esan bezala, erraztasun txikiagoa dutelako euskaraz, baina, batez ere, norekin hitz egin ez dutelako, hau da, aztertu ditugun lau eremu horiek oso erdaldunak direlako.

Baieztapen hori argiago ikusteko, kolektibo bakoitzaren sarea nolakoa den ezagutzea baino ez dago. Etxea, lagunartea, edo lankideak euskaldunak dituztenak Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien artean Olabidekoen bikoitza dira:

- Etxean, %84 eta %47

- Lagunartean, %61 eta %38

- Lankideen artean, %53 eta %25

Gainera, eremu formalagoetan, aldea handiagoa da.

0360JAizpurua


Etxeko erabilera

Orain arte aztertu ditugun erabilera-eremuen artean, etxekoak berebiziko garrantzia du euskararen transmisioan eta, bereziki, familia bidezkoan. Etxeko kide guztiak euskaldunak ez badira, nekez hitz egingo da euskaraz etxean, beraz euskara eskolan edota familian bertan jaso duenarentzat zaila izango da erraztasun nahikoa lortzea edo duen erraztasuna ez galtzea. Hori, noski, posible litzateke etxetik kanpoko harreman-sarean baldintzak egokiak balira.

Ikusi dugunez, euskararen erabileran oro har alde handiak daude Olabideko eta Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien artean. Olabidekoek, aipatu ditugun arrazoiak direla eta, gutxi erabiltzen dute euskara, Santo Tomasekoek, berriz, oso baldintza desberdinak dituztenez, askoz gehiago erabiltzeaz gain, eremu batean baino gehiagotan normaltasun osoz aritzen dira euskaraz.

Baina jorratu nahi dugun gaia familia bidezko transmisioa denez, ikus dezagun zenbateraino erabiltzen duten batzuek eta besteek euskara etxean.

Olabideko ikasle ohi gutxik erabiltzen du euskara etxean. Euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dutenak %19 dira, %23k gaztelania baino gutxiago erabiltzen du eta erdiak baino gehiagok (%59k) ez du etxean inoiz erabiltzen euskara.

Santo Tomas Lizeokoek, berriz, hirutik bik (%66k) gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dute euskara, %14k gaztelania baino gutxiago eta %20k inoiz ez.

0460Jaizpurua

Bi multzoetan, euskararen erabilera handiagoa da familia gurasoek eta seme-alabek osatzen dutenean. Izan ere, horrelakoetan euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dute Olabideko ikasle ohien %31k eta Santo Tomas Lizeoko %78k. Beraz, seme-alabak izateak ala ez izateak aldatu egiten du etxeko erabilera.

Euskararen erabileran agertzen diren alde horiek azaltzeko orduan, bi arrazoi nagusi aurkitzen ditugu behin eta berriro. Batetik, Olabideko ikasle ohien %47 baino ez da bizi nagusiki euskaldunak diren etxeetan. Santo Tomasekoen artean, aldiz, %84 dira.

Halere, etxeko kide guztiak euskaldunak direnean ere, multzo bien artean alde nabarmenak daude: Olabideko ikasle ohien etxe euskaldunen %61ean erabiltzen da euskara gaztelania beste edo gehiago eta Santo Tomaseko ikasle ohien etxe euskaldunen %87an.

Bi emaitza horien artean dagoen 26 puntuko aldea euskara erabiltzeko erraztasunari loturik dago. Olabideko ikasle ohien eta haien etxeko kideen erraztasuna Santo Tomas Lizeokoena eta haien familiakoena baino askoz txikiagoa da. Gainera, badago beste arrazoi bat kuantitatiboki neurtzen zailagoa dena, baina egon badagoena: gaztelaniaren “presio soziala”, etxe erabat euskaldunetan ere eragiten duena.


EUSKARAREN TRANSMISIOA

Emaitzak azaltzen hasi aurretik, komenigarria da transmisioari buruzko datuak aztertzeko jarraitu ditugun irizpideen berri ematea:

- Bi urteko haurrak edo zaharragoak dituzten gurasoak baino ez dira kontuan hartu. Ikasle ohien adina dela eta, bada guraso multzo bat haur jaioberriak dituena, baina horiek kanpoan utzi ditugu.

- Seme-alaba zaharrenaren transmisioa aztertu da. Seme-alaba guztiena aztertzeak zaildu egingo luke azterketa eta, gainera, egiaztatu dugu gurasoek hizkuntza bera transmititu dietela seme-alaba guztiei.

Hortaz, Olabideko ikasle ohien artean, lautik hiruk euskara transmititu diete seme-alabei (%23k euskara bakarrik eta %53k gaztelaniarekin batera). Gainerako laurdenak (%24k) gaztelania transmititu du.

Santo Tomas Ikastolako ia guztiek (%96k) euskara transmititu diete seme-alabei (%64k euskara bakarrik eta %32k euskara eta gaztelania). Gainerako %4ak gaztelania transmititu du.

Halere, gaztelania transmititu dutenen kasuan, bai Olabideko bai Santo Tomaseko guraso gehienek B eta D ereduetan matrikulatu dituzte seme-alabak, beraz benetako galera erreala oso txikia izan da (%4,8koa Olabiden eta %2,7koa Santo Tomasen). Olabideko ikasle ohien kasuan, galerei buruz hitz egiteak agian ez du zentzu handirik. Izan ere, bikoteen % 30ean baino ez da gertatzen bikotekide biak euskaldunak izatea.

Argi dagoena da gurasoen hizkuntza-gaitasunak erabateko garrantzia duela seme-alabei euskara transmititzeko orduan.

- Bikotekide biek euskara dakitenean, euskara bakarrik transmititu dute Olabideko ikasle ohien %69k eta Santo Tomaseko %95ek. Gainerakoek hizkuntza biak transmititu dituzte.

- Bikotekide batek ondo dakienean eta besteak zertxobait gehienek hizkuntza biak transmititu dituzte (Olabideko %79k eta Santo Tomaseko %52k). Baina gainerakoek euskara bakarrik transmititu diete.

- Eta batek dakienean eta besteak ez, biak transmititzeko joera dago (Olabideko %75ek eta Santo Tomaseko %88k).

0560JAizpurua
0660JAizpurua

Aurrekoetan ikusi dugun bezalaxe, euskararen transmisioa oro har txikiagoa izan da Olabiden Santo Tomasen baino. Horren arrazoi nagusia hizkuntza-gaitasun erlatiboa da.


LABURPENA ETA ONDORIOAK

Olabide Ikastolako 26-41 urte bitarteko ikasle ohiek, eta, oro har, Vitoria-Gasteizko adin horretako euskaldunek honako ezaugarri hauek dituzte: gehienek gaztelania izan zuten lehen hizkuntza, ingurunea, nagusiki, erdalduna dute, eta gutxi erabili ohi dute euskara. Horren ondorioz, gehienek errazago hitz egiten dute gaztelaniaz euskaraz baino, eta gutxiengo handi batek (%12k) euskaraz jarduteko gaitasunaren zati bat galdu du eta, gaur egun, elebidun hartzailea da.

Seme-alabekin gehienek euskara erabiltzen dute, baina gainerako erabilera-eremuetan euskararen erabilera oso txikia da: lautik batek baino ez du erabiltzen lagunekin eta lankideekin, bostetik batek etxean eta are gutxiago eremu formaletan.

Baina poztekoa da lau gurasoetatik hiruk euskara transmititu izana seme-alabei (bakarrik ala gaztelaniarekin batera) eta gaztelania bakarrik transmititu dutenak B eta D ereduetan matrikulatu izana seme-alabak. Beraz, euskararen benetako galera oso txikia izan da (% 5 baino txikiagoa). Datua, gainera, garrantzitsua da, kontuan hartzen badugu gehienetan gurasoetako batek baino ez dakiela euskaraz.

Bestalde, Santo Tomas Lizeoan, 30 urtetik gora dituzten ikasle ohiek beste honako ezaugarriak dituzte: gehienek euskara (bakarrik ala gaztelaniarekin batera) izan dute lehen hizkuntza eta, nahiz eta 2. gune soziolinguistikoan bizi, familia eta gertuko komunitatea nahikoa euskaldunak dituzte. Hortaz, askotan erabiltzen dute euskara. Horren ondorioz, gehienak gaztelaniaz bezain ondo edo hobeto moldatzen dira euskaraz.

Seme-alabekin euskara erabiltzen dute ia beti eta askotan etxean, lagunekin eta lankideekin. Halaber, eremu formaletan handia da euskararen erabilera, batez ere udal-zerbitzuetan eta bankuan edo kutxan.

Azkenik, ia guraso guztiek euskara transmititu diete seme-alabei eta gehienek euskara bakarrik.

Euskararen erabileran eragiten duten faktoreak berberak dira Olabiden eta Santo Tomasen: lehenengo eta behin, euskaldunen dentsitatea sarean eta, ondoren, euskaraz hitz egiteko erraztasuna edo gaitasun erlatiboa.

Bi kolektiboetan gehiago erabiltzen da euskara hurrengo belaunaldikoekin (seme-alabekin hain zuzen) belaunaldi berekoekin baino (bikotekidearekin, neba-arrebekin eta lagunekin). Azken hauekin argi dago askoz gehiago hitz egin dezaketela euskaraz, beraz aurkitu beharko da modua ohitura hori aldatzeko eta bitartean euskararen erabilera-maila mantentzeko. Izan ere, antzematen hasi da seme-alabak hazi ahala, gutxiago erabiltzen dutela euskara euren artean.

Emaitzak baloratzeko orduan, ezin dira inondik inora irizpide berberak erabili Olabiden eta Santo Tomas Lizeoan. Batean eta bestean egoera soziolinguistikoa oso desberdina baita.

Olabideko ikasle ohien emaitzak onak dira. Egia da gehienak hobeto moldatzen direla gaztelaniaz, batzuek euskara partez galdu dutela eta euskara gutxi erabiltzen dutela, baina ia denek euskara transmititu diete seme-alabei. Eta onak dira oinarrizko baldintzak txarrak izan direlako: gehienek gaztelania izan dute lehen hizkuntza eta ingurunea oso erdalduna da.

Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien emaitzak are hobeak dira (gehienak ondo moldatzen dira euskaraz, asko erabiltzen dute eta denek transmititu diete seme-alabei). Hori baldintzak egokiak direlako gertatzen da (gehienen lehenengo hizkuntza euskara izan da eta ingurunea nahikoa euskalduna da).

BAT aldizkaria: 
60. 2006ko iraila. Unibertsitate aurreko hiztza. ereduen...
Egilea(k): 
Jon Aizpurua
Urtea: 
2006